Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

48. zk., 2014ko martxoaren 11, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
1179

EBAZPENA, 2014ko otsailaren 27koa, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariarena. Honen bidez, «Jesús María Leizaola» 2014 sarirako deia egiten da, hainbat aztertze-ikuspuntutatik egindako monografia izaerako ikerlanak egiteko. Ikerlan horiek euskal autonomiarekin lotuta egon behar dute, edo autonomia hori aztertu eta sakontzeko izan behar dute.

1983ko uztailaren 27ko Lege arautzaileak eginkizun ugari aitortzen dizkio Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeari. Besteak beste, azpimarratzekoa da gure autonomia sistemak lege eta ekonomiaren arloetan dituen berezitasunei buruzko azterlanak sustatu eta zabaltzeko eginkizuna.

Helburu hori lortu nahian, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak «Jesús María Leizaola» ikerketa-saria sortu zuen 1990ean, inolako zalantzarik gabe, gure herriaren eredu eta ordezkari izan genuen gizon ospetsu horren omenez. Baina izan genuen beste asmorik ere saria eratzerakoan: hamar urte betetzen ziren Euskal Herriak autonomia lortu zuela, eta gertaera hori behar bezala ospatu nahi genuen.

Autonomia-estatutua indarrean jarri zeneko hiru hamarkada baino gehiago iragan ondoren, egin beharreko hausnarketa ezin da aurreko historialdien tratamendura bakarrik mugatu. Gaur egun, dagoeneko, bada zertaz hausnarketa egin, eta baita egin beharra ere; esate baterako, sortu diren erakunde berrien hasierak eta abian jartzeak, eta geroztik harremanen finkatzeak suposatu dutenari buruz, eta, baita etorkizuna eraikitzen lagunduko duten eredu, parametro eta proposamenen ekarpen eta aurreratzeari buruz ere.

Hori guztia kontuan hartuta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Eranskinean aipatzen diren oinarrien arabera, «Jesús María Leizaola» 2014 sarirako deia egitea, hainbat aztertze-ikuspuntutatik egindako monografia izaerako ikerlanak egiteko. Ikerlan horiek euskal autonomiarekin lotuta egon behar dute, edo autonomia hori aztertu eta sakontzeko izan behar dute.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Administrazio-bideari amaiera ematen ez dion Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariaren ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 114. artikuluaren eta hurrengoen arabera. Horretarako, hilabete bat izango da ebazpen honen argitalpena egin eta hurrengo egunetik kontatzen hasita. Errekurtso hori ebazpena hartu zuen organoari aurkez dakioke, edo, bestela, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari. Errekurtsoari erantzuna ematen ez bazaio, ezezkotzat hartu beharko da.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean izango du eragina.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko otsailaren 27a.

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendaria,

MARÍA TERESA IRURETAGOYENA IBARGUREN.

ERANSKINA, «JESÚS MARÍA LEIZAOLA» 2014 SARIRAKO DEIALDIA EGITEN DUEN EBAZPENARENA. HAINBAT AZTERTZE-IKUSPUNTUTATIK EGINDAKO MONOGRAFIA IZAERAKO IKERLANETARAKO DA SARIA. IKERLAN HORIEK EUSKAL AUTONOMIAREKIN LOTUTA EGON BEHAR DUTE, EDO AUTONOMIA HORI AZTERTU ETA SAKONTZEKO IZAN BEHAR DUTE
OINARRIAK

Lehenengoa.– Sarira aurkez daitezke, Euskal autonomiarekin zerikusia izanik edo horren azterketarako eta sakontzerako balioa izanik, hainbat aztertze eta ikerkuntza ikuspuntutatik egindako eta argitaratu gabeko monografia izaera duten ikerlanak, euskaraz zein gaztelaniaz idatzitakoak.

Hau da, sarirako aurkez daitezkeen monografia izaera duten ikerlanek esparru horiek jorra ditzakete: autonomietako estatuaren konfigurazioa eta Euskal Autonomia Erkidegoa; Euskal Autonomia Erkidegoko eraketa, errealitatea eta etorkizuna; beraren gobernu-erakundeak, maila politiko-administratibo guztietan; historia, kultura, bibliografia, zuzenbide, ekonomia, finantza, aurrekontu, fiskalitate, gizarte, estatistika eta beste arloen inguruko berariazko berezitasunak; eta euskal administrazioetako diseinu, antolaketa, funtzionamendu eta etorkizuna.

Bigarrena.– Norbanakoak zein horretarako eratutako lantaldeak aurkez daitezke sarira. Lantaldea aurkezten bada, argi eta garbi adieraziko da nor izango den ikertalde horren arduraduna.

Ezin izango dute deialdi honetan parte hartu:

a) Diru-laguntzak edo laguntza publikoak eskuratzea galarazten duen debekuren bat duten edo administrazio-zehapen penalpean dauden pertsona fisikoek, emakume eta gizonen arteko berdintasunari buruzko 2005eko otsailaren 18ko 4/2005 Legean sartutako debekuak eta zehapenak ere barruan direla.

b) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta bere erakunde autonomiadunek ematen dituzten izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen eremuan izapidetzen ari den itzultze edo zigortze-jardunbidean sartuta dauden pertsona fisikoak, prozedura amaitzen den arte.

Hori horrela da, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.4 artikuluan xedatutakoaren arabera: «Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak edo erakunde autonomiadunek ezaugarri bereko beste laguntza edo diru-laguntzaren batzuk eman izana dela-eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu egin beharko da onuradunei diru-laguntzak edo laguntzak eman eta ordaindu ahal izateko».

c) Aurreko hiru deialdietakoren batean Leizaola saria edo bere akzesita lortu dutenek.

d) Funtsean aurreko urteetan aurkeztutako beste ikerlan batzuekin identitate handia duten ikerlanek.

Hirugarrena.– Sariaren zenbatekoa hamalau mila (14.000) eurokoa izango da, eta zientzia-ikerlanik hoberenari emango zaio.

Lantalde batek aurkeztutako ikerlan bati ematen bazaio saria, taldekide guztiak izango dira onuradun.

Laugarrena.– Eskabideak, eta horiekin datozen ikerlanak, izapidetze elektroniko bidez aurkeztu beharko dira, hurrengo arauekin bat etorriz: Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretua; eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretua.

Norberaren burua identifikatzeko ezinbestekoa da NAN elektronikoa, ONA Txartela (Osasun Nortasun Agiria), Izenpe-ren Herritarraren ziurtagiria, Izenpe-ren Langile publikoaren ziurtagiria, «Fábrica Nacional de Moneda y Timbre» delakoaren pertsona fisikoaren nortasun ziurtagiri elektronikoa (CERES), CAMERFIRMAren pertsona fisikoaren ziurtagiria, edo FIRMA PROFESIONALen Pertsona fisiko eta elkargokide profesionalaren ziurtagiriak erabiltzea.

Aipatutakoez gain, eskabideak aurkezteko epearen bukaera datan erabilgarri dauden ziurtagiri elektronikoak onartuko dira. Ziurtagiriok Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoan kontsultatu ahalko dira, hurrengo helbide elektronikoan: https://www.euskadi.net/y22-izapide2/eu/contenidos/informacion/certificados_admitidos/eu_cert_ele/certificados_electronicos.html

Aurkezteko epea Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean zenbatzen hasiko da, eta 2014ko maiatzaren 30ean bukatuko da, azken egun hau epe barruan egongo delarik.

Bai eskabidea baita ikerlana ere hurrengo helbide elektronikoan aurkeztu beharko dira: www.ivap.euskadi.net/leizaola_saria_2014/r61-2347/eu

Norberaren espedientean sartzeko eta haren jarraipena eta izapideak egiteko www.ivap.euskadi.net egoitza elektronikoko «Nire Kudeaketak» atal berezira jo behar da.

Ikerlanen gutxieneko luzapena ehun orrialdekoa izango da, orrialdeak idazmakinaz eta bi hutsarte utzita idatziak izanik.

Sarira aurkezten direnen nortasuna isilpean gordeko da, eta bakar bakarrik argitaratuko dira sariaren irabazleen izenak.

Bosgarrena.– Honako deialdi honen kudeaketa Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Azterlan eta Argitalpen Zerbitzuari dagokio.

Seigarrena.– Hona hemen saria emango zaion hautagaia erabakiko duen Epaimahaiaren kideak:

Epaimahaiburua:

– Herri Administrazio eta Justiziako sailburua edo berak izendatutako ordezkoa.

Kideak:

– Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendaria edo berak izendatutako ordezkoa.

– Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko idazkari nagusia edo berak izendatutako ordezkoa.

– Estatutuaren Garapenerako zuzendaria edo berak izendatutako ordezkoa.

– Sarirako aurkeztutako ikerlanen gaien inguruan entzute handiko aditu bi. Horiek, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuak Agindu bidez izendatutakoak, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariaren proposamenez.

Idazkaria:

– Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Azterlan eta Argitalpen zerbitzuburua edo berak izendatutako ordezkoa, IVAPi atxikitakoa izan behar duela. Hizpidea eta botoa emateko eskubidea izango du.

Epaimahaia osatzerakoan, ahaleginak egingo dira trebakuntza, gaitasun eta prestakuntza egokia duten emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua egon dadila bermatzeko. Ondorio horretarako, ordezkaritza orekatua izango da sexu bakoitzak gutxienez % 40ko ordezkaritza baldin badu.

Edozein sexuri dagokionez, aurrean adierazitako ehunekoa betetzea ezinezkoa edo oso zaila gertatzen bada, ezintasun edo zailtasun hori zurituko da Epaimahaia osatzen duten aditu biak izendatzen dituen Aginduan.

Saria emateko, Epaimahaia bildu eta daudenen gehiengoaren aldeko botoa beharko da. Berdinketarik gertatuz gero, epaimahaiburuak izango du ebazteko botoa.

Zazpigarrena.– Deialdia indarrean jartzen den egunetik sei hilabete igaro baino lehenago hartuko du erabakia Epaimahaiak. Saria nori eman proposatzeko ondorengo alderdi hauek begiratuko ditu Epaimahaiak: monografia izaera duten aurkeztutako ikerlanen kalitatea eta zuzentasuna, teknikaren eta zientziaren aldetik; adierazitakoaren originaltasuna; eta arlo bakoitzeko ikerketa-eremuari ekarritako berrikuntza. Epaimahaiaren iritziz lan batek ere ez dituenean eskatutako baldintzak betetzen, hark saria hutsik uztea proposatu dezake.

Zortzigarrena.– Sariaren esleipena, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen zuzendariaren ebazpenaren bidez, Epaimahaiaren proposamena jarraituz, egingo da, eta gero Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara emango da.

Deialdia indarrean jartzen den egunetik sei hilabete igarota, sariaren esleipen ebazpena interesdunei jakinarazi ez bazaie, interesdunek ezezkotzat hartu beharko dute beren eskaera. Hori guztia Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 44.1 artikuluaren arabera.

Bederatzigarrena.– Sariaren onarpena edo uko egitea, esleipendun denaren aldetik, www.ivap.euskadi.net egoitza elektronikoko «Nire Kudeaketak» atalean telematikoki aurkeztutako idatzi bidez jakinarazi beharko da, hamar laneguneko epean. Epe hori esleipen ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta deialdiaren interneteko helbide elektronikoan argitaratu eta hurrengo egunetik hasiko da. Argitalpena egun berean egingo da.

Hamargarrena.– Sariaren ordainketa, aldi bakar batez egingo da, esleipena egin eta gero. Zergei buruzko arauekin bat etorriz, hirugarren oinarrian aipatzen den diru kopurutik aplika dakizkiokeen atxikipenak egingo dira.

Halaber, saria lortzen duen ikerlanak beste edozein erakunde publikoren edo pribaturen edozein motatako diru-laguntza jaso badu, sariaren zenbatekotik jasotako diru-laguntzari dagokion diru-kopurua kenduko zaio.

Hamaikagarrena.– Saritutako ikerlanak ustiatzeko eskubideak Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioari soilik eta doan emango zaizkio. Saridunek, jabetza intelektualaren eskubideak utzi dituztela jendaurrean agertzeko, bidezko agiria eman beharko dute, beharrezkoa denean. Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen esku egongo da ikerlan horiek argitaratzea. Saritutako ikerlanak beste lan zabalago batzuen atal badira, Epaimahaiak osorik argitaratzea erabaki dezake; hala eginez gero, egileak obra osoaren ustiapen-eskubideak lagako dizkio administrazioari. Edozein modutan, saria irabazi duela adierazteko, izenburu honekin azaldu beharko da: «Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen "Jesús María Leizaola" 2014 saria».

Hamabigarrena.– Prozesu honetan jasotako datu pertsonalak «Ikerketen sustapena» fitxategi automatizatuan bilduko dira. Fitxategi horren helburua prozesu hau kudeatzea baino ez da izango. Fitxategi horren erabilera eta jarduera antolatzeko datu pertsonalak eta datu pertsonalak dituzten jabetza publikoko fitxategiak babesteko legeriak zehaztutakoari jarraituko zaio (Datu pertsonalak babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa, eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legea, eta garapenerako bestelako arauak). Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendaria da fitxategiaren arduraduna. Hortaz, datuak eskuratzeko, zuzentzeko ezerezteko edo haien aurka egiteko, organo horretara jo beharko da.

Hamahirugarrena.– Ikerlanen bat aurkezteak deialdiaren oinarrietan zehaztutako baldintzak onartu beharra dakarkio interesdunari.


Azterketa dokumentala