Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

48. zk., 2014ko martxoaren 11, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
1181

EBAZPENA, 2014ko martxoaren 10ekoa, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearena, Zarauzko (Gipuzkoa) Zigordia kaleko 6. zenbakian den higiezina partzialki desafektatzeko espedienteari hasiera ematea, interesdunei entzunaldia emateko eta jendaurrean jartzeko dena.

Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 36. artikuluan ezarritakoaren arabera (abuztuaren 6ko EHAA, 157. zk.), ez dago sailkatutako edo zerrendatutako kultura-ondasunik botatzerik, baldin eta aldez aurretik euren aurri-egoera adierazi ez bada eta dagokion Foru Aldundiak eraisteko baimenik eman ez badu. Era berean, derrigorrezkoa izango da Eusko Jaurlaritzak sailkatutako kultura ondasun izatetik kentzeari buruzko baimena aldez aurretik ematea.

Aipatutako araudia garatzeko azaroaren 10eko 306/1998 Dekretua eman zen, alegia, sailkatutako eta zerrendatutako kultura-ondasunen aurri egoeraren deklarazioari buruzkoa eta berauek eraisteko ebazpenaren aurretik eta ondoren egin beharrekoei buruzkoa (azaroaren 26ko EHAA, 226. zk.).

2013ko maiatzaren 15ean, Zarauzko Udalak Euskal Kultura Ondarearen Zentroari Zarauzko Hirigune Historikoan den Zigordia kaleko 6. zenbakiko higiezina aurri-egoeran deklaratzeko eskaeraren berri eman zion, aipatutako 306/1998 Dekretuari jarraituz desafektatzeko espedienteari hasiera emateko asmoz.

Izan ere, higiezinak Zarauzko (Gipuzkoa) Hiribildua kultura ondasun gisa Monumentu Multzo izendapenaz kalifikatu zuen eta hura zaintzeko babes arauak ezarri zituen uztailaren 12ko 305/1994 Dekretuaren arabera oinarrizko babesa du (abuztuaren 19ko EHAA, 157. zk.).

Higiezinaren aurri-egoera deklaratu zen aurreko batean arrazoi ekonomikoengatik. Izan ere, 2007ko otsailaren 23an, Zarauzko Udalak igorri zizkion Euskal Kultura Ondarearen Zentroari aurri-egoera deklaratzeko espedientearen kopia eta desafektazioaren espedientea hasteko eskaera. Zerbitzu Teknikoen txostenak, aurri-egoeraren espedientea eta izan ziren ekintzak ikusirik, Euskadiko Ondare Monumentu-Arkitektonikoaren aholku batzordeak 2007ko azaroaren 28an egindako batzarrean higiezina ez desafektatzea erabaki zuen. Kirol, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen 2008ko urtarrilaren 18ko Ebazpenaren bidez ukatu egin zen higiezina kultura ondasun izatetik kentzeko espedienteari hasiera ematea. Hala ere, 2009ko martxoaren 5ean, Zarauzko Udalak deklaratu zuen higiezinaren aurri-egoera, arrazoi ekonomikoengatik. Gauzak horrela, Euskal Kultura Ondarearen Zentroak agindu zion udalari higiezina ez botatzeko babestutako monumentu multzoaren barruan dagoelako eta derrigorrezkoa den desafektazioa eman ez zelako.

Oraingo honetan aurri-egoera arrazoi fisikoetan oinarritu zuten. Euskal Kultura Ondarearen Zentroko Zerbitzu Teknikoek emandako txostenean ondorioztatzen zen ez zela betetzen uztailaren 3ko Euskal Kultura Ondareari buruzko 7/1990 Legearen 36. artikuluak xedatutakoa aurri-egoera deklaratzeko eta higiezinaren egoera jabeen mantentze-lan ezagatik gertatua zela.

Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuoardearen 2013ko uztailaren 19ko Ebazpenak ukatu zuen, bigarren aldiz, higiezina kultura-ondasun izatetik kentzeko espedienteari hasiera ematea.

Aipatutako ebazpenaren aurka jo zuten bai Ana Maria Jauregui Irazabalbeitiak, higiezinaren jabeen izenean, gora jotzeko helegitea aurkeztuta, bai Zarauzko Udalak, administrazioarekiko auzi-errekurtsoaren aurretiazko errekimenduaren bidez. Higiezina kultura-ondasun izatetik kentzeko auzia behin betiko argitu asmoz, Kultura Ondarearen Zentroak gaia berriro Euskadiko Ondare Monumentu-Arkitektonikoaren Aholku Batzordera eramatea erabaki zuen. Honen batzarra 2013ko abenduan egin zenez, errekurtso biak ezetsi egin ziren administrazioaren isiltasunagatik azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 43. artikuluan xedatutakoaren arabera. Lege honek Herri Administrazioen Araubide Juridikoa eta Administrazio Prozedura Erkidea arautzen ditu.

Zerbitzu teknikoen txostenak kontuan harturik, eta aurri-egoeraren espedientea eta izan diren ekintzak ikusirik, Euskadiko Monumentu-Ondarearen Aholku Batzordeak, 2013ko abenduaren 4an egindako saioan, Zarautzen den (Zigordia, 6) eraikina partzialki desafektatzea eta lursailari, harrizko egiturazko elementuei eta barruko egituraren material generikoari dagokien babesa mantentzea erabaki zuen, 305/1994 Dekretuan jasotako ordezkatze-arauak errespetatuz.

Euskal Kultura Ondarearen Zentroko zerbitzu teknikoek aurkeztutako ebazpen-proposamena aztertu ondoren, eta Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 36. artikuluari jarraituz eta azaroaren 10eko 306/1998 Dekretuan (Kalifikatutako eta zerrendatutako kultura ondasunen aurri-egoeraren deklarazioari buruzko eta berauek eraisteko erabakiaren aurretik eta ondoren egin beharrekoei buruzko Dekretua), 17. artikuluan, ezarritakoarekin bat, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Zarauzko Zigordia kaleko 6. zenbakiko eraikinaren desafekzio partzialaren prozedurari hasiera ematea eta lursailari, harrizko egiturazko elementuei eta barruko egituraren material generikoari dagokien babesa mantentzea, 305/1994 Dekretuan jasotako ordezkatze-arauak errespetatuz. Zarauzko Hiribildua, kultura-ondasun gisa, monumentu-multzo izendapenaz kalifikatu zuen eta hura zaintzeko arauak ezarri zituen uztailaren 12ko 305/1994 Dekretuaren arabera (abuztuaren 19ko EHAA, 157. zk.), higiezinak oinarrizko babesa du.

Bigarrena.– Zarauzko Zigordia kaleko 6. zenbakian den eraikina partzialki desafektatzeko hasitako espedientea jendaurrean jartzeko epea irekitzea eta interesdunei entzuteko izapideari ekitea. Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, 20 eguneko epea egongo da alegazioak egin eta egokitzat jotzen diren agiriak aurkeztu ahal izateko, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 84. eta 86. artikuluetan jasotzen denari jarraikiz. Aipaturiko espedientea Euskal Kultura Ondarearen Zentroan dago ikusgai (Donostia kalea 1, Vitoria-Gasteiz).

Hirugarrena.– Ebazpen hau interesdunei, Zarauzko Udalari, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Gazteria eta Kirol eta Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketarako Departamentuei eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumena eta Lurralde Politika sailari ere jakinaraztea.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, jende guztiak horren berri izan dezan.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko martxoaren 10a.

Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordea,

JOSÉ ÁNGEL MARÍA MUÑOZ OTAEGI.


Azterketa dokumentala