Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

63. zk., 2014ko apirilaren 1a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
1522

AGINDUA, 2014ko martxoaren 19koa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko sailburuarena, banaka nahiz lankidetzan jarduten duten ETEen nazioartekotzeari laguntzeko Global Lehian programa garatzekoa.

Euskadiko ekonomia ekonomia irekitzat har daiteke, ia % 50eko irekiera-maila baitu, eta munduko merkataritzaren bilakaeraren eraginpean dago; batik bat, Europako ekonomiaren egoerak eragiten dio, lurralde horretan kokatzen baitira Euskadiren kanpo-merkatu nagusiak gaur egun.

Azken urteetan, krisi-egoeran egon arren, Euskadiren esportazioek hazten jarraitu dute, eta historian izandako emaitzarik onenak lortu dira. Aldi horretan, estaldura-tasan ere –esportazioen eta inportazioen arteko balantzea– joera-aldaketa izan zen, eta 2007tik jada % 100eko atalasea gainditu zen. Euskadiren kanpo-merkataritzaren ezaugarriak dira, batetik, merkatu tradizionalekiko lotura, eta bestetik, teknologia-maila ertaineko sektore jakinetan kontzentratuta dagoela. Bestalde, azken urteetan, EAEn egindako atzerriko inbertsioak gorakada izan du, bai eta Euskadik kanpoan egindako inbertsioak ere. EAEren kanpo-merkataritzak antzekotasunak ditu, oro har, Europako eskualde aurreratuetako merkataritzarekin; eskualde horietan, garrantzi handia du automobilgintza-sektoreak.

Testuinguru horretan, euskal enpresek kanpo-merkatuetara heltzeko izan beharreko profila elementu hauek baldintzatzen dute: enpresen tamaina, atxikipen-sektorea, eta eskaintzen dituzten produktuen eta zerbitzuen teknologia-maila. Hori kontuan hartuta, atzerrian mugimendu handiena duten enpresak industria-sektorekoak dira, zerbitzu-sektorekoen aurretik; eta industria-enpresen artean, 20 pertsona baino gehiagoko enpresak dira nagusi. Profil horrekin bat datoz, era berean, kanpoan kokatutako enpresak, eta guztira, 400 ekoizpen-ezarpen dituzte. Egiaztatu da euskal enpresak merkatu globaletan lehiakorrak izateko faktore nagusia kalitatea dela, eta horren ondoren, bezeroari ematen zaion zerbitzua eta prezioa.

Hori guztia oinarri hartuta, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren Ekintza Planak eta Euskal Nazioartekotze Partzuergoaren Estrategiak ezarri dute beharrezkoa dela gure enpresen esportazio-oinarria eta nazioarteko jarduera handitzea, eta merkatu globalean duten kokapena hobetzea, lehiakorragoak izan daitezen, horren bidez lortuko bailitzateke gure ekonomian enplegua eta aberastasuna sortzea.

Helburu hori bideratze aldera, Global Lehian programa abiatu da, helburu duena EAEn finkatutako enpresen lehiakortasuna hobetzea, haien nazioartekotzea sustatuz.

Global Lehian programaren bidez, ez itzultzeko diru-laguntza publikoak emango dira, euskal enpresen sustapen-jarduerarako nahiz jardun operatiborako. Laguntza horien bidez, euskal enpresen kanpo-merkatuetarako sarbidea hobetu nahi da, eta, aldi berean, nazioartekotzeko erronkari aurre egiteko enpresen berezko profiletatik eratorritako zailtasun objektiboak gainditu nahi dira.

Euskal enpresa gehienen ezaugarria denez enpresa txikiak izatea, eta hori oztopo denez nazioarteko merkatuetan jarduteko, programaren bidez enpresen arteko lankidetza sustatu nahi da, eta onuragarritzat jotzen da jatorrizko kokapenean nahiz helmugakoetan itunak egitea, enpresak kanpoan zabaltzeko ekimenak eta proiektuak bideratzeko.

Bestalde, antolaketarekin lotutako alderdiak ere aztertu dira, eta ikusi da, batetik, ohikoa dela ez izatea esportazio-gaietarako berariazko sailik, eta bestetik, pertsona gutxi direla gaituak nazioarteko ekintzaren kudeaketan. Euskal enpresek eta erakundeek abiatutako nazioartekotze-ekimenek arrakasta izatea eragotz dezakete gabezia horiek.

Agindu honek aurreko Prointer programa ordezkatzen du, eta diru-laguntzak arautzeko esparru berri bat ezartzen du, kontuan hartzen duena nazioartekotze-prozesuan enpresek duten heldutasun-maila. Hala, Agindu honek lau multzotan sailkatzen ditu laguntzak: hasteko jardueretarako laguntzak; sendotzeko jardueretarako laguntzak; merkataritza-, ekoizpen- nahiz zerbitzu-ezarpenetarako laguntzak; eta, azkenik, enpresetan nazioartekotzean gaituak diren pertsonak hartzeko eta enpresen antolaketa merkatu globalaren eskakizunei egokitzeko laguntzak. Etapa horietako bakoitzerako, laguntzak jasotzeko gehieneko epeak ezartzen ditu Aginduak, eta laguntza izan dezaketen gastu-motak zehazten ditu.

Egungo testuinguruan aurrekontu-sailak urriagoak direnez, nahitaezkoa da baliabide publikoak ematean proiektu jakin batzuk lehenestea; hau da, ezarritako helburuak lortzeko berme gehien eskaintzen dutenak. Horregatik, Global Lehian programan, lehiakortasun-irizpideetan oinarritutako lehiaketa-prozedura ezarri da laguntzak emateko. Horretarako, enpresen eta erakundeen proiektuen balioespena egiteko 8 irizpide ezarri dira. Balioespen-irizpide horiek, funtsezkoak izanik, proiektuen egokitasuna eta eskatzaileen ahalegina ebaluatzeko aintzat hartu beharreko alderdi guztiak biltzen dituzte, Agindu baten berezko ezaugarria den denboragabetasunaz. Irizpide horiekin batera, haztapen-faktore jakin batzuk baliatuko dira deialdi bakoitzean, eta horrela, urtez urte egokituz joango dira, kontuan hartuta eskaerak alda ditzaketen egoerak eta nazioartekotze-arloan sortzen diren beharrak.

Aginduan xedatzen da nazioartekotze-plana izango dela enpresak eta erakundeak nazioartekotzeko ekimen guztien oinarria. Hori dela eta, hasteko etapan nazioartekotze-planaren kostuei aurre egiteko diru-laguntza jasotzeko aukera egonik ere, ezinbestekoa izango da hura aurkeztea nazioartekotze-prozesuko gainerako etapetarako diru-laguntzak eskatzeko ere. Nazioartekotze-plan horien azterketa hartuko da oinarri deialdia egin duen administrazioak emandako laguntza-esparruari dagozkion proiektuak ebaluatzeko.

Bestalde, kontuan hartuta araudiak merkataritza-ganberen eginkizuna aitortzen duela, erakunde horiek administrazioaren laguntzaile diren aldetik, nazioartekotzearen arloan batik bat, eta aintzat hartuta Euskal Nazioartekotze Partzuergoko kide direla, Aginduak xedatzen du esleitu zaizkien proiektuen ebaluazioan parte hartuko dutela, eta dagozkien funtzioak eta sailetako zerbitzu teknikoei laguntzeko zereginak zehazten ditu. Laguntza horren bidez, zuzenbide publikoko korporazio horiei aitortzen zaizkien gaitasunak balia ditzake Global Lehian programak: batetik, enpresa-arloko adituen ezagutzak; eta bestetik, euskal enpresekiko hurbiltasuna; batez ere, enpresa txikienei dagokienez.

Prozedurari dagokionez, Agindu honetan espedienteen izapidetzea elektronikoa izango dela ezarri da, administrazio izapideak errazte aldera. Euskadiko ETEei diru-laguntza publikoak emateko programen onuradun izan diren enpresen kudeaketan izandako esperientzietatik ondorioztatu da prozedura hori aurrerapena dela enpresen eta erakundeen lehiakortasuna hobetzeko helburu horrekin lotuta, eta ez dakarrela inolako diskriminaziorik edo gutxiespenik.

Azkenik, programa hau behar bezala bideratzeko, prozedurako betekizunak arautu behar dira, dagokion gauzatzeko eta garatzeko Aginduaren bidez.

Horiek horrela, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Agindu honen xedea da Global Lehian programa garatzea, euskal enpresen lehiakortasuna hobetzeko, banaka nahiz lankidetzan jarduten duten enpresen nazioartekotzea sustatuz.

2.– Global Lehian programako laguntzak ez itzultzeko diru-laguntzak izango dira, eta laguntza horiek arautzeko kontuan hartu da enpresek nazioartekotze-prozesuan duten heldutasun-maila; horren arabera, lau etapa bereizi dira:

a) Hastea.

b) Sendotzea.

c) Kanpo-ezarpenak.

d) Talentua sustatzea eta baliatzea, eta antolaketa merkatu globalaren eskakizunei egokitzea.

3.– Hasteko, sendotzeko eta kanpo-ezarpenetako etapak, Agindu honetan xedatu den moduan, hurrenez hurrengoak dira oro har. Talentua sustatzeko eta baliatzeko eta antolaketa merkatu globalaren eskakizunei egokitzeko etapa, aldiz, beste hiru etapetako edozeinekin batera garatzeko aukera dago, aldi berean.

Hasiera momentutik, eta salbuespen gisa, beretik kanpoan ezartzeko beharra duten enpresek, haien merkatuen izaera dela eta hala eskatzen zaielako, aurreko etapak albora ditzakete.

2. artikulua.– Erakunde onuradunak.

2.1.– Agindu honetan ezarritako laguntzak eskuratzeko aukera izango dute Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza duten eta banaka nahiz lankidetzan jarduten duten mikroenpresek eta enpresa txiki eta ertainek (ETE), beti ere nazioartekotze plan bat indarrean izanez gero. ETE definizioa 2003/361/CE Komisioaren Aholkuak xedatzen duena jarraiki egingo da.

2.2.– Lankidetza-modalitatearen baldintza orokorrak:

a) Lankidetza-modalitatean egindako kanpo-sustapeneko jardueratzat hartzen dira gutxienez euskal bi enpresak edo erakundek egindakoak, Agindu honetako aurreko ataleko baldintza betetzen dutenak, independenteak direnak eta elkarrekin lotuta ez daudenak, eta kanpo-merkatuetan elkarrekin jarduteko konpromisoa hartzen dutenak, arriskuak elkarrekin hartuz eta kostuak beren gain hartuz, uste dutelako beren ekintza-sinergiak direla-eta abantailak ekar diezazkioketela elkarri.

b) Lankidetza-modalitatean egindako jardueretarako laguntzak lortzeko, enpresek eta/edo erakundeek lankidetza-itun bat egin behar dute, eta aldeen arteko konpromiso hori egiaztatu behar dute, kontratu baten edo beste dokumentu baten bidez.

c) Lankidetzan parte hartzen duten enpresek, modalitatea edozein dela ere, nazioartekotze-plan bat izan behar dute, adostasun bidez egina, beren jarduera merkatu batean edo batzuetan hasteko, sendotzeko edo finkatzeko. Plan horretan, lankidetzaren bidez lortu nahi diren merkataritza-helburuak zehaztu behar dira, bai eta helburu horiek lortzeko baliatuko diren estrategiak eta egingo diren jarduerak ere.

2.3.– Baldintza bereziak, lankidetza-motaren arabera:

a) Salmenta- eta sustapen-taldeak. Aurreko puntuan lankidetzan egindako jardueretarako ezarritako baldintzak betetzen dituzten enpresek eta/edo erakundeek eratutako elkarteak dira, soilenak.

b) Esportazio-partzuergoak, bai jatorrian –EAEn– eratuak, bai helmugan –atzerriko herrialde batean– eratuak. Sozietate horiek, 2.2. atalean aipatutako baldintza orokor horiez gain, beste baldintza berezi hauek bete behar dituzte:

– Nortasun juridiko propioa izatea, eta sozietatea osatzen duten enpresekiko edo erakundeekiko independentea.

– Parte-hartzaileak gutxienez bi enpresa edo erakunde izatea, Agindu honetako 2. artikuluan xedatutakoarekin bat onuradun izan daitezkeenak.

– Pertsona bat kontratatua izatea berariaz partzuergoaren kudeaketaz arduratzeko.

3. artikulua.– Banaka nahiz lankidetzan jarduten duten enpresen nazioartekotzearen etapak.

3.1.– Hasteko etapa. Etapa horretarako laguntzak eskura ditzakete banakako nahiz lankidetzako modalitatean jarduten duten enpresek eta erakundeek, eskaera egiteko unean profil hau dutenak: barne-merkatuan oinarritzen direnak, esportazio-jarduerarik ez dutenak edo hasi berria dutenak (salmenta guztien 5% baino gutxiago), eta kanpo-merkatuetara hedatzeko erabakia hartu dutenak. Fase horretan, enpresak edo erakundeak nazioartekotzeko helburuari begira duen egoerari buruzko diagnostikoa egiten du, aukerak eta mehatxuak aztertuz, eta etorkizunerako estrategia bat lantzen du, berekin dakarrena kanpo-merkatuetara zabaltzea.

Programa honen ondorioetarako, hasteko etapan lehenik eta behin nazioartekotze-plan bat egin behar da, gutxienez bi urtez indarrean egongo dena. Aldi horretan –urtebeteko iraupena izango du gehienez–, kanpo-sustapeneko lehen ekintzak gauzatu ahal izango dira.

Hasteko etaparako laguntzak jaso ahal izango dituzte, halaber, merkatu jakin batzuetan sendotzeko etapa gainditu duten sustapen-taldeek eta partzuergoek, asmoa dutenak beste merkatu batzuetara zabaltzeko, baldin eta merkatu horietara enpresa parte-hartzaileek egiten dituzten esportazioen zenbatekoa ez bada guztien artean fakturatzen dutenaren % 5era iristen.

3.2.– Sendotzeko etapa. Etapa horretan, esportazio-partzuergoak edo -taldeak nazioartekotze-plan bat jartzen du abian, esportazio-jardueran hasi berria izatetik erregularki esportatzen duen esportatzaile izatera igarotzeko. Horretarako, esportazioen bezero-zorroa sendotzen eta handitzen du, eta helmuga-merkatuak dibertsifikatzen ditu. Nazioartekotze-jarduera, eskuarki, jatorrizko enpresatik edo erakundetik bideratzen da, ez baitu izaten ordezkaritzarik edo ezarpenik atzerrian.

Programa honen ondorioetarako, sendotzeko etapa enpresak edo erakundeak hasteko etapa gainditu ondoren hasten da, baldin eta hasteko etapa horretan onuradun izan bada. Bestela, enpresa edo erakunde bat sendotzeko etaparako laguntzen onuradun izan daiteke, baldin eta haren esportazioen bolumena guztizko fakturazioaren % 5etik % 50era artekoa bada.

Banakako modalitatean jarduten duten enpresentzat, sendotzeko etapa amaitutzat hartzen da enpresak edo erakundeak aurrez aipatutako esportazioen bolumen hori gainditu duenean, edota banakako modalitateko laguntza lehenengoz eskatu zenetik 4 urte igaro direnean.

1.3. artikuluan xedatutakoari jarraiki, kanpo-merkatuan lortutako fakturazioaren muga hori ez da ezarriko enpresen jarduera abiatu zutenetik merkatu nagusia nazioartekoa izan bada.

Lankidetzako modalitatean jarduten duten enpresek eta entitateek, eta indarrean dagoen nazioartekotze-plan bat dutenek, 4 urteko epea igaro ondoren aukera dute laguntzak jasotzen jarraitzeko, baldin eta beren ekintzak merkatu berrietara bideratzen badituzte eta merkatu horietan duten fakturazio-bolumenak ez badu gainditzen ezarritako muga: hau da, guztizko fakturazioaren % 50.

3.3.– Ezarpenetarako etapa. Hiru ezarpen mota bereizten dira:

a) Merkataritza-ezarpenak atzerrian. Enpresak atzerrian dituen establezimendu filialak edo sukurtsalak dira –fisikoak edo birtualak–, nazioarteko merkatu bati edo batzuei arreta emateko, alderdi komertzialetan.

b) Ekoizpen-ezarpenak atzerrian. Atzerrian fabrikazio-proiektu bat gauzatzeko ezartzen diren establezimenduak dira, bai instalazio berriak abian jarriz, bai jada bazeuden enpresetako partaidetzaren bidez.

c) Zerbitzu-ezarpenak atzerrian. Kanpo-merkatu batean ezartzen diren zerbitzu-enpresen establezimenduak dira, bai instalazio berriak abian jarriz, bai jada bazeuden enpresetako partaidetzaren bidez.

Programa honek ezarpenetarako laguntzak emango ditu, baldin eta ezarritako establezimenduaren kapitalean Euskadiko jatorrizko enpresak duen partaidetza maioritarioa bada. Partaidetza adierazitakoa baino txikiagoa bada ere laguntzak eman ahal izango dira, betiere horren arrazoia bada ezarpen-herrialdeko legeak hala agintzen duela. Ezarpena beste enpresa bateko partaidetzaren bidez egiten bada, ez dira baliozkotzat hartuko, programa honen ondorioetarako, jatorrizko enpresaren egoitza EAEn duten enpresetan egindako partaidetzak. 10 langile baino gehiago dituzten enpresen edo erakundeen kasuan, herrialde hauetatik kanpo egindako ezarpenak soilik onartuko dira: Alemania, Austria, Belgika, Danimarka, Finlandia, Frantzia, Grezia, Holanda, Irlanda, Italia, Luxenburgo, Britainia Handia, Portugal eta Suedia.

Programa honen ondorioetarako, ezarpenetarako etapan lehenik eta behin ezarpena eratu behar da, deialdia egin den urte berean. Ezarpen batek deialdi bakar batean jaso ahal izango du laguntza, eta deialdi bakoitzean ezarpen bakar bati emango zaio laguntza. Merkatu berean ez da onartuko jada abiatu den ezarpen baten mota berekoa den beste ezarpenik.

Ezarpenetarako etapa amaitutzat jotzen da enpresak edo erakundeak 4 ezarpenetarako laguntza jaso duenean, ezarpen horiek edozein motatakoak izanik ere.

3.4.– Talentua sustatzea eta baliatzea, eta antolaketa merkatu globalaren eskakizunei egokitzea. Etapa horretarako laguntzen helburua da Euskadin egoitza duten enpresetan eta erakundeetan nahiz helmuga-herrialdeetako ezarpenetan giza kapitala sustatzea, kanpo-merkataritzan eta enpresa nazioartekotuen kudeaketan adituak diren langileen bidez.

4. artikulua.– Laguntza jaso dezaketen gastuak.

Aurreko artikuluan deskribatutako 4 etapetarako, deialdiaren ekitaldian sortutako gastuetako kontzeptu hauek jaso ahal izango dute diru-laguntza:

a) Hasteko etapa.

– Nazioartekotze-plana egitea. Diagnostikoa eta/edo nazioartekotze-plana egiteko kanpoko aholkularitzaren kontratazioa diruz lagunduko da.

– Ekintza goiztiarrak; bidaiak eta/edo bisitak azoketara, eta agendak egitea. Bidaiei dagokienez, bidaia-zorroak diruz lagunduko dira; helmuga kontuan hartuta kalkulatuko da zenbatekoa.

– Lankidetza-modalitatean jarduten den enpresen kasuan, aurrez aipatutako kontzeptu horiez gain, diruz lagunduko dira bideragarritasunaren azterketa eta eraketa-gastuak ere.

b) Sendotzeko etapa.

– Merkatu-prospekziorako eta/edo bezero edota hornitzaile potentzialak diren enpresekin harremanak izateko bidaiak, eta bisitak azoketara. Bidaia-zorroak diruz lagunduko dira.

– Atzerriko bezero eta/edo hornitzaile potentzialak diren enpresei egindako gonbidapenak. Ostatu- eta garraio-gastuak diruz lagunduko dira.

– Prospekzio-bidaiak lankidetzan. Prospekzio-bidaiatzat hartzen da salmenta- eta sustapen-taldeko enpresa batek edo batzuek egiten dutena, taldeko enpresa guztien ordezkari gisa. Laguntza jaso dezaketen gastuak bidaia-zorroak dira.

– Zuzeneko misioa, lankidetzan. Itunean parte hartzen duten enpresa batzuek edo guztiek egindako misioa da. Prospekzio-bidaia egin ordez zuzeneko misioa egiteko arrazoiak justifikatu egin beharko dira.

– Alderantzizko misioa, lankidetzan: atzerriko erosleei edo prospekziogileei egindako gonbidapena, lankidetzan jarduten duten enpresak bisitatzeko. Ostatu- eta garraio-gastuak diruz lagunduko dira; laguntzen zenbatekoa Global Lehian programako laguntzen urte bakoitzeko deialdiaren ebazpenean zehaztutako mugen arabera kalkulatuko dira.

– Kanpoko azoketan parte hartzea, stand bat jarriz, produktuak aurkezteko: zoruaren edo aretoaren alokairua, standaren apainketa, bidaia-zorroak eta azokan parte hartzeak sortzen dituen berezko beste gastu batzuk. Lankidetza-modalitatean jarduten duten enpresen kasuan, azoketako parte-hartzeak laguntza jaso ahal izateko beharrezkoa da standa denen artean jartzea eta produktuen aurkezpena elkarrekin egitea: zoruaren alokairua, standaren apainketa, bidaiak.

– Sustapen-materiala: gutxienez atzerriko hizkuntza batean –behar bezala justifikatutako salbuespenetan izan ezik– egindako katalogoak, liburuxkak, bideoak eta abar, edozein euskarritan, barnean hartuta Internet. Lankidetza-modalitatean jarduten duten enpresen kasuan, laguntza jaso ahal izateko elkarrekin egindako sustapen-materiala soilik hartuko da kontuan, eta taldean parte hartzen duten enpresak behar bezala identifikatu beharko dira material horretan. Partzuergoei dagokienez, haren izena soilik jarri ahal izango da sustapen-materialean. Merchandising artikuluak ez dira diruz lagunduko.

– Publizitatea: atzerriko komunikabideetarako (egunkariak, aldizkariak, irratiak, telebistak, etab.) eta Interneterako publizitatea sortzea eta haietan iragartzea. Lankidetzan jarduten duten enpresen publizitatean enpresa parte-hartzaile guztiek agertu behar dute, esportazio-partzuergoen kasuan izan ezik; azken horietan, partzuergoaren izena soilik jar daiteke.

– Esportazio-partzuergoetan, aurrez deskribatu diren lankidetza-modalitateko gastu horiez gain, partzuergoaren funtzionamendu-gastuek ere laguntza jaso ahal izango dute: hau da, alokairuak, bulego-ekipamenduek, eta partzuergoaren administrazio-funtzionamenduarekin zuzenean lotutako kanpoko zerbitzu profesionalek.

– Ezarpen-proiektu potentzialen bideragarritasunaren azterketa.

– Beste sustapen-, -ikerketa eta azterketa-jarduera batzuk, beharrezkoak direnak nazioartekotze-planean zehaztutako merkatuetan sartzeko.

Banakako modalitatean nahiz lankidetza-modalitatean jarduten duten enpresek, sendotzeko etaparako laguntzak jaso ahal izateko, gutxienez hiru sustapen-ekintza desberdin egin behar dituzte eskaera egin den ekitaldian.

c) Kanpo-ezarpenetarako etapa.

– Eraketa-gastuak: eskriturak, erregistroak, administrazio-baimenak, lizentziak eta jardueraren hasieran behingoan soilik egiten diren beste batzuk. Zuzenean kanpo-ezarpenen etapan sartzen diren enpresek eta erakundeek, gainera, bideragarritasun-azterketarako laguntza ere jaso ahal izango dute.

– Egitura-gastuak: lokalaren alokairua, bulego-ekipamenduak, eta ezarpena abiarazteko beharrezkotzat jotzen diren beste batzuk.

– Jatorrizko enpresaren eta ezarpenekoaren arteko bidaien gastuak. Bidaia-zorroak diruz lagunduko dira; helmuga kontuan hartuta kalkulatuko da zenbatekoa. Bidaia-zorroetarako hornidurak eta eskaera bakoitzeko emango den gehieneko zorro kopurua Global Lehian programako laguntzen urte bakoitzeko deialdiaren ebazpenean zehaztuko dira.

– Ezarpenarekin lotutako sustapen-gastuak: katalogoak, azoketan parte hartzea, webguneak, publizitatea, produktua homologatzeko gastuak eta marka erregistratzekoak.

d) Talentua sustatzeko eta baliatzeko eta antolaketa merkatu globalaren eskakizunei egokitzeko etapa.

– Teknikari espezialistak kontratatzeko hautaketa-prozesuaren gastuak.

– EAEn egoitza duen enpresan edo erakundean nazioartekotze-gaietan adituak diren teknikari espezialisten kontratazio berriei dagozkien soldaten kostu gordina. Erakundeek nazioartekotze-jardueraz arduratuko diren langile espezialistak hartzea diruz lagunduko da.

– Kanpo-ezarpenetan nazioartekotze-gaietan adituak diren teknikari espezialisten kontratazio berriei dagozkien soldaten kostu gordina.

– Esportazio-partzuergoetan, kudeatzailearen soldataren kostu gordina.

Enpresa edo erakunde eskatzaile bakoitzeko eta lantoki bakoitzeko, teknikari espezialista bakar baten edo partzuergoko kudeatzaile bakar baten kontratazioari emango zaio laguntza.

Halaber, ez dute jasoko Global Lehian programaren laguntzarik prezio publikoen mendeko erakunde publikoen azterketek eta zerbitzuek.

5. artikulua.– Diru-laguntzen mugak.

1.– Etapa bakoitzerako, banakako modalitatean jarduten duten erakunde eta enpresentzako laguntzek gehieneko muga hauek izango dituzte, ehunekotan eta balio absolutuetan:

a) Hasteko etapa: onartutako proiektuaren % 40 eta 20.000 euro.

b) Sendotzeko etapa: onartutako proiektuaren % 40 eta 30.000 euro.

c) Ezarpenetarako etapa: onartutako proiektuaren % 40 eta 40.000 euro.

d) Talentua sustatzeko eta baliatzeko etapa: onartutako proiektuaren % 50 eta 20.000 euro.

2.– Lankidetza-modalitatean jarduten duten erakunde eta enpresentzako laguntzak honela xehakatuko dira:

a) Hasteko eta sendotzeko etapak.

– Salmenta- eta sustapen-taldea: onartutako proiektuaren % 50ean edota 40.000 euroan izango dute muga, eta taldeko parte-hartzaile bakoitzeko 12.000 euro emango dira gehienez.

– Esportazio-partzuergoa: onartutako proiektuaren % 50ean edota 40.000 euroan izango dute muga, eta partzuergoko parte-hartzaile bakoitzeko 14.000 euro emango dira gehienez.

b) Talentua sustatzeko eta baliatzeko eta antolaketa merkatu globalaren eskakizunei egokitzeko etapa.

– Esportazio-partzuergoa: partzuergoaren kudeatzailearen kontratazioari dagokion soldataren kostu gordina; gehienez ere, onartutako gastuaren % 50 edota 30.000 euro.

Lankidetzako jardueretan Agindu honetan ezarritako eskakizunen arabera onuraduna ez den erakunde edo enpresa batek parte hartzen badu, parte-hartzaile onuradunak direnen gastuetarako soilik emango da laguntza.

6. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Global Lehian programarako erabiliko diren baliabide ekonomikoak Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan jasota egongo dira. Aurrekontu-ekitaldi bakoitzean emango diren laguntzen guztizkoak ez du gaindituko jasotako zenbateko hori, edota haren eguneratzeari dagokion zenbatekoa, baldin eta indarreko legeriarekin bat aurrekontu-aldaketak onartzen badira, kontuan hartuta eskatutako laguntzen guztizkoa, eta Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak beste laguntza-programa batzuetarako baliatutako aurrekontuetan agortu ez den aurrekontu-sailik geratzen bada, betiere laguntzei buruz ebatzi baino lehen. Horrelakorik gertatuz gero, Industriako sailburuordeak horren berri emango du ebazpen baten bidez.

2.– Eskualde Garapeneko Europako Funtsak Global Lehian programaren finantzaketan laguntzen du.

7. artikulua.– Bestelako laguntzekiko bateragarritasuna.

1.– Beste herri-administrazio edo erakunde pribatu batzuek Agindu honetan jasotako helburu berarekin emandako laguntzak bateragarriak izango dira programa honen bidez emandakoekin, baldin eta diru-laguntza horiek ez badagozkio kontzeptu berari.

Diruz lagundutako kontzeptua bera bada laguntza batean zein bestean, onuradunak horren berri eman beharko dio Nazioartekotze Zuzendaritzari. Halakoetan, diru-laguntzen guztizkoak ez du gaindituko proiektuaren guztizko kostuaren % 50a, eta muga hori gaindituz gero, Agindu honen bidez jasotako laguntza murriztuko da, zenbat gainditu den, horrenbeste.

Bestalde, ez da diru-laguntzarik emango sustapen-bidaietarako, zuzeneko misioetarako, alderantzizko misioetarako, azoketan parte hartzeko eta abarretarako, baldin eta aurrez diruz lagundu badituzte merkataritza-ganberek, sektore-elkarteek eta abarrek, erakunde horiek emandako laguntzak Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan jasotakoak ez zirela egiaztatzen denean izan ezik.

2.– Nolanahi ere, Agindu honetan ezarritako laguntzetan, 2006ko abenduaren 15eko Batzordearen 1998/2006 zenbakiko Erregelamenduan (EE) ezarritako minimis arauak errespetatu beharko dira, bai eta Europar Batasunaren esparruan gai horri buruz emandako bestelako jarraibideak edo xedapenak ere.

8. artikulua.– Prozedura hastea.

Agindu honen bidez araututako nazioartekotze-proiektuetarako laguntzen deialdi publikoa urtean behin egingo da. Deialdia nazioartekotzeaz arduratzen den sailburuordearen ebazpen baten bidez egingo da, eta hartan zehaztuko da zer zenbateko izango duen esleitutako aurrekontu-sailak dagokion ekitaldian, eta zein izango diren eskaerak aurkezteko epeak eta lekuak. Horrez gain, ebazpenean, bereizitako eranskin batzuetan, balioespen-irizpideak aplikatzeko haztapen-faktoreak zehaztuko dira, bai eta bidaia-gastuei dagozkion alderdiak ere: bidaia-zorroetarako hornidura, eta gehieneko zorro kopurua.

Agindu honetako 10. artikuluko 2. atalean aipatzen den nazioartekotze-plana aurkezteko epea ere ezarriko da ebazpenean.

9. artikulua.– Eskabideen aurkezpena.

1.– Erakunde interesdunek prozesura honi buruzko eskabideak, kontsultak eta izapide guztiak bitarteko elektronikoen bidez soilik egin ahal izango dituzte, dekretu hauetan xedatutakoarekin bat: otsailaren 21eko Administrazio Elektronikoari buruzko 21/2012 Dekretua (EHAA, 50 zk, 2012ko martxoak 9) eta apirilaren 29ko 72/2008 Dekretua (EHAA, 102 zk, 2008ko maiatzak 30), Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen erregistroen sorrerari, antolaketari eta funtzionamenduari buruzkoa; azken dekretu hori aldatzen dute aipatutako otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak eta 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenak, Informatika eta Telekomunikazioko zuzendariarenak, eAdministraziorako Plataforma Teknologikoa (PLATEA) eratzen duen dokumentua onartzekoak.

2.– Eskabideak eta zinpeko adierazpenak bitarteko elektronikoen bidez izapidetzeko jarraibideak eta gainerako ereduak eskuragarri daude egoitza elektroniko honetan: http://www.euskadi.net/industria

Eskabidearen ondorengo izapideak helbide elektroniko honetan egiten dira, bitarteko elektronikoen bidez: http://www.euskadi.net/misgestiones

3.– Eskabidea osatzeko, pertsona edo erakunde eskatzailearen sinaduraz gain, agiri hauek aurkeztu behar dira: Agindu honetako 10. artikuluan aipatzen den dokumentazio osagarria, eta Administrazioak eska dezakeen beste edozein agiri, otsailaren 21eko Administrazio Elektronikoari buruzko 21/2012 Dekretuan xedatutako moduan.

4.– Enpresek aukera izango dute EAEko bi hizkuntzetako edozein erabiltzeko, bai ahoz bai idatziz, eta eskubidea dute arreta hizkuntza berean jasotzeko, Nazioartekotzeaz arduratzen den Sailarekin eta Merkataritza, Industria eta Nabigazio Ganberekin dituzten harremanetan.

10. artikulua.– Aurkeztu beharreko agiriak.

1.– Erakunde eta enpresa eskatzaileek eskabide normalizatu bat bete behar dute, urteroko deialderik batera erantsiko den ereduaren arabera, eta eduki hauekin:

a) Enpresari edo erakundeari buruzko informazio orokorra.

b) Urteko nazioartekotze-proiektua, txosten deskriptibo batean jasoa, zer ekintza egingo diren eta zer gastu aurreikusi diren zehaztuz.

c) Zinpeko adierazpena edo erantzukizuneko aitorpena, eskabidean adierazitako alderdien egiazkotasuna aitortuz; zehazki, alderdi hauei buruzko datuak jaso behar dira eskabidean:

– Langile kopurua, eskabidea aurkeztu den ekitaldiaren aurreko ekitaldiko abenduaren 31n.

– Fakturazioaren zenbatekoa, eskabidea aurkeztu den ekitaldiaren aurreko ekitaldiko abenduaren 31n.

– Urteko balantze orokorraren zenbatekoa, eskabidea aurkeztu den ekitaldiaren aurreko ekitaldiko abenduaren 31n.

– Proiektu berari beste erakunde publiko edo pribatu batzuek emandako laguntzak.

– Aurreko bi ekitaldi fiskaletan jasotako diru-laguntza publikoei buruzko informazioa ematea, minimis araudia betez.

2.– Dokumentazio osagarria:

– Dokumentazio horrekin batera, eskatzailearen ordezkaritza-ahalordearen kopia aurkeztu behar da, ahalorde hori Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak badu eta ahalduna aldatu ez bada izan ezik.

– Zerga-betebeharrak egunean dituela egiaztatzen duen ziurtagiria. Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren konturako diru-laguntzen onuradunen zerga-betebeharrak betetzeari buruzko Ogasun eta Finantzako sailburuaren 1991ko urriaren 7ko Aginduan xedatutako kasuetan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak, betiere eskatzailearen berariazko baimena badu, laguntzen eta diru-laguntzen eskatzaileen zerga-betebeharrak bete izanaren egiaztagiria eskatuko die zuzenean zerga-arloko organo eskudunei. Espedientean baimen hori jasota ez badago, berriz, eskatzaileek ekarri beharko dute egiaztagiri hori.

– Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean dituela egiaztatzen duen ziurtagiria.

– Enpresa eskatzailearen aitorpena, adierazten duena ez dagoela zigortuta zigor- edota administrazio-arloan diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukeraz gabetzearekin, eta ez dagoela horretarako desgaitzen duen inolako legezko debekuren pean, barnean hartuta sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak, otsailaren 18ko 4/2005 Legeko (Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerakoa) azken xedapenen arteko seigarrenean xedatutakoarekin bat.

– Hasteko etapan, nazioartekotze-plana egiteko laguntza eskatzen denean, eskabidea aurkeztean kanpo-zerbitzuaren kontratua eta/edo kostuaren aurrekontua erantsi behar da. Nazioartekotze-plana egin ondoren, dagokion ebaluazioa egiteko aurkeztu behar da, Global Lehia programaren urteko deialdi bakoitzean ezarritako muga-egunean.

– Ezarpenetarako etapan, kanpo-ezarpenaren eraketa-eskriturak.

– Talentua sustatzeko eta baliatzeko etapan, kontratatutako pertsonaren lan-kontratua.

– Esportazio-partzuergoek, laguntzak lehen aldiz eskatzen dituztenean, partzuergoaren eraketa-eskritura eta barne-funtzionamendurako estatutuak aurkeztu behar dituzte.

– Enpresaren edo erakundearen erantzukizun sozial korporatiboa egiaztatzen duten indarreko ziurtagiriak eta aitorpenak.

– Banaka jarduten duten enpresek edo erakundeek laguntzetarako eskabidea sendotzeko etaparako aurkezten badute, indarrean dagoen nazioartekotze-plana aurkeztu behar dute, eta salmenta- eta sustapen-taldeek, eskabidea edozein etapatarako egiten dutela ere, elkarrekin egindako nazioartekotze-plana.

3.– Enpresa eskatzaileak aurrez aipatutako zinpeko adierazpenean adierazitako datuak faltsutzen baditu, edota 9. artikuluko 4. atalean aipatzen den moduan proiektuan izandako funtsezko aldaketak jakinarazten ez baditu, indarrean dagoen administrazio- eta zigor-arloko zigor-araubidearen mende geratuko da.

4.– Nolanahi ere, Nazioartekotzeaz arduratzen den Sailak eskabidea ulertzeko, ebaluatzeko eta izapidetzeko beharrezkotzat jotako dokumentu osagarri eta/edo argibide guztiak eskatu ahal izango dizkio enpresa eskatzaileari, eta Arau honetan berariaz xedatuta ez dauden alderdietan, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean xedatutakoa izango da aplikagarria. Dokumentazio hori eskatzen den unean adierazitako epean aurkeztu beharko da.

5.– Eskabidea hartan jaso beharreko datu guztiekin osatu ez bada, edota dokumentazio osagarria aurkeztu ez bada, 10 eguneko epean akatsa zuzentzeko edo beharrezko agiriak aurkezteko eskatuko zaio enpresari, eta jakinaraziko zaio hala egin ezean eskabidea bertan behera utzi duela ulertuko dela, eta dagokion ebazpena emango dela, hala jasotzeko, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean xedatutakoa betez.

11. artikulua.– Esleitzeko prozedura.

Agindu honetan ezarritako laguntzak emateko, hautaketa-prozedura bakarra baliatuko da, eta betiere publizitate-, norgehiagoka- eta objektibotasun-printzipioak beteko dira.

Zuzentasuna bermatu asmoz, lehia ezarriko da Agindu honetan zehazten diren a, b, eta c etapetako arloak desberdinduz.

Lehiaren arlo bakoitzeko, urteko deialdiak zehaztuko ditu lortu behar den gutxieneko puntuazioa diru laguntzarako eskubidea izateko, eta esleitutako kreditua.

12. artikulua.– Balioespen-irizpideak.

Onuradun izateko eskakizunak betetzen dituztela egiaztatzen duten enpresei eta erakundeei emango zaizkie diru-laguntzak, betiere balioespen-irizpide hauek oinarri hartuta:

– 1. irizpidea: nazioartekotze-planaren kalitatea. Alderdi hauek aztertuko dira nazioartekotze-plana ebaluatzeko: zenbateraino egokitzen zaion erakundearen edo enpresaren profil bereziari; egindako diagnostikoaren oinarriak; merkatuen hautaketa eta haietan sartzeko proposatutako ekintzak; estrategia komertziala; eta bideragarritasun ekonomikoa.

– 2. irizpidea: enpresaren edo erakundearen guztizko fakturazioaren zer ehuneko dagokien merkatu berriei. Merkatu berritzat hartzeko, eskakizun hauek bete behar ditu: merkatu horretako fakturazioak ez gainditzea enpresaren edo erakundearen esportazioen guztizko fakturazioaren % 10a, eta enpresa edo erakundea merkatu horretara zabaldu zenetik 3 urte baino gutxiago igaro izana.

– 3. irizpidea: eragina EAEko ekonomian eta enpleguan. Enpresa edo erakunde eskatzaileak EAEn enpleguari eustea eta enplegua sortzea balioetsiko da, lehentasunez.

– 4. irizpidea: erakundearen edo enpresaren tamaina. Enpresa txikiek aurkeztutako proiektuak balioetsiko dira, lehentasunez.

– 5. irizpidea: enpresen eta/edo erakundeen arteko lankidetza. Irizpide hori oinarri hartuta egingo den ebaluazioan, sozietateen arteko itunen eta lankidetzaren konplexutasuna balioetsiko da lehentasunez.

– 6. irizpidea: dibertsifikazio geografikoa. Irizpide hori oinarri hartuta egingo den ebaluazioan, enpresa eta entitate eskatzaileek merkatuak helmuga gehiagotara hedatzea balioetsiko da lehentasunez.

– 7. irizpidea: eusko Jaurlaritzaren tituludun gazteentzako nazioartekotze-beken programarekin edo nazioartekotzea sustatzeko antzeko beste agentzia batzuen programekin lankidetzan jardutea.

– 8. irizpidea: gizarte-erantzukizuna. Erakundearen edo enpresaren konpromisoa, jatorrizko enpresan nahiz ezarritako enpresetan gizarte-erantzukizunari dagozkion alderdiak oro har sustatzeko: emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna, euskara, ingurumena, etab. Irizpide hori oinarri hartuta egingo den ebaluazioan, kontuan hartuko dira erakunde eskudunak ondorio horietarako igorritako ziurtagiriak eta aitorpenak.

13. artikulua.– Ebaluazioa.

1.– Eskaerak aztertzeko, Ebaluazio Organoa eratu da. Organo horretako lehendakaria Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko Nazioartekotze Zuzendaritzako programen sektore-arduradun bat izango da, eta bokalak, Zuzendaritzak izendatutako hiru teknikari; haietako batek idazkari eginkizunak beteko ditu. Ebaluazio Organoa biltzeko, eztabaidak egiteko eta erabakiak hartzeko, beharrezkoa izango da lehendakaria eta idazkaria (edo haien ordezkoak), eta gutxienez gainerako bokaletako bat bertan egotea. Atal honetan xedatu ez diren kasuetan, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeko II. tituluko II. kapituluan xedatutakoa aplikatuko da.

2.– Eskabideen azterketarako eta ebaluaziorako egin beharreko alderdi materialekin lotutako lanak Nazioartekotze Zuzendaritzak izendatutako teknikariek egingo dituzte, eta haiei buruzko txosten teknikoak aurkeztuko dizkiote Ebaluazio Organoari. Txosten tekniko horietan, eduki hauek jasoko dira: nazioartekotze-planaren balioespenaren eta kalifikazioaren xehakapena; eskaera zer etapatarako inskribatu den; onartutako gastu hautagarriak; eta eskabide bakoitzari dagokion balioespen-irizpideen haztapena.

3.– Kide anitzeko organo horrek, bere funtzioak betetzeko, aukera izango du diruz lagundutako arlo bakoitzean adituak diren pertsonen zerbitzuak baliatzeko, zerbitzu teknikoei laguntzeko eta haiekin lankidetzan jarduteko.

14. artikulua.– Zenbatekoen zehaztapena.

1.– Eskaeren balioespena egitean, kontuan hartuko dira Agindu honetako 12. artikuluko irizpideak eta urte bakoitzeko deialdiaren ebazpenean ezarritako haztapen-faktoreak. Balioespena egin ondoren, gutxieneko puntuazioa izan duten proiektuak lortutako puntuen arabera zerrendatuko dira, bakotzari dagokion etaparen zerrendan, 11. Artikuluan xedtutakoaren arabera, eta puntu gehien lortu duenetik gutxien lortu duenera ordenatuta.

2.– Zerrenda bakoitzean puntu gehien lortu duen proiektuari Agindu honetako 5. artikuluan ezarritako laguntzen gehieneko zenbatekoa esleituko zaio. Gainerako proiektuei esleitutako zenbatekoa mugatu egingo da: zenbatekoaren murrizketa balioespenean lortutako puntu kopuruarekiko zuzenki proportzionala izango da.

3.– Zerrenda bakoitzean ordenatuko proiektuei esleitutako laguntzen guztizko zenbatekoak aurrekontuko baliabideen zenbatekoa gainditzen badu, balioespenean puntu gehien lortu duten eskaeren artean banatuko dira laguntzak, kreditua agortu arte.

4.– Erakunde edo enpresa onuradunak Global Lehian programaren kontura jaso ditzakeen laguntzen gehieneko zenbatekoak ezin izango du gainditu urteko 50.000 euroko zenbatekoa.

15. artikulua.– Diru-laguntzen esleipena.

1.– Aurreko artikuluan ezarritako moduan eskabideak ordenatu eta aurrekontua banatu ondoren, Ebaluazio Organoak laguntzak esleitzeko ebazpen-proposamena helaraziko dio erakunde eskudunari, eta hartan zehaztuko du eskaera bakoitzean aurkeztu den proiektua garatzeko laguntzaren zenbatekoa, ekintzak egiteko baldintzak eta epeak, eta beharrezkotzat jotako gainerako alderdiak.

2.– Urteko deialdia argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita, Nazioartekotzeko zuzendariak sei hileko epea izango du administrazio-ebazpenak eman eta jakinarazteko, eta ebazpen horien bitartez eskatutako laguntzak eman edo ukatuko dira. Ebazpen horren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Industriako sailburuordeari, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean xedatutakoarekin bat.

Epe hori igaro ondoren inolako ebazpenik eman edo jakinarazi ez bada, laguntza-eskaera ez dela onartu uler dezake erakunde interesdunak, baina betiere organo eskudunak betebeharra izango du eskatutako diru-laguntzari buruzko berariazko ebazpena emateko.

3.– Laguntzak emateko ebazpena enpresa interesdun bakoitzari jakinarazi beharko zaio. Horrez gain, enpresa esleipendunen zerrenda urtero argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

4.– Erakunde eta enpresa onuradunei Agindu honetan araututako laguntzak emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, beharrezkoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako mota bereko laguntzekin edo diru-laguntzekin lotuta abian jarritako edozein itzultze- edo zigor-prozedura amaituta egotea.

16. artikulua.– Laguntzen ordainketa.

1.– Diru-laguntzaren ordainketa egiteko, beharrezkoa izango da Nazioartekotzeko zuzendariaren administrazio-ebazpena, eta ordainketa bi alditan egingo da, jarraian adierazi den moduan:

– Emandako laguntza onartu ondoren, edota, hala badagokio, Agindu honetako 18. artikuluan ezarritako hamabost eguneko epea igaro ondoren, diru-laguntzaren zenbatekoaren % 25eko aurrerakina emango da.

– Diruz lagundutako ekintzak egitean sortutako gastuak justifikatu ondoren, gainerako % 75aren ordainketa egingo da.

Enpresa onuradunak, diru-laguntza eman zaien ekintzak egin ondoren, laguntza emateko kontuan hartutako helburua bete duela justifikatu beharko du, betiere diru-laguntzaren eskaera egin eta hurrengo urteko martxoaren 1a baino lehen.

2.– Horretarako, dokumentu hauek aurkeztu beharko ditu gutxienez: egindako ekintzei buruzko memoria edo txosten bat, proiektuaren helburuak zenbateraino lortu diren adieraziz; eta Nazioartekotze Zuzendaritzak emandako fakturen eta ordainketen taularen eredua, hartan adieraziz erakunde edo enpresa hornitzailearen IFZ eta sozietate-izena, eta faktura bakoitzaren igorpen-data, kontzeptua, zenbatekoa (BEZ gabe) eta ordainketa-data. Talentua sustatzeko eta baliatzeko eta antolaketa merkatu globalaren eskakizunei egokitzeko etaparako laguntzen kasuan, gastuak justifikatzeko, aipatutako fakturen eta ordainketen taula aurkeztu beharko da, hartan jasoz nominei buruzko xehetasunak eta dagozkien ordainketak.

3.– Nazioartekotzeaz arduratzen den Sailak edozein unetan eskatu ahal izango ditu enpresa onuradunak aurkeztutako datuen egiazkotasuna egiaztatzeko beharrezkotzat jotako informazioa eta agiri guztiak; batez ere, Agindu honetako 10. artikuluan aipatzen den adierazpenean jasotako datuak egiaztatzeko.

Bidaia-zorroetarako laguntzei dagokienez, egindako bidaien eta egonaldien egiaztagiri gisa nahikoa izango da garraio-txartelak eta/edo ostatuetako fakturak aurkeztea.

4.– Likidazio-fasean, diru-laguntzen ordainketa egin aurretik, Nazioartekotze Zuzendaritzak egiaztapen aleatorio bat egingo du, lagin-prozeduraren bidez, artikulu honetako 2. puntuan aipatzen den fakturen eta ordainketen taulan xehakatutako gastuen egiazkotasuna aztertzeko. Enpresa onuradunei jatorrizko fakturak eta ordainketen egiaztagiriak eskatuko zaizkie, eta zerbitzu teknikoek aztertuko dituzte.

5.– Onuradunek aurkeztutako dokumentu guztiak egiaztatu ondoren egingo da bigarren ordainketa, baina betiere ordainketaren izapidetze-dataren aurretik egiaztatuko da betetzen dela Ogasun eta Finantzako sailburuaren 1991ko urriaren 7ko Aginduan (Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren konturako diru-laguntzen onuradunek zerga-betebeharrak betetzeari buruzkoa) edo hura ordezkatzen duen araudian xedatutakoa. Agindu horretan ezarritakoa betetzen duten kasuetan, aipatutako egiaztapena Agindu honetako 10. artikuluan ezarritako moduan egingo da.

17. artikulua.– Erakunde laguntzaileak.

1.– Arau honetan ezarritakoarekin bat ematen diren diru-laguntzen eta laguntzen ondorioetarako, Euskal Autonomia Erkidegoko Merkataritza, Industria eta Nabigazio Ganberak erakunde laguntzaileak direla aitortzen da, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan xedatutako moduan, eta arau honetan jasotako zehaztapenekin, eta horren ondorioetarako, dagokion lankidetza-ituna sinatu beharko da.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Merkataritza, Industria eta Nabigazio Ganberek, Global Lehian programaren kudeaketarekin lotutako alderdietan erakunde laguntzaile diren aldetik, funtzioa hauek beteko dituzte:

– Beren jardun-eremuan egoitza duten enpresei laguntza jaso dezaketen jarduerei eta proiektuei buruzko informazioa ematea, bai eta laguntza horien helburuei buruzkoa ere, betiere aurrez Nazioartekotzeaz arduratzen den Sailak zehaztutakoari jarraituz.

– Enpresei aholkua ematea, eskabideak betetzeko eta aurkezteko moduari buruz, eta, beharrezkoa izanez gero, baliabide elektronikoak erabiltzeko laguntza ematea.

– Nazioartekotze Zuzendaritzako zerbitzu teknikoekin lankidetzan jardutea, eskabideetan aurkeztutako nazioartekotze-planen ebaluazioa eta jarraipena egiteko.

– Sailak hala eskatuz gero, programa behar bezala kudeatzeko beste edozein jardunbidetan laguntzea.

– Nazioartekotzeaz arduratzen den Sailak beren lankidetza-jardunbidea azter dezan erraztea.

18. artikulua.– Erakunde eta enpresa onuradunen betebeharrak.

Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsitako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2 artikuluan ezarritako betebeharrez gain, beste eskakizun hauek ere bete beharko dituzte Agindu honetan araututako diru-laguntzen onuradunek:

1.– Emandako diru-laguntza onartzea. Horri dagokionez, erakunde onuradunak diru-laguntza eman zaiola adierazteko jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean ez badu berariaz eta idatziz jakinarazten laguntzari uko egiten diola, onartu egin duela ulertuko da.

2.– Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak diruz lagundutako proiektuen garapena eta gauzatzea aztertzeko egokitzat jotako egiaztapen guztiak egin ahal izango ditu. Enpresa onuradunek, betiere, aurreko artikuluaren ondorioetarako beharrezkotzat jotako informazio guztia eman beharko dute.

3.– Diru-laguntza bakoitza eman den helbururako soilik balia dezakete enpresa onuradunek, aurreko artikuluan ezarritakoa aplikagarria den kasuetan izan ezik.

4.– Enpresa onuradunak aurkeztutako fakturen eta ordainketan taulan zehaztutako behin betiko fakturak artxibatuta egongo dira, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskuragarri izango ditu, 4 urtez.

5.– Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, beren funtzioak betez, jasotako laguntzei buruzko informazioa eskatu ahal izango dute, eta enpresa onuradunek betebeharra dute eskatutako informazio guztia emateko.

6.– Enpresa onuradunak beste edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribaturengandik beste diru-laguntzarik, laguntzarik, diru-sarrerarik edo baliabiderik jaso badu, helburu bererako eman dena, jakinarazi egin behar du.

7.– Halaber, diru-laguntza emateko kontuan hartutako edozein gorabehera, objektiboa nahiz subjektiboa, aldatu bada, Nazioartekotze Zuzendaritzari jakinarazi behar dio enpresa onuradunak.

19. artikulua.– Laguntzen aldaketa.

Programaren bidez emandako laguntzek nahiz aldi berean beste edozein erakunde publiko edo pribatuk emandako diru-laguntzek edo laguntzek ematea erabaki zenean ezarritako xedeari erantzuten badiote, baina diru-laguntza emateko kontuan hartutako edozein baldintza aldatzen bada, diru-laguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da, betiere diru-laguntzaren onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunak aldatu gabe. Halako kasuetan, Nazioartekotze Zuzendaritzak emandako diru-laguntzen zenbatekoak berriro doitzeko ebazpena emango du.

20. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Diru-laguntzaren onuradunak ez baditu betetzen Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko 53. artikuluan, Agindu honetan eta aplikagarriak diren gainerako arauetan xedatutakoak, edota, hala dagokionean, ebazpenean ezarritako baldintzak, organo eskudunak diru-laguntza jasotzeko eskubideaz gabetzeko ebazpena eman dezake, betiere ez-betetzearen espedientea abiatu eta interesdunari entzun ondoren, eta, hala badagokio, onuradunari jasotako laguntzak eta dagozkien legezko interesak EAEko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko betebeharra ezar diezaioke, araudian ezarritakoa betez (abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren konturako diru-laguntzen bermeei eta itzulketei buruzkoa, eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina), eta dagozkion gainerako jardunbideak ere bideratu beharrekoak izango dira. Itzulitako zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.

2.– Ez-betetzea ebazteko arrazoietako bat izango da onartutako aurrekontua gainditzea, % 25 baino gehiago. Nolanahi ere, ez da ez-betetzetzat hartuko Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak irizten badio desbideratze hori behar bezala arrazoitu dela.

3.– Nazioartekotze Zuzendaritzari dagokio ez-betetzearen ondoriozko espedientea abiatzea eta hari buruz ebaztea.

4.– Itzulketa eskatzeko prozedura hastearen arrazoia administrazio-arloko arau-haustea dakarren gertakariren bat izan bada, organo eskudunari jakinaraziko zaizkio, dagokion zigor-prozedura abia dezan.

XEDAPEN IRAGANKORRA

1.– Aurreko deialdi batean ezarritakoaren arabera izapidetze-prozesuan dauden espedienteen kasuan, deialdi horretarako xedatutakoa beteko da prozedura behin betiko amaitu arte.

2.– Global Lehian programan definitzen den moduan (Agindu honetako 3. artikuluko 2. puntua) sendotzeko etapa gainditutzat hartzeko enpresei ezartzen zaien esportazio-bolumenaren gehieneko ehunekoaren eskakizuna programa horren bigarren urteko deialdian jarriko da indarrean.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetuta geratzen da 2010eko otsailaren 24ko Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren Agindua, kanpo-ezarpenak sustatzeko ekintzak laguntzeko Prointer programa garatzekoa, bai eta Agindu honetan xedatutakoaren aurkakoak diren maila bereko edo txikiagoko lege-xedapen guztiak ere.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honen aurka, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatuta bi hilabeteko epean.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko martxoaren 19a.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.


Azterketa dokumentala