Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

73. zk., 2014ko apirilaren 15a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
1774

AGINDUA, 2014ko martxoaren 12koa, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuarena, «Mundukide Fundazioa» fundazioaren estatutuetako 4., 6., 7. (fundazioaren helburuak), 8., 9., 10., 11., 13., 14., 16. eta 23. artikuluetan egindako aldaketak onartu eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko dena.

Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko egindako eskabidearen espedientea ikusi eta aztertu da.

AURREKARIAK

Lehenengoa.– 2013ko azaroaren 21ean sartu zen Jon Lacunza Urangak aurkeztutako eskabidea Herri Administrazio eta Justizia Sailean, Mundukide Fundazioaren hainbat artikuluren aldaketa inskribatzekoa, hain zuzen ere. Eskabidearekin batera, estatutuak aldatzeko 2013ko urriaren 15ean emandako akordioaren eskritura publikoaren kopia baimendu bikoitza aurkeztu da, jendaurrean jartzeko; hori, Mikel Uribetxebarria Aldalurrek eman zuen fundazioaren izenean eta ordezkaritzan, Fagor S-ren ordezkari legez, Patronatuaren lehendakaria, Arrasateko notario den Iñigo Irache Varonaren aurrean (817 protokolo-zenbakia).

Eskritura publiko horretan sartu zen Arantza Larruscain Artechek –Mondragón Corporaciónen izenean eta ordezkaritzan, Patronatuko idazkari legez, eta lehendakariaren oniritziarekin– 2013ko urriaren 4an emandako ziurtagiria, 2013ko martxoaren 22an Patronatuak egindako bilerarena, zeinetan, besteak beste, aho batez onartu baitzen fundazioaren estatutuetako 4., 6., 7. (fundazioaren helburuak), 8., 9., 10., 11., 13., 14., 16. eta 23. artikuluak aldatzea.

Eskrituran, aldatutako artikuluen idazketa berria jasotzen da, osorik.

Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Zerbitzu Teknikoek aztertu dute espedientea, eta, ondoren, ebazpen-proposamena eman dute. Hona hemen horretarako kontuan hartu dituzten

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari dagokio fundazioaren estatutuak aldatzeko espedientea agindu bidez ebaztea. Hala ezarrita dago: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 3.1 artikuluan; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 4.1.a) artikuluan; Herri Administrazio eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 188/2013 Dekretuan; eta Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzekoan.

Bigarrena.– Espediente honi funtsezko iritzitako datu eta agiriak erantsi zaizkio, eta bereziki, hauek: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legearen 31. artikuluan, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 44. artikuluan eskatutakoak; aplikagarriak diren lege eta erregelamenduetan ezarritakoarekin bat dator aldaketa.

Hirugarrena.– Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendariak 2014ko martxoaren 12ko Ebazpena eman du, babeslaritza-funtziotan jardunez eman ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 4.2 artikuluan aurreikusitakoaren ildotik. Ebazpen horren bidez, Fundazioaren estatutuen aldaketa onartu da, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legearen 31.1 artikuluan eta aipatu dekretuaren 33.1 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

Ikusirik aipatutako arauak eta aplikatzekoak diren gainerako arauak, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Mundukide Fundazioaren estatutuetako 4., 6., 7. (fundazioaren helburuak), 8., 9., 10., 11., 13., 14., 16. eta 23. artikuluetan egindako aldaketak onartzea.

Bigarrena.– Fundazioaren estatutuetan egindako aldaketa hori inskribatzeko agintzea, agindu honen datarekin, eta eskritura publikoan ezarritakoarekin bat etorriz. Eskritura hori –bertan jasotzen da estatutuen aldaketa– Arantza Larruscain Artechek egiletsi zuen –fundazioaren izenean eta ordezkaritzan, fundazioko patronatuko idazkari denez–, 2013ko urriaren 15ean, Arrasateko Iñigo Irache Varona notarioaren aurrean (protokolo-zenbakia: 817).

Estatutuen 7. artikulua (fundazioaren helburuak) aldatzearen ondorioz, hauek dira helburuak, eguneratuta:

«Fundazioaren helburua hau izango da:

– Garapen sozioekonomikoaren maila duina sustatzea hegoaldeko eskualdeetan; garapen duina esatean, ulertzen da gutxieneko beharrizanak estaltzea, hau da, elikadura, osasuna, hezkuntza eta ur edangarria.

– Enpresak sortzen laguntzea, ahal dela, kooperatibak, lan hau burutzeko gaitasuna duten hegoaldeko herrietan.

– Esperientziak trukatzea komunitate lana eta komunitate-garapeneko bestelako esperientziak ongi sustraituta dauden komunitate indigenen eta fundazio hau osatzen duten erakundeen artean.

Fundaziotik burutzen diren jarduera guztietan:

– Genero-ikuspegia sartuko da, gizonen eta emakumeen arteko aukera-berdintasuna sustatzeko inguruabarren eta egoeren arabera.

– Eskualdeko ingurumen eta ekologia jasangarritasuna sustatuko da.

– Hizkuntzaren, kulturaren eta toki-nortasunaren errespetua, zaintza eta sustapena bultzatuko dira».

Hirugarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta interesdunei bidaltzea.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta biharamunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko martxoaren 12a.

Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,

JOSU IÑAKI ERCORECA GERVASIO.


Azterketa dokumentala