Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

73. zk., 2014ko apirilaren 15a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA
1777

EBAZPENA, 2014ko apirilaren 7koa, Garraio Azpiegituraren zuzendariarena, Bilbao-Donostia trenbide-lineako Ermuko tartearen eraikuntza-proiektuak erasandako ondasun eta eskubideen zerrenda onartu, eta titularrei dei egiten diena ondasunak okupatu aurreko aktak egiteko ekitaldirako.

Ingurumeneko sailburuordearen 2012ko azaroaren 5eko Ebazpenaren bidez, proiektu osoaren ingurumen-inpaktuaren aldeko adierazpena egin zen, Ermuko tarte partzialari zegokionez (KP: 3+920 eta 5+528); adierazpen horretan, gainera, eraikitze-proiektua gauzatzeko zenbait baldintza ezarri, eta obrak egiteko eta zerbitzua ustiatzeko zenbait babes-neurri eta neurri zuzentzaile finkatu ziren.

Tarte partzialaren informazio-azterlana Garraio Azpiegituraren zuzendariak behin betiko onartu zuen, 2012ko azaroaren 5ean.

Garraio Azpiegituraren zuzendariaren 2012ko azaroaren 5eko Ebazpenaren bidez, Bilbao-Donostia trenbide-lineako Ermuko tartea eraikitzeko proiektua onartu zen.

Eraikitzeko proiektua Bilbao-Donostia trenbide-linearen egungo 43+398 KPan hasten da, Eitzaga aldean, eta bukatu, berriz, 45+139 KParekiko lotura-puntuan, Ermuko geltokitik atera ondorengo bihurgunearen ostean.

Jarduketa 1.600 m ingurukoa da, eta berekin dakar 1.250 m-ko trenbide bikoitzeko saihesbide baten desdoblamendua eta Ermuan geltoki berri bat egitea.

Proiektuaren eraginpeko lurrak eskuratu, eta ondasunak eta eskubideak behar bezala kudeatu ahal izateko, proiektuan ondasun horiek guztiak identifikatzeko zerrenda zehatz bat eta desjabetzeen eranskineko partzela-planoak datoz.

2014ko otsailaren 6ko Ebazpenaren bidez, proiektua burutzeko behar ziren ondasun eta eskubideak jabeei nahitaez kentzeko prozedura abiaraztea eta desjabetzeei buruzko eranskina jendaurrera ateratzea erabaki zen. Interesdunei jakinarazi zitzaien, eta hainbat aldizkaritan argitaratu zen: Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (35. zk.) eta Bizkaiko Aldizkari Ofizialean (35. zk.), 2014ko otsailaren 20an; «Deia» eta «El Correo» egunkarietan, 2014ko otsailaren 21ean; eta Ermuko eta Zaldibarko udaletxeetako iragarki-oholetan.

Izapide horretan, alegazioak egin zaizkio ondasun eta eskubideen zerrenda argitaratuari, zeinak aztertu eta ezetsi egin baitira banako erantzunean jasotako moduan.

Organo honek eskumena dauka Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumeneko trenbide-azpiegituretako obrak egin ahal izateko nahitaezko desjabetze-jardunbideko izapideak egin eta ebazpenak onartzeko, hala ezartzen baitute Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 196/2013 Dekretuaren 14.c) artikuluak eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuaren 13.1.g) artikuluak (dekretu hori bi aldiz aldatua izan zen: lehenik, martxoaren 1eko 8/2013 Dekretuaren bidez, eta, bigarren aldiz, abenduaren 2ko 34/2013 Dekretuaren bidez).

Trenbide Sektorearen azaroaren 17ko 39/2003 Legearen 6.2 artikuluak ezartzen du, trenbideak jarri edo lineak zabaltzeko proiektuak ofizialki onartzeak berekin ekarriko duela proiektuaren eraginpeko eta identifikaturiko ondasunak okupatzea onura publikokotzat eta lehenbailehen egin beharrekotzat jotzea; eta horrek ahalmena ematen dio administrazioari Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan aurreikusitako jardunbidera jotzeko eta, hortaz, proiektuaren eraginpeko lurrak okupatu edo ondasunak eskuratzeko; horretarako, lehenbizi, desjabetu beharreko ondasun eta eskubideak zehaztu, titularrak identifikatu eta baloraziorako behar diren datu eta azalpenak jasoko dira aktan, eta perituak ezarritako diru kopurua, ordaindu edo okupatu aurretiko gordailu gisa utzi beharko da; eta, bidezko bada, premiazkotasunak ekarritako kalteen ordaina ere eman beharko zaie.

Ondorioz, jarduketak ikusirik eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 20., 21. eta 52. artikuluetan eta bere erregelamenduaren 56. artikuluan, eta horrekin bat datozen eta aplikatzekoak diren gainerako xedapenetan xedatutakorekin bat, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Bilbao-Donostia trenbide-linean Ermuko tartea egiteko eraikuntza-proiektuak erasandako ondasun eta eskubideen zerrenda onartzea, eta lehenbailehen okupatu beharrekotzat jotzea, Trenbide Sektorearen azaroaren 17ko 39/2003 Legearen 6.2 artikuluan xedatutako ondorioekin.

Bigarrena.– Zerrenda horretan azaltzen diren ondasun eta eskubideen titularrei dei egitea, bertan zehazturiko egun eta orduan, Ermua edo Zaldibarko udaletxera ager daitezen, proiektuak erasandako ondasun eta eskubideak okupatu aurreko aktak egin eta, bidezkoa bada, haiek formalki okupatu ahal izateko. Beharrezkoa izanez gero, eta doakionak hala eskatzen badu, lur-eremura bertara joateko aukera ere izango da.

Ekintza horretara interesdunek berek edo haien izenean jokatzeko behar bezalako baimena jaso duten ordezkoek joan beharko dute, eta ondasunen titular direla egiaztatzen duten agiri-paperak (eskritura publikoak, Jabegoaren Erregistroko ziurtagiria edo informazio-oharrak, etab.) eta eskubideak egiaztatzen dituzten beste edozein agiri-paper aurkeztu beharko dute. Nahi izanez gero, perituak eta notarioa ere eraman ahal izango dituzte, beren kontura.

Halaber, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Erregelamenduaren 56.2 artikuluan xedatutakoarekin bat, aurreko aktak egiteko egunera arte, interesdunek alegazioak aurkeztu ahal izango dituzte akats posibleak zuzentzeko; alegazioak Ingurumen eta Lurralde Politika Saileko Garraio Azpiegituraren Zuzendaritzan aurkeztu beharko dira (Donostia kalea 1, Lakua I, 01010 Vitoria-Gasteiz).

Ebazpen honen kontra, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke organo honi edo Garraioetako sailburuordeari, ebazpena jakinarazi edo argitaratu ondorengo egunetik aurrera, hilabeteko epean.

Guztiek horren berri izan dezaten jakinarazten da.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko apirilaren 7a.

Garraio Azpiegituren zuzendaria,

MARÍA ALMUDENA RUIZ DE ANGULO DEL CAMPO.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala