Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

74. zk., 2014ko apirilaren 16a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
1798

AGINDUA, 2014ko apirilaren 16koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, euskal kirol-federazioen 2014ko kirol-programak finantzatzeko diru-laguntzen deialdia arautzen duena.

Abenduaren 26ko 287/2000 Dekretuaren xedea da kirol-federazioen finantzaketa arautzea, itzulgarriak ez diren diru-laguntzak emanez urteko kirol-programetarako (EHAA, 249 zk., 2000ko abenduaren 30ekoa).

Aipatutako 287/2000 Dekretuaren 3. artikuluak dioenez, Kulturako sailburuaren Aginduz –gaur egun Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua da– , urtero egingo da Dekretu horretan araututako laguntzak eskatzeko deialdia, bertan zehaztuko dira aurrekontuaren zenbatekoa, eskabideak aurkezteko lekua eta epeak, laguntzak eskatzen dituzten erakundeek aurkeztu beharreko dokumentazioa, laguntzak neurtzeko irizpideen ponderazioa, bai eta laguntza justifikatzeko epea eta aurkeztu beharreko dokumentazioa ere.

Aipatutako 287/2000 Dekretuari jarraituz, Agindu honen bidez zehazten dira gai horiek, aipatutako arauan xedatutako laguntzen deialdia 2014ko ekitaldian aplikatzeko.

Horren ondorioz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea.

Euskal kirol-federazioen 2014ko ekitaldiko kirol-programentzako diru-laguntzak arautzen dituen abenduaren 26ko 287/2000 Dekretuan xedatutako eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2. artikulua.– Eskabideak aurkezteko lekua.

Agindu honetan ezarritako diru-laguntzen eskabideak Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeari zuzenduko zaizkio (Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila, Donostia kalea 1, 01010 Gasteiz), eta EAEko Administrazio Orokorraren Erregistro Orokor Nagusiaren edo erregistro osagarrien bulegoetan aurkeztuko dira (EAEko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan zehazten dira horiek; 2008ko maiatzaren 30eko EHAA, 102. zk.), zuzenean edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritako bideetako edozein erabiliz.

3. artikulua.– Diru-laguntzak eskatzen dituzten erakundeek aurkeztu beharreko agiriak.

Honako agiri hauek aurkeztu behar dira eskabidearekin batera:

a) Eskabidearen inprimakia (I. eranskina). Horrekin batera joango dira federazioko legezko ordezkariaren Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia eta haren ordezkaritza-ahalmenaren egiaztagiria.

b) Erakundearen 2014ko aurrekontua, batzar nagusiak onartua, VI. eranskineko kontabilitate-ereduaren arabera.

c) Federazioaren Identifikazio Fiskaleko Zenbakiaren fotokopia.

d) Gizarte Segurantza eta zerga-betebeharrak ordaindu direla egiaztatzen duten frogagiri eguneratuak.

e) Federazio bakoitzeko idazkariak egindako ziurtagiria, eskatutako laguntzei edo jasotzea espero direnei buruzkoa, haiek ematen dituen erakunde publiko nahiz pribatua aipatuz, bai eta eskaeraren egoera ere (ukaturik, ebatzi gabe, emanik eta zenbatekoa). Horrelakorik eskatu ez bada, diru-laguntzara aurkeztutako programetarako bestelako laguntzarik eskatu edo jaso ez dela adierazten duen dokumentua.

f) Kirol-programaren azalpenezko memoria (II. eranskina). Bertan agertuko dira puntu hauek:

– Federazioak antolatutako kirol-lehiaketa ofizialak. Espezialitate edo diziplina eta kategoria bakoitzean antolatu nahi diren lehiaketen kopurua, parte hartuko duten kirolarien eta kluben kopurua eta parte hartuko duten kluben ehunekoa, federazioan afiliatutako kluben kopuruarekin lotuta.

– Kirol-prestakuntzarako jarduerak. Egingo diren jardueren zerrenda, iraupena eta parte-hartzaileen kopurua.

– Zuzendari tekniko bat egotea. Titulazioa, eskainitako orduak eta federazioarekiko harreman mota.

– Kirol parte-hartzailera bideratutako jarduerak (jolas-, aisia- eta osasun-kirola).

– Kirol-selekzioen jarduerak.

– Kirol-modalitatearen izaera autoktonoa.

– Desberdintasunak ezabatzeko eta gizon-emakumeen arteko berdintasuna sustatzeko jarduerak.

g) Kirol Erakundeen Erregistroak legeztatutako federazio-estamentuen liburua, eta idazkariak egin eta federazioko lehendakariak ontzat emandako ziurtagiria, 2013ko abenduaren 31n federatutako kirolarien kopurua adierazten duena (III. eranskina).

h) 2013ko abenduaren 31n federazioan afiliatutako goi mailako kirolarien zerrenda (Kirol Kontseilu Gorenak eta/edo Eusko Jaurlaritzak halakotzat dituenak).

i) Euskarak federazioan duen erabileraren azalpenezko memoria (IV. eranskina), honako gai hauen berri emanez:

– Euskaraz emandako prestakuntza-ikastaroak.

– Euskararen erabilera federazioko agirietan eta argitalpenetan.

– Euskarazko web orria.

– Jendeak arreta euskaraz jasotzea.

– Euskararen erabilera federazioaren kanpo-harremanetan.

– Euskararen erabilera federazioko kideekiko harremanetan.

– Euskararen erabilera federazioaren hizkuntza-paisaian.

j) Erantzukizunpeko aitorpena, erakunde eskatzaileak diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten dion zehapen penal edo administratiborik ez duela eta horiek eskuratzeko legezko debekurik ez duela adierazten duena –Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen Azken Xedapenetako seigarrenean zigortutako sexu-bereizketaren ondoriozkoak barne (V. eranskina)–.

k) Erantzukizunpeko aitorpena, erakunde eskatzailea inongo itzulketa- edo zehapen-prozeduratan sartuta ez dagoela adierazten duena (EAEko Administrazio Orokorreko edo beraren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetzan dagoena).

l) Lehiaketa ofizialen egutegia, Federazioko idazkariak sinatua eta lehendakariak ontzat emana, Batzar Nagusiak zein egunetan onartu duen adieraziz.

4. artikulua.– Aurrekontua.

2014ko ekitaldian, Agindu honetan araututako laguntzak finantzatzeko aurrekontua bi milioi hirurehun eta berrogeita hamar mila eurokoa da (2.350.000).

5. artikulua.– Laguntzak neurtzeko irizpideak.

Agindu honetan araututako deialdian sartzen diren federazioei emateko laguntzen zenbatekoa kalkulatuko da kopuru hauen batuketa eginez:

1.– 2013ko euskal kirol-federazioen kirol-programak finantzatzeko laguntzen deialdia arautzen duen Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2013ko maiatzaren 16ko Aginduari jarraituz, 2013ko kirol-programak finantzatzeko jasotako laguntzaren ehuneko berrogeita hamar (% 50).

2.– Federazio bakoitzari dagokion zenbatekoa zehaztu ondoren, eta aurreko atalari jarraituz, Agindu honen 4. artikuluan adierazitakotik kendu, eta era honetan banatuko da hortik ateratako kopurua:

a) Kirol-programa (puntuen % 75).

Kirol-proiektuaren interesa balioetsiko da, kontuan hartuz:

– Federazioak antolatutako kirol-lehiaketa ofizialak.

– Kirol-prestakuntzarako jarduerak.

– Zuzendari tekniko bat egotea.

– Parte-hartzeko kirolera bideratutako jarduerak (jolas-, aisia- eta osasun-kirola).

– Kirol-selekzioen jarduerak.

– Kirol-modalitatearen izaera autoktonoa.

b) Lizentzia federatua duten kirolarien kopurua (puntuen % 5).

c) Euskararen erabilera (puntuen % 10). Puntu bat ematen da guztiz euskaraz egindako jarduera hauetako bakoitzeko, eta puntu erdi bat zati bat euskaraz egindako bakoitzeko.

– Euskaraz emandako prestakuntza-ikastaroak.

– Euskararen erabilera federazioko agirietan eta argitalpenetan.

– Euskarazko web orria.

– Jendeari arreta euskaraz eskaintzea.

– Euskararen erabilera federazioaren kanpo-harremanetan.

– Euskararen erabilera federazioko kideekiko harremanetan.

– Euskararen erabilera federazioaren hizkuntza-paisaian.

d) Autofinantzaketa-maila (puntuen % 5), era honetan banaturik:

% 0,00 - % 49,99: 0 puntu

% 50,00 - % 74,99: 2 puntu

% 75etik gora: 5 puntu

e) Kirol Kontseilu Gorenak eta/edo Eusko Jaurlaritzak goi mailako kirolaritzat jotako kirolarien kopurua (puntuen % 5), era honetan banaturik:

(Ikus .PDF)

3.– Aurreko atalean adierazitako balorazioa egin ondoren, federazio guztiek batera lortutako puntuaziotik federazio bakoitzak duen puntuazioaren ehunekoa aplikatuko zaio artikulu honen 2. puntuan aipatzen den zenbatekoari, federazio bakoitzari diru-laguntzatik zenbat dagokion erabakitzeko.

6. artikulua.– Laguntzak ordaintzeko prozedura.

1.– Laguntza-eskabidea eta Agindu honen 3. artikuluan eskatutako agiri guztiak aurkeztu ondoren, lehen aurre-ordainketa bat egingo da, Gazteria eta Kiroletako zuzendariaren ebazpen bidez, eta bertan agertuko da onuradun bakoitzak aurretiaz jasoko duen zenbatekoa, euskal kirol-federazioen kirol-programetarako diru-laguntzak ematea arautzen duen abenduaren 26ko 287/2000 Dekretuaren 5. artikuluko ordainketa-araubideari jarraituz.

2.– Gazteria eta Kiroletako zuzendariaren ebazpen bidez egingo da bigarren aurre-ordainketa, aurreko urtean emandako laguntzaren justifikazioa aurkeztu eta onartu ondoren (emandako laguntza haren % 25).

3.– Gainerako diru-laguntza emango da aurre-ordainketetan emandako zenbatekoak justifikatzean, eskatutako urterako onartutako laguntza osora iritsi arte.

7. artikulua.– Diru-laguntza justifikatzeko epea eta aurkeztu beharreko agiriak.

1.– Diru-laguntzak jaso dituzten federazioek 2015eko otsailaren 15a baino lehen egiaztatu eta justifikatu behar dute laguntza erabili dela Agindu honetan eta eman izanaren Ebazpenean xedatutakora. Horretarako, honako agiri hauek aurkeztuko dira:

a) 2014ko aurrekontuaren likidazioa, Batzar Nagusiak onartua, VII. eranskineko ereduari jarraituz.

b) Egindako kirol-proiektuaren azalpenezko memoria eta, harekin batera, eskabidean aipatutako jarduerak egin izanaren egiaztagiria.

c) Helburu bererako jasotako laguntzen zerrenda, eskabideak aurkezteko unean jasoko zirenik jakin ez eta.

d) Gastuaren justifikazioa.

Faktura originalak aurkeztuko dira, edo Gazteria eta Kirol Zuzendaritzan edo Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren edozein lurralde-ordezkaritzan konpultsatutako fotokopiak, emandako laguntzaren kopuruan eta ebazpenean finkatutako baldintzetan.

e) Eskabidearekin batera bi hizkuntza ofizialak erabiltzeko konpromisoa hartu duten federazioen kasuan, erabilera hori frogatzeko sortutako agirien aleak.

2.– Aurkeztutako agiriak ikusirik, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak likidazio-ebazpena aginduko du eta, hala badagokio, bertan azalduko da ordaindu denetik itzuli beharreko kopurua, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren arabera, Euskal Autonomia Elkartearen Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeen eta horiek itzultzearen erregimen orokorra arautzen duena.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa betez eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legea betez, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren Gazteria eta Kiroletako Zuzendaritzak jakinarazten duenez, emandako datuak eta deialdi honen eskabidean eta inprimakietan ageri direnak bere jabetzako fitxategi batean sartuko dira, «Kiroletako Laguntzak» izenekoa, Kultura Sailarena, 2006ko uztailaren 26ko Aginduan arautua, laguntza-deialdi hau eta berarekin lotutako beste edozein administrazio-prozedura edo -espediente kudeatu ahal izateko. Datuak Babesteko Euskal Bulegoari lehendik eman zaio fitxategi horren berri, datuen segurtasun osoa bermatzeko segurtasun-neurriak ditu eta datu horiek ez zaizkie hirugarrenei jakinaraziko, legez agindutako kasuetan izan ezik.

Izaera pertsonaleko datuak babesteari buruzko arautegiak jarraituz, datu horiek eskuratzeko, ezabatzeko, zuzentzeko eta horien aurka egiteko aukera dago, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Araubide Juridiko eta Zerbitzuen Zuzendaritzara joaz (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.)

Lehiaketa honetara aurkezten diren pertsonek Administrazioari baimena ematen diote emandako datuak erkatzeko eta agiriak benetakoak direla egiaztatzeko (Administrazio honen esku nahiz beste Herri Administrazio batzuen esku daudenak), laguntzak jaso ahal izateko baldintzak bete eta mantentzen direla frogatzeko.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du. Beraz, horren aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko apirilaren 16a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala