Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

75. zk., 2014ko apirilaren 22a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
1835

AGINDUA, 2014ko apirilaren 8koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, Ikertzaileentzako Mugikortasun Programarako deialdia egiten da.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren ustez, ikertzaileentzako mugikortasun-programak tresna egokia dira komunitate zientifiko eta teknologikoa prestigio handiko ikertzaileekin harremanetan jartzeko, bai eta unibertsitateko irakasleen ezagutza zientifikoak eta teknikoak eguneratu eta perfekzionatzeko ere.

Kontuan hartu da Lehendakariaren martxoaren 1eko 8/2013 Dekretua (2013ko martxoaren 7ko EHAA), dekretu horrek aldatzen baitzuen Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu, eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatu zituen Dekretua.

Halaber, kontuan izan behar dira, batetik, 1991ko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua (1992ko otsailaren 7ko EHAA, 26. zk.), Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorraren kontura emandako diru-laguntzen bermeen eta itzulketaren jardunbide orokorra arautzen duena eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintzak, jardunbidea eta betebeharrak ezartzen dituena; eta bestetik, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretua, Euskadiko Ogasun Nagusiaren antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartu zuena.

Hori dela eta, hau:

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Norgehiagoka-erregimenean, honako deialdia egitea da agindu honen helburua: dedikazio esklusiboarekin, ikerketa-zentroetan egonaldiak egitea; batetik, I+G+B zentro eta erakundeetako ikertzaileen eta unibertsitateko irakasleen mugikortasun geografikoa bultzatzeko, eta, bestetik, ikertzaile-taldeen lehiakortasuna eta gaitasunak hobetzeko.

Egonaldian zehar, ikertzaileek ikerketa-proiektu bat garatu beharko dute, zeina talde hartzailearen lan-ildoan integraturik dagoen; edo, bestela, goi-mailako lortura eta elkartrukeak ezartzera bideratutako jarduerak burutu beharko dituzte.

2. artikulua.– Egin beharreko proiektuak.

1.– Mugikortasun-egonaldietan egin beharreko proiektuak, deialdi honetan seinalatutako helburuari egokitu zaizkio.

2.– Honako printzipio hauek errespetatu behar dituzte proiektuek:

a) Honako adierazpen eta hitzarmen hauetan ezarritako oinarrizko printzipioak: Helsinkiko Adierazpena (Munduko Medikuntza Elkartea), Giza eskubideei eta biomedikuntzari buruzko Europako Kontseiluaren Hitzarmena, Giza genomari eta giza eskubideei buruzko Unescoren Adierazpen Unibertsala, eta ikerkuntza biomedikoari, datu pertsonalen babesari eta bioetikari dagokienez Espainiako legedian ezarritako baldintzak.

b) Gizakiekin ikerketak egin edo gizakietatiko laginak erabiltzea dakarten proiektuek uztailaren 3ko 14/2007 Legean–-Ikerkuntza Biomedikoari buruzkoan– araututakoa bete behar dute. Era berean, lege horri lotuta egongo dira: gizakien enbrioietan jatorri duten zelulak eta ehunak edota horietatik eratorritako zelula-lerroak erabiltzea espezifikoki eskatzen duten ikerkuntza-proiektuak.

c) Saiakuntza klinikoak xede dituzten proiektuek otsailaren 6ko 223/2004 Errege Dekretuan ezarritakoa bete behar dute.

d) Animaliekin esperimentuak egitea dakarten proiektuek indarrean den lege-araubidean ezarritakoa bete beharko dute, eta bereziki urriaren 10eko 1201/2005 Errege Dekretuan –esperimentuak egiteko eta bestelako helburu zientifikoetarako erabiltzen diren animalien babesari buruzkoan– ezarritakoa.

e) Genetika aldatuta daukaten organismoak erabiltzea dakarten proiektuetan bete beharko dira, batetik, Genetika aldatuta daukaten organismoak bakarturik erabiltzeari, borondatez askatzeari eta merkaturatzeari buruzko apirilaren 25eko 9/2003 Legea, eta, bestetik, lege hori garatzen duen araudi orokorra onesten duen urtarrilaren 31ko 178/2004 Errege Dekretua.

f) Agente biologikoak erabiltzea dakarten proiektuak, berriz, azaroaren 8ko 31/1995 Legean –Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzkoan– eta hori garatzen duten errege-dekretuetan araututakoaren arabera egokitu beharko dira, agente biologikoekin kontaktuan izatearen ondoriozko arriskuei dagokienez.

g) Azkenik, material genetikoa hartzea edo trukatzea xede duten proiektuek honako hauek bete beharko dituzte: Dibertsitate Biologikoari buruzko Hitzarmena, Elikadurarako eta Nekazaritzarako Baliabide Fitogenetikoei buruzko Nazioarteko Ituna, eta uztailaren 26ko 30/2006 Legea, Mintegiko Haziei eta Baliabide Filogenetikoei buruzkoa.

3. artikulua.– Destinoko zentroa.

1.– Honako hauek izan daitezke destinoko zentro: laguntza-eskabideak aurkeztutako proiektu zientifikoaren arloan, prestigio akademikoa eta ikerketakoa aitortua izaik ikerketa-funtzioak esleiturik dituztenak, halako moldez ezen berme baitira perfekzionamendu profesionala eta proiektuko helburu zientifikoak lortzeko.

2.– Destinoko zentroek, betiere, zera eskatzen dute: emandako mugikortasun-aldi osoan zehar izangaiak bizileku finkoa aldatua izatea.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoaz kanpo egon beharko dute destinoko zentroek.

4. artikulua.– Laguntzen finantzaketa.

Agindu honetan araututako laguntzak finantzatzeko, 120.000 euro bideratuko dira. Finantzaketa ebatzi baino lehen, laguntza hauek finantzatzera bideratutako zenbatekoa areagotu ahal izango da, legerian aurreikusitako kreditu-lotura edo aurrekontu-aldaketen araubidearen arabera. Hala gertatzen bada, hori jendaurrean jakinarazi beharko da, Administrazio eta Zerbitzuetako sailburuordearen ebazpen baten bitartez.

5. artikulua.– Onuradunak.

1.– Laguntza hauen onuradunak honako hauek dira: Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko agente kreditatuak, duten agente-kategoria edozein delarik ere, urriaren 1eko 221/2002 Dekretuaren 2. artikuluaren arabera (221/2002 Dekretua, Teknologiaren Euskal Sarearen oinarri-arauak eguneratu zituena) (20012-11-07ko EHAA, 190. zk.).

Edozelan ere, honako hau hartuko da erakunde onuraduntzat: hura zeinetan integratzen diren ikertzaileak, betiere entitate hori nortasun juridiko propiokoa delarik.

Erakunde onuradunek honako honetarako soilik erabiliko dituzte laguntzak: eskabidean eta deialdiaren ebazpenean, izendaturik agertzen diren ikertzaileentzako eta jardueretarako.

2.– Ezin izango dute onuradun izan zigor administratibo edo penala jasotzeagatik laguntza edo diru-laguntza publikorik eskuratzeko aukera galdu duen erakundeek edo laguntza publikoak eskuratzeko lege-debekurik dutenek, ezta sexuaren ziozko bereizkeria egiteagatik debeku horrekin zigortutakoak ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean jasotakoaren arabera.

6. artikulua.– Egonaldien eta hautagaien ezaugarriak, eta laguntzen zenbatekoak.

1.– Egonaldien ezaugarriak eta baldintzak.

a) 2014ko urtarrilaren 1etik 2014ko abenduaren 31ra bitartean egon beharko du egonaldiaren hasiera-egunak.

b) Egonaldiak, gutxienez, bi hilabetekoak izango dira eta, gehienez ere, seikoak. 6.3.d) artikulua aplika daitekeenean, iraupen txikiagoko egonaldietako eskabideak onartuko dira, salbuespenez.

c) Emate-ebazpenean zehaztutako egunetan hasi hasi beharko da egonaldia. Salbuespenez, eta egonaldia hasi baino lehen, hasteko eguna atzeratzeko eskatu ahal izango da, egoki arrazoitutako idazki batez eskatu ere. Zientzia Politikarako Zuzendaritzak juzgatuko du halako atzerapenaren aukera, eta justifikaturik dagoenean baimendu egin ahal izango du. Destinoko zentroan, betiere, 2014ko abenduaren 31 pasa baino lehen hasi beharko da.

d) Ikertzaileko, egonaldi-proiektu bakarrerako izango da laguntza.

2.– Egonaldietan, kanpoan izateak, etenak eta aldaketak.

a) Zentroa hartzailean, egonaldiak etenik gabe gauzatu beharko dira. Proiektutik datozen zioen ondoriozko kanpoan egoteak, talde hartzaileko arduradunaren adostasunarekin egin beharko dira, eta erakunde onuradunak Zientzia Politikarako Zuzendaritzari jakinarazi beharko dizkio, kanpoan zein egunetan egon den eta hartarako arrazoia zein izan den zehaztuaz.

b) Justifikatutako motiboak direla, aldi baterako etena baimendu ahal izango da, gehienez ere bi hilabeterako, eta, betiere, egonaldiaren guztizko denbora ez bada gutxienez ezarritakoaren azpitikoa.

Etenaldia egiteko eskabidea erakunde onuradunak aurkeztu beharko du, eta talde hartzaileko ikertzaile arduradunaren adostasuna jaso beharko du. Epealdi etena, errekupera-ezina izango da betiere.

c) Egonaldiak baliatzeko epeetan nahiz diru-laguntzak emateko hasierako baldintzetan jazotzen den aldaketa orok izan beharko du Zientzia Politikarako Zuzendaritzaren baimena.

Etenaldia egiteko eskabidea erakunde onuradunak aurkeztu beharko du, eta zentroa hartzailearen adostasuna jaso beharko du. Edonola ere, egoki arrazoituak eta, beharrezkoa bada, dokumentatuak izan beharko dute eskabideek. Proposamen egokia egitearren, Zientzia Politikarako Zuzendaritzak, egoki irizten dien txostenak eskatu ahal izango ditu. Aldaketek ez dute funtsean aldatuko laguntza emateko izan ziren baldintzak, hasteko epeei, egonaldiaren izariari, proiektuari edo zentroa hartzaileari dagokienez, salbu eta hartarako kausa behar bezala egiaztatuak direnean.

3.– Ikertzaileak.

Ikertzaile hautagaiek honako baldintzak bete beharko dituzte:

a) Egiaztatutako lan-loturari dagokionez zerbitzu aktiboan izatea. Hautagaiak erakunde eskatzailearekiko duen lan-loturak egonaldia amaitu arte iraun beharko du.

b) Doktorea izatea.

c) Erakundearen lanpostu-zerrendan kontratu mugagabea izatea, bi urteko antzinakotasunaz.

d) Programa honetatik zein antzeko ezaugarriak dituen beste edozeinetatik laguntzarik jaso ez izana, 2011ko urtarriletik hara eta metatutako sei hilabetetik gorako epe batez. Egindako egonaldien epealdi metatua 6 hilabetetik beherakoa bada, laguntza eskatu ahal izango da, baina 6 hilabetera arte geratzen diren hilabeteetarako bakarrik.

Zelan eta aurreko deialdietan aurreikusten baitzen iraupen maximo handiagoa, 2014ko deialdi honetan –salbuespen gisa– hilabete 1etik 2ra bitarteko egonaldiak eskatu ahal izango dira, hain justu ere honako baldintza hauek betetzen badira: egungo laguntza zein zentrorako eskatzen den, hangoxean egindako lehengo egonaldietan hasitako ikerketa-proiektuak osotu edo amaitzeko helburua badu eskatutako egonaldiak, hori egiaztatzen bada, eta deialdi honetan aipatu 6 hilabeteko epealdi maximoa amaitu ez bazen harako egonaldietan.

Eskabideak aurkezteko epea amitu eta gero, laguntza-eskabidean jakinarazi gabeko ikerketa-egonaldi bat egiten badu ikertzaileak eta horri halako bat esleitzen bazaio, Zientzia Politikarako Zuzendaritzari jakinarazi beharko dio. Beharrezkoa bada, epealdi horren zenbaketak zera ekarriko du: esleitutako aldi hori murriztea edo hautagaia izateko aukera galtzea.

e) Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza duten unibertsitateetako ikertzaileek laguntza horiek jaso ahal izango dituzte, betiere ikerketa-talderen batean badaude eta talde horrek jaso eta indarrean badu «A» edo «B» taldea delako errekonozimendua, EAEko unibertsitate-sistemako ikerketa-taldeen jarduerak babesteko laguntzeko deialdiarren gaineko ebazpen bidez.

f) Eskabide egiterakoan beteta izan beharko dira baldintza guztiak, eta izan beharko dira egonaldia hasten den egunean.

4.– Laguntzen zenbatekoa.

1.– Hileko, 1.500 eurotik 2.400 eurora bitartekoa izango da laguntza. Destinoko herrialdeko baldintza ekonomiko eta sozialen arabera finkatuko da zuzkidura; betiere, eskabideak aurkezteko epea amaitzean, kontuan izanik honako datu hau: Barne Produktu Gordina (BPG biztanle bakoitzeko, $), Nazioarteko Diru Funtseko herrialdeena.

2.– Laguntza gehigarria emango da destinoko zentrorako joan-etorriak guztiz edo partez ordaintzeko. Honako taula hau hartuko da kontuan zenbatekoa zehazteko:

(Ikus .PDF)

Agindu honen ondorioetarako, eskatzaileak lantokia duen probintziako hiriburua hartuko da jatorriko hiritzat.

Joan-etorriak egiteko, bisatua izapidetu behar izanez gero, 200 euroko diru-osagarri bat emango da.

3.– Deialdi honen bitartez finantzatutako jardueretan parte hartzen duten erakunde onuradunek, bidaian laguntzeko aseguru bat izanen dute, egonaldiak atzerrian egiten badira; eta, interesdunak eskatuz gero, ezkontideak eta 25 urtetik beherako seme-alabek ere baliatu dezakete, egonaldian berarekin badira. Aseguru hori egitezko bikoteentzat ere baliagarri izan daiteke, halako direla frogatuz gero, betiere ordenamendu juridikoan onartutako edozien probaren bidez.

7. artikulua.– Eskabideak formalizatzea eta aurkezteko epeak.

1.– Formulari batez osotu beharko dira eskabideak; eta hura bidez telematikoz eskuratu ahal izango da, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.net/ayuda_subvencion/2014/ikerbilerak/y22-izapide/es. Eskabidea elektronikoki sinatzeko, erakunde eskatzaileak erakunde-txartela izan beharko du, eta, halakorik ezean, legezko ordezkariak Eusko Jaurlaritzako Ordezkarien Erregistroan alta hartu beharko du (Herrizaingo, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuaren 2012ko abenduaren 14ko Agindua) esteka honetan: https://euskadi.net/y22-izapide2/es/contenidos/informacion/egoitza__ordezkarien_erregistro/es_egoitza/egoitza_representantes.html.

Aplikaziora sartzeko bi era daude: ziurtagiri elektronikoarekin (NAN elektronikoa, ONA txartela, FNMT - Pertsona fisikoaren ziurtagiria) edo erabiltzailerekin eta gakoarekin. Aplikazioan sartzen diren pertsonek baimen ematen diote Zientzia Politikarako Zuzendaritzari (deialdiaren organo kudeatzaileari) identitate-datuak egiazta ditzan, eskudun administrazioan, hain zuzen ere bitarteko elektronikoen bidez edo eskura diren beste bitarteko batzuen bitartez.

2.– Behin eskabidea osoki beteta, eta 8. artikuluan zehaztu dokumentu erantsiak aplikaziora sartutakoan, erakundeak edo legezko ordezkariak elektronikoki sinatu beharko du eskabidea, betiere 1. paragrafoan seinalatutakoarekin bat etorriaz; eta orduantxe bakarrik geratuko da erregistraturik eskabidea.

3.– Nolanahi ere, eskarian erantzukizunezko adierazpen bat ere sartu behar da, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 50. artikuluaren 6. paragrafoan agertzen dena (legegintza-dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen da, zeina Euskadiren 2011ko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 23ko 5/2010 Legearen bidez sartu baitzen). Aipatu adierazpenak honako hauek jaso beharko ditu:

– Helburu bererako, administrazioren batetik edo erakunde probatu zein publikoren batetik, ea erakunde eskatzaileak diru-laguntzarik, laguntzarik, diru-sarrerarik edo bestelako baliabiderik eskatu duen, eta, halaber, ea lortu duen halakorik.

– Ea erakunde eskatzailea itzultze- edo zehapen-prozeduraren batean dagoen edo egon den.

– Laguntza edo diru-laguntza publikoak eskuratu ahal izateko aukeraz galduaz, zigor penal edo administratiboren batekin zigortua izan de ala ez erakunde eskatzailea; eta, halaber, ea hartarako gaitasunik gabe uzten duen galarazpen legezkoren baten dagoen, sexu-bazterkeriaren ondoriozkoa barne direla, zehazki, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoaren arabera.

4.– Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, xedapen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

8. artikulua– Derrigorrezko agiriak.

Beherago zehaztu agiriak jaso beharko dira eskabidean; eta agiriok aplikazio telematikoan sartu beharko dira:

a) Egonaldian zehar egingo den ikerketa-proiektuari buruzko memoria. Egonaldiak hautagaiari eta onuradun erakundeari dakarzkion onurak ere jaso beharko ditu. Gehienez hiru orri.

b) Hautagaiaren curriculum vitae, inprimaki normalizatuan edo baliokidean, zeinetan azken sei urteetako merezimenduak jasotzen diren.

c) Zerbitzu-orria edo enpresa-ziurtagiria, zeinetan honako hauek jasotzen baitira: antzinatasuna, eta hautagaiaren eta erakunde eskatzailearen arteko harreman kontratuzkoa.

d) Talde hartzailearen historia zientifikoa eta akademikoa, zeinetan jasoko baita ikertzaile-talde hartzailearen –azken sei urteetako– arduradunaren curriculum vitae.

e) Laguntza jasoz gero, ikertzaile-taldeko arduradunaren konpromisoa, bere taldean hautagaia –eskatutako epealdian zehar– onartzeko dena. Egonaldiaren helburuari eta garatuko diren jarduerei buruzko deskripzioa jaso beharko du dokumentuak.

f) Hautagaiari lizentzia ematea edo emateko konpromisoa; erakunde eskatzaileko organo eskudunak eman beharko du lizentzia hori. Egingo den egonaldiaren helburua eta datak jasoko ditu dokumentuak.

g) Hautagaiari zein ikertzaile-talde hartzaileko arduradunari dagokionez, ikerketa-jardueraren kalitatearen adierazleei buruzko laburpen eguneratua (argitalpen zientifikoak, ikerketa-proiektuak, biltzarrak, tesiak, patenteak). Aplikazioak dokumentu horren txantiloi bat du.

h) Hautagaiak lehenago egindako egonaldien ondorioz erakunde onuradunari datozkion onurak. Aurkeztutako ebidentziak balioetsi egingo dira.

i) Euskal Autonomia Erkidegoaren arlo publikokoak ez diren erakunde onuradunek beteta izan beharko dituzte zerga-eginbeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko obligazioak, hala xedatzen baitu Ogasun eta Finantzetako sailburuaren 1991ko urriaren 7ko Aginduak (urriaren 15eko EHAA, 208. zk.). Organo kudeatzaileak behar beste aldiz egiaztatuko ditu zerga-eginbeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko obligazioak, horretarako ez du haien baimenik behar izango, betiere azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren arabera (1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duena).

9. artikulua.– Laguntzak kudeatzeko organoa.

Zientzia Politikarako Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzea.

10. artikulua.– Eskabideetako akatsak zuzentzea.

Baldin eta agindu honen 8. artikuluan eskatutako zerbait betetzen ez duen eskabideren bat edo agiriren bat aurkezten bada, Zientzia Politikarako Zuzendaritzak 10 eguneko epea emango die eskabide-sinatzaileei hutsak zuzen ditzaten edo arauzko agiriak aurkez ditzaten, eta ohartaraziko die ezen, agindutakoa bete ezean, eskaeran atzera egin dutela ulertuko dela. Hala agintzen da azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71.1 artikuluan (30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearena, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatua).

Zuzenketak egiteko errekerimenduak honelaxe jakinaraziko dira: 13. artikuluko bigarren paragrafoan ezarritako prozedurarekin bat etorriaz.

11. artikulua.– Ebaluazioa.

1.– Honako hauek osatutako batzorde batek ebaluatuko ditu eskabideak: Zientzia Politikarako zuzendaria (lehendakaria izango da), Unibertsitateen zuzendaria, eta Zientzia Politikarako Zuzendaritzako teknikari bat. Teknikari hori Zientzia Politikarako zuzendariak hautatuko du, eta batzordeko idazkari izango da.

Batzordeak eskabide bakoitzari buruzko txostenak eska diezazkieke honako hauei: hautagaiak diharduten arloetan, itzal handia eta ebaluazioan esperientzia duten ikertzaileei.

Batzordeak Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeari igorriko dio eskatutako laguntza emateko edo ukatzeko proposamena.

2.– Laguntzen esleipendunak hautatzearren, eskabideak balioesteari dagokionez, batzordeak irizpide hauek hartuko ditu kontuan:

a) Egingo den proiektuaren edo jardueraren bideragarritasuna eta interes zientifikoa, betiere kontuan izanik destinoko zentroa eta proposatutako egutegia. 10 puntu.

Helburuen garrantzia, berritasuna eta definizio maila balioetsiko dira, eta bai lortu nahi diren emaitzak ere. Era berean, proposatutako helburuak gauzatzeko, talde hartzaileak eta hautagaiak duten gaitasuna balioetsiko da, eta bai metodologiaren, lan-egitasmoaren eta aurreikusitako kronogramaren egokitasuna ere.

b) Azken sei urteetan, hautagaiak lortu dituen merezimendu zientifikoak eta akademikoak. 20 puntu.

c) Azken sei urteetan, talde hartzaileko ikertzaile arduradunak lortu dituen merezimendu zientifikoak eta akademikoak. 15 puntu.

b) eta c) idatzi-zatietan honako hauek balioetsiko dira: argitalpenen eta ibilbide zientifikoa, ikerketa-proiektu eta -jardueretan izandako ardura, doktorego tesiak zuzentzea, patenteak, beste talde eta erakunde batzuekin egindako kolaborazioak, eta nazioartean muntako biltzarretan gonbidatu gisa egindako hitzaldiak.

d) Lehenago egonaldien ondorioz erakunde eskatzaileak izan dituen onurak. 5 puntu.

12. artikulua.– Laguntzak esleitzeko prozedura.

Lehiaketako prozeduraz ebatziko dira laguntza-eskabideak. Hartarako, deialdi bakoitzean aurkeztu eta onartu diren eskariak alderatuko dira, haien artean halako hurrenkera bat ezartzeko, 11. artikuluan ezarritako esleipen-irizpideei jarraikiz; eta guztizko puntuazioaren % 50a gainditu eta balorazio handiena lortu dutenak bakarrik esleituko dira, hain justu ere agindu honetako 4. artikuluan kontsignatutako aurrekontu-kreditua agortu arte.

13. artikulua.– Ebazpena eta jakinarazpena.

1.– Emandako laguntzak esleitzea eta dagozkien zenbatekoak zehaztea honelaxe egingo da: balorazio-batzordeak proposaturik, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpen baten bidez, betiere EHAAn deialdia argitarazten denetik harako sei hilabeteko epearen barruan.

2.– Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko taula elektronikoan, aipatu ebazpena argitaratuaz egingo da jakinarazpena (https://www.euskadi.net/). 3.– Aurreko 2. paragrafoari kalterik eragin gabe, Zientzia Politikarako Zuzendaritzak interesdunei bidali ahal izango dizkie egindako argitalpenen abisuak, SMS edo mezu elektronikoen bidez. Abisu horiek ez dute inola ere jakinarazpen-baliorik izango.

3.– Aurreko 2. paragrafoari kalterik eragin gabe, Zientzia Politikarako Zuzendaritzak interesdunei bidali ahal izango dizkie egindako argitalpenen abisuak, SMS edo mezu elektronikoen bidez. Abisu horiek ez dute inola ere jakinarazpen-baliorik izango.

4.– Aurreko 1. paragrafoan ezarritako epean, berariazko ebazpenik ematen eta jakinarazten ez bada, interesdunek ulertu ahal izango dute beren eskariak ezetsiak izan direla.

5.– Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal diote interesdunek Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, hilabeteko epean, jakinarazten den egunetik aurrera.

14. artikulua.– Erakunde onuradunaren betebeharrak.

Agindu honetan araututako laguntzak jasotzen dituzten erakunde onuradunek honako betebehar hauek izango dituzte:

a) Emandako diru-laguntza onartzea. Izan ere, diru-laguntza emateko ebazpenari buruzko jakinarazpena egiten denetik hamar egun igaro badira, eta onuradunak berariaz eta idatziz uko egin ez badio laguntzari, onartu duela ulertuko da.

b) Diru-laguntza zein helburutarako eman zen, hartarako erabiltzea.

c) Laguntzaren helburua lortzeko, egonaldiari dagokion epealdia osorik betetzea.

d) Tokiz aldatzen den ikertzaileari emandako zenbatekoak ordaintzea. Ikertzailerengandik destinoko zentroan hasteari buruzko jakinarazpena jasotakoan eta organo emailetik laguntzaren % 75eko ordainketa aurreratua jasotakoan, erakunde onuradunak tokiz aldatu zen ikertzaileari helaraziko dio zenbateko hori. Behin jarduera amaitu eta laguntza likidatutakoan, likidazio horren ondoriozko zenbatekoa erakunde onuradunari helaraziko dio.

e) Gauzatzen direnetik harako 15 eguneko gehieneko epearen barruan, honako hauek jakinaraztea: destinoko zentroan altak, jarduerak etetea, aldi bateko kanpoan izateak, uko egiteak eta gainontzeko gorabeherak; guztia ere, honako helburu hauekin, batetik, Zientzia Politikarako Zuzendaritza guzti horretaz jakitun izan dadin, eta, bestetik, beharrezko bada, berariazko baimena eman dezan.

f) Ekonomia Kontrolerako Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari ematea eskatzen dieten informazioa, deialdi honen kargurako jasotako diru-laguntzei buruzkoa.

g) Programa honen babespean egindako jarduerek dakartzaten emaitzak argitaratu edo zabaldu behar badira, honako erreferentzia berariazko hau egitea: Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren Ikertzaileentzako Mugikortasun Programako finantzaketa duela.

15. artikulua.– Laguntzen ordainketa.

1.– Laguntzari dagokion ordainketa erakunde onuradunari egingo zaio.

2.– Emandako laguntzak zatika ordainduko dira, bi ordain-aginduren bidez.

Haietarik lehena, emandako laguntzaren % 75ekoa, honelaxe eginen da: Zientzia Politikarako Zuzendaritzan, erakunde onuradunak zentro hartzailean hasteari buruzko egiaztagiria aurkeztu ostean.

Bigarren zatia, 2015. urtean, jarduera bukatutakoan, laguntzaren likidaziotik ateratzen den zenbatekoa, betiere hurrengo artikuluan eskatutako agiriak aurkeztu ostean.

3.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bitartez, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartu zen, eta indarrean jarri, Euskal Autonomia Erkidegoko 2011ko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 23ko 5/2010 Legaz jarri zen. Bada, lege haren 50.4 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriaz: diru-laguntzak eta laguntzak esleitzeko eta, hala behar bada, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea itzulketa- edo zehapen-prozedura oro, zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo horko erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntza edo diru-laguntzengatik hasitakoak eta artean izapidetzen ari direnak

16. artikulua.– Diru-laguntzak justifikatzea eta haien segimendua.

1.– Agindu honetako laguntzen erakunde onuradunek justifikatu egin beharko dute jarduera –zeina finantzaketaren helburu baita– burutu dela; eta, hartarako, Zientzia Politikarako Zuzendaritzan honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte, jarduera hura bukatzen denetik hilabeteko epearen barruan:

a) Egindako egonaldiaren gainean, ikertzaile-talde hartzaileko arduradunak emandako egiaztagiria, zeinetan berariaz zehaztuko baitira hasiera- eta bukaera-egunak.

b) Egindako lana deskribatzen duen txostena, zeinetan honako hauek jasotzen baitira: argitalpenei, patenteei edo ikerketaren ondoriozko beste edozein emaitzari buruzko erreferentziak; guztiak ere, erakunde onuradunaren legezko ordezkariaren oniritziarekin.

c) Bidai-gastuei dagozkien ordainagiriak edo agiri baliokideak.

d) Erakunde onuradunak ikertzaileari egindako ordainketak egiaztatzeko agiria.

2.– Ez-betetzerik ez badakar, emandako laguntza baino zenbateko txikiagoko gastuak justifikatzeak hura murriztea ekarriko du, justifikatu gabeko kopuru batez; bestalde, jasotako diru-laguntzen itzulketa proportzionala egin beharko da, eta prozedura egokia burutuko da, zeina Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak ebazpen bat –hasierako ebazpena aldatzen duena– emanez amaituko baita.

3.– Egoki iritziz gero, Zientzia Politikarako Zuzendaritzak informazio osagarria eskatu ahal izango du, eta horrez gain, emandako laguntzaren segimendua egiteko ardura emango dio zuzendaritza horri atxikitako pertsona bati edo batzuei, laguntza zertan erabili den ikusteko.

17. artikulua.– Laguntzen bateraezintasuna.

Laguntza hauek bateraezinak dira helburu bererako ematen diren diru-laguntzekin.

18. artikulua.– Ez-betetzeak eta laguntza itzultzea.

1.– Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen den azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 53. artikuluan ezarritakoarekin bat etorrita (1998ko urtarrilaren 19ko EHAA), erakunde onuradunak ezin izango da laguntzaren ordainketa galdatu, eta aurretik zerbait ordaindu bazaie, batetik, jasotako zenbatekoak itzuli egin beharko dira, eta, bestetik, laguntza ordaindu zenetik aurrera sortzen diren legezko korrituak eskatuko dira, baldin eta honakorik gertatzen bada:

a) Onuradunek, guztiz edo partez, bete gabe utzi badituzte deialdi honetako oinarriak, diru-laguntzei buruzko araudi orokorrekoak edo diru-laguntza emateko ebazpenean erabakitako baldintzak.

b) Laguntza emateko: datuak ostendu edo aldatzea, edo eskatutako informazioa iruzurrez manipulatzea.

c) Proposatutako helburuekin edo ezarritako epeekin bat ez datorren jarduera burutzea, Zientzia Politikarako Zuzendaritzaren baimenik gabe.

d) Zientzia Politikarako Zuzendaritzak, diruz lagundutako egintzen segimendua egiterakoan, egiaztatzen badu ezen egindako gastua ez datorrela bat proposatu eta esleitutakoarekin.

2.– Halaber, laguntza emateko kontuan izandako baldintzetan jazotako aldaketa orok, hura emateko ebazpena aldatzea ekarri ahal izango du, betiere onuraduna izateko ezarritako baldintza minimoak –diru-laguntzei buruzko arauak ezarritakoak– errespetatzen badira.

3.– Abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren bitartez, (1992ko otsailaren 7ko EHAA) arautzen da diru-laguntzak itzultzeko prozedura orokorra, laguntza jasotzeko eskubidea galtzea, eta, dagokionean, Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari jasotako kopuruak eta horien interesak itzuli beharra; eta dekretu horretako bigarren tituluan ezarritakoaren arabera, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpenez egingo da goiko guzti horretarako deklarazioa, dagozkion prozedura-izapideak hezurmamitu ondoren; hargatik eragotzi gabe gainerako ekintza bidezkoak.

4.– Diru-zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat hartuko dira, ondorio guztietarako.

19. artikulua.– Datuak babestea.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta Datu Pertsonalen Fitxategi Publikoei eta Datuak Babesteko Euskal Agentzia sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legean ezarritakoarekin bat etorriz, deialdiko parte-hartzaileek baimena ematen dute deialdi hau izapidetzean jasotako datu pertsonalak tratatu eta argitaratzeko. Datuok, bestalde, «Ikerketa» izeneko fitxategi batean sartuko dira (fitxategi hori 2010eko urriaren 4ko Aginduan araututa dago, 2010eko azaroaren 5eko EHAA), diru-laguntzen deialdi hau kudeatzeko eta deialdira biltzen direnei deialdiaren garapenaren berri emateko. Zientzia Politikarako Zuzendaritza da fitxategi horren arduraduna. Datuak aurkaratu, kontsultatu, zuzendu eta ezabatzeko eskubideak Zientzia Politikarako Zuzendaritzan erabili ahal izango dira. Hartarako, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Zientzia Politikarako Zuzendaritzara jo beharra dago (Donostia kalea 1, Vitoria-Gasteiz).

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, berraztertzeko errekurtsoa jarri ahalko zaio Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko apirilaren 8a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala