Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

77. zk., 2014ko apirilaren 24a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
1880

62/2014 DEKRETUA, apirilaren 15ekoa, Lan-aukerak areagotzeko eta laneratzea sustatzeko neurriak arautzeko Dekretua bigarren aldiz aldatzen duena.

Abenduaren 23ko 327/2003 Dekretuak, lan-aukerak areagotzeko eta laneratzea sustatzeko neurriak arautzen dituenak, enplegu-politika aktiboen egitura koherente eta eraginkor bat ezarri zuen, oinarri hauek dituena: jarduerak pertsonalizatzea, orientazioa izatea neurriak antolatzeko ardatza, zerbitzuak modu bateratuan baliatzea eta enplegu-baliabideak integratzea.

Urte hauetako esperientzia ikusirik, antolaketa- eta egituraketa-eredua eta, zehazki, laguntzak kudeatzeko eta esleitzeko eredua argitaratu zenean bezain egokia da, hau da, 2003an bezain egokia.

Hala ere, nahiz eta 327/2003 Dekretua baliagarria den enplegurako prestakuntza kudeatzeko, 2011ko urtarrilaren 1ean, Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatu zitzaizkion lanaren, enpleguaren eta enplegurako prestakuntza profesionalaren alorreko lan-arloko legedia betearazteko eginkizun eta zerbitzuak, eta, hori dela eta, dekretu honetako zenbait xedapen enplegurako prestakuntzari buruzko araudira egokitu behar dira, enplegurako prestakuntza-jarduerak abenduaren 23ko 327/2003 Dekretuarekin bat eskaintzeko eta finantzatzeko (tartean, Euskal Autonomia Erkidegoak, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren bitartez, profesionaltasun-ziurtagiria eskuratzeko burutuko beharreko jarduerak). Enplegurako prestakuntzari buruzko araudia lan-legedia da, eta, Konstituzioko 149.1.7 artikuluarekin bat, lan-legegintza Estatuaren eskumen esklusibokoa da.

Oro har, xedapenak egokitzeko, ez da beharrezkoa araudia aldatzea edo garatzea: nahikoa da arauen interpretazio sistematiko eta integratzailea egitea. Hala ere, zenbait gaitan, beharrezkoa da aldaketak egitea.

Hain zuzen ere, enpresaburuen eta sindikatuen erakundeak laguntza eman dezaketen entitateen artean sartu behar dira, prestakuntza emateko instalazioen baldintzak egokitu egin behar dira, entitate laguntzaileei ematen zaien diru-laguntzaren zenbatekoa aldatu, eta prestakuntza-jarduerak egiteko eta diru-laguntza justifikatzeko zenbait xedapen berri onartu.

Horrenbestez, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuaren proposamenez, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordea eta gainerako organo aholku-emaile interesdunak entzun ondoren eta Gobernu Kontseiluak 2014ko apirilaren 15ean egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATZEN DUT:

Lehenengo artikulua.– Idatzi-zati bat eransten zaio –g) idatzi-zatia– Lan-aukerak areagotzeko eta laneratzea sustatzeko neurriak arautzen dituen abenduaren 23ko 327/2003 Dekretuaren 15. artikuluko 1. paragrafoari, eta honela dio hitzez hitz:

«g) Enpresaburuen eta sindikatuen erakundeak.»

Bigarren artikulua.– Beste paragrafo bat eransten zaio (bigarrena) Lan-aukerak areagotzeko eta laneratzea sustatzeko neurriak arautzen dituen abenduaren 23ko 327/2003 Dekretuaren 17. artikuluko 3. paragrafoari, eta honela dio hitzez hitz:

«Prestakuntza-espezialitateen Estatuko fitxategiko prestakuntza-espezialitateak emateko instalazioek ez dituzte bete behar paragrafo honek instalazioei ezartzen dizkien eskakizunak, baizik eta espezialitateetako prestakuntza-programek eta profesionaltasun-ziurtagiri bakoitza arautzeko errege-dekretuek ezartzen dizkietenak».

Hirugarren artikulua.– Aldatu egiten da Lan-aukerak areagotzeko eta laneratzea sustatzeko neurriak arautzen dituen abenduaren 23ko 327/2003 Dekretuaren 18. artikuluko 3. paragrafoa, eta honela geratuko da:

«3.– Dekretu honen 13.2.a) artikuluan deskribaturiko lanerako profiletako berariazko prestakuntza eskaintzeko aldez aurreko baimena eskatuz gero, kudeatu nahi diren baliabideak kudeatzeko erabilgarri dauden lokal, instalazio eta ekipamenduari buruzko informazio xehatua, horien kokapena eta jabetza zehaztuta, baita horien ezaugarriak ere, Dekretu honen I. eranskinean zehazturikoaren arabera, edo espezialitateei dagozkien prestakuntza-programetan aurreikusitakoaren arabera, edota profesionaltasun-ziurtagiri bakoitza arautzen duen errege-dekretuetan aurreikusitakoaren arabera, estatuko prestakuntza-espezialitateen fitxategian sartutako prestakuntza-espezialitateen kasuan.»

Laugarren artikulua.– Aldatu egiten da Lan-aukerak areagotzeko eta laneratzea sustatzeko neurriak arautzen dituen abenduaren 23ko 327/2003 Dekretuaren 30.2 artikuluaren k) idatzi-zatia, eta honela geratuko da:

«k) Parte-hartzaileen kopurua. Jarduerak taldekakoak badira, parte-hartzaileen kopurua adierazi behar da. Gehienez ere, 20 lagunek har dezakete parte. Era berean, adierazi behar da zenbat parte-hartzaile izan behar diren gutxienez entitate laguntzaileak jarduera egiteko konpromisoa hartzeko. Jarduerak banakakoak badira, berriz, adierazi behar da zerbitzua zenbat laguni eman ahal izango zaien guztira aukeraturiko denboraldi jakinean (hilean, hiruhilekoan, urtean)».

Bosgarren artikulua.– Beste paragrafo bat eransten zaio (bosgarrena) Lan-aukerak areagotzeko eta laneratzea sustatzeko neurriak arautzen dituen abenduaren 23ko 327/2003 Dekretuaren 37. artikuluari, eta honela dio hitzez hitz:

«5.– Parte-hartzaileren batek utzi egiten badu, ordeztu egin daiteke, prestakuntza-jardueraren iraupenaren % 25 igaro baino lehen betiere, profesionaltasun-ziurtagiriak eskuratzeko prestakuntza-jardueretan izan ezik. Horrelakoetan, prestakuntza-jarduera hasi eta lehen bost eskola-egunetan bakarrik ordeztu daiteke, aipatutako ehunekoa igaro ez bada betiere».

Seigarren artikulua.– Aldatu egiten da Lan-aukerak areagotzeko eta laneratzea sustatzeko neurriak arautzen dituen abenduaren 23ko 327/2003 Dekretuaren 39.2 artikuluaren k) idatzi-zatia, eta honela geratuko da:

«k) Prestakuntza-jarduera amaitu eta bi hilabetean jardueraren azken memoria aurkeztea Lanbideren aurrean, ondokoak bilduta: jarduera ebaluatzeko memoria kualitatibo labur bat, jardueran egindako gastu errealaren zinpeko aitorpen bat –gutxienez % 85 erabili behar da irakasle, ikasmaterial eta lantegien kostuetarako; gelak, ekipamendua eta instalazioak amortizatzeko edo alokatzeko gastuetarako; ebaluaziorako (gehienez ere, diru-laguntzaren % 5); eta publizitaterako– eta parte-hartzaileek sinaturiko egiaztagiriak, ziurtatzeko entitateak egindako orduei buruz Lanbideren informazio-sistema integratuan sartzen dituen datuak egiazkoak direla. 13.2.b) artikuluak eta 13.2.c) artikuluko 4. puntuak arautzen duten lantokiko prestakuntza praktikoari dagokionez, azken memoriak barnean hartu behar du egiaz egindako gastuen dokumentu bidezko justifikazioa ere, dekretu honetako 43.6 artikuluko b), c) eta d) atalen arabera diruz lagundu daitezkeen gastu-kontzeptuei jarraikiz. 13.3 artikuluko a) eta b) atalek arautzen dituzten kontratazio-konpromisodun prestakuntzari eta enplegu- eta prestakuntza-proiektuei loturiko prestakuntzari dagokienez, berriz, azken memoriak barnean hartu behar ditu egindako kontratuak egiaztatzeko dokumentuak ere: kontratua bera, lan-bizitzaren ziurtagiria edo TC-2 dokumentuak. 13.3.a) artikuluak arautzen duen kontratazio-konpromisodun prestakuntzari dagokionez, azken memoria aurkezteko epea kontratazio-konpromisoa bete eta bi hilabetekoa da. 13.3.b) artikuluak arautzen duen enplegu- eta prestakuntza-proiektuei loturiko prestakuntzari dagokionez, berriz, azken memoria aurkezteko epea lan-kontratuak egin eta bi hilabetekoa da.»

Zazpigarren artikulua.– Aldatu egiten da Lan-aukerak areagotzeko eta laneratzea sustatzeko neurriak arautzen dituen abenduaren 23ko 327/2003 Dekretuaren 43 artikuluaren k) idatzi-zatia, eta honela geratuko da:

«1.– Oro har, dekretu honekin bat aurrez aurreko prestakuntza emateko diru-laguntzaren zenbatekoa modulu ekonomiko hauen araberakoa izango da, parte-hartzaile eta ordu bakoitzeko, eta inola ere ez da izango handiagoa diruz laguntzen den jardueraren kostua baino:

– Taldekako prestakuntza: 8 euro.

– Banakako prestakuntza teorikoa: 30 euro.

– Banakako prestakuntza praktikoa: 35 euro.

Goi-mailako prestakuntza-espezialitateen Estatuko fitxategiko prestakuntza-jarduerei (profesionaltasun-ziurtagiriak eskuratzeko ez direnei) eta fitxategitik kanpoko prestakuntza-jarduerei dagokienez, aurrez aurreko prestakuntzarako modulu ekonomikoa ordu eta parte-hartzaile bakoitzeko 12 euro handiagoa ere izan daiteke ohiz kanpoko egoeretan, baldin eta finantzaketa handiagoa behar bada prestakuntza-jardueraren espezialitatea eta ezaugarri teknikoak direla eta.

Goi-mailako prestakuntza da espezializazioa behar duten ikasgaiek osatzen dutena edo programazio- eta zuzendaritza-gaitasunak garatzeko gaitzen duena.»

Zortzigarren artikulua.– Aldatu egiten da Lan-aukerak areagotzeko eta laneratzea sustatzeko neurriak arautzen dituen abenduaren 23ko 327/2003 Dekretuaren 43 artikuluaren k) idatzi-zatia, eta honela geratuko da:

«4.– Teleprestakuntza emateko diru-laguntzaren zenbatekoa izango da parte-hartzaile eta ordu bakoitzeko 5 euroko modulu ekonomikoaren araberakoa, eta inola ere ez da izango handiagoa diruz laguntzen den jardueraren kostua baino.»

Bederatzigarren artikulua.– Beste paragrafo bat eransten zaio (bosgarrena) Lan-aukerak areagotzeko eta laneratzea sustatzeko neurriak arautzen dituen abenduaren 23ko 327/2003 Dekretuaren 43. artikuluari, eta honela dio hitzez hitz:

«9.– Artikulu honetako 1. eta 4. paragrafoek arautzen dituzten laguntzak likidatuko dira prestakuntza-jarduerak amaitzen dituzten parte-hartzaileen eta benetan egindako eskola-orduen kopuruaren arabera, ezarritako modulu ekonomikoei jarraikiz. Zenbatekoa inola ere ezin da izan handiagoa hasiera batean onartutako diru-laguntzarena baino.

Parte-hartzaileek prestakuntza-jarduerak amaitzen dituztela jotzeko, beharrezkoa da prestakuntza-jardueraren iraupenaren % 75en parte har dezaten gutxienez, edo, teleprestakuntza bidezko prestakuntza-jarduerei dagokienez, aldizkako jarraipen-kontrolen % 75 egin dezaten gutxienez.

Baldin eta langabeek prestakuntza-jarduera utzi behar badute lana aurkitu dutelako, prestakuntza-jarduera amaitzen dutela joko da, dekretu honetako 37.5 artikuluak haiek ordezteko ematen duen epea igaro bada betiere.

Baldin eta parte-hartzaileren batek prestakuntza-orduen % 25 eman ondoren uzten badu prestakuntza-jarduera, prestakuntza-jarduera hasten duten parte-hartzaileen kopurua % 15 desbidera daiteke gehienez ere prestakuntza-jarduera bakoitzeko.»

Hamargarren artikulua.– Aldatu egiten da Lan-aukerak areagotzeko eta laneratzea sustatzeko neurriak arautzen dituen abenduaren 23ko 327/2003 Dekretuaren 47 artikuluaren k) idatzi-zatia, eta honela geratuko da:

«1.– Oro har, dekretu honen II. kapituluak arautzen dituen diru-laguntzak bi alditan ordainduko dira, honela banatuta:

a) Lehenengo ordainketa, diru-laguntzaren % 60, prestakuntza-jardueraren hasieraren berri eman eta gero, Dekretu honek 39.2.c) artikuluan zehaztutakoaren arabera.

b) Bigarren ordainketa bat Dekretu honek 39.2.k) artikuluan adierazitako azken txostena jaso ondoren. Ordaindu beharrekoa kalkulatzeko doikuntza egingo da, parte-hartzaileen benetako kopuruaren, benetan emandako orduen eta benetan egindako gastuen arabera.»

XEDAPEN IRAGANKORRA

Honako dekretu honek Lan-aukerak areagotzeko eta laneratzea sustatzeko neurriak arautzen dituen abenduaren 23ko 327/2003 Dekretuan sartutako aldaketa guztiak, aplikatu egingo zaizkie Dekretua indarrean sartu aurretik aurkeztu diren eskabideak izan arren, oraindik esanbidezko ebazpena ez daukatenei.

Dekretu hau indarrean sartu aurretik emandako laguntzak, haiek eman ziren unean indarrean zegoen araudia jarraituko dute.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Honakoa indargabe geratu da: Agindua, 2004ko azaroaren 2koa, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuarena, zeinaren bidez esleitzen diren Euskadiko Lanbide Kualifikazioen Sistemaren arabera taldekako prestakuntza praktikorako ekipamendu mailei dagozkien kostuen mailak, Lan-aukerak areagotzeko eta Laneratzea sustatzeko neurriak arautzen dituen abenduaren 23ko 327/2003 Dekretuko II. kapituluan ezarritako laguntzak kuantifikatzeko irizpideak zehazteari dagokionez.

AZKEN XEDAPENA

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean dekretu hau.

Vitoria-Gasteizen, 2014ko apirilaren 15ean.

Lehendakaria,

IŃIGO URKULLU RENTERIA.

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuaren ordezkoa.

Ogasun eta Finantzetako sailburua,

RICARDO GATZAGAETXEBARRIA BASTIDA.

(Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuaren hamaikagarren xedapen gehigarriarekin bat eginez).

Azterketa dokumentala