Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

77. zk., 2014ko apirilaren 24a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Prestatu eta trebatzeko ikastaroak

SEGURTASUN SAILA
1883

EBAZPENA, 2014ko apirilaren 11koa, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiarena, Ertzaintzaren Ikuskapen Eskalako ofizialondoko kategoriako eta Ertzaintzaren oinarrizko eskalako agente kategoriako karrerako funtzionarioentzat ikerketa kriminaleko ikastaroetan (IKI) sartzeko hautaketa prozedurarako deia egiten duena.

Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeari buruzko ekainaren 28ko 15/2012 Legearen 23. artikuluak xedatutakoan oinarriturik, eta Euskal Herriko Poliziaren Hautespen eta Prestakuntza Araudia onesten duen uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz; Segurtasun Saileko Segurtasun Sailburuordetzak ezarritako helburuak ikusirik; Ikerketa kriminaleko ikastaroetan (IKI) sartzeko hautaketa prozedurarako deia egiten da Ertzaintzaren oinarrizko eskalako agente kategoriako eta Ertzaintzaren Ikuskapen Eskalako ofizialondoko kategoriako funtzionarioentzat.

Euskal Herriko Polizia Ikastegiko zuzendariaren 2012ko ekainaren 29ko Ebazpenaren bitartez Ikerketa Kriminaleko Ikastaroan (IKI) sartzeko hautaketa prozedurarako deia egin zen –2012ko uztailaren 10eko EHAA, 134. zenbakian argitaratutakoan–, Ikerketa Kriminaleko prestakuntza sistema berria izaera orokorrean eta, ondorio guztietarako, hasi zen. Horregatik, deialdi hori baztertuta, Ikerketa Kriminaleko espezializazioko ikastaroetan sartzeko deialdietan parte hartu duten funtzionarioei ez zaizkie konputatuko parte hartzeko onartuak izan diren deialdiak, Euskal Herriko Poliziaren Hautespen eta Prestakuntza Araudia onartzen duen uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuaren 56. artikuluan ezarritako terminoen arabera.

Hautaketa prozedura honetarako deialdia honakoak kontuan hartuz egiten da:

OINARRIAK

Lehenengoa.– Deialdiaren xedea.

1.– Ertzaintzaren Ikuskapen Eskalako ofizialondoko kategoriako eta Oinarrizko Eskalako agente kategoriako karrerako funtzionarioentzat Ikerketa Kriminaleko ikastaroan sartzeko, oposizio-lehiaketa sistema bitartez, hautaketa prozedurarako deia egiten da.

Deitutako ikastaroak espezializazio-ikastaro izaera du, Euskal Herriko Poliziaren Hautespen eta Prestakuntza araudia onesten duen uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuko 54 eta ondorengo artikuluetan ezarritakoaren arabera.

2.– Deitutako plazak, guztira, 160 izango dira, honako eran banaturik:

– 140 plaza, Ertzaintzaren Oinarrizko Eskalako agente kategoriako karrerako funtzionarioentzat.

– 20 plaza, Ertzaintzaren Ikuskapen Eskalako ofizialondoko kategoriako karrerako funtzionarioentzat.

Deitutako plazen kopurua handitu ahal izango da ikerketako espezialitateari atxikitako kategoria desberdinetan hutsik dauden lanpostuen arabera, hautaketa prozesu honen garapenean zehar gerta daitekeen edozein arrazoirengatik. Kopurua handituz gero, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendariaren Ebazpenaren bidez argitaratuko da, Euskal Herriko Poliziaren Hautespen eta Prestakuntza araudia onartzen duen uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuaren 40.2 artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

Plaza-gehikuntza oinarri hauen bidez arautuko da eta hamaikagarren oinarrian, 3. puntuan, aurreikusitako izapidearen aurretik ezarri beharko da.

Bigarrena.– Izangaien betekizunak.

1.– Hautaketa prozesuan parte hartu nahi duten pertsonek ondoren zehazten diren baldintzak bete beharko dituzte:

a) Aldez aurretik eskabidea bete.

b) Ondoko egoeretako batean izatea:

b.1.– Ertzaintzaren Oinarrizko Eskalako agente Kategoriako 140 erreserbatutako plazetako hautaketa prozeduran parte hartzeko, kategoria horretan karrerako funtzionario izendatuta egotea eta kategoria horretako administrazio-egoera aktiboan izatea.

b.2.– Ertzaintzaren Ikuskapen Eskalako ofizialondoko Kategoriako 20 erreserbatutako plazetako hautaketa prozeduran parte hartzeko, kategoria horretan karrerako funtzionario izendatuta egotea eta kategoria horretako administrazio-egoera aktiboan izatea.

c) Ebazpen hau argitaratzen denean, izangaia atxikitako lanpostuan gutxieneko iraunaldi baten menpe ez egotea, aldi hori beteta ez badago, edo eskudun organoak errenuntzia onartu ez badu, edo atxikipen bera eskatzen den beste lanpostu baterako parte hartu nahi ez bada, uztailaren 17ko 4/1992 Legearen 65.5 eta abenduaren 22ko 388/1998 Dekretuaren 5.3 artikuluaren azken paragrafoan ezarritakoarekin bat etorriz.

d) I. eranskinean zerrendatutako deialdietako xede diren ikastaroetako bat ere egin gabe izatea.

e) BTP gidabaimena izatea.

2.– Prozeduran parte hartu nahi dutenek aurreko puntuan jasotako baldintza guztiak bete beharko dituzte eskariak aurkezteko epea amaitu aurretik.

3.– Hautaketa prozeduran onartua izateko eta parte hartzeko, nahikoa izango da izangaiek, beren eskabide orrian, eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela adieraztea, beti ere, eskabideak aurkezteko epea bukatzen denerako bete beharko dituzte. Egiaztatze horiek deitzen duen organoak burutuko ditu ofizioz, horretarako Giza Baliabideen Zuzendaritza beharrezko ziurtagiriak eskatuko zaizkio.

4.– Aurrekoa hala bada ere, hautaketa prozeduraren edo prestakuntza ikastaroaren edota praktika-aldiaren uneren batean, onartuta eta baztertuen zerrenda egiten duen eskudun organoak jakingo balu izangaietako bati deialdian parte hartzeko eskatutako baldintzen bat falta zaiola, hautaketa prozeduratik kanpo utziko luke, eta hala badagokio, prestakuntza ikastarotik baztertu egingo luke, beti ere, interesdunari entzun ondoren.

Hirugarrena.– Eskabideak.

1.– Hautaketa prozeduran parte hartu nahi dutenek eskabide-orria bete beharko dute departamentuko Intranet –Gurenet– bitartez, helbide horretan eskuragarri dagoen eskabide eredua betez.

2.– Eskabideak aurkezteko epea, Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita, 15 egun baliodunekoa izango da.

3.– Eskabidean zehaztu egin beharko dute zein hizkuntzatan egin nahi dituzten oposizio-probak, gazteleraz edo euskaraz.

4.– Administrazio eragileak dituen merezimenduak ez dira egiaztatu behar izango, berak ofizioz egiaztatuko baititu.

Laugarrena.– Izangaiak onartzea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea amaitu ondoren, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendariak hautaketa prozeduran onartutako eta baztertutako izangaien behin-behineko zerrendak onetsiko ditu. Aipatutako zerrendak Hamahirugarren Oinarriko hirugarren paragrafoan ezarritako eran argitaratuko dira.

2.– Bazter utzitako izangai bakoitzari buruz, bazter utzi izanaren arrazoiak eman beharko dira aditzera behin-behineko zerrenda horretan. Erreklamazioak aurkezteko eta eskaerak izan ditzakeen akatsak zuzentzeko 10 egun balioduneko epea izango dute interesatuek.

3.– Hautaketa prozedurarako aurkeztutako erreklamazioak onartutako eta baztertutako izangaien behin-behineko zerrendari behin betikotasuna ematen dion Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendariaren Ebazpenean bertan onartu edo ezetsiko dira. Zerrenda horiek Hamahirugarren Oinarriko hirugarren paragrafoan ezarritako eran argitaratuko dira.

Bosgarrena.– Epaimahai kalifikatzailea.

1.– Uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuan eta Euskal Herriko Poliziaren 4/1992 Legean aurreikusitakoen arabera, oposizio probak erabakitzeko, garatzeko eta ebaluatzeko Epaimahai Kalifikatzaile bat izendatuko da. Epaimahai hori mahaiburu batek, lau bokalek eta idazkari batek osatuko dute.

Epaimahai Kalifikatzailea osatzen duten pertsonen eta ordezkoen izendapena Hamahirugarren Oinarriko hirugarren paragrafoan ezarritako eran argitaratuko da, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendariaren Ebazpenaren bitartez.

2.– Epaimahai Kalifikatzailearen jardunak organo kolegiatuen funtzionamenduko araudi erregulatzailean indarrean diren xedapenak aintzat hartuko ditu.

Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 28. eta 29. artikuluetako moduan, Epaimahaiko pertsonek ez dute parte hartuko prozeduran eta izendatu dituen aginteari hala jakinaraziko dio, eta interesdunek haien errekusazioa eskatu ahal izango dute.

3.– Hautaketa prozedura osatzen duten proben eta merezimenduen garapena eta ebaluazioa Epaimahai Kalifikatzaileari dagozkio, autonomia osoz jokatuz. Epaimahai hori prozeduraren objetibotasunez arduratuko da eta deialdiaren oinarriak betetzen direla bermatuko du.

4.– Epaimahaiak aholkulari edo adituak hartu ahal izango ditu bere lanetarako, nahiz hautaketa proba guztietarako, nahiz baterako. Aipatutakoek euren espezialitateen barruan aholkuak eta laguntza teknikoa emango dituzte.

5.– Hautaketa prozedura garatzeko beharrezko diren neurriak hartu ahal izango ditu Epaimahaiak deialdi honetan finkatuta ez dauden guztietan, eta gainera, deialdiko oinarriak interpretatzeak eta aplikatzeak eta beren lanetarako jardunak sortu ahal dituzten arazo guztiei ebazpena emateko ahalmena izango du.

6.– Epaimahaiak ezin izango du deklaratu honako hau: onartutako izangaien kopuruak deialdiaren gai izango diren lanpostuen zenbatekoa gainditzen duela, alegia. Muga horretaz kanpo leudekeen proposamenak erabat legez kanpo egongo lirateke.

7.– Epaimahai Kalifikatzailearen Akordioak Hamahirugarren Oinarriko hirugarren paragrafoan ezarritako eran argitaratuko dira.

8.– Aipatutako Epaimahai Kalifikatzailean parte hartzen duenak, legez aurreikusitako ordainsaria izango du.

Seigarrena.– Hautaketa-sistema.

1.– Hautaketa-sistema oposizio-lehiaketa izango da eta, horretan parte hartzen dutenen gaitasuna eta lehentasun-ordena zehazte aldera, oposizio- eta lehiaketa-prozedurak bata bestearen atzetik burutuko dira.

2.– Lehiaketa-fasea ez da baztertzailea izango eta horretan lortutako puntuak ez dira kontutan hartuko oposizio ariketa gainditutzat emateko ezta ariketotan lortutako emaitzak aldatzeko ere.

3.– Oposizio-lehiaketaren guztirako puntuazioa bere bi aldien gehiketatik lortutakoa izango da. Puntuazio hori gehitu egingo da euskararen ezagupenaren merezimendutik ondorioztatutako puntuazioagatik eta hautaketa-sisteman parte hartzen dutenen lehentasun-ordena zehaztuko du.

Zazpigarrena.– Oposizioa.

Oposizioa ondorengo probek osatuko dute:

1.– Ezagupenak baloratzeko proba.

Ariketa bat edo batzuk izango dira, Ebazpen honetako II. eranskinean agertzen diren gai zerrendari buruzkoak, Epaimahai Kalifikatzaileak zehaztutakoak.

Proba hau derrigorrezkoa eta baztertzekoa izango da, gehienez 50 punturekin baloratuko da eta gutxienez 25 puntu lortzen ez duten izangaiak bazter geratuko dira.

2.– Proba psikoteknikoa.

Polizia eginkizunetan ikerketa funtzioak betetzeko hautaketa prozeduran parte hartzen duten pertsonen gaitasuna eta egokitasuna zehazteko izango da. Proba hori test erakoa izango da. Proba hori hautaketa prozesuaren objetibotasuna eta arrazionaltasuna bermatzeko izango dira, baita ere, merezimendu eta gaitasun printzipioetara egokitzeko.

Proba hau, nahitaezkoa, gehienez 50 punturekin baloratuko da.

Zortzigarrena.– Oposizioko proben garapena.

1.– Probak ezin izango dira hasi, harik eta deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik bi hilabete igaro arte.

2.– Lehenengo ariketa egiteko eguna, ordua eta tokia, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendariaren Ebazpenaren bitartez Hamahirugarren Oinarriko hirugarren paragrafoan aurreikusitako eran iragarriko dira, zazpi egun natural lehenago gutxienez. Gainerako ariketen segidako iragarpenak gutxienez hirurogeita hamabi ordu lehenago argitaratuko dira Epaimahai kalifikatzailearen bitartez, era berean.

3.– Aurreko paragrafoan ezarritakoa gorabehera, Epaimahai Kalifikatzaileak erabaki ahalko du deialdi hau osatzen duten probak eta ariketa guztiak finkatutakoaz bestelako hurrenkera batean egitea, baita egun berean proba batzuk burutzea ere. Kasu horretan, proben eta/edo ariketen emaitzak deialdiaren oinarrietan ezarritako ordenan argitaratuko dira. Bakar-bakarrik argitaratuko dira aurreko ariketak gainditu dituztenen proba eta/edo ariketa bakoitzaren emaitzak, zazpigarren oinarrian ezarritako ordenari jarraituz. Probak egitea zerbitzuaren beharrekin bateragarria izan dadin, Epaimahai Kalifikatzaileak erabaki dezake izangaiek probak hainbat txanda eta tokitan egitea.

4.– Automatikoki hautaketa-prozeduratik kanpo geratuko dira Epaimahaiaren deiaren arabera ezarritako ordu, egun eta lekuan nahitaezko probak eta/edo ariketak egitera agertuko ez direnak, ez aurkezteko arrazoi gaindiezinak izanda ere. Arau bera aplikatuko zaie nahitaezko edozein proba eta/edo ariketa hasi ondoren azalduko direnei.

Nahitaezko probaren batek ariketa bat baino gehiago balu, ez agertzetzat joko da haietako batera ez aurkeztea edo berandu azaltzea.

5.– Parte-hartzaileak proba guztietara aurkeztu beharko du bere nortasuna egiaztatzen duen agiria aldean daramala. Epaimahai Kalifikatzaileak edozein unetan agiri hori erakusteko eska diezaioke.

6.– Proben emaitzak Hamahirugarren Oinarriko hirugarren paragrafoan aurreikusitako eran argitaratuko dira Epaimahai kalifikatzailearen Akordioaren bitartez. Eskala desberdinetako plazetan parte hartzen duten izangaien emaitzak bereiziko dira.

Bederatzigarrena.– Lehiaketa.

1.– Lehiaketa fasearen kalifikazioa oposizioa gainditu dutenei baino ez zaie ezarriko.

2.– Bakarrik ebaluatu ahal izango dira eskaerak aurkezteko epea amaitu baino lehenago lortutako merezimenduak.

3.– Euskal Herriko Poliziaren Hautespen eta Prestakuntza araudia onartu zuen uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuaren 13.3 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, merezimendutzat ezin izango dira hartu deialdian parte hartzeko eskatutako eskakizunak eta baldintzak.

4.– Administrazio jardulearen esku dauden merezimenduak ez dira egiaztatu beharko, ofizioz egingo baitu egiaztatze hori.

Horretan oinarriturik, oposizio fasean onartutako pertsonen behin-behineko zerrendaren argitalpenarekin batera, Epaimahai kalifikatzaileak Giza Baliabideen Zuzendaritzari eskatuko dio oposizio fasea behin-behinekotasunez gainditu duten pertsonen merezimenduen balorazioa egiteko bost egun naturaleko epe barruan, Oinarri honetako 5. atalean ezarritako parametroekin bat etorriz; izan ere, baloratzeko merezimenduak Zuzendaritza horretako datu-baseetan baitaude.

5.– Lehiaketa fasean merezimenduak guztira 45 punturaino baloratuko dira, baremo honen arabera:

1.1.– Lanbide-historiala gehienez 35 punturaino baloratuko da. Ondorio horietarako aintzat hartuko da Ertzaintzako lanpostuetan betetako zereginak eta polizia-lanarengatik jasotako aitorpenak.

1.1.1.– Lanpostuetan egindako jarduerak edo lanak baloratuko dira, baldin eta Ikerketa kriminaleko lanak egiten diren Ertzaintzaren lanpostu zerrendaren araberako lanpostuetan egin badira eta lanpostu horiek Euskal Herriko Polizia Kidegoetako funtzionarioen lanpostuak betetzeko araudia onartzen duen 388/1998 Dekretuaren II., III. eta IV. kapituluetan aurreikusitako moduetako edozein erabiliz lortu badira.

– Lanpostu bakoitza Ertzaintzaren lanpostu-zerrendan jasotako lanpostu-kodeaz identifikatuko da. Lanpostu-kode baten dotazio desberdinak ez dira lanpostu desberdintzat joko.

– Atal hau gehienez 30 punturekin baloratuko da, hain zuzen, zerbitzu-hilabete bakoitzeko 1,50 punturekin (unitatea baino txikiagoak diren zatikiak baztertuta utzita).

1.1.2.– Polizia-lanarengatik jasotako aitorpenak gehienez 5 punturaino baloratuko dira. Hurrengo aitorpenak jaso izana baloratuko da; hau da, Ertzaintzako zerbitzu-egintzaren deklarazioa eta kondekorazioen eta ohorezko sarien erregimena arautzeko den urriaren 16ko 202/2012 Dekretuan araututako aitorpenak:

a) Polizia-lanarengatiko bereizgarri gorridun domina: 5 puntu.

b) Polizia-lanarengatiko bereizgarri berdedun domina: 4 puntu.

c) Polizia-lanarengatiko bereizgarri zuridun domina: 3 puntu.

d) Polizia zerbitzuagatiko bereizgarri gorridun diploma: 2 puntu.

e) Polizia zerbitzuagatiko bereizgarri zuridun diploma: puntu 1.

1.2.– Antzinatasunaren merezimendua Ertzaintzan emandako antzinatasun-urtebete bakoitza 0,5 punturekin baloratuko da (unitatea baino txikiagoak diren zatikiak baztertuta utzita), eta gehienezko puntuazioa inola ere ezin izango da 10 puntutik gorakoa izan.

6.– Lehiaketa faseko emaitzak Hamahirugarren Oinarriko hirugarren paragrafoan aurreikusitako eran argitaratuko dira Epaimahai kalifikatzailearen Akordioaren bitartez. Kategoria desberdinetan parte hartuko duten pertsonen emaitzak desberdinduko dira.

Hamargarrena.– Euskararen ezagutza-maila baloratzea.

Euskararen ezagutza merezimendu gisa baloratuko da eta 14 puntu emango zaizkio eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean Ertzaintzaren 1. hizkuntza-eskakizuna egiaztatuta dutenei edo hala baliokidetu zaienei, euskararen jakite-maila egiaztatzen duten tituluak eta ziurtagiriak baliokidetu eta Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko mailekin parekatzeko azaroaren 9ko 297/2010 (2010eko azaroaren 15eko EHAA, 219. zk.) Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz.

Hautaketa prozesuaren garapenean ez da euskararen ezagutza egiaztatzeko inolako probarik egingo.

Euskararen ezagutzaren balorazioari dagozkion emaitzak Hamahirugarren Oinarriko hirugarren paragrafoan aurreikusitako eran argitaratuko dira Epaimahai kalifikatzailearen Akordioaren bitartez. Kategoria desberdinetan parte hartuko duten pertsonen emaitzak desberdinduko dira.

Hamaikagarrena.– Oposizio-lehiaketako azken kalifikazioa.

1.– Oposizio-lehiaketako azken puntuazioa bi faseetan lortutakoaren batuketa izango da, baina horri gehituko zaio merezimendu gisa euskara-ezagutzaren ebaluaziotik sortuko dena eta horrexek zehaztuko du hautaketa-prozedurako parte-hartzaileen lehentasun-ordena.

2.– Sailkapeneko ordenan puntuazio berdinketak ondorengo irizpideen arabera ebatziko dira, hain zuzen ere, irizpideak ezartzen diren ordenan:

a) Otsailaren 18ko 4/2005 Legea, gizonen eta emakumeen arteko berdintasunerako.

b) Puntuazio hobea oposizio faseko ezagupen proban.

c) Antzinatasun handiagoa Ertzaintzan.

3.– Hautaketa-prozedura osatzen duten proba Hamahirugarren Oinarriko hirugarren paragrafoan aurreikusitako eran onartuko eta argitaratuko dira Epaimahai kalifikatzailearen bitartez eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendariari bidaliko dizkio:

a) Hautaketa sistema gainditu dutenen zerrenda, lortutako puntuaziorik altuenetik baxuenera ordenatuta. Kategoria desberdinetako plazetan parte hartzen duten pertsonen emaitzak desberdinduko dira.

b) Hautatutako pertsonen zerrenda, hautaketa sistema gainditu dutenek eta deitutako plaza-kopuruaren barruan sartzen direnek osatzen baitute. Kategoria desberdinetako plazetan parte hartzen duten pertsonen emaitzak desberdinduko dira.

c) Hautatuta ez dauden pertsonen zerrenda, hautaketa sistema gainditu dutenek eta deitutako plaza-kopuruaren barruan sartzen direnek osatzen baitute. Kategoria desberdinetako plazetan parte hartzen duten pertsonen emaitzak desberdinduko dira.

4.– Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiko zuzendari nagusiaren Ebazpenaren bitartez bete ahal izango dira hautatutako pertsonen zerrendan edozein inguruabarrengatik sortu ahal diren lanpostu hutsak, eraginkortasunaren printzipioa aplikatuz. Lanpostu huts horiek gertatzen diren Kategorian ondorengo izangaiek beteko dituzte, aurreko ataleko c puntuan ezarritako sailkapen hurrenkera jarraituz, deitutako plazak bete arte. Ebazpen horiek Hamahirugarren Oinarriko hirugarren paragrafoan aurreikusitako eran argitaratuko dira.

Hamabigarrena.– Ikerketa Kriminaleko Ikastaroak.

1.– Hamaikagarren oinarriaren arabera hautatutakoei Polizia eta Larrialdietako euskal Akademiako zuzendariaren ebazpen baten bidez egingo zaie deia Ikerketa Kriminaleko Ikastaroak egiteko.

2.– Hautatutakoak txandetan banatu ahal izango ditu Polizia eta Larrialdietako euskal Akademiako zuzendariak, hautaketa sistema honetan lortutako lehentasun ordenaren arabera; hain zuzen ere, ondoren agertzen denaren arabera:

a) Ikerketa Kriminaleko bi ikastaro, bakoitza Ertzaintzako Oinarrizko Eskalako agente Kategoriako karrerako 40 funtzionariorentzat. Horiek 2014ko urtean hasiko dira.

b) Ikerketa Kriminaleko bi ikastaro, bakoitza Ertzaintzako Oinarrizko Eskalako agente Kategoriako karrerako 30 funtzionariorentzat eta Ertzaintzako Ikuskapen Eskalako ofizialondoko Kategoriako karrerako 10 funtzionariorentzat. Horiek 2016ko urtean hasiko dira.

Ikastaro bakoitzaren hasiera datak eta ikastaro horietan parte hartuko duten pertsonak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiaren ebazpenaz argitaratuko dira, Hamahirugarren Oinarriko hirugarren paragrafoan aurreikusitako eran.

3.– Hamaikagarren oinarriko 3.b atalean aipatutako pertsonen zerrenda agortuta izanez gero, ikastaro bakoitzeko plazak bete ezin direnean, plaza horiek beteko dira Hamaikagarren Oinarriko 3.c. atalean aipatutako zerrendan agertzen diren pertsonekin, Oinarri horretako bigarren puntuan ezarritako esleipen hurrenkeraren arabera.

4.– Hautatutako pertsonei ikastarora etortzeko jakinarazpena, Giza Baliabideetako Zuzendaritzaren bidez, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendariak berak egingo die.

5.– Ikerketa Kriminaleko Ikastaroak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian egingo dira eta ikastaro hauek Ikasketa plangintzan aurreikusitakoaren arabera burutuko dira.

6.– Ikastaro bakoitzaren azken emaitza gai edo ez gai izango da eta Hamahirugarren Oinarriko hirugarren paragrafoan aurreikusitako eran jendaurreratuko da.

Hamahirugarrena.– Azken xedapenak.

1.– Hautatutako izangaia ikasle gisa dagoenean, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako Barne Araudiaren Erregelamenduko barne erregelamendu eta diziplinazkoaren arauen menpe izango da. Araudi horrek gehigarrizko izaera edukiko du, hain zuzen, Euskal Herriko Poliziaren Kidegoen Diziplinazko Erregelamenduko Arauetan, egintza ikasle-diziplina baino gehiago izan ahal den kasuetan.

2.– Funtzionarioek Ikerketa Kriminaleko Ikastaro baten parte hartu ahal izango dute gehienez hiru deialdiren barruan. Deialdi bat agortutzat eta konputagarritzat joko da, funtzionarioa deialdi horretan parte hartzera baimentzen bada, ez bertaratzea edo ikastaroa ez amaitzea behar bezala justifikatutako nahi gabeko arrazoiren batengatik izan ez bada. Horrelakoetan, deia egiten duen organoak askatasun osoz hartuko du erabakia.

3.– Bereziki kontra adierazi ezean, argitalpenak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako Iragarki-oholean aterako dira, korporazioko intranetaren –Gurenet– bitartez kontsultak egiteko kalterik gabe. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako Iragarki-oholean argitaratzen deneko datak epe-konputuak zehaztuko ditu.

4.– Deialdi honetan parte hartzea borondatezkoa da, Ertzaintzan egindako zerbitzuen ondoriozko kalte-ordainei buruzko urtarrilaren 17ko 5/2012 Dekretua aplikatuz, deialdian parte hartzeagatik, azterketak egiteagatik, ebaluazio probak egiteagatik edo proba praktikoak egiteagatik eta, deialdiaren garapena eta hautaketa prozedura direla-eta, parte hartzea beharrezkoak diren ekintza guztiak egiteagatik ez da kalte-ordainen eskubiderik jasoko.

5.– Ikastaro bakoitza gainditu ondoren, gainditu duten pertsonak, Ikerketa kriminaleko espezialitatea eskatzen den lanpostuetara atxikituak izango dira behin-behinekotasunez Giza Baliabideen Zuzendaritzaren bitartez.

Aldi berean, Ikerketa Kriminaleko ikastaroa gainditu duten pertsonek lanpostu horiek betetzeko jasotako prestakuntza eta ezagutzak eskatzen diren lanpostu huts guztietarako eskaera egin beharko dute lehenengo egiten den deialdian, 4/1992 Legaren 65. artikuluan bildutako ohiko sistemen edo 72. artikuluan bildutako ohiz kanpoko sistemaren bitartez. Horrela egin ezean, deitutako edozein lanpostutara atxikitua izan daiteke ezinbestean. Azken kasu honetan ez da izango inolako diru-konpentsaziorik.

6.– Ebazpen honen kontra, administrazio bideari amaiera ematen diona, interesdunek Polizia eta Larrialdietako euskal Akademiako zuzendari nagusiari Aukerako Berraztertzeko Errekurtsoa jarri ahal izango diote argitaratzen den biharamunetik hasita hilabeteko epean, edota zuzenean aurka egin administrazioarekiko auzietarako orden jurisdikzionalari argitaratzen den biharamunetik hasita bi hilabeteko epean. Azkeneko hau aukeratuz gero, administrazioarekiko auzietarako epaitegien lurralde-eskumenen arauak errespetatu beharko dira, Administrazioarekiko Auzigaietako Jurisdikzioari buruzko uztailaren 13ko 29/1998 legearen 14. artikuluan jasotakoak.

Deialdi honetatik, Epaimahai Kalifikatzaileen jardueratik eta Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko organoetatik ondorioztatzen diren egintza administratibo guztiak aurkatu ahal izango dituzte interesatuek, administrazio prozedura erkideari buruzko arautegian ezarritako era eta kasuetan.

Arkauti, 2014ko apirilaren 11.

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusia,

MALENTXO ARRUABARRENA JULIÁN.

I. ERANSKINA

Ebazpena, 1994ko urtarrilaren 4koa, Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko zuzendariarena, Ertzaintzaren oinarrizko eskalako kideentzat ikerketa kriminaleko oinarrizko ikastaroan sartzeko hautaketa probak deitzen dituena (1994ko EHAA, 4. zk.).

Ebazpena, 1995eko azaroaren 21ekoa, Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko zuzendariarena, Ertzaintzaren Oinarrizko Eskalako karrerako funtzionarioentzat Ikerketa Kriminaleko Oinarrizko Ikastaroan sartzeko oposizio-lehiaketarako deia egiten duena (1995eko abenduaren 22ko EHAA, 243. zk.).

Ebazpena, 1996ko abenduaren 19koa, Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko zuzendariarena, Oinarrizko Eskalako karrerako funtzionarioentzat Ikerketa Kriminaleko Oinarrizko Ikastaroan sartzeko oposizio-lehiaketarako deia egiten duena (1997ko urtarrilaren 14ko EHAA, 8. zk.).

Ebazpena, 1997ko otsailaren 21ekoa, Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko zuzendariarena, Argiketetan Espezializatzeko Ikastaroa egin eta Espezialitate horretan plaza jabetzan betetzen duten Ertzaintzaren Oinarrizko Eskalako karrerako funtzionarioentzat Ikerketa Kriminaleko Oinarrizko Ikastaroan sartzeko oposiziorako deia egiten duena (1997ko martxoaren 3ko EHAA, 42. zk.).

Ebazpena, 1998ko urtarrilaren 16koa, Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko zuzendariarena, Ertzaintzaren Oinarrizko Eskalako karrerako funtzionarioentzat Ikerketa Kriminaleko Oinarrizko Ikastaroan sartzeko oposizio-lehiaketarako deia egiten duena (1998ko otsailaren 11ko EHAA, 28. zk.).

Ebazpena, 2003ko martxoaren 10ekoa, Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko zuzendariarena, Ertzaintzaren Oinarrizko Eskalako agente Kategoriako karrerako funtzionarioentzat Ikerketa Kriminaleko Oinarrizko Ikastaroan sartzeko hautaketa prozedurarako deia egiten duena (2003ko apirilaren 12ko EHAA, 79. zk.).

Ebazpena, 2007ko otsailaren 13koa, Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko zuzendariarena, Ertzaintzaren Oinarrizko Eskalako agente Kategoriako funtzionarioentzako Orotariko Ikerketa Kriminalari buruzko I. Ikastaroan sartzeko hautaketa-prozedurarako deia egiten duena (2007ko otsailaren 23ko EHAA, 39. zk.).

Ebazpena, 1996ko uztailaren 24koa, Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko zuzendariarena, Krimen Ikerketarako ofizial-ondoko izateko, Ertzaintzako Ikuskaritza Eskalako ofizial-ondokoei espezializazio ikastarora sartzeko oposaketarako deia egiteko dena (1996ko irailaren 6ko EHAA, 172. zk.).

Ebazpena, 2012ko ekainaren 29koa, Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko zuzendariarena, Ertzaintzaren ikuskapen eskalako eta oinarrizko eskalako funtzionarioentzat Ikerketa Kriminaleko Ikastaroan sartzeko hautaketa prozedurarako deia egiten duena (2012ko uztailaren 10eko EHAA, 134 zk).

II. ERANSKINA
GAI-ZERRENDA

1.– Zigor Zuzenbidea. Zigor Kodeari buruzko azaroaren 23ko 10/1995 Lege Organikoa.

Atal orokorra

– Arau-hauste penala: delituak eta faltak.

– Delituaren egikaritze-mailak.

– Erantzukizun kriminaletik salbuesten duten kausak.

– Erantzukizun kriminala arintzen duten inguruabarrak.

– Erantzukizun kriminala larritzen duten inguruabarrak.

– Ahaidetasun-inguruabar mistoa.

– Delitu eta faltengatik erantzukizun kriminala duten pertsonak.

Aparteko atala. Delituak.

– Giza hilketak eta erak.

– Lesioak.

– Askatasunaren aurkako delituak.

– Sexu-askatasun eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delituak.

– Ondarearen eta gizarte- eta ekonomia-ordenaren aurkako delituak.

– Faltsutzeak.

Aparteko atala. Faltak.

– Pertsonen aurkakoak.

– Ondarearen aurkakoak.

2.– Prozesal Penala. Prozedura Kriminalaren Legea.

– Epaileen eta epaitegien eskumenak.

Prozesal Penala. Botere Judizialari buruzko 6/1985 Lege Organikoa.

– Organo Jurisdikzionalen eskumenak.

– Probintzia auzitegiak.

– Instrukzioko epaitegiak.

– Zigor-arloko epaitegiak.

– Bake-epaitegiak.

3.– Euskal Herriko Poliziari buruzko uztailaren 4/1992 Legea.

Kode Deontologikoa.

4.– Emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legea

Atariko titulua

– Legearen xedea.

– Legearen aplikazio-eremua.

– Printzipio orokorrak.

I. Titulua. Eskumenak, eginkizunak, antolaketa eta finantzaketa.

– Eskumenak eta eginkizunak.

– Euskal Herri-administrazioen arteko erakunde antolaketa eta koordinazioa: Berdintasunerako erakundeak. Berdintasunerako Unitateak. Koordinazio-organoak.

II. Titulua. Euskal Herri-administrazioen eta aginteen jarduketan genero ikuspegia integratzeko neurriak.

– Plangintza.

– Estatistikak eta azterlanak.

– Langileen gaikuntza.

– Administrazioaren araudian eta jardueran berdintasuna sustatzeko neurriak.

III. Titulua. Zenbait esku-hartze arlotan berdintasuna sustatzeko neurriak.

– Emakumeen aurkako indarkeria: Ikerketa, prebentzioa eta prestakuntza. Etxeko tratu txarren eta sexu-erasoen biktimentzako arreta eta babesa.


Azterketa dokumentala