Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

112. zk., 2014ko ekainaren 16a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Izendapenak, egoerak eta gorabeherak

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
2625

AGINDUA, 2014ko ekainaren 11koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, zeinen bidez argitaratzen baitira Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren menpe dauden Maisu-maistren kidegoko irakasle funtzionarioak lekuz aldatzeko lehiaketan esleitutako behin betiko destinoak.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Langileak Kudeatzeko zuzendariaren 2014ko maitzaren 7ko Ebazpenaren bidez argitara eman ziren Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren menpeko Maisu-maistren Kidegoko funtzionario irakasleen arteko 2013-2014ko lekualdatze-lehiaketan esleitutako behin-behineko destinoak.

Ebazpen horren kontra aurkeztu diren erreklamazioak aztertu dira, eta onartu diren uko egiteak sartu dira. Halaber, behin-behineko esleipenaren ondoren sartu egin dira behin betiko merituen baremoan egon diren aldaketak, aurkeztu diren hainbat gorako errekurtso onartu izanagatik.

Euskal Autonomia Erkidegoko irakasleen kidegoetako langile funtzionarioen arteko lekuz aldatzeko lehiaketarako deia egiten duen Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren 2013ko azaroaren 28ko Aginduaren hogeita batgarren oinarrian aurreikusitakoarekin bat etorriz (2013ko abenduaren 2ko EHAA), honako hau

XEDATZEN DUT:

Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoko Maisu-maistren kidegoko irakasle funtzionarioak lekuz aldatzeko lehiaketan esleitutako behin betiko destinoak onartzea, segidako zerrendetan agertzen diren bezala:

I. eranskina, destinoa esleitu zaien Maisu-maistren kidegoko karrerako funtzionarioen parte-hartzaileen zerrenda.

II. eranskina, destinoa esleitu zaien Euskal Autonomia Erkidegoko Maisu-maistren kidegoan sartzeko hautaketa-prozeduretan hautatuak izan diren parte-hartzaileen zerrenda, ikasturte honetan praktikaldian daudenak. Pertsona horiek guztiak praktikaldiko funtzionario izendatzeko Aginduan esleitutako zerrenda-hurrenkeraren arabera ordenatuta daude. Bigarren eranskinean esleitutako destinoak emateko, behar izanez gero, praktikaldia gainditu eta karrerako funtzionario izendatu beharra dago.

Bigarrena.– Aipatutako eranskinak www.irakasle.net webgunean jartzeko agintzea, agindu hau EHAAn argitaratzen den egunetik aurrera ikusgai egon daitezen. Aipatutako lekuan erakusgai jarriko da, orobat, ukoen eta baietsitako, ezetsitako eta partzialki baietsitako erreklamazioen zerrenda alfabetikoa, bai eta ezetsitako arrazoiak aipatuko dira ere.

Hirugarrena.– Izendapenek ondorio ekonomiko eta administratiboak izango dituzte, 2014ko irailaren 1etik hasita; eta jatorrizko ikastegietako kargu-kentzeek, ordea, 2014ko abuztuaren 31ko ondorioak izango dituzte.

Laugarrena.– Indargabeturik geratuko dira Maisu-maistrei akats baten ondorioz esleitutako destinoak, baldin eta deialdietan parte hartzeko eskakizunak betetzen ez badituzte. Agindu honen eranskinetan agertu arren eta are lanpostuez jabetu arren, ez da aurretiaz pentsatu behar deialdiaren eskakizunak betetzen direla.

Bosgarrena.– Agindu honetan esleitutako destinoei ezin izango zaie uko egin. Aitzitik, irakasle kidego batean baino gehiagotan parte hartu eta destino bat baino gehiago lortu badira, 2014-2015 ikasturtean jardun nahi den destinoa hautatu beharko da, EHAAn behin betiko destinoen esleipenaren Agindua publikatu osteko hamar egun naturaletan. Hala egin ezean, jardun aktiboan egonda parte hartu den kidegoari dagokion lanpostua hartu beharko da jabetzan. Eskaerarik izan ez duten lanpostuak plaza huts joko dira eta hezkuntza administrazioek erabakitako araudiari jarraituz beteko dira.

Seigarrena.– Lekuz aldatzeko lehiaketa horretan parte hartutako Maisu-maistrek, alegatutako merezimenduak egiaztatzeko jatorrizko dokumentazioa aurkeztu badute, lehiatu diren Hezkuntza Saileko lurralde-ordezkaritzan berreskuratu ahal izango dute dokumentazio hori, bai bertara joanda, bai baimendutako pertsona bat hara bidalita. Horretarako, agindu honen aurkako administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezteko bi hilabeteko epea bukaturik egon beharko da.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko ekainaren 11.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.


Azterketa dokumentala