Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

112. zk., 2014ko ekainaren 16a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

INDARGABETUTAKO XEDAPENA

BESTELAKO XEDAPENAK

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
2627

AGINDUA, 2014ko maiatzaren 19koa, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuarena, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuaren agindu bat aldatzen duena. Azken agindu horren bidez, zenbait kidegotan lanpostuak betetzeko, bitarteko funtzionarioak aukeratu, proposatu eta izendatzen dira, honako kidego hauetan: Auzitegiko Medikuen Kidegoan, Prozesu eta Administrazio Kudeaketako Kidegoan, Prozesu eta Administrazio Izapidetzako Kidegoan eta Laguntza Judizialeko Kidegoan.

Justizia Administrazioarentzat lan egiten duten funtzionarioen kidegoetako plantilla organikoetan izaten diren lanpostu hutsak ahalik eta azkarren betetzeko, eta prozesuen eta espedienteen izapidetzearen iraunkortasuna eta eraginkortasuna bermatzeko, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuak 2010eko irailaren 16ko Agindua eman zuen, Auzitegiko Medikuen Kidegoan, Prozesu eta Administrazio Kudeaketako Kidegoan, Prozesu eta Administrazio Izapidetzako Kidegoan eta Laguntza Judizialeko Kidegoan dauden lanpostu hutsak betetzearren, bitarteko funtzionarioak aukeratu, proposatu eta izendatzeari buruzkoa. Agindu horrek kidego horietako lan-poltsen eraketa eta funtzionamendua arautu zuen.

Bestalde, lan-poltsen kudeaketan lortutako esperientzian oinarrituta, egokitzat jo dugu kudeaketa hori hobetzen lagunduko duten hainbat aldaketa sartzea. Ildo horretatik, poltsetako hautagaien prestakuntza dela eta ez dela, 7. artikuluaren 7. atalari emandako idazketa berria nabarmendu behar da, horren arabera, Justizia Administrazioan sekula lan egin ez duten poltsetako hautagai guztiek prestakuntza orokorreko on line ikastaro bat egin beharko baitute, nahitaez. Gainera, Prozesu eta Administrazio Kudeaketako Kidegoko, Prozesu eta Administrazio Izapidetzako Kidegoko eta Laguntza Judizialeko Kidegoko hautagaiek egiaztatu beharko dute jurisdikzio zibileko ordenan edo zigor arlokoan ezagutzak dituztela, jurisdikzio zibilean edo penalean lan egin ahal izateko. Era berean, lan-poltsako berehalako bajari loturik, aldaketa bat sartu da, aldi baterako lan-ezintasun bidez egiten den izendapenari uko egiten zaion kasurako.

Aurrekoari jarraituz, eta Botere Judizialaren Legean, Justizia Administrazioaren zerbitzura diharduten funtzionarioen sarbidea, lanpostuen betetzea eta lanbide-sustapena arautzeko Erregelamenduan ezarritakoarekin bat etorriz, eta Herri Administrazio eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 188/2013 Dekretuaren 3. artikulua betez, Euskal Herrian destinoa duten langileen izenean Justizia Administrazioaren zerbitzuko Negoziazio Mahaian ordezkaririk duten sindikatuekin negoziatu eta gero, Justizia Auzitegi Nagusiko Gobernu Salari nahiz Gobernuko idazkariari entzun ondoren eta Botere Judizialeko Kontseilu Nagusiak txostena eman eta gero, honako hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– Justizia eta Herri Administrazioko sailburuaren 2010eko irailaren 16ko Agindua aldatzea. Agindu haren bidez, bitarteko funtzionarioak aukeratu, proposatu eta izendatzen dira, Auzitegiko Medikuen Kidegoan, Prozesu eta Administrazio Kudeaketako Kidegoan, Prozesu eta Administrazio Izapidetzako Kidegoan eta Laguntza Judizialeko Kidegoan lanpostuak betetzeko.

Bat.– 3. artikuluko hirugarren paragrafoari idazketa berri bat ematen zaio. Honela geratuko da:

«Kidego bakoitzerako baldintza berezi bezala eskatuko da eskabideak aurkezteko epea bukatu baino lehen jarraian adierazten diren titulazioak edukitzeko edo, bestela, horiek lortzeko moduan egoteko, eta atzerrian lorturiko titulazioei dagokienez, homologazioa egiaztatzen duen ziurtagiriaren jabea izan beharko da hautagaia. Hauek dira eduki beharreko titulazioak:

a) Auzitegiko Medikuen Kidegorako: Medikuntzan lizentziatua.

b) Prozesu eta Administrazio Kudeaketako Kidegoan sartzeko: Unibertsitateko diplomatuaren, ingeniari teknikoaren, arkitekto teknikoaren titulua edo baliokidea.

c) Prozesu eta Administrazio Izapidetzako Kidegoan sartzeko: Batxiler-titulua edo baliokidea.

d) Laguntza Judizialeko Kidegoan sartzeko: DBHko graduatu titulua edo baliokidea.

Gainera, Prozesu eta Administrazio Kudeaketako eta Prozesu eta Administrazio Izapidetzako kidegoetako lan-poltsetako hautagaiek egiaztatu beharko dute informatika baliabideak erabiltzen badakitela eta horietan jardun dutela eta horretarako nahikoa izango da azken urtean Justizia Administrazioko kidego horietan aritu izana edo beste administrazio batean administrari laguntzaile moduan. Halaber, balio izango du azken urtean herri-administrazioetan sartzeko hautaketa probetan mekanografiako probak edo baliabide ofimatikoen erabilpenari buruzkoak gainditu izanak edo, prestakuntzako zentro ofizial batek emandako titulua aurkezteak».

Bi.– 7. artikuluko 7. paragrafoari idazketa berri bat ematen zaio. Honela geratuko da:

«7.– Poltsetako hautagaiek nahitaez prestakuntza orokorreko on line ikastaro bat egin beharko dute, sekula Justizia Administrazioan lan egin ez badute.

Gainera, Prozesu eta Administrazio Kudeaketako edo Prozesu eta Administrazio Izapidetzako kidegoetan sartzeko hautagaiek artikulu honetako 8. idatzi-zatiko ikastaroak egin beharko dituzte, jurisdikzio zibileko ordenan (lan arlokoa, administrazioarekiko auzien arlokoa) edo zigor arlokoan lan egiteko deituak izan aurretik.

Justizia Administrazioko Zuzendaritzak antolatuko du prestakuntzako ikastaroa eta derrigorrezko proba baten bitartez ebaluatuko da gai edo ez gai kalifikazioaz. Hautagaiari ez zaio dei egingo baldin eta prestakuntzako ikastaroa gainditzen ez badu».

Hiru.– 8. artikuluko 7. paragrafoari idazketa berri bat ematen zaio. Honela geratuko da:

«8.– Prozesu eta Administrazio Kudeaketako edo Prozesu eta Administrazio Izapidetzako kidegoetan sartzeko hautagaiek jurisdikzio zibileko ordenako (lan arlokoa, administrazioarekiko auzien arlokoa) edo zigor arloko lanpostuetarako izendatuak izateko, segidako bideren bat erabiliz egiaztatu behar dute jurisdikzio zibileko ordenako (lan arlokoa, administrazioarekiko auzien arlokoa) edo zigor arloko ezagutzak badituztela:

– 6 hilabetez lanean ibili izana, jurisdikzio-ordena hauetako bakoitzean, bitarteko funtzionario gisa Prozesu eta Administrazio Kudeaketako edo Prozesu eta Administrazio Izapidetzako kidegoetan, deialdia argitaratu aurreko bi urteotan, edo

– 6 hilabetez lanean ibili izana, jurisdikzio-ordena hauetako bakoitzean, bitarteko funtzionario gisa Prozesu eta Administrazio Kudeaketako edo Prozesu eta Administrazio Izapidetzako kidegoetan, deialdia argitaratu zen egunetik eta izendapena egin aurretik, edo prestakuntza zibil edota penaleko ikastaroa egin izana, deialdia izan baino lehenago.

Justizia Administrazioko Zuzendaritzak antolatuko du prestakuntzako ikastaroa eta derrigorrezko proba baten bitartez ebaluatuko da gai edo ez gai kalifikazioaz. Hautagaiari ezin zaio jurisdikzio-orden horietarako deitu baldin eta dagokion ikastaroa gainditzen ez badu».

Lau.– 11. idatzi-zatia eransten zaio 7. artikuluari:

«11.– Kudeaketa-arduradunen lanpostuak betetzeko deialdia hutsik geratzen bada, Justizia Administrazioko Zuzendaritzak, prestakuntza berezia eta lanpostuan duen esperientzia kontuan harturik, Prozesu eta Administrazio Kudeaketaren lan-poltsako lehenengo bitarteko funtzionarioa hautatu ahal izango du, lurralde-eremu horretan baldintzak betetzen dituena».

Bost.– i) letrari beste idazketa bat ematen zaio, eta m) atala eransten zaio 8. artikuluaren 1. idatzi-zatiari. Honela geratuko da:

«i) Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioaz kanpo lanean jardutea, edota arlo pribatuan nahiz publikoan».

«m) Praktikaldiko funtzionario izendatu izana».

Sei.– b) letrari beste idazketa bat ematen zaio, eta h) letra eransten zaio 10. artikuluari. Honela geratuko da:

«b) Lanpostuen eskaintza zehatza egiten den unean ez adierazi 8.2 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz uko egiteko arrazoitutako zergatirik, alegia, gutxienez eskaintza hori egin aurreko egunean hasitako zergatirik, salbu eta gaixotasun larri baten edo istripu baten ondorioz aldi baterako ezintasuna gertatzen den kasuetan, kasu horiek sail honetako Prebentzio Zerbitzuak baloratuko baititu, lanpostuen eskaintza zehatza egiten den egunean gertatzen badira. Arrazoitzeko dokumentazioa 10 eguneko epean bidali beharko da».

«h) Praktikaldiko funtzionario izendatu izana».

Zazpi.– 13. artikuluko 1. eta 2. idatzi-zatiei idazketa berri bat ematen zaie. Honela geratuko dira:

«1.– Baldin eta funtzionario titular batek hartzen badu bitarteko funtzionario bat betetzen ari zen plaza bat, bitarteko funtzionarioa bertatik berehala kenduko da, ondorioak titularrak hartu aurreko egunekoak direlarik.

Bitarteko funtzionario bat baino gehiago baldin badago, lan-poltsaren hurrenkeran leku atzeratuena duenak utziko du lanpostua, lanpostu huts edo bete gabeko batean daudenen artean.

Lanpostu-zerrendak ezarri eta gero, funtzionario titular bat lanean hasten den lanpostuaren dotaziotik kenduko da bertan lanean ari zena».

«2.– Bitarteko funtzionarioaren izendapena lanpostua betetzen duena ez dagoelako egin bada (lizentzia edo baimena duelako, eszedentzian dagoelako –lanpostua gordeta–, zerbitzu-eginkizunetan dagoelako edo ordezkapena egin delako), ordezkatua den funtzionarioa lanera itzuli aurreko eguneko ondorioekin kenduko da plaza horretako bitarteko funtzionarioa; edo bestela, ordezkatua den funtzionarioak baimena (Norberaren gauzak egiteko baimena edo oporrak hartzekoa) hasi aurreko egunean.

Justizia Administrazioko Zuzendaritzak baimena eman ondoren, eta bitarteko funtzionarioak izendatzeko, ordezkapenak egiteko eta laguntzeko funtzionarioak hartzeko baldintzak betetzen badira, organo berean eta kidego bererako, aurreko ataletan xedatutakoaren ondorioz lanpostua utzi behar izan duen bitarteko funtzionarioa berriro izendatu ahal izango da».

AZKEN XEDAPENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko maiatzaren 19a.

Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,

JOSU IÑAKI ERCORECA GERVASIO.


Azterketa dokumentala