Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

112. zk., 2014ko ekainaren 16a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
2628

86/2014 DEKRETUA, ekainaren 3koa, zeinen bidez baimena ematen baitzaio, batetik, Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea S.A. sozietateari Sprilur, S.A. sozietatearen kapital-gehikuntzan parte hartzeko, eta bestetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari, lehentasunezko harpidetza-eskubideari uko egiteko.

2014ko apirilaren 29ko bilkuran, Sprilur S.A. sozietatearen Administrazio Kontseiluak Akziodunen Batzar Orokorrari sozietatearen kapitala zabaltzeko (9.250.000) euro proposamena egitea erabaki zuen.

Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A. sozietatearen Administrazio Kontseiluak, 2014ko apirilaren 30ean egindako bileran, Eusko Jaurlaritzara jotzea erabaki zuen, Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A. sozietateari buruzko 5/1981 Legearen 4. artikuluko 2. puntuan jasotakoaren arabera, baimena eman diezaion, Sprilur, S.A. sozietatearen kapital-gehikuntzan parte hartzeko, akzioak harpidetuz. Guztira, bederatzi milioi berrehun eta berrogeita hamar mila (9.250.000) euro harpidetuko dira, eta hori % 100eko partaidetza da.

Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A. sozietateari buruzko ekainaren 10eko 5/1981 Legearen 4.2 artikuluak dioenez, sozietateak parte hartu ahal izango du interes bereziko enpresen sozietate-kapitalean. Horretarako, lehenago Eusko Jaurlaritzak horretarako baimena eman beharko du, eta kasu bakoitzean zehazten diren baldintzetan.

Sprilur, S.A. sozietatearen xedea da azterlanak egitea, urbanizatze ekintzetan jardutea eta haren ondoriozko obra eta zerbitzuak kudeatu, ustiatu eta artatzea. Hori guztia Euskal Autonomia Erkidegoko lurra eta industria eraikinak sustatzeko, zuzenean edota xede bereko beste sozietate batzuen bidez.

Ondorioz, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren eta Ogasun eta Finantzetako sailburuaren proposamenez, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2014ko ekainaren 3an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A.ri baimena ematea Sprilur, S.A. sozietatearen kapital-gehikuntzan parte hartzeko. Gehikuntza bederatzi milioi berrehun eta berrogeita hamar mila (9.250.000) eurokoa da. Halaber, baimena ematen zaio aipatu partaidetza ordaintzeko harpidetzeko unean. Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A.k Sprilur, S.A.n izango duen partaidetza % 92,63koa izango da.

2. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari baimena ematea lehentasunezko harpidetza-eskubideari uko egiteko, Sprilur, S.A. sozietatearen kapital-gehikuntzan.

3. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren titularitatekoak diren akzioen ordezkariei baimena ematea kapital-gehikuntzaren ondorioz Sprilur, S.A. sozietatearen estatutuen aldaketa onartzeko.

4. artikulua.– Ondare eta Kontratazioko zuzendariari ahalmena ematea aurreko artikuluetan xedatutakoa betetzeko beharrezkoak diren jarduerak gauzatzeko eta agiriak izenpetzeko.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu hau onartzen den egunean sartuko da indarrean.

Busturian, 2014ko ekainaren 3an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

Ogasun eta Finantzetako sailburua,

RICARDO GATZAGAETXEBARRIA BASTIDA.


Azterketa dokumentala