Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

112. zk., 2014ko ekainaren 16a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
2629

EBAZPENA, 2014ko maiatzaren 30ekoa, Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendariarena, Meatzaldeko Behargintza, S.L. delakoari profesional baimenduak prestatzeko erakunde aitortu gisa duen baimena zabaldu eta espezialitate berrietan jarduteko baimena ematen diona.

Esp. zk./ Gaia: SEG/0023/2014.

AURREKARIAK

1.– 2013ko apirilaren 15eko Industria eta Energia sailburuordearen Ebazpenaren bidez, Meatzaldeko Behargintza, S.L. delakoa galdaren industria-operadore espezialitatean profesional baimenduak prestatzeko erakunde aitortutzat jo zen.

2.– Meatzaldeko Behargintza, S.L. delakoaren ordezkaritzak, 2014ko martxoaren 18an, eskabidea aurkeztu zuen profesionalak prestatzeko erakunde aitortu gisa daukan baimena zabaltzeko, ondorengo espezialitateetan norbanakoaren kualifikazio agiria lortzera zuzenduta dauden trebakuntza ikastaroak emateko:

– Barruko ur-instalazioak: IA.

– Instalazio termikoak eraikinetan: IMT.

– Gas instalazioak: IGA, IGB eta IGC.

– Petrolio ekoizkin likidoak: ICL 1, ICL 2 eta RCL 3.

– Edozein fluordun gas karga daukaten hozkailu ekipoen maneiatzailea (GF1).

– 3 kg baino gutxiagoko fluordun gas karga daukaten hozkailu ekipoen maneiatzailea (GF2).

– Salgai hoztuen garraiorako 3 kg baino gutxiagoko fluordun gas karga daukaten hozkailu ekipoen maneiatzailea (GF2e).

– Fluordun gas karga daukaten ibilgailuen girotze ekipoen maneiatzailea (GF3).

– Fluordun gasak itzaltzaile bezala erabiltzen dituzten suteen aurkako babes sistemen maneiatzailea (GF4).

– Fluordun gasak dauzkaten disolbatzaileen eta horiek erabiltzen dituzten ekipoen maneiatzailea (GF5).

–Goi tentsioko kommutazio ekipoen sufre hexafluoruroa berreskuratzeko gaitutako maneiatzailea (GF6).

3.– Eskabide horrekin batera, martxoaren 14ko 63/2006 Dekretuak, industria-segurtasunaren alorrean, norbanakoaren prestakuntzako txartelak eta enpresa baimenduak arautzen dituenak, bere V. kapituluan aurreikusitako eskakizun eta baldintzak betetzen dituela egiaztatu nahian, zenbait agiri atxiki zaizkio espedienteari, eta bereziki:

– Entitatearen identifikazio-datuak; honako helbide honetan dauka egoitza: Geltokiaren Etorbidea 14, behea, Ortuella, 48530 Bizkaia.

– Prestakuntza-jarduerak gauzatzeko entitateak dituen giza baliabideen deskribapena.

– Garatuko diren ikastaroei buruzko zehaztapenak, gaiak, metodologia, antolakuntza eta ebaluazio-sistemak xehetasunez azalduta daude.

– Entitateak ikastaroak emateko dauzkan baliabideen ezaugarrien azalpena.

– Eskatzaileak eta Ortuellako Udalak izenpetutako hitzarmena indarrean dagoela ziurtatzen duen agiria; hitzarmen horren bidez, Meatzaldeko Lanbide Hastapeneko Zentroa osatzen duten eraikinen erabilera lagatzen da.

– Erakunde eskatzaileari Ortuellako Udalak Ortuellako Kultur Etxeko zenbait udal instalazio ikastaroak emateko erabiltzeko eman dion baimenaren ziurtagiria.

4.– Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzako buruak, 2014ko maiatzaren 9an, Meatzaldeko Behargintza, S.L. delakoak erakunde aitortu gisa daukan baimena zabaltzearen aldeko txostena egin zuen, baina ondorengo espezialitateetarako bakarrik:

– Barruko ur-instalazioak: IA.

– Instalazio termikoak eraikinetan: IMT.

– Gas instalazioak: IGA, IGB eta IGC.

– Petrolio ekoizkin likidoak: ICL 1, ICL 2 eta RCL 3.

Txostenean zehazten denez, baimena zabaltzearen aldeko zentzua aipatu diren espezialitateetara murrizten da zeren eta eskatzaileak, fluordun gasen maneiatzaile ziurtagiriak lortzera bideratuta dauden ikastaroak emateko baliabide tekniko eta material egokiak dauzkanik ezin izan da egiaztatu.

Espedientea ebazterakoan beharrezkoa da honako hauek aintzat hartzea eta aipatzea:

ZUZENBIDEZKO OINARRIAK

1.– Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 190/2013 Dekretuaren 13. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendariari dagokio ebazpen hau ematea.

2.– Meatzaldeko Behargintza, S.L. delakoak garatu beharreko ikastaroei buruzko nahiko azalpen aurkeztu da, eta gai-zerrendak, metodologia, antolakuntza eta ebaluatzeko aurreikusitako sistemak zehaztu dira.

Halaber, behar bezala justifikatu dira baimen zabaltzea eskatzen den espezialitate ezberdinetan ikastaroak emateko erakundeak dituen giza baliabideak.

3.– Eskatzaileak aurkeztutako agiriei jarraituz, Meatzaldeko Behargintza, S.L. delakoak baditu industria-segurtasunaren alorrean norbanakoaren prestakuntzako txartela eta enpresa baimenduak arautzen dituen martxoaren 14ko 63/2006 Dekretuaren 22. artikuluan gutxienekoz eskatzen diren instalazioak; eta instalazio horiek Bizkaiko Lurralde Historikoan daude.

4.– Gas fluordunen maneiatzaile prestakuntzari dagokionean 795/2010 Errege Dekretuak, ekainaren 16koak, fluor-gasak eta horiek erabiltzen dituzten ekipoak merkaturatzeko eta manipulatzeko, eta profesional erabiltzaileentzako egiaztagiria arautzen dituenak, bere 8. artikuluko 2 paragrafoan zehazten duenaren arabera, administrazioak prestakuntza erakundeak baimendu ahal izango ditu «irakasle eta baliabide tekniko eta material egokiak dauzkatela egiaztatu ondoren».

Lurralde Ordezkaritzak bere txostenean dioenez, irakasleei buruz egiaztapen hori gauzatu da, baina ez baliabide tekniko eta materialei buruz, beraz eskatzailea ezin da baimendu gai horietan ikastaroak emateko, hartara eragotzi gabe, baliabide horiek erabilgarri dituela behar bezala egiaztatzen duenean, baimena emateko aukera.

5.– Labur esanda, martxoaren 14ko 63/2006 Dekretu horretan ezarritakoari jarraituz izapidetu da prozedura, eta erakunde eskatzaileak, bere aldetik, dekretu horren 25. artikuluan jasotako egiaztagiri nahikoa aurkeztu ditu.

Aipatutako lege-manuak eta oro har eta gai honetan aplikatzekoak diren gainerako xedapen guztiak aintzat hartuta, honako hau

EBAZTEN DUT:

1.– Bat aurrekarian aipatutako Industria eta Energiako sailburuordearen 2013ko apirilaren 15eko ebazpenaren bidez Meatzaldeko Behargintza, S.L. erakundeak zeukan baimena zabaltzea; horrela, bada, gaurtik aurrera, ondoren zehazten diren espezialitateetan ere erakunde aitortua izango da:

– Barruko ur-instalazioak: IA.

– Instalazio termikoak eraikinetan: IMT.

– Gas instalazioak: IGA, IGB eta IGC.

– Petrolio ekoizkin likidoak: ICL 1, ICL 2 eta RCL 3.

2.– Baimendutako Profesionalak Prestatzeko Baimendutako Entitateen Erregistro Berezian, entitateari dagokion inskripzio-zenbakian, REFPA zk.: A-0108, espezialitate berriak inskriba daitezela xedatzea.

3.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dakioke Industriako sailburuordeari, jakinarazten denetik hilabeteko epearen barruan, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 107. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoarekin bat etorriz.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko maiatzaren 30a.

Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendaria,

JAVIER ZARRAONANDIA ZULOAGA.


Azterketa dokumentala