Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

112. zk., 2014ko ekainaren 16a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OSASUN SAILA
2636

AGINDUA, 2014ko ekainaren 3koa, Osasuneko sailburuarena, zeinen bidez iragartzen baita GIB/hiesa prebenitzeko eta kontrolatzeko bideratutako jarduerak EAEn egiten dituzten irabazi-asmorik gabeko ekimen sozialeko entitateei laguntzak emateko deialdia.

GIB/hiesaren alorrean irabazi-asmorik gabeko erakundeek EAEn gauzatutako jarduerak, herri-administrazioek burututako jarduerekin batera, ezinbesteko tresna izan dira infekzio horren transmisioa prebenitzeko eta birusa duten pertsonen egoera hobetzeko lanean.

Testuinguru horretan, Osasun Sailak aurrekontu-sail bat prestatzen du irabazi-asmorik gabeko erakundeei diru-laguntzak emateko, GIBak sorrarazitako infekzioa kontrolatzea eta prebenitzea xede duten proiektuak gauza ditzaten.

Deialdi honen bidez, interesa duten erakundeek diru-laguntzen programa honetako izapide guztiak modu telematikoan egiteko aukera eman eta sustatu nahi da. Hori ahalbidetzeko, prozedura bat sartuko da, honako arau hauei jarraikiz: 21/2012 Dekretua, otsailaren 21ekoa, Administrazio Elektronikoari buruzkoa; 59/2003 Legea, abenduaren 19koa, sinadura elektronikoarena, Informazioaren Gizarteari Bultzada emateko Neurrien abenduaren 28ko 56/2007 Legeak aldatua; 11/2007 Legea, ekainaren 22koa, herritarrek zerbitzu publikoetara sarbide elektronikoa izateari buruzkoa, eta 1671/2009 Errege Dekretua, azaroaren 6koa, aurrekoa garatzen duena; 72/2008 Dekretua, apirilaren 29koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen erregistroak sortzeari, antolatzeari eta funtzionatzeari buruzkoa; Informatika eta Telekomunikazioen zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpena, E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa –PLATEA– ezartzen duen dokumentua onartzen duena.

Horregatik, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Eremua, helburuak eta xedea.

Laguntzak iragartzen dira GIB/hiesa prebenitzeko eta kontrolatzeko bideratutako jarduerak EAEn egiten dituzten irabazi-asmorik gabeko ekimen sozialeko erakundeentzako, hain zuzen ere, 2014an, biztanleengan oro har eta kolektiborik kalteberenengan GIB bidezko infekzioa prebenitzeko eta kontrolatzeko jarduerak egiten dituztenak; laguntzon helburua da erakunde horiek, herri-administrazioek burutzen dituztenekin batera, jarduera horiek burutzen jarraitzea, izan ere, ezinbesteko tresna dira infekzio horren transmisioa prebenitzeko eta birusa duten pertsonen egoera hobetzeko.

2.– Deialdi honetako laguntzen onuradun izango dira:

a) Gizonezkoekin sexu-harremanak dituzten gizonezkoen kolektiboari bideratzen diren esku hartzeko proiektuak, ikusirik, kolektibo horretako GIBaren garrantzia epidemiologikoa egun.

b) GIBari dagokionean kalteberak diren bestelako kolektiboei bideratutako proiektuak, hala nola etorkinak, droga bide parenteralez erabiltzen dutenak eta prostituzioan jarduten dutenak.

c) GIBaren infekzioaren diagnostiko goiztiarrera bideratutako proiektuak.

d) Deialdi honen helburu eta xede bera duten bestelako proiektuak.

3.– Proiektuen balorazioa egingo da, deialdi honen helburuen arabera, proiektuok zer lehentasun duten zehazteko, agindu honen 12.1.a) artikuluan xedatutako irizpideei jarraikiz.

2. artikulua.– Zenbatekoa.

Agindu honen bidez iragarritako diru-laguntzak finantzatzeko, 300.000 euro (hirurehun mila euro) izango da, gehienez.

3. artikulua.– Entitate onuradunak.

Onuraduntzat hartuko dira GIB/hiesa prebenitzeko eta kontrolatzeko bideratutako jarduerak EAEn egiten dituzten irabazi-asmorik gabeko ekimen sozialeko erakundeak, hain zuzen ere, 2014an, biztanleengan oro har eta kolektiborik kalteberenengan GIB bidezko infekzioa prebenitzeko eta kontrolatzeko jarduerak egiteko asmoa dutenak eta egin egiten dituztenak.

Erakunde onuradunek egoitza edo ordezkaritza bat eduki beharko dute Euskal Autonomia Erkidegoan.

4. artikulua.– Gastu diruz lagungarriak.

1.– Ezin izango da proiektuaren aurrekontu osoaren % 80 baino gehiago eskatu.

2.– Laguntzak jarduerak ordaintzeko dira, eta ez dira erabiliko langile-egitura egonkorra mantentzeko edo elkarteen azpiegitura fisikoetan inbertitzeko.

3.– Diruz lagundu ahal izango dira diru-laguntza jaso duen programarekin erlazio zuzena eta objektiboa duten jarduerek eragindako gastuak, betiere behar bezala zehazten badira entitateak aurkeztutako proiektuan eta behar bezala justifikatzen badira faktura originalaren bidez. Aipatutako gastuak, diru-laguntza jaso baino lehenagokoak izan ahal izango dira, baina, betiere, 2014an eginak.

4.– Jarduera batean, diruz lagundu ahal izango dira, batetik, jarduera horretako dedikazioari dagokionean, erakundearen ordaindutako pertsonalarekin zerikusia duten kostuak, eta, bestetik, zeharkako kostuetarako eskatutakoak –zenbateko osoaren % 10, gehienez– (administrazioa, kudeaketa, bulegoko materiala, telekomunikazioak, ura, gasa, elektrizitatea eta, jarduera jakin bati zuzenean egotzi ezin bazaizkio ere, burutzen den diruz-lagundutako jarduera burutzeko beharrezko diren bestelako zerbitzuak).

5.– Ezin izango dira diruz lagundu finantza-gastuak, lizentziak, inbertsio-gastuak, berandutze-gainordainak eta zergak edo Gizarte Segurantza ez ordaintzeagatiko zehapenak.

5. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Erakunde interesdunek bitarteko elektronikoak erabiliz egin ahal izango dituzte eskabideak, kontsultak eta prozedura honetako izapide guztiak.

2.– Honako hauek arautzen dituzte izapide elektronikoak: 21/2012 Dekretua, otsailaren 21ekoa, administrazio elektronikoari buruzkoa; 72/2008 Dekretua, apirilaren 29koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzkoa, eta 2006ko otsailaren 9ko Ebazpena, Informatika eta Telekomunikazio zuzendariarena, PLATEA e-administraziorako plataforma teknologikoa ezartzen duen dokumentua onartzen duena.

3.– Eskabideen, erantzukizunpeko adierazpenen eta gainerako eredu guztien izapideak bertatik bertara edo modu elektronikoan egiteko argibideak, euskadi.net egoitza elektronikoan daude, honako helbide honetan, zehazki:

http://www.osakidetza.euskadi.net/r85-ckproc03/eu/contenidos/ayuda_subvencion/ayudas_as_sida_2014/eu_def/index.shtml

6. artikulua.– Eskaerak aurkezteko epea.

1.– Hilabetekoa izango da eskabideak aurkezteko epea, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariari helarazi behar zaio eskabidea (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).

2.– Eskabideak aurrez aurre aurkez daitezke Hiesa eta Sexu Transmisiozko Infekzioen Planaren bulegoetan (Nafarroa etorb. 14.8, Groseko Anbulatorioa, 20013 Donostia) eta Herritarrentzako Zerbitzuaren bulegoetan (Zuzenean), Eusko Jaurlaritzaren Osasun Saileko lurralde-zuzendaritzetan, edota Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean, atal guztiak behar bezala beteta, betiere. Eskaera-eredua arau honen I. eranskin gisa agertzen da, eta 5. artikuluan adierazitako euskadi.net-eko egoitza elektronikoan egongo da eskura.

Halaber, bitarteko elektronikoz ere aurkez daitezke eskabideak, aipatutako euskadi.net egoitza horren bidez.

3.– Erakunde eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dituzte eskabidea eta horri erantsi beharreko gainerako agiriak. Orobat, eskabidea aurkeztu eta ondorengo jarduketetan, eta prozedura osoan, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 6.1 artikuluak ezartzen duenari jarraituz.

7. artikulua.– Betebeharrak/betekizunak egiaztatzea.

1.– Laguntzen eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela egiaztatzen duen dokumentazioa automatikoki egiaztatuko du, behar beste aldiz, organo kudeatzaileak, eta horretarako ez du eskatzaileen baimenik beharko, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 50.3 artikuluaren 2. paragrafoak xedatzen duenari jarraikiz.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 50.1.bis artikuluan xedatutakoa betetzeko, honako betebehar hauek egiaztatu beharko dira erantzukizunpeko adierazpen baten bidez:

a) Beste edozein administraziok edo erakundek –publikoa zein pribatua– helburu bererako ematen dituen diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo bestelako baliabideak eskatuz eta, hala badagokio, eskuratuz gero, horren berri eman behar da.

b) Egiaztatu behar da erakundeak ez duela itzultze- edo zehapen-prozedurarik abian, edo horiek amaituta dituela; hortaz, diru-laguntza emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, amaituta egon beharko dute itzultze- edo zehapen-prozedurek.

c) Erakunde eskatzaileak ez duela zehapen administratibo edo penalik jaso eta laguntza edo diru-laguntza publikoak jasotzea galarazten dion legezko debekurik ez duela.

d) Erakundeak legez eratuta egon behar du, eta Euskal Autonomia Erkidegoko dagokion Erregistro Orokorrean behar bezala izena emanda.

Erakunde eskatzaileak edo horren ordezkari gisa diharduenak haren erantzukizunpean adierazi behar du egiazkoak direla eskabidean jasotako datuak, indarrean dagoen legediak eskubidea jasotzeko ezarritako eskakizunak betetzen dituela eta hori egiaztatzen duten dokumentuak dauzkala, eta, diru-laguntza emanez gero, horri dagokion aldian eskakizunok betetzen jarraituko duela.

Zinpeko adierazpen batean edo harekin batera aurkezten diren datu, adierazpen eta dokumentuetan funtsezko zehaztasun-gabeziaren bat, faltsukeriaren bat edo ez-egiteren bat badago, prozedura bertan behera geldituko da, gertakari horiek jakiten diren unetik, hargatik eragotzi gabe horrek ekar ditzakeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

Halaber, gorabehera horien berri jasotzen duen herri-administrazioak, hala badagokio, dirua itzultzera behar dezake interesduna ebazpen baten bidez, eta denbora jakin batean zehar xede bera duen beste prozedura bat eskatzeko debekua ezar diezaioke; hori guztia, aplikatzekoak diren arauetan ezarritakoari jarraikiz.

3.– Lehen aipatutako euskadi.net egoitza elektronikoan zehaztuko da nola egiaztatu behar diren gainerako eskakizunak.

8. artikulua.– Eskabideak eta aurkeztu beharreko agiriak.

1.– Erantzukizunpeko adierazpena barne hartzen duen duen eskaera agindu honen I. eranskinean dagoen inprimaki arautuan beteko da; 5. artikuluan adierazitako euskadi.net-eko egoitza elektronikoan ere egongo da eskuragarri izango da inprimakia.

2.– Eskabidearekin batera, honako agiri hauek aurkeztu behar dira:

a) Aurkeztutako egitasmoak GIB/hiesaren arloan izan dezakeen eragina azaltzen duen txostena: xedeak, nori zuzendua dagoen, hautatze-irizpideak, materiala eta metodoak, aurreikusitako emaitzak eta horiek baloratzeko erabiliko diren parametroak, egitasmoaren ardura izango dutenak eta eskatzaileek garrantzitsutzat jotzen duen oro.

b) Diruz laguntzeko eskatu eta 2014an egingo diren egitasmo eta jarduerentzako aurrekontu xehatua. Horretarako, II. eranskina beteko da.

c) Programa horiek finantzatzeko plana. Zehazki adieraziko da zein izango diren finantziazio-iturriak (izena emateko kuotak, eman diren edo ebazpenaren zain dauden beste laguntza publiko edo pribatu batzuk eta abar). Beste finantziazio-iturriren bat lortuz gero, horren berri emateko konpromisoa ere adierazi behar da.

d) Hirugarren interesdunaren datuen alta egiteko Eusko Jaurlaritzaren inprimakia, edo, hala badagokio, hirugarrenaren datuak aldatzeko eskabidearena, aurrez aurkeztu ez bada behintzat. Inprimaki hori eskuragarri dago euskadi.net egoitzan: http://www.euskadi.net/r33-2288/es/contenidos/autorizacion/alta_terceros/es_7999/alta_terceros.html

3.– Eskabidea bitarteko elektronikoz aurkezten duten erakundeek.pdf formatuan eskaneatuta aurkeztu ahal izango dituzte dokumentuak.

9. artikulua.– Aurkeztutako eskabideetan egindako akatsak zuzentzea.

Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71.1 artikuluari jarraikiz, ikusten bada aurkeztutako eskabideak ez dituela betetzen aurreko artikuluetan xedatutako eskakizunak, hamar egun balioduneko epea emango zaio erakunde eskatzaileari akatsa zuzen dezan edo aginduzko dokumentuak aurkez ditzan. Jakinarazten zaio, halaber, hori egin ezean, eskabidea bertan behera uzten duela ulertuko dela. Dena den, Osasuneko sailburuordeak ebazpen bat eman beharko du aurrez aipatutako lege horren 42. artikuluan aurreikusi bezala.

10. artikulua.– Eskabideak eta aurkeztutako agiriak balioestea.

1.– Laguntzak esleitzeko prozesuan, aurkeztutako proiektuak balioetsiko ditu batzordeak, zeinaren sorrera agindu honetako 13.1 artikuluan aurreikusia baitago.

2.– Balioespena 12. artikuluan zehazten diren irizpideen arabera egingo da. Horretarako, beharrezkotzat jotzen diren txostenak eta azalpenak eskatu ahal izango dira.

3.– Batzordeak balioespenari jarraikiz egingo duen proposamenean, honako hauek adierazi beharko ditu:

a) Diruz lagunduko diren elkarte eta egitasmoen zerrenda.

b) Proposatutako diru-laguntzen zenbateko osoa, zenbateko horren zer zati emango zaion diru-laguntza jasoko duen proiektu bakoitzari eta hori nola banatzen den programa osatzen duten partiden artean.

4.– Proiektu bat diruz lagungarri dela irizten bada, aurkeztutako aurrekontuaren eta, halakorik balego, beste finantziazio-iturrien arabera zehaztuko da laguntzaren zenbatekoa. Dena den, ezingo du aurrekontu horren % 80 gainditu. Erakundeak proiektu horretarako beste laguntzarik badu beste erakunde batzuengandik, helburu bererako eskuratuko dituen laguntzen guztirako zenbatekoak ez du gaindituko proiektuaren kostu osoa.

11. artikulua.– Diru-laguntzen bateragarritasuna.

Agindu honetan ezarritako araubidearen babesean emandako laguntzak bateragarriak izango dira helburu bererako emandako beste laguntza batzuekin.

Proiektu bera gauzatzeko zenbait finantzaketa-iturrik emandako laguntzen zenbatekoak proiektuaren beraren kostua gainditzen badu, gehiegizko zenbateko hori kenduko zaio agindu honen babesean emandako diru-laguntzaren zenbatekoari, guztirako zenbatekoa proiektuaren kostuarekin berdindu arte.

12. artikulua.– Proiektuak balioesteko irizpideak.

1.– Balioeste-irizpideek, dagokien haztapenarekin, eskabideen arteko hurrenkera bat ezartzea ahalbidetuko dute. Hauek dira balioeste-irizpideak: gehienez 100 puntu eskuratu ahal izango dira, eta, gutxienez, 50 puntu. 50 puntu baino gutxiago lortzen duten eskabideek ez dute diru-laguntzarik jasoko.

a) Deialdiaren helburuen arabera, lehentasunezko kolektibo eta edukien balioespena: 25 puntu, gehienez.

1) Gizonezkoekin sexu-harremanak dituzten gizonezkoen kolektiboari bideratzen diren esku hartzeko proiektuak, ikusirik, kolektibo horretako GIBaren garrantzia epidemiologikoa egun: 12 puntu.

2) GIBaren infekzioaren diagnostiko goiztiarrera bideratutako proiektuak: 6 puntu.

3) GIBari dagokionean kalteberak diren bestelako kolektiboei bideratutako proiektuak, hala nola etorkinak, droga bide parenteralez erabiltzen dutenak eta prostituzioan jarduten dutenak: 5 puntu.

4) Deialdi honen helburu eta xedera egokitzen diren bestelako proiektuak: 2 puntu.

b) Diseinuaren kalitate teknikoa, hau da, harreman koherentea egotea eraginpean jarri nahi diren faktoreen, lortu nahi diren helburu espezifikoen, helburu horiek eskuratzeko aurreikusitako jardueren eta helburu horiek lortzeko adierazleen ebaluazioaren artean: 20 puntu, gehienez.

c) Erakundearen ibilbidea eta esperientzia, eta proposatutako jarduera edo proiektuaren jarraipena: 20 puntu, gehienez.

d) Jardueraren diseinuan eta garapenean hainbat balio gehigarri sartuta egotea (ekintza boluntarioa, elkarri laguntzea, onuradunek parte hartzea esku-hartzearen diseinuan, kudeaketan eta ebaluazioan): 10 puntu, gehienez.

e) Jardueraren biztanle-estaldura (pertsona jasotzaile- edo onuradun-kopurua, zuzenean edo zeharka) eta desberdintasun sozioekonomikoei erantzutea: 10 puntu, gehienez.

f) Jarduera gizarte ekimeneko beste erakunde batzuekin, beste federazio edo instituzio batzuekin egitea, sareko lana indartuz: 5 puntu, gehienez.

g) Proposatutako jarduerak izaera berritzailea izatea, edo aurreko urtearekin alderatuta, hobekuntza berritzaileak sartzea proiektuan: 5 puntu, gehienez.

h) Ezarritako koordinazioa eta aurreikusitako sinergia, jardueraren eta osasun-esparruko eta/edo osasun- eta gizarte-esparruko prestazio, zerbitzu, jarduera eta politika publikoen artean: 5 puntu, gehienez.

2.– Diru-laguntza jaso ahal izateko, eskabideek gutxienez 32,5 puntu eskuratu beharko dute a), b) eta c) ataletako puntuazioa batuta. Atal horietako bakoitzak, bere aldetik, beste bi ataletako bakoitzaren puntuen erdiak izan beharko ditu, gutxienez.

13. artikulua.– Eskabideen prozedura eta balioespena.

1.– Aurkeztutako eskabideak balioesteko, dagokion balioespen-batzordea eratuko da, eta honako hauek izango dira kide: Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendaria –batzordeko presidente izango da–; Hiesaren eta Sexu Transmisiozko Infekzioen Prebentzioko Planaren arduraduna, eta Osasun Saileko lurralde-ordezkaritzetan Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariordeak. Kide anitzeko organoko idazkaritzari dagokionez, batzordeburuak batzordekideen artean izendatutako pertsonak beteko du.

2.– Balioespen-batzorde horretako osaera parekidea izatea zainduko da, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 3.7 artikuluan ezarritakoari jarraituz, zeinak baitio euskal aginte publikoek neurri egokiak hartu behar dituztela emakumeen eta gizonen presentzia orekatua lor dadin erabakiak hartzeko eremu guztietan.

3.– Epean eta modu egokian entregatutako dokumentazioaren arabera ebaluatuko ditu eskaerak balioespen-batzordeak.

4.– Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak, laguntzak kudeatzen dituen organo den heinean, eta balioespen-batzordeak beharrezko irizten badute, informazio eta dokumentazio osagarria eskatu ahal izango diete erakunde eskatzaileei, aurkeztutako proiektua edo jarduera hobeki ulertu ahal izateko.

5.– Baliospen-batzordeak erabakiko ditu, jarduerei dagokienez, bakoitzari eman dakiokeen gehieneko diru-laguntza eta jaso duen puntuaketa, agindu honen baitan adierazitako balorazio-irizpideen arabera. Laguntzetarako aurreikusitako aurrekontu-kreditua ez bada nahikoa gutxieneko puntuazioa gainditu duten jarduera guztiei diru-laguntza emateko, puntuazio handiena lortu duten jarduerek jasoko dute laguntza, aurrekontu-kreditua agortu arte.

6.– Agindu honetan araututako diru-laguntzak emateko prozedura lehiaketa izango da. Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauen Legearen Testu Bateginaren 51.4. artikuluari jarraikiz, lehiaketatzat joko da aurkeztutako eskabideak erkatuz diru-laguntzak emateko prozedura. Diru-laguntzak arautzen dituzten arauetan aurrez ezarritako balioespen-irizpideen arabera, eskabideen lehentasun-ordena ezarriko da, eta aipatutako irizpideen arabera balioespen handiena jaso dutenei esleituko zaizkie laguntzak.

14. artikulua.– Lehiaketaren ebazpena.

1.– Osasuneko sailburuordeak, balioespen-batzordearen proposamenari jarraikiz, ebazpena emango du agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizakrian argitaratu eta 4 hilabeteko epean. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da ebazpen hori, erakunde interesdunek horren berri izan dezaten, eta horren aurka egiteko eta deialdian xedatutako moduan ordainketa egiteko epea hasiko da. Halere, banaka ere eman daiteke ebazpenaren berri.

2.– Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Osasuneko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasita, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatutako 30/1992 Legearen 114. eta hurrengo artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.

15. artikulua.– Isilbidez ezestea.

Agindu honetan araututako laguntzak ebazteko aurreko artikuluan ezarritako epea igarota, ez bada espresuki ebazpenik eman, eskabideak ezetsi egin direla ulertuko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, hargatik eragotzi gabe administrazioak espresuki ebazteko betebeharra.

16. artikulua.– Erakunde onuradunen betekizunak.

1.– Honako betebehar hauek izango dituzte agindu honetan araututako diru-laguntzak jasotzen dituzten erakundeek:

a) Emandako diru-laguntza onartzea. Hain zuzen, diru-laguntzak esleitzeko ebazpena EHAAn argitaratu eta hamar egun balioduneko epean erakundeek ez badiote horri espresuki uko egiten, laguntza onartzen dutela ulertuko da.

b) Diru-laguntza, eman den helbururako erabili beharko dute.

c) Agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzak emateko eta ordaintzeko, erakunde eskatzaileek haien zerga-betebeharrak bete beharko dituzte, Ogasun eta Finantzetako sailburuaren 1991ko urriaren 7ko Aginduan xedatutakoari jarraikiz, eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak ere bete beharko dituzte.

d) Diru-laguntza emateko eta, hala dagokionean, ordaintzeko, amaitua izan beharko da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo erakunde autonomiadunek emandako izaera bereko beste laguntza edo diru-laguntzaren batzuen esparruan hasitako eta oraindik izapidetzen ari den itzulketa- edo zehapen-prozedura oro.

e) Eskatzen duten informazio guztia eman beharko diete Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, horiek hobeki gauza ditzaten deialdi honetan araututako diru-laguntzen gaineko betekizun guztiak.

f) Diru-laguntza ematerakoan kontuan hartu den edozein egoera aldatu bada, izan objektiboa edo izan subjektiboa, hala jakinarazi beharko diote Osasun Saileko Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari.

2.– Hautatutako erakundeek agindu honen bidez finantzatutako programak edo jarduerak argitaratzen badituzte, honako testu hau jaso beharko dute espresuki: «Osasun Sailak diruz lagundua, Hiesaren eta Sexu Transmisiozko Infekzioen Prebentzio Plana».

3.– Egitasmoak informazio materiala (idatzia zein ikus-entzunezkoa) argitaratzea ere aurreikusten badu, argitaratu aurretik Osasun Saileko Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzaren oniritzia eta baimena lortu beharko ditu.

17. artikulua.– Datuen babesa.

Agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzak eskatzean ematen diren datuak «Laguntzak jasoko dituzten entitateak» fitxategian sartuko dira, 2011ko abenduaren 22ko Aginduan ezartzen den moduan; agindu horren bitartez arautzen dira Osasun Sailaren eta Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren izaera pertsonaleko datuen fitxategiak, Izaera Pertsonaleko Datuak Babesten dituen 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoari jarraikiz. Fitxategi horretako datuak ezin zaizkie hirugarrenei edo beste erakunde batzuei utzi, eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak erakunde eskatzaileen laguntzak kudeatzeko baino ez ditu erabiliko. Nahi izanez gero, datuak eskuratzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko eta haiei aurka egiteko eskubideak erabil ditzake nahi duenak, legean xedatutakoarekin bat etorriz; horretarako, idazki bat igorri beharko dio Osasun Saileko Osasun Publikoko Zuzendaritzari.

18. artikulua.– Diru-laguntza justifikatzea.

Onuradunek egiaztatzeko jasotako diru-laguntza guztia emandako helbururako erabili dela, 2014ko azaroaren 21a baino lehen Osasun Saileko Osasun Publikoko Zuzendaritzan agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Txosten teknikoa, zituzten helburuak zein mailatan bete dituzten azaltzen duena eta helburu bakoitza bete den mailari buruzko ebaluazioa egiten duena.

b) 2014. urteko gastuen memoria (III. eranskina) edo justifikazio-kontua, zeinetan adierazten baita zer dokumentu aurkezten diren eta horien zenbatekoak. Diru-laguntza emateko ebazpenean zehaztutako gastu-kontzeptuen arabera taldekatu behar dira horiek aginduaren III. eranskinean jasotako ereduaren arabera. 5. artikuluan aipatutako egoitza elektronikoan ere eskuragarri dago eredu hori.

c) Gastuak diru-laguntzaren xedea betetzeko erabili direla egiaztatzeko, fakturak aurkeztu beharko dira, edo egiaztapen-balioa duten gainerako dokumentu baliokideak, zuzenbide- eta merkataritza-zirkulazioan balioa dutenak edo administrazio-eraginkortasuna dutenak.

d) Jarduera edo zerbitzua gauzatu dutela edo diru-laguntzaren xedea bete dutela egiaztatzen duen beste edozein agiri.

Eskabidea bitarteko elektronikoz aurkezten duten erakundeek.pdf formatuan aurkeztu ahal izango dituzte dokumentuak.

19. artikulua.– Justifikatzeko aurkeztutako dokumentuetako akatsak zuzentzea.

Azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71.1 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, egiaztapenerako aurkeztutako dokumentuetan akatsen bat badago, edo dokumenturen bat falta bada, hamar egun balioduneko epea emango zaio erakundeari, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik hasita, akatsa konpon dezan edo eskatzen dioten dokumentua aurkez dezan. Ez badu eskakizun hori epe eta modu egokian betetzen, dagokion eskakizuna egiaztatu gabe dagoela ulertuko da, eta agindu honen 22. artikuluan aurreikusitako ondorioak aplikatuko.

20. artikulua.– Ordaintzeko era.

Honela ordainduko da agindu honen babesean emandako diru-laguntzari dagokion zenbatekoa:

a) Diru-laguntzaren % 80 hasierako ordainketan ordainduko da, behin ebazpena onartu eta argitaratu ostean, eta erakunde onuradunak emandako diru-laguntzari uko egiteko epean horrelakorik egin ez badu.

b) Gainerakoa kobratzeko (emandako zenbatekoaren % 20a), diru-laguntza justifikatzeko dokumentazioa aurkeztu beharko du erakunde onuradunak, 18. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Diru-laguntza eman zeneko ekitalditik kanpo gauzatzen bada bigarren ordainketa hori, organo kudeatzaileak ofizioz egiaztatuko du erakundeak bere betebeharrak bete dituela erakundeari dagozkion foru-ogasunaren eta Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorraren aurrean.

21. artikulua.– Diru-laguntzaren baldintzak aldatzea.

Diru-laguntza ematerakoan kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, baina haren xedea mantentzen dela ulertzen bada, eta, hala badagokio, beste diru-laguntza edo laguntza batzuk eskuratzen badira beste erakunde publiko edo pribatu batengandik, diru-laguntzak emateko ebazpena aldatu ahal izango da. Ondorio horietarako, Osasuneko sailburuordeak dagokion likidazio-ebazpena egingo du, emandako diru-laguntzen zenbatekoak egokitzeko.

22. artikulua.– Ez-betetzeak.

Abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura egiten diren bermeen eta itzulketen jardunbide orokorra arautzen eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintzak, jardunbidea eta obligazioak ezartzen dituenean, xedatutakoari jarraikiz, erakunde onuradunak ez baditu betetzen agindu honetan jasotako eskakizunak eta xedeak, edo jarraian jasotzen den ez-betetzeetako bat gauzatzen badu, laguntza jasotzeko eskubidea galdu duela aitortuko da, dagozkion prozedura-izapideak egin ostean, eta, hala badagokio, ordurako jaso dituen zenbatekoak eta horien interesak itzuli beharko dizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Orokorrari, hargatik eragotzi gabe egin beharreko gainerako ekintzak.

Aipatutako zenbatekoak diru-sarrera publikotzat joko dira, ondorio guztietarako.

Osasun Saileko Osasuneko sailburuordeak izango du eskumena ez-betetzeagatiko espedientea hasi eta ebazteko.

Ez-betetzeei dagozkien egoera espezifikoak dira, beste batzuen artean, honako hauek:

a) Laguntza lortzea, horretarako eskatzen diren baldintzak bete gabe.

b) Diru-laguntzaren xede gisa proposatutako jarduerak ez gauzatzea.

c) Emandako helbururako ez, beste zerbaiterako erabiltzea laguntza.

d) Diru-laguntzaren emate-erabakian ezarritako baldintzak ez betetzea.

e) Gastuak ez egiaztatzea agindu honetan xedatutako moduan eta epean.

f) Ezarritako kontrol-jarduerei uko egitea edo haiek oztopatzea.

g) Jarduerak behar baino finantziazio handiagoa lortzea eragingo luketen beste laguntza batzuk lortuz gero, Osasun Saileko Osasun Publikoko Zuzendaritzari ez jakinaraztea.

23. artikulua.– Diruz lagundutako proiektuaren jarraipena.

Osasun Sailak beharrezko iritzitako gainbegiratzeak, ikuskapenak eta egiaztatzeak egingo ditu, xedapen honetan jasotako arauak betetzen direla egiaztatzeko. Halaber, publikoki erabili ahal izango ditu, uneoro, emandako diru-laguntzen bidez gauzatutako programen eta jardueren edukiak eta emaitzak.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari. Horren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa ezar dakioke Osasuneko sailburuari, hilabeteko epean agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ezar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean agindua EHAAn argitaratu eta biharamunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honetan azaltzen ez den guztian, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak xedatutakoa aplikatuko da, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legean emandako idazketaren arabera.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean Agindu hau.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko ekainaren 3a.

Osasuneko sailburua,

JON DARPÓN SIERRA.

(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala