Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

114. zk., 2014ko ekainaren 18a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
2678

AGINDUA, 2014ko ekainaren 11koa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena, turismo-enpresen modernizazioari eta lehiakortasunaren hobekuntzari laguntzeko Programa arautzen duena.

Euskal turismoaren lehiakortasuna eta Euskadin ekonomia eta enplegua dinamizatzeko egiten duen ekarpena gauzatzeko ezinbestekoa da enpresa-sarea indartzea; eta horretarako enpresa-estrategia berri bat inplementatu nahi da, turismo-enpresa agente aktibo eta arduratsu gisa azpimarratzen duena, zeinaren emaitzak hainbat gaitan (bezeroarekiko orientazioa, kalitatea eta prestakuntza, balio-kateko posizioa edo bere produktuen, zerbitzuen edo negozio-ereduen berrikuntza) erabilitako estrategien emaitza izango diren; baina era berean administrazioaren estrategia berrien emaitza, enpresei laguntzeko hainbat esparrutan, besteak beste, kalitatea, errentagarritasuna, bezeroarekiko orientazioa, teknologia berrien ezarpena, irisgarritasuna edo ingurumen-kudeaketa, enpresen arteko eta enpresen eta turismo-sistemako gainerako agenteen arteko lankidetza bultzatzea, asmo handiagoko helburu estrategikoei aurre egin ahal izateko sinergiak aprobetxatuz eta eskura dauden baliabideak optimizatuz.

Aurrekoa kontuan izanik, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasunerako Sailaren 2013-2016 Ekintza Planak bere helburuen artean ezartzen du «Turismo-industria indartzea eta kontsolidatzea» (11. zk.), eta horretarako hainbat ekintza biltzen ditu, turismo-sektore lehiakorra garatzen laguntzeko, kalitate-sistema bikainak aplikatzen dituzten, beharrezko prestakuntza duten eta berritzaileak diren eta sarean lan egiten duten enpresez osatutako sektorea, alegia.

Era berean, eta aurreko guztiarekin bat etorriz, Euskal Turismoaren 2020rako Plan Estrategikoak, datozen urteetan Euskadin aplikatuko ditugun turismo-politikak adierazten eta xehatzen dituen esparrua biltzen duenak, «Berrikuntza» estrategian (E.1), Plan osoarekiko zeharkakoa dena, eta «Enpresa-garapena» estrategian (E.4) bildutako hainbat jardun-ildo ezartzen ditu, lehiakortasunaren ikuspegi osoa, eta bidaiariekiko orientazioa, lankidetza, berrikuntza eta inbertsio sistematikoa gauzatzera bideratuta egongo direnak.

Aurrekoa kontuan hartuz, Agindu honen helburuak honako hauek dira:

Helburu nagusia: egungo turismo-industriako enpresen lehiakortasuna hobetzea.

Helburu espezifikoak:

1.– Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak (IKT) erabiltzen dituzten enpresen kopurua handitzea, enpresek bezeroekin duten interakzioa eta turismo-negozioen eraginkortasuna hobetzeko.

2.– Merkatuan negozio berritzaileen kopurua handitzea, baita zerbitzu eta produktu berriak eta/edo egun daudenen osagarriak direnak ezartzen eta garatzen dituzten enpresen kopurua ere.

3.– Turismo-eskaintza lehiakorrago batean modernizatze-inbertsioak egiten dituzten enpresen kopurua handitzea.

4.– Irisgarritasun-maila hobetzen duten establezimenduen kopurua handitzea.

5.– Kalitate-kudeaketako eta ingurumen-kudeaketako sistemak ezarrita dituzten enpresen kopurua handitzea.

Aurrekontu txikiagoa dagoenez gero, gero eta garrantzitsuagoa da baliabide publikoak lortu nahi diren helburuak lortzea hobeto bermatuta duten aurrekontuei eustera bideratzea. Horregatik programa berri honek lehiaketa-prozedura ezartzen du laguntzak nola emango diren ezartzeko. Horretarako, irizpide orokor batzuk eta jardun-tipologia bakoitzarentzako irizpide espezifiko batzuk ezartzen dira enpresen eta erakundeen proiektuak balioesteko. Balioespen-irizpide horiek, duten garrantzia dela eta, Agindu baten berezko intenporalitatearekin estaltzen dute proiektuen egokitasuna eta eskatzaileen ahalegina ebaluatzeko garaian kontuan hartu beharreko alderdi guztiak. Era berean, deialdi bakoitzarekin ezarritako ponderazio-faktore batzuekin artikulatuko dira irizpide horiek, eta horrela urtero turismo-alorrean dauden eskarien eta premien egoera aldakorretara egokitzeko aukera emango du.

Prozeduraren ikuspuntutik eta administrazio-izapideak errazteko, Agindu honetan erabaki da espedienteen izapidetze elektronikoa egingo dela. Euskal ETEei publikoki laguntzeko programen xede izan diren enpresa onuradunekin egindako kudeaketaren esperientzia kontuan izanik, ikusi da prozedura hori aurrerapen bat dela lortu nahi den enpresen eta erakundeen lehiakortasunaren hobekuntzaren ildotik, eta horrek ez dakar inolako diskriminazio edo kalterik.

Dekretu honen izapideak egiterakoan, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 19tik 22ra bitarteko artikuluetan aurreikusitako izapideak gauzatu dira.

Lehendik adierazitakoa dela medio, turismo-enpresen modernizaziorako laguntza-programa arautzen duen Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2011ko uztailaren 27ko Agindua eta turismo-sektorean kalitate-kudeaketako eta ingurumen kudeaketarako sistema egiaztagarriak ezartzeko laguntzen programa arautzen duen Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2011ko uztailaren 27ko Agindua Agindu honekin ordeztea beharrezkotzat jotzen da.

Horrenbestez, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea turismo-enpresen hobekuntza bultzatzea da, honako hau lortzeko: bezeroei eta merkatura bideratutako kalitatezko turismo-eskaintza lehiakorrago baten garapena erraztea; Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien (IKT) harrera eta ezarpena bultzatzea, enpresen eta bezeroen arteko interakzioa eta turismo-negozioen eraginkortasuna hobetzeko; turismoko enpresa, zerbitzu eta produktu berrien sorkuntza eta ezarpena bultzatzea, merkatuan berritzaileak izanik eta/edo hainbat enpresaren arteko lankidetzatik eta baterako ekimenetik sortu badira, hori guztia gizarte-, ekonomia- eta ingurumen-iraunkortasunaren irizpideak kontuan izanik.

Horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoan dauden enpresei honako jardun hauek egin ditzaten lagunduko zaie:

a) Ekimen berritzaileak turismoaren sektorean.

b) Turismo-eskaintzaren modernizazioa, lehiakorragoa izan dadin.

c) Turismo-eskaintza Euskadiko Turismo Irisgarritasunaren Eredura egokitzea.

d) Euskal Autonomia Erkidegoan dauden eta turismo-sektorean lan egiten duten enpresetan eta establezimenduetan kalitate-kudeaketako eta ingurumen-kudeaketako sistema egiaztagarriak ezartzea.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Aurreko artikuluan adierazitako helburura zuzendutako ekonomia-baliabideek sorburu hau izango dute: Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako esleitutako aurrekontu-kredituak. Aurrekontu-ekitaldi bakoitzean eman beharreko laguntzen guztizko bolumenak ez du diru-kopuru horien zenbatekoa edo hori eguneratzetik ateratzen dena gainditzerik izango, indarreko legerian aurreikusitako kredituak lotzeko edo aurrekontuak aldatzeko erregimenari jarraiki, eta kasuan kasu, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan turismoaren alorrean eskumena duen sailaren beste laguntza-programetarako erabilitako diru-kopurutik dirua soberan geratzen bada, betiere diru-laguntzei buruzko ebazpena eman aurretik. Turismo arloan eskumena duen Sailburuordetzak emandako ebazpenaren bitartez jakinaraziko da horren berri.

Nolanahi ere, ematekoak diren laguntzen guztizko zenbatekoaren eguneraketa (aurreko paragrafoan aurreikusitakoa) eraginkorra izan dadin aurrekontu-ekitaldi jakin batean, beharrezkoa izango da Turismoaren alorrean eskumena duen sailburuordetzaren ebazpen bidez egindako deialdian ere aukera hori berariaz jasotzea.

2.– Agindu honetan arautzen diren laguntzak lehiaketa-prozeduraren bidez emango dira.

3. artikulua.– Definizioak.

Agindu honi begira, honako definizio hauek finkatu dira:

1.– Jatetxeak, tabernak, kafetegiak eta antzeko establezimenduak. Lokalean bertan kontsumitzeko janariak eta edariak ohiko izaeraz eta profesionalki eskaintzen dituzten establezimendu finkoak.

2.– Kongresuak antolatzen dituzten enpresa profesionalak. Kongresuak, azokak, konbentzioak eta antzeko ekitaldiak eta profesionalki kongresu bat egitea eskatzen duen beste edozein jarduerari buruzko aholkularitza, plangintza, antolaketa, zuzendaritza eta kontroleko zerbitzuak eskaintzen dituzten turismo-bitartekaritzako enpresak.

3.– Enpresa. Bere forma juridikoa edozein izanik ere, jarduera ekonomiko bat garatzen duen, hau da, merkatu jakin batean ondasunak jartzen dituen edo zerbitzuak eskaintzen dituen edozein erakunde.

Era berean, enpresa txiki eta ertainak izango dira 250 pertsona baino gutxiago biltzen dituztenak eta 50 milioi euro gainditzen ez duen urteko negozio-bolumena dutenak edo 43 milioi euro gainditzen ez duen urteko balantze orokorra dutenak, eta ETE gisa kalifikatuak izateko nahitaezko baldintzak betetzen dituztenak, 2003ko maiatzaren 6ko Batzordearen Gomendioari jarraiki. Arestian adierazitakoaren beste edozein interpretazio egiteko, mikroenpresen eta enpresa txiki eta ertainen definizioari buruzko 2003ko maiatzaren 6ko Batzordearen 2003/361/EE Gomendioan (EEAO, L 124, 2003ko maiatzaren 20koa) ezarritakoa hartuko da kontuan, edo hura ordezten edo aldatzen duten xedapenak.

4.– Turismo-garraioko enpresak. Pertsonak lekualdatzeko azpiegitura eta ekipo-ondasunak edukita, jarduera nagusi gisa Euskadi barruan interesekoak diren baliabide edota toki desberdinetan ibilbide gidatuak egitea duten enpresak.

5.– Basquetour; Turismoaren Euskal Agentzia, Agencia Vasca de Turismo, S.A. (aurrerantzean Basquetour). Ekonomiaren Garapen eta lehiakortasun Sailari atxikitako sozietate anonimo publikoa, zeinaren xede soziala, besteak beste, euskal turismo-sektorearen lehiakortasuna hobetzeko beharrezkoak diren ekintzak bultzatzea eta abian jartzea eta betearaztea izanik, ekintza horiek Merkataritza eta Turismo sailordetzak diseinatu eta planifikatuz. 2013. urteaz geroztik, era berean, Espainiako Turismo Kalitatearen Institutuaren ordezkaritza gisa dihardu Euskadin.

6.– Turismo Sektoreko Ekimen Berritzaileen Katalogoa. Basquetourrek egindako gida, Euskadiko turismo-sektorean berritzeko garaian lagungarriak izan daitezkeen hainbat proposamen eskaintzen dituena.

7.– Turismo kalitateko Aholkularien Katalogoa. Basquetourrek landutako katalogoa, Espainiako Turismoko Kalitatearen Q marka ezartzeko prozesuetan enpresei aholkua emateko eta laguntzeko esperientzia eta prestakuntza nahikoa dutela egiaztatzen duten pertsona-zerrenda bat biltzen duena (http:www.basquetour.com).

8.– Bidaia konbinatua. Hurrengo paragrafoan adierazitako elementuetatik gutxienez bi elementu konbinatuz aurretik lotzea da, prezio globala ezarrita salduz edo eskainiz, baldin eskainitako prestazio horrek 24 ordu baino iraupen luzeagoa badu edo gutxienez gaueko egonaldi bat hartzen badu.

Aurreko paragrafoan adierazten diren elementuak honako hauek dira:

– Garraioa,

– Alojamendua,

– Bestelako turismo-zerbitzu batzuk, garraioari edo alojamenduari lotu gabe doazenak, baina bidaia konbinatu horretan funtsezkoak direnak.

4. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Agindu honetan bildutako laguntzak eskuratu ahal izango dituzte pertsona fisikoek, sozietate zibilek eta enpresek (mikroenpresak eta enpresa txiki eta ertainek), betiere Euskal Autonomia Erkidegoan jardueran aritzeko eskatzen diren legezko baldintzak betetzen badituzte; jarduerek honako tipologia hauetako batean kokatuta egon beharko dute:

a) Turismo-alojamenduko enpresak.

b) Jatetxeak, tabernak, kafetegiak eta antzeko establezimenduak.

c) Bidaia-agentziak.

d) Turismo-garraioko enpresak.

e) Turismo aktiboko enpresak.

f) Kongresuak antolatzen dituzten enpresa profesionalak.

g) Turismo-giden enpresak.

2.– Era berean, Espainiako Turismoko Kalitatearen Q marka lortzeko eta/edo berritzeko 6.d) artikuluan aurreikusitako laguntzak eskuratu ahal izango dituzte, aurreko tipologiez gain, upategiek, sagardotegiek eta txakolin-upategiek, baldin eta aurreko atalean bildutako betekizunak betetzen badituzte eta bisitagarriak baldin badira.

3.– Aurreko bi paragrafoetan aipatutako erakundeek jarduera egikaritzen egon beharko dute eskaria egiten duten unean, Euskal Autonomia Erkidegoan.

4.– Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean ez dituzten enpresen proiektuak ez dira diruz lagunduko. Ildo horretan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan turismo-alorrean eskumena duen sailak beharrezkoa den adina aldiz egiaztatuko du automatikoki aipatutako betebeharrak betetzen ote diren, erakunde interesdunen baimenaren beharrik izan gabe, betiere Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.3 artikuluaren bigarren paragrafoan ezarritakoaren arabera. Paragrafo hori 2011ko ekitaldirako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 5/2010 Legearen azken xedapenen arteko hirugarrenak txertatu zuen testu horretan.

5. artikulua.– Kanporatutako erakundeak.

1.– Agindu honetan arautzen diren laguntzen onuradun izatetik kanporatuta geratzen dira aurreko artikuluan adierazi diren ETEaren eta jardueraren definizioarekin bat ez datozenak, baita Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasunaren Araubidearen Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 7. artikuluan adierazitako erakundeak ere.

2.– Zigor- eta administrazio-arloan diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zigortuta dauden enpresa edo pertsona eskatzaileak ezin izango dira agindu honetan araututako laguntzetara bildu, eta ezta hartarako ezgaitzen dituen legezko debekuaren eraginpean daudenek ere, sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak barne, 4/2005 Legearen (otsailaren 18koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerakoa) azken xedapenen arteko seigarrenean xedatutakoari jarraiki.

3.– Agindu honek arautzen dituen laguntzak enpresa onuradunei eman eta, hala dagokionean, ordaindu aurretik, ezinbestekoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi den eta oraindik izapidetzen ari den edozein itzulketa- edo zehapen-prozedura amaitzea.

6. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jardunak.

1.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak itzuli beharrik gabeko diru-laguntzak izango dira eta eskabideak aurkezteko datan jadanik egikaritu diren inbertsioak finantzatzera bideratuko dira, hain zuzen ere, honako mota honetako inbertsioak:

a) Ekimen berritzaileak turismoaren sektorean.

Honako ekimen hauei emango zaie laguntza:

a.1.– Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologietan (IKT) oinarritutako soluzioen ezarpena, negozioaren eraginkortasuna eta kudeaketa hobetzeko; baita turismo-produktu eta -zerbitzuen sustapena eta merkaturatzea ere, horretarako web 2.0 teknologia erabiliz.

Azpiatal honetan IKT soluzioen ezarpenari diru-laguntza emango zaio negozioa honako eremu hauetan hobetzera bideratzen badira:

– Negozioaren eraginkortasuna eta kudeaketa hobetzea (adibidez hodeian biltegiratzea, kobrantza eta ordainketa segurua, online prestakuntza, negozioaren kudeaketa integrala, bezeroari zerbitzuen kudeaketa egitea, erreserben kudeaketa, eskaera digitalak eta abar).

– Negozioa interneten posizionatzea (adibidez webguneak eta atari interaktiboa, bezeroarekin batera jarduteko, horretarako sarean dauden komunikazio-kanalak erabiliz).

– 2.0 bitartekoetan sustapena egitea (adibidez negozioaren dinamizazioa sare sozialetan; online publizitatea eta marketina, batez ere merkatu espezifikoko edo espezializatuko segmentuetara bideratuta, horretarako kanal eta atari egokiak erabiliz).

– Produktuen eta zerbitzuen merkaturatzea eta salmenta (adibidez denda birtualetako salmenta, mi tienda online, eta abar.).

a.2.– Baliabideen (ura, energia) erabilera eraginkorrerako soluzio berritzaileak ezartzea, enpresen gastua murriztu ahal izateko, eta aldi berean jomugaren ingurumen-iraunkortasuna areagotzeko.

a.3.– Turismo-negozio berrien sorkuntza, baita jardun indibidual edo kolektiboak ere –azken kasu horretan turismo-azpisektore desberdinetako hiru enpresa gutxienez ere bilduz–, turismo-zerbitzu eta/edo -produktu berriak sortzen badituzte; horiek guztiak merkatuan dagoeneko daudenetatik bereizita badaude eta/edo horiekiko osagarriak badira.

Negozio berriek Agindu honen 4.1 artikuluan bildutako enpresa-tipologiaren barruan egon beharko dute.

Gutxienez ere hiru enpresaren baterako ekimenetik sortutako proiektuetarako laguntza-eskaerak banaka egin beharko ditu alderdi bakoitzak, horietako bakoitzak proiektuan parte hartzen duen zatia aurkeztuz. Enpresa bakoitzak banaka bildu beharko ditu Agindu honetan ezarritako betekizunak erakunde onuradun gisa hartu ahal izateko.

Azpiatal honetan honako gai hauei emango zaie laguntza: instalazioen egokitzapen-obrak, altzarien eta ekipamenduaren erosketa, soluzio teknologikoen ezarpena, eta produktu, zerbitzu eta/edo negozio berriak garatzeko beharrezkoak diren inbertsioak eta gastuak, Agindu honen 8. artikuluan zehazten direnak salbu. Sortutako negozio, produktu eta/edo zerbitzu turistikoen sustapenari eta merkaturatzeari atxikitako gastuak kanpo geratzen dira, web 2.0 teknologiaren bitartez egiten direnean salbu.

Atal honetan gogorarazi behar da «bidaia konbinatu» bat –Agindu honen 3. artikuluan definituta dagoena– osatzen duten zerbitzu eta/edo produktu turistikoen merkaturatzea bidaia-agentzia baten bitartez egin behar dela eta turismo-produktu horren publizitatean hori merkaturatzen duen bidaia-agentziaren CIEren berri eman behar dela, bidaia-agentziei buruzko maiatzaren 22ko 81/2012 Dekretuaren 1.2 eta 10. artikuluetan arautzen den bezala.

a.4.– a.1 eta a.2 azpiataletarako onartutako gutxieneko inbertsioa 3.000 euro izango da, eta a.3 azpiatalerako onartutako gutxieneko inbertsioa, proiektu osoa barne, 4.000 euro.

a.5.– www.euskadi.net/turismo webgunean «Turismo Sektoreko Ekimen Berritzaileen Katalogoa» eskura izango dute interesatuta dauden enpresek.

b) Turismo-eskaintzaren modernizazioa, lehiakorragoa izan dadin.

Atal honetan diruz lagunduko diren inbertsioak honako hauek izango dira:

b.1.– 3 eta 4 izar dituzten hotel-establezimenduetako inbertsioak egun duten sailkapena hobetzeko, onartutako gutxieneko inbertsioa 60.000 euro bada.

b.2.– Inbertsioak tabernetan, jatetxeetan, kafetegietan eta antzeko establezimenduetan, honako hau egiteko:

– Establezimenduaren intsonorizazioa.

– Makinaria: elikagaien biltegiratzea, manipulazioa eta lantzea.

– Erabiltzaileen erosotasuna: komunen obra integralak; girotzea; eta terrazen egokitzapena eta modernizazioa, urte osoan turismo-erabilera izateko.

– Establezimenduaren garbiketa: ekipamendua erostea.

Azpiatal honetarako onartutako gutxieneko inbertsioa 5.000 euro izango da.

– Lokalen erreforma integralak, onartutako gutxieneko inbertsioa 75.000 euro izanik.

c) Euskadiko Turismoko Irisgarritasun Eredura atxikitako establezimenduen irisgarritasuna hobetzea.

Atal honetan laguntza emango zaio laguntza-produktuen erosketari, baita aniztasun funtzional fisikoa, ikusmenekoa, entzumenekoa, intelektuala edo organikoa duten pertsonei irisgarritasuna bermatzen dieten zerbitzuen, ekipamenduen eta azpiegituren egokitzapenari ere.

4. artikuluan aipatutako enpresa turistikoek eskuratu ahal izango dituzte laguntza horiek, Euskadiko Turismoko Irisgarritasun Ereduan jasotako tipologietako establezimenduen titularrek.

Jardunak diruz lagungarriak izateko establezimenduak duen irisgarritasun-mailaren egoera-diagnostikoaren ondoriozko Hobekuntza Planean ezarritako lehentasun-ordenan egin beharko dira.

Euskadiko Turismoko Irisgarritasun Eredua (deskribapena, betekizunak, establezimenduen tipologia eta abar) www.euskadi.net/turismo webgunean dago eskuragarri.

d) Euskal Autonomia Erkidegoan dauden eta turismo-sektorean lan egiten duten enpresetan eta establezimenduetan kalitate-kudeaketako eta ingurumen-kudeaketako sistema egiaztagarriak ezartzea.

Atal honetan biltzen dira turismo-establezimendu eta -zerbitzuetan kalitate-kudeaketako (ICTE Espainiako Turismo Kalitaterako Institutuaren Turismo-kalitateko «Q» Marka, ISO 9001:2008) eta ingurumen-kudeaketako (ISO 14001: 2004 eta EMAS) erreferentziazko ereduak txertatuta dituztela frogatzen duten ziurtagiriak lortzera edota berritzera bideratutako laguntzak.

ISO ziurtagiriak ENACek ofizialki egiaztatutako enpresa batek edo ENACekiko elkarrekin errekonozimenduko akordioa duen enpresa batek eman beharko ditu.

Honako kontzeptu hauek lagundu ahal izango dira diruz:

– Kanpo-aholkularitzen laguntza teknikoa, ziurtagiria lortzeko soil-soilik.

– Ziurtagiria lortzeko eta berritzeko kanpo-auditorien gastuak.

– Marka erabiltzeko eskubideei dagozkien gastuak.

Ez dira kontuan hartuko honako gastu hauek: erakundeko langileek eragindakoak; ziurtapenaren mantentze- edo jarraipen-fasearen gastuak; baita arriskuen eta kontrol kritikoko puntuen azterketarako sistemaren (AKKPA/HACCP) definizioarekin eta ezarpenarekin lotutakoak ere.

Laguntza eman ahal izateko ezinbesteko baldintza izango da eskaerari gaineratzen zaion dokumentazioarekin batera agindu honen 8.4 artikuluan ezarritako denboran betetzen direla egiaztatzen duten dagozkion ziurtagiriak aurkeztea.

7. artikulua.– Laguntzen zenbatekoa.

1.– Laguntzen zenbatekoak honako hauek izango dira:

a) Onartutako inbertsio garbiaren % 25 diruz lagunduko da 9.000 euroko mugarekin, Agindu honen 6.1.a.1 eta 6.1.a.2 artikuluan adierazitako inbertsioetan, informazioaren eta komunikazioaren teknologietan oinarritzen diren tresnak eta soluzioak garatu eta/edo ezartzeko, baita baliabideen erabilera eraginkorrean soluzio berritzaileak ezartzeko ere.

b) Onartutako inbertsio garbiaren % 20 diruz lagunduko da, 18.000 euroko mugarekin, Agindu honen 6.1.a.3 artikuluan adierazitako inbertsioetan, enpresa eta/edo establezimendu turistiko berriak sortzeko, edo zerbitzu eta/edo produktu turistikoen eskaintza berriak egiteko; horiek guztiak egun daudenetatik bereizten badira eta horiekiko osagarriak badira.

c) Agindu honen 6.1.b) artikuluan lehiakortasuna hobetzeko xedez turismo-eskaintza modernizatzeko bilduta dauden inbertsioak honako ehuneko eta gehieneko zenbateko hauen arabera lagunduko dira diruz:

c.1.– Onartutako inbertsio garbiaren % 30, 30.000 euroko mugarekin, b.1 atalean adierazitako inbertsioetan.

c.2.– Onartutako inbertsio garbiaren % 20, 12.000 euroko mugarekin, b.2 atalean adierazitako inbertsioetan, erreforma integralak ez badira; izan ere, kasu horretan gehieneko diru-laguntza 18.000 euro izango baita.

d) Onartutako inbertsio garbiaren % 30, 15.000 euroko mugarekin, Agindu honen 6.1.c) artikuluan adierazitako inbertsioetan, establezimenduak Turismoko Irisgarritasun Eredura egokitzeko.

e) Kalitate-kudeaketa eta ingurumen-kudeaketa egiaztatzen duten ziurtagirien lorpena honako era honetan lagunduko da diruz:

e.1.– Onartutako gastuaren % 70, 6.600 euroko mugarekin, Espainiako Turismoko Kalitatearen Q markaren ziurtagiria lortzeko. Aholkularien laguntza teknikorako laguntza eskatzen badute, eta aholkulari horiek Basquetourrek egindako Turismo Kalitate Aholkularien Katalogoan erregistratuta ez badaude, diru-laguntza onartutako gastu garbiaren % 45 izango da, eta muga, berriz, 5.500 euro.

e.2.– Onartutako gastu garbiaren % 70, 6.600 euroko mugarekin, ISO 9001:2008 ziurtagiria lortzeko, laguntza eskatzen den enpresa-tipologiarentzat Espainiako Turismoko Kalitatearen Q ziurtagiria ez dagoenean. Hori gertatzen bada, diru-laguntza onartutako gastu garbiaren % 45 izango da, 5.500 euroko mugarekin.

e.3.– Onartutako gastu garbiaren % 45, 5.500 euroko gehienekoarekin, ingurumen-kudeaketa egiaztatzen duen ziurtagiria (ISO 14001 eta EMAS egiaztapena) lortzeko.

f) Kalitate-kudeaketa eta ingurumen-kudeaketa egiaztatzen duten ziurtagirien berrikuntza honako era honetan lagunduko da diruz:

f.1.– Onartutako gastu garbiaren % 45, 2.000 euroko mugarekin, Espainiako Turismoko Kalitatearen Q ziurtagiria eta ISO 9001:2008 ziurtagiria berritzeko; bigarren kasu horretan, laguntza eskatzen den enpresa-tipologiarentzat Espainiako Turismoko Kalitatearen Q ziurtagiria ez dagoenean.

f.2.– Onartutako gastu garbiaren % 35, 1.400 euroko mugarekin, ISO 9001:2008 ziurtagiria lortzeko, laguntza eskatzen den enpresa- edo establezimendu-tipologiarentzat Espainiako Turismoko Kalitatearen Q ziurtagiria dagoenean.

f.3.– Onartutako gastu garbiaren % 35, 1.400 euroko mugarekin, ingurumen-kudeaketa egiaztatzen duen ziurtagiria berritzeko.

2.– Aurreko ehunekoak % 5 gehituko dira, Agindu honetan laguntza bakoitzarentzat ezarrita dagoen muga inola ere gainditu gabe, laguntza eskatzen duen enpresak, edo hala dagokionean establezimenduak, gutxienez ere honako zirkunstantzia bat betetzen duela egiaztatzen duenean:

a) Irisgarritasun-zigilu berdearen jabe izatea dibertsitate funtzional guztietan.

b) Turismo-sektorerako honako kalitate-ziurtagiri hauetakoren baten jabe izatea: ISO 9001:2008, Espainiako Turismoaren Kalitaterako Institutuak emandako turismo-kalitateko markak, Euskalit Bikaintasunerako Euskal Fundazioak administratutako EFQM errekonozimenduak edo ingurumen-kudeaketako ziurtagiri bat (EMAS, Europar Batasuneko Etiketa Ekologikoa, Ekoscan eta ISO 14001), gehikuntza ezartzen denerako ziurtagiriaren berrikuntza-proiektuak salbu.

c) Basquetour, S.A.k garatutako jardunbide egokien programetako batean parte hartzea eta gainditzea.

d) Prestakuntza-plan bat duela, edo plantillaren % 25 atzerriko hizkuntzetan duten prestakuntza eta/edo lanbide-kualifikazioa hobetzeko beste erakunde batzuek antolatutako ikastaroetara joan bada, edo bestela sektoreko elkarteek emandako prestakuntza- eta kudeaketa-ikastaroetara, horiek guztiak eskaera egin eta ez baldin bada urtebete igaro. Ikastaroetara joan izana eta ikastaroen edukiak egiaztatu beharko dira.

e) Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun-plan bat ezarrita duela, edota lana eta familiako bizitza bateratzeko plan bat; edo bestela Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeak ematen duen gizonen eta emakumeen arteko aukera-berdintasunerako erakunde laguntzailea dela egiaztatzen duen ziurtagiria edukitzea.

3.– Era berean, erakunde onuradunak Basquetour, S.A.k adierazitako metodologia eta jarraibideak kontuan izanik sortutako «Euskadi Gastronomika» eta/edo «Surfing Euskadi» produktu-klubetako, EAEko turismo-sektoreko enpresa-elkarteren bateko eta/edo beren eragin-arean turismo-garapena helburu duten elkarte edo enpresa publiko edo pribaturen bateko kide edo bazkide dela egiaztatzen badu, diru-laguntza beste % 5 handituko da, Agindu honetan laguntza bakoitzarentzat ezarritako gehieneko muga gainditu gabe inola ere.

4.– Erakunde onuradun bera establezimendu bat baino gehiagoko titularra izango balitz, aurreko laguntzen zenbatekoak establezimendu bakoitzari aplikatuko zaizkio.

5.– Agindu honen 6.1 artikuluko a), b), c) eta d) atalak baztertzaileak dira euren artean, hau da, deialdi berean establezimendu bakoitzak horietako bakoitzean aurreikusitako diru-laguntzak baino ezingo ditu eskatu.

8. artikulua.– Laguntzen baldintzak.

1.– Eskaera bakarra aurkeztu ahal izango da establezimendu eta deialdi bakoitzeko.

2.– 6.1.b) artikuluan aurreikusitako laguntzak lortu nahi dituzten enpresek egiaztatu beharko dute establezimenduek laguntza-eskaeraren xede den jardueran gutxienez ere 3 urteko antzinatasuna dutela laguntza-eskaera egin zen egunean. Aldi horretan familia-oinordetzagatik egindako titulartasun-aldaketak onartuko dira (odolkidetasun edo ezkontza-ahaidetasuneko 4. mailara arte).

3.– Nolanahi ere, inbertsio onargarri gisa inbertsio horren balio garbia zenbatuko da, halakotzat hartuz Balio Erantsiaren Zerga kendu ondoren fakturatutako zenbatekoa.

4.– Deialdi-ebazpena indarrean hasten den ekitaldiaren aurreko ekitaldian egindako inbertsioak onartuko dira laguntza-eskaeraren aurkezpenera arte, deialdian ekitaldi horretarako ezarritako epearen barruan, baita aurreko ekitaldian egindakoak ere, betiere inbertsioa gauzatzen bada aurreko ekitaldi horri dagokion deialdian aurreikusitako eskaera aurkezteko epea amaitu ondoren.

5.– Diru-laguntzaren eskaeraren xede diren inbertsioak benetan egin direla egiaztatzeko, eskaeran fakturen eta ordainketen koadroa beteko da, eta dagozkion fakturak aurkeztu beharko dira.

6.– Instalazio elektrikoak, argiztapena, isolamendua eta girotzea, ur sanitarioaren eta energiaren kontsumoak, eta energia-etiketatzeari lotutako etxetresna elektrikoen eskuraketa xede dituzten edo horiei lotuta dauden inbertsioak, energiaren-eraginkortasunaren irizpideak kontuan izanik egin beharko dira, eta etxetresna elektrikoen kasuan zorrotzenak izan beharko dute. Era berean, eta hala dagokionean, ingurumen-inpaktuak saihesteko edo gutxitzeko beharrezkoak diren neurriak hartzeko ahalegina egingo da.

7.– Diru-laguntzaren xede den ekipamenduak, altzariek eta tresneriak berriak izan beharko dute, enpresaren/establezimenduaren aktibora bildu beharko dira eta enpresan gutxienez 3 urte eman beharko dituzte jardunean.

8.– Diruz lagundutako webguneek eguneratuta egon beharko dute gutxienez ere 3 urteko aldian.

9.– Informatika-ekipamendua, laguntzaren xede den ekimena garatzeko beharrezkoa denean bakarrik lagunduko da diruz, eta hori justifikatu egin beharko da.

10.– Ez dute laguntzarik jasoko diruz laguntzeko jardunari zuzenean lotuta ez dauden gastu-kontzeptuek, eta inola ere honako kasu hauek:

– Lurren, eraikinen, lokalen eta garraio-elementuen erosketa.

– Enpresaren gastu korronteak, baita sukalde- eta jantoki-gastuak ere (baxera, mahai-tresnak, beirateria eta lanabes txikiak).

– Berrikuspen- eta mantentze-gastuak.

– Aseguruak, administrazio-baimenengatiko, lizentziengatiko edo antzekoengatiko tasak, edozein zerga edo tributuren ordainketa.

– Konektibitate-gastuak.

– Leasing edo renting eragiketen bidez lortutako aktiboak ezta enpresa eskatzaileak fabrikatu, egin edo garatu dituenak ere.

9. artikulua.– Bestelako laguntzekiko bateragarritasuna.

1.– Agindu honen babespean lortutako diru-laguntzak administrazio publikoek edo erakunde pribatuek emandako beste edozein diru-laguntzarekiko bateragarriak izango dira.

2.– Diru-laguntzaren zenbatekoak –Estatuko zein nazioarteko beste Administrazio Publikoen edo erakunde pribatu edo publikoen laguntzekin edo diru-laguntzekin batera– ezin izango du diruz lagundutako jardueraren kostua gainditu, eta kasu horretan Agindu honetan emandako laguntza gutxituko da, soberako kopurua kenduta.

3.– Agindu honetan ezarritako laguntzek Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 zenbakiko Erregelamenduan (EE) ezarritako minimis arauak errespetatuko dituzte. Hain zuzen ere, Erregelamendu hori Europar Batasunaren funtzionamenduari buruzko Itunaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari dagokio.

Europar Batasunak ezarritakoaren arabera minimis erregelamenduaren arabera enpresa batek gehienez 200.000 euro jaso ditzake 3 zerga-ekitalditan, laguntza eskatu den ekitaldia erreferentziatzat hartuta.

Muga hori gaindituz gero, Programa honi jarraiki emandako laguntzaren zenbatekoa gutxitu egingo da, soberako kopuruaren arabera.

10. artikulua.– Prozeduraren hasiera.

Agindu honek araututako diru-laguntzak urtean behin egingo diren deialdi publikoen bidez iragarriko dira eta publizitatearen, lehiaren, objektibotasunaren eta berdintasunaren printzipioei jarraituz emango dira. Turismo arloan eskumena duen Sailburuordetzak emandako ebazpen bidez egingo da deialdia, eta, bertan honako hauek zehaztuko dira:

– Ekitaldi horretan diru-laguntzak emateko bideratutako aurrekontu-kontsignazioaren zenbatekoa, diruz lagun daitezkeen lau jardun-tipologietako bakoitzarentzat banakatua.

– Diru-laguntzaren xede izan daitezkeen jardunak egiteko denboraldia.

– Ebaluazio Batzordea osatuko duten pertsona titular eta ordezkoen esanbidezko izendapena.

– Eskaerak aurkezteko epea, eta

– Aurkezteko lekua eta era.

Eskaeren eta zinpeko aitorpenen edukiak.

11. artikulua.– Eskabideen aurkezpena.

1.– Eskabideak, errekerimenduak, jakinarazpenak eta Agindu honetan inplikatutako gainerako kudeaketak bitarteko elektronikoen bitartez egingo dira, Administrazio Elektronikoaren otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren (2012ko martxoaren 9ko 50. zk. EHAA) eta E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa (Platea) onartzen duen Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenaren arabera.

2.– Eskabidea lortzeko eta hori betetzeko, ondoren adierazten den egoitza elektronikoan bakarrik egin ahal izango da:

http://www.industria.ejgv.euskadi.net/r44-teletram/es/ (gaztelania)

http://www.industria.ejgv.euskadi.net/r44-teletram/eu/ (euskara)

Kanal elektronikoaren bitartez izapidetzeko zehaztapenak, baita eskabideak, aitorpen arduratsuak eta gainerako ereduak ere, egoitza elektroniko horretan egongo dira eskura. Era berean, eredu horien edukiak deialdiekin batera argitaratuko dira.

Espedientea, errekerimenduak, jakinarazpenak eta Agindu honetan bilduta dauden eskabidearen ondorengo gainerako izapide guztiak, kanal elektronikoaren bitartez, honako helbide honetan egiten dira: http://www.euskadi.net/misgestiones/

3.– Agindu honi lotuta dauden prozedura guztietan jarduteko ordezkaritza eman ahal izango zaio beste pertsona edo erakunde bati, eta horretarako, laguntza-eskabidea formalizatu baino lehen, gaineratzen den «Izapidetze Telematikorako Akreditazioa» inprimakia bete beharko da, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan turismo-arloan eskumena duen sailaren lurralde-ordezkaritzaren batean aurkeztu beharko da, honako egoitza elektroniko honetan adierazten den moduan:

http://www.industria.ejgv.euskadi.net/r44-teletram/es/ (gaztelania)

http://www.industria.ejgv.euskadi.net/r44-teletram/eu/ (euskara)

4.– Betetako eskabideak, pertsona edo erakunde eskatzailearen sinadura ezagunaz gain, Agindu honen 12. artikuluak aipatzen duen dokumentazioa gaineratuko du.

5.– Laguntza-eskabidea, eskatzen den dokumentazioarekin batera, aukeratzen den hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango da. Gainera, laguntza-eskabidearen ondoriozko jardunetan eta prozedura osoan, erakunde eskatzaileak aukeratutako hizkuntza baliatuko da, euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 oinarrizko Legean ezarritakoaren arabera.

12. artikulua.– Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Erakunde eta enpresa eskatzaileek aurreko artikuluan adierazitako egoitza elektronikoan eskaera normalizatu bat bete beharko dute formatu elektronikoan, bertan ematen den ereduari jarraiki, ondoren adierazten diren edukiekin.

2.– Honako hau izango du eskaerak:

– Enpresaren datu orokorrak, bere dimentsioari buruzkoak barne (sexuaren arabera banandutako enplegu-datuak, negozio-bolumena eta urteko balantze orokorra eskaeraren ekitaldiaren aurreko ekitaldiko abenduaren 31n).

– Proiektua aztertzeko beharrezkoa den informazioa (egindako inbertsioaren memoria eta deskribapena).

– Ebaluazio-irizpideak ponderatzeko beharrezkoa den informazioa.

– Fakturen eta ordainketen koadroa, bertan, ordenatuta, erakunde edo enpresa hornitzailearen IFZ eta egoitza soziala, faktura egin den data, kontzeptua eta zenbatekoa (BEZa gabe) eta ordainketa-data adieraziz.

– Eskabide horretan jasota agertzen den informazioaren egiazkotasunari buruzko erantzukizun-adierazpena. Aipatutako informazioa honako hau da:

a) Erakunde eskatzaileak Agindu honetan eskatzen diren baldintzak betetzen dituela.

b) Proiektu bererako beste erakunde publiko edo pribatuen aldetik jasotako laguntzak.

c) Azken hiru ekitaldietan enpresak jasotako laguntzak (minimis izaerakoak), laguntza eskatu den urtea azken urtearen erreferentziatzat hartuta.

d) Enpresa eskatzailea zigor- eta administrazio-arloan diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zigortuta ez dagoela adierazten duena.

e) Dirua itzultzeko edo zehapena ezartzeko prozeduretan sartuta dagoela edo ez dagoela edo amaitu dituela adierazten duen aitorpena.

f) Aitorpena, erakunde eskatzaileak ez duela armarik ekoizten, ez merkaturatzen ez eta finantzatzen ere adierazten duena, Herrialde Pobretuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunaren abenduaren 28ko 14/2007 Legean zehaztutakoa betez.

g) Ostalaritza-establezimenduen aitorpena, legeriak eskatzen dituen kartelak jendeak ikusteko moduan jarrita dituela adierazten duena (erreklamazio-orriak daudela adierazten duen kartela eta prezio-zerrenda eguneratua).

h) Aitorpena, honako hau adierazten duena: ordezkatzen duen pertsona edo erakundea ez dutela oso arau-hauste larri batengatik zehatu, eta langileen estatutuko edo hitzarmen aplikagarriko berdintasunari buruzko betebeharrak ez betetzeagatik administrazio-ebazpenaren edo epai judizial irmo baten bitartez kondenatu ez dutela; emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 24.2 artikuluaren indarrez diru-laguntza eta laguntza publikoen onuradun izateko debekurik jaso ez duela; eta emakumeen eta gizonen berdintasunerako maiatzaren 22ko 3/2007 Lege Organikoan xedatutakoa betetzen duela, bertan konpromisoa hartuz 4/2005 Legeak Administrazioarekin kontratatzen, hitzarmena egiten edo haren laguntzak jasotzen dituenei ezarritakoa betebeharrak bere gain hartuko dituela.

3.– Eskabideekin batera, PDF formatuan, honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:

a) Oinarrizko dokumentazioa:

– Enpresa eskatzailearen Identifikazio Fiskalaren Txartela eta eraketa-eskritura salbu eta eskatzailea «enpresaren/erakundearen» ziurtagiri batekin identifikatzen bada; kasu horretan, aipatutako dokumentazioa baimendutako ziurtagirian bertan inplizituki jasota dago.

– Pertsona eskatzailearen ordezkaritza-ahalordea, salbu eta eskatzailea «enpresaren/erakundearen» ziurtagiri batekin identifikatzen bada.

– Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan izandako altak eta bajak egiaztatzeko agiria.

– Eskabidearen xede den inbertsio-proiektuan sartutako aktiboen behin betiko fakturak. Irisgarritasun-jardunak justifikatzen dituzten fakturetan irisgarritasuna hobetzeari dagozkion kontzeptuak identifikatu beharko dira. Hala ez bada, ez dira kontuan izango.

– Proiektu bateratu bat egin duten enpresek behar bezala formalizatutako dokumentu bat aurkeztu beharko dute, eta bertan adieraziko da parte-hartzaile horiek aurkeztu den proiektua gauzatzeko egin duten lankidetza-akordioa, baita proiektu osoaren aurrekontu xehatua eta alderdi bakoitzak aurrekontuari dagokionez duen parte-hartzea, eskabidean betetako informaziora egokitu beharko dena.

– Diru-laguntza kobratzeko, eta pertsona edo erakunde onuradunaren banku-datuak edo egoitza sozialaren datuak lehendik ez badira eman edo aldatu egin badira, informazio hori eman beharko da «Hirugarrenaren Alta Erregistroa» kanal telematikoaren bitartez edo «Hirugarrenaren alta» dokumentu normalizatua behar bezala beteta aurkeztuz, Ogasun eta Finantza Sailak ezarritako ereduaren eta prozeduraren arabera (www.ogasun.ejgv.euskadi.net).

b) Dokumentazio osagarria:

– Hala badagokio, memoria gehigarria edo/eta eskabidean jasotakoaren osagarria den informazioa eta dokumentazioa (ez ordezkatzailea), proiektuaren ulermena hobetzen duena. Azalpen-memoria xehatua, hau da, gauzatzeko laguntza eskatzen den proiektuei buruzko informazio garrantzitsua, ezinbestean laburbildu beharko da horretarako eskabide-orrietan aurreikusitako ataletan.

– Hala badagokio, eskabidea aurkeztu den urtearen aurreko bi urteetako abenduaren 31ko TC2, baita aurreko hilabetekoa ere, edo dokumentazio baliokidea.

– Hala badagokio, negozioaren familia-oinordetza egiaztatzen duen dokumentazioa.

– Hala badagokio, EAEko turismoko enpresa-elkarte bateko edota xedetzat bere eragin-eremuaren turismo-garapena duen erakunde publiko-pribatu bateko kidea dela egiaztatzen duen agiri eguneratua.

– Hala badagokio, turismo-sektorerako kalitatearen kudeaketaren ziurtagiriak (ISO 9001:2008, Euskalit Bikaintasunerako Euskal Fundazioak administratutako EFQM errekonozimenduak); edo ingurumen-kudeaketako ziurtagiriak (EMAS, Europar Batasuneko Etiketa Ekologikoa, Ekoscan eta ISO 1400).

– Hala badagokio, enpresaren prestakuntza-plana, edo langileek prestakuntza-ikastaroak egin dituztela egiaztatzen duen dokumentazioa.

– Hala badagokio, irisgarritasun unibertsala egiaztatzen duen ziurtagiria (UNE 170001-1 araua).

Eskabidean jasotako datuak egiaztatzeko edozein momentutan eska litezke.

Enpresa eskatzaileak erantzukizun-adierazpenean gezurrezko daturen bat jartzen badu, administrazio-zehapenak eta zehapen penalak ezarri ahal izango zaizkio, indarrean dagoen zehapen-araubideari jarraituz.

4.– Dagoeneko Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan turismo arloan eskumena duen Sailaren eskura dauden indarreko dokumentuak ez dira nahitaez aurkeztu beharko. Eskatzaileak dokumentazio hori dagoeneko aurkeztu baldin badu, eskabidean adierazi beharko du zer egunetan eta zer organo edo bulegotan aurkeztu zuen, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 35. artikuluaren f) idatz-zatian ezarritako baldintzei jarraiki.

5.– Era berean ez da beharrezkoa izango Basquetourrek ematen duen dokumentazioa aurkeztea: Espainiako Turismoko Kalitateko «Q» marka lortu edo berritu dela egiaztatzen duten ziurtagiriak, baita erakunde horrek garatutako jardunbide egokien programaren bat gainditu dela egiaztatzen dutenak ere.

6.– Laguntzaren eskatzaileak dokumentazioaren zati bat organo kudeatzaileak lor edo egiazta dezan esanbidez baimentzeko aukera jasoko dute eskabideek, bazter utzi gabe Administrazio Publikoak egiaztatzeko, kontrolatzeko eta ikuskatzeko esleituta dituen ahalmenak.

13. artikulua.– Zuzenketa.

Aurkeztutako eskabidean Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan turismo-arloan eskumena duen sailaren lurralde-ordezkaritzak oker, akats edo zehaztugabetasunen bat atzematen badu, enpresa eskatzaileari jakinaraziko dio eta 10 eguneko epea emango dio akatsa zuzen dezan; era berean, hori egin ezean eskabidean atzera egin duela ulertuko dela adieraziko dio. Epe hori igarota, zuzenketak egin ez badira, eskabidea bertan behera geratu dela adierazteko ebazpena emango da, azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 42. eta 71.1 artikuluetan araututakoari jarraituz (Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legea).

14. artikulua.– Ebaluatzeko prozedura.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan turismo-arloan eskumena duen sailaren lurralde-ordezkaritzek epearen barruan aurkeztu diren eskabideen azterketa eta ebaluazio indibiduala egingo dute, Agindu honetan ezarritako betekizunak betetzen direla egiaztatuz, eta eskabide bakoitza behar bezala ulertzeko eta ebaluatzeko beharrezkotzat jotzen duten dokumentazio eta/edo informazio osagarria eskatu ahal izango diote enpresa eskatzaileari.

2.– Ondoren, lurralde-ordezkaritzek horretarako sortzen den batzordeari eskabide bakoitzari buruzko txosten tekniko bat bidaliko diote, eta bertan, Aginduan bildutako betekizunak betetzen direla aztertzeaz gain, eskabide bakoitzari dagokion balioespen-irizpideen hasierako ponderazio bat egingo da, eta, hala badagokio, eman beharreko diru-laguntzaren zenbatekoaren kalkulua.

3.– Batzorde bat eratuko da 15. artikuluan aipatutako lehenespen-irizpideen arabera eskabideen ebaluazio bateratua egiteko, eta batzordeak dagozkion ebazpenak bidaliko dizkio organo eskudunari, hala dagokionean laguntzen zenbatekoa adieraziz.

Batzordeak honako kide hauek izango ditu: turismo-arloan eskumena duen zuzendaritzako antolamendu-arloko arduraduna, batzordeburu izango dena eta berdinketak bere botoarekin erabakiko dituena; lurralde-ordezkaritzetan turismo-arloa koordinatzen duten pertsonak; Basquetourreko ordezkari bat, eta turismo-arloan eskumena duen zuzendaritzako teknikari bat, batzordeko idazkaria izango dena, eta botorik izango ez duena. Titularrak ez badaude, ordezkoak izendatu ahal izango dira. Ahaleginak egingo dira batzorde horretan trebakuntza, gaitasun eta prestakuntza egokia duten emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua izateko.

Batzordea burujabea izango da erabakiak hartzerakoan, eta erabakiak bozketa-prozedura bidez hartuko dira. Ebaluazio Organoaren funtzionamenduari dagokionez, atal honetan aurreikusi gabe dauden kasu guztietan Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen II. tituluko II. kapituluan ezarritakoari jarraituko zaio.

Bere eginkizunak betetzeko, osatzen den kide anitzeko organoak, Administrazioaren zerbitzu teknikoei laguntzeko, langile adituen laguntza erabili ahal izango du diru-laguntza jaso duten arlo guztietan.

15. artikulua.– Esleitzeko prozedura.

Diru-laguntzak, onuradun izateko betekizunak bete dituztela egiaztatzen duten enpresa eta erakundeei emango zaizkie, ondoren adierazten diren balioespen-irizpideak eta ponderazio-faktoreak kontuan izanik, zeinak, ekitatea bermatzeko xedez, Agindu honen 1. artikuluan definitu diren eta ondoren 6. artikuluan garatu diren diruz lagun daitezkeen a, b, c eta d jardunetako bakoitzerako modu bereizian adieraziko diren.

1.– Jardun guztietarako irizpide orokorrak:

1. irizpidea: nolako inpaktua izango duen EAEko enpleguan. Enpresa eskatzaileak EAEn enpleguari eustea edo enplegua sortzea bultzatuko da. Gehieneko puntuazioa 15 puntu izango dira, honako eran banatuta:

● Enplegua gutxitzea: 0.

● Enplegua kontsolidatzea: 10.

● Plantillan % 5etik gorako enplegu-sorkuntza: 15.

2. irizpidea: erakundearen edo enpresaren tamaina. Tamaina txikiagoko enpresek aurkeztutako proiektuak bultzatuko dira: Gehieneko puntuazioa 15 puntu izango dira, honako eran banatuta:

● 50 langile baino gehiagoko plantilla: 0.

● 11 eta 49 langile bitarteko plantilla: 5.

● 6 eta 10 langile bitarteko plantilla: 10.

● 1 eta 5 langile bitarteko plantilla: 15.

3. irizpidea: erantzukizun soziala. Erakundeak edo enpresak emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren sustapenarekin, euskararekin, ingurumenarekin eta irisgarritasun unibertsalarekin hartutako konpromisoa. Gehieneko puntuazioa 3 puntu izango dira, honako eran banatuta:

● Inolako planik edo ziurtagiririk ez izatea: 0.

● Plan bat edo ziurtagiri bat izatea: 1.

● 2 plan edo ziurtagiri izatea: 2.

● 3 plan edo ziurtagiri edo gehiago izatea: 3.

2.– Merkatuan berritzaileak diren ekimenetarako irizpide espezifikoak:

4. irizpidea: eskakizun teknologikoa. Agindu honen 6.1.a.1) artikuluan definitutako Informazioaren eta Komunikazioaren teknologietan (IKT) oinarritutako soluzioen ezarpena egiten duten proiektuetan, ahalegin teknologikoaren izaera balioetsiko da. Gehieneko puntuazioa 20 puntu izango dira, honako eran banatuta:

● Kostuak murriztea eta/edo diru-sarrerak handitzea dakar: 4.

● Berritasun-maila nahikoa: 4.

● Eskariaren premiak asetzen ditu: 4.

● Izan dezakeen iraunkortasuna (ingurumenari, ekonomiari eta gizarteari lotuta): 4.

● Errepikagarritasuna: 4.

5. irizpidea: ekimenen ezarpenaren berritasuna eta onurak. Ingurumen-baliabideen erabilera eraginkorrean soluzio berritzaileak ezartzen dituzten proiektuetan, baita Agindu honen 6.1.a.2 eta 6.1.a.3 artikuluan definitutako negozio turistiko berriak edo zerbitzu eta/edo produktu turistiko berriak sortzen dituzten proiektuetan, berritzaileenak direnak eta enpresaren lehiakortasunean eragin handiagoa dutenak, merkatuan posizionamendu hobea emanez, bultzatuko dira. Gehieneko puntuazioa 20 puntu izango dira, honako eran banatuta:

● Kostuak murriztea eta/edo diru-sarrerak handitzea dakar: 4.

● Berritasun-maila nahikoa: 4.

● Eskariaren premiak asetzen ditu: 4.

● Izan dezakeen iraunkortasuna (ingurumenari, ekonomiari eta gizarteari lotuta): 4.

● Errepikagarritasuna: 4.

3.– Turismo-eskaintza modernizatzeko irizpide espezifikoak:

6. irizpidea: lokalen antzinatasuna. Enpresa eskatzaileak jardueraren egikaritzan antzinatasun handiagoa egiaztatzen duen establezimenduen modernizazioa bultzatuko da. Gehieneko puntuazioa 15 puntu izango dira, honako eran banatuta:

● 3 eta 5 urte bitarteko antzinatasuna: 3.

● 6 eta 10 urte bitarteko antzinatasuna: 7.

● 11 urtetik gorako antzinatasuna: 15.

4.– Turismo-eskaintza Euskadiko Turismoko Irisgarritasun Eredura egokitzeko irizpide espezifikoak.

7. irizpidea: establezimenduaren irisgarritasun-maila, Euskadiko Turismoko Irisgarritasun Ereduaren arabera. Beren establezimenduak aniztasun funtzionalak dituzten ahalik eta turismo-erabiltzaile gehienei sarbidea eta arreta eskaintzeko egokitzen dituzten enpresak bultzatuko dira. Gehieneko puntuazioa 15 puntu izango dira, honako eran banatuta:

● Laranja-koloreko zigilua aniztasun funtzional fisikoan: 3.

● Berde-koloreko zigilua aniztasun funtzional fisikoan: 10.

● Berde-koloreko zigilua aniztasun funtzional bat baino gehiagotan, horietako bat fisikoa izanik: 15.

5.– Kalitate-kudeaketako eta ingurumen-kudeaketako sistema egiaztagarriak ezartzeko irizpide espezifikoak:

8. irizpidea: lehentasuna emango zaie sistema egiaztagarri horiek ezartzeko Eusko Jaurlaritzak garatutako diru-laguntzen programen babesean lehendik laguntzarik eskatu ez duten edo, hala badagokio, onuradun izan ez diren enpresei. Gehieneko puntuazioa 5 puntu izango dira, honako eran banatuta:

● Ekimen mota horretarako Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntzen programen laguntzak ez jaso izana: 5.

● Ziurtagiria berritzea: 3.

6.– Dokumentu bidez egiaztatzen ez diren irizpideak ez dira ebaluatuko.

7.– Diruz lagun daitezkeen lau jardun-talde edo -tipologietako bakoitzean espedienteak handitik txikira ordenatuko dira lortutako puntuazioaren arabera, puntuaziorik handiena duenak lehentasuna izanik. Puntuazioan berdinketa baldin badago, onartutako inbertsiorik handiena duenak lehentasuna izango du, kalitate-kudeaketako eta ingurumen-kudeaketako sistema egiaztagarriak ezartzeko proiektuen kasuan salbu, kasu horretan onartutako gasturik txikienak izango baitu lehentasuna.

8.– Lau konkurrentzia-eremuetako bakoitzerako, deialdiaren ebazpenak bakoitzari esleitutako kreditua ezarriko du. Baliabide ekonomikoak banatu ondoren atalen batean edo batzuetan agortu gabeko diru-erabilgarritasuna baldin badago, soberakinak banatu egingo dira hala behar duten atalen artean. Ebaluazio-batzordeak proposatuko du banaketa hori.

16. artikulua.– Diru-laguntza ebaztea eta ordaintzea.

1.– Turismo arloko Zuzendaritzak du eskumena erakundeek eskatutako laguntzak eman edo ukatzeko administrazio-ebazpenak eman eta jakinarazteko; sei hileko epea du horretarako, urteko deialdia argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita. Ebazpen horren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez dezake interesdunak turismo arloan eskumena duen Sailburuordetzan, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean xedatutakoari jarraiki.

2.– Epe hori igaro ondoren inolako ebazpenik eman edo jakinarazi ez bada, laguntza-eskaera ez dela onartu uler dezake erakunde interesdunak, organo eskudunak eskatutako laguntzari dagokionez berariazko ebazpena eman beharrari utzi gabe.

3.– Laguntzak emateko ebazpena erakunde interesdun bakoitzari jakinarazi beharko zaio banan-banan. Horretaz gain, erakunde esleipendunen zerrenda eta emandako laguntzen zerrenda urtero argitaratu ahal izango da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

4.– Betiere, onartutako diru-laguntza zehaztuko du ematen den ebazpenak, eta Agindu honetako 17. artikuluan jarritako epea igarotakoan, ordaindu egingo da.

17. artikulua.– Enpresa onuradunen betebeharrak.

1.– Agindu honetan araututako diru-laguntzen erakunde onuradunek indarrean dagoen araudia bete beharko dute, betiere azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartzen duen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko 50.2 artikuluan ezarritako betebeharrak aparte utzi gabe; era berean, beste baldintza hauek ere errespetatu beharko dituzte:

a) Esleitutako diru-laguntza onartzea. Zentzu horretan, diru-laguntza ematearen Ebazpena jasotako egunetik hasi eta hamabost eguneko epean, onuradunak diru-laguntzari esanbidez eta idazki bidez uko egiten ez badio, diru-laguntza onartutzat hartuko da.

b) Diru-laguntza eman den xede jakinerako erabiltzea.

c) Helburu berberarekin edozein administrazio edo erakunde publiko zein pribatuk emandako diru-laguntzak edo laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskuratu dituela jakinaraztea diru-laguntza eman duen organoari.

d) Diru-laguntza emateko kontuan hartutako edozein zirkunstantzia objektibo zein subjektibotan aldaketarik badago, aldaketa hori egin baino lehen horren berri ematea.

e) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan turismo arloan eskumena duen Sailak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, jasotako laguntzei dagokienez dituzten eginkizunak betez, eskatzen dieten informazio guztia aurkeztea.

f) Jasotako funtsen aplikazioa egiaztatzen duten dokumentuak eta fakturak gordetzea, baita dokumentazio elektronikoa ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak horiek egiaztatzeko eta kontrolatzeko aukera izan dezan, gutxienez, 4 urteko denbora-tartean, diruz lagundutako jardueraren azken justifikazioaren egunaren biharamunetik zenbatzen hasita.

g) Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuari buruzko abenduaren 22ko 6/2003 Legearen II. tituluko hizkuntza-eskubideak aipatzen dituen VII. kapituluan jasotako hizkuntza-eskubideak errespetatzea.

h) Administrazioaren laguntzak kontratatzen, adosten edo jasotzen dituzten erakundeei Emakumeen eta Gizonen berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 2.3 artikuluak ezartzen dizkien betebeharrak betetzea.

18. artikulua.– Diru-laguntzaren baldintzak aldatzea.

Diru-laguntza emateko kontuan izandako baldintzetan egindako aldaketa orok diru-laguntza hori emateko ebazpena aldatzea ekarri ahal izango du, betiere diru-laguntzaren onuraduna izateko arau honetan ezarritako gutxieneko eskakizunak betetzen badira.

Horretarako, Turismo Zuzendaritzak aldaketa egiteko dagokion ebazpena emango du, eta, bertan, emandako diru-laguntzen zenbatekoak egokituko dira.

19. artikulua.– Ikuskapena.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan turismo-arloan eskumena duen sailak egokitzat jotako ikuskaritza eta egiaztapen guztiak egingo ditu, diruz lagundutako jardunen garapenari eta egikaritzeari dagokionez; horrela, erakunde onuradunek eskatzen zaien informazio guztia aurkeztu beharko dute, eta hori guztia Eusko Jaurlaritzaren Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Auzitegiak egin dezaketen kontrola aparte utzi gabe, betiere bere eginkizunen egikaritzapenean jasotako laguntzei dagokienez.

20. artikulua.– Ez-betetzeak.

Erakunde onuradunak diru-laguntza emateko ebazpenean eta gainerako arau aplikagarrietan ezarritakoa betetzen ez badu, aurkeztutako datuak gezurrezkoak badira, dirua diru-laguntza ematea eragin zuen helbururako ez den beste baterako erabili badu, turismo-arloan eskumena duen zuzendaritzak ondorio horretarako irekitako espedientea bideratu eta interesdunari hamabost eguneko epean entzun ondoren, diru-laguntza galduko du eta jasotako dirua gehi dagozkion legezko interesak bi hilabeteko epean Eusko Jaurlaritzaren Diruzaintza Nagusira itzuli beharko ditu, bidezkoak diren gainerako ekintzak eragotzi gabe. Hori guztia, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuan ezarritakoaren arabera.

21. artikulua.– Datu pertsonalak.

Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta Datu Pertsonalen Fitxategi Publikoei eta Datuak Babesteko Euskal Agentzia sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legean ezarritakoarekin bat etorriz, deialdi hauetan parte hartzen dutenek baimena ematen dute deialdien izapidetzean jasotako datu pertsonalak tratatu eta argitaratzeko. Datuok, bestalde, fitxategi batean sartuko dira, eta, hain zuzen, hauxe izango da fitxategi horien xedea: diru-laguntzen deialdiak kudeatzea eta deialdi horietan parte hartzen duten pertsonei deialdiaren garapenaren berri ematea. Turismo arloan eskumena duen Zuzendaritza da fitxategi horien arduraduna. Datuak eskuratu, zuzendu, kontsultatu eta horien aurka egiteko eskubideak Turismo arloan eskumena duen Zuzendaritza horretan erabili ahal izango dira. Horretarako, Donostia kaleko 1. zenbakira (01010, Vitoria-Gasteiz) jo beharko da.

XEDAPEN IRAGANKORRA

1.– Laguntza-programa honen 2014ko ekitaldiko deialdian, 2013ko uztailaren 12tik laguntza-eskabidea aurkezten den eguneraino egindako inbertsioak onartuko dira, betiere eskabidea ekitaldi horretarako deialdian ezarritako epearen barruan aurkeztu bada.

2.– Turismo-enpresak modernizatzeko laguntza-programa arautzen duen Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2011ko uztailaren 27ko Aginduaren babesean laguntzak eskatu zituzten enpresek, ez badiete laguntza eman kreditua agortu delako baina era berean eskaeretan bildutako proiektuen aldeko iritzia jaso bazuten, proiektu horiek laguntza-programa honetan aurkeztu ahal izango dituzte, baldin eta Agindu honen 6. artikuluan diruz lagun daitezkeen inbertsioen artean badaude eta bertan ezartzen diren betekizunak betetzen badituzte. Dagokion epea irekitzen denean, beharrezkoa izango da beste eskaera bat aurkeztea.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Agindu hau indarrean jartzen denean, turismo-enpresen modernizaziorako laguntza-programa arautzen duen Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2011ko uztailaren 27ko Agindua eta turismo-sektorean kalitate-kudeaketako eta ingurumen-kudeaketarako sistema egiaztagarriak ezartzeko laguntzen programa arautzen duen Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2011ko uztailaren 27ko Agindua indargabetuta geratuko dira.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honen aurka, Euskadiko Auzitegi Nagusian Administrazioarekiko Auzi Errekurtsoa ezarri ahal izango da, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasi eta bi hilabeteko epean.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko ekainaren 11.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala