Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

114. zk., 2014ko ekainaren 18a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
OGASUN ETA FINANTZA SAILA
2687

85/2014 DEKRETUA, ekainaren 3koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari Sociedad para la Transformación Competitiva - Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea S.A. sozietatearen kapital-gehikuntzan parte hartzeko baimena emateko dena.

Sociedad para la Transformación Competitiva - Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea S.A. sozietatearen Administrazio Kontseiluak, 2014ko apirilaren 30ean egindako bilkuran, hau erabaki zuen: Akziodunen Batzar Orokorrari proposatzea sozietatearen kapitalari 5.277.500 euro gehitzea.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioa Sociedad para la Transformación Competitiva - Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea S.A. sozietatearen bazkide denez, lehentasunezko eskubidea du sozietatearen Akziodunen Batzar Orokorrak jaulkitzen dituen akzio berriak harpidetzeko, Kapital Sozietateei buruzko Legearen testu bategina onartu zuen uztailaren 2ko 1/2010 Legegintzako Errege Dekretuaren 304. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuak honako hau ezartzen du 110.1 artikuluan: enpresa-ondarea osatzen duten ondasunak eta eskubideak eskuratzeko, aurretiaz, Jaurlaritzaren Kontseiluaren baimena beharko da, dekretu bidez emana, eta horretarako proposamena, berriz, ondareari buruzko eskumenak dituen saileko buruak eta, zuzenean nahiz bitarteko erakunde baten bidez, sozietatea loturik duen edo loturik izango duen saileko buruak egin beharko dute, biek batera. Dekretu hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu behar da, baina, edonola ere, ematen den egunetik aurrera izango da indarrean.

Kapitala ordezkatzen duten baloreak eskuratzeko baimena ematen duen dekretuak, doako eskuraketa ez baldin bada behinik behin, nahitaezkoa izango du sozietatearen xedea adieraztea, baita Euskal Autonomia Erkidegoak eskuratze horretan zuzenean nahiz zeharka izango duen partaidetzaren ehunekoa ere.

Hauxe da Sociedad para la Transformación Competitiva - Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea S.A. sozietatearen helburua:

a) Enpresa-sustapenean laguntzea, kudeaketaren, ekonomiaren eta teknikaren arloetan eta interes enpresarialeko beste arlo batzuetan zerbitzu-aholkularitza emanez eta ikerketak eginez.

b) Enpresa berrien sorrera sustatzea, eta jada martxan daudenen zabalkundea, garapen teknologikoari eta esportazioari arreta berezia eskainiz.

c) Enpresen arteko jarduera komunak eta kooperaziokoak sustatzea, horrek lehiakortasuna indartzera eramaten duenean.

d) Enpresen onbideratze eta birmoldaketa prozesuetan inplikatutako alderdien indarrak era osagarrian laguntzea, betiere bideragarritasun baldintza objektiboak biltzen badituzte.

e) Ikerketa eta garapeneko proiektuak sustatzea, izan prozesu berrietan zein produktu berrietan eta horri loturiko zerbitzuetan.

f) Sozietatearen helburuekin zerikusia duen bestelako edozein.

Gainera, sozietateak, bere helburuak betetze aldera, honako hauek egin ahal izango ditu:

1.- Enpresei diru-laguntzak, kredituak -epe luze edo ertainera, baita interes-mota berezian ere- eta abalak eman, betiere Eusko Jaurlaritzak ematen dituen arauak betez.

2.- Interes bereziko enpresen kapital sozialean parte hartu, eta enpresaren xedea osatzen duten jarduerak garatu -osorik edo partez, zeharka-, xede bera duten sozietateen akzio edo partaidetzen titularitatearen bidez (baita xede hori sozietatearen helburuaren zati bat bada ere, edo antzeko xedea bada ere). Jarduera horiek aurrera eramateko, Eusko Jaurlaritzaren baimena behar da, eta kasu bakoitzean zehazten diren baldintzak bete behar dira.

3.- Erakundeen aurrezkiko funts publikoen koefizientean konputagarriak izan daitezkeen obligazioak edo antzeko tituluak jaulki.

4.- Finantza-erakunde publiko eta pribatuengandik maileguak jaso. Aurrezki-kutxek emandako maileguak arauketa bereziko mailegutzat jo daitezke, indarrean dagoen legerian ezarritako moduan eta baldintzetan.

5.- Diru-laguntzak eta bermeak jaso, EAEko Ogasun Nagusiarengandik eta Autonomia Erkidegoko beste instituzio eta erakunde publikoengandik, baita estatuko sektore publikoarengandik ere.

Ondorioz, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren eta Ogasun eta Finantzetako sailburuaren proposamenez, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2014ko ekainaren 3an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.- Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari baimena ematea Sociedad para la Transformación Competitiva - Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea S.A. sozietateko Akziodunen Batzar Orokorrak erabakitzen duen kapital-gehikuntzan parte hartzeko. Gehikuntza hori bost milioi berrehun eta hirurogeita hamazazpi mila eta bostehun (5.277.500) eurokoa da. Halaber, baimena ematen zaio aipatu batzarrak ezarritako epe eta moduan ordaintzeko, bai eta sozietatearen estatutuetan dagokion aldaketa egiteko ere. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak % 99,03ko parte-hartze zuzena izango du Sociedad para la Transformación Competitiva - Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea S.A. sozietatean.

2. artikulua.- Ondare eta Kontratazioko zuzendariari ahalmena ematea aurreko artikuluetan xedatutakoa burutzeko beharrezkoak diren jarduerak gauzatzeko eta agiriak izenpetzeko.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu honek onartzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Busturian, 2014ko ekainaren 3an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

Ogasun eta finantzetako sailburua,

RICARDO GATZAGAETXEBARRIA BASTIDA.


Azterketa dokumentala