Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

114. zk., 2014ko ekainaren 18a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
2692

AGINDUA, 2014ko ekainaren 4koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, 2014an Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologietan euskara sustatu, garatu edota normalizatzeko diru-laguntzak emateko araubidea ezarri eta deialdia egiteko dena (IKT deialdia).

Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatu zituen. Dekretu horren 10. artikuluak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari, besteak beste, honako hauen inguruko egitekoak izendatu zizkion: hizkuntza politika eta euskararen sustapena.

Bestalde, 193/2013 Dekretuak, apirilaren 9koak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituenak, honako zeregin hau ezarri zion Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzari bere 21.1.h artikuluan (EHAA, apirilaren 24koa, 78. zk.): azaroaren 24ko 10/1982 Legea, Euskararen erabilera arautzekoa, eta gainerako xedapen osagarriak egoki garatzen eta aplikatzen direla zaintzea, hargatik eragotzi gabe administrazioko beste organo batzuek horretarako berariaz izendatuta dituzten funtzioak.

Euskararen Aholku Batzordeak 2012ko uztailaren 18an onartu zuen Euskara Sustatzeko Ekintza Plana. Plan hori, halaber, Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Batzordeak 2012ko uztailaren 24an onartu zuen eta Eusko Legebiltzarrak 2013ko irailaren 11n berretsi zuen. Euskara Sustatzeko Ekintza Planean IKT alorrean, etorkizunerako erronka era honetan zehazten du: «Kultura digitalaren garai hauetan, ahalegin bereziak bideratu behar dira sareko eduki eta aplikazioetara, ahalik eta esparru gehienetako eskaintza euskaraz izan dadin. Hizkuntza batek IKT alorrean etorkizuna izan nahi badu, oinarrizko baliabideak eta tresnak behar ditu. Horiek euskaraz garatzeko eta eguneratuak izateko ekimen eraginkorrak bultzatuko dira».

Jarriak dauzkan zereginak betetze aldera, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak, oraingo Agindu honen bitartez, Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologietan euskara sustatu, garatu edota normalizatzeko 2014ko diru-laguntza deialdia arautzen du.

Ondorioz, hauxe

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da, Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologietan euskara sustatu, garatu edota normalizatzeko diru-laguntzak arautzea eta deialdia egitea.

2. artikulua.– Programak edo jarduerak egikaritzeko epea.

Laguntza deialdi honek 2014an burutuko diren egitasmoak baino ez ditu gogoan hartuko. Hori dela-eta, deialdi honetara biltzen diren egitasmoak gauzatzearen ondorioz eskaini, eman edota gizarteratu beharreko jardunak, zerbitzuak eta produktuak 2014ko abenduaren 31 baino lehen eskaini, eman edota gizarteratuko dira.

3. artikulua.– Izapidetzea.

1.– Interesdunek prozeduraren izapideak eskatzeko, kontsultatzeko eta egiteko honako bi bide hauetakoren bat aukeratu ahal izango dute:

– Bide elektronikoa.

– Bide presentziala.

2.– Eskabideak, ardurapeko adierazpenak, zuriketak eta ereduen gaineko zehaztapenak nola izapidetu, izapidetze presentzialaren zein telematikoaren bidez, euskadi.net-eko gune elektroniko honetan dago eskuragarri: https://euskadi.net/diru_laguntza/-/2014/ikt/eu/

3.– Diru-laguntzaren eskabidea eta dokumentazioa aurkezterakoan bide bat erabiltzeak, izapidetze presentzialak edo telematikoak, ez du prozeduraren hurrengo pausoetan bide bera erabiltzera behartzen, eta edozein unetan alda daiteke batetik bestera.

4.– Eskaera elektronikoaren ondorengo izapideak honako gunearen bitartez egingo dira: https://www.euskadi.net/nirekudeaketak

4. artikulua.– Onuradunak.

Hauek dira laguntza-modalitate honen hartzaileak: jarduera ekonomikoren bat garatzen duten enpresa guztiak, gaitasun juridiko osoa eta jarduteko gaitasun osoa badute eta legalki eratuta badaude indarrean dagoen araudiaren arabera, betiere Agindu honen 7. artikuluan aipaturiko egitasmoak burutzen badituzte.

Diru-laguntza deialdi honen ondorioei dagokienez, honako hau da enpresaren definizioa: jarduera ekonomikoa gauzatzen duen pertsona fisiko edo juridiko pribatua.

5. artikulua.– Enpresa eskatzaileen baldintzak eta betebeharrak.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50. artikuluan zehaztutako betebeharrak:

a) Laguntza-deialdi honetara ezin izango dira aurkeztu zigor eta administrazioaren arloan diru-laguntza publikoak jasotzeko debekurik dutenak, ezta laguntzak jasotzeko ezgaitzen dituen legezko debekuetan sartuta daudenak ere. Era berean, ezin izango da sexu arrazoiengatik diskriminaziorik egitearren zigortutakoa izan, otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, Emakume eta Gizonen Berdintasunari buruzkoak, xedatutakoaren arabera.

b) Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak edo erakunde autonomiadunek ezaugarri bereko beste laguntza edo diru-laguntzaren batzuk eman izana dela-eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu egin beharko da onuradunei diru-laguntzak eman eta, kasua balitz, ordaindu ahal izateko. Halaber, itzulketa-prozedura horietatik eratorritako diru-laguntzak itzultzeko betebeharra bete ez dutenei ezin zaie diru-laguntzarik eman, ezta ordaindu ere.

c) Erakundeak egunean edukitzea indarrean dauden xedapenek ezartzen dituzten zerga-betebeharrak, arauz zehaztu den bezala.

d) Erakundeak egunean edukitzea indarrean dauden xedapenek ezartzen dituzten Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak, arauz zehaztu den bezala.

e) Diru-laguntza hauen onuradun izateko indarrean dagoen legedian ezarritako baldintzak betetzea.

2.– Horiez gain, deialdi honetarako hauek:

a) Bere kapital gehiena publikoa duten entitate pribatuen eskabideak eta fundazio-ondarea edota gobernu –edo zuzendaritza– partaidetza nagusiki publikoa duten entitatea ez izatea.

b) Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eta Euskararen Erakunde Publikoa / Office Public de la Langue Basquek hizkuntza normalkuntzarako sinatutako hitzarmen markoaren 2014ko diru-laguntzen deialdiaren onuraduna ez izatea.

c) Laguntza-deialdi honetatik kanpo geratzen dira ondoren adierazten diren estatu laguntza erregimenaren bidez legez kanpoko eta bateraezinak diren diru-laguntzak jaso dituzten erakundeak: Araba I, Araba II eta Araba III (CR 48/99, CR 49/99 eta CR 58/99); Gipuzkoa I, Gipuzkoa II eta Gipuzkoa III (CR 50/99, CR 53/99 eta CR 59/00) eta Bizkaia I, Bizkaia II eta Bizkaia III (CR 52/99, CR 54/99 eta CR 60/00) baldin eta jasotako diru-laguntza eta dagozkion interesak blokeatutako diru-kontu batera itzuli ez badituzte.

d) Enpresa, burutu nahi den egitasmoa burutu ahal izateko jabego intelektualari loturiko elementuen ustiapen-eskubideen jabe izatea.

6. artikulua.– Enpresa eskatzailearen betekizun jakin batzuk egiaztatzea.

1.– Laguntzen eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela egiaztatzen duen dokumentazioa berez egiaztatuko du, behar beste aldiz, organo kudeatzaileak, eta horretarako ez du eskatzaileen baimenik beharko, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina aplikatuz. Estatu Espainiarreko Ogasunean zergak ordaintzen dituztenekin berdin jokatuko da. Aldiz, interesdunek Nafarroako Ogasunean ordaintzen badituzte zergak, edo helbide fiskala Estatu Espainiarretik kanpo baldin badute, zerga-betebeharrak egunean dituztela egiaztatzen duen ziurtagiria aurkeztu behar dute, genienik ere sei (6) hilabete lehenago egindakoa eta organo eskumendunak emana, horrelakoetan elkarreraginkortasun-zerbitzuak ez baitaude erabilgarri.

2.– Eskabideek honako aukera hau jasoko dute: diru-laguntzaren eskatzaileak, berariaz baimena ematen dio organo kudeatzaileari gainerako datuak edo dokumentuak lortzeko edo egiaztatzeko. Hau guztia, Herri Administrazioari dagozkion egiaztatzeko eta ikuskatzeko eskumenak kaltetu gabe.

Enpresak ez ditu aurkeztu behar izango legalki eratuta dagoela eta dagokion erregistroan inskribatuta dagoela egiaztatzen duten agiriak, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko Erregistroan dagoen fundazioa, kooperatiba edo elkartea bada. Izan ere, kasu honetan Administrazioak ofizioz egiaztatu ahal izango du Erregistroan dagoela, eta nahikoa izango da eskatzaileak hori adieraztea eskabide-orrian.

Baldin eta eskatzailea pertsona juridiko pribatua bada eta enpresa legalki eratuta dagoela eta dagokion erregistroan inskribatuta dagoela egiaztatzen duten agiriak Administrazio honetan lehenago ere aurkeztuak izan badira eta indarrean jarraitzen badute, eskatzaileak ez ditu aurkeztu behar izango. Edozein modutan ere, eskatzaileak eskabide-orrian adierazi beharko du agiri horiek noiz eta zein Sail edo Zuzendaritzatan aurkeztu zituen.

Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legea betez, Agindu honetako 5. artikuluan zehaztutako betebeharrak egiaztatuko dira eskaeran, erantzukizunpeko adierazpen bidez.

7. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen egitasmoak eta kopuruak.

1.– Honako hauek dira laguntza-mota honetara bil daitezkeen egitasmoak eta multzo bakoitzerako aurreikusitako diru-laguntza kopurua:

– Euskarazko atari edo webguneak:

ET1.– Euskarazko atari edo webgune berriak sortzea (200.000 euro).

ET2.– Aurretik abian dauden sareko hedabideen webguneetan funtzionalitate berriak gehitzea eta webgune horiek gailu mugikorretarako egokitzea (100.000 euro).

ET3.– Aurretik abian dauden euskarazko gainontzeko webguneak zerbitzu, funtzionalitate eta eduki berriz hornitzea eta hobetzea, hala nola webgune horiek gailu mugikorretarako egokitzea (204.000 euro).

– Softwarea euskaraz sortzea edota euskarara lokalizatzea:

ET4.– Softwarea euskaraz sortzea edota euskarara lokalizatzea (303.500 euro):

– Gailu mugikorretarako aplikazioak euskaraz sortzea edota euskarara lokalizatzea.

– Ordenagailuetan soilik erabil daitezkeen aplikazioak euskaraz sortzea edota euskarara lokalizatzea.

2.– Nolanahi ere, aurreko puntuan zehaztutakoari dagokionez, honako egitasmo hauek ez dute sarbiderik izango eta, ondorioz, kanpoan utziko dira:

a) Alderdi politikoen, hauteskundeetarako koalizioen eta sindikatuen egitasmoak.

b) Atari eta webgune pertsonalak.

c) Atari eta webgune puntualak (gertakizun, ekitaldi edo jardunaldi jakin baten inguruan propio antolatutakoak, euskararekin lotura zuzena izanik ere).

d) Demoak eta prototipoak.

e) Produktu eta helburu zabalago baten osagai diren egitasmoak, baldin eta publikoarentzat erabilgarriak ez badira.

f) Enpresa-kudeaketarako softwarea euskaraz sortzea edota euskarara lokalizatzea helburu duten egitasmoak.

g) Lan mundurako euskarazko edukiak.

h) Sareko hedabideetako edukiak.

i) Giza eskubideak eta pertsonen arteko bizikidetasun-balioak errespetatzen ez dituzten egitasmoak eta, ondorioz, herritarrei iraingarri gerta dakiekeen ikur edo elementuak jasotzen dituztenak; halaber, herritarren duintasunari kalte egiten dieten edo indarkeriaren justifikazioa iradokitzen duten ikur edo elementuak jasotzen dituztenak.

j) Sexu bien arteko trataera-berdintasuna bermatzen ez duten egitasmoak.

k) Laguntza-mota honetan sarbiderik izan arren, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak 2014an diruz lagundutako egitasmoak.

l) Araubide orokorretan zein berezikoetan erabiltzekoak izanik, ikasketa-plan edo curriculumarekin lotura zuzena edo zeharkakoa duten ikasmaterial inprimatu, ikus-entzunezko edo elektronikoak gauzatzeko asmoz aurreikusitako egitasmoak.

m) Euskararen kalitatea bermatzen ez duten atari edo webguneetan egindako berrikuntza edo horietan kokatuko diren euskarazko eduki berriak. Hau da, lehendik abian dagoen atarian edo webgunean berrikuntzak egin behar direnean, edo euskarazko eduki berriak sartu behar direnean, ezinbestekoa izango da atari edo webgune horrek euskararen kalitatea bermatzea, Euskaltzaindiak emandako arau eta gomendioak aintzakotzat hartuz eta betez.

8. artikulua.– Baldintza bereziak.

Laguntza-mota honetan parte hartu ahal izateko honako baldintza berezi hauek bete behar dira:

1.– Deialdiaren epealdia bete aurretik, hau da, 2014ko abenduaren 31rako, diruz lagundutako egitasmoek guztiz bukatuta eta publikoari zabalik egon beharko dute, edozeinek erabiltzeko moduan. Era berean, merkaturatzeko diren egitasmoak merkatuan eskuragarri egon behar dute ezinbestez 2014ko abenduaren 31rako. Osorik bukatutzat jo ezin diren egitasmoei edo publikoari zabalik edo merkatuan eskuragarri ez dauden egitasmoei emandako laguntza osoa erreklamatuko zaio diru-laguntzaren onuradunari, eta ez da betetako zatiaren araberako likidaziorik bideratuko. Beraz, 23. artikuluari jarraiki, diru-laguntza itzultzeko espedientea bideratuko da.

2.– Horrez gain:

a) ET1 multzoan aurkezten diren proiektuak (euskarazko atari edo webgune berriak), ezinbestez egon beharko dira gailu mugikorretarako egokituta ere ataria edo webgunea sortzen den une berean.

b) Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak kudeatzen duen Hedabideen deialdian parte hartzen duten egitasmoak IKT deialdi honen ET2 multzoan soilik aurkeztu ahal izango dira, zehazki aurretik abian dauden sareko hedabideetan funtzionalitate berriak gehitzeko edo webgunea gailu mugikorretara egokitzeko.

c) ET1, ET2, eta ET3 multzoei dagokienez:

– Euskarazko atari edo webguneek etengabe eguneratzeko plangintza eduki beharko dute, bai eta gunea ezagutarazteko plana ere. Euskarazko eduki berrien kasuan, horiek zabaltzeko edo ezagutarazteko plangintza zehaztuko da.

– Webguneek Google Analytics eduki behar dute bisita eta bisitariak neurtzeko. Hori da hobesten den neurgailua. Quantcast ere onartuko litzateke. Entitate eskatzaileak Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzari emango dio neurgailurako sarbidea.

d) ET4 multzoari dagokionez:

– Gailu mugikorretarako sortzen edo lokalizatzen diren aplikazioek Android eta iOSerako bertsioa izango dute gutxienez.

– Egitasmoen zabalkunde plan zehatza aurkeztu beharko da. Plan horretan egitasmoa ezagutzera emateko egingo diren ekintzak jasoko dira: ekintzen deskripzioa, egutegia eta bitartekoak txertatuko dira, bai eta Internet bidezko sustapen plana ere.

9. artikulua.– Diru-laguntzaren nondik norakoa, zertarakoa eta zenbatekoa.

1.– Laguntza-mota hau egitasmoen gauzatze-lanei zuzen-zuzenean egotzitako gastuei partzialki aurre egitera dator. Nolanahi ere, aurreko urteetan diruz lagundutako egitasmoen kasuan, berrikuntzak baino ez dira diruz lagunduko.

Honako gastu hauek ere kanpoan geldituko dira:

a) Patrimonializa daitekeen ibilgetu materialean egindako inbertsioak.

b) Aurretiaz euskara ez den beste hizkuntza batean garatutako atari edo webguneari eta softwareari dagozkion gastuak.

c) Sortzen diren atari edo webgune edota eduki berriak euskaraz gain beste hizkuntza batean edo gehiagotan garatzeko asmoa baldin badago, aurkezten den egitasmoari kostuaren parte bat bakarrik egotziko zaio, euskarazko bertsioari dagokion kostua hain zuzen ere.

d) Halaber, dagoeneko sortutako edukia sarean ipintzeko eskatzen denean diru-laguntza, egokitzapen kostua soilik hartuko da kontuan.

e) Ez dira gastutzat hartuko laguntza-deialdira aurkeztutako egitasmoaren gauzatzeari egozgarri ez zaizkion entitate eskatzailearen jardun orokorreko gastuak.

f) Balio Erantsiaren gaineko Zergari (BEZ) dagokion gastua ez da kontuan hartuko. Hala ere, BEZa berreskuratu ezin duten erakunde onuradunen kasuan, gastutzat hartuko da, eta erakundeok dagokien foru aldundiko ogasun-sailaren ziurtagiri bidez egiaztatu beharko dute hori.

2.– Egitasmo orok gastu- eta sarrera-aurrekontu orekatua izan behar du ezinbestean. Ondorioz, aurrekontu orekaturik ez duen egitasmoa kanpoan utziko da. Gastu-aurrekontuari dagokionez, egitasmo bakoitzaren gastu-aurrekontua ezin izango da 50.000 euro baino gehiagokoa izan.

Gastu-aurrekontuak honako atal hauek izango ditu:

a) Langile-gastuak. Honen barruan sartzen dira egitasmoa egiteko behar izan diren giza baliabideak, bai enpresa barrukoak (soldata gordinak, zergak kontuan hartu gabe, eta legez beharrezkoak diren kotizazioak), bai eta kanpokoak ere (kanpoko zerbitzuen kontratazioa). Atal honetarako honako muga hauek gordeko dira:

– Eduki sorkuntzarako gehienez ere 20.000 euroko gastua hartuko da kontuan.

– Itzulpenetarako gehienez ere 6.000 euroko gastua hartuko da kontuan.

b) Bestelako gastuak (funtzionamendu-gastuak barne). Atal honetan, gehienez ere, langile-gastuaren % 10 hartuko da kontuan, eta bestelako gastu horiek zein kontzepturi dagozkion zehaztuko da.

3.– Egitasmo orok gutxieneko finantzaketa-maila propioa izan behar du ezinbestean, % 40koa hain zuzen ere. Ondorioz, finantzaketa-maila horretara iristen ez den egitasmoa lehiaketatik kanpo utziko da.

4.– Aurreko puntuan aipaturiko finantzaketa propioa honako diru-sarrera hauez osatuta egongo da:

a) Entitate-eskatzailearen diru-ekarpenak.

b) Zerbitzu-salmentatik eskuratutakoak.

c) Produktu-salmentatik eskuratutakoak.

d) Publizitatetik eskuratutakoak.

e) Entitate pribatuetatik jasotakoak.

5.– Defizitarioak diren egitasmoei bakarrik eman ahal izango zaie diru-laguntza. Ondorioz, defizitarioak ez diren egitasmoak lehiaketatik kanpo utziko dira.

6.– Egitasmo bakoitzari esleitutako diru-laguntza, ez da Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzari eskatutakoa baino handiagoa izango. Horrez gain, egitasmo bakoitzak gehienez 20.000 euroko diru-laguntza jaso ahal izango du.

Era berean, jaso beharreko gutxieneko kopuru bat ere ezarri da egitasmoko; horrela, 2.000 euro baino gutxiagoko esleipenak bertan behera geratuko dira.

7.– Entitate bakoitzak ezingo ditu deialdi honetara bost eskaera baino gehiago aurkeztu. Eskaera bakoitzeko egitasmo bakarra aurkeztuko da.

8.– Entitate bakoitzak ezingo ditu Agindu honetatik 90.000 euro baino gehiago eskuratu.

9.– Diru-laguntza bateragarria da edozein erakunde publiko zein pribatuk xede berberaz eman ditzakeenekin, betiere, lagundutako egitasmoak gain-finantzaketarik ez badu. Agindu honen epe-barrutia amaitu eta 22. artikuluan finkatutako justifikazioari ekin eta gero gain-finantzaketarik gertatu dela ikusten bada, diru-laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, betiere 23. artikuluan zehaztutako bideari jarraituz. Murrizketa hori gain-finantzaketaren bestekoa izango da.

10. artikulua.– Diru-laguntzaren organo-kudeatzailea.

Deialdi honen kudeaketa Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzari dagokio.

11. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea, dokumentazioa eta tokiak.

1.– Eskabideak aurkezteko epea:

Laguntza-deialdi honetan parte hartu nahi duen orok gehienez ere bost egitasmo aurkezteko aukera izango du, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hilabeteko epean.

2.– Aurkeztu beharreko dokumentazioa:

Eskaera egiterakoan, honako hauek aurkeztu beharko ditu eskatzaileak:

– Eskabide-orria.

– Eskatzaileari buruzko dokumentazioa.

– Egitasmoari buruzko dokumentazioa:

• Egitasmoaren deskripzioa.

• Egitasmoaren aurrekontua.

• Multzo bakoitzari dagokion bestelako dokumentazioa.

Aurkeztu beharreko dokumentazioaren inguruko zehaztapenak Agindu honi erantsita doan «Dokumentazioari buruzko jarraibideak» izeneko formularioan jasota daude.

3.– Eskabideak aurkezteko moduak eta tokiak.

Eskabideak bi eratara aurkez daitezke:

– Eskabide elektronikoaren bidez edo

– Eskabide presentzialaren bidez.

3.1.– Eskabide elektronikoa aukeratuz gero honako gunearen bitartez egingo da: https://www.euskadi.net/nirekudeaketak

3.2.– Eskabide presentziala aukeratuz gero, honako leku hauetan aurkez daiteke:

– Eusko Jaurlaritza, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza, Donostia kalea, 1; 01010 Vitoria-Gasteiz.

– Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Lurralde Unitatea, Gran Vía 85, 48011 Bilbao.

– Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Lurralde Unitatea, Andia kalea, 13; 20008 Donostia.

– Apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzkoak finkatutako edozein tokitan (EHAA, 2008ko maiatzaren 30ekoa, 102 zk.).

– Herritarren Arretarako Bulegoetan edo azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoak, bere 38.4 artikuluan aurreikusitako tokietakoren batean.

3.3.– Postaz egin nahi izanez gero, honako helbide honetara bidali beharko dira eskabide-orria eta agiriak: Eusko Jaurlaritza, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza, Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritza, Donostia kalea, 1, 01010 Vitoria-Gasteiz. Bide horri ekitekotan, eskabide-orria kartazal irekian aurkeztu beharko da posta-bulegoan, posta-langileak, ziurtapena egin baino lehen, data eta zigilua jar ditzan eskabide-orrian bertan.

4.– Eskatzaileek nahi duten hizkuntzan, euskaraz edo gaztelaniaz, aurkez ditzakete eskabideak eta haiei lotutako dokumentazioa. Halaber, diru-laguntza eskaeraren ondoriozko jardunetan eta prozedura osoan, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Arauzkotzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoari jarraituz.

12. artikulua.– Aurkeztutako eskabidean eginiko akatsen zuzenketa.

Ikusten bada eskabidea onartzeko eskatzen den dokumentazioan zerbait falta dela edo forma akatsak daudela, edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak daudela, hamar (10) egun balioduneko epea emango zaio interesdunari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko. Era berean, ohartarazi egingo zaio ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, aurrez jakinaraziko zaion ebazpen baten bidez, edo dagokion izapidea egiteko eskubidea galduko duela.

13. artikulua.– Esleipen-prozedura.

1.– Zeregin horretarako berariaz eratutako Balorazio-batzordeak eskabideei buruzko ebazpen-proposamena landu eta diruzko zenbatekoak finkatze aldera, honako urrats hauek emango ditu, hurrenez hurren:

1.1.– Adierazitako aurrekontuari eta eskatutako diru-laguntzari dagokienean,

a) Aurrekontu-fitxan adierazitako gastu-aurrekontua eta eskatutako diru-laguntzaren zenbatekoa hartuko ditu abiapuntutzat.

b) 9. artikuluan finkatutakoaren haritik, honako hau ikusiko da: laguntza-deialdira aurkeztutako egitasmoaren gauzatzeari zuzenean eta bakarrik egozgarri zaizkion gastuak baino ez daudela jasota adierazitako gastu-aurrekontuan. Ez dira gastutzat hartuko laguntza-deialdira aurkeztutako egitasmoaren gauzatzeari egozgarri ez zaizkion entitate eskatzailearen jardun orokorreko gastuak.

c) Horrez gain, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eskatzaileak aurkeztutako aurrekontua egokitu ahal izango du, lanen merkatuko kostu estimatua kontuan hartuta. Posible den kasuetan, kostu estimatua kalkulatzeko kontuan hartuko dira Eusko Jaurlaritzako erakundeetako prezio publikoak (adibidez, honako tarifa hauek hartuko dira kontuan: itzulpenetarako IVAPek dituenak, eta lan informatikoetarako Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkarteak dituenak).

d) Aurreko bi puntuetan (b eta c) adierazitakoa aintzat hartuta, eskatzaileak adierazitako gastu-aurrekontuari aldaketaren bat egin behar izatekotan, beste horrenbesteko aldaketa egingo zaie adierazitako sarrera-aurrekontuan zehaztutako finantzaketa propioaren kopuruari eta eskatutako diru-laguntzari, beti ere gastu-aurrekontua aldatu den proportzio berean. Modu horretan, aurrekontu onartua finkatuko da. Horrelakoetan, diru-laguntza kalkulatzeko orduan, aurrekontu onartua eta eskatutako diru-laguntza onartua hartuko dira erreferentzia-oinarritzat, baita eskabide-orrian zehaztutako finantzaketa-maila propioa ere.

1.2.– Puntuei dagokienez,

a) Esleipen-prozedurari ekin aurretik, balorazio-fasera pasatutako egitasmoak baloratuko dira, Agindu honen 14. artikuluan finkatutako irizpideen arabera.

b) Egitasmoek, aurrera egitekotan, jaso litezkeen puntuetatik hirurogeita hamar (70) puntu edo hortik gora lortu beharko dituzte. Ondorioz, esandako gutxieneko puntuazio horretatik beherako puntuazioa lortzen duten egitasmoek ez dute diru-laguntzaren banaketan sartzerik izango eta, ondorioz, ez dute diru-laguntzarik hartuko.

c) Puntu horiek onartutako gastu-aurrekontuaren estalpen-indizea zehaztuko dute. Estalpen-indize hori balorazio-batzordeak zehaztuko du, betiere puntu-tarteak finkatu eta gero.

2.– Egitasmo bakoitzari esleitu beharreko laguntza-kopurua zehazteko orduan, 9. artikuluan finkatutako mugak gordeko dira.

3.– Ebazpen-proposamena lantzerakoan, Balorazio-batzordeak, webguneen kasuan eta dauden diru-baliabideak kontuan izanik, ET1, ET2 eta ET3 multzoetako batean diru soberakina izan eta horietako besteren batean diru-falta balego, diru-soberakinen birbanaketa egitea proposatuko du eta horrela jasoko da Hizkuntza Politikarako sailburuordeari egingo dion proposamenean. Birbanaketa egiterakoan, multzo horien beharrak izango dira gogoan. Horretarako, multzo bakoitzean eskatutakoaren eta esleitutakoaren arteko aldeak hartuko dira aintzakotzat, horiek estaltzeko beharrezkoak diren formulak erabiliz.

Nolanahi ere ET2 multzoan, hau da, sareko hedabideetan funtzionalitate berriak gehitzea eta webgunea gailu mugikorretarako egokitzea helburua duen azpimultzoan, ez da diru gehigarririk izango.

Softwareari dagokion multzoan, hau da, ET4 multzoan, berriz, diru-kopurua finkoa izango da, ez da dirua mugitzeko aukerarik izango.

14. artikulua.– Balorazio-irizpideak.

1.– Agindu honen babesean emango diren diru-laguntzak lehiaketa-prozeduraren bidez esleituko dira, betiere, ezarritako mugak errespetatuz eta finkatutako irizpideak erabiliz. Ebazpen-proposamena landu eta diruzko zenbatekoak finkatzeko orduan, zeregin horretarako berariaz eratutako Balorazio-batzordeak honako irizpide eta balio hauek izango ditu kontuan:

Euskarazko atari edo webguneak (ET1, ET2 eta ET3 multzoak):

Atal honetan bereziki lagunduko dira aisialdirako eta entretenimendurako egitasmoak, betiere erabilera handia izan dezaketen neurrian. Hona hemen irizpide nagusiak:

a) Egitasmoaren kalitatea eta egokitasuna: gehienez ere berrogeita bost (45) puntu.

Egitasmoaren kalitatea eta egokitasuna baloratzeko honako aldagai hauek hartuko dira kontuan:

– Berrikuntza.

– Erabilgarritasuna.

– Ezaugarri teknikoak.

– Diseinua.

– Edukiak.

Edukien kasuan lanketa berariazko eta sendoa dutenak lehenetsiko dira

b) Euskararen erabilera IKTetan bultzatzeko eragingarritasuna: gehienez ere berrogeita bost (45) puntu.

Eragingarritasuna neurtzeko hauek izango dira baloratuko diren aldagaiak:

– Gaiaren izaera; aisialdiko eta entretenimendurako egitasmoak lehenetsiko dira.

– Erabiltzaile kopurua (bisitak eta bisitariak) jadanik abian diren egitasmoetan.

– Egitasmo berrietan kontuan hartuko da publiko potentzialaren izaera eta dimentsioa.

c) Autofinantzaketa-maila: gehienez ere bost (5) puntu.

Eskatzaileak egitasmoa garatu ahal izateko egingo duen ekarpena neurtuko da (finantzaketa propioa).

d) Lizentzia libre edo kode irekiko edukiak: gehienez ere bost (5 puntu).

Kodea eta edukia zabaldu, ikusi, aztertu, aldatu eta komertzializatzeko aukera dagoen ala ez neurtuko da.

Softwarea euskaraz sortzea edo lokalizatzea (ET4 multzoa):

a) Egitasmoaren kalitatea eta egokitasuna: gehienez ere berrogeita bost (45) puntu.

Egitasmoaren kalitatea eta egokitasuna baloratzeko honako aldagai hauek hartuko dira kontuan:

– Berrikuntza.

– Erabilgarritasuna.

– Ezaugarri teknikoak.

– Euskararen trataera.

– Produktuaren merkaturatzea.

b) Euskararen erabilera IKTetan bultzatzeko eragingarritasuna: gehienez ere berrogeita bost (45) puntu. Honako hauek dira, bereziki, balorazioa egiterakoan kontuan hartuko direnak:

– Gaiaren izaera; aisialdiko eta entretenimendurako egitasmoak lehenetsiko dira.

– Publiko potentzialaren dimentsioa.

– Gailu mugikorretarako softwarea izatea.

c) Autofinantzaketa-maila: gehienez ere bost (5) puntu.

Eskatzaileak egitasmoa garatu ahal izateko egingo duen ekarpena neurtuko da (finantzaketa propioa).

d) Lizentzia libre edo kode irekiko edukiak: gehienez ere bost (5 puntu).

Kodea eta edukia zabaldu, ikusi, aztertu, aldatu eta komertzializatzeko aukera dagoen ala ez neurtuko da.

15. artikulua.– Balorazio-batzordea.

1.– Aurkeztutako eskabideak aztertzeko eta ebaluatzeko, berariazko Balorazio-batzorde bat osatuko da.

2.– Balorazio-batzordea honako kide hauek osatuko dute:

a) Jorge Giménez Bech, Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendaria, batzordearen buru izango dena. Ordezkoa, Jokin Azkue Arrastoa, Euskara Sustatzeko zuzendaria.

b) Ana Esther Furundarena Olabarriaga, Hizkuntza Politikako aholkularia. Ordezkoa Gotzon Lobera Revilla, Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko zuzendaria.

c) Ane Crespo Calvo, Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzako EBPNren jarraipenerako arduraduna. Ordezkoa, Edurne Basoa González, Euskara Sustatzeko Zuzendaritzako Dokumentazio eta Informazio Zerbitzuaren arduraduna.

d) Araceli Diaz de Lezana Fernandez de Gamarra, Euskara Sustatzeko Zuzendaritzako Estandarizazio Zerbitzuko arduraduna. Ordezkoa, Igor Goirizelaia Ziardegi, Informatika Zerbitzuen Koordinatzailea.

e) Elene Etxezarreta Etxeberria, Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzako teknikaria. Honek idazkari-lanak egingo ditu eta hitza izango du, baina ez botorik. Ordezkoa Jone Aboitiz Legarra, Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzako teknikaria.

3.– Egitasmoak baloratzeko, Balorazio-batzordeak iritzia eskatu ahal izango die adituei.

4.– Balorazio-batzordeak, laguntza-mota honetan finkaturiko irizpideak eta mugak kontuan izanik, ebazpen-proposamena landuko du eta Hizkuntza Politikarako sailburuordeari aurkeztuko dio, honek, zuzen eta bidezkoa joz gero, behin betiko ebazpena har dezan. Aipaturiko proposamenak, honako atal hauek izango ditu gutxienez:

a) Deialdian finkaturiko baldintzak bete ez izateagatik baztertuak izan diren eskabideen zerrenda eta horietako bakoitza baztertu izanaren zioa.

b) Diruz lagundutako egitasmoak; onartutako gastu-aurrekontua; lortutako puntuak, osotara eta atalkakoa; eta diru-laguntzaren zenbatekoa.

c) Gutxieneko puntuak lortu ez izateagatik diru-laguntzarik gabe utzitako egitasmoak eta horiek lortutako puntuazioa, osotara eta atalkakoa.

16. artikulua.– Ebazpena.

1.– Balorazio-batzordearen proposamena ikusita, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak agindu honek arautzen dituen diru-laguntzak esleitzeko ebazpena emango du. Ebazpen hori, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik sei hilabeteko epean interesdunei jakinaraziko die.

2.– Diruz lagundutako egitasmoen zerrenda Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da bai eta Eusko Jaurlaritzako webgunean ere (www.euskadi.net) herritar orok jakin dezan. Zerrenda horretan zehaztuko dira diruz lagundutako egitasmo bakoitzak jasotako puntu kopurua eta diru-laguntzaren zenbatekoa.

3.– Sei hilabeteko epea amaitu eta interesdunak inolako jakinarazpenik jaso ez badu, eskabidea gaitzetsitzat joko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1 artikuluan ezarritako ondorioetarako.

4.– Laguntza-eskatzaileren bat hartutako ebazpenarekin ados ez bada eta gora jo nahi badu, eskatzaile horrek aukera izango du Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari gorako errekurtsoa aurkezteko, ebazpena berariaz jakinarazi eta hurrengo egunetik hilabeteko epean.

17. artikulua.– Diru-laguntzaren onarpena.

Diru-laguntza esleitzeko ebazpenaren jakinarazpena jasotzen den egunaren biharamunetik hamar (10) egun balioduneko epean diru-laguntzaren onuradunak berariaz eta idatziz uko egin ezean, diru-laguntza onartutzat emango da.

18. artikulua.– Onuradunaren betebeharrak.

Agindu honetan arautzen diren diru-laguntzen onuradunek Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginean (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak onartua) finkaturiko betebeharrez gain, honako betebehar hauek ere izango dituzte:

a) Diru-laguntza eskabide-orrian zehaztutako helburu zehatzerako erabili beharko dute.

b) Eskabide-orrian aurreikusitako egitasmoa bere osotasunean gauzatu beharko dute.

c) Kontrol Ekonomikorako Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak laguntzen xedearen fiskalizazio-funtzioak betetze aldera eskatutako informazio guztia eman beharko dute.

d) Hizkuntzaren kalitatea bermatzea guztiz garrantzizkotzat jotzen denez gero, Euskaltzaindiak emandako arau eta gomendioak aintzakotzat hartu eta beteko dituzte.

e) Indarrean dauden lege eskakizunak bete beharko dituzte jabego intelektualari, egile-eskubideei, lege-gordailuari, banaketari eta abarri dagokienez.

f) Laguntza-gai diren egitasmoek giza eskubideak eta pertsonen arteko bizikidetasun-balioak errespetatu beharko dituzte. Ondorioz, egitasmo horiek ezin izango dute herritarrei iraingarri gerta dakiekeen ikur edo elementurik jaso, ezta beren duintasunari kalte egiten dieten edo indarkeriaren justifikazioa iradokitzen duten ikur edo elementurik ere.

g) Adierazpen- eta informazio-askatasunari begirunea erakustea. Horretarako, nork bere deontologiako arauak beteko ditu eta, aldi berean, politika-aniztasuna eta politika-, gizarte- eta kultura-taldeei zor zaien aukera-berdintasuna bermatuko duen informazio egiazkoa eta objektiboa sustatuko du.

h) Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean xedatutakoari jarraituz, hizkera sexistarik ez erabiltzea, eta gizonen eta emakumeen rolei dagokienez, erabilera estereotipaturik ez egitea.

i) Laguntza-mota honen bidez diruz lagundutako egitasmo orok Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren menpeko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak emandako babesaren berri adierazi beharko du egitasmoaren argitan kaleratutako euskarri guztietan. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzaren logotipo normalizatua agerrarazi behar dute. Logotipoak ikusgai egon behar du hasierako orri edo atal nagusian, ebazpena ematen den unetik gutxienez urtebeteko epean.

19. artikulua.– Diru-laguntzaren ordainketa.

Agindu honetan oinarrituz emandako diru-laguntzen ordainketak bi zatitan egingo dira, era honetara:

a) Lehenengo ordainketan diru-laguntza osoaren ehuneko hirurogeita bost (% 65) ordainduko da, diru-laguntza jasotzea onartzen den egunetik hasi eta bi (2) hilabeteko epean.

b) Bigarren ordainketan, hala badagokio, gainerako ehuneko hogeita hamabosta (% 35) ordainduko da, diru-laguntza justifikatzeko agiri guztiak jaso eta ontzat eman ondoren. Bigarren ordainketa 2015ean egingo da, edozein kasutan, Eusko Jaurlaritzaren 2015eko aurrekontuen kontura.

20. artikulua.– Ebazpenaren aldaketa.

Diru-laguntza emateko kontuan hartu diren inguruabarretako bat aldatzen bada, diru-laguntzaren helburua betetzat jotzen denean, diru-laguntza eman duen ebazpena ere aldatu ahal izango da. Hori dela eta, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak bidezko likidazio-ebazpena emango du, eta, ebazpen horretan, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa berregokituko da. Horretarako, honako Dekretu honetan ezarritako prozedura aplikatuko da: 698/1991 Dekretua, abenduaren 17koa, Euskal Autonomi Elkartearen Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten Izaiki Laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena.

21. artikulua.– Justifikazioak aurkezteko epea eta tokia.

1.– Esleitutako diru-laguntzaren zenbatekoa edozein delarik ere, diru-laguntzaren onuradun orok diruz lagundutako egitasmoaren gauzatzea justifikatu behar du, ezinbestean, Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzaren aurrean. Justifikazioari ekiteko, diru-laguntza esleitzeko orduan erabilitako gastu-aurrekontu onartua erabiliko da.

2.– Diru-laguntzaren justifikazioa egiteko azken eguna 2015eko martxoaren 1a izango da.

3.– Izapidetze presentziala aukeratuz gero, diru-laguntzaren justifikazioa Agindu honen 11. artikuluan aipatutako lekuetan aurkez daiteke.

4.– Era berean, justifikazioak aurkezterakoan bide elektronikoak erabil daitezke: https://www.euskadi.net/nirekudeaketak.

22. artikulua.– Justifikazioarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Aipaturiko justifikazioa justifikazio-kontu erraztuaren arabera egingo da. Justifikazio-kontu erraztuak, zinpeko aitorpenaren izaera izango duenak, honako informazio hau jasoko du:

a) Burututako jardunari eta emaitzei buruzko txostena (Emaitzei buruzko txostena). Beste datu batzuen artean, honako hauek jasoko dira bertan:

– ET1, ET2 eta ET3 multzoetako egitasmoen kasuan, dagokion helbide elektronikoa zehaztuko da Emaitzei buruzko txostena izeneko formularioan.

– ET4 multzoko egitasmoen kasuan, egitasmorako sarbide-kodea bidali behar da (beti ere, izaera publikoa ez duten egitasmoen kasuan), Emaitzei buruzko txostena izeneko formularioan.

– Zabalkundea: egitasmoa zabaltzeko egindakoari buruzko azalpen zehatza idatzi beharko da, eta azalpenari laguntzeko pantaila inprimatuak bidaliko dira, pdf dokumentu batean edo beste euskarriren batean.

– Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren babesa (ikus Agindu honetako 18. artikuluan xedatutakoa): Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak emandako babesaren berri adierazi beharko da egitasmoaren argitan kaleratutako euskarri guztietan, eta babes hori non eta nola agertzen den azaldu beharko da Emaitzei buruzko txostena izeneko formularioan.

b) Diruz lagundutako egitasmoari dagozkion gastuen zerrenda sailkatua (Gastuen zerrenda eta balantzea).

c) Diruz lagundutako egitasmoari dagokion behin betiko balantze ekonomikoa (Gastuen zerrenda eta balantzea)

2.– ET4 multzoko egitasmoek IKTen inbentarioan alta emateko orria bete beharko dute, eta euskarri informatikoan aurkeztu beharko dute.

3.– Diru-laguntza ematen duen organoak behar adina frogagiri eskatuko dio onuradunari, diru-laguntza behar bezala erabili dela egiaztatzeko. Horretarako, unitate moneta laginketa teknika erabiliko du.

4.– Justifikazioari dagokionez, anomalia edo irregulartasunen bat ikusiz gero, Agindu honetako 20. eta 23. artikuluetan finkatutakoari ekingo zaio automatikoki.

5.– Eskaera aurkezteko zein justifikazioak egiteko jarraibideak eta eredu normalizatuak euskadi.net egoitza elektronikoan daude eskuragarri: https://www.euskadi.net

23. artikulua.– Ez-betetzeak eta itzultzeko ebazpena.

1.– Betebeharrak bete gabetzat joko dira honako kasu hauetan:

a) Jasotako diru-laguntza, osorik zein zatika, Agindu honetan zehaztutakoez beste jardueretarako erabiltzea.

b) Diru-laguntza eskatu zen helburu jakinetarako erabili dela ez justifikatzea.

c) Honako Agindu honen 18. artikuluan zehaztutako betebeharrak ez betetzea.

d) Hala badagokio, likidazio-ebazpenak zehaztutako kopurua ez itzultzea horretarako emandako epean.

e) Beste xedapen batean, orokorrean, nahitaezkotzat jotzen diren gainerako egitekoak ez betetzea.

2.– Ez-betetzeren bat gertatuz gero, jasotako dirua eta horren legezko interesak itzuli beharko zaizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari.

Honako Agindu honen pentzutan emandako diru-laguntzaren onuradunak eman eta eskuratutako zenbatekoa eta legez aplikagarriak izan daitezkeen interesak itzuli egin beharko ditu, aurreko pasartean jasotakoak gertatuz gero edo, oro har, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2 artikuluan edo honako Agindu honetan ezartzen diren eginbeharrak betetzen ez badira. Aurreko hori Euskal Autonomi Elkartearen Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen eta horien kudeaketan parte hartzen duten Izaiki Laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituen 698/1991 Dekretuan, abenduaren 17koan, esandakoaren arabera egingo da.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Deialdi honetako 7. artikuluan jaso den guztirako zenbatekoa aldatu egin ahal izango da, eskatutako diru-laguntzen guztirako zenbatekoa kontuan harturik, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailean beste programa batzuk bideratu ondoren aurrekontuak agortu gabe geratu badira. Adierazitako aldaketa diru-laguntzak ebatzi baino lehen egin behar da. Aipatutakoaren berri eman beharko da Hizkuntza Politikarako sailburuordearen ebazpen baten bitartez.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Datu Pertsonalak babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoari jarraituz eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legean ezarritakoaren arabera, deialdi honen izapidetzan jasotzako datu pertsonalak «Euskara sustatzeko laguntzak eta diru-laguntzak» izeneko fitxategian sartuko dira, deialdi hau eta berarekin loturiko beste edozein prozedura edo espediente administratibo kudeatzeko helburuz, bai eta bertan parte hartzen dutenei deialdiaren garapenaren berri emateko ere. Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritza izango da fitxategi horren arduraduna. Hala nahi izanez gero, datuok eskuratu, zuzendu, ezeztatu eta datuoi aurka egiteko eskubideez baliatu ahalko da, horretarako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren Zerbitzu Zuzendaritzari idatzi bat bidaliz (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz). Deialdi honetan parte hartzen duten pertsonek, halaber, beren onespena ematen dute fitxategiko datu pertsonalak Euskal Autonomia Erkidegoko beste administrazio publikoei lagatzeko, deialdiaren helburuekin bat datozen xedeetarako baldin bada, eta baimena ematen diote Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzari beste erakunde batzuetan egiazta dezan aurkeztutako dokumentuen egiazkotasuna.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Administrazio-bidea amaitzen duen agindu honen aurka interesdunak aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita. Bestela, zuzen-zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute Euskadiko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazio Auzietarako Salan bi hilabeteko epean, honako agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honetako euskarazko eta gaztelaniazko testuen artean interpretazio-auzirik sortuko balitz, jatorrizkoa euskaraz idatzitakoa dela kontuan izanik, euskarazkoa hartuko da aintzat.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean izango du eragina agindu honek.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko ekainaren 4a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.


Azterketa dokumentala