Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

115. zk., 2014ko ekainaren 19a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
OGASUN ETA FINANTZA SAILA
2709

95/2014 DEKRETUA, ekainaren 10ekoa, Sociedad para la Transformación Competitiva - Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, SAri baimena ematen diona Sociedad Parque Tecnológico de San Sebastián - Donostiako Teknologi Elkartegia, SA sozietatearen kapital-gehikuntzan parte hartzeko.

Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A. sozietateari buruzko ekainaren 10eko 5/1981 Legearen 4.2 artikuluak xedatzen duenez, sozietateak parte hartu ahal izango du interes bereziko enpresen sozietate-kapitalean. Horretarako, aurretik Eusko Jaurlaritzak horretarako baimena eman beharko dio, eta kasu bakoitzean zehazten diren baldintzetan parte hartu beharko du.

Jaurlaritzaren Kontseiluak, 2012ko urriaren 30eko bilkuran, erabaki zuen baimena ematea SPRI Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A.k Akziodunen Batzar Orokorrean duen ordezkariari, hain zuzen ere Donostiako Teknologi Elkartegia, S.A.ren estatutu sozialetako 1. artikulua aldatzearen alde egin zezan; aldaketa horren ondorioz, sozietateak aurrerantzean izen hau izango du: Parque Científico y Tecnológico de Gipuzkoa – Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkea, S.A.

Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkea, S.A. sozietatearen xedea da industria-arloko ekimena eta inbertsioa bultzatzea eta sustatzea. Horretarako, zenbait eraikin eraiki, eta lursail-multzoak egokituko ditu, eta horien ustiaketa kudeatuko du errentamendu-formulen bidez, jabetza-eskualdatze bidez edo beste edozein bide erabiliz, prekarioko lagapena barne dela. Sozietateak, halaber, lokal eta zerbitzuak sustatuko eta merkaturatuko ditu, teknologia zabalduko du, eskualdatzeko jarduerak gauzatuko ditu, eta parkean ezartzekoak diren enpresa hautagaiak gonbidatu eta aukeratuko ditu, hau da, teknologia aurreratuan jarduerak egingo dituzten enpresak.

Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A. sozietatearen Administrazio Kontseiluak, 2014ko martxoaren 31n egindako bileran, Eusko Jaurlaritzara jotzea erabaki zuen, hain zuzen ere 5/1981 Legearen 4.2 artikuluan jasotakoari jarraituz Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A. sozietateari baimena eman ziezaion, Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkea, S.A. sozietatearen kapital-gehikuntzan zortzi milioi (8.000.000) eurorekin parte hartzeko. Sozietate horren % 75,9714ko partaidetza da hori; guztira, hirurehun eta berrogeita hamar mila (350.000) eurokoa.

Gehikuntza horren ostean, Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A.k Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkea, S.A.n izango duen partaidetza % 66,04koa izango da.

Ondorioz, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren eta Ogasun eta Finantzetako sailburuaren proposamenez, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2014ko ekainaren 10ean egindako bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

Baimena ematen zaio Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A.ri, Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkea, S.A. sozietatearen kapital-gehikuntzan berrehun eta hirurogeita bost mila eta bederatziehun (265.900) eurorekin parte hartzeko. Partaidetza hori sozietatearen % 75,9714koa izango da, hau da, guztira hirurehun eta berrogeita hamar mila (350.000) eurokoa. Gehikuntzaren ostean, Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, SAk Donostiako Teknologi Elkartegia, S.A.n izango duen partaidetza % 65,04koa izango da.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu honek onartzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteizen, 2014ko ekainaren 10ean.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

Ogasun eta Finantzetako sailburua,

RICARDO GATZAGAETXEBARRIA BASTIDA.


Azterketa dokumentala