Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

139. zk., 2014ko uztailaren 23a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
3351

AGINDUA, 2014ko uztailaren 22koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, deialdia egiten duena 2014-2015 ikasturtean unibertsitateko eta goi-mailako ikasketak egiteko diru-laguntzetarako, mugitzeko zailtasun bereziak dituzten ikasleen garraio-gastuak ordaintzeko diru-laguntzetarako eta etekin handiko unibertsitate-ikasleak aintzatesteko eta saritzeko bikaintasun akademikoko beketarako.

Euskal Herriko Autonomia Estatutuak –abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren bidez onartuak– 15. artikuluan ezartzen duenez, «Konstituzioaren lehen erabaki gehigarrian erabakitzen dena aplikatzeko, irakaskuntza, zabalera, maila, gradu, era eta espezialitate guztietan, Euskal Herriko Komunitate Autonomoaren konpetentziapean dago, Konstituzioaren 27. artikuluaren eta berori zehaztuko duten Lege Organikoei, haren 149.1.30 artikuluak Estatuari ematen dizkion ahalmenei eta guztiori betetzeko eta bermatzeko behar den goi inspekzioari kalterik egiteke».

181/1985 Dekretuaren eranskineko B.2 puntuak –unibertsitateen arloan estatuaren egitekoak eta zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzeari buruzkoak– ezartzen duenez, erkidego horri eskualdatzen zaio erkidego horretan administrazio-egoitza duten goi-mailako irakaskuntzako ikasleentzako beka-deialdiak arautzeko eta kudeatzeko zeregina (uztailaren 2ko 181/1985 Dekretuaren bidez, unibertsitateen arloan Transferentzien Bitariko Batzordeak 1985eko martxoaren 25ean hartutako erabakia onetsi zen, maiatzaren 25eko 1014/1985 Errege Dekretuan ezarritako baldintzen arabera).

Otsailaren 25eko 3/2004 Legeak, Euskal Unibertsitate Sistemarenak, 8., 38. eta 44. artikuluetan arautzen ditu beka eta ikasketetarako laguntzei buruzko gaiak, eta honako hau ezartzen du: unibertsitateen arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailari dagokio oinarrizko legedian bekei, kredituei eta ikasketetarako laguntzei buruz ezarritako sistema orokorra arau bidez garatzea.

Otsailaren 25eko 3/2004 Legeak, Euskal Unibertsitate Sistemarenak, hauxe xedatzen du 8.2 artikuluan: ikasle desgaituak euskal unibertsitate-sistematik baztertuta gera ez daitezen, Jaurlaritzak arauak ezarriko ditu, bai eta aukera-berdintasunerako politikak bultzatu ere; bekak, laguntzak eta maileguak emango dizkie ikasle horiei.

Eta guzti horren ondorioz, diru-laguntzen arloan indarrean den legeriarekin bat etorrita, hau da, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu bateginaren azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutakoaren VI. tituluan eta VII. tituluko III. kapituluan jasotakoarekin bat etorrita:

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da honako beka eta laguntza hauen oinarriak deitzea eta onartzea:

1.– 2014-2015 ikasturtean unibertsitateko eta goi-mailako ikasketak egiteko bekak, agindu honen 1. eranskineko oinarrien arabera.

2.– Beren ezaugarri fisikoak edo psikikoak direla-eta, mugitzeko zailtasun bereziak dituzten ikasleen garraio-gastuak ordaintzeko diru-laguntzak, baldin eta 2014-2015 ikasturtean unibertsitate-ikasketak edo goi-mailako beste ikasketa batzuk Euskal Autonomia Erkidegoan egiten badituzte, Agindu honetako II. eranskinean jasotako oinarriekin bat etorrita.

3.– Bikaintasun akademikoko bekak, etekin handiko unibertsitate-ikasleak 2014-2015 urtean aintzatesteko eta saritzeko, Agindu honetako II. eranskinean jasotako oinarriekin bat etorrita.

2. artikulua.– Kreditu erabilgarria.

1.– Aurreko artikuluko 1. atalean aipatu diren laguntzetarako, 26.600.000 euro bideratuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako partiden kontura. Laguntza horien ebazpena, honi baldintzatuta geratzen da: 2015. urterako kredituak egokia eta behar adinakoa izan beharko du, Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduan ezarritakoaren arabera (Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egindako gastu-espedienteen aurretiazko izapidetzea arautu zuen agindu horrek).

2.– Aurreko artikuluko 2. atalean aipatu diren laguntzetarako, 100.000 euro bideratuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako partiden kontura. Laguntza horien ebazpena, honi baldintzatuta geratzen da: 2015. urterako kredituak egokia eta behar adinakoa izan beharko du, Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduan ezarritakoaren arabera (Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egindako gastu-espedienteen aurretiazko izapidetzea arautu zuen agindu horrek).

3.– Aurreko artikuluko 3. atalean aipatu diren laguntzetarako, 120.000 euro bideratuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako partiden kontura. Laguntza horien ebazpena, honi baldintzatuta geratzen da: 2015. urterako kredituak egokia eta behar adinakoa izan beharko du, Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduan ezarritakoaren arabera (Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egindako gastu-espedienteen aurretiazko izapidetzea arautu zuen agindu horrek).

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Baimena ematen zaio Unibertsitateetako zuzendariari jarraibide zehatzak eman ditzan, agindu honetan xedatutakoa betetzeko.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honek administrazio-bidea agortzen du, eta interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango diote Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari hilabeteko epean, agindu hau EHAAn argitaratu, biharamunetik aurrera; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan bi hilabeteko epean, agindu hau egunkari ofizial berean argitaratu, eta biharamunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA

Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egiten diren gastu-espedienteen aurretiko izapidetzea araupetzen duen Ekonomia eta Ogasun Sailaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren ondorioetarako, agindu honetako diru-laguntzei buruzko ebazpena emateko garaian, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2015 urteko aurrekontu orokorretan kreditu egoki eta nahikoa egotea edo ez egotearen mende geratuko da.

AZKEN XEDAPENETATIK LAUGARRENA

Agindu honek eragina izango du Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko uztailaren 22a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

I. ERANSKINA
2014-2015 IKASTURTEAN UNIBERTSITATEKO ETA GOI-MAILAKO IKASKETAK EGITEKO BEKAK.
I. KAPITULUA
XEDEA ETA APLIKAZIO-EREMUA

1. artikulua.– Xedea eta izaera.

1.– Deialdi honen xedea da goi-mailako irakaskuntzetako ikasleei bekak ematea, hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoan administrazio-egoitza izan, eta 2014-2015 ikasturtean unibertsitateko edo goi-mailako ikasketa hauetakoren bat egiten dutenei Euskal Autonomia Erkidegoan edo Estatuko beste lurralde batean:

a) Graduko unibertsitate-titulu ofiziala lortzera bideratutako ikasketak.

b) Unibertsitate-masterreko titulu ofiziala lortzera bideratutako ikasketak.

c) Honako titulu ofizial hauek lortzera bideratutakoak: unibertsitateko diplomaduna, arkitekto teknikoa, ingeniari teknikoa, lizentziaduna, arkitektoa eta ingeniaria.

d) Diplomatura, Ingeniaritza Teknikoko edo Arkitektura Teknikoko tituludun ikasleek egiten dituzten bigarren zikloko unibertsitate-ikasketak (edo ikasketa horietan sartzeko beharrezko egokitzapen-ikastaroak edo ikastaro osagarriak).

e) 25 urte baino gehiagokoak unibertsitatean sartzeko prestakuntza-ikastaroak, unibertsitate ez-presentzialetan emandakoak.

f) Goi-mailako arte-ikasketak.

g) Goi-mailako ikasketa militarrak.

h) Goi-mailako erlijio-ikasketak.

2.– Deialdi honen araberako beka eskatzeko, ikasleek master ofizial bat egin behar dute. Ezinbestekoa da masterraren ikasturtea bat etortzea urte naturalarekin eta 2014. urtean ematea.

3.– Beka horiek diru-laguntzak dira. Araubide juridikoan aurreikusten ez den guztirako hauxe aplikatuko da: Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez onartua, eta batez ere Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioaren laguntzen eta diru-laguntzen erregimenari eta arau-hausteen eta zigorren araubideari buruzko xedapenak.

II. KAPITULUA
BEKAREN OSAGAIAK

2. artikulua.– Bekaren osagaien zerrenda.

1.– Beka hainbat osagaitan zatituko da, unibertsitateko eta goi-mailako ikasketak egiteagatik diru-laguntza jaso dezaketen kontzeptuen arabera. Bekadun bakoitzari dagokion bekaren azken zenbatekoa zein den jakiteko, aplikagarriak zaizkion osagai guztiak batu beharko dira, honen guztiaren arabera: bekadunaren, haren familiaren eta ikasketen egoera, eta osagai horien arteko bateraezintasun-erregimena.

2.– Hauek dira bekaren osagaiak:

a) Matrikula.

b) Material didaktikoa.

c) Hiriarteko joan-etorriak, autonomia-erkidegoaren barruan.

d) Probetxu akademikoa.

e) Egoitza.

f) Ezohikoa.

3. artikulua.– Matrikula-osagaiaren zenbatekoa eta baldintza orokorrak.

1.– Matrikula-osagaia kontuan hartuko da, bekadunak 1. artikuluan zehaztutako ikasketak Euskal Autonomia Erkidegoko ikastegietan edo Estatuko beste ikastegi batzuetan egiten baldin baditu, 1. artikulu horretako f), g) eta h) idatz-zatietan aipatutakoak izan ezik. Azken kasu horietan, matrikula ordainduko zaizkie Euskal Autonomia Erkidegoan ikasketak egiten dituztenei.

2.– Matrikularen zenbatekoa prezio publiko ofiziala izango da, 2014-2015 ikasturtean akademia-zerbitzuetarako ezarritakoa.

3.– Bekaren osagai hori emateko, bizikidetza- edo familia-unitatearen errentak ezin du gainditu 16. artikuluan zehaztutako 3. muga.

4.– Ikasleak 2014-2015 ikasturtean egiten duen matrikulako irakasgai eta kreditu guztiak barne hartuko ditu matrikularen zenbatekoak, baldin eta irakasgai eta kreditu guztiak titulu edo espezialitate bakarrarenak badira, titulu hori lortzeko beharrezkoak badira eta lehenengo edo bigarren matrikularenak badira.

5.– Matrikularen zenbatekoa kalkulatzeko, kontuan hartu behar dira honako arau hauek:

a) Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitate publikoetan, prezioa izango da Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren aginduak ezarritakoa. Agindu horren bidez, 2014-2015 ikasturterako Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko goi-mailako hezkuntzako zerbitzu publikoengatik ordaindu beharreko prezioak finkatuko dira, bai eta horien salbuespen eta murrizketez baliatzeko baldintzak ezarri ere.

b) Euskal Autonomia Erkidegoan dauden unibertsitate pribatuetan eta Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo dauden unibertsitate publikoetan edo pribatuetan, zenbatekoa ez da Euskal Autonomia Erkidegoko ikastegi publikoetan titulu eta ikasketa-plan berarentzat ezarritako prezio publiko ofiziala baino handiagoa izango. Eskaini diren gradu- eta master-ikasketa ofizialetan, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitate publikoetan, zenbatekoa ezarriko da esperimentalitate-mailaren eta jakintza-arloaren arabera, eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren aginduko eranskinetan ezarritakoari jarraituko zaio. Agindu horren bidez, 2014-2015 ikasturterako Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko goi-mailako hezkuntzako zerbitzu publikoengatik ordaindu beharreko prezioak finkatuko dira, bai eta horien salbuespen eta murrizketez baliatzeko baldintzak ezarri ere.

4. artikulua.– Material didaktikoari buruzko osagaiaren zenbatekoa eta baldintza orokorrak

1.– Unibertsitateko edo goi-mailako ikasketak egiteko ikasleek eskuratu behar dituzten liburuen edo/eta materialaren gastuak arintzea da material didaktikoari buruzko osagaiaren helburua.

2.– Bekaren osagai hori emateko, bizikidetza- edo familia-unitatearen errentak ezin du gainditu 16. artikuluan zehaztutako 3. muga.

3.– Bizikidetza- edo familia-unitatearen errentaren araberakoa izango da material didaktikoari buruzko osagaiaren zenbatekoa:

– Oinarri hauetako 16. zehaztutako 1. mailaren berdina edo txikiagoa bada: 380 euro.

– Oinarri hauetako 16. artikuluan zehaztutako 1. maila baino handiagoa bada eta 2. mailaren berdina edo txikiagoa: 307 euro.

– Oinarri hauetako 16. artikuluan zehaztutako 2. muga baino handiagoa eta 3. muga bezalakoa edo txikiagoa: 239 euro.

4.– Material didaktikoari buruzko osagaia ez da bateragarria ezohiko osagaiarekin.

5. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko hiriarteko garraioari buruzko osagaiaren eskakizunak eta zenbatekoa.

1.– Hiriarteko garraioaren osagaiaren helburua da ikasleari laguntzea familia-egoitzatik ikastetxerako garraioaren gastua arintzen. Ohiko etxebizitza errolda kolektiboan jasotakoa izango da, Euskal Autonomia Erkidegoaren barnean.

2.– Bekaren osagai hori emateko, bizikidetza- edo familia-unitatearen errentak ezin du gainditu 16. artikuluan zehaztutako 2. muga.

3.– Ikasketa presentzialen kasuan, hiriarteko garraioaren zenbatekoa, eskatzailearen ohiko bizilekutik ikastegiraino dagoen distantzia laburrenaren arabera kalkulatuko da, honela:

– 5 eta 10 kilometro artean: 192 euro.

– 10 kilometro baino gehiagotik 30 kilometro arte: 386 euro.

– 30 kilometro baino gehiagotik 50 kilometro arte: 763 euro.

– 50 kilometro baino gehiagotik 200 kilometro arte: 993 euro.

4.– Ikasketa erdipresentzialak, lineako laguntzarekin batera, direnean, hiriarteko garraiorako zenbatekoa 200 eurokoa izango da, betiere, ohiko bizilekutik ikastegira edo tutoretza-saioak jasotzeko ikastegi eskuordetura dagoen distantzia laburrena 50 kilometrotik beherakoa baldin bada, eta Euskal Autonomia Erkidegoan badago.

5.– Eskatzailearen ohiko bizilekutik ikastegirainoko distantzia laburrena kalkulatzeko eta ikastegia kokatzeko, Google Maps informatika-tresna erabiliko da; honako web-helbide honetan dago: https://maps.google.es/. Horretarako, autoz joateko distantziarik laburrena kalkulatzeko aukera hautatuko da, autobideak eta bidesariak barne hartuta.

6.– Euskal Autonomia Erkidegoko hirien arteko lekualdaketari buruzko osagaia eta egoitza-osagaia bateraezinak dira.

6. artikulua.– Probetxu akademikoari buruzko osagaiaren zenbatekoa eta baldintza orokorrak.

1.– Probetxu akademikoari buruzko osagaia ikasleen lana saritzeko erabiliko da, baldin eta ikasleek aurreko ikasturtean gutxienez 54 kredituko matrikula egin bazuten, eta 2013-2014 ikasturtean batez besteko nota 27. artikuluan zehaztutakoa bada.

2.– Bekaren osagai hori emateko, bizikidetza- edo familia-unitatearen errentak ezin du gainditu 16. artikuluan zehaztutako 3. muga.

3.– Osagai horren zenbatekoa 200 eurokoa da.

7. artikulua.– Egoitza-osagaiaren zenbatekoa eta baldintza orokorrak.

1.– Egoitza-osagaia egoitzaz aldatzeko ikasleek egin behar dituzten gastuak ordaintzen laguntzeko erabiliko da. Egoitza-aldaketa ikasturtean egingo da, ohiko bizilekuan bizi beharrean, alokatutako pisu batean edo ikasle-egoitza batean edo antzeko baliabide batean bizitzeko. Diru-laguntza emateko, honako baldintza hauek bete behar dira:

a) ikasketak erdipresentzialeko erregimenean egin behar dira ikasturte osoan.

b) ostatu-gastua behar bezala egiaztatu behar da.

c) ohiko bizilekutik ikastegirainoko distantziak 50 kilometrokoa edo txikiagoa izan behar du.

2.– Ikasleak behar bezala egiaztatu beharko du ikasturte osoan ohiko bizilekutik kanpoko egoitza batean bizi dela, honako agiri hauetako bat aurkeztuta:

a) alokairuko kontratuaren kopia, alokatzailearen NAN agiriaren kopia, fidantza-ordainketaren eta lehen hileko ordainketaren frogagiriaren kopia. Alokairuko kontratua ez da onartuko, pisuaren jabeak lehen mailako senideak baldin badira: esaterako, gurasoak, neba-arrebak, osaba-izebak, aiton-amonak edo antzekoak.

b) egoitzan edo antzeko leku batean toki bat erreserbatu dela egiaztatzeko agiria.

3.– Errolda kolektiboan jasota dagoen ohiko bizilekutik ikastegirainoko distantzia 50 kilometrokoa baino txikiagoa baldin bada, egiaztatu egin beharko da ikasturtean zehar ohiko bizilekutik kanpo bizitzea ezinbestekoa dela, garraiobideen eskasia eta eskolen orduak direla-eta.

4.– Eskatzailearen ohiko bizilekutik ikastegirainoko distantzia laburrena kalkulatzeko eta ikastegia kokatzeko, Google Maps informatika-tresna, honako web-helbide honetan erabilgarri dagoena, erabiliko da: https://maps.google.es/. Horretarako, autoz joateko distantziarik laburrena kalkulatzeko aukera hautatuko da, autobideak eta bidesariak barne hartuta.

5.– Nazioko edo nazioarteko mugikortasun-programetan parte hartzen duten ikasleek egoitza-osagaia eskuratu ahalko dute, baldin eta egiaztatzen badute ohiko bizilekutik kanpo emango dutela sei hilabete edo gehiago.

6.– 15.3 artikuluaren arabera, familiaren laguntza ekonomikorik gabe bizitzeko baliabideak dituzten ikasleek ezingo dute eskuratu egoitza-osagaia; izan ere, ohiko bizilekutzat hartuko da ikasturtean zehar izango duten bizilekua, nahiz eta erroldan ageri den bizilekua ez izan.

7.– Bekaren osagai hori emateko, bizikidetza- edo familia-unitatearen errentak ezin du gainditu 16. artikuluan zehaztutako 3. muga.

8.– Bizikidetza- edo familia-unitatearen errentaren araberakoa izango da egoitzari buruzko osagaiaren zenbatekoa:

a) Oinarri hauetako 16. artikuluan zehaztutako 1. mailaren berdina edo txikiagoa bada: 3.772 euro.

b) Oinarri hauetako 16. artikuluan zehaztutako 1. baino handiagoa bada eta 2. mailaren berdina edo txikiagoa: 3.336 euro.

c) Oinarri hauetako 16. artikuluan zehaztutako 3. baino handiagoa bada eta 2. mailaren berdina edo txikiagoa: 2.903 euro.

9.– Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioaren Erasmus Programan beka lortu duten ikasleek, 6 edo hilabete gehiagoko egonaldiagatik egoitza-osagaia eskuratzeko aukera alde batera utzita, hilean 100 euroko laguntza osagarria jasoko dute, eta gehienez ere 500 euro, betiere, baldin eta bizikidetza- edo familia-unitatearen errenta 3. muga bezalakoa edo txikiagoa bada.

10.– Egoitza-osagaia ezin da bateratu Euskal Autonomia Erkidegoko hiriarteko garraioarekin.

8. artikulua.– Ezohiko osagaiaren zenbatekoa eta baldintza orokorrak.

1.– Ezohiko osagaia erabiliko da ekonomia-egoera bereziki zaila duten pertsonei ikasten laguntzeko. Horregatik, eskatzaileek honako eskakizun hauek bete beharko dituzte:

a) Erregimen bereziko ikasketak egitea.

b) Gutxienez ere, 54 kredituko matrikula egin izana.

c) 28. artikuluan zehaztu den etekin akademikoa betetzea.

d) Bizikidetza- edo familia-unitatearen errentak ezin du gainditu 16. artikuluan zehaztutako 1. muga.

e) Honako hauek egiaztatu behar dira: eskuragarri dauden gizarte-laguntzak eskatu direla, hala nola Lanbidek antolatzen dituen diru-sarrerak bermatzeko errenta eta etxebizitzarako diru-laguntza osagarria; eta Gizarte Segurantzako Institutuko Nazionalak eta Enpleguko Institutu Nazionalak kudeatzen dituzten laguntzak, bai eta eska daitezkeen beste udal edo foru-laguntza batzuk ere. Zenbatekoak edo ukatzeko arrazoia ere egiaztatu beharko da.

2.– Ezohiko osagaia 3.500 eurokoa da.

3.– Ezohiko osagaia ez da bateragarria material didaktikoaren osagaiarekin.

9. artikulua.– Desgaitasunen bat duten ikasleei zuzendutako arauak.

1.– % 65eko desgaitasuna edo handiagoa legez aitortuta duten ikasleek % 50era arte murriztu ahalko dute ikasgai-kopurua; murrizpen horrek ez du eraginik izango laguntzetan.

2.– Matrikula osorik egiten duten ikasleek % 50 gehiago jasoko dute dagokien bekaren osagai guztietan, matrikula-prezio publikoen salbuespenean izan ezik.

III. KAPITULUA
BETEBEHAR OROKORRAK

10. artikulua.– Betebehar orokorrak.

Beka eskuratzeko, honako baldintza hauek bete beharko dira:

a) Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriren batean erroldatuta egotea, 2013ko abenduaren 31n.

b) Eskatzaile atzerritarrek, erroldarekin batera, Espainian egoiliar izateko lege-baimena eduki behar dute.

c) Bizikidetza- edo familia-unitateko kideek 2013an zergak ordaintzeko duten betebeharrari dagokionez, ekonomia-sostengatzaile nagusietako batek behintzat Euskal Autonomia Erkidegoko foru-aldundi batean ordaindu behar ditu zergak.

d) Matrikula egitea eta 2014-2015 ikasturtean 1. artikuluan zehaztatuko ikasketetako bat egitea. Aldi berean ikasketa batzuk egiten baldin badira, ikasketa bat egiten laguntzeko beka baino gehiago ezin da jaso.

e) Ez izatea diru-laguntzak edo laguntza publikoak jasotzeko zehapenik zigor- eta administrazio-arloan, eta ez izatea laguntzak jasotzeko legezko debekurik, ezta sexua bereiztearren eragindakorik ere, betiere otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, Emakume eta Gizonen Berdintasunari buruzkoak, azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoaren arabera.

f) Ikasleek ez izatea bekarekin egin nahi dituzten ikasketen maila bereko edo handiagoko titulurik, eta ez betetzea horrelako tituluren bat eskuratzeko legezko baldintzak. Ondorio horietarako, Diplomatura, Ingeniaritza Teknikoko edo Arkitektura Teknikoko titulazioa lortzeko moduan daudenek edo jada lortu dutenek ez dute bekarik lortuko ez gradu-ikasketak egiteko (edo graduari egokitzeko), ezta lizentzia-, ingeniaritza- edo arkitektura-ikasketak egiteko ere, bigarren zikloko ikasketak egin ezean, ikasketa horietan aurretiko titulazio horietatik sartzen baita.

g) Ez jasotzea unibertsitateko eta goi-mailako ikasketak egiteko bekarekin bateraezina den bekarik edo laguntzarik.

11. artikulua.– Bateraezintasun-baldintza.

1.– Beste erakunde batzuek edo erakunde pribatuek edo publikoek emandako bekak jasotzen baldin badira, aitortu egin behar dira, baldin eta goi mailako ikasketak egiteko edo ikasketei lotutako gastuak ordaintzeko jaso badira (matrikula, garraioa edo egoitza ordaintzeko). Horrela, diru-laguntzen zenbatekoak azalpen horiengatik eskatzaileak ordain beharreko benetako kostua gainditzen ez duela egiaztatuko da.

Unibertsitate-ikasketak eta goi-mailako beste ikasketa batzuk egiteko bekak eta master ofiziala egiten ari diren ikertzaileentzako bekak bateraezinak dira, edozein erakundek emanda ere.

Unibertsitateko edo goi-mailako ikasketak egiteko eskuratutako laguntza guztien zenbatekoak ezingo du gainditu ikasketen kostu erreala.

2.– Unibertsitateko eta goi-mailako ikasketak egiteko beka bateragarria da EAEko ikastegietara joan behar duten eta mugitzeko zailtasun bereziak dituzten ikasleentzako garraiorako bekarekin. Nolanahi ere, garraio-laguntza guztien zenbatekoa ezin da izan garraio-gastuaren % 100 baino handiagoa. Hala gertatzen bada, laguntza murriztuko da, dagokion gehienezko mugaraino.

12. artikulua.– Bekadun izateko egoeraren iraupena.

1.– Orokorrean, ikasketa-planean ezarritakoa baino urtebete gehiago izan ahal izango da bekadun. Nolanahi ere, Ingeniaritza edo Arkitekturako ikasketen kasuan, epe hori urte bikoa izango da, eta master ofizialeko ikasketen kasuan, zenbat urte izan ikasketa-planak, bakarrik urte horiexetan izan ahal izango da bekadun.

2.– Dena den, eskatzaileak ikasketa erdipresentzialak, lineako laguntzarekin batera, egiten baditu, aurreko paragrafoan araututakoa baino urtebete gehiagoz jaso ahalko du beka.

3.– % 65eko desgaitasuna edo handiagoa duten bekadunek ikastordu gutxiago izatea aukeratzen badute, dagokion ikasketa-planean ezarritako denboraren halako bi aldiz izan ahalko dute beka, salbu Ingeniaritza eta Arkitekturako irakaskuntzen kasuan; halakoetan, epe hori lau urte gehiagokoa izango da, eta masterreko ikasketen kasuan, berriz, ikasketa-planean zenbat urte ezarri, halako bitan izan ahal izango da bekadun.

4.– Unibertsitateko edo goi-mailako ikasketak egin eta ikasketa horiek egitearren beka jasotzen duten eskatzaileek ezingo dute bekarik jaso unibertsitateko edo goi-mailako ikasketak aldatzen badituzte. Bekarik jasotzeko, kontuan izan beharko da zenbat ikasturtetan jaso zuten unibertsitateko edo goi-mailako aurreko ikasketetan beka, eta ikasketa berrietan kopuru hori gainditu beharko dute, beka jaso ahal izateko. Salbuespen gisa, unibertsitateko ikasketen lehenengo urtean beka jaso eta ikasketak lehenengo ikasturtean lehenengo aldiz aldatzen dituztenek beka jaso ahalko dute beste ikasketetan, baldin eta eranskin honetan ezarritako etekin akademikoari buruzko betebeharrak betetzen badituzte.

5.– Master ofizialeko ikasketak eginda dituzten beka-eskatzaileek ezin izango dute beste bekarik jaso beste master ofizial bateko ikasketak egiteko, baldin eta lehenengoagatik bekarik jaso bazuten.

IV. KAPITULUA
BIZIKIDETZA- EDO FAMILIA-UNITATEAREN DIRU-SARRERAK KALKULATZEA

13. artikulua.– Bizikidetza- edo familia-unitatearen diru-sarrerak egiaztatzeko betebeharra.

Eskatzailea izango da eskabidean ematen duen informazio ekonomikoaren erantzulea; eta legez behartuta dago bizikidetza- edo familia-unitatearen diru-sarrera guztiak egiaztatzeko agiriak aurkeztera. Eskatu den laguntza ukatu ahal izango da, baldin eta bizikidetza- edo familia-unitatearen bizi-baliabide guztiak egiaztatzeko agiriak aztertuta, Administrazioak uste badu egiaztatu diren diru-sarrerak bizikidetza- edo familia-unitatearen gastuak baino txikiagoak direla, aurkeztu den informazioaren edo kanpoko datu batzuen arabera.

14. artikulua.– Ohiko bizilekua, bizikidetza- edo familia-unitatea, kide konputagarriak eta ekonomia-sostengatzaile nagusiak.

1.– Ohiko bizilekutzat hartuko da errolda kolektiboan jaso dena, eta eskatzaileak errolda horretako kide izan behar du.

2.– Bizikidetza- edo familia-unitatea osatzen dute errolda kolektiboan jasota dauden pertsona guztiek, eta eskatzaileak ere errolda horretan egon beharko du 2013ko abenduaren 31n.

3.– Eskatzaileak eskabidean adierazi behar du ohiko bizilekuan norekin bizi den, zer bizikidetza- edo familia-unitatea den zehaztu ahal izateko, 15. artikuluan zehaztatuko moten artean, eta hori kontuan hartuko da beka emateko. Gurasoei dagokienez, 15.4 artikuluan zehaztutakoa kontuan hartuko da.

4.– Oro har, kide konputagarritzat hartuko dira 2013ko abenduaren 31n, errolda kolektiboan jasota dagoen bezala, eskatzailearekin bizi diren pertsonak, 15. artikuluan zehaztutakoa bete badute. Bizikidetza- edo familia-unitate hori osatzen duten kide konputagarriek egiaztatu behar dute diru-sarrerik edo ondare-baliabiderik duten, eta zenbatekoa den. Horren xedea da bizikidetza- edo familia-unitatearen errenta-maila kalkulatzea, bai eta ekonomia- eta ondare-eskakizunak bete diren egiaztatzea ere.

5.– Honako hauek dira ekonomia-sostengatzaile nagusiak:

a) Eskatzailea.

b) Aita edo/eta ama (eta haren ezkontidea edo bizikidea, hala badagokio) 15.1 artikuluan deskribatutako bizikidetza- edo familia-unitateetan.

c) Eskatzailearen ezkontidea edo bikotekidea, 15.2 artikuluan deskribatutako bizikidetza- edo familia-unitateetan.

6.– Ez da onartuko Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta dauden eskatzaile ez independeteen beka-eskaerarik, haien bizikidetza- edo familia-unitateek eta sostengu ekonomikoa ematen dieten pertsona nagusiek ezin badute egiaztatu erkidego horretan bizi direla.

15. artikulua.– Nor diren kide konputagarriak.

1.– Eskatzailea ez bada ekonomikoki independentea eta bizikidetza- edo familia-unitate batean bizi den semea edo alaba bada, honako kide hauek izango dira kide konputagarriak bekaren ondorioetarako:

a) Eskatzailea.

b) Aita eta ama, legez bananduta edo dibortziatuta ez baldin badaude, artikulu honetako 4. atalean ezarritakoa izan ezik.

c) Hogeita bost urtetik beherako neba-arreba ezkongabeak (neba-arrebek ahalmen urritasun fisikoa, psikikoa edo sentsoriala badute, hogeita bost urtetik gorakoak izan daitezke), ohiko bizilekuan bizi direnak.

d) Gurasoen aurreko ahaideak, baldin eta bizileku berean bizi badira.

e) Foru-araudian onartutako harrera-egoera batean dauden pertsonak; eta inguruabar hori behar bezala alegatu eta egiaztatu beharko da.

f) Eskatzailearen aitaren edo amaren ezkontide berria edo izatezko bikotekide edo antzeko bikotekide berria, ohiko bizilekuan bizi dena. Haren errenta eta ondarea ere kontuan hartuko dira.

Salbuespen gisa, kide konputagarritzat jo ahal izango dira eskatzailearekin bizi diren beste senide batzuk, eskatzailea zurtza baldin bada, eta, betiere, eskatzaileak behar bezala egiaztatzen badu ekonomikoki haien mende dagoela eta 2013. urtean ez zuela beste sostengatzailerik izan. Hala denean, 18.2 artikuluan zehaztutako diru-sarreren kenkaria aplikatuko da.

2.– Eskatzailea jatorrizko familiatik banandu bada, eta bere bizikidetza- edo familia-unitatea osatu baldin badu, eta unitate berri horretan bere ohiko bizilekua baldin badauka, honako hauek izango dira kide konputagarriak, bekaren ondorioetarako:

a) Eskatzailea.

b) Bere ezkontidea, izatezko bikotekidea, erregistratua zein ez.

c) 25 urtetik beherako seme-alabak (seme-alabek ahalmen urritasun fisikoa, psikikoa edo sentsoriala badute, hogeita bost urtetik gorakoak izan daitezke, gurasoen mende bizi badira).

d) Foru-araudian onartutako harrera-egoera batean dauden pertsonak; eta inguruabar hori behar bezala alegatu eta egiaztatu beharko da.

e) Eskatzailearen ahaideak, edo beraren ezkontide edo izatezko bikotekidearenak, ohiko bizilekuan bizi badira.

f) Eskatzailearekin bizileku berean bizi den pertsona, nahiz eta haien artean ez izan ahaidetasun-harremanik, eta alokatutako etxebizitza partekatzen dutela egiaztatzea ezinezkoa izan.

3.– Eskatzailea bere gurasoen etxetik irten bada edo zurtza baldin bada, pertsona bateko unitate bat osatuko du. Independentea dela jo ahal izateko, honela ziurtatu beharko du ekonomikoki independentea dela eta gurasoen etxetik irten dela:

a) Gurasoen etxetik irten dela egiaztatzeko, eskatzaileak bere bizilekuan, eta ez gurasoen etxean, erroldatua egon beharko du (erositako edo alokatutako etxebizitza batean, edo pisu partekatu batean; eta bizilekua ezin da mota honetako senide batena izan: esate baterako, gurasoena, neba-arrebena, osaba-izebena, aiton-amonena edo baliokideak diren bizikidetza egoerak). Edo, hala dagokionean, zurtza dela egiaztatzeko agiria.

b) Ekonomikoki independente dela egiaztatu beharko du, gastuak (janaria, arropa, etxebizitza, garraioa) ordaintzeko behar beste ekonomia-baliabide dituela ziurtatuz. Ondorio horietarako, eskatzailearen baliabide ekonomikoak kalkulatzeko, beraren diru-sarrerak batuko dira, ohiko bizilekuan bizi den beste pertsona batenak ez dira kontuan hartuko. Diru-sarrerak 1. mugaren parekoak edo txikiagoak baldin badira, pertsona horrek Lanbidek kudeatutako diru-sarrerak bermatzeko errenta eta etxebizitzarako diru-laguntza osagarria eskatu ahalko ditu, bai eta beste laguntza batzuk ere. Hortaz, diru-laguntza horiek eskatu dituela eta zer egoeratan dauden egiaztatzeko agiriak aurkeztu beharko ditu. Diru gastuak ordaintzeko beste diru-sarrera dagoela egiaztatzeko xedez, honako hauek aztertuko dira:

– Eskatzaileak aurkeztu dituen diru-sarreren eta gastuen arteko balantzea, hori ziurtatzeko agiriekin batera (Administrazioak beharrezkotzat jotzen dituen dokumentu guztiak eskatu ahal ditu).

– Zerga-egiaztagiria, gurasoek berarengatik ez dutela zerga-kenkaririk egiten berresteko.

Eskatzaile bat ekonomikoki independente dela jo ahal izateko, gurasoek edo lege-tutoreek ezin dute eskatzaileari lotutako zerga-kenkaririk egin errenta-aitorpenean (BEZean).

Eskatzaileak emantzipazio-programa baten laguntza jasotzen badu, eta horretan janaria eta ostatua sartuta baldin badaude, independentzia ekonomikoa betetzetik salbuetsita egongo da, baina, independentzia ekonomikoari lotutako agiriak aurkeztu beharko ditu. Hala denean, eskatzaileak laguntza-osagai batzuk jaso ahal izango ditu, ezohikoa izan ezik:

4.– Gurasoek bizikidetza- edo familia-unitateari egiten dizkioten diru-ekarpenak aldatuko dira 2013ko abenduaren 31n haien arteko lotura zein den.

a) Ezkonduta edo izatezko bikotekide gisa erregistratuta badaude, bizikidetza- edo familia-unitateko beste kide bat dela joko da.

b) Ezkonduta edo izatezko bikotekide gisa erregistratuta ez badaude, baina bizileku berean bizi badira, bizikidetza- edo familia-unitateko beste kide bat dela joko da.

c) Ezkontideak edo izatezko bikotekideak banandu baldin badira, honako arau hauek ezarriko dira:

– Hitzarmen arautzailea, osabidezko pentsioa edota janari-pentsioa ezartzen duena, sinatu baldin bada, eta gurasoetako bat ez bada eskatzailearen ohiko bizilekuan bizi, hitzarmenean zehaztutakoa kontuan hartuko da, bizikidetza- edo familia-unitatearen diru-sarrerak kalkulatzeko, kopuru horiek eskatzeko salaketa ofiziala edo horri buruzko ebazpen judizial bat egon ezean. Kopuru horiek osabidezko pentsiotzat eta janari-pentsiotzat hartuko dira.

– Hitzarmen arautzaile bat ezarri baldin bada, eta janari-pentsioa, eskatzailearen adinaren araberakoa, eta hezkuntzarako ezohiko gastuak gurasoek erdibana ordainduko dituztela zehaztuta ez badaude, eta gurasoetako bat eskatzailearen ohiko bizilekuan bizi ez bada, aita edo ama hori bizikidetza- edo familia-unitateko kide konputagarritzat joko da, eta 18.2 artikuluan zehaztutako diru-sarreren kenkaria aplikatuko da, kopuru horiek eskatzeko salaketa ofiziala edo horri buruzko ebazpen judizial bat egon ezean.

– Zaintza partekatua baldin bada, eskatzailea ohiko bizilekuan bizi baldin bada, eta gurasoak denboraldiaren arabera txandakatzen badira, ebazpen judizialaren zehaztutakoari jarraituta, bizikidetza- edo familia-unitatean guraso biak hartuko dira kide konputagarritzat, eta 18.2 artikuluan zehaztutako diru-sarreren kenkaria aplikatuko da.

– Zaintza partekatua baldin bada, eta eskatzailea gurasoen bizilekuetara txandaka joaten baldin bada, ebazpen judizialaren zehaztutakoari jarraituta, bizikidetza- edo familia-unitatean guraso biak hartuko dira kide konputagarritzat.

– Indarreko hitzarmen arautzailerik ez badago, janari-pentsioa zehazten duena, baina gurasoetako batek zerga-kenkari bat eskatzen baldin badu, eskatzailea seme edo alaba gisa aitortuta, bizikidetza- edo familia-unitatean aita edo ama hori kide konputagarritzat joko da, eta 18.2 artikuluan zehaztutako diru-sarreren kenkaria aplikatuko da. Salbuespen bakarra egingo da gurasoetako batek edo eskatzaileak berak salaketa bat aurkeztu baldin badu, dagokion diru-kopurua eskatzeko, edo horri lotutako ebazpen judizial bat badago.

d) Gurasoek ez badute izan eta ez badute ezkontzagatiko edo izatezko bikotekideen erregistro bidezko loturarik, eta haietako bat eskatzailearen ohiko bizilekutik kanpo bizi bada baina eskatzailea ondorengotzat aitortuta zerga-kenkariren bat jasotzen baldin badu, bizikidetza- edo familia-unitateko kide konputagarritzat joko da, eta 18.2 artikuluan zehaztutako diru-sarreren kenkaria aplikatuko da Salbuespen bakarra egingo da gurasoetako batek edo eskatzaileak berak salaketa bat aurkeztu baldin badu, dagokion diru-kopurua eskatzeko, edo horri lotutako ebazpen judizial bat badago.

16. artikulua.– Bizikidetza- edo familia-unitatearen errenta-mugak.

1.– 2014-2015 ikasturtean unibertsitateko edo goi-mailako ikasketak egiteko emango diren bekak bizikidetza- edo familia-unitatearen errenta-maila araberakoak izango dira. Hona hemen mugak:

(Ikus .PDF)

3.235 euro gehituko dira beste kide konputagarri bat gehituz gero

(Ikus .PDF)

3.672 euro gehituko dira beste kide konputagarri bat gehituz gero

(Ikus .PDF)

3.562 euro gehituko dira beste kide konputagarri bat gehituz gero.

2.– Beka-eskaera ukatu egingo da, bizikidetza- edo familia-unitatearen errentak unitate hori osatzen duten kide konputagarrientzat 3. mailan ezarrita dauden kopuruak gainditzen baditu.

17. artikulua.– Bizikidetza- edo familia-unitatearen errenta kalkulatzea.

1.– Bizikidetza- edo familia-unitatearen zenbatesteko, artikulu honetan ezarritakoa aplikatuko zaio familia-unitateko kide konputagarri bakoitzari; hain zuzen ere, 14. eta 15. artikuluan ezarritakoaren arabera kide konputagarriak diren familia-kideei.

2.– Bekaren ondorioetarako, honela zenbatetsiko da PFEZ aitorpena aurkeztu duten kide konputagarrien errenta:

a) 2013ko PFEZ aitorpeneko bi zenbateko batu behar dira: zerga-oinarri orokorrarena eta aurrezpenaren zerga-oinarriarena. Zerga-oinarri orokor osoak edo zati batek jarduera ekonomikoen etekinak baditu, eta etekin horiek zeinu negatiboa badute, emaitza zero izango da. Gainerako zenbatekoari kuota likidoa kenduko zaio.

b) Hartzaileak, gainera, PFEZren pean ez dauden edo PFEZtik salbuetsitakorik dauden diru-sarrerarik jaso baditu, diru-sarrera horien zenbatekoa gehitu egingo zaio aurreko formularekin ateratako emaitzari.

3.– Bekaren ondorioetarako, honela zenbatetsiko da PFEZ aitorpena aurkeztu ez duten kide konputagarrien errenta:

a) 2013an edozein azalpen dela-eta lortutako diru-sarrera guztiak batuko dira (lan-etekina, langabezia-prestazioak eta -laguntzak, pentsioak, gizarte-laguntzak, salbuetsitako errentak...), baita hiri-izaerako ondasunen etekina ere, PFEZren ondorioetarako konputagarria dena, aplikatzekoa den zerga-araudiari jarraiki. Ondasun horietan ez da sartzen ohiko etxebizitza.

b) Konturako atxikipenak eta aplikatzekoak diren gastu kengarriak (Gizarte Segurantza, etab.) kendu behar zaizkio emaitza horri.

4.– Ez da diru-sarreratzat hartuko administrazio publikoek emandako ikasketa-beken edo laguntzen zenbatekoa.

18. artikulua.– Bizikidetza- edo familia-unitatearen errentaren kenkariak.

1.– Guraso bakarreko familiakoa izateagatik aplikatuko den kenkaria:

Lortutako bizikidetza- edo familia-unitatearen errentari ehuneko hamarreko kenkaria besterik ez zaio aplikatuko, baldin eta eskatzailea guraso bakarreko familiakoa bada, honako egoera hauetako batean badago:

a) Eskatzailea guraso bakarreko semea edo alaba da, eta familia-unitateak diru-iturri bakarra du: hain zuzen ere, aitak edo amak besteren kontura egiten duen lana edo/eta jasotzen duen pentsioa (ezintasun-pentsioa, alargun-pentsioa, zurztasun-pentsioa, konpentsazio-pentsioa edo/eta janari-pentsioa).

b) Eskatzailea guraso bakarreko familia baten aita edo ama da, eta diru-iturri bakarra besteren kontura egiten duen lana edo/eta jasotzen duen pentsioa da (ezintasun-pentsioa, alargun-pentsioa, zurztasun-pentsioa, konpentsazio-pentsioa edo/eta janari-pentsioa); eta ez da seme-alabarik ez den beste pertsona batekin bizi.

Edonola ere, errentari kenkari hori aplikatzeko, behar-beharrezkoa da familia-errentan janari-pentsioaren edo/eta konpentsazio-pentsioaren zenbateko eguneratua sartzea, edo behar bezala egiaztatzea ez dagokiela kobratzea.

2.– Sostengatzaile nagusiak ez diren kide konputagarrien diru-sarreren gaineko kenkariak:

Bizikidetza- edo familia-unitateko kide konputagarri bakoitzaren errenta zenbatetsiari ehuneko berrogeita hamarra kenduko zaio, kide horrek diru-sarrerak baditu eta sostengatzaile nagusia ez bada.

3.– Familia ugarikoa izateagatik aplikatuko den kenkaria:

Ohiko bizilekuan bizi den neba-arreba bakoitzeko, eskatzailea barne hartuta, bizikidetza- edo familia-unitatearen errentaren gaineko kenkari bat, 500 eurokoa, egingo da, kategoria orokorreko familia ugaria denean; eta 765 eurokoa, kategoria bereziko familia ugarikoa bada.

Ohiko bizilekuan bizi den eskatzailearen seme-alaba bakoitzeko, bizikidetza- edo familia-unitatearen errentaren gaineko kenkari bat, 500 eurokoa, egingo da, kategoria orokorreko familia ugaria denean; eta 765 eurokoa, kategoria bereziko familia ugarikoa bada.

Beharrezkoa da familia ugariko titulua indarrean egotea, eskabideak aurkezteko epea amaitzen denean.

4.– Desgaitasunen bat duen kide konputagarriengatik aplikatuko den kenkaria:

Bizikidetza- edo familia-unitatearen errentari kenkari bat aplikatu ahalko zaio minusbaliotasuna legez aitortua izan eta lan-errentarik edo antzekorik ez duen kide konputagarri bakoitzarengatik. Kenkaria 1.811 eurokoa izango da ahalmen-urritasuna % 33koa edo handiagoa bada eta % 65ekoa baina txikiagoa bada, edonor dela ere kide konputagarria. Desgaitasuna % 65ekoa edo handiagoa bada, kenkaria 4.000 eurokoa izango da, baldin eta eskatzaileak badu desgaitasun hori; kenkaria 2.881 eurokoa izango da, baldin eta beste kide konputagarri batek badu desgaitasun hori. Kenkari hori aplikatzeko, eskabideak aurkezteko epea amaitzerakoan desgaitasun horrek jarraitzen duela egiaztatu behar da.

5.– Ikasketak direla-eta, etxetik kanpo bizitzeagatik aplikatuko den kenkaria:

Eskatzailea izan ezik, kenkaria 1.176 eurokoa izango da 2014-2015 ikasturtean unibertsitate-ikasketak egiten ari den eta ikasketak direla-eta, ohiko bizilekutik kanpo bizi den kide konputagarri bakoitzarengatik.

19. artikulua.– Ondare-ondasunen mugak eta haiengatik aplikatzen den kenkaria.

1.– Eskatutako beka ukatu ahal izango da, baldin eta, familia-errenta edozein delarik ere, 2013ko abenduaren 31n familia-unitateko kide konputagarrien ondasunen balioak edo/eta etekinek gainditu egiten badituzte honako muga hauek:

a) Hiri-finkak direnean, honako bi muga hauek ezin dira gainditu:

– Ohiko bizilekua alde batera utzita, bizikidetza- edo familia-unitateko kide konputagarrien jabetzako hiri-finken katastroko balioen batuketa ezin da 42.900 eurotik gorakoa izan.

– Bizikidetza- edo familia-unitateko kide konputagarrien jabetzako etxebizitzen kopurua, ohiko bizilekua alde batera utzita, ezin da etxebizitza eta erdi baino handiagoa izan. Zifra hori zenbatesteko, kide konputagarrien jabetzakoak izan daitezkeen etxebizitzetako titulartasun-ehunekoak batuko dira.

b) Landa-finkak direnean, bizikidetza- edo familia-unitateko kide konputagarrien jabetzako finken katastroko balioen batuketa ezin izango da 13.300 euro baino handiagoa izan, familiako kide konputagarri bakoitzeko.

c) Bizikidetza- edo familia-unitateko kide konputagarrien kapital higigarriaren etekin garbien batuketa ezin izango da 2.100 euro baino handiagoa izan.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko udalerri batean dauden hiri-higiezinen katastroko balioa zenbatesteko, honako arau hauek aplikatuko dira:

Higiezina Bizkaiko Lurralde Historikoko udalerri batean baldin badago, katastroko balioa 1,25 koefizienteaz biderkatuko da.

Higiezina Arabako Lurralde Historikoko udalerri batean baldin badago, Gasteizen izan ezik, honako koefiziente hauek erabiliko dira, katastroko balioa biderkatzeko, katastroko azken berrikuspenaren arabera:

– 1,15; 2000ko abenduaren 31 baino lehen berrikusi direnetarako.

– 0,70; 2001eko urtarrilaren 1etik 2005eko abenduaren 31ra artean berrikusi direnetarako.

– 0,50; 2006ko urtarrilaren 1etik aurrera berrikusi direnetarako.

Higiezina Gasteizko udalerrian baldin badago, katastroko balioa 0,25 koefizienteaz biderkatuko da.

Higiezina Gipuzkoako Lurralde Historikoko udalerri batean, Donostian izan ezik, baldin badago, katastroko balioa 0,30 koefizienteaz biderkatuko da.

Higiezina Donostiako udalerrian baldin badago, katastroko balioa 0,25 koefizienteaz biderkatuko da.

3.– Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo dauden hiri-finken katastroko balioa zenbatesteko, honako arau hauek aplikatuko dira:

Katastroko azken berrikuspenaren data eraginkorra 1990eko urtarrilaren 1etik 2002ko abenduaren 31ra artekoa baldin bada, katastroko balioak 0,49 koefizienteaz biderkatuko dira. Berrikuspen horren eguna 2002ko abenduaren 31ren ostekoa baldin bada, honako koefiziente hauek erabiliko dira, katastro-balioak biderkatzeko:

0,43; 2003an berrikusi direnetarako.

0,37; 2004an berrikusi direnetarako.

0,30; 2005ean berrikusi direnetarako.

0,26; 2006an berrikusi direnetarako.

0,25; 2007an berrikusi direnetarako.

0,25; 2008an berrikusi direnetarako.

0,26; 2009an berrikusi direnetarako.

0,28; 2010ean berrikusi direnetarako.

0,30; 2011n berrikusi direnetarako.

0,32; 2012an berrikusi direnetarako.

0,34; 2013an berrikusi direnetarako.

Nafarroako Foru Aldundiko higiezinen katastro-balioa, edonola ere, 0,50 koefizienteaz biderkatuko da.

Eskatzaileak ziurtatu beharko du higiezinaren katastro-berrikuspena zer urtetan egin den, koefizienteak aplikatu ahal izateko.

20. artikulua.– Kenkariak ondare-elementuetan.

Atal honetan zehaztutako ondare-elementuen ehuneko berrogeita hamarra kenduko da, baldin eta bizikidetza- edo familia-unitateko kide konputagarrienak badira, eta kide horiek sostengatzaile nagusiak ez badira, eta 18.2 artikuluan zehaztu den errenta-kenkaria jasotzeko eskubidea badute.

21. artikulua- Jarduera ekonomikoen muga.

Bizikidetza- edo familia-unitateko kide konputagarrien jarduera ekonomikoei buruzko fakturen kopurua guztira, 2013. ekitaldikoa, ezin izango da 169.470 euro baino handiagoa izan. Enpresa txikiei eta ertainei hori bera aplikatuko zaie, baldin eta titularrak merkataritza-sozietateak badira eta familia-unitateko kide konputagarrietako baten bat sozietate horren kidea edo partaidea bada eta bertan lan egiten badu. Titularrak enpresan duen titulartasun- edo partaidetza-portzentajea zenbatekoa, halako portzentajea aplikatuko zaio jarduera ekonomikoaren fakturazio-bolumenari.

V. KAPITULUA
IKASKETA-BETEBEHARRAK

22. artikulua.– Betebehar orokorrak.

1.– 2014-2015 ikasturtean unibertsitateko edo goi-mailako ikasketak egiteko beka jasotzeko, ikasleek matrikula egin behar dute deialdi honetako 1. artikuluko ikasketaren batean, ikasturte horretan. Horrez gain, baldintza akademikoak bete behar dituzte, bai eta artikulu honetan jasotako probetxu akademikoaren betebeharrak ere.

2.– Ikasleek aldi berean hainbat ikasketa egiten badituzte, bekaren bidez egin nahi dituzten ikasketei buruzkoak izan behar dute betebehar akademikoek eta probetxu akademikoaren betebeharrek.

3.– Ikasle batek ikasturte batez unibertsitateko edo goi-mailako ikasketarik egin ez badu, ezarritako betebeharrak bete beharko dira maila bereko ikasketen azken mailan.

23. artikulua.– Matrikulatu behar den gutxienezko kreditu-kopurua.

Oro har, unibertsitateko eta goi-mailako ikasketak egiteko beka eskatzen dutenek gutxieneko kreditu-kopurua hartu behar dute matrikula egiten dutenean. 2014-2015 ikasturtean egiten duten ikasketa-motaren araberakoa izango da kreditu-kopurua:

a) Gradu-titulu ofiziala lortzeko ikasketak: eskatzaileek 2014-2015 ikasturtean gutxienez 54 kredituko matrikula egin beharko dute.

b) Master-titulu ofiziala lortzeko ikasketak: eskatzaileek 2014-2015 ikasturte osoko matrikula egin behar dute, ikasketa-planak urtebetea irauten badu; eta gutxienez 60 kredituko matrikula egin beharko dute, ikasketa-planak urtebetea baino gehiago irauten badu.

c) 2014-2015 ikasturtean, eskatzaileak gutxienez 54 kredituko matrikula egin beharko du, baldin eta honako titulu ofizial hauek lortzera bideratutako unibertsitate-ikasketak egin nahi baditu: unibertsitate-diplomaduna, arkitekto teknikoa, ingeniari teknikoa, lizentziaduna, arkitektoa, ingeniaria, eta goi-mailako arte-, erlijio- eta militar ikasketetan tituluduna.

d) Bigarren ziklo batean sartzeko egokitzapen-ikastaroak eta prestakuntza-osagarriak: eskatzaileak 2014-2015 ikasturteko kreditu guztien matrikula egin behar du. Beka ikasturte baterako soilik emango da.

e) 25 urte baino gehiagokoak unibertsitatean sartzeko prestakuntza-ikastaroak, unibertsitateetan emandakoak: eskatzaileak gutxienez hogeita hamabost kredituko matrikula egin behar du 2014-2015 ikasturtean. Beka ikasturte baterako soilik emango da.

24. artikulua.– Matrikulatu behar den gutxienezko kreditu-kopuruaren salbuespenak.

Aurreko artikuluan araututakoak honako salbuespen hauek ditu:

a) Gradu-titulua lortzeko ikasketak egiten dituztenek beka eskuratu ahal izango dute, nahiz eta, matrikulan kreditu-kopuru handiena hartuta ere, gutxieneko kopurura ez iritsi; eta, betiere, unibertsitateko araudiak matrikulatu ahal diren kredituen kopurua mugatzen baldin badu.

b) Matrikulan 54 kreditu baino kreditu gutxiago hartzen dutenek beka lortu ahal izango dute, baldin eta ikasketak amaitzeko geratzen zaizkien kreditu guztiak matrikulan hartu badituzte, ikasturtean amortizatuko dituzten aukera askeko kredituak alde batera utzita, eta, betiere, beka eskura daitekeen gehienezko urte-kopurua gainditu ez badute, egungo urtea barne hartuta. Salbuespen hori behin baino gehiago ez da egingo, eta «ezohiko» osagaia ez da inola ere emango. 12tik 35era bitarteko kredituko matrikula egiten baldin badu, beka-osagaien zenbatekoa % 50 jaitsiko da, matrikula-osagaia izan ezik; osagai hori osorik ordainduko da. Matrikulan 12 kreditu baino gutxiago hartzen baldin badu, matrikula-osagaia baino ezin izango du eskatu. Master-ikasketen azken kredituak ikasten ari direnei ez zaie salbuespen hori egingo, baldin eta lehendik ikasketa horietan ikasketa-planean aurreikusten diren ikasturte guztietan matrikulatuta egon badira.

c) Lauhileko edo seihileko matrikula duten ikasketa-planetan, beka lortzeko, eskatzaileak gutxieneko kredituen ehuneko berrogeita hamarreko matrikula eduki beharko du, eskabidea egiterakoan; eta, betiere, hurrengo lau edo sei hilabeteetan matrikula osatu beharko du gutxieneko kreditu-kopurua lortu arte. Hala denean, eskabidearen izapidea ez da egingo, hurrengo lauhileko edo seihilekoaren matrikula egin arte. Orduan, laguntza-proposamena egingo da.

d) Master-titulua lortzeko ikasketak egiten dituztenak salbuetsita egongo dira, baldin eta ikasketa-planean kreditu-kopuru txikiagoa ezarrita badago, edo eskatzaileak kreditu baliozkotuak edo aitortuak baditu. Eskabide horiek onartuko dira, betiere, baldin eta matrikulan hartutako kredituak hogeita hamar baino gutxiago ez badira. Edonola ere, matrikulan 46 kreditu baino kreditu gutxiago hartzen badira, honako osagai hauek baino ezin izango dira eskuratu: matrikula, hirien arteko lekualdaketa eta material didaktikoa.

e) Ikasketak erregimen erdipresentzialean, lineako laguntzarekin, egiten dituztenek beka eskuratu ahal izango dute, baldin eta gutxienez 35 kredituko matrikula egiten badute. Matrikulak 46 kreditu baino kreditu gutxiago hartzen badu, honako osagai hauek baino ezin izango dira eskuratu: matrikula, hirien arteko lekualdaketa eta material didaktikoa.

f) Matrikula partziala egin nahi dutenek beka eskuratu ahal izango dute, baldin eta gutxienez 35 kredituko matrikula egiten badute. Edonola ere, matrikulak 46 kreditu baino kreditu gutxiago hartzen badu, honako osagai hauek baino ezin izango dira eskuratu: matrikula, hirien arteko lekualdaketa eta material didaktikoa. Matrikula partzialtzat hartzeko, 54 kreditu baino kreditu gutxiagokoa izan behar du, eta honako baldintza hauetako bat bete behar da:

– Eskatzaileak justifikatuko du ikasketak eta lan-jarduera bateragarriak direla.

– Eskatzailea Lanbide Heziketako ikasketetatik dator, eta kredituak baliozkotuko edo aitortuko zaizkio, goi-mailako hezkuntzaren esparruan ikasketak onartzeari buruzko 1618/2011 Errege Dekretuan, azaroaren 14koan, ezarritakoarekin bat etorrita.

– Eskatzaileari kanpoko praktikak, curriculumaren barnekoak, egiteagatik jaso dituen kredituak baliozkotuko edo aitortuko zaizkio, unibertsitateko ikasleen kanpoko praktika akademikoak arautzen dituen 1707/2011 Errege Dekretuan, azaroaren 18koan, ezarritakoarekin bat etorrita.

g) Eskatzaileak legez aitortutako % 65eko desgaitasuna edo handiagoa badu, % 50era murriztu ahalko du irakasgai-kopurua; eta matrikulatu beharreko gutxieneko kreditu kopurua muga horietaraino murriztuko da. Murrizpen hori 23. artikuluko d) eta e) paragrafoan zehaztu diren ikasketak egiteko erabiltzen dutenek beka berritu ahalko dute, baldin eta ikasturtean matrikulatutako kredituen % 50 gainditzen badu.

25. artikulua.– Matrikulatu behar den gutxieneko kreditu-kopurua zenbatzea.

Matrikulatu den gutxieneko kreditu-kopurua zenbatzeko, kontuan hartu beharko dira honako arau hauek:

a) Eskatu beharreko gutxieneko kopuruan ezin izango dira sartu espezialitate bat baino gehiagoko irakasgai edo kredituak, ezta dagokion titulua eskuratzeko behar diren kopurutik gorakoak ere.

b) Baliozkotu, egokitu edo aitortu diren kredituak ez dira matrikulatutako kreditutzat joko; hortaz, ez dira batuko matrikulan hartzeko gutxieneko kreditu-kopurua betetze aldera. Ikasturte horretan amortizatuko diren aukera askeko irakasgaien kredituak ere ez dira aintzat hartuko.

c) Ikasketak aldatuz gero, oraingo ikasketetan beka eskuratzeko, utzitako ikasketen azken ikasturteko etekin akademikoa hartuko da betebehar akademikotzat. Ikasketak plan berrietara moldatzen badituzte, egokitzapen horiek ez dira ikasketa-aldaketatzat joko.

d) Salbuespen gisa, eskatzaileak etekin akademikoko eskakizuna betetzetik salbuetsita egongo dira, baldin eta ikasturte horretan osasun-arazo edo segurtasun-arazo larriak izan badituzte, eta arazo horiek direla-eta, ikasketak normaltasunez egitea ezinezkoa izan bada. Arazo horiek ziurtatzeko, honako aukera hauetako bat hautatu beharko da: gaixotasunaren arloko mediku espezialistak igorritako mediku-txosten ofiziala, ebazpen judiziala, uneko prozesu judizialaren ziurtagiria edo Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoen txosten ofiziala.

26. artikulua.– Aurreko ikasturteko etekin akademikoa, honako osagai hauek eskuratzeko: matrikula, material didaktikoa, hirien arteko lekualdaketa eta egoitza.

Matrikulari, material didaktikoari, hirien arteko lekualdaketari eta egoitzari buruzko osagaiak eskuratu ahal izateko, goi-mailako arte-, erlijio- eta militar ikasketetan lehenengo aldiz matrikulatu direnak izan ezik, eskatzaileek ziurtatu beharko dute aurreko ikasturtean eskatutako etekin edo ustiapen akademikoa gainditu dutela, 2014-2015 ikasturtean egingo diren ikasketen arabera.

a) Gradu-titulu ofiziala lortzera bideratutako ikasketak:

– Ingeniaritza- eta Arkitektura-ikasketak: matrikulatu diren kredituen % 60.

– Osasun Zientzien ikasketak: matrikulatu diren kredituen % 70.

– Gainerako unibertsitateko edo goi-mailako ikasketak: matrikulatu diren kredituen % 75.

b) Unibertsitate-masterreko titulu ofiziala lortzera bideratutako ikasketak:

– Urtebeteko master bat egiteko, edo bi urteko master baten lehenengo maila egiteko: batez beste eta gutxienez, 6,5eko nota, masterra ikasteko bide ematen duen unibertsitate-tituluko ikasketetan. Ondorio horietarako, Ingeniaritza- eta Arkitektura-ikasketetan lortutako batez besteko notak 1,17 koefizienteaz biderkatuko dira.

– Masterrera bigarren zikloko titulazioetatik jotzen bada, lehen zikloan lortutako kalifikazioak ere aintzat hartuko dira, eskatzaileak zer batez besteko nota izan behar duen jakiteko.

– Master ofizial baten bigarren ikasturterako, hauxe egiaztatu beharko dute: aurreko ikasturtean matrikulatutako kreditu guztiak gainditu dituztela, eta master-ikasketak amaitzeko gelditzen zaizkien kreditu guztietan matrikulatu direla.

– Ikasketa-espedientearen ziurtagirian batez besteko nota, zenbakiko kalifikazioen bidez kalkulatua, jasota ez badago, honako hau izango da kalifikazioak zenbatesteko baremoa:

– Ohorezko matrikula (Bikain eta aipamena) = 10 puntu.

– Bikain (9 eta 10 puntu artean) = 9 puntu.

– Oso ongi (7 eta 8,9 artean) = 7,5 puntu.

– Nahiko edo gai (5 eta 6,9 artean) = 5,5 puntu.

c) Honako titulu ofizial hauek lortzera bideratutako unibertsitate-ikasketak: unibertsitate-diplomaduna, arkitekto teknikoa, ingeniari teknikoa, lizentziaduna, arkitektoa, ingeniaria, eta goi-mailako arte-, erlijio- eta militar ikasketetan tituluduna.

– Ingeniaritza- eta Arkitektura-ikasketetan: azken ikasturtean matrikulatutako kredituen % 60.

– Osasun Zientzien ikasketak: azken ikasturtean matrikulatutako kredituen % 70.

– Gainerako unibertsitateko edo goi-mailako ikasketak: azken ikasturtean matrikulatutako kredituen % 75.

27. artikulua.– Etekin akademikoa, ikasketa akademikoen ustiapenari buruzko osagaia lortzeko.

Ustiapen akademikoari lotutako osagaia lortzeko, 6. artikuluan zehaztutakoarekin batera, eskatzaileek honako etekin akademiko hau ziurtatu beharko dute, egin nahi dituzten ikasketak zeintzuk diren:

a) Gradu-ikasketetan edo goi mailako beste ikasketa batzuetan lehenengo aldiz matrikulatzen diren ikasleek gutxienez 9 puntuko batez besteko nota lortu behar izan dute, unibertsitaterako sarbide-probaren fase orokorrean. Unibertsitatean sartzeko proba orokorra egin ez dutenek unibertsitatean hasteko bidea eman dien batez besteko nota gutxienez 9 puntukoa izango da, edo handiagoa.

b) Unibertsitateko edo goi-mailako ikasketetako bigarren mailan edo hurrengoetan matrikula egiten duten ikasleek aurreko mailan (unibertsitatea edo goi-mailan) matrikulan hartu zituzten kreditu guztiak gaindituta izan behar dituzte, eta batez besteko notak 6,5 edo handiagoa izan beharko du. Osagai hau zenbatesteko kontuan hartu beharreko batez besteko nota unibertsitateko edo goi-mailako ikasketa-espedientean jasotakoa izango da.

Titulazio bikoitzak, bi jakintza-arlotakoak direnak, egin nahi dituzten ikasleek haietako bat aukeratu beharko dute.

c) Master-titulu ofiziala lortzeko ikasketetan matrikula egin duten ikasleek:

– Etekin akademikoko osagaia urtebeteko master ofizial bat egiteko edo bi urteko master baten lehenengo ikasturtea egiteko, eskatzaileak, batez beste eta gutxienez 9 puntuko nota lortu behar izan du masterra ikasteko bide ematen duen unibertsitate-tituluko ikasketetan. Ondorio horietarako, Ingeniaritza- eta Arkitektura-ikasketetan lortutako batez besteko notak 1,17 koefizienteaz biderkatuko dira.

– Master ofizialeko bigarren mailarako beka eskatzen dituztenek ziurtatu beharko dute aurreko mailaren matrikulan hartu zituzten kreditu guztiak gainditu dituztela, eta batez besteko nota 9 puntukoa dela.

28. artikulua.– Etekin akademikoa, ezohiko osagaia lortzeko.

Beka-eskatzaileek «ezohiko» osagaia lortu ahal izango dute, baldin eta, gainerako betebeharrak beteta, honako etekin akademiko hau gainditu dutela egiaztatzen badute:

a) Gradu-ikasketetan edo goi mailako beste ikasketa batzuetan lehenengo aldiz matrikulatzen diren ikasleek gutxienez 6 puntuko batez besteko nota lortu behar izan dute unibertsitaterako sarbide-probaren fase orokorrean. Unibertsitatean sartzeko proba orokorra egin ez dutenek unibertsitatean hasteko bidea eman dien batez besteko nota gutxienez 6 puntukoa izango da, edo handiagoa.

b) Bigarren mailan edo hurrengoetan matrikula egiten dutenek, master ofiziala izan ezik, unibertsitateko edo goi-mailako ikasketen azken mailan honako etekin hau lortu behar izan dute, matrikulatutako kredituak erreferentziatzat hartuta:

– Ingeniaritza- eta arkitektura-ikasketak: matrikulatu diren kredituen % 65

– Osasun Zientzien ikasketak: matrikulatu diren kredituen % 75

– Gainerako unibertsitateko edo goi-mailako ikasketak: matrikulatu diren kredituen % 80.

c) Master-titulu ofiziala lortzeko ikasketetan matrikula egin duten ikasleek:

– Urtebeteko master bat egiteko, edo bi urteko master baten lehenengo maila egiteko, eskatzaileak batez beste eta gutxienez, 7 puntuko nota lortu behar izan du masterra ikasteko bide ematen duen unibertsitate-tituluko ikasketetan. Ondorio horietarako, Ingeniaritza- eta Arkitektura-ikasketetan lortutako batez besteko notak 1,17 koefizienteaz biderkatuko dira.

– Master ofizialeko bigarren mailarako beka eskatzen dituztenek ziurtatu beharko dute aurreko mailaren matrikulan hartu zituzten kreditu guztiak gainditu dituztela, eta batez besteko nota 7 puntukoa dela.

VI. KAPITULUA
NOLA AURKEZTU ESKAERAK

29. artikulua.– Eskabidea aurkeztea.

Honako urrats hauek egin behar dira, eskabideak aurkezteko:

1.– Eusko Jaurlaritzaren webguneko eskabide-formularioan sartzeko, eskatzaileak identifikazio-datuak bete behar ditu. https://www.euskadi.net/diru_laguntza/2014/goi-mailako-beka-orokorra/y22-izapide/eu

Eskatzaileak espainiar herritartasuna badauka, nahitaez adierazi beharko ditu Nortasun Agiri Nazionalaren (NAN) zenbakia eta iraungitze-data. Eskatzailea atzerritarra baldin bada, Atzerritarraren Identifikazio-zenbakia adierazi beharko du, bai eta Atzerritarren Identifikazio-txartelaren iraungitze data ere. Kasu batean eta bestean, eskatzailearen identitatea egiaztatu egingo da, pertsona horren esanbidezko baimenarekin, datuak egiaztatzeko zerbitzuaren bitartez. Zerbitzu hori Administrazio Elektronikoari buruzko 21/2012 Dekretuaren bigarren xedapen gehigarrian jasota dago. Espainiakoak salbuetsita, Europar Batasuneko beste herrialde batzuetako herritarrek, eta Norvegiako, Islandiako, Liechtensteingo eta Suitzako herritarrek ez badute Atzerritarren Identifikazio-txartelik, nor bere herrialdean emandako beste nortasun-agiri ofizial baten bidez identifikatu ahal izango da. Kasu horietan, datuen egiazkotasuna dagokion agiriaren kopia bat aurkeztuta ziurtatu beharko da. Horrez gain, gainerako dokumentuak ere aurkeztu behar izango dira.

2.– Eskabide-formularioa betetzea eta inprimatzea.

3.– Eskatzaileak inprimatutako eskabide-orria sinatu beharko du, baita bizikidetza- edo familia-unitateko gainerako kideek ere, eta eskatutako agiriekin batera aurkeztu.

4.– Inprimatutako eskabidea, gainerako agiriekin batera, aurkeztu behar da eskatzaileak 2014-2015 ikasturteko matrikula egin duen unibertsitateko edo goi-mailako ikastegiko beka-unitatean.

Halaber, eskatzaileak erabaki dezake Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko 72/2008 Dekretuak, apirilaren 29koak, adierazitako edozein erregistrotan eskabidea aurkeztea; edo, azaroaren 26ko 30/1992 Legeko (Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeko) 38. artikuluan adierazitako lekuetan.

30. artikulua.– Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Eskabide-inprimakia, behar bezala beteta, inprimatuta eta sinatuta, aurreko artikuluan zehazten den bezala. Inprimakia behar bezala bete eta sinatu behar du eskatzaileak, eta bizikidetza- edo familia-unitatea osatzen duten gainerako pertsonek ere sinatu behar dute.

2.– Bizikidetza- edo familia-unitateari dagokion errolda kolektiboa. Bertan, 2013ko abenduaren 31ko egoerak agerian egon behar du.

3.– Familia-liburua, eskatzailea barne hartuta duena.

4.– Banku-ziurtagiria, eskatzailearen libretako edo kontu korronteko IBAN adierazita (eskatzaileak titularra edo titularkidea izan behar du). Ziurtagiri horren ordez, libretaren kopia edo banku elektronikoko inprimaki bat entrega daiteke. Bertan libretaren edo kontu korrontearen titularrek eta IBAN zenbakiak agerian egon behar dute.

5.– Bizikidetza- edo familia-unitatearen diru-sarrera guztiak, 2013. ekitaldikoak, egiaztatzeko agiriak. Zehazki, honako hauek:

a) Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren (PFEZ) aitorpena –aitorpen hori egin duten kide konputagarriena–. Aitorpena aurkeztu ez bada, Ogasun Sailaren frogagiria, aitorpenik ez dela aurkeztu ziurtatzeko.

b) PFEZtik salbuetsita dauden errenten eta pentsioen ziurtagiriak, hala nola Gizarte Segurantzaren pentsioen eta Lanbidek kudeatutako diru-sarrerak bermatzeko errentaren edo/eta etxebizitzarako diru-laguntza osagarriaren ziurtagiriak.

c) Lan-etekinen egiaztagiria (10T), 2013an PFEZ aitorpena egin ez bada.

d) Sostengatzaileren bat autonomoa baldin bada, ekonomia-jardueren gaineko zerga.

e) Sostengatzaileren batek PFEZ aitorpena «moduluka» egiten baldin badu, diru-sarreren eta gastuen arteko balantzearen ziurtagiria, beste erakunde batek igorrita.

f) Dibortzioa, banaketa, izatezko bikotekideen banaketa edo antzeko egoerak egonez gero, hitzarmen arautzailearen edota ebazpen judizialaren edota notario-hitzarmena, adostutako baldintzak zehazten dituena.

g) Bizikidetza- edo familia-unitatearen diru-sarrerak eta ekonomia-egoera adierazteko, eskatzaileak garrantzitsutzat jotzen dituen edozein agiri: esate baterako, lanetik botatzea, enplegu-erregulazioko espedienteak, ikasketarako maileguak, dohaintzak (behar bezala erregistratuak), etab.

h) ikasketa-laguntzen ziurtagiriak, unibertsitateak berak edo beste erakunde batzuek emandakoak.

6.– Bizikidetza- edo familia-unitatearen errentan kenkari bat egiten baldin bada, egoera horiek ziurtatzeko agiriak:

a) Familia ugariko tituluaren kopia.

b) Foru Aldundiaren Balioespen eta Orientazio Unitateak eman duen ebazpena, desgaitasun-maila aitortzen duena.

c) Matrikula egiaztatzeko agiriak, eta ikasturtean ohiko bizilekutik kanpo biziko dela ziurtatzeko agiriak.

7.– Eskabidea pertsona independente gisa egiten baldin bada:

a) Eskatzailea alokatutako etxe batean bizi bada, alokatzailearen alokairuko kontratua eta NAN/AIZ agiriaren kopia.

b) Jabetzako etxe batean bizi bada, ez da agiririk aurkeztu behar, katastro-ziurtagirian jasota egongo baita.

c) Diru-sarreren eta gastuen balantzea.

d) Lanbidek antolatutako gizarte-laguntzei dagokienez, norberaren egoera ziurtatzeko agiriak.

e) Zerga-ziurtagiria, gurasoek zerga-arinketarik ez dutela egiten egiaztatzeko.

f) Emantzipazio-programa batean egonez gero, hori ziurtatzeko agiriak.

8.– Eskatzailea, ikasketak direla-eta, 2014-2015 ikasturtean ohiko bizilekutik kanpo biziko bada, eta egoitzari buruzko osagaia eskatzen baldin badu, egoitza hori eta ikasturteko gastuak egiaztatzeko honako agiri hauetako batzuk aurkeztu behar ditu:

a) Alokairuko kontratuaren kopia + alokatzailearen NAN agiriaren kopia + fidantza-ordainketaren eta lehen hileko ordainketaren frogagiriaren kopia.

b) Egoitzan edo antzeko leku batean toki bat erreserbatu dela egiaztatzeko agiria, zenbatekoa jasota.

9.– Eskatzaileak nazioarteko edo Estatuko mugikortasun-programetan parte hartzen baldin badu, parte-hartzea ziurtatzeko agiria, egunak eta egoitza-lekua adierazita.

10.– Master ofizialeko ikasketak egiteko beka bat eskatu baldin badu, eta titulazioa master-ikasketetarako matrikula egin duen unibertsitatean lortu ez bazuen, ikasketa-espedientearen ziurtagiria, master-ikasketetara sartzeko titulazioarena, aurkeztu beharko du.

11.– Matrikula partziala eskatzen baldin badu, ikasketak lan-jarduerarekin bateratzen direla egiaztatzeko agiriak (lan-kontratuak, lan-bizitza...).

12.– Osasunari buruzko edo segurtasun pertsonaleko arazoak direla-eta, etekin akademikoan salbuespen bat egiteko eskatzen baldin bada, mediku-ziurtagiria edota ziurtagiri judiziala edota Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoena.

31. artikulua.– Eskaera aurkezteko epeak.

1.– Eskatzaileek ikasketak Euskal Autonomia Erkidegoko ikastegietan egiten baldin dituzte, unibertsitatean edo goi-mailako ikastegian eskabideak aurkezteko epea 2014ko irailaren 30ean bukatuko da.

2.– Eskatzaileek ikasketak Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko ikastegietan egiten baldin dituzte, unibertsitatean edo goi-mailako ikastegian eskabideak aurkezteko epea 2014ko urriaren 15ean bukatuko da.

3.– Ikasleek Euskal Autonomia Erkidegoan ikasketak egin nahi badituzte, eta ikasketa horietarako matrikula-epea irailaren 25a igaro ondoren hasten bada, edo gainerako Estatuan bada, urriaren 10a igaron ondoren, matrikula egunetik zenbatuta, bost asteguneko epea izango dute beka-eskaera egiteko. 2014ko abenduaren 31 igaro ondoren ez da eskabiderik onartu inola ere.

32. artikulua.– Eskabidea aurkeztearen ondorioak.

Bekaren eskaera aurkezteak berekin dakar:

1.– Deialdiaren oinarriak onartzea.

2.– Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko 50. artikuluaren 6. paragrafoak aipatu erantzukizunezko deklarazioa onartzea. Testu bategina 1/1997 Legegintza Dekretuak, azaroaren 11koak, onartu zuen.

3.– Interesdunaren baimena, eskaeran jasotako datuak Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko fitxategi informatizatuetan sartzeko.

4.– Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari baimena ematea Zerga Administrazioen edo antzekoen bitartez datuak eskuratzeko, hain zuzen, familiak zer errenta eta ondasun dituen jakiteko, bekaren ondorioetarako.

VII. KAPITULUA
IZAPIDEAK ETA ERABAKIA HARTZEKO PROZEDURA

33. artikulua.– Emateko prozedura.

1.– Diru-laguntzak ebazteko prozedura eskaera bakoitzaren berariazko azterketa izango da, eranskin honetan ezarritako irizpideekin alderatuz, laguntza dagokion edo ez dagokion erabakitzeko. Diru-laguntzak emateko prozedura ofizioz hasiko da, deialdi honen bidez.

2.– Unibertsitateetako zuzendariak ebatziko ditu eskaerak sei hileko epean. Epe hori eskaerak egiteko azken epealdia amaitu eta handik sei hilabetetara amaituko da.

3.– Epe hori igarotzen baldin bada, eta eskaeraren ebazpena jasota ez badago, eskaera ukatu duela joko da, azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoarenak eta Administrazio Prozedura Erkidearenak, 44.1 artikuluak ezarritako ondorioetarako. Hala eta guztiz ere, geroago, berariaz ebatz daiteke.

4.– Kopuru horiek, dena den, handitu egin ahal izango dira, baldin eta eskatutako laguntzen zenbateko osoa aurrekontua baino txikiagoa bada eta aurrekontu-baliabideak agortu gabe geratzen badira Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren honen edo beste laguntza-programa batzuk bete ondoren. Laguntzak ebatzi baino lehenago aldatu beharko dira kopuru horiek. Kopuru horiek aldatu edo deialdi horietarako funtsak agortzen badira, horren berri emango da Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren ebazpen baten bidez. Azken egoera honetan, deialdi honetarako aurrekontu baliabideak agortuz gero, momentu horretatik aurrera ez dira diru-laguntza gehiago emango.

34. artikulua.– Bekak kudeatzea.

1.– Unibertsitate Zuzendaritzak kudeatuko ditu agindu honen bidez arautzen diren bekak.

2.– Unibertsitateek eta goi-mailako arte ikasketen eta goi-mailako ikasketen zentroek ere lagunduko dute bekak kudeatzen. Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Unibertsitate Zuzendaritzak aplikazio informatiko bat jarriko du parte hartzen duten erakundeen eskura, beka-eskaerak kudeatu eta izapidetzeko.

3.– Hona unibertsitate horiek nola hartuko duten parte:

a) Eskaerak jasoko dituzte.

b) Aurkeztutako eskaerak eta dokumentazio gehigarria egiaztatuko dute. Behar izanez gero, antzemandako gabeziak edo akatsak zuzentzeko eskatu ahal izango dute, bai eta aurkeztu gabeko dokumentazioa aurkezteko ere.

c) Egiaztatu egingo dute eskatzaileek bete egiten dituztela eskatutako baldintzak.

d) 2015eko otsailaren 1a baino lehenago, beka eskatu eta eskatutako baldintzak betetzen dituzten eskatzaileen zerrenda bidali beharko dute Unibertsitate Zuzendaritzara; baldintza horiek betetzen ez dituzten eskabideen zerrenda ere bidali behar dute.

e) Prozeduraren ebazpena argitaratuko dute beren kudeaketa-unitateetan.

35. artikulua.– Hautaketa egiteko epaimahaiak unibertsitateetan.

1.– Aurkeztutako eskaerak aztertuko dituzte hautaketa-epaimahaiek, eta beka eman edo ez erabaki. Egindako bileren akten kopiak Unibertsitate Zuzendaritzara bidali behar dituzte, epaimahaiburuaren oniritzia jaso ondoren.

2.– Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatean hautaketa-epaimahai bat eratuko da, honela osatuta:

– Epaimahaiburua: unibertsitateko errektoreak izendatutako erretoreordea.

– Epaimahaiburuordea: unibertsitateko gerentea.

– Idazkaria: unibertsitateko gerentziako beken arloko edo bulegoko burua.

– Kideak: Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko bi ordezkari, Unibertsitateetako zuzendariak izendatuak; unibertsitateko bost irakasle, epaimahaiburuak izendatuak; Ikasle-kontseiluko hiru ordezkari, gehienez ere; eta beste pertsona batzuk –ez hiru baino gehiago– epaimahaiburuak beharrezkotzat jotzen baditu.

3.– Euskal unibertsitate-sistemako unibertsitate pribatuetan, unibertsitatean pertsona bakarreko organo horien eginkizunen baliokideak dituzten pertsonak izango dira hautaketa-epaimahaiaren epaimahaiburu, epaimahaiburuorde eta idazkari. Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko bi ordezkari, Unibertsitateetako zuzendariak izendatuak, kide arituko dira, eta Hautaketa-epaimahaiaren eraketan parte hartuko dute.

4.– Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo dauden unibertsitateetan, eskaerak hautatzeko, Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioaren aginduak xedatzen duenaren arabera sortuko dituzte hautaketa-epaimahaiak (agindu horren bidez egiten da unibertsitateko eta goi-mailako ikasleentzako izaera orokorreko eta mugikortasuneko beken deialdia, 2014-2015 ikasturterako).

5.– Hautaketa-epaimahaiek ahalmena izango dute:

a) Beharrezkotzat jotzen diren agiri guztiak eskatzeko. Agiri horiei esker, bermatu egingo da, batetik, behar adina datu dituztela kasuan kasuko berezitasunei buruz, eta, bestetik, beketarako bideratutako bitartekoak behar bezala inbertitzen direla.

b) Beharrezkotzat jotzen diren txosten guztiak eskatzeko. Txosten horien bidez, erabaki-proposamena egiteko kontuan izan behar diren datuak zehaztu, jakin eta egiaztatu ahalko dituzte.

6.– Organo horiek gai horren inguruan duten jarduna egokitu egingo zaio Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen II. idazpuruko II. atalburuan jasotako arauek xedatutakoari.

36. artikulua.– Beka-eskaera onartzeko edo ukatzeko proposatzea eta ebaztea.

1.– Beka-eskarien espedienteak aztertu ondoren, unibertsitateek eta goi-mailako arte-ikasketen eta bestelako ikasketen ikastegiek bekak onartu eta ukatzeko proposamenak bidali beharko dituzte Unibertsitate Zuzendaritzara, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak emandako baliabide informatikoen bidez, han prozeduraren izapideak egin ditzaten. Hautaketa-epaimahaiaren akta bidali beharko dute proposamen horrekin batera.

2.– Egiaztatu ondoren proposamenak prozedurarekin bat datozela eta deialdi honetako baldintzak betetzen dituztela, Unibertsitateetako zuzendariak aginduko du onartu edo ukatzeko proposamenaren berri ematea eskatzaileei, banakako jakinarazpen baten bidez. Onartzeko proposamena bada, bekaren osagaiak eta zenbatekoa adieraziko dira jakinarazpenean. Ukatzeko proposamena bada, ukatzeko arrazoiak adieraziko dira jakinarazpenean. Eskatzaileak informazio hori kontsultatu ahal izango du Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan: http://www.euskadi.net/r33-2287/es/contenidos/ayuda_subvencion/general_2012/es_ayuda/ficha_procedimiento.html

3.– Jakinarazpena jaso ondoren, proposamenarekin ados ez dauden eskatzaileek alegazioak egin ahalko dizkiote hautaketa-epaimahaiari (matrikula egin duten ikastegiko epaimahaiari), bai eta egokitzat jotzen duten dokumentazioa aurkeztu ere; horretarako, 15 egun natural izango dituzte, jakinarazpena jaso eta biharamunetik aurrera.

4.– Alegazioak jartzeko emandako epean interesdunak adierazten badu proposamena onartzen duela baina uko egiten badio datu eta dokumentazio gehiago emateari, ebazpena emango da, alegatzeko epea agortu arte itxaron barik.

5.– Proposamenari alegaziorik jarriz gero, edo horretarako epea igaro eta gero, Unibertsitateetako zuzendariak ebazpena emango du, eta interesdunei horren berri emateko aginduko du.

6.– Ebazpen horren kontra, interesdunek gorako errekurtsoa jarri ahal izango diote Hezkuntza eta Ikerketarako sailburuordeari hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita.

7.– Prozedura amaitzen denean, Unibertsitateetako zuzendariak aginduko du beka-eskatzaileen zerrendak argitaratzeko unibertsitateetako iragarki-oholetan, bai eta goi-mailako arte-, erlijio- eta militar ikasketetarako ikastegietako iragarki-oholetan ere. Zerrenda horietan azalduko da beka nork jasoko duen.

37. artikulua.– Bekak ordaintzea.

1.– Beka emateko ebazpena jakinarazi ondoren, beka hilabeteko epe bakar batean ordainduko da, matrikula-osagaia izan ezik. Beka jasoko duten ikasleei dagozkien prezio publikoen ziurtagiria unibertsitateak aurkeztu beharko du, Unibertsitate Zuzendaritzak zenbateko egokiak ordain ditzan. Hori egin eta gero ordainduko da matrikula-osagaia.

2.– Agindu honetan zehaztutako beken onuradunek ez dute ordainketarik jasoko, harik eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomiadunek ematen dituzten izaera bereko laguntzen arloan abian den edozein itzultze- edo zigortze-prozedura amaitu arte, betiere azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onesten duen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bategineko 50.4 artikuluak xedatzen duenari jarraiki.

VIII. KAPITULUA
BEKEN EGIAZTAPENA ETA KONTROLA

38. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

2014-2015 ikasturtean unibertsitateko edo goi-mailako ikasketak egiteko beka jasotzen dutenek hau guztia egin behar dute:

a) Beka zertarako ematen den, horretarako erabili beharko dute, ez beste ezertarako; alegia, matrikula egiteko, eskolara joateko eta ikasketekin loturiko gastuak ordaintzeko.

b) Egiaztatu egin beharko dute laguntza emateko eta hartaz baliatzeko ezarri diren baldintzak eta eskakizunak betetzen dituztela.

c) Onartu egin beharko dituzte beka emateko zehaztutako baldintzak guztiak betetzen direla egiaztatzeko egiten diren jarduera guztiak, halakorik egiten bada, eta, beken helburua fiskalizatzeko, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatzen dieten informazio guztia eman beharko diete erakunde horiei.

d) Unibertsitateko edo goi-mailako ikasketak aldatuz gero, berariaz adierazi beharko dute aurreko urteetan beka izan duten ala ez.

e) Unibertsitate Zuzendaritzari jakinarazi beharko diote helburu bererako laguntzarik jaso duten beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatuetatik.

f) Matrikula ezetsiz gero eta laguntza emateko kontuan hartutako beste edozein baldintza aldatuz gero, Unibertsitate Zuzendaritzari jakinarazi beharko diote.

39. artikulua.– Beka jasotzeko eskubidea galtzea eta beka itzuli behar izatea.

1.– Unibertsitateetako zuzendariak, espedienteko interesdunaren entzunaldiaren izapidea egin ondoren, emandako beka kobratzeko eskubidea galdu dela edo, hala badagokio, jasotako zenbatekoak itzuli behar direla eta aplikagarriak diren interesak itzuli beharko direla adieraziko du, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluan ezarritakoaren arabera –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Testu Bategina–, honako arrazoi hauek direla-eta:

a) Eskatzaileak datuak ezkutatu edo faltsutu baditu beka jasotzeko.

b) Egiaztatzen bada jasotako beka bateraezina dela beste pertsona fisiko edo juridikoek emandako beka edo laguntzekin.

c) Helburu jakin bat betetzeko emandako bekaren zenbatekoa ez bada helburu hori betetzeko erabili.

d) Frogatzen bada beka jaso dutenek ez dutela ezarritako baldintzaren bat betetzen edo ez dituztela baldintza horiek behar bezala egiaztatu.

e) Eskatzaileak ezeztatu egiten badu bekarekin egin behar zituen ikasketen matrikula.

2.– Espedientearen izapideak egitean ondorioztatzen bada itzuli egin behar direla jasotako zenbatekoak –eta, behar izanez gero, baita haien legezko interesak ere–, ebazpen bat emango da; ebazpen horrek eduki beharreko informazio guztia izango du, dirua itzuli behar dela deklaratzen duen jakinarazpena jasotzen denetik bi hilabeteko epean zenbateko horiek itzultzeko, beti ere kontuan izanik, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren bigarren titulua (698/1991 Dekretua, Euskal Autonomi Elkartearen Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten Izaki Laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena). Familiaren egoera ekonomikoa oinarrizko baldintza denez bekak emateko, eskatzaileak eta sostengu ekonomikoa ematen diotenek egungo eta bihar-etziko ondasunekin erantzun beharko diote bat eginik Administrazioari, itzulketa horri erantzuteko, legez ezarritako mugapenak salbuetsita.

3.– Borondatezko epearen barruan dirua itzultzen ez bada, Ogasun eta Finantza Sailari jakinaraziko zaio, premiamendu-bidez ekin dezan, indarrean dauden xedapenen arabera.

40. artikulua.– Administrazioen eta unibertsitateen kontrola.

1.– Hezkuntza Administrazioko organoek zehatz-mehatz kontrolatuko dituzte beketara bideratutako aurrekontu-baliabideak, behar bezala inbertitu direla ziurtatzeko.

2.– Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak laguntzeko eskatu ahal izango dio Ogasun eta Finantza Sailari, bai eta foru-aldundietako ogasun-sailei edo administrazio publikoko beste edozein organori ere: batetik, zehazteko zer mekanismoren bidez baloratuko den ondoen familien errenta eta ondare erreala diru-laguntzak esleitzeko garaian; eta, bestetik, bekak lortzera bideratutako aitorpenetan gehiago kontrolatzeko iruzurra. Gainera, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak erabili ahalko ditu erakunde horietan dauden datuak, familia-unitateko kide konputagarri guztiei buruzkoak, beharrezkotzat jotzen duen guztia egiaztatzeko.

3.– Eskaera aurkezteak adierazten du baimena ematen zaiola Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari errentaren eta ondarearen inguruko datuak eskuratzeko edo horiek zerga-administrazioetan daudenekin konparatzeko.

41. artikulua.– Datu pertsonalak babestea.

Datu pertsonalak babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoari eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legeari jarraituta, deialdi honen izapideetan jasotako datu pertsonalak Unibertsitate Zuzendaritzaren 2 zenbakiko Fitxategian sartuko dira (fitxategi hori, «Unibertsitate-bekak» deiturikoa, jasota dago Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen 2010eko urriaren 4ko Aginduan, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren datu pertsonalen fitxategi jakin batzuk arautzen dituenean).

Datuak lortu, zuzendu, ezabatu eta aurkatzeko eskubideak Unibertsitate Zuzendaritzan erabili ahal izango dira. Horretarako, honako helbide honetara jo beharko da: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

Halaber, deialdi honetara bildutako pertsonek baimena ematen diote Unibertsitate Zuzendaritzari, beste erakunde publiko batzuetan egiaztatzeko ezen aurkeztutako dokumentuak egiazkoak direla.

II. ERANSKINA
BEREN EZAUGARRI FISIKOAK EDO PSIKIKOAK DIRELA-ETA, MUGITZEKO ZAILTASUN BEREZIAK DITUZTEN IKASLEEN GARRAIO-GASTUAK ORDAINTZEKO DIRU-LAGUNTZAK, BALDIN ETA 2014-2015 IKASTURTEAN UNIBERTSITATE-IKASKETAK EDO GOI-MAILAKO BESTE IKASKETA BATZUK EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAN EGITEN BADITUZTE

1. artikulua.– Xedea eta izaera.

1.– Hauxe da deialdi honen xedea: beren ezaugarri fisikoak edo psikikoak direla-eta, mugitzeko zailtasun bereziak dituzten ikasleei Euskal Autonomia Erkidegoko ikastegietara lekualdatzeko garraio-gastuak ordaintzeko diru-laguntzak ematea, baldin eta ikasle horiek 2014-2015 ikasturtean unibertsitate-ikasketak, goi-mailako arte-, erlijio- eta militar ikasketak Euskal Autonomia Erkidegoan egiten badituzte. Eta, betiere, baldin eta garraiobide publikoak, haien ezaugarriei egokituta, ezin badituzte erabili; edo garraiobide publikoak erabiltzeko, beste pertsona baten laguntza behar badute, 3. artikuluan ezarritako eskakizunak beteta.

2.– Laguntza horiek diru-laguntzak dira. Araubide juridikoan aurreikusten ez den guztirako hauxe aplikatuko da: Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez onartua, eta batez ere Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioaren laguntzen eta diru-laguntzen erregimenari eta arau-hausteen eta zigorren araubideari buruzko xedapenak.

2. artikulua.– Laguntzaren zenbatekoa.

1.– Diru-laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, eskatzaileak aurkeztu duen aurrekontua oinarritzat hartuko da. Aurrekontu hori balioetsiko da, dagokion sektoreko jardunbide egokien arabera, eta Hezkuntza Administrazioak beste kostu edo irtenbide batzuk ere proposatu ahal izango ditu.

2.– Onartzen den aurrekontu guztia (% 100) finantzatu ahal izango da, eta eskaera bakoitzeko, gehienez, 10.000 euro emango dira, horretarako ezarritako diru-kopurua agortu arte.

Beharrezko diru-laguntzaren kostua egoitza baten kostua baino askoz ere handiagoa baldin bada, eskatzaileari proposatuko zaio beste aukera hori kontuan hartzea; betiere, baldin eta egoitza egokituta eta ikastegitik hurbil baldin badago, eta garraiobide publiko egokiak eskuragarri baditu. Egoitzaren aukera hautatzen badu, deialdi honetako 1. eranskinean zehaztuta dagoen unibertsitate-ikasketetarako beka, egoitzari eta garraioari buruzko osagaiak dituena, eskatu ahal izango du.

3.– Lehen aipatu den 2. atalean jasotako muga aintzat hartuta, egokituta dagoen ibilgailu pribatua erabiliz gero joan-etorrietarako, laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, kilometro bakoitza 0,29 euroko kopuruaz biderkatuko da. Eskatzailearen ohiko bizilekutik ikastegirainoko distantzia laburrena kalkulatzeko eta ikastegia kokatzeko, Google Maps informatika-tresna, honako web-helbide honetan erabilgarri dagoena, erabiliko da: https://maps.google.es/. Horretarako, autoz joateko distantziarik laburrena kalkulatzeko aukera hautatuko da, autobideak eta bidesariak barne hartuta.

4.– Lehen aipatu den 2. atalean jasotako muga aintzat hartuta, egokitutako taxi bat joan-etorrietarako erabiliz gero, gehienezko diru-laguntzak ezin du inola ere gainditu Hezkuntza Administrazioak sektoreko elkarte ordezkagarriari eskatutako aurrekontua, hala egiteari egoki irizten badio. Lekualdaketa zer lurraldetan egingo den, han eskatuko du aurrekontua administrazioak.

5.– Garraiobide publiko kolektiboa erabiltzeko, beste pertsona baten parte-hartzea behar bada, beste pertsona horren lekualdaketaren gastuak ere ordainduko dira.

6.– Deialdi honen xedea den garraio-gastua ordaintzen laguntzeko erabilgarri dagoen kreditua ez bada ontzat jotako eskabide guztietan jasotako kostu guztiak finantzatzeko bezain handia, onartu diren aurrekontu guztiak kontuan hartuko dira, eta onartutako eskabide guztietan laguntzaren zenbatekoa murriztuko da aurrekontuetan dagoen gabeziaren proportzio berean.

3. artikulua.– Baldintzak eta haien egiaztapena.

Beka eskuratzeko, honako baldintza hauek bete beharko dira:

a) Euskal Autonomia Erkidegoko udalerri batean erroldatuta egotea eskaera aurkezten den egunean, eta justifikatzea gutxienez urtebetez EAEn erroldatuta egon direla, eskaerak aurkezteko epe orokorra amaitzen denean.

b) Dagokion Foru Aldundiaren Balioespen eta Orientazio Unitateak honako baldintza hauek aitortu izatea, eskabide-mota bakoitzaren arabera.

– Mugikortasun-arazoak direla-eta, garraiobide publiko kolektiboak erabiltzeko ezintasuna: % 33ko minusbaliotasuna edo handiagoa, eta garraiobide publikoak erabiltzeko mugikortasun-arazoak, abenduaren 23ko 1971/1999 Errege Dekretuaren 3. eranskineko baremoaren arabera (minusbaliotasunaren maila onartzeko, aitortzeko eta kalifikatzeko prozesua arautzen du errege-dekretu horrek). Laguntza jasotzeko, eskatzaileak egiaztatu egin beharko du A, B edo C egoeran dagoela. Egoera horietako batean ez badago, gutxienez 10 puntu lortu beharko ditu D eta H ataletako puntuazioak batzen dituenean.

– Hala badagokio, beste pertsona baten beharra izatea, ikastegira lekualdatzeko: beste pertsona baten beharra ziurtatu behar da, minusbaliotasun-maila onartzeko, aitortzeko eta kalifikatzeko prozesua arautu zuen abenduaren 23ko 1971/1999 Errege Dekretuaren 2. eranskinean ezarritako baremoaren arabera; edo apirilaren 20ko 504/2007 Errege Dekretuaren 1. eranskinean ezarritakoaren arabera. Azken horren bidez onartu zen mendekotasuna duten pertsonen balioespen-baremoa, abenduaren 14ko 39/2006 Legeak ezarritakoa; hain zuzen, autonomia pertsonalaren sustapenari eta mendekotasuna duten pertsonentzako laguntzari buruzko legeak ezarritakoa.

c) Matrikula egitea eta 2014-2015 ikasturtean modu presentzialean egitea honako ikasketa hauetako bat:

– Graduko unibertsitate-titulu ofiziala lortzera bideratutako ikasketak.

– Unibertsitate-masterreko titulu ofiziala lortzera bideratutako ikasketak.

– Honako titulu ofizial hauek lortzera bideratutakoak: unibertsitateko diplomaduna, arkitekto teknikoa, ingeniari teknikoa, lizentziaduna, arkitektoa eta ingeniaria.

– Diplomatura, Ingeniaritza Teknikoko edo Arkitektura Teknikoko titulazioetako ikasleek egiten dituzten bigarren zikloko unibertsitate-ikasketak (edo ikasketa horietan sartzeko beharrezko egokitzapen-ikastaroak edo ikastaro osagarriak).

– 25 urte baino gehiagokoak unibertsitatean sartzeko prestakuntza-ikastaroak, unibertsitate ez-presentzialetan emandakoak.

– Goi-mailako arte-ikasketak.

– Goi-mailako ikasketa militarrak.

– Goi-mailako erlijio-ikasketak.

d) Txosten justifikatu baten bitartez ziurtatzea, garraiobide publiko kolektiboak ez direla egokiak eskatzailearen beharretarako, eta ikastegira lekualdatzeko bide osoan edo zati batean garraio-neurri bereziak behar dituela.

e) Ez izatea diru-laguntzak edo laguntza publikoak jasotzeko zehapenik zigor- eta administrazio-arloan, eta ez izatea laguntzak jasotzeko legezko debekurik, ezta sexua bereiztearren eragindakorik ere, betiere otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, Emakume eta Gizonen Berdintasunari buruzkoak, azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoaren arabera.

f) Ikasleek ez izatea bekarekin egin nahi dituzten ikasketen maila bereko edo handiagoko titulurik, eta ez betetzea horrelako tituluren bat eskuratzeko legezko baldintzak. Ondorio horietarako, Diplomatura, Ingeniaritza Teknikoko edo Arkitektura Teknikoko titulazioa lortzeko moduan daudenek edo jada lortu dutenek ez dute bekarik lortuko ez gradu-ikasketak egiteko (edo graduari egokitzeko), ezta lizentzia-, ingeniaritza- edo arkitektura-ikasketak egiteko ere, bigarren zikloko ikasketak egin ezean, ikasketa horietan aurretiko titulazio horietatik sartzen baita.

g) Beren ezaugarri fisikoak edo psikikoak direla-eta, mugitzeko zailtasun bereziak dituzten ikasleei ikastegietara lekualdatzeko garraio-gastuak ordaintzen laguntzeko diru-laguntzarekin bateragarria ez den beste beka edo diru-laguntza bat ez jasotzea.

4. artikulua.– Bateragarritasuna beste beka eta laguntza batzuekin.

1.– Diru-laguntza horiek bateragarriak dira beste erakunde batzuek helburu bererako ematen dituztenekin, bai eta 2014-2015 ikasturtean unibertsitateko eta goi-mailako ikasketak egiteko bekekin ere, betiere beken finantziazioa guztira handiegia ez bada.

2.– Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak, haien ezaugarri fisikoak edo psikikoak direla-eta, zailtasun bereziak dituzten ikasleei ematen dien lekualdaketa-laguntzaren zenbatekoak ezin izango du benetako kostua gainditu. Laguntza horrek EAEko ikastegietara unibertsitate-ikasketak edo goi-mailako ikasketak egitera joateko gastuak ordaintzen laguntzen die ikasle horiei. Gaindituz gero, diru-laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da lekualdaketaren kostu errealaren % 100era iritsi arte, gehienez.

5. artikulua.– Nola aurkeztu eskabidea.

Honako urrats hauek egin behar dira, eskabideak aurkezteko:

1.– Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan dagoen eskabide-ereduaren inprimakia bete eta inprimatu https://www.euskadi.net/diru_laguntza/2014/garraio-egokitua/y22-izapide/eu

2.– Eskabidea sinatu, eta eskatutako gainerako agiriekin batu.

3.– Eskabidea eta gainerako agiriak 2014-2015 ikasturteko matrikula egin duen unibertsitateko edo goi-mailako ikastegiko beka-unitatean aurkeztu.

Halaber, eskatzaileak erabaki dezake Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko 72/2008 Dekretuak, apirilaren 29koak, adierazitako edozein erregistrotan eskabidea aurkeztea; edo, azaroaren 26ko 30/1992 Legeko (Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeko) 38. artikuluan adierazitako lekuetan.

Beka eskatzaileek beka-eskabidea sinatzen dutenean, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko 50. artikuluaren 6. paragrafoan aipatzen den erantzukizunpeko adierazpena sinatuko dute. Testu Bategin hori azaroaren 11ko 1/1997 Lege Dekretuaren bidez onartu zen.

6. artikulua.– Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

a) Eskabidearen inprimakia, Eusko Jaurlaritzaren egoitzatik hartuta, behar bezala inprimatuta eta beteta. Eskatzaileak behar bezala bete eta sinatu behar du.

b) Administrazio-egoitzaren ziurtagiria; bertan jasoko da Euskal Autonomia Erkidegoko zein udalerritan dagoen erroldatuta eta noiztik.

c) Dagokion foru-aldundiak emandako desgaitasun-ziurtagiria, 3. artikuluan zehaztutako baldintzak egiaztatzen dituena.

d) 2014-2015 ikasturtean 3. artikuluko c) idatzi-zatiko ikasketaren bat egiteko matrikula egin izanaren egiaztagiria.

e) Banku-ziurtagiria, eskatzailearen libretako edo kontu korronteko IBAN adierazita (eskatzaileak titularra edo titularkidea izan behar du). Ziurtagiri horren ordez, libretaren kopia edo banku elektronikoko inprimaki bat entrega daiteke. Bertan libretaren edo kontu korrontearen titularrek eta IBAN zenbakiak agerian egon behar dute.

f) Txostena bat, honakoa ziurtatuko duena: garraiobide publiko kolektiboak ez direla egokiak eskatzailearen beharretarako, eta ikastegira joateko eta handik etortzeko bide osoan edo zati batean garraio-neurri bereziak behar dituela.

g) Aurrekontu zehatza, honako hauek biltzen dituena: diru-laguntzaren bidez ordainduko den ibilbidea, ikasturtean zenbat bidaia egitea aurreikusten den, bidaia bakoitzaren unitate-kostua, bidaia guztiak kontratatzeagatik ezarritako deskontua (hala dagokionean), pertsona laguntzailearen kostua, pertsona horren lan-ordutegia edo erabilgarritasuna, bai eta egoera ulertzeko eta baloratzeko beharrezkotzat jotzen diren gainerako datu guztiak ere.

7. artikulua.– Eskaera aurkezteko epea.

Eskabideak unibertsitatean edo goi-mailako ikastegian aurkezteko epea 2014ko irailaren 30ean bukatuko da.

8. artikulua.– Hautatzeko eta izapideak egiteko batzordea.

1.– Hautaketa-batzorde batek aztertuko ditu espedienteak, eta ebazpen-proposamenak egingo ditu. Unibertsitate Ataleko arduraduna izango da batzordeburua; Unibertsitate Zuzendaritzako bi teknikari, zuzendariak aukeratutakoak, izango dira batzordekideak.

2.– Hautaketa-batzorde horrek Unibertsitateetako zuzendariari igorriko dio ebazpen-proposamena. Bertan, adieraziko da: alde batetik, zein eskatzailek jasoko duten laguntza, eta zenbateko laguntza jasoko duten; eta, beste batetik, zer eskaerek ez dituzten betetzen ikasle desgaituentzako garraio-laguntza jasotzeko baldintzak, eta zergatik ez.

9. artikulua.– Prozedura ebaztea eta errekurtsoak.

1.– Deialdi honetan arautzen den prozedura ebazteko eta jakinarazteko epea, gehienez ere, sei hilabetekoa da. Epe hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasiko da. Epe hori igaro ondoren, interesdunei ez bazaie ebazpenik jakinarazi, beka-eskaera ezetsi egin dela joko da, betiere azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoarenak eta Administrazio Prozedura Erkidearenak, 44.1 artikuluan arautzen dituen ondorioetarako.

2.– Prozedura-ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeari, hilabeteko epean, aurreko atalean aipatutako jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

10. artikulua.– Laguntzen ordainketa.

1.– Bekak emateko ebazpena jakinarazi ondoren, bekak aldez aurretik ordainduko dira, ordainketa bakarrean eta hilabeteko epean.

2.– Diru-laguntzaren onuradunek ez dute ordainketarik jasoko, harik eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomiadunek ematen dituzten izaera bereko laguntzen arloan abian den edozein itzultze- edo zigortze-prozedura amaitu arte, betiere azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onesten duen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bategineko 50.4 artikuluak xedatzen duenari jarraituta.

11. artikulua.– Laguntzen justifikazioa.

Onuradunek 2015eko abuztua baino lehen aurkeztu beharko dituzte Unibertsitate Zuzendaritzan aurkeztutako eta onartutako aurrekontuari dagozkion fakturak, joan-etorriak egin direla justifikatzeko.

12. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

Honako hauek dira diru-laguntzaren esleipendunen betebeharrak:

a) Zertarako eman den laguntza, horretarako erabiltzea; alegia, laguntza ematean ezarritako baldintzen arabera egin beharko dituzte ikastegiko joan-etorriak.

b) Beken helburua fiskalizatzeko lanetan, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatutako informazio guztia eman beharko dute, eta, behar izanez gero, laguntza emateko ezarri ziren baldintzak bete dituztela egiaztatzeko egiten diren jarduera guztiak onartu beharko dituzte.

13. artikulua.– Beka jasotzeko eskubidea galtzea eta beka itzuli behar izatea.

1.– Unibertsitateetako zuzendariak, espedienteko interesdunaren entzunaldiaren izapidea egin ondoren, emandako beka kobratzeko eskubidea galdu dela edo, hala badagokio, jasotako zenbatekoak itzuli behar direla eta aplikagarriak diren interesak itzuli beharko direla adieraziko du, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluan ezarritakoaren arabera –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Testu Bategina–, honako arrazoi hauek direla-eta:

a) Eskatzaileak datuak ezkutatu edo faltsutu baditu beka jasotzeko.

b) Egiaztatzen bada jasotako beka bateraezina dela beste pertsona fisiko edo juridikoek emandako beka edo laguntzekin.

c) Helburu jakin bat betetzeko emandako bekaren zenbatekoa ez bada helburu hori betetzeko erabili.

d) Frogatzen bada beka jaso dutenek ez dutela ezarritako baldintzaren bat betetzen edo ez dituztela baldintza horiek behar bezala egiaztatu.

e) Eskatzaileak indargabetu egiten badu bekarekin egin behar zituen ikasketen matrikula edo ikastegira joan ez bada.

2.– Espedientearen izapideak egitean ondorioztatzen bada itzuli egin behar direla jasotako zenbatekoak –eta, behar izanez gero, baita haien legezko interesak ere–, ebazpen bat emango da; ebazpen horrek eduki beharreko informazio guztia izango du, dirua itzuli behar dela deklaratzen duen jakinarazpena jasotzen denetik bi hilabeteko epean zenbateko horiek itzultzeko, beti ere kontuan izanik, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren bigarren titulua (698/1991 Dekretua, Euskal Autonomi Elkartearen Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten Izaki Laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena).

3.– Borondatezko epearen barruan dirua itzultzen ez bada, Ogasun eta Finantza Sailari jakinaraziko zaio, premiamendu-bidez ekin dezan, indarrean dauden xedapenen arabera.

14. artikulua.– Datu pertsonalak babestea.

Datu pertsonalak babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoari eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legeari jarraituta, deialdi honen izapideetan jasotako datu pertsonalak Unibertsitate Zuzendaritzaren 2 zenbakiko Fitxategian sartuko dira (fitxategi hori, «Unibertsitate-bekak» deiturikoa, jasota dago Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen 2010eko urriaren 4ko Aginduan, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren datu pertsonalen fitxategi jakin batzuk arautzen dituenean).

Datuak lortu, zuzendu, ezabatu eta aurkatzeko eskubideak Unibertsitate Zuzendaritzan erabili ahal izango dira. Horretarako, honako helbide honetara jo beharko da: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

Halaber, deialdi honetara bildutako pertsonek baimena ematen diote Unibertsitate Zuzendaritzari, beste erakunde publiko batzuetan egiaztatzeko ezen aurkeztutako dokumentuak egiazkoak direla.

III. ERANSKINA
BIKAINTASUN AKADEMIKOKO BEKAK, ETEKIN HANDIKO UNIBERTSITATE-IKASLEAK AINTZATETSI ETA SARITZEKO 2014-2015 IKASTURTEAN

1. artikulua.– Xedea eta helburua.

1.– Deialdi honen xedea 120 beka ematea da, zehazki, «bikaintasun akademikoko bekak» deiturikoak. Etekin akademiko handia duten ikasleei zuzenduta daude. Ikasleek EAEko lurraldeko edo Estatuko unibertsitateetan matrikulatuta egon behar dute, gradu-ikasketak egiteko.

2.– Beka horien helburua honako hau da: unibertsitateko ikasleen ikasketetan eta ikerketa-zereginetan bikaintasuna sustatzea, ikasle horien etekin akademikoa sarituz.

2. artikulua.– Beken kopurua, banaketa eta zenbatekoa.

1.– Deialdi honen bidez, unibertsitatera lehen aldiz 2014-2015 ikasturtean joaten diren ikasleei zuzendutako bikaintasun akademikoko 40 beka emango dira gehienez, haietako bakoitza 1.000 eurokoa. Honako banaketa hau izango dute, eta, hala dagokionean, ikasleen matrikula bakoitzeko jakintza zientifikoaren adarraren arabera:

a) 35 beka, 2013-2014 ikasturtean batxilergoa amaitu zuten ikasleentzat.

– Arteak eta Giza Zientziak: 3.

– Zientziak: 5.

– Osasun Zientziak: 14.

– Gizarte Zientziak eta Zientzia Juridikoak: 4.

– Ingeniaritza eta Arkitektura: 9.

b) 5 beka, 2013-2014 ikasturtean Goi-mailako Lanbide Heziketako ikasketak amaitu zituzten ikasleentzat, jakintza zientifikoaren adarren artean berdin banatuta.

2.– Bikaintasun akademikoko 80 beka, haietako bakoitza 1.000 eurokoa. Egiten ari diren gradu-ikasketen aurreko maila osoa gaindituta duten ikasleei zuzenduta daude. Jakintza-adarraren arabera banatuta daude, honela:

– Arteak eta Giza Zientziak: 6.

– Zientziak: 11.

– Osasun Zientziak: 35.

– Gizarte Zientziak eta Zientzia Juridikoak: 9.

– Ingeniaritza eta Arkitektura: 19.

Graduko titulazio bikoitza izanez gero, eta titulazio horiek jakintza-adar ezberdinetakoak badira, baloratua izateko jakintza zientifikoaren adar jakin batean barne hartzeko, eskatzaileak adar bakarra hautatu beharko du.

Gainontzeko bekak berriro banatuko dira beka lortu ez duten eta ordezkoen zerrendan dauden eskatzaileen artean.

3. artikulua.– Beste beka, laguntza edo diru-laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Deialdi honekin bat etorrita emandako bikaintasun akademikoko bekak bateragarriak dira unibertsitateek edo beste erakunde publiko edo pribatu batzuek kontzeptu edo izen berarekin ematen dituzten beste batzuekin.

4. artikulua.– Betebehar orokorrak.

Bikaintasun-beka eskatzen dutenek 2014-2015 urterako ematen den unibertsitate-beka orokorraren onuradunak izan behar dute.

5. artikulua.– Baldintza akademikoak.

1.– Eskatzaile guztiek 2014-2015 ikasturtean matrikulatuta egon behar dute gradu-titulua lortzekoak diren ikasketen plan bateko maila oso batean.

2.– Jada unibertsitate-ikasketak egiten ari diren eskatzaile guztiek 2013-2014 ikasturtean batez besteko honako nota hauek lortu behar izan dituzte, jakintza zientifikoaren zer adarretan matrikulatu diren:

– Arteak eta Giza Zientziak: 8,5.

– Zientziak: 8.

– Osasun Zientziak: 7,5.

– Gizarte Zientziak eta Zientzia Juridikoak: 8,5.

– Ingeniaritza eta Arkitektura: 7.

Titulazio bikoitzak, bi jakintza-arlotakoak direnak, egin nahi dituzten eskatzaileek haietako bat aukeratu beharko dute.

Batez besteko nota kalkulatzeko, eskatzaileek 2013-2014 ikasturtean maila oso batean matrikulatuta egon behar izan dute (gutxienez 60 kreditu). Irakasgai bakoitzean lortutako nota haztatuko da, kreditu kopuruaren arabera. Horretarako, honako formula hau aplikatuko da eskaera bakoitzean:

B = ?(P × Ikk)/Gkk

B = Irakasgai bakoitzean lortutako batez besteko notaren haztapenaren emaitzazko balioa

P = Irakasgai bakoitzeko puntuazioa (ohiko edo ezohiko deialdian)

Ikk = Irakasgaiaren kreditu kopurua.

Gkk = Ikasturtean matrikulatutako kredituen kopurua (ikasturte osoan).

Zenbakizko kalifikaziorik izan ezean, kalifikazioak honako baremo honen arabera balioetsiko dira:

– Ohorezko Matrikularen Aipamena = 10 puntu.

– Bikain = 9 puntu.

– Oso ongi = 7,5 puntu.

– Nahikoa edo gai = 5,5 puntu.

– Gutxiegi, ez aurkeztua edo deialdi deuseztatua = 2,5 puntu.

3.– Unibertsitatera lehenengo aldiz 2014-2015 ikasturtean joan diren eskatzaileei dagokienez:

a) Batxilergoa Espainiako Unibertsitate Sisteman ikasi duten eskatzaileen kasuan, beheragoko formula aplikatuz 9 puntuko nota edo handiagoa lortu izana. Horretarako, Batxilergoko batez besteko nota eta 2014. urteko unibertsitaterako sarbide-probaren fase orokorreko azterketen batez besteko nota hartuko dira kontuan.

Behin betiko lehentasun-ordena ezartzen duen nota finkatzeko, honako formula hau aplikatuko da eskaera bakoitzean:

BBHO = 0,6 x BBBN + 0,4 x FOK

BBHO: behin betiko lehentasun-ordena.

BBBN: batxilergoko batez besteko nota.

FOK: fase orokorreko batez besteko nota, hiru dezimalekin eta biribildu gabe.

b) Batxilergoa atzerriko hezkuntza-sistemen arabera irakasten duten ikastetxeetan ikasi duten eskatzaileen kasuan, Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioaren batxiler-tituluaren homologazioa eskuratu behar dute, derrigorrezkoa den kasuetan, baita Espainiako Unibertsitaterako sarbide-agiria ere, 9 puntuko kalifikazioa edo handiagoa jasoko da.

c) Goi-mailako Lanbide Heziketako ikasketak egin dituzten eskatzaileek, goi-mailako prestakuntza-zikloan batez beste 9 puntuko nota edo altuagoa lortu izana.

4.– Eskabideak aurkezteko epea amaitzean, artikulu honetan eskatutako betekizun akademikoek beteta egon beharko dute.

6. artikulua.– Nola aurkeztu eskabidea.

Bikaintasun-beka eskuratzeko, eskatzaileak unibertsitate-beka orokorra lortu behar izan du; beraz, hauxe da bikaintasun-beka eskatzeko prozedura:

1.– Beka orokorra eskatzeko eskabidea bete behar da, Agindu honen I. eranskineko 29. artikuluan zehaztu den bezala. Eskabidea Eusko Jaurlaritzako egoitza elektronikotik har daiteke https://www.euskadi.net/diru_laguntza/2014/bikaintasun-beka/y22-izapide/eu

2.– Bikaintasun akademikoko beka eskatzeko formularioa bete behar da. Formulario hori agertuko da beka orokorra eskatzeko lineako formularioa bete ondoren. Beka orokorreko eskabide bat baino gehiago egin arren, bikaintasun-beka eskatzeko eskabide bat baino ez da bete, inprimatu eta entregatu behar.

3.– Eskabide-formularioa inprimatzea.

4.– Eskabidea inprimatu ondoren, sinatu egin behar da, eta aurreko paragrafoetan ezarritakoarekin bat, gainerako agiriekin batera entregatu behar da.

Eskabide inprimatua, sinatua eta eguna idatzita duena, eskatutako gainerako agiriekin batera, Eusko Jaurlaritzaren Unibertsitate Zuzendaritzara bidali behar da: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz. Horrez gain, Bizkaiko Herritarrentzako Arreta Zerbitzuko bulegoetan, hots, Zuzenean bulegoetan, ere aurkez daiteke Bizkaian (Bide Nagusia 85, 48011 Bilbo), Gipuzkoan (Andia 13, 20003 Donostia) eta Araban (Ramiro de Maeztu 10, etxabea, 01008 Vitoria-Gasteiz).

Eskaera aurkezteko lekuak izango dira, halaber, 72/2008 Dekretuak, apirilaren 29koak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzkoak, zehaztutako erregistroak eta 30/1992 Legeak, azaroaren 26koak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearenak, 38. artikuluan adierazten dituen tokiak ere. Era berean, Euskal Autonomia Erkidegora bidaltzeko idazkiak aurkezteko lankidetza-hitzarmena hitzartuta duen edozein udaletxetan ere aurkez daiteke.

7. artikulua.– Eskaera aurkezteko epea.

1.– Eskatzaileek ikasketak Euskal Autonomia Erkidegoko ikastegietan egiten baldin dituzte, eskabideak aurkezteko epea 2014ko irailaren 30ean bukatuko da.

2.– Eskatzaileek ikasketak Euskal Autonomia Erkidegokotik kanpoko ikastegietan egiten baldin dituzte, eskabideak aurkezteko epea 2014ko urriaren 15ean bukatuko da.

8. artikulua.– Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Eskaera behar bezala sinatuta aurkezteaz gain, honako agiri hauek ere aurkeztu behar dituzte eskatzaileek:

1.– Ikasketa-ziurtagiria, unibertsitateak edo unibertsitate-ikastegiak igorrita. Bertan jasota egon beharko du 2013-2014 ikasturteko batez besteko nota. Bestalde, 2014-2015 ikasturtean lehenengo aldiz unibertsitateko ikasketak egingo dituztenek honako hauek aurkeztu behar dituzte:

Batxilergoa Espainiako Unibertsitate Sisteman ikasi bada, 2014ko unibertsitaterako sarbide-proba egin izanaren egiaztatze-agiria, unibertsitateak emandakoa, Batxilergoan lortutako batez besteko nota eta proba horren fase orokorrean lortutako batez besteko nota hiru dezimalekin eta biribildu gabe.

Batxilergoa atzerriko hezkuntza-sistemen arabera irakasten duten ikastetxeetan ikasi badute, Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioaren batxiler-tituluaren homologazioa eskuratu behar dute, derrigorrezkoa bada, baita Espainiako Unibertsitaterako sarbide-agiria ere, Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionalak (UHUN) emana.

Goi-mailako Lanbide Heziketako ikasketak egin baditu, ikastetxeak emandako ziurtagiri akademikoa, non jasotzen den Goi-mailako prestakuntza-zikloko batez besteko nota, hiru dezimalekin eta biribildu gabe.

2.– Unibertsitateak edo unibertsitate-ikastegiak emandako txostena, gradu-titulua lortzeko ikasketa plan bateko maila oso batean matrikula egin duela ziurtatzeko. Matrikulan zenbat kreditu hartu diren adierazita egon behar du.

Aurkeztu beharreko dokumentazioa originala edo kopia kautotua, konpultsatua edo erkatua izango da.

Eskaerak baldintza guztiak betetzen ez baditu, interesdunari 10 eguneko epean zuzenketak egin ditzan emango zaio, Herri Administrazioaren Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71.1 artikuluari jarraituta.

9. artikulua.– Eskabidea aurkeztearen ondorioak.

Bekaren eskaera aurkezteak berekin dakar:

a) Interesdunaren baimena, eskaeran jasotako datuak Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko fitxategi informatizatuetan sartzeko.

b) Deialdiaren oinarriak onartzea.

c) Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari baimena ematea Zerga Administrazioen bitartez datuak eskuratzeko, hain zuzen, familiak zer errenta eta ondasun dituen jakiteko, bekaren ondorioetarako.

10. artikulua.– Bekak kudeatzea.

Unibertsitate Zuzendaritzak kudeatuko ditu agindu honen bidez arautzen diren bekak.

11. artikulua.– Hautaketa-batzordea.

Hautaketa-batzorde bat eratuko da, zeinak espedienteei dagokienez azterketak eta ebazpen-proposamenak egingo dituen. Unibertsitate Ataleko arduraduna izango da batzordeburua; Unibertsitate Zuzendaritzako bi teknikari, zuzendariak aukeratutakoak, izango dira batzordekideak.

12. artikulua.– Ebazpen proposamena.

1.– Norgehiagoka-prozedura bidez emango dira diru-laguntza horiek. Beraz, beka lortzeko ez da nahikoa izango eranskin honen 4. eta 5. artikuluetan ezarritako baldintzak betetzea. Horrez gain, eskaera deialdi honetarako bildutako funtsak agortu arte eman beharreko beken guztizko kopuruaren barruan kokatuko duen ordena-zenbaki bat lortu beharko da.

2.– Hartarako eratutako hautaketa-batzordeak ordenatu egingo ditu eskabideak eta Unibertsitateetako zuzendariari aurkeztuko dio ebazpen-proposamena.

Eskaera bakoitzaren ordena finkatzeko, deialdian ezarritako baldintzak betetzen dituzten eskaerak honako irizpide hauei jarraituta ordenatuko dira jakintzaren adar bakoitzean:

a) Eskaerak handienetik txikienera ordenatuko dira, espedienteko batez besteko notari jarraituta. Nota hori deialdi honen 5. artikuluan ezarritakoaren arabera kalkulatuko da.

b) 2013-2014 ikasturtean Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak emandako Batxilergoko Aparteko Saria lortu duten ikasleek 0,5 puntu erantsiko dizkiote deialdi honen 5. artikuluaren arabera lortutako puntuazioari, eta lortutako guztizko puntuazioa erabiliko da lehentasun-ordena zehazteko.

c) Berdinketak gertatuz gero, sarrera-dataren arabera ebatziko dira; eta berdinketak jarraitu egiten badu, zozketaren bidez erabakiko da.

3.– Unibertsitateetako zuzendariari helaraziko zaion ebazpen-proposamenak hiru zerrenda izango ditu:

a) Beka esleituta duten eskabideen zerrenda. Lortutako puntuek jasota egon behar dute, baita ordena-zenbakia ere.

b) Deialdi honetako beka eskuratzeko eskatzen diren baldintzak betetzen ez dituzten eskatzaileen zerrenda. Beka ukatzeko arrazoiak behintzat bildu behar ditu.

c) Deialdi honetako beka eskuratzeko eskatzen diren baldintzak betetzen dituzten arren, beka lortzeko ordena-zenbakia lortu ez duten eskabideen zerrenda; eta bertan jaso behar dira lortutako puntu guztiak eta ordena-zenbakia. Zerrenda horrekin, eta haren lehentasun-ordenari jarraituta, ordezkoen zerrenda osatuko da, eta zerrenda horretan jasotakoek ordezkatuko dituzte edozein arrazoi dela eta azkenean diru-laguntza jaso ezin duten pertsonak.

Unibertsitateetako zuzendariak onartu duen ebazpen-proposamenaren jakinarazpena argitaratuko da Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan, honako web-helbide honetan: https://euskadi.net. Horrez gain, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren webgunean ere argitaratuko da: www.hezkuntza.net. Alegazioak aurkezteko 15 egun naturaleko epea hasiko da jakinarazpenaren datatik aurrera.

13. artikulua.– Ebazpena.

1.– Alegazioak aztertu ondoren, epea amaitutakoan eta atzera egiteak onartutakoan, hautaketa-batzordeak, horretarako eratu denak, aurreko artikuluan ezarritakoari jarraituta ordenatuko ditu eskabideak. Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik gehienez ere sei hilabeteko epean emango du ebazpena Unibertsitateetako zuzendariak.

Ebazpen horrek bi zerrenda edukiko ditu:

a) Beka esleituta duten eskabideen zerrenda, puntu guztiak eta ordena-zenbakia adierazita.

b) Deialdi honetako beka eskuratzeko eskatzen diren baldintzak betetzen ez dituzten eskabideen zerrenda. Beka ukatzeko arrazoiak behintzat bildu behar ditu. Horretaz gain, beka lortzea ahalbidetzeko ordena-zenbakia lortu ez duten eskatzaileak ere jasoko dira.

Unibertsitateetako zuzendariak onartu duen ebazpenaren jakinarazpena argitaratuko da Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan, honako web-helbide honetan: https://euskadi.net. Horrez gain, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren webgunean ere argitaratuko da: www.hezkuntza.net. Prozedura-ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeari, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

2.– Ezarritakoaren aurka egin gabe, egindako jakinarazpenaren abisuak bidali ahal izango dizkie Unibertsitate Zuzendaritzak interesdunei; hartarako, SMS mezuak edo posta elektronikoa erabiliko ditu. Nolanahi ere, abisu horiek ez dute izango jakinarazpen baliorik.

3.– Deialdia ebazteko ezarritako epea igaro ondoren, interesdunei ez bazaie ebazpenik jakinarazi, beka-eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, betiere azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoarenak eta Administrazio Prozedura Erkidearenak, 44.1 artikuluak ezarritako ondorioetarako.

14. artikulua.– Diru-laguntzen ordainketa.

1.– Bekak emateko ebazpena jakinarazi ostean, ordainketa bakar batean ordainduko dira.

2.– Agindu honetako diru-laguntzen onuradunei ez zaie laguntzarik ordainduko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan itzultze- edo zehatze-prozeduraren bat izapidetzen ari badira, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez onartuak, 50.4 artikuluan xedatutakoari jarraituta.

15. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

Hauexek dira bekadunen betebeharrak:

1.– Matrikulan hartu dituzten ikasketak egiten jarraitzea 2014-2015 ikasturtean.

2.– Unibertsitate-ikasketak egiteko edozein administrazio edo erakunde publiko zein pribatutatik lortzen dituen beka edo laguntzen berri ematea Unibertsitate Zuzendaritzari.

3.– Beka ematea eragin zuten baldintzak betetzen diren ikusteko beharrezkoak diren egiaztatzeak egitea, eta, beken helburuaren fiskalizazio-zereginak betez, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatutako informazio guztia ematea.

16. artikulua.– Diru-laguntza jasotzeko eskubidea galtzea eta laguntza hori itzultzea.

1.– Unibertsitateetako zuzendariak, espedienteko interesdunaren entzunaldiaren izapidea egin ondoren, emandako beka kobratzeko eskubidea galdu dela edo, hala badagokio, jasotako zenbatekoak itzuli behar direla eta aplikagarriak diren interesak itzuli beharko direla adieraziko du, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluan ezarritakoaren arabera –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Testu Bategina–, honako kasu hauetan:

a) Eskatzaileak datuak ezkutatu edo faltsutu baditu beka jasotzeko.

b) Frogatzen bada beka jaso dutenek ez dutela ezarritako baldintzaren bat betetzen edo ez dituztela baldintza horiek behar bezala egiaztatu.

c) Eskatzaileak ezeztatu egiten badu bekarekin egin behar zituen ikasketen matrikula.

2.– Espedientearen izapideak egitean ondorioztatzen bada itzuli egin behar direla jasotako zenbatekoak –eta, behar izanez gero, baita haien legezko interesak ere–, ebazpen bat emango da; ebazpen horrek eduki beharreko informazio guztia izango du, dirua itzuli behar dela deklaratzen duen jakinarazpena jasotzen denetik bi hilabeteko epean zenbateko horiek itzultzeko, beti ere kontuan izanik, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren bigarren titulua (698/1991 Dekretua, Euskal Autonomi Elkartearen Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten Izaki Laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena).

3.– Borondatezko epearen barruan dirua itzultzen ez bada, Ogasun eta Finantza Sailari jakinaraziko zaio, premiamendu-bidez ekin dezan, indarrean dauden xedapenen arabera.

17. artikulua.– Datu pertsonalak babestea.

Datu pertsonalak babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoari eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legeari jarraituta, deialdi honen izapideetan jasotako datu pertsonalak Unibertsitate Zuzendaritzaren 2 zenbakiko Fitxategian sartuko dira (fitxategi hori, «Unibertsitate-bekak» deiturikoa, jasota dago Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen 2010eko urriaren 4ko Aginduan, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren datu pertsonalen fitxategi jakin batzuk arautzen dituenean).

Datuak lortu, zuzendu, ezabatu eta aurkatzeko eskubideak Unibertsitate Zuzendaritzan erabili ahal izango dira. Horretarako, honako helbide honetara jo beharko da: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

Era berean, deialdi honetara bildutako pertsonek baimena ematen diote Unibertsitate Zuzendaritzari beste erakunde publiko batzuetan aurkeztutako dokumentuak egiazkoak diren frogatzeko.


Azterketa dokumentala