Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

140. zk., 2014ko uztailaren 24a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
3362

6/2014 FORU ARAUA, ekainaren 30ekoa, 2013ko ekainaren 10eko 2/2013 Foru Araua, Gipuzkoako Bizikleta Bideen Lurraldearen Arloko Plana behin betiko onartzen duena, aldatzekoa.

Jakinarazten dut Gipuzkoako Batzar Nagusiek onartu dutela «6/2014 Foru Araua, ekainaren 30ekoa, 2013ko ekainaren 10eko 2/2013 Foru Araua, Gipuzkoako Bizikleta Bideen Lurraldearen Arloko Plana behin betiko onartzen duena, aldatzekoa» eta nik aldarrikatu eta argitara dadin agintzen dut, aplikagarria zaien herritar guztiek, partikularrek nahiz agintariek, bete eta betearazi dezaten.

Donostia, 2014ko ekainaren 30a.

Diputatu nagusia,

MARTIN GARITANO LARRAÑAGA.

HITZAURREA

Batzar Nagusiek, 2013ko ekainaren 10eko 2/2013 Foru Arauaren bidez, behin betiko onartu zuten Gipuzkoako Bizikleta Bideen Lurraldearen Arloko Plana: non, alde batetik, zehazten diren Gipuzkoako Bizikleta Bideen Sarearen helburu nagusiak eta bizikleta bideek izan beharreko ezaugarriak; eta bestetik, aurreikusten den bi laurtekoan egin beharreko jardueren programa, planean adierazitako helburuak lortzearren.

Zehazki, plan horrek proposatzen du Gipuzkoako Bizikleta Bideen Oinarrizko Sarea egitea: gutxi gorabehera 439 km izango dituena; eta Gipuzkoako hirigune nagusiak uztartuko dituena, herrietako eta herriarteko bizikleta bideen azpiegitura multzo baten bidez, bederatzi ardatz nagusitan edo ibilbidetan banatuta.

Lurraldearen arloko planaren zehaztapenen 10. artikuluan ezartzen denez, plana onartzeak berekin ekarriko du bertan jasotako jarduera guztiak herri onurakotzat hartzea, jarduera horiek gauzatzeko behar diren lurren nahitaezko desjabetzearen ondorioetarako. Horrela, legitimatu egiten da planak jasotako bideetako azpiegitura lanak egiteko hartu behar diren ondasun eta eskubide guztiak desjabetzea.

Hala eta guztiz ere, atzeraezintzat jotzen da ondasun eta eskubide horiek hartzea, zertarako eta Gipuzkoan bizikleta-erabiltzaileek egunero mugikortasunarekin duten arazoa konpontzeko, eta planean aurreikusitako jardueren programazioa eraginkortasunez eta berehalakotasunez betetzeko.

Horretarako, beharrezkoa da izaera orokorrez deklaratzea presako prozedura erabiliko dela planean programatutako jarduerek eta proiektuek eragindako lursailak eta gainerako ondasunak hartzeko; hala aurreikusten du Nahitaezko Desjabetzearen 1954ko Legeak 52. artikuluan.

Horregatik, laugarren atal bat gehitu behar zaio aipatutako 10. artikuluari. Hala, behin proiektua eta obraren zuinketa onartuz gero, ulertuko da berekin dakarrela obra herri onurakotzat jotzea eta desjabetu behar diren ondasunak presaka hartu beharrekotzat, berehala hartzeko eskubidea izatearren. Geroago, balio justua ezartzeko betebeharra beteko da.

Artikulu bakarra.– 2013ko ekainaren 10eko 2/2013 Foru Araua, Gipuzkoako Bizikleta Bideen Lurraldearen Arloko Plana behin betiko onartzekoa, aldatzea.

2013ko ekainaren 10eko 2/2013 Foru Arauaz behin betiko onartutako Gipuzkoako Bizikleta Bideen Lurraldearen Arloko Planaren zehaztapenen 10. artikuluari laugarren atal bat gehitzen zaio, honako hau dioena:

«4.– Jarduera programan jasotako nahitaezko edukia benetan betetzen dela bermatzeko, presaka hartu beharrekotzat jotzen dira plan honetan sartutako jarduerek hartzen dituzten ondasunak eta gainerako eskubideak, dagokion desjabetze prozedura aplikatzearen ondorioetarako».

AZKEN XEDAPENA

Foru arau hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.


Azterketa dokumentala