Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

140. zk., 2014ko uztailaren 24a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
3364

EBAZPENA, 2014ko maiatzaren 28koa, Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendariarena. Honen bidez, deklaratzen da onura publikokoa dela Ormaiztegi-Abadiano 1 eta 2 izeneko 132 kV-ko aireko linea elektrikoaren babes-eremuko zortasuna zabaltzeko proiektua, honako udalerri hauetan egitekoa: Ormaiztegi, Gabiria, Ezkio-Itsaso, Zumarraga, Legazpi, Urretxu, Antzuola, Bergara, Arrasate eta Elgeta (Gipuzkoa), eta Elorrio, Zaldibar eta Abadiño (Bizkaia). Espedientea: RI 24062/20-AT-H-2011-133 (Gipuzkoa) eta RI 23667/48-AT-H-2013-1 (Bizkaia)

AURREKARIAK

1.– 2012ko azaroaren 27an, Iberdrola Distribución Eléctrica, SAU enpresak (helbidea: Axpe Erribera 5, Erandio) eskatu zuen deklaratzea goian adierazitako linea zehazki onura publikokoa zela eta ingurumenaren inpaktuaren deklaratzea, horren zortasun-zabaltzeak ukitutako ondasunak eta eskubideak berehala okupatzeko; zabaltze horren proiektua, haren separatak eta Ingurumen Inpaktuaren Azterketa erantsi zituen.

2.– Abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 144. artikuluan aurreikusitakoari dagokionez, Iberdrola Distribución Eléctrica, SAUren eskaera hori jendaurrean erakusgai jarri da (2013-08-07ko EHAAn, 2013-03-19ko GAOn, 2013-03-20ko El Diario Vasco egunkarian eta 2013-03-26ko El Correo egunkarian), eta enpresa horren ustez desjabetu behar diren ondasun eta eskubideen zerrenda ere bai. GAOn eta El Diario Vasco egunkariko argitalpenetan akatsak atzeman dira informazio publikoko epeari dagokionean, zeina 2013ko maiatzaren 20ko Ebazpen baten bidez zuzendu baitzen, eta beste epe bat ireki; GAOn, 2013-05-29an argitaratu zen, eta El Diario Vasco egunkarian, 2013-06-04an.

3.– 2013ko martxoaren 15ean, iragarkia bidali zitzaien Ormaiztegi, Gabiria, Ezkio-Itsaso, Zumarraga, Legazpi, Urretxu, Antzuola, Bergara, Arrasate eta Elgetako Udalei, udaletxe horietako ediktuen taulan ezar zezaten; 2013ko maiatzaren 20ko Ebazpenaren bidez informazio publikoko epea zabalduta, udaletxe horiei berriz bidali zitzaien 2013ko maiatzen 3an. Eskabide hori berriz egin zitzaien Gabiria, Antzuola, Bergara eta Elgetako Udalei, 2013ko uztailaren 1ean. 2013ko martxoaren 6an, Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzatik Elorrio, Abadiño eta Zaldibarko Udalei iragarkia bidali zitzaien, helburu berarekin.

4.– Aurkeztutako proiektuaren separatak bidali zitzaizkien, 2013ko martxoaren 21ean, Ormaiztegi, Gabiria, Ezkio-Itsaso, Zumarraga, Legazpi, Urretxu, Antzuola, Bergara, Arrasate eta Elgetako Udalei eta, 2013ko martxoaren 6an, Elorrio, Abadiño eta Zaldibarko Udalei, eta eskatu zitzaien zegokien txostena eman zezatela. Eskaera hori berriz egin zitzaien Gabiria, Ezkio-Itsaso, Zumarraga, Legazpi, Urretxu, Antzuola, Bergara, Arrasate eta Elgetako Udalei 2013ko uztailaren 1ean, eta Elorrio, Abadiño eta Zaldibarko Udalei 2013ko ekainaren 11n.

5.– 2013ko martxoaren 21ean, aurkeztutako proiektuaren separatak bidali zitzaizkion Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun eta Bide Azpiegituretako Departamentuari eta, 2013ko apirilaren 22an, Ingurumen eta Lurralde Antolaketa Departamenduari eta Uraren Euskal Agentziari, eskatuz dagokion txostena eman zezatela; 2013ko uztailaren 1ean, eskaera bera berriz egin zitzaion Uraren Euskal Agentziari.

6.– Proiektuari dagokion txosten teknikoaren eskaerari ez zioten erantzun Ezkio-Itsaso, Legazpi, Urretxu, Antzuola, Bergara, Arrasate, Elgeta, Zaldibar eta Elorrioko Udalek eta Uraren Euskal Agentziak; Gabiriako Udalak aldeko txostena eman zuen; Ormaiztegi eta Abadiñoko Udalek eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Lurralde Antolaketa Departamenduak eta Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritza Departamenduak aldeko txostenak aurkeztu zituzten, baina zenbait baldintza ezarrita; Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun eta Bide Azpiegituretako Departamentuak Gipuzkoako Foru Aldundiarenak diren finken egoeraren plano bat eskatu zuen, eta Zumarragako Udalak beharrezko iritzi zion aintzat hartuak izan zitezela indarreko arau subsidiarioen Z 0.10 «Parque Argixao», Z 1.2 «Acería 2» eta Z 1.6 «Matxain» hirigintzako arauetan jasotako lurzoruaren sailkapen-aurreikuspenak.

7.– 2013ko irailaren 23an, Ormaiztegi, Gabiria, Zumarragako Udalek eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Lurralde Antolaketa Departamenduak eta Mugikortasun eta Bide Azpiegituretako Departamentuak aurkeztutako txostenen berri eman zitzaion Iberdrola Distribución Eléctrica, SAUri.

Enpresak 2013ko irailaren 12an eta urriaren 4an erantzun zuen, eta Ormaiztegi, Gabiria, Zumarragako Udalen eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Lurralde Antolaketa Departamenduaren eta Mugikortasun eta Bide Azpiegituretako Departamentuaren txostenekin ados zegoela adierazi.

Iberdrola Distribución Eléctrica, SAUk proiektuaren 8 zenbakiko finkaren planoa ere bidali zuen, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun eta Bide Azpiegituretako Departamentuak eskatu bezala.

Zumarragako Udalak Z 1.2 «Acería 2» eta Z 1.6 «Matxain» hirigintzako arauei dagokionean aurkeztutako gogoetei buruz, Iberdrola Distribución Eléctrica, SAUk zehaztu zuen ez dela inongo jarduerarik aurreikusten, eta, beraz, uste zuela ez duela eraginik sektore horiengan. Z 0.10 «Parque Argixao» hirigintzako arauari dagokionez, erantzun zuen eremu honetan aurreikusitako jardueretan, Ingurumen Inpaktuko Azterketako 11. atalean zehaztutako prebentzio-neurri guztiak hartuko direla jabetza publiko hidraulikoko zortasun-gunea errespetatuz, eta proiektuak ez diola eragingo jarduera horietatik hurbil dauden ibaien eta erreken iragazkortasun ekologikoari.

2013ko urriaren 10ean, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun eta Bide Azpiegituretako Departamentuari bidali zitzaizkion 8 zenbakiko finkaren planoa eta Iberdrola Distribución Eléctrica, SAUk Zumarragako Udalari bidalitako idazki-erantzunaren kopia bat, eta hamabost eguneko epea eman zitzaion horri buruzko erantzunak formulatzeko; ez zen erantzunik jaso.

8.– Horretarako ezarritako informazio publikoko epean, alegazio-idazkiak aurkeztu zituzten José Antonio Ugarteburu Aldanondok, Joxe Migel Elgarresta Muruak, Modesto Múgicak, Luis Ibarrondok eta Roberto Mendivilek, zeinetan hauek adierazten baitzituzten:

José Antonio Ugarteburu Aldanondok adierazi zuen bera dela 28 zenbakiko finkaren jabea (Gabiriako 15 poligonoa-26 partzela); agiriekin egiaztatu zuen.

Joxe Migel Elgarresta Muruak eskatu zuen ukitutakoen taulan ageri diren 23 zenbakiko finkako haltz eta haritzei dagokienean, ehunka urteko haritzen adar batzuk soilik inausteko, baina ez zuhaitzak mozteko (Urretxuko 1 poligonoa-17 partzela). Orobat, adierazi zuen 21 zenbakiko finkaren jabea zela (Urretxuko 1 poligonoa-77 partzela).

Modesto Múgicak eskatu zuen finkaren jabetza osorik kentzeko, horren inguruan grabitatzen duten eta grabitatuko duten zortasunak direla eta, erabilgaitz geratzen baita.

Luis Ibarrondok eskatu zuen mugarriekin markatzeko ukitutako lursaila eta zuhaitzak, balio justua izapidetu baino lehen, eta, afekzio elektrikoaren mugan, bi haritz landa zitzatela berriz.

Roberto Mendivilek eskatu zuen proiektua zuzentzeko, ez baitira barne hartu linearen afekzio-eremuan dauden zelai gisako lursailak. Halaber, eskatu zuen zuzentzeko bide bati izendatutako titulartasun publikoa eta afekzioen zerrendan gerezi-ondorik ez egotea, lortu gabeko irabazi eta demeritu begi-bistakoak gorabehera.

9.– 2013ko maiatzaren 20an, José Antonio Ugarteburu Aldanondok aurkeztutako alegazioa helarazi zitzaion Iberdrola Distribución Eléctrica, SAU enpresa eskatzaileari. 2013ko irailaren 20an, enpresak erantzun zuen esanaz alegazio hori onartzen zuela, eta, finka horren titulartasunari dagozkion ukitutako ondasun eta eskubideak zuzendu zituen.

10.– 2013ko ekainaren 11n, Modesto Mugicak, Luis Ibarrondok eta Roberto Mendívilek aurkeztutako alegazioen berri eman zitzaion Iberdrola Distribución Eléctrica, SAUri, eta enpresa horrek erantzun hau eman du: datuak zuzenduko dituela, alegazio-egileek adierazitakoaren arabera, eta gerezi-ondoak inausi egingo dituela moztu beharrean, baina babes-distantzia bat mantenduz, betiere; alegazio-egile batek erabilgaitz geratuko dela iritzitako finkan, 3.628,78 m2 kentzen zaizkio aprobetxamenduarekin, eta, bestalde, haritzak non dauden aintzat hartuz linearekiko, horien inausketa selektibo bat egingo da, eta, edonola ere, ukitutako zuhaitzak markatuko dira.

11.– 2013ko irailaren 23an, Joxe Migel Elgarresta Muruak aurkeztutako alegazioen berri eman zitzaion Iberdrola Distribución Eléctrica, SAUri, eta, 2013ko urriaren 4an eman zuen erantzuna enpresa eskatzaileak partzelan dagoen zuhaiztia eta, batez ere, ehunka urteko haritzak mozteaz: zuhaizti oro moztea bateragarria izango da indarreko ingurumeneko legediarekin eta beteko ditu Ingurumen Inpaktuaren Adierazpenean bildutako eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendien Zerbitzuak zuhaitzak mozteko baimenean zehaztutako oro. 21 zenbakiko finkaren titulartasunari dagokionez (Urretxuko 1 poligonoa-77 partzela), enpresak aintzat hartu zuen titulartasun-datuak zuzentzea, alegazio-egileak adierazitakoa egiaztatu eta gero, betiere.

12.– 2014ko maiatzaren 13an, Ingurumen eta Lurralde Politika Saileko Ingurumen Administrazioko zuzendariak ebazpena eman zuen, batetik, adostasuna adierazteko zortasunak egokitzeko eta 132 kV-ko Ormaiztegi-Abadiano 1 eta 2 eta deribazioetako linea elektrikoan zuhaiztia mozteko proiektuaren Ingurumen Inpaktuaren Adierazpenari dagokionez, hain zuzen ere, Iberdrola Distribución Eléctrica, SAUk sustatutako linea, Ormaiztegi, Gabiria, Ezkio-Itsaso, Zumarraga, Legazpi, Urretxu, Antzuola, Bergara, Arrasate eta Elgetako (Gipuzkoa) eta Elorrio, Zaldibar eta Abadiñoko (Bizkaia) udalerrietan, eta, bestetik, proiektua burutzeko baldintzak ezartzeko, zeinak lotesleak baitira Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Legearen 47.2 artikuluan zehaztutakoaren arabera.

OINARRI JURIDIKOAK

1.– Espedientean, arau hauetan agindutako arauzko izapideak egin dira: 54/1997 Legean, azaroaren 27koa, arlo elektrikoari buruzkoa; 1955/2000 Errege Dekretuan, abenduaren 1ekoa, energia elektrikoaren garraioa, banaketa, merkaturatzea, horniketa eta instalazioetarako baimen-prozedura arautzekoa; 1954ko abenduaren 16ko Legean, nahitaezko desjabetzeari buruzkoa; 282/2002 Dekretuan, abenduaren 3koak, Eusko Jaurlaritzari buruzkoa; Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendariaren 2011ko martxoaren 8ko Ebazpenean, goi-tentsioko airetiko linea elektrikoak zuhaiztietatik igarotzeko berariazko preskripzioak ezartzekoa; 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuan, urtarrilaren 11koa, Proiektuen Ingurumen Inpaktua Ebaluatzeari buruzko Legearen Testu Bategina onartzekoa (2008-01-26ko BOE), EAEko ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Legean xedatutakoaren arabera (1998-03-27ko EHAA) eta bat datozen gainerako legeetan.

2.– Aztertu dira zuzenean ukitutakoek aurkeztutako alegazioak eta ukitutako udal eta erakundeek aurkeztutako baldintzak, baita enpresa eskatzaileak hauei emandako erantzunak ere, eta, ondorioz, iritzi da Iberdrola Distribución Eléctrica, SAU enpresak behar bezala erantzun diela biei.

3.– Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 190/2013 Dekretuak ematen dizkion eskumenak baliatuaz (2013-04-24ko EHAA), Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendariak honako hau,

EBAZTEN DU:

Onura publikokotzat deklaratzea zehazki, Ormaiztegi-Abadiano 1 eta 2 132 kV-ko aireko linea elektrikoaren babes-eremuaren zortasun-zabaltzea, Ormaiztegi, Gabiria, Ezkio-Itsaso, Zumarraga, Legazpi, Urretxu, Antzuola, Bergara, Arrasate eta Elgetako (Gipuzkoa) eta Elorrio, Zaldibar eta Abadiñoko (Bizkaia) udalerrietan; zabaltze horren ezaugarri nagusiak aurkeztutako proiektuan deskribatzen dira.

Deklarazio horrek berekin dakar –azaroaren 27ko 54/1997 Legearen 54. artikuluan xedatutakoaren arabera– ukitutako ondasunak okupatu edo eskubideez jabetu beharra, eta horien okupazioa lehenbailehen egin beharra. Deklarazioak, halaber, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 52. artikuluan presaz okupatzeko deklarazioari dagokionez ezartzen diren ondorioak dakartza, 53. artikuluan zehaztutako erregistro-ondorioekin.

Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Industria eta Energiako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera, 4/1999 Legean ezarritakoa betez (lege horren bidez, azaroaren 26ko 30/1992 Legea aldatu zen, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena).

Vitoria-Gasteiz, 2014ko maiatzaren 28a.

Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendaria,

JAVIER ZARRAONANDIA ZULOAGA.


Azterketa dokumentala