Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

141. zk., 2014ko uztailaren 28a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
3387

22/2014 EBAZPENA, uztailaren 14koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, Eusko Jaurlaritzak egindako hitzarmen bat, argitaratzea xedatzen duena.

Eusko Jaurlaritzak Arrasateko Udalarekin hitzarmen bat sinatu du, hala xedatuta baitago Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4.b) artikuluan, eta hitzarmen horri zabalkunde egokia izan nahirik, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Arrasateko Udalarekin sinatutako hitzarmena, hala xedatuta baitago Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4.b) artikuluan. Eranskinean jasota dago hitzarmena.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko uztailaren 14a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

SANTIAGO LARRAZABAL BASAÑEZ.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN UZTAILAREN 14KO 22/2014 EBAZPENARENA
HITZARMENA, ARRASATEKO UDALAREKIN ARTEKOA, HERRI ADMINISTRAZIOEN ARAUBIDE JURIDIKOAREN ETA ADMINISTRAZIO PROZEDURA ERKIDEAREN 30/1992 LEGEAREN 38.4.b) ARTIKULUAN EZARRITAKOA BETETZEKO (EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIOARI ZUZENDUTAKO IDAZKIAK UDAL ERREGISTROETAN AURKEZTEKO LANKIDETZA)

Vitoria-Gasteizen, 2014ko uztailaren 1ean.

BILDU DIRA:

Batetik, Josu Iñaki Ercoreca Gervasio, Herri Administrazio eta Justiziako sailburua dena, Euskal Autonomia Erkidegoaren ordezkari gisa, eta bestetik,

Inazio Azkarragaurizar Larrea, Arrasateko Udaleko alkate-lehendakaria, udal horren ordezkari gisa.

Bi ordezkariok, ondorengo manu hauek emandako eskumenak erabiliz dihardute: batetik, Herri Administrazio eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen apirilaren 9ko 188/2013 Dekretua nahiz Jaurlaritzaren Kontseiluak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 38.4.b artikuluan aurreikusitako hitzarmenak gauzatzeko, 1996ko urriaren 29an hartutako Erabakia; eta bestetik, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legea nahiz, Toki Araubidearen arloan indarrean dauden xedapenen Testu Bategina onartu zuen apirilaren 18ko 781/1986 Legegintzazko Errege Dekretua.

Bi aldeek, elkar onartzen dute eta elkarri aitortzen diote honako hitzarmen hau gauzatzeko legezko gaitasuna. Horretarako hau

ADIERAZTEN DUTE:

30/1992 Legearen 38.4.b) artikuluaren arabera, Administrazio Publikoei zuzendutako eskaera, idazki eta jakinarazpenak aurkez daitezke edozein administrazio-organotako erregistroan, dela Estatuko Administrazio Orokorrekoa, dela autonomia-erkidegoetako administrazioetakoak, dela probintzietako diputazioen, kabildoen eta uharteetako kontseiluen administraziotakoak, dela Toki-araubidearen oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 121. artikuluak aurreikusten dituen udalerrietako udaletakoak, dela gainerako Toki-Administrazioko erakundeetakoak, betiere, azken kasu honetan, dagokion hitzarmena sinatu bada.

Aipatutako manu hori betetzea eta herritarren eta administrazio publikoen arteko harremanak erraztea da gaur sinatzen den hitzarmen honen helburua; izan ere, administrazio sinatzaileek lehendik zuten asmoa, hots, herritarrek, EAEko Administrazioaren edozein organo edo erakunderi zuzendu nahi dizkioten agiriak Arrasateko Udalaren erregistroetan, eraginkortasun osoz, aurkeztu ahal izatea, gauzatu egiten da hitzarmen hau dela medio.

Gauzak horrela, arestian aipatutako administrazioek hitzarmen hau sinatzen dute, hona hitzarmenaren

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Hitzarmen honen helburua da, EAEko Administrazioari eta haren menpeko edo hari atxikitako berezko nortasun juridikodun zuzenbide publikoko erakundeei herritarrek zuzentzen dizkieten eskaera, idazki eta jakinarazpenak Arrasateko Udalaren erregistroetan aurkeztu ahal izatea.

Bigarrena.– EAEko Administrazioari eta haren menpeko edo hari atxikitako lotutako berezko nortasun juridikodun zuzenbide publikoko erakundeei herritarrek zuzentzen dizkieten eskaera, idazki eta jakinarazpenak Arrasateko Udalaren erregistroetan aurkezten direneko data hartuko da kontuan interesatuek epeak betetzeari dagokionean; ildo horretatik, 30/1992 Legearen 48. artikuluan ezarritakoari jarraituko zaio.

Hirugarrena.– Arrasateko Udalak honako konpromiso hauek hartzen ditu:

a) EAEko Administrazioko Organoei edo administrazio horren menpeko edo hari atxikiriko zuzenbide publikoko erakundeei herritarrek zuzentzen dizkieten eskaera, idazki eta jakinarazpenak bere erregistroetan onartzea.

b) EAEko Administrazioari zuzendutako eskaera, idazki eta jakinarazpenei bere erregistroetan sarrera ematea, eta honako hauek idatzita gordetzea: sarrera-zenbakia, izenburua, idazkia jaso zeneko eguna eta ordua, interesatuaren datuak, eta, hala dagokionean, idazkia bidali duen organoaren izena, edo bidaltzen zaion pertsona edo organoaren izena; behar denetan, idazki edo jakinarazpenaren laburpena ere jasoko da; hori guztia 30/1992 Legearen 38.3 artikuluaren eta bigarren xedapen gehigarriaren arabera.

c) Agiriok erregistroan jaso eta, beranduen, handik bi egunera, dagozkien organo edo erakundeei zuzenean bidaltzea, betiere, irteera-data idatzita egongo delarik. Agiriok ahalik eta azkarren jaso daitezen, ahal delarik behintzat, egoki iritzitako teknika eta bitarteko elektroniko, informatiko eta telematikoak erabiliko dira; betiere, 30/1992 Legearen 45. artikuluan eta horrekin bat datozen gainerako manu eta xedapenetan aurreikusten diren berme eta betebeharrak kontuan izanik.

Laugarrena.– EAEko Administrazioak honako konpromiso hauek hartzen ditu:

a) Arrasateko Udalari, EAEko Administrazioa osatzen duten eta haren menpe edo hari atxikita dauden organo eta erakundeei buruzko informazioa ematea, bai eta informazio hori, etengabe, eguneratzea ere.

b) Arrasateko Udalari baliabide egokiak ematea, berorrek, EAEko Administrazioari eta haren menpeko edo hari atxikitako zuzenbide publikoko erakundeei buruzko informazioa eman diezaien herritarrei.

c) Erregistroak antolatzeko eta informatizatzeko laguntza teknikoa eta behar den lankidetza eskaintzea.

Bosgarrena.– Baldin eta, hitzarmen hau sinatzen duten administrazioek euren erregistroak informatizatzeko neurririk hartzen badute, elkarri jakinarazteko konpromisoa hartzen dute, betiere, neurriok interkomunikazio sistemen bateragarritasunari eragiten badiote; horrelakoetan, administrazio sinatzaileok, aipatutako bateragarritasuna eta euren erregistroen arteko koordinazioa bermatzeko hitzarmena sinatuko dute.

Seigarrena.– Hitzarmen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik aurrera, lau urtez egongo da indarrean. Baldin eta, administrazio sinatzaileetako batek hitzarmena amaitu baino, gutxienez, bi hilabete lehenago, espresuki, kontrakorik ez badio, hitzarmen hau, besterik gabe, beste lau urtetarako luzatuko da.

Hitzarmena, ondorengo arrazoi hauek direla kausa ere iraungi egingo da: administrazio sinatzaileek adostasunez hala erabakitzen badute; edota administrazioetako batek, beste administrazioak hitzarmenean ezarritako betebeharrak nabarmenki urratu dituelako, bere aldetik hala erabakitzen badu.

Hitzarmen honen formalizazioa nahiz iraungipena, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta Arrasateko Udaleko iragarki taulan argitaratuko dira.

Zazpigarrena.– Hitzarmen honen interpretazioa eta aplikazioa direla eta sor daitezkeen zalantza eta eztabaiden inguruko erabakiak hartzea, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari dagokio; erabakiok betearazleak izango dira eta haien aurka, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahalko da.

Ados daudela adierazteko, hala jasota gera dadin eta dagozkion ondorioak izan ditzan, interesatuek jatorrizko bi ale sinatu dituzte, idazpuruan esandako lekuan eta egunean.

Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,

JOSU IÑAKI ERCORECA GERVASIO.

Arrasateko Udaleko alkate-lehendakaria,

INAZIO AZKARRAGAURIZAR LARREA.


Azterketa dokumentala