Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

141. zk., 2014ko uztailaren 28a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
3391

AGINDUA, 2014ko uztailaren 23koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, kultura sorkuntza bultzatzeko 2014. urtean diru-laguntzak emateko arauak ezarri eta deialdia egiten duena.

Arte eta kultura alorreko jarduerei loturiko eskumenak eta horien zabalkundeari dagozkionak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari dagozkio, horixe xedatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuan. Eskumen horiek Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari esleitzen dizkio apirilaren 9ko 193/2013 Dekretuak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren egitura organikoa ezartzen duenak.

Ildo horretan, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak bere jardun-eremuetarako egotzita dauzkan ahalmenen barruan, eta gaur egungo gizartean sorkuntzaren sektoreak zenbaterako garrantzia daukan kontuan hartuta eta kultura bultzatzeak gizarteko kulturaren oparotasunari eta ekonomiari nola on egiten dion kontuan hartuta, interesgarri irudi zaigu aurrera jarraitzea lehen urratutako bide beretik, hau da, laguntzen jarraitzea antzerkigintzako testuak, zinemarako gidoiak eta musika-konposizioak sortzen dabiltzanei, diru-laguntzak emanez beren lana pizteko, bai euskarazko lanetarako eta bai gaztelaniazko lanetarako ere. Gure asmoa da antzezpen, ikus-entzun eta musikaren sektoreari indarra ematea eta errotzen laguntzea, gure herrian oso-oso garrantzitsuak direlako kulturaren aldetik.

Bestalde, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 3.5 eta 25. artikuluek xedatzen dutena bete beharrez, honako Agindu honetan hainbat neurri espezifiko txertatu ditugu sexuak eragindako ezberdinkeriak ezabatzeko edo gutxitzeko kultura sorkuntzaren esparruan, eta, aldi berean, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunaren V. Planean datorren 2.3.5 helburu operatiboa betetzeko, alegia, emakumeen presentzia handiagotzea kultur eta artegintzako ekoizpen eremuetan, arlo kultural guztietan eta maila guztietan.

Ondorioz, honako hau

EBAZTEN DUT:
I. KAPITULUA
ARAU OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da 2014. urtean antzerki-testuak eta zinemarako gidoiak nahiz musika-konposizioak sortzeko diru-laguntzak emateko arauak ezartzea eta deialdia egitea.

2. artikulua.– Modalitateak eta baliabide ekonomikoak.

1.– Diru-laguntza hauetarako, guztira, 240.000 euro daude jarrita. Halere, kopuru hori handiago ere izan liteke, lehenengo xedapen gehigarriak agindutakoaren arabera.

2.– Zenbateko globala honela banatuko da deialdiko laguntza-mota desberdinen artean:

a) 52.800 euro, antzerkirako testuak sortzeko.

a) 142.200 euro, gidoi zinematografikoak sortzeko.

c) 45.000 euro, musika-konposizioak sortzeko.

3. artikulua.– Onuradunak.

1.– Edozein pertsona fisiko, Euskal Autonomia Erkidegoan jaiotakoa, edo, Agindu hau argitaratzen den garaian bertan bizi dena, gutxienez, duela urtebetetik.

Sorreran euskaraz idatzitako proiektuak aurkeztu behar dituzten pertsona fisikoek ez dute aurreko baldintza hori bete beharrik.

2.– Eskatzaile bakoitzak proiektu bat baino gehiago aurkez dezake, baina modalitate bakoitzean onuradun bakoitzari proiektu bakarragatik baino ez zaio emango diru-laguntza.

3.– Deialdi honetako laguntzak jaso ahal izateko, eskatzaileek egunean izan behar dituzte zerga-betebehar guztiak.

4.– Eskatzaileek zerga-betebeharrak egunean dituztela egiaztatzeko aurkeztutako dokumentazioa automatikoki egiaztatuko du, behar beste aldiz, organo kudeatzaileak, eta horretarako ez du eskatzaileen baimenik beharko, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren aldaketa aplikatuz. Interesdunek Nafarroako Ogasunean ordaintzen badituzte zergak, zerga-betebeharrak egunean dituztela egiaztatzen duen egiaztagiria aurkeztu beharko dute.

5.– Pertsona onuradunei laguntzak ematea eta, hala dagokionean, horien ordainketa, baldintzaturik geratuko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta bere erakunde autonomoek ematen dituzten izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan dirua itzultzeko edo zehapenen bat ezartzeko espedientea hasi baldin bada eta oraindik izapideak amaitu gabe baldin badaude, prozedura hori burutu arte.

6.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak jaso ahal izateko, beharrezkoa da pertsona edo erakunde eskatzaileak ez izatea zigor administratibo edo penalik laguntza publikoak lortzeko, ezta ere horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik. Halaber, ezingo dute diru-laguntzarik eskatu sexu-bereizkeria dela-eta zigor administratibo edo penalik duten erakundeek, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenaren indarrez.

4. artikulua.– Laguntzak emateko prozedura.

Deialdi hau lehiaketa bidez ebatziko denez, soilik finkatu diren irizpideetara ondoen egokitzen diren eskabideek jasoko dute laguntza, eta ezarri den diru-laguntza maximoaren barruan.

5. artikulua.– Laguntzak kudeatzeko organoa.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Kultura Sustapenerako Zuzendariari dagokio deialdi honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzea.

6. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea Agindua indarrean jartzen den egunean bertan hasiko da eta 2014ko irailaren 10ean bukatuko da.

2.– Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeari zuzendu behar zaizkio eskabideak, eta, deialdiaren eranskinetan eskatutako agiriekin batera, lurralde historiko bakoitzean dauden Kulturako lurralde-zerbitzuetan aurkeztuko dira, zuzenean edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritako bideetako edozein erabiliz.

Eskaera-orria, eskatzen den gainerako dokumentazioarekin batera, euskadi.net gunean eskura daiteke, https://www.euskadi.net helbidean.

3.– Proiektuari dagokion dokumentazioa formatu digitalean aurkeztu beharko da («cd», «dvd», «pendrive» e.a.) eta ondorengo ezaugarriak izan beharko dituzte:

a) Deialdi honekin batera doazen deskargatzeko ereduak erabiliko dira, eta ahal bada ereduaren formatuan aurkeztuko dira.

b) Bestelako dokumentazioa aurkeztuko da ahal bada PDF formatuan.

c) Dokumentazio elektroniko guztiaren gehienezko tamaina 30 Mb izango da.

d) Bideoak web helbide baten bidez aurkeztu ahal izango dira.

4.– Erakunde eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute eskaera, atxikitako dokumentazioarekin batera. Halaber, pertsona edo erakunde eskatzaileak aukeratzen duen hizkuntza hori erabili ahal izango da prozedura osoan, Euskararen Erabilpena Arautzen duen 1982ko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeko 5.2.a) eta 6.1 artikuluek xedatzen duen moduan.

5.– Eskabideak aurkezteak deialdi honetako oinarriak definitzen dituzten baldintzak espresuki eta formalki onartu direla adierazten du.

7. artikulua.– Akatsak zuzentzea.

Baldin eta ikusiko bagenu eskabidea aztertzen hasteko beharrezko dokumentuetatik baten bat falta dela, edo dokumentuok aurkeztu bai baina akats eta guzti aurkeztu direla, interesdunari hamar lan-egun emango dizkiogu falta diren dokumentuak aurkezteko edo gaizki daudenak zuzentzeko. Gainera, adieraziko diogu agindutakoa egin ezean, bere eskabidea ezetsitzat joko dela edo eskabidea izapidetzeko eskubidea galduko duela, ebazpen baten ondoren.

8. artikulua.– Balorazio batzordea.

1.– Aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzeko balorazio-batzorde bana eratuko da modalitate bakoitzeko. Hona kideak:

– Presidentea: Kultura Sustapenerako zuzendaria. Bera ez balego Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 1992ko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 23.2 artikuluan xedatutakoaren arabera jokatuko da.

– Kideak: Kultura, Gaztedia eta Kiroletako Sailburuordeak agindu honetako gai bakoitzeko adituen artetik izendatutako 3 edo 4 kide.

– Idazkaria Kultura Sustapenerako Zuzendaritzako teknikari bat izango da batzordeko idazkaria, zuzendariak izendatua. Hitza izango du baina botorik ez.

2.– Balorazio Batzordearen osaera Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen ebazpen baten bidez jakinaraziko da, Batzordea eratu aurretik, interesdunek errefusatzeko duten eskubidea erabil ahal izan dezaten, legez ezarritako zehaztapen eta baldintzetan.

3.– Balorazio-batzordeak eratzerako, ezinbestekoa da Emakumeen eta Gizonen Berdintasuneko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 3.7 artikulua betetzea.

4.– Batzorde horiek egingo dute diru-laguntzak emateko proposamena, ezarritako esleipen-irizpideetan oinarrituta, eta Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeari aurkeztuko diote.

5.– Balorazio-batzordeek, beharrezko ikusten dutenean eta aurkeztutako eskabideak egoki ebaluatze aldera, behar adina azalpen eskatu ahal izango dizkiete eskatzaileei.

6.– Balorazio-batzorderako izendatutako profesionalek zinpeko aitorpena aurkeztu beharko dute, honako hauek frogatzeko: Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezartzen diren abstentziorako arrazoiren baten pean ez daudela; eskatzaileek aurkeztutako agiriak proiektuak deialdi honetan ezarritako irizpideekin bat etorriz baloratzeko baino ez dituztela erabiliko; eta, ebazpen-proposamena eman ondoren, espedienteetako agiri guztiak deialdia kudeatzen duen organoari itzuliko dizkiotela.

9. artikulua.– Ebazpena.

1.– Deialdi honetako diru-laguntzak esleitzeko ebazpenak Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak eman eta jakinaraziko ditu, Balorazio Batzordeak aurkeztutako proposamena ikusi ondoren. Horretarako epea 6 hilabetekoa izango da, deialdia egiteko agindu honek indarra hartzen duenetik aurrera. Ebazpen horiek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira, denen jakingarri.

Ebazpen hauek ez dute administrazio-bidea amaitzen. Beraz, haien aurka, gorako errekurtsoa aurkeztu ahal izango diete interesdunek Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik aurrera, horrela dago-eta xedatuta Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluetan.

2.– Ebazteko epea amaituta, interesdunari inolako jakinarazpenik egin ez bazaio, eskabidea ezetsitzat joko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritako ondorioetarako.

10. artikulua.– Diru-laguntzen bateragarritasuna.

Deialdi honetako diru-laguntza hauek ez dira bateragarriak beste erakunde publiko edo pribatuk xede berberaz emandakoekin.

11. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan ezarritakoaren arabera araututako diru-laguntzak jasotzen dituzten pertsonek honako betebehar hauek izango dituzte:

a) Emandako diru-laguntza onartzea. Onartutzat emango da diru-laguntza, baldin eta diru-laguntzaren esleipenaren jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean, onuradunek diru-laguntza horri beren beregi uko egiten ez badiote.

b) Ematen zaien horretarako erabili beharko dute diru-laguntza, ez beste ezertarako.

c) Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari diru-laguntzen fiskalizazio-lanetarako behar duten informazio guztia ematea.

d) Aurkeztutako proiektua ezertan aldatzen bada, Kultura Sustapenerako Zuzendaritzari jakinarazi beharko zaio idatziz, gehienez ere hilabeteko epean, esleipen-ebazpena jaso eta hurrengo egunetik hasita. Komunikazio hori jaso ondoren, Zuzendaritzak 15 lan-egun izango ditu erantzuteko. Epe hori amaitutakoan, ez baldin badu horri buruzkorik ezer adierazi, horrek esan nahiko du zuzendaritzak aldaketa ontzat hartu duela.

e) Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak emandako laguntza argi eta garbi adieraztea, katalogo, programa, iragarki-kartel, argazki eta gainerako material grafikoetan. Material hori guztia euskaraz argitaratu behar da, baita beste hizkuntza batzuetan ere nahi izanez gero.

f) Gidoi zinematografikoak sortzeko laguntzen onuradunek lagundutako proiekturako erabiliko liratekeen egile-eskubideak baliatzeko aukera edo ahalmenaren egiaztagiria, diru-laguntza erabakitzen duen ebazpenaren jakinarazpena jaso eta gehienez hamabi egun balioduneko epean aurkeztuko beharko dute.

12. artikulua.– Diru-laguntzaren ordainketa.

Esleitutako diru-laguntzak honela emango dira:

a) Emango den diru-laguntzaren % 75 esleipen-ebazpena ematen denean, eta 11.a) artikuluan ezarritako epea pasatuta dagoela.

b) Gainerako % 25a, 2015eko urtarrilaren 1etik aurrera ordainduko da, diruz lagunduko den sortze lana bidali eta lan hori Jabetza Intelektualaren Erregistroan inskribatu eta gero.

13. artikulua.– Sortze lana entregatzeko epea.

Esleipen-ebazpena jasotzen duenetik, onuradunak gehienez ere bederatzi hilabete izango ditu sortze lana entregatzeko, paperezko bertsioan nahiz euskarri informatikoan, pdf bertsioan, kudeaketa-zuzendaritzari.

Telebistako serieen gidoiak baldin badira, epe horren barruan, gainera, atal pilotuaren gidoia eta hurrengo kapituluetako edukien zerrenda ere entregatu beharko dira.

14. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Jarraian adierazten diren kasuetan, bete beharrekoak ez-betetzetzat joko dira:

a) Jasotako laguntzak, osorik zein zatika, agindu honetan aurreikusitako jardueretarako erabili beharrean, beste zerbaitetarako erabiltzea.

b) Agindu honetan ezarritako betebeharrak edo, hala badagokio, laguntza ematerakoan ezartzen direnak ez betetzea.

c) Beste edozein xedapenen arabera oro har eta nahitaez bete beharreko baldintzak ez betetzea.

2.– Ez-betetze horietako edozein eginez gero, jasotako dirua eta horrek sortutako legezko interesak Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko dizkio onuradunak, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren antolarauei buruzko Legearen testu bategina onesten duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko araubide orokorra erregulatzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak diotena bete ondoren eta horien arabera.

II. KAPITULUA
ANTZERKIRAKO TESTUAK SORTZEKO LAGUNTZAK

15. artikulua.– Diruz laguntzeko moduko arloak.

Laguntza hauek antzerkirako sortu diren testu orijinalak bultzatzeko dira, euskaraz nahiz gaztelaniaz idatzitakoak.

16. artikulua.– Laguntzen zenbatekoak eta mugak.

1.– Antzerkirako testuak sortzen laguntzeko, guztira 52.800 euro daude. Zortzi laguntza emango dira, bakoitza 6.600 eurokoa: 4 euskaraz idatzitako antzerki-testuetarako eta beste 4 gaztelaniaz idatzitako antzerki-testuetarako.

2.– Eskabiderik aurkeztu ez delako edo eskabideek betekizunak betetzen ez dituztelako hizkuntza bateko laguntzaren bat eman gabe uzten bada, beste hizkuntzarako laguntza-kopurua handitu egin ahal izango da eman gabeko horrekin, betiere, laguntzen kopuru totala aldatu gabe.

3.– Edonola ere, eta 17.2 artikuluak agintzen duena betetzekotan, diruz lagunduko diren proiektuetatik behintzat hiruk emakumeek idatzitakoak eta bik 30 urte baino gutxiagoko egileek idatzitakoak izan beharko dute.

Adinaren baldintza egiaztatzeko kontuan hartuko den data eskabideak aurkezteko azken eguna izango da.

17. artikulua.– Hautaketa-irizpideak.

1.– Diru-laguntzen ebazpen-proposamena egiteko, Balorazio Batzordeak honako irizpide hauek izango ditu kontuan:

a) Aurkeztutako testuak zer proposatzen duen. Gaia interesgarria izatea hartuko da kontuan, eta gai hori genero-ikuspegia aintzat hartuz tratatzen den. (guztizko puntuazioaren % 55).

b) Idazlearen ibilbide profesionala. (guztizko puntuazioaren % 30).

c) Zenbateko aukera daukan proiektuak hainbat agertokitan erakusteko moduko antzerki-muntaia izateko, bai bere ezaugarriengatik, bai antzerki-ekoizpenaren sektoreak erakutsitako interesagatik (agiriak aurkeztuta behar bezala egiaztatuz). (guztizko puntuazioaren % 15).

2.– Artikulu honetan modalitate bakoitzerako ezarritako balorazio-baremoko puntuen % 60 lortzen ez duten proiektuak baztertu egingo dira eta ez dira hautaketan sartuko.

III. KAPITULUA
GIDOI ZINEMATOGRAFIKOAK SORTZEKO LAGUNTZAK

18. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen arloak.

Zinemarako eta telebistarako gidoietarako dira laguntza hauek, direla fikzioa, animazioa edota dokumentalak, eta edozein formatutakoak direla ere. Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetatik edozeinetan idatzitakoak izan daitezke.

Gidoia erabat garatuta aurkeztea bazter uzteko arrazoia izango da. Aldiz gidoiaren trataera izango da aurkezteko onartuko den era bakarra.

19. artikulua.– Laguntzen zenbatekoak eta mugak.

1.– Deialdi honetako laguntzetarako, gehienez ere, 142.200 euro daude, honela banatuta:

a), 13.800 euroko 8 laguntza, 30 urtetik gorako gidoilarien gidoietarako, edo 30 urtetik beherakoa izanik, dagoeneko zinema-areto komertzialetan erakusteko film luzeren batean gidoilari agertu direnen gidoietarako. 4 diru-laguntza euskaraz idatzitako gidoietarako izango dira eta beste 4 gaztelaniaz idatzitakoentzako.

b), 10.600 euroko 3 laguntza, zinema-areto komertzialetan erakusteko film luzeren batean gidoilari agertzen ez diren 30 urtetik beherako gidoilarien lanetarako. Hiru horietatik batek gutxienez euskaraz egon behar du eta gutxienez beste batek gaztelaniaz.

Adinaren baldintza egiaztatzeko kontuan hartuko den data eskabideak aurkezteko azken eguna izango da.

2.– Eskabiderik aurkeztu ez delako edo betekizunak ez betetzeagatik hizkuntza bateko laguntzaren bat eman gabe uzten bada, beste hizkuntzarako laguntza-kopurua handitu egin ahal izango da eman gabeko horrekin, betiere, laguntzen kopuru totala aldatu gabe.

3.– Edonola ere, eta 20.2 artikuluak agintzen duena bete beharrez, diruz lagunduko diren proiektuetatik behintzat hiruk emakumeek idatzitakoak izan beharko dute.

20. artikulua.– Hautaketa-irizpideak.

1.– Diru-laguntzen ebazpen-proposamena egiteko, Balorazio Batzordeak honako irizpide hauek izango ditu kontuan:

a) Aurkeztutako proiektuaren orijinaltasuna, eta tratamenduaren kalitatea (% 50).

b) Proiektua zenbateraino interesgarria den. Proiektuaren bideragarritasun komertzialari erreparatuko zaio bereziki, eta zerbaitetan mamitzeko aukerarik izateari, gaiaren eta kokapen geografikoaren interesari eta genero-ikuspegia kontuan hartu izanari (% 30).

c) Gidoilariaren ibilbide profesionala (% 20).

2.– Artikulu honetan modalitate bakoitzerako ezarritako balorazio-baremoko puntuen % 60 lortzen ez duten proiektuak baztertu egingo dira eta ez dira hautaketan sartuko.

IV. KAPITULUA
MUSIKA-KONPOSIZIOETARAKO LAGUNTZAK

21. artikulua.– Diruz laguntzeko moduko arloak.

1.– Musika-konposizioetarako dira laguntza hauek, alegia, partitura batean jasotako musika-obra orijinaletarako, edo baita grabazioetarako ere, musika elektroakustikoaren kasuan.

2.– Diruz lagunduko diren konposizio proiektuak ezingo Deialdi honen eskaera epea itxi baino lehen ez estreinatuak ez eta jabetzaren erregistroan inskribatuak izango ere.

22. artikulua.– Laguntzen zenbatekoak eta mugak.

1.– Deialdi honetako laguntzetarako, gehienez ere, 45.000 euro daude.

2.– Modalitate honetako laguntzak hiru motatakoak izan daitezke:

a) 6.000 euroko laguntzak, gutxienez 15 minutuko iraupena daukaten obra sinfonikoetarako.

b) 3.000 euroko laguntzak, 15 minututik beherako iraupena daukaten izaera obra sinfonikoetarako; gutxienez 3 interpreterentzat konposatutako kamera-multzoetarako obretarako, berdin dio iraupenak, edo 2 instrumentutarako konposatu eta 10 minututik gorako obretarako.

c) 1.500 euroko laguntzak, gehienez ere bi interpreterentzat konposatu eta 10 minutu baino laburragoko obretarako.

Soilki musika elektroakustikoa lantzen duten proiektuak b) edo c) kategorian sartzen dira, iraupenaren arabera, 10 minututik gorakoak edo beherakoak diren.

3.– 23. artikuluan ezarritzako irizpideak aplikatuaz lortutako puntuazioaren araberako lehentasun-hurrenkerarekin bat etorriaz emango dira laguntzak; eta goragoko paragrafoan ezarri tipologia aplikaturik, kasu bakoitzean egokitzen den zen batekoa emango da.

Banaketa egin eta moduluren bat sobran egonez gero, jarraian puntuazio handietan duenari emango zaio modulu hori, horren tipologia kontuan izan barik; betiere, diru-laguntza onartzeaz gain proiektua egiteko konpromisoa hartzen badu eskatzaileak. Halakorik ez bada, delako modulua hurrengo proiektuei eskainiko zaie, lehentasun-hurrenkeraren arabera eta harik eta hura esleitu arte.

4.– Edonola ere, eta 23.2 artikuluak agintzen duena bete beharrez, diruz lagunduko diren proiektuetatik behintzat lauk emakumeek idatzitakoak izan beharko dute.

23. artikulua.– Hautaketa-irizpideak.

1.– Diru-laguntzen ebazpen-proposamena egiteko, Balorazio Batzordeak honako irizpide hauek izango ditu kontuan:

a) Proiektuaren kalitatea eta interesa kulturaren eta musikaren aldetik (puntuazio totalaren % 55).

Honako alderdi hauei erreparatuko diegu atal hau aztertzeko: Planteamendua eta eduki artistiko eta teknikoak; orijinaltasuna, eta gaur egungo musika-sorkuntzari dakarkiona; konposizioa sortzeko garaian egindako ikerketak eta harremanak.

Obraren zirriborroa (edo obra osoa) ez dakarten proiektuek, gehienez ere, atal honetan ematen den puntuazio partzelaren % 50 jasoko dute.

b) Eskatzaileak musikaren arloan izan duen ibilbidea prestakuntzan eta profesionalki (puntuazio totalaren % 30).

c) Proiektua hedatzeko plana (puntuazio totalaren % 15).

Horretan, gerora estreinatzako eta hedatzeko aurreikuspenak eta kontaktuak aztertuko dira.

2.– Artikulu honetan modalitate bakoitzerako ezarritako balorazio-baremoko puntuen % 60 lortzen ez duten proiektuak baztertu egingo dira eta ez dira hautaketan sartuko.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

2. artikuluan jaso den zenbateko totala aldatu egin liteke, eskatutako diru-laguntzen guztirako zenbatekoa kontuan harturik, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailean beste laguntza-egitasmo batzuk bideratu ondoren aurrekontuak ahitu gabe geratu badira. Adierazitako aldaketa diru-laguntzak ebatzi baino lehen egin behar da. Aldatuz gero, horren berri eman beharko du Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordeak, ebazpen baten bitartez.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak xedatutakoa betez, eskabidean agertzen diren datuak Eusko Jaurlaritzaren «Ayudas y subven. creación cultural» izeneko fitxategian sartuko dira. Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren Kultura Sustatzeko Zuzendaritza da fitxategi horren titularra eta 2006ko uztailaren 27ko Aginduan araututa dago. Fitxategiak laguntza emateko espedienteak kudeatzea du helburu. Aldez aurretik, Datuak Babesteko Agentziari eman zaio horren berri, eta datuen segurtasun osoa bermatzeko behar diren segurtasun-neurriak ezarrita ditu. Fitxategiaren datuak, bestalde, ez zaizkie beste pertsona batzuei jakinaraziko, legeak bideratutako kasuetan izan ezik.

Datu pertsonalen babesari buruz indarrean dauden arauei jarraiki, eskatzaileak badu sartzeko, zuzentzeko, ezerezteko eta aurka egiteko eskubideez baliatzea, Datu Pertsonalak Babesteari buruzko Lege Organikoak berariaz aitortzen duen bezala. Horretarako, badu Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren Zerbitzu Zuzendaritzara jotzea (Donostia kalea, 1, 01010, Gasteiz).

Administrazio Publikoak erkatu ahal izango ditu adierazitako datuak eta berariazko egiaztapenak egin ahal izango ditu laguntzak behar bezala esleitzeko.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honek administrazio-bideari amaiera ematen dio. Beraz, beraren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuari hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo bestela administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko jurisdikzio horretako salan bi hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko uztailaren 23a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.


Azterketa dokumentala