Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

141. zk., 2014ko uztailaren 28a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA
3393

EBAZPENA, 2013ko abenduaren 26koa, Ingurumeneko sailburuordearena, Áridos Siderúrgicos Ekober, S.L. enpresari ingurumeneko baimen bateratua emateko dena, hondakin ez-arriskutsuen zabortegirako, Legazpiko udalerrian (Gipuzkoa).

AURREKARIAK

2013ko maiatzaren 29an, Alberto Lasa Madina jaunak, Áridos Siderúrgicos Ekober, S.L. enpresaren izenean eta ordezkaritzan, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailari ingurumeneko baimen bateratua ematea eskatu zion, kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legeak xedatutakoaren arabera, Legazpiko (Gipuzkoa) udalerriko hondakin ez-arriskutsuen zabortegi-jarduerarako. Eskaerarekin batera honako dokumentazio tekniko hau aurkeztu zuen:

– «Oinarrizko proiektua. Memoria» (2013ko maiatza).

– «Zepak birrintzeko eta sailkatzeko planta-proiektua» (2008ko otsaila).

– «Zabortegia zigilatzeko proiektua» (2008ko uztaila).

– Zabortegiaren hirigintza-egoerari buruzko Legazpiko Udalaren txosten teknikoa, 2006ko abenduaren 4koa.

Zabortegia, gaur egun, jarduerarik gabe dago, baina bere garaian Eusko Jaurlaritzako Lurralde Politika eta Garraioetako orduko sailburuaren Ebazpen bidez baimendu zen, 1983ko urriaren 25ean.

Aurkeztutako agiriak nahikoa zirela egiaztatu ondoren, Ingurumen sailburuordeak 2013ko uztailaren 19an emandako ebazpenaren bidez, Áridos Siderúrgicos Ekober, S.L. enpresak sustatutako proiektua jendaurrean jarri zen, 30 egun baliodunen epean, egoki iritzitako alegazioak aurkezteko. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian nahiz Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, bietan 2013ko irailaren 6an. Era berean, ondoko auzokide bakoitzari jakinarazpena bidali zitzaion.

Jendaurreko informazioaren izapidea bete ondoren, alegaziorik ez zela aurkeztu egiaztatu zen.

Uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 17. eta 18. artikuluetan xedatutakoa betez, 2013ko urriaren 14an Ingurumenaren Administrazio Zuzendaritzak txostenak eskatu zizkien Legazpiko Udalari eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari, espedientean ageri den emaitza jasoz.

2013ko azaroaren 25ean, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 20. artikuluan xedatutakoa betez, espediente osoa Áridos Siderúrgicos Ekober, S.L. enpresaren esku utzi zen, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak egindako ebazpen-proposamenaren zirriborroa gehituta, horri buruzko jakinarazpenik jaso ez delarik.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 1. artikuluan xedatutakoarekin bat, Lege horren xedea da atmosferaren, uraren eta lurzoruaren kutsadura saihestea edo, hori ezinezkoa denean, kutsadura hori gutxitu eta kontrolatzea, kutsadura prebenitu eta kontrolatzeko sistema integratu bat ezarriz; helburua da ingurumen guztia ongi babestea.

Urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren (hots, Poluzioaren Prebentzioari eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzeko eta emisio industrialetarako Erregelamendua onartu zuenaren) 6. artikuluan xedatutakoarekin bat eginez, baimen honetan sartzen dira ekoizpen-elementu eta lerro guztiak; hau da, 16/2002 Legearen 1. eranskinean aipatzen ez diren arren, lege hori aplikatu beharreko esparruko jarduerarako instalazioetan gauzatzen direnak eta jarduera horrekin zerikusia dutenak.

16/2002 Legearen 9. artikuluan xedatutakoa betez, ingurumeneko baimen bateratua behar da 1. eranskinean aipatzen den jardueraren bat garatzen duten instalazioak eraiki, muntatu, ustiatu, lekuz aldatu nahiz funtsezko beste aldaketaren bat egiteko. 11. artikuluaren arabera, baimen honen oinarrizko helburua baldintzak ezartzea da, araua aplika daitekeen instalazio guztietan betetzen dela bermatzeko; horretarako, baimena emateko parte hartuko duten herri-administrazioen artean koordinatuta izango den prozedura bat erabili nahi da, izapideak erraztu eta partikularrek ordaindu beharreko kargak gutxitzearren. Era berean, indarrean dagoen araudiaren araberako ingurumeneko administrazio-baimen guztiak egintza administratibo bakar batean bildu nahi dira. Áridos Siderúrgicos Ekober, S.L. enpresaren kasuan, baimen horiek hondakin ez-arriskutsuen kudeaketa- eta isurtzeko baimen-esparruan aipatutakoak baino ez dira, eta espedientean ikusten da beste administrazio eta erakunde eskudun batzuek parte hartzen dutela, nahitaezko txostenak emanez.

Uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 29. artikuluan xedatutakoaren arabera, ingurumeneko baimen bateratua emateko prozedurak azaroaren 30eko 2414/1961 Dekretuak, jarduera gogaikarri, osasungaitz, kaltegarri eta arriskutsuei buruzkoak, sailkatutako jardueretarako aurreikusten duen udal-baimenaren prozedura ordezkatzen du; ez du ordezkatzen, ordea, udal-agintaritzak emango duen behin betiko ebazpena. Ondorio horietarako, ingurumen-baimen bateratua udal agintarientzat loteslea izango da, baldin eta lizentzia ukatzeko bada, edota neurri zuzentzaileak ezartzeko; bai eta goiko arauaren 22. artikuluan jasotako ingurumen alderdiei buruzko aipamena egiten bada ere. 29. artikulu horretan aipatzen denez, goiko guztiak ez ditu kaltetuko autonomia-erkidego bakoitzean jarduera sailkatuei aplikatzekoak diren gainerako arauak. Transkribatutako aginduak aplikatuz, Áridos Siderúrgicos Ekober, S.L. enpresari dagokion ingurumeneko baimen bateratuaren prozedurak barne hartu ditu Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrean aurreikusitako izapideak, eta Legazpiko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren txostenak eskatu dira, espedientean agertzen den bezala.

Azkenik, instalazioak gehienez zabal ditzakeen gai kutsagarrien muga-balioak eta ingurumena, oro har, ahalik eta gehien babesteko ustiapenerako ezarriko zaizkion beste baldintza batzuk zehazte aldera, ebazpen hau egiterakoan kontuan izan dira teknika erabilgarri onenak, eta aplikatzekoa den sektoreko legeriak (2001eko abenduaren 27ko 1481/2001 Errege Dekretua, hondakinak zabortegietan utzi eta ezabatzeko era arautzen duena) zehaztutako neurriak eta baldintzak.

Espedienteko txostenak aztertu ondoren, ebazpen-proposamenaren zirriborroa sinatu zen, eta Áridos Siderúrgicos Ekober, S.L. enpresak sustatutako proiektuak bete beharreko baldintzak gehitu.

Goian adierazitako izapideak amaitu dira, eta Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 20. artikuluan jasotzen den entzunaldi-izapidea bete da. Ildo horretan, kontuan hartu behar da organo honi atxikitako zerbitzu teknikoek sustatzaileak izapide honetan egindako oharrak aztertu dituztela, eta guztiak kontuan hartu direla ebazpen hau lantzeko orduan.

Organo hau da ingurumeneko baimen bateratu hau emateko eskuduna, aipatutako legearen 13. artikuluan eta Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 196/2013 Dekretuaren 10. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

Honako hauek aztertu dira: Ebazpen Proposamena, 2013ko azaroaren 25ekoa, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailarena; 3/1998 Legea, otsailaren 27koa, Euskal Herriko ingurugiroa babesteko lege orokorra; 16/2002 Legea, uztailaren 1ekoa, Kutsaduraren Prebentzioari eta Kontrol Integratuari buruzkoa; 5/2013 Legea, ekainaren 11koa, kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea eta hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legea aldatzen dituena; 815/2013 Errege Dekretua, urriaren 18koa, kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzeko Erregelamendua -zeina, aldi berean, industriako emisioei buruzkoa baita- onartzekoa; 1/2008 Legegintzako Errege Dekretua, urtarrilaren 11koa, Proiektuen Ingurumen-inpaktuaren Ebaluazioari buruzko Legearen testu bategina onartzen duena); 196/2013 Dekretua, apirilaren 9koa, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko dena; 30/1992 Legea, azaroaren 26koa, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena; eta aplikagarria den gainerako araudia.

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Áridos Siderúrgicos Ekober, S.L. enpresari (helbide soziala: Latxartegi kalea, 7. zenbakia, behea, Legazpi, Gipuzkoa; IFK: B20954483) ingurumen-baimen bateratua ematea, hondakin ez-arriskutsuen zabortegirako, Legazpin, ebazpen honen bigarren atalean jasotako baldintzekin.

Jarduera 5.4 kategorian sartuta dago: «Mota guztietako hondakinen zabortegiak, egunean 10 tonatik gora hartzen dituztenak, edo guztira 25.000 tonatik gorako edukiera dutenak, hondakin geldoen zabortegiak izan ezik», uztailaren 1eko 16/2002 Legeak, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzkoak, 1. eranskinean adierazitakoari jarraituz.

Áridos Siderúrgicos Ekober, S.L. enpresaren jarduera da hondakin ez-arriskutsuen zabortegi bat zigilatzea, mantentzea eta itxi ondoren kontrolatzea, zabortegiko ahalik eta hondakin gehien erauzi eta balioztatu ondoren.

Zabortegia Legazpiko udalerrian dago, hirigunetik kilometro batera gutxi gorabehera, iparralderantz. Zabortegirako sarbide nagusia Zumarragatik Legazpirako errepidean dago. Zabortegiak perimetro-itxitura du, eta sartzeko ateak, giltzarrapoa. Zabortegiak, gutxi gorabehera, 33.000 m2 hartzen ditu. Zabortegi hori Legazpiko altzairu-fabrikako zepak eta bestelako hondakinak biltzeko erabiltzen zuten, eta ez du hondakinik hartu 2007. urtetik.

Zabortegia kokatzen den eremuaren gutxi gorabeherako koordenatuak hauek dira: X: 553.757 eta Y: 4.768.329.

Zabortegiak ibarbide txiki bat okupatzen du; bertatik iragaten da Urola ibaiaren ibaiadar bat: Ibarrola erreka. Galeria baten bidez dago bideratuta erreka hori zabortegiaren azpian. Ibarbide hori ekialderantz zabaltzen da, eta bertatik igarotzen da Zumarragatik Legazpirako errepidea.

Zabortegia lur naturalaren gainean dago zuzenean oinarrituta, ez dauka oinarriko iragazgaizterik, ez eta zabortegiak sortutako lixibiatuak biltzeko sarerik ere.

Áridos Siderúrgicos Ekober, S.L. enpresak egiten ditu zabortegiko azpiegituren mantentze-lanak

Instalazioa hondakin ez-arriskutsu inorganikoetarako hondakindegi gisa dago sailkatuta (eduki txikikoa gai organiko edo biodegradagarriei dagokienez) (B1b azpikategoria), hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritakoari jarraiki.

Puntu hauek mugarriztatzen dute isurketa-ontzia (UTM ETRS 89 koordenatuak):

X: 553.533,43. Y: 4.768.182,58.

X: 553.554,26. Y: 4.768.189,16.

X: 553.601,41. Y: 4.768.182,58.

X: 553.642,53. Y: 4.768.211,64.

X: 553.678,72. Y: 4.768.219,72.

X: 553.794,40. Y: 4.768.211,09.

X: 553.810,85. Y: 4.768.201,77.

X: 553.807,56. Y: 4.768.149,14.

X: 553.768,63. Y: 4.768.120,63.

X: 553.771,92. Y: 4.768.097,60.

X: 553.788,37. Y: 4.768.078,96.

X: 553.713,26. Y: 4.768.069,09.

X: 553.657,88. Y: 4.768.061,41.

X: 553.597,58. Y: 4.768.070,19.

X: 553.549,88. Y: 4.768.100,34.

Bigarrena.– Áridos Siderúrgicos Ekober, S.L. enpresak Legazpiko udalerrian sustatutako hondakin ez-arriskutsuen zabortegiaren jarduera ustiatzeko ondorengo baldintzak eta eskakizunak ezartzea:

A) Erantzukizun zibileko aseguru bat eratu beharko da milioi bat (1.000.000) euroko zenbatekoaz, ondorengoak estaliko dituena: hirugarren pertsonei edo haien ondasunei sortutako balizko kalteengatiko kalte-ordainak, eta baimen honek onartutako jardueraren ondorioz ingurumen aldatua konpondu eta berreskuratzeko kostuak.

Áridos Siderúrgicos Ekober, S.L. enpresak erantzukizun zibileko asegurua eguneratu izanaren ziurtagiria igorri behar dio urtero Ingurumen Organoari, eta polizan edozein aldaketa gertatu bada, ingurumen-organoari jakinarazi beharko dio. Gainera, kontratatutako aseguru berria osatzen duten baldintza orokor, berezi eta berariazkoen kopia ere igorriko da.

B) Sustatzaileak finantzen azterketa eguneratua aurkeztu beharko du, eta, bertan, honako hauek adieraziko dira: A puntuan (erantzukizun zibileko asegurua) ezarritako bermeetatik eratorritako gastuak; zabortegia ixteak eta ondorengo 30 urteko aldirako mantentze-lanek eragindako kostuak; eta baimen honetan ezarritako eskakizun guztien kostuak ere, neurri babesleak eta zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa betetzeari buruzkoak, bai eta ezarriko den instalazioaren kostua ere, D.2.4 atalean ezarritakoaren arabera. Baldintzak ibilgura isurtzeari dagokionez.

Finantzen azterketa horretan, gastuak eta diru-sarrerak sailka eta urteka xehatuko dira, aurreikusitako ustiapen-planarekin bat etorriz.

Aipatu finantza-azterketa oinarri hartuta, fidantza bat ematea erabakiko da; haren zenbatekoa azterketa horretan proposatu beharko da. Fidantza horren behin betiko zenbatekoa ingurumen-organoak berretsiko du.

Fidantzaren zenbatekoa zigilatzeko, ixteko, itxi ondoren 30 urtean mantentze-lanak egiteko eta lixibiatuak kudeatzeko kostuen arabera zehaztuko da. Fidantzaren funtzioa da jarduera uzteagatik sor litezkeen betebehar guztiengatik Administrazioaren aurrean erantzutea.

Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuaren 14. artikuluko hirugarren idatz-zatian ezarritakoaren arabera, hiru urtean behin Organo honek fidantza eguneratuko du prezioen indize orokorraren aldakuntzaren arabera, fidantza eratu zeneko egunean indarrean zegoena oinarrizko indizetzat hartuta.

C) Áridos Siderúrgicos Ekober, S.L. enpresak instalazioaren eta Administrazioarekiko harremanen arduradun teknikari bat izendatu beharko du. Áridos Siderúrgicos Ekober, S.L. enpresaren lege-ordezkari batek eta izendatutako pertsonak sinatutako dokumentu batean bilduko dira izendapen horiek, honako datu hauek adierazita: izen-abizenak, NANa, komunikazioetarako helbidea eta kualifikazio teknikoa. Áridos Siderúrgicos Ekober, S.L. enpresak izendapen horiek ingurumen-organoari helaraziko dizkio.

D) Sustatzaileak Ingurumen Sailburuordetza honetan aurkeztu dituen agirietan aurreikusi bezala gauzatuko dira neurri babesle eta zuzentzaileak, indarrean dagoen araudiaren arabera eta ondorengo ataletan ezarritakoari jarraituz:

D.1.– Obra-faseko baldintza orokorrak.

D.1.1.– Jardun-esparrua mugatzea.

a) Obrak eta lurzoruaren okupazioa dakarten eragiketa osagarriak proiektuaren mugen barruan garatuko dira. Ahalik eta gehien murriztuko da obretako makinen eta ibilgailuen zirkulazioa aipatutako mugetatik kanpo.

b) Adierazitako esparru horretan ustekabeko kalteren bat sortuz gero, neurri zuzentzaile eta gunea eraberritzeko neurri egokiak hartuko dira, ebazpen honen D.1.7 atalean aipatutako ingurumen-aholkularitzak txostena egin ondoren.

c) Obrarako sarbideak, makina-parkea, obrako materialak aldi baterako biltegiratzeko gunea, hondeaketa-lurren eta hondakinen aldi baterako metaketak ingurumenean ahalik eta eragin txikiena izateko moduan proiektatuko dira. Obrak hasi aurretik, aurreko alderdiak xehetasunez adierazten dituen mugaketa egingo da kartografian. Mugaketa hori obra-zuzendaritzak onartu beharko du, ebazpen honen D.1.7 atalean aipatzen den ingurumen-aholkularitzak txostena egin ondoren.

D.1.2.– Lurzorua eta urak babesteko neurriak.

a) Obrak egin bitartean, ahalik eta material xehe gutxien bota behar da drainatze naturaleko sarera. Horretarako, urak bideratzeko gailuak eta solido esekiei eusteko sistemak proiektatu eta egingo dira, obren ondorioz kutsatutako urak bertan biltzeko.

D.1.3.– Hauts-isurtzeak gutxitzeko neurriak.

a) Obrak dirauen artean, bideak eta ibilgailuak igarotzeko beste lekuak garbitzeko kontrol zorrotza egingo da, bai obrek erasandako ingurunean, bai haietarako sarbideetan. Aldi baterako hutsik dauden pistak eta eremuak ureztatzeko sistema eduki beharko da.

b) Obra-guneetako irteeran ibilgailuak garbitzeko gailuak ezarriko dira. Gailu horien ezaugarriak eta kokaleku zehatza ebazpen honen D.1.8 puntuak aipatzen duen dokumentazioan jaso beharko dira.

D.1.4.– Zaraten eta bibrazioen ondorioak gutxitzeko neurriak.

Obrak egin bitartean, proiektuan eta Ebazpen honetan deskribatutako neurriak aplikatu beharko dira makinen baldintzei dagokienez, aire zabalean erabiltzeko makina jakin batzuen ingurunerako soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan ezarritakoa betez (apirilaren 28ko 524/2006 Errege Dekretuak aldatu du), eta haien mantentze-lanei eta lan-ordutegiei dagokienez.

D.1.5.– Hondakinak kudeatzeko neurriak.

a) Obretan sortutako hondakinak, hondeaketakoak, ebakiak, enbalajeak, errefuseko lehengaiak eta garbiketa-kanpainakoak barne, hondakinei eta zoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta aplikatzekoak diren berariazko araudietan aurreikusitakoaren arabera kudeatuko dira.

b) Obran sortutako hondakin guztiak teknikoki eta ekonomikoki balioztatzeko aukera bada, hondakinak balioztatzeko gune baimendu batera igorri beharko dira. Hondakin horien balioztapena teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren ikuspegitik eginezina dela behar bezala ziurtatu ondoren soilik deuseztatu ahal izango dira hondakinak.

c) Zabortegira bideratu behar diren berrerabili edo baliotu gabeko materialak zabortegietan hondakinak onartzeko irizpide eta prozeduren arabera kudeatu behar dira.

d) Zabortegian betelana egiteko edo lurzorua egokitzeko eraman beharreko hondakinak kudeatuko dira otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuak, hondakinak zabortegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duenak, ezarritakoaren arabera.

e) Erabilitako olioen kudeaketa industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz egin beharko da.

Olio erabiliak kubeta edo segurtasun-sistema barruko andeletan biltegiratuko dira aldi baterako, kudeatzaile baimenduak jaso arte, andel nagusia hausteagatik edo estankotasuna galtzeagatik olioak sakabanatzea saihesteko. Horretarako, kontratistak berak dituenak edo Áridos Siderúrgicos Ekober, S.L. enpresak Legazpiko zabortegiko instalazioetan dituenak erabiliko dira.

f) Hondakinak kudeatzeko araudia betetzea errazteko, lan guztietan sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak jarri beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, erregai eta produktuak biltegiratzearen, makinen mantentze-lanak egitearen edo hondakinak erretzearen ondorioz ez dira inolaz ere efluente kontrolatu gabeak sortuko.

Aurrekoaren ildotik, gune espezifiko bat prestatuko da, eta bertan jarriko dira hondakin arriskutsuak –olio-latak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar– aldi baterako gordeko dituzten instalazio estaliak; haietatik bereizita, edukiontzi espezifikoak jarriko dira hondakin ez arriskutsu eta geldoentzat. Edukiontzi horiek itxita egongo dira kudeatzaileari entregatu arte, isurketa edo lurrunketa direla eta edukia ez galtzeko. Era berean, sortutako hondakinak biltzeko gailu estankoak (bidoiak, eta abar) ezarriko dira obran zehar eta izaeraren arabera bereiziko dira. Hori guztia, aipatutako gune garbian aldi baterako biltegiratu aurretik egingo da, eta horretarako, kontratistak dituenak edo Áridos Siderúrgicos Ekober, S.L. enpresak Legazpiko zabortegiko instalazioetan dituenak erabiliko dira.

D.1.6.– Obraren garbiketa eta akabera.

Obrak bukatu ondoren, eremua ondo garbitu beharko da, proiektuaren eragin-eremutik obra-hondakin guztiak kenduz.

D.1.7.– Ingurumen-aholkularitza.

Obrak amaitu arte eta haien berme-aldian zehar, obra-zuzendaritzak ingurumenaren, eta oro har, neurri babesle eta zuzentzaileen inguruan kualifikatutako aholkularitza izan beharko du. Baldintza-agiriak obraren zuzendaritzari esleitzen dizkion funtzioekin lotutako ebazpenak emateko, aldez aurretik aholkularitza ematen duten adituek egindako txostena aztertu beharko da.

D.1.8.– Lan-programa diseinatzea.

Kontratistak ekintza-proposamen xehatu batzuk egin beharko ditu ondorengo azpiataletan adierazitako alderdiei buruz. Proposamen horiek ebazpen honetan kasu bakoitzerako ezartzen diren irizpideen arabera diseinatuko dira, eta obra-zuzendaritzak espresuki onetsi beharko ditu, aurreko atalean aipatutako ingurumen-aholkularitzak aurrez txostena eginda. Ondoren lanak egiteko programan txertatuko dira. Honako hauek dira agiriak:

a) Kontratistaren instalazioen guneen kokapenari eta ezaugarrien eta hondakinak aldi baterako biltegiratzeari buruzko xehetasunak, ebazpen honen D.1.1 atalean aurreikusitakoaren arabera.

b) Ebazpen honen D.1.1 atalak aipatzen dituen, interesa duten eta okupazio zuzena aurreikusita ez daukaten landaredi-guneak xehetasunezko kartografian seinaleztatzea.

c) Ebazpen honen D.1.2 atalean aurreikusitako solido esekiak atxikitzeko gailuen xehetasunak eta kokapena.

d) Ebazpen honen D.1.3 atalean aurreikusitako ibilgailuak garbitzeko gailuen xehetasunak eta kokapena.

D.1.9.– Jardunbide egokien kontrola obrak garatu bitartean.

Obrak garatu bitartean jardunbide egokien kontrola egingo da, arreta berezia jarriz eragindako eremuan eta ingurune urtarraren babesean, hondakinen kudeaketan (hondeaketako soberakinak barne), solido esekiei eusteko gailuen funtzionamenduan, hautsa eta zarata sortzean, eta ebazpen honetan adierazitako beste alderdi batzuetan.

D.1.10.– Obra-amaierako txostena.

Obra bukatu eta hilabeteko epean, Áridos Siderúrgicos Ekober, S.L. enpresak Ingurumen Organoari obra-zuzendaritzak sinatutako obra-amaierako ziurtagiria bidaliko dio, honako hauek barne:

– Obren garapenean zehar sortutako gorabeherak.

– Ebazpen honetan jasotako neurri babesle eta zuzentzaileen betetze-maila, eta hondeaketa-materialen kudeaketa zuzena gauzatzeko ingurumen-organoak eskatutako neurriena.

– Hala badagokio, obra gauzatu bitartean gehitu diren aldaketak. Xehetasunez dokumentatu beharko dira, segurtasunaren edo ingurumen-babesaren murrizketa ez dutela ekartzen egiaztatuz (dagokionean, kalkulu justifikagarriak). «As built» planoak gehituko dira.

– Obran barrena ingurumena zaintzeko garatutako programaren emaitzen txostena, sortu diren hondeaketa-materialen helmuga zehatza eta kantitatea barne.

– Eraikitze-kalitatearen berme-kontrolaren emaitzak jasotzen dituen txostena, bereziki, geosintetikoen instalazioarena edo in situ trinkotutako material mineralekin egindako hesi geologiko artifizialen instalazioarena.

D.2.– Instalazioaren funtzionamendurako baldintza orokorrak.

D.2.1. Industria-proba aitzindaria egiteko baldintzak.

Proba aitzindaria egiteak xede hau du: material balioztagarriak identifikatzea eta kuantifikatzea, bereziki altzairu-fabrikako zepa beltza, zabortegian utzitako hondakinen gaikako hondeaketaren bidez.

Gaikako hondeaketa egin nahi da intereseko guneetan, eta haiek prospekzio geofisiko bat eginez zehaztuko dira aurrez, zabortegiaren eremu osoaren gainean egindako tomografia elektriko bidez. Aldez aurretik, betegarri lodiko kontzentrazio handiagoa duten edo material xehe gutxikoak diren bi inguru identifikatu dira, eta berrerabilgarriak izan litezke.

Honako ezaugarri hauek izango dituen lubaki bat hondeatzea planteatzen da:

– Jaisteko arrapalaren luzera: 60 m.

– Arrapalaren zabalera: 7,5 m.

– Arrapalaren malda: % 19.

– Hasierako kota: 437,40 m.

– Amaierako kota: 426,00 m.

– Ezponden malda: 1(V)/1,5(H).

– Erauzketaren bolumen osoa: 6.884 m3.

Ateratako materiala balioztatzeko aukera egiaztatzeko, aukeratutako zepa zabortegiko zabaldegian metatutako da, eta bahetu eta birrindu egingo da, granulometria egokia lortu arte.

Gero, prozesatutako zepa beltza multzokatu eta hautatu egingo da, azken erabiltzaileari bidali eta berrerabiltzeko zer aukera dagoen erabakitzeko.

Era berean, hautaketa prozesu horretan, zabortegia zigilatzeko berrerabil daitekeen zepa beltz guztia bereiziko da.

Industria-proba aitzindariak ezingo du iraun sei hilabete baino gehiago, eta hura hasteko data eta iraupena Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkio garaiz, hari atxikitako zerbitzu teknikoek, hala egokituz gero, probaldian egingo direnak kontrolatu eta zaindu ahal izateko.

Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, industria-proba aitzindarian erabili beharreko hondakin ez-arriskutsuak baimen honen xede den hondakin ez-arriskutsuen zabortegikoak baino ezingo dira izan.

Industria-proba aitzindaria amaitu ondoren, eta gehienez ere hilabeteko epean, emaitzei buruzko txosten oro hartzaile eta xehatu bat bidali beharko zaio ingurumen-organo honi; besteak beste, honako hauek jasoko dira hartan: guztira zer bolumen hondeatu den; zenbat zepa berrerabili den; zertarakoa; bai eta interesgarria izan daitekeen beste edozein datu ere; gainera, prozesua bideragarria den eta jarraipena izan dezakeen adieraziko da.

Zabortegiko hondakinen balioztapena ez bada bideragarria ekonomikoki, zabortegia zigilatzeko proiektua eguneratu beharko da gehienez ere bi hilabetean, eta indarrean dagoen arautegira egokitu beharko da.

Era berean, zigilatze hori egiteko lanek ezingo dute iraun sei hilabete baino gehiago, ingurumen-organo honek eguneratutako zigilatze-proiektu hori onartu ondoren, eskaera arrazoitua egin eta ingurumen-organo honek berariaz onartu ezean.

D.2.2.– Hondakinak hondeatzeko, aukeratzeko eta tratatzeko baldintzak eta kontrolak.

Industria-proba aitzindaria egin ondoren zepa beltza berrerabiltzea bideragarria dela ikusten bada, zabortegian bildutako hondakinak balioztatu egingo dira.

Zabortegitik ateratako zepa beltza, aukeratu eta aldi batez zabortegian bertan metatu ondoren, hondeaketa-gunetik birrintzeko plantara eramango da.

Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, balioztatu beharreko hondakin ez-arriskutsuak baimen honen xede den hondakin ez-arriskutsuen zabortegikoak baino ezingo dira izan.

Balioztatzeko prozesuan, honako hauek egingo dira: ehotzea, birrintzea, aukeratzea, zati metalikoak berreskuratzea, garraioa, bereiztea eta, azkenik, biltegiratzea bidaltzeko.

Prozesuan gertatzen diren emisio lausoak ahalik eta gehien gutxitzeko, hautsa biltzeko sistema bat jarriko da materialaren transferentzia-gune guztietan eta birrintzeko gunean, eta geroago iragazi egingo da mahuka-iragazki batean.

Era berean, honako hau bete beharko da:

a) Erregistro dokumental bat egin beharko da, gutxienez honako alderdi hauek zehaztuko dituena:

● Kudeatutako hondakinez (laburpena hilero):

○ Kudeatutako hondakin-kantitatea.

○ Balioztatutako hondakinen norakoa, azken erabiltzailea nor den eta zertan erabiliko den espresuki adierazita.

○ Balioztatze-prozesuan sortutako hondakinen kantitatea, izaera eta norakoa.

● Baztertutako hondakinez (laburpena hilero):

○ Baztertutako hondakin-kantitatea.

○ Baztertutako hondakinen azken norakoa (zabortegira doazenak barruan hartuta).

○ Beste gorabehera batzuk.

b) Sei hilean behin (bi alditan: urtarriletik ekainera eta uztailetik abendura), aipatu erregistroaren kopia igorri beharko zaio ingurumen-organo honi.

c) Urtero, matxoaren 1a baino lehen, urteko memoria aurkeztu beharko da; bertan, hondakin ez-arriskutsuen kudeatzaile gisa egindako lanak jasoko dira.

d) Instalazioak mantentzeko eta balioztatzeko prozesuan sortutako hondakin guztiak baimendutako kudeatzaile bati eman beharko zaizkio, gestio horiei dagozkien egiaztagiriak beteta, eta, betiere, sortutako hondakinak balioztatzeko aukera ematen duten bideak lehenetsiko dira, ezabatzeko balio dutenen aurretik.

g) Atal honetako a), b), c) eta d) idatz-zatietan aipatutako agiriak Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira, IKS-eeM sistema erabiliz.

Zabortegitik hondakin balioztagarriak ateratzen amaitu ondoren, horren berri eman beharko zaio Ingurumen Sailburuordetzari, eta, amaitze hori gertatu eta gehienez ere sei hileko epean, zabortegia zigilatzeko proiektu eguneratu bat aurkeztu beharko da, ingurumen-organo honek onar dezan.

D.2.3.– Airearen kalitatea babesteko baldintzak.

Prozesuan zehar atmosferara isurtzen den gai kutsagarri oro bildu eta ihesbide egokienean zehar kanpora bideratuko da, behar denean, gai kutsagarrien ezaugarrien arabera diseinatutako gasak arazteko sistema batetik igaro ondoren. Arau orokor hori bete beharrik ez dute izango isurketa ez-zarratuak biltzea teknikoki edota ekonomikoki bideragarria ez denean, edo ingurunean kalte urria eragiten dutela egiaztatzen denean.

Neurriak hartuko dira ustekabeko isurketarik ez egiteko, eta egiten direnak giza osasunarentzat eta segurtasun publikoarentzat arriskutsuak izan ez daitezen. Gas-efluenteak tratatzeko instalazioak behar bezala ustiatuko eta mantenduko dira, efluenteen tenperatura- eta konposizio-aldaketei eraginkortasunez aurre egiteko moduan. Era berean, ahalik eta gehien murriztuko dira instalazio horiek gaizki dabiltzan edo geldirik dauden aldiak.

D.2.4.– Ibai-ibilgura isurketak egiteko baldintzak.

D.2.4.1.– Isurien sailkapena, jatorria, ingurune hartzailea eta kokapena.

Isurketa sortzen duen jarduera mota nagusia: hondakin ez arriskutsuen zabortegia

Jarduera taldea: Hondakinen kudeaketa

Mota-taldea-EJSN: 1/-7/-3821

(Ikus .PDF)

Batez besteko emaria, puntako emaria eta urteko gehieneko isurketa-bolumena aurkeztu beharko dira.

D.2.4.2.– Isurpenen muga-balioak.

Ondorengo zerrendan ageri dira isurketa eragin duen jardueraren parametroen ezaugarri nagusiak, bakoitzarentzat ezarritako gehienezko isurketarako muga-balioekin:

1. isurketa: zabortegiko lixibiatuak.

(Ikus .PDF)

Ezingo dira diluzio-teknikak erabili isurtzeko muga-balioak lortzeko.

Gainera, ingurune hartzailearen kalitate-arauak bete behar dira. Hala egin ezean, titularrak tratamendu egokia instalatu beharko du isuriak kalitate-helburu horiek urratu ez ditzan.

Baimen honek ez du babesten baldintza honetan berariaz aipatutakoak ez diren beste gai batzuk botatzea; batez ere gai arriskutsuak.

D.2.4.3.– Arazketa- eta huste-instalazioak.

Egiteko dauden jarduketak.

Gehienez ere sei hilabeteko epean gauzatu beharko dira zuzenketa-neurri hauek, zabortegiko lixibiatuek inguruan duten eragina ahalik txikiena izan dadin:

– Ekialdeko ezpondaren aurrealdeak sortutako lixibiatuak biltzea eta bideratzea neutralizazio-putzurantz.

– Lixibiatuen neutralizazio-putzua, behar bezain handia, lixibiatu-emariaren arabera, kontrol-kutxetak izanik sarreran eta irteeran.

– pH-aren neutralizazioa CO2 borborraren bidez, pH-neurgailuz erregulatuta.

– Putzuan metatutako lohiak aldizka kentzea, eta haien kanpo-kudeaketa.

Era berean, isurketa-mugen betetzearen kalitatea bermatzeko hartutako neurri zuzentzaileen ebaluazio-azterketa egin beharko da. Azterketa horren barruan honako hauek bilduko dira: lohien mailak dekantazio-putzuan duen bilakaeraren jarraipen espezifikoa, eta aurreko puntuan agertzen diren isurketako parametro mugatu guztien analisia, gutxienez hilean behingoa.

Ondorioztatzen bada koagulazio/flokulazio-tratamendua eta dekantazio gehigarria egin behar direla, haiek beste sei hileko epean ezartzeko programa jasoko da.

Zabortegiko hondakinak erauzteko eta balioztatzeko jarduerak amaitu ondoren, edo, aurreko hori eginezina bada, industria-proba aitzindaria amaitu eta gero, zabortegiak sortutako lixibiatu guztiak biltzeko eta bideratzeko sistema ezarri beharko da, ebazpen honetako D.3.1 idatz-zatian zabortegia zigilatzeko aipatutako proiektuan jasotzen den bezala.

Gerora ikusiko balitz orain hartu ditugun neurri zuzentzaile hauek ez direla aski, arazteko instalazioetan egin beharreko aldaketa guztiak bere gain hartu beharko ditu Áridos Siderúrgicos Ekober, S.L. enpresak, bera denez baimena emateko baldintzak betetzearen erantzule, baimendutako ezaugarrien araberakoa izan dadin isuria. Aurretik, hartuko dituen neurriak Administrazioari jakinarazi beharko dizkio eta, behar bada, baimena bera ere aldatzeko eskatuko du.

Kontrol-kutxeta bana jarriko da araztegiaren sarreran eta irteeran; kutxeta horiek isurketen lagin adierazgarriak lortzeko eta arazketa-instalazioen errendimendua egiaztatzeko beharrezko ezaugarri guztiak izango dituzte. Kutxetak sarbide zuzeneko leku batean egongo dira jarrita, Ingurumen Sailburuordetzak egoki deritzonean ikuskatzeko.

Kasu horretan, nahitaezkoa izango honako hauek izatea efluentea kontrolatzeko:

– pH-neurgailua eta emari-neurgailua, isuriaren azken kontrolerako, neurrien erregistro informatizatua izanik.

Era berean, segurtasun-neurri hauek izan beharko dira:

– pH-en alarma-sistema, barrutiz kanpokoa, telefonia mugikorrera konektatua.

– Lixibiatuen eten-balbula, putzura sartzeko kutxetan.

– Eguzki-sorgailuaren osagarrizko ekipo elektrogenoa.

D.2.4.4.– Isurketen Kontrol Kanona.

Isurketak kontrolatzeko kanonaren urtaldi bakoitzeko behin betiko likidazioa, Uren Legearen Testu Bateginaren 113. artikuluari eta Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduaren 291. artikuluari jarraituz, baimendutako isurketen bolumena eta isurketa kontrolatzeko prezio unitarioa biderkatzearen emaitza izango da, honako formula honen arabera:

(IKK): Isurketen Kontrol Kanona = V × Pu.

Pu = Po × Km.

Km = K2 × K3 × K4.

Osagaiak honako hauek izanik:

V = Baimendutako isurketaren bolumena (m3/urte).

Pu = Isurketaren kontroleko prezio unitarioa.

Po = Oinarrizko prezioa m3-ko, isurketaren izaeraren arabera ezarria.

Km = Isurketaren maiorazioko edo minorazioko koefizientea.

K2 = Isurketaren ezaugarrien araberako koefizientea.

K3 = Isurketaren kutsadura-mailaren araberako koefizientea.

K4 = Ingurune hartzailearen ingurumen-kalitatearen araberako koefizientea.

Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduaren IV. eranskineko (*****) oharrean jasota daude definizio horiek, haien aplikazioan kontuan hartuta 2013ko ekainaren 7ko Kantauri Ekialdeko Mugape Hidrografikoko Plan Hidrologikoan ezarritako helburuak.

1. isurketa: zabortegiko lixibiatuak.

(Ikus .PDF)

Km = 1,28 × 0,5 × 1 = 0,640.

Pu = 0,04132 × 0,640 = 0,026445 euro/m3.

Isurketen Kontrol Kanona = V × 0,026445 euro/m3 = ----,-- euro/urte.

Uren Legearen 113.4 legeak dio isurketen kontrol-kanonaren zergaldia bat datorrela urte natural bakoitzarekin. Urteko zenbatekoa ebazpen honetan jasotzen da, eta ez da aldatuko isurtzeko baimeneko baldintzak edo zenbatekoaren kalkuluan kontuan hartzen diren faktoreetakoren bat aldatzen ez diren bitartean.

Hala ere, Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduaren 294.2.a) eta 294.3 artikuluetan aurreikusitako kasuetan, urtealdi bakoitzeko isurketen kontrol-kanonaren kitapena dagokion ebazpenean xedatutako da, eta baimena indarrean egon den egun-kopuruaren eta urteko egun-kopuruaren arteko proportzioaren araberakoa izango da.

Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduaren 249. artikuluan xedatutako prozeduraren arabera, isurtzeko baimeneko baldintzak jakinarazten zaizkio titularrari ebazpen honen bidez, isurketen kontrol-kanonaren behin betiko kitapena bertan jasota, eta, horregatik, ohartarazten da ez dela berariazko jakinarazpenik egingo urtero, baina aurreko urteari dagokion tasa igorriko zaiola, eta hartan adieraziko direla zenbatekoa, epea, lekua eta ordaintzeko modua.

Isurketen kontrol-kanona autonomia-erkidegoek edo tokiko korporazioek saneamendu- eta arazketa-obrak finantzatzeko ezar ditzaketen kanon edo tasekiko independentea izango da (ULTBren 113.7 artikulua).

D.2.5.– Sortutako hondakinak egoki kudeatzen direla bermatzeko baldintzak.

Instalazioetan sortutako hondakin guztiak hondakinei eta kutsatutako lurzoruei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta aplikatzekoak diren arautegi espezifikoetan ezarritakoaren arabera kudeatuko dira, eta, kasuan kasu, karakterizatu egin beharko dira haien izaera eta helbururik egokiena zehazteko.

Berariaz debekatuta dago sortutako mota desberdinetako hondakinak elkarren artean edo beste hondakin edo efluente batzuekin nahastea; jatorrian bereizi behar dira haiek, eta behar diren biltze- eta biltegiratze-bitartekoak jarri behar dira haiek ez daitezen nahasi.

Hondakinen kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei jarraituz, hondakin oro balioztatu egin behar da, eta, horretarako, balioztatzeko gune baimendu batera eraman behar dira. Hau izango da hondakinak ezabatu edo deuseztatzeko aukera bakarra: ezinezkoa izatea horiek balioztatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik. Beti egiaztatu beharko da hori horrela dela. Birsortzea eta berrerabiltzea lehenetsiko dira, balioa emateko beste modu material edo energetikoen aurretik.

Era berean, hondakinak tratatzeko Euskal Autonomia Erkidegoan instalazio baimenduak badaude, instalazio horietara bidaliko dira lehentasunez, autosufizientzia- eta gertutasun-printzipioei jarraituz.

Hondakinen azken norakoa zabortegi baimenduan ezabatzea dela aurreikusten baldin bada, orduan hondakin horiek ezaugarrituko dira, Kontseiluaren 2002ko abenduaren 19ko 2003/33/EE Erabakiak, hondakinak hondakindegietan hartzeko irizpideak eta prozedurak ezartzen dituenak, xedatutakoari jarraiki, eta otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuak, hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duenak, ezarritako jarraibideen arabera.

Instalazioan sortutako hondakinen kantitatea, ebazpen honetan jasotakoa, orientagarria da soilik, jardueraren ekoizpen-gorabeherak eta ekoizpenaren eta hondakin-sortzearen arteko erlazioa kontuan hartu behar dira. Datu horiek jardueraren adierazletan ageri dira. Beti izango da betetzekoa 16/2002 Legearen 10. artikuluak (2.d idatzi-zatian) agintzen duena; hala ere, instalazioan egiten diren aldaketak kalifikatzeko, ingurumen-baimena egokitzea eskatu beharko da, baldin eta hondakin-kopuru handiagoak sortzen badira eta horrek aldatu egiten baditu aldez aurretik ezarritako biltegiratze- eta ontziratze-baldintzak.

Hondakinak biltegiratzeko guneak edo guneek lurzoru estankoa izan beharko dute. Egoera fisiko likidoan edo oretsuan dauden edo oso bustita daudelako isurketak edo lixibiatuak sor ditzaketen hondakinen kasuan, haiek biltzeko kubeta edo sistema egokiak jarriko dira, ustekabean gerta daitezkeen isurketak kanpora irten ez daitezen. Hauts-itxurako hondakinen kasuan, hondakinak euri-urarekin bustitzea edo haizeak herrestan eramatea eragotziko da, eta, beharrezkoa izanez gero, estali egingo dira.

Hondakinek desagertu edo galduko balira, edo ihesak edo jarioak gertatuko balira, berehala jakinaraziko da gertatutakoa Ingurumen Sailburuordetzan eta Legazpiko Udalean.

D.2.5.1.– Hondakin arriskutsuak.

Sustatzaileak adierazitako hondakin arriskutsuak hauek dira:

● 1. prozesua: «Zerbitzu orokorrak».

○ 1. hondakina: «Erabilitako olioa»

– Identifikazioa: B20954483/2000018264/1/1.

– Hondakinaren kodea: Q7//R13//L8//C51//H5/6//A920//B0019.

– EHZ: 130205.

– Urtean sortutako kantitatea: unean unekoa.

Mantentze-lan orokorrak azpi-prozesuan sortzen dira, makinen olioak birjartzeko lanetan.

○ 2. hondakina: «Fluoreszenteak eta lanpara ultramoreak».

– Identifikazioa: B20954483/2000018264/1/2.

– Hondakinaren kodea: Q6//R13//S40//C16//H14//A920//B0019.

– EHZ: 200121.

– Urtean sortutako kantitatea: unean unekoa.

Mantentze-lan orokorren azpi-prozesuan sortzen dira, lanpara fluoreszenteak birjartzeko lanetan.

○ 3. hondakina: «Berun azidozko bateria erabiliak».

– Identifikazioa: B20954483/2000018264/1/3.

– Hondakinaren kodea: Q6//R13//S37//C18/23//H8//A920//B0019.

– EHZ: 160601.

– Urtean sortutako kantitatea: unean unekoa.

Mantentze-lan orokorren azpi-prozesuan sortzen dira, bateriak birjartzeko lanetan.

○ 4. hondakina: «Metalezko ontzi hutsak».

– Identifikazioa: B20954483/2000018264/1/4.

– Hondakinaren kodea: Q5//R13//S36//C41/51//H5//A920//B0019.

– EHZ: 150110.

– Urtean sortutako kantitatea: unean unekoa.

Ontziak biltzeko azpi-prozesuan sortzen dira.

○ 5. hondakina: «Plastikozko ontzi hutsak».

– Identifikazioa: B20954483/2000018264/1/5.

– Hondakinaren kodea: Q5//R13//S36//C41/51//H5//A920//B0019.

– EHZ: 150110.

– Urtean sortutako kantitatea: unean unekoa.

Ontziak biltzeko azpi-prozesuan sortzen dira.

○ 6. hondakina: «Olio-iragazkiak».

– Identifikazioa: B20954483/2000018264/1/6.

– Hondakinaren kodea: Q9//R13//S35//C51//H5//A920//B0019.

– EHZ: 160107.

– Urtean sortutako kantitatea: unean unekoa.

Xurgatzaileak biltzeko azpi-prozesuan sortzen dira.

○ 7. hondakina: «Erregai-iragazkiak».

– Identifikazioa: B20954483/2000018264/1/7.

– Hondakinaren kodea: Q9//R13//S35//C51//H5//A920//B0019.

– EHZ: 160121.

– Urtean sortutako kantitatea: unean unekoa.

Xurgatzaileak biltzeko azpi-prozesuan sortzen dira.

○ 8. hondakina: «Presiozko ontziak (espraiak, aerosolak)».

– Identifikazioa: B20954483/2000018264/1/8.

– Hondakinaren kodea: Q6//R13//S12/36//C41//H3B//A920//B0019.

– EHZ: 160504.

– Urtean sortutako kantitatea: unean unekoa.

Ontziak biltzeko azpi-prozesuan sortzen dira.

○ 9. hondakina: «Botoi-pilak».

– Identifikazioa: B20954483/2000018264/1/9.

– Hondakinaren kodea: Q6//R13//S37//C16//H6//A920//B0019.

– EHZ: 160603.

– Urtean sortutako kantitatea: unean unekoa.

Mantentze-lan orokorren azpi-prozesuan sortzen dira.

○ 10. hondakina: «Gai arriskutsuekin kutsatutako materialak (trapuak, eskularruak eta xurgatzaileak)».

– Identifikazioa: B20954483/2000018264/1/10.

– Hondakinaren kodea: Q5//D15// S40//C41/51//H5//A920//B9107.

– EHZ: 150202.

– Urtean sortutako kantitatea: unean unekoa.

Materialak eta xurgatzaileak biltzeko azpi-prozesuan sortzen dira.

Sustatzaileak sortutako hondakin arriskutsuen urteko kantitateak aurkeztu beharko ditu.

a) Hondakin arriskutsu bakoitzari dagozkion izendapena eta kodifikazioa hondakin bakoitzaren egoera eta ezaugarrien arabera ezartzen zaizkio, baimena izapidetzean jasotako informazioa oinarri hartuta. Kode batzuek aldaketaren bat izan badezakete ere, beste batzuk, oinarrizkoak direlako, aldatu gabe utzi behar dira ekoizpen-jardueran. Hondakin-mota zehazten eta hondakin horrek dituen osagai arriskutsuak adierazten dituzte kode horiek (ekainaren 20ko 952/1997 Errege Dekretuaren I. eranskinean xehetasunez jasota); horrez gainera, hondakina zer jarduerak eta zer prozesuk sortzen duten adierazten dute (uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren I. eranskinean xehetasunez jasota). Kudeaketa-bideetan hierarkizazioa zuzena dela egiaztatzeko, eta bai Hondakinak Kudeatzeko Europako Estrategian bai Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumeneko III. Esparru Programan (2011-2014) ezarritakoa betetzen dela bermatzeko, hondakin bakoitzaren onarpen-agirietan jasotako informazioa organo honek onartu beharko du, dagokion kudeatzaile baimenduak horretarako eskaria egin ostean. Egiaztatzeak garrantzi berezia izango du, batez ere berreskurapena edo balioa ematea kudeatzeko eragiketa-kodearen arabera kudeatu diren hondakinen onartze-agirietan lagatze- edo ezabatze-kodeak balioztatzeko eskatzen bada.

b) Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela eta, isuriren bat gertatuz gero, nahasi, arriskutsuago bihurtu edo kudeaketa zaildu dezaketen kasuetan.

c) Hondakin arriskutsuak dituzten ontziek uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuak (maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea, hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzkoa, betearazteko oinarrizko araudia onartzen du Dekretu horrek) 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak kontuan izan beharko dituzte; itxita egongo dira kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen.

d) Aurreko paragrafoan aipatzen diren ontziek etiketatuta egon beharko dute, eta etiketak argia, irakurtzeko modukoa eta ezabaezina izan beharko du; etiketa 1988ko uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuak 14. artikuluan horretarako adierazitako jarraibideen araberakoa izango da.

e) Hondakin arriskutsuek ezin izango dute 6 hilabete baino gehiago biltegiratuta egon.

f) Hondakinak kudeatzaile baimenduaren instalazioetara eraman aurretik, nahitaezko baldintza izango da agiri baten bidez egiaztatzea kudeatzaile baimendu horrek hondakinak onartu dituela. Agiri horretan hondakinak onartzeko baldintzak ezarriko dira, eta egiaztatu egingo da tratatu beharreko hondakinaren ezaugarriak administrazio-baimenarekin bat datozela. Agiri hori Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko da hondakina lehenengoz erretiratu aurretik, eta, behar izanez gero, hondakinen kudeatzaile berri batengana eraman aurretik. Beharrezkoa izanez gero, karakterizazio xehatua egingo da, proposatutako tratamenduaren egokitasuna egiaztatzeko. Hala badagokio, arrazoitu egin beharko da proposatutako kudeaketa-modua ebazpen honetan jasotzen diren hondakinen kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei egokitzen zaiela.

g) Hondakin arriskutsuak eraman aurretik eta, hala badagokio, araudian ezarritako aurretiazko jakinarazpena egin ondoren, kontrolerako eta jarraipenerako agiria bete beharko da. Agiri horren ale bat garraiolariari emango zaio, eta zamarekin batera eraman beharko da jatorritik helmugaraino. Áridos Siderúrgicos Ekober, S.L.k onarpen-agiriak eta kontrol- eta jarraipen- agiriak edo haien baliokide diren agiri ofizialak erregistratu eta artxiboan gorde behar ditu, hiru urtez, gutxienez.

h) Egiaztatu egin beharko da hondakin arriskutsuak kudeatzaile baimenduaren instalazioetara eramateko erabiliko den garraiobideak horrelako gaiak garraiatzeko indarrean dagoen legerian ezarritako baldintzak betetzen dituela.

i) Áridos Siderúrgicos Ekober, S.L.k erabilitako industria-olioen kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko du erabilitako olioa.

j) Tresna elektriko eta elektronikoen hondakinak, horien artean hodi fluoreszenteak, tresna elektriko zein elektronikoei eta horien hondakinen kudeaketari buruzko otsailaren 25eko 208/2005 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera kudeatuko dira. Halaber, pilen eta metagailuen hondakinek bete beharko dute otsailaren 1eko 106/2008 Errege Dekretuak, pilei eta metagailuei eta haien hondakinen ingurumen-kudeaketari buruzkoak, xedatutakoa. Baimendutako kudeatzailearen onarpen-agiria izateko, eraman aurretiazko jakinarazpena egiteko eta kontrolaren eta jarraipenaren agiria betetzeko betebeharretik salbu egongo dira kudeaketa-sistema integratuko kudeaketa-azpiegituretara eramaten diren hondakinak, bai eta toki-erakundeei ematen zaizkienak gaika bildutako udal-hondakinekin eta horien parekoak direnekin batera kudea ditzaten, baldin eta dagokion toki-erakundeak eman izana egiaztatzen badu. Toki-erakundeei eman izanaren egiaztagiriak hiru urtez gorde behar dira gutxienez.

k) Áridos Siderúrgicos Ekober, S.L. enpresak poliklorobifeniloak eduki ditzaketen gailuak dituenez, kudeaketa egokia izan dadin, nahitaez bete behar ditu poliklorobifeniloak, polikloroterfeniloak eta horiek dituzten gailuak ezabatu eta kudeatzeko neurriak ezartzen dituen 1999ko abuztuaren 27ko 1378/1999 Errege Dekretuaren baldintzak eta errege dekretu hori aldatzen duen 2006ko otsailaren 24ko 228/2006 Errege Dekretua.

l) Áridos Siderúrgicos Ekober, S.L.k Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2000ko ekainaren 29ko 2037/2000 (EE) Erregelamenduan, ozono-geruza agortzen duten substantziei buruzkoan, zehazturiko substantzia erabiliak bere eskuetan dituen heinean, berreskuratu egingo dira, aldeek onetsitako bitarteko teknikoen bidez edo ingurumenaren ikuspegitik onargarria den beste edozein deuseztatze-bide tekniko erabiliz deuseztatzeko, edota birziklatzeko edo birsortzeko erabiliko dira, aparatuak berrikusteko edo mantentzeko lanetan nahiz desmuntatu edo deuseztatu aurretik.

m) Áridos Siderúrgicos Ekober, S.L. enpresak urtero adierazi beharko dio Ingurumen Sailburuordetzari ekitaldi bakoitzean sortu dituen hondakin arriskutsu guztien jatorria, kantitatea, helmuga eta aldi baterako biltegiratuta dauden hondakinen zerrenda. Aurrreko horrekin batera, ingurumenaren urtean urteko zaintze-programa ere igorriko da.

n) Aurreko f), g) (kudeatzaileak EAEn daudenean) eta m) ataletan adierazitako agiriak Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira, ahal dela transakzio elektroniko bidez, IKS-eeM Sistema erabilita.

o) Amiantoa duten hondakinak antzemanez gero, Áridos Siderúrgicos Ekober, S.L. enpresak amiantoak ingurumenean sortzen duen kutsadura saihestu eta gutxitzeko 1991ko otsailaren 1eko 108/1991 Errege Dekretuan ezarritako eskakizunak bete beharko ditu. Era berean, amiantoa duten hondakinak kudeatzeko egingo diren manipulazioak martxoaren 31ko 396/2006 Errege Dekretuan ezarritako aginduen arabera burutuko dira; dekretu horren bidez ezarri ziren amiantoarekin lan egitean segurtasun- eta osasun-arloan bete behar diren gutxieneko baldintzak.

D.2.5.2.– Hondakin ez-arriskutsuak.

Sustatzaileak adierazitako hondakin ez-arriskutsuak hauek dira:

(Ikus .PDF)

Sortutako hondakin ez-arriskutsuen urteko kantitateak aurkeztu beharko dira.

a) Erabilitako ontziak eta ontzi-hondakinak gaika behar bezala bereizi eta eragile ekonomiko bati emango zaizkio (hornitzaileari), erabilitako ontzien kasuan berriro erabili ahal izateko; ontzi-hondakinak, berriz, berreskuratzaile, birziklatzaile edo balioztatzaile baimendu bati.

b) Hondakin horiek ezabatzeko direnean, ezin dira urtebetetik gora biltegiratu. Hondakinen azken helburua balioztatzea denean, 2 urtez biltegiratu ahal izango dira.

c) Oro har, hondakinak hustu aurretik, baimendutako kudeatzaile batek onartzen dituela dioen agiria izan beharko dute, eta agirian onarpen horretarako baldintzak zehaztuta egongo dira. Agiri horren kopia bidali behar zaio Ingurumen Sailburuordetzari, proposatutako kudeaketa egokia dela eta ebazpen honetan ezarritako oinarrizko printzipioak betetzen direla egiaztatzeko. Hala badagokio, arrazoitu egin beharko da proposatutako kudeaketa-modua ebazpen honetan jasotzen diren hondakinen kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei egokitzen zaiela. Áridos Siderúrgicos Ekober, S.L.k erregistratu eta artxibategian gorde beharko ditu onarpen-agiriak edo horien agiri ofizial baliokideak, derrigorrezkoak badira, hiru urtean gutxienez.

d) Hondakina zabortegian biltzekoa bada, jarraipen- eta kontrol-agiri egokia bete beharko da hondakin ez-arriskutsua garraiatu aurretik, hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuaren arabera.

e) Hondakinak, balioztatzeko edo ezabatzeko, beste autonomia-erkidego batera eramaten direnean, identifikazio-agiri bat erantsi beharko da, jarraipena eta kontrola egiteko, hondakinei eta zoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 25.2 artikuluaren arabera.

f) Erregistro bat edukiko du, eta bertan, ondorengo datu hauek jasoko dira: kopurua, izaera, identifikazio kodea, jatorria, tratatzeko metodo eta tokiak, sorrera eta lagapen datak, jasotzeko maiztasuna eta garraiatzeko modua. Urtero, kontrol-erregistro horren kopia igorriko zaio Ingurumen Sailburuordetzari, kasuan kasuko urteko ingurumena zaintzeko programarekin batera.

g) Aurreko d) eta e) (kudeatzaileak EAEn daudenean) eta f) eta g) idatz-zatietan adierazitako agiriak Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira, ahal dela transakzio elektroniko bidez, IKS-eeM Sistemaren erakundeentzako bertsioa erabilita.

D.2.6.– Lurzorua babesteko baldintzak.

a) Lurzoruaren egoerari buruzko aurretiazko txostena aurkeztu behar da, behar bezala betetzeko otsailaren 14ko 9/2005 Legeak, kutsadura sor dezaketen jardueren zerrenda eta lurzoru kutsatuen adierazpenerako irizpide zein estandarrak ezartzen dituenak, eta 1/2005 Legeak arautzen dituen betebeharrak. Hori horrela, lurzorua babesteko beharrezko neurri guztiak, egoki irizten diren neurri guztiak edo Ingurumen Organoak eskatzen dituenak hartu behar ditu Áridos Siderúrgicos Ekober, S.L. enpresak.

Halaber, Áridos Siderúrgicos Ekober, S.L. enpresak Ebazpen honetako G.3 atalean jasotako neurriak aplikatu beharko ditu, ezohiko funtzionamendua gertatuz gero prebentzioari eta jarduketari dagozkionak, eta baita Ebazpen honetako D.2.5 atalean jasotako neurriak ere, hondakinen biltegiratzeari dagozkionak.

Zerrendatutako prebentzio- eta babes-neurriak ez dituen isurtze-jarduerari lotutako arriskuen karakterizazio kualitatiboa egingo du txosten horrek, halaber, eta, berariaz, adieraziko du zer eremutan utzi diren hondakinak gutxienezko babes-barrerarik jarri gabe. Hondakinak hondakindegietan utzita ezabatzeko modua arautzekoa den 2001eko abenduaren 27ko 1481/2001 Errege Dekretuaren I. eranskineko 4. puntuak arautzen ditu gutxienezko babes-barrera horiek. Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen 49/2009 Dekretuaren I. eranskineko 3.4 idatz-zatian ezarritakoa bete beharko du horren edukiak.

b) Lurzoruaren eta uren babes-maila ebaluatze aldera, abenduaren 27ko 1481/2001 Errege Dekretuaren I. eranskineko 3. atalean adierazitako gutxieneko babes-hesirik gabeko guneetako lurzoruentzat, lurrazpiko urentzat eta gainazaleko urentzat dakarren arriskuari dagokionez, batez ere, organo honi igorri beharko zaio Jabari Publiko Hidraulikoko Erregelamenduak (apirilaren 11ko 849/1986 Errege Dekretuaren bidez onetsia, eta urriaren 30eko 1315/1992 Errege Dekretuaren bidez aldatua) III. tituluko II. kapituluaren 3. sekzioan xedatutako ingurumen-arriskuak bereziki aintzat hartzen dituen arriskuen ebaluazioa, 2. sekzioan («Uren kontrola eta lixibiatuen kudeaketa») adierazitakoari jarraituz, eta uren alorreko eskumenak dituen organoak egindako txostena.

49/2009 Dekretuko I. eranskinean (zabortegi-mota guztientzako betekizun orokorrak) ezarritakoari jarraituz, txosten baten bidez egingo da arriskuen ebaluazioa, eta txosten horrek izango ditu, gutxienez, aipatu eranskinaren 3.4 atalean adierazitako faseak.

c) Lur-mugitzeak egitea eskatzen duten obrei ekinez gero, bai produkzio-jarduera duten eremuetan, bai halakorik ez dutenetan, hondeatu behar diren materialak (lurrak, obra-hondakinak eta abar) karakterizatu beharko ditu jardueraren sustatzaileak, jardun kutsatzaileen ondorioz erasan diren egiaztatzeko, eta, karakterizazio horren emaitzen arabera, haien kudeaketa-modu egokiena zehazte aldera. Jarduerarik egin gabeko eremuetan egindako obrak salbuets daitezke karakterizazio hori egitetik, baldin eta jarduerarik ez izana behar bezala egiaztatu bada.

Soberako materialak instalazioan bertan berrerabili nahi izanez gero, material horiek izan beharko dute EBA-Bren (industria-erabilera) balioa baino txikiagoa, otsailaren 4ko 1/2005 Legeak, lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzekoak, ezarritakoaren arabera, eta lur horien hidrokarburo-edukiak ez du arriskurik eragin beharko. Soberakinak zabortegian biltegiratuta hustu nahi izanez gero, hondakinak hondakindegian biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritakoari jarraiki egingo da hondakinen karakterizazioa. Otsailaren 4ko 1/2005 Legean ezarritako EBA-A balioak baino balio txikiagoak lortzen dituzten lurrak lur naturaltzat hartuko dira, eta, beraz, onartu egingo dira erabiltzeko murrizketarik gabe.

Era berean, lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko otsailaren 4ko 1/2005 Legearen 10. artikuluko 2. paragrafoak arautzen duena aintzat hartuta, kutsadura-zantzuak hautematen badira jarduera ezartzeko edo zabaltzeko hondeatze-lanetan edo lur-mugitzeetan, lan horien arduradun zuzenak horren berri eman beharko dio Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari, beharrezkoa izango balitz hartu beharreko neurriak ezar ditzan, 17. artikuluko seigarren paragrafoak agindutakoa betez.

D.2.7.– Zaratari buruzko baldintzak.

Jarraian adierazitako zarata-mailak ez gainditzeko neurriak jarriko dira:

a) Ondorengo indize akustikoak gaindi ez daitezen beharrezko neurri guztiak ezarriko dira:

a.1.– Jarduera maila hauei egokitu behar zaie: etxebizitzen barrualdean entzungo den LAeq,60 segundo zarata-indizeak ezin izango du inoiz ere 40 dB gainditu, 07:00etatik 23:00etara bitarte, leiho eta ateak itxita, ezta LAmax indizeak 45 dB ere.

a.2.– Jarduera maila hauei egokitu behar zaie: etxebizitzen barrualdean entzungo den LAeq,60 segundo zarata-indizeak ezin izango du inoiz ere 30 dB gainditu, 23:00etatik 07:00etara bitarte, leiho eta ateak itxita, ezta LAmax indizeak 35 dB ere.

b) Zamalanetan eta materiala kamioietan garraiatzean egiten den zaratak ez du nabarmen handituko sentsibilitate akustiko handiko guneetako zarata-maila.

D.3.– Zabortegia zigilatzeko obrak egiteko baldintzak eta eskakizunak.

D.3.1.– Zigilatze-obrak hasi aurretiko baldintzak.

Ebazpen honetako D.2.1 eta D.2.2 ataletan adierazten den bezala, Áridos Siderúrgicos Ekober, S.L. enpresak zabortegia zigilatzeko proiektu eguneratua aurkeztu beharko du, ingurumen-organo honek onar dezan gauzatua izan baino lehen.

Áridos Siderúrgicos Ekober, S.L. enpresak zabortegiak egiten eta zigilatzen espezializatuta dagoen obra-zuzendaritza bat izendatu beharko du. Obra-zuzendaritza hori eraikitzailearekiko eta sustatzailearekiko independentea izango da.

Halaber, zabortegia zigilatzeko geosintetikoen instalazioaren kalitatea bermatzeko kontrolaz arduratuko den eta sustatzailearen, eraikitzailearen eta obra-zuzendaritzaren mende ez dagoen enpresa bat izendatu beharko du. Enpresa hori izango da ebazpen honetako D.3.2 atalean ezarritako baldintzak betetzen diren egiaztatzeko arduraduna.

Obrak hasi aurretik, Áridos Siderúrgicos Ekober, S.L. enpresak obraren zuzendaritza teknikoaren eta zigilatzeko geosintetikoen instalazioaren kalitatea bermatzeko kontrola egingo duen enpresa arduradunaren izendapenaren berri eman beharko du ingurumen-organoan.

D.3.2.– Zabortegia zigilatzeko obrak egiteko baldintzak eta eskakizunak.

a) Zabortegiaren azken zigilatzearen segida geruza hauen bidez egingo da (goitik behera):

– Gainazala belarkien bidez estaltzea. Zabortegia zigilatu ostean, gainean zuhaixkak edo zuhaitzak landatu ahal izateko baldintza da helduak direnean haien tamaina eta sustraiak, sakontasuna, mota, kokapena edo ezarritako babesak direla eta, drainatze-geruzaren, geomintzaren edo zigilatzearen hesi geologiko artifizialaren segurtasunari edo funtzionaltasunari ez eragitea; eta irristadurari dagokionez, landaketak ez du segurtasun-faktorea 1,5etik behera murriztu beharko.

– 0,15 metroko gutxieneko lodiera duen landare-lurzoruaren geruza.

– 0,60 metroko gutxieneko lodiera duen estaldura-lurzoruaren geruza.

– Iragazketako ur garbien geruza drainatzailea. Ale-formako material natural baten geruzaz osatuta egon daiteke (legarrak edo hareak), azpitik sastatzearen aurkako geozuntzaren bidez geomintzaz bereizia, eta gainetik iragazki-geruzaren bidez, edo drainatzaile-geokonposatuaren bidez. Nolanahi ere, geruza drainatzaile horren igorgarritasuna drainatze-luzeraren, drainatzearen isurialdearen eta gaineko lurzoruaren estaldura-geruzaren eroankortasun hidrauliko asearen arabera kalkulatuko da, ezarritako geruzaren igorgarritasunak kalkulatutako igorgarritasunarekiko ( 6ko segurtasun-faktorea izan dezan, eta geruza horren barruan lodiera aseak geruzaren lodiera edo 0,30 m gaindi ez ditzan; txikiena den neurria, hain zuzen ere.

– 1,5 edo 2 mm-ko lodiera duen dentsitate altuko polietilenozko geomintza (HDPE).

– Hesi geologiko artifiziala. 0,60 metroko lodiera eta ( 10-9 m/s-ko iragazkortasuna dituen geruza mineral trinkotu batez osatuta egongo da; geruzak, berriz, 0,15 m-ko 4 maila izango ditu. Xede horretarako, ezaugarri horiek dituzten hondakin trinkotuak edo antzeko babesa bermatzen duen bentonitazko geokonposatua erabil daitezke.

– 0,50 m-ko lodiera duen erregularizazio-geruza, Proctor Aldatua entseguaren gehienezko dentsitatearen % 95era trinkotutako hondakin hautatuaz osatua.

– Gasak drainatzeko geruza, sortutako gas-emaria husteko diseinatua, zabortegiaren barruan presioak sor ez daitezen, gasak atmosferara ihes egitea edo hondakin-masan edo zabortegia zigilatzean egonkortasun mekanikoko problemak sortzea saihesteko.

Bestelako zigilatze-segidak proposa daitezke, modu egokian justifikatuz instalazioaren gorabehera zehatzei emandako konponbidea. Proposamen hori berariaz onartu beharko du ingurumen-organoak.

Ezpondaren eremuetan instalatu aurretik, zigilatzea osatzen duten geruzen egonkortasunaren azterketa egin beharko da, irristaduraren aurrean geruzek ( 1,5eko segurtasun-faktorea dutela bermatu ahal izateko.

Behin betiko zigilatzearen azaleraren azken morfologia hauen arabera definituko da: utzi beharreko hondakin-masa itxi ondorengo 30 urteetan sortuko diren asentuen balioespena, eta zigilatze-segidan erabilitako materialek asentu horien ondorioz jasango dituzten deformazioei eutsiko dietela justifikatzeko kalkuluak. Modu berean, asentatzearen ondoren behin betiko zigilatzearen azalerak ur isuri garbiak biltzeko areketarantz gutxienez % 2ko isurialdea duela justifikatu beharko da, eta areka horiek diseinuko emari-ahalmenari eusteko aukera eskainiko dutela.

b) Malda egokiak izan daitezen, zabortegiaren azaleraren birmoldaketa amaitu ondoren, zabortegiaren azaleraren plano takimetriko bat altxatuko da, okupatuko duen azalera eta zigilatu beharreko azalera definituko dituena. Gutxienez metro bateko zabalerako banda gehigarria okupatuko du, birmoldaketaren ostean zabortegiak okupatutako azalerarekiko. Plano takimetriko horren gainean, zigilatzeko lanetan zehar ager daitezkeen lixibiatuen iturburuak kokatuko dira, haietako bakoitzean hauek zehaztuta: emaria, pH-a, tenperatura, eroankortasun elektrikoa eta neurketaren eguna.

c) Zigilatze-lanetan zehar sortzen den eta aldaketa nabarmenak eragiten dituen zigilatze-proiektuaren aldaketa oro Ingurumen Organoari jakinarazi behar zaio, gauzatu aurretik onar dezan.

d) Hondakin ez-arriskutsuen zabortegia zigilatu ondoren, zigilatze-lanen zuzendariak lanak ebazpen honetan ezarritako baldintza eta betebeharren eta ebazpenaren oinarri diren agiri teknikoen arabera bete dela egiaztatu beharko du. Egiaztapena egiteko, obra-zuzendariak sinatutako zabortegia zigilatzeko obra-amaierako ziurtagiria bidali beharko du, ondorengo agiriokin batera:

– Eraikitze-proiektua («as built» izaerakoa), dagokion lanbide-elkargo ofizialaren oniritzia jasota duena. Proiektu horrek plano-sorta egoki bat izango du, eta behar bezala justifikatuko du obra-fasean egin diren aldaketek ez dutela murriztu ebazpen honetan eta haren oinarri diren agirietan ezarritako baldintza eta eskakizunen segurtasun-alderdirik. Horrez gainera, obra bukatzerakoan ikusi ezingo diren elementuen eta haien ezaugarrien argazki-erreportajea erantsiko da, ikuspegi panoramiko orokorrak, xehetasunezko ikuspegiak eta azken horiek planoan duten kokalekua erakutsiko dituena.

– Zigilatze-sekuentziaren landare-lurraren geruzaren gainazalaren plano topografikoa, UTM-ETRS 89 koordenatuetan eta kota absolutuetan.

– Eraikitze-kalitatea kontrolatzeko eta bermatzeko programaren emaitzak. Programa horrek barne hartuko ditu eginiko lanak deskribatzen dituen memoria, emaitzak eta ondorioak laburbiltzen dituzten taulak barne; horrez gain, programan jasoko dira esparruko eta laborategiko emaitza analitiko guztiak jasotzen dituzten eranskinak (azken horien txosten osoak gehituko dira) eta laginketa-puntuen kokapena plano takimetrikoan.

e) Aurreko atalean aipatutako obra amaierako ziurtagiria eta hari gehitu beharreko dokumentazioa ingurumen-organoari aurkeztu beharko zaizkio, zabortegia zigilatzeko lanak amaitu eta gehienez ere lau hileko epean onar ditzan. Aurkeztutako agiriak egokiak direla ikusi eta egiaztapen-bisita egin ondoren, ingurumen-organoak zigilatzea bukatzea eta itxi ondorengo aldia abiatzea onartuko ditu.

E) Hondakin ez-arriskutsuen zabortegia itxi ondorengo baldintzak.

a) Áridos Siderúrgicos Ekober, S.L. enpresa izango da zabortegia itxi ondorengo mantentze-lanen eta kontrolaren arduraduna, eta ingurumen-organoari horretaz arduratuko den pertsonaren izena jakinaraziko dio.

b) Posta-helbidea, telefonoa, faxa, posta elektronikoa edo komunikatzeko edo harremana izateko edozein bitarteko aldatzen bada, edo itxi ondorengo kontrolaz arduratuko den pertsona, zabortegiaren titularrak jakinarazi egin beharko du.

c) Itxi ondorengo kontrola eta zainketa-aldia 30 urtekoa izango da, zabortegiaren jarduera eten eta zigilatzea bukatzen den data onartzen den unetik kontatzen hasita. Ingurumen-organoak hala irizten badio, data hori aldatu ahal izango da, itxi ondorengo kontroletan barrena lortutako emaitzen arabera. Itxi ondorengo aldiari dagokionez, sustatzaileak horrela eskatuta, ingurumen-organoak emandako ebazpen bidez ezarriko dira itxi ondorengo aldiaren bukaera eta horren inguruan ezarritako betebeharren epe-betetzea. Aldez aurretik atal honetan ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatu beharko da.

d) Áridos Siderúrgicos Ekober, S.L. enpresak itxi ondorengo zainketak betetzeaz arduratuko den enpresa arduraduna izendatuko du. Enpresa hori zabortegiaren titularra ez baldin bada, titularrak enpresa hori gutxienez urtebeteko aldirako izendatuko du. Izendapen horren berri eman beharko zaio ingurumen-organoari, izendapena egin eta 15 eguneko epean, eta zabortegiaren titularraren ordezkariaren onarpen-sinadura, itxi ondorengo zainketaz arduratuko den enpresako ordezkariaren onarpen-sinadura eta titularrak emandako agirien zerrenda xehatua barne izango ditu. Zerrendak aipatu zabortegiari dagozkion administrazio-eskakizun guztiak eta zigilatzean eta ordura arteko itxi ondorengo zainketan zehar sortutako agiri tekniko guztiak jaso beharko ditu.

e) Itxi ondorengo aldian zehar kokapenean obrak eta/edo jarduerak egin nahi izanez gero, aldez aurretik ingurumen-organoaren baimena izan beharko da. Nolanahi ere, jarduera horiek zigilatze osoan, perimetro-kanalen funtzionamenduan, egonkortasunean eta itxi ondorengo kontrol-sistemaren elementuetan eraginik ez dutela eta garatu nahi den jardueraren erabilerarako edo jarduerarako arrisku onartezina eragingo ez duela ziurtatu beharko zaio ingurumen-organoari. Hala eginez gero, haiek birjartzeko nahikoa neurri zuzentzaile aurreikusi direla ziurtatu beharko da.

Horretarako, zigilatzean sortzen den zuhaitz- edo zuhaixka-landaredia ezabatu egingo da.

Ereiteen mantentze-lanak egin beharko dira, hala nola, ebakitzeak, ongarritzeak eta ureztatzeak.

Zigilatzearen gainean landare-espezie inbaditzaileak jartzea zaindu beharko da; hala badagokio, haiek ugaltzea kontrolatu eta errotik kentzeko neurriak hartu beharko dira.

Erasandako eremu guztiak, zabortegia ezarri den lursailean eta haren instalazio osagarri eta sarbideetan kokatutakoak, nola zerbitzu-sareen eta lixibiatuen hustuketa gauzatzeko beharrezkoak direnak berrituko dira; ba eta aurkeztutako berritze-planean agertzen ez diren, baina plana bukatu ondoren erasandakoak ere.

Inola ere ez da baimenduko zabortegia itxi ondorengo fasean barrena zabortegiaren zigilatzea bizilekurako erabiltzea. Halaber, ez da baimenduko inolako jardunik zigilatze-segidako ur garbien drainatze-geruzaren gainazaletik 50 cm baino hurbilago egotea.

F) Ingurumena Zaintzeko Programa.

Ingurumena zaintzeko programa sustatzaileak aurkeztutako agirietan aurreikusitakoaren eta ondoko atal hauetan ezarritakoaren arabera gauzatu beharko da:

F.1.– Isuritako uraren kalitatea kontrolatzea.

a) Isurketen kanpo-analisi hauek egingo dira:

(Ikus .PDF)

Azaleko urak:

(Ikus .PDF)

Lurpeko urak:

(Ikus .PDF)

Sustatzaileak isurketa-fluxua kontrolatzeko kutxetaren UTM koordenatuak aurkeztu beharko ditu, bai eta azaleko urak kontrolatzeko puntuen eta kontrol-piezometroen koordenatuak ere.

b) «Erakunde laguntzaile» batek egingo eta ziurtatuko du kontrol bakoitza, baimendutako parametro guzti-guztiak kontuan hartuta. Isurketak baimenean jarritako baldintza guztiak betetzen dituela ulertuko da, D.2.4.2 ataleko parametro guztientzat ezarritako mugak betetzen baditu.

Isurketen kontrolen emaitzak eta analisi-txostenak Ingurumen Sailburuordetzari bidaliko zaizkio laginak hartzen direnetik hilabete bateko (1) epean.

c) Parametroak analizatzeko, «Standard Methods For The Examination Of Water And Wastewater»-en (APHA, AWWA, WPCF, azken edizioan) normalizatutako metodoetakoren bat erabiliko da, edo «ASTM Water and Environmental Technology»-ren azken edizioko 11. saileko metodoren bat. Parametroaren ohiko kontzentrazioaren arabera metodo egokiena hautatuko da. Gaur egun erabiltzen diren metodoen bestelakoak diren analisi-metodoak erabil daitezke, kutsatzaileen kontzentrazioa modu egokiagoan definitzeko. Eskatutako analisien parametro bakoitzean erabilitako analisi-metodoa adierazi beharko da.

d) Laginketak kutsatzaile gehien sortzen den aldietan egingo dira beti.

e) Ingurumen Sailburuordetzak, egoki deritzonean, arazketa-instalazioak ikuskatu eta efluentearen emariak eta analisiak aztertuko ditu, isurketen emariek eta parametroek muga baimenduak gainditzen ez dituztela egiaztatzeko. Halaber, arazketa-instalazioen ustiapenaren arduradun bat, titulazio egokia duena, izendatzea eskatu ahal izango dio titularrari.

f) Aipatutako maiztasunarekin, aldi bakoitzeko gorabeheren adierazpen bat erantsiko da, efluentearen ezaugarriek baimenduekiko izan ditzaketen desbiderapenei, haien kausei eta haiek zuzentzeko hartutako neurriei buruzkoa.

F.2.– Datu meteorologikoen bilketa.

Zabortegia zigilatu eta itxi ondorengo aldian, parametro meteorologikoen kontrol bat egingo da zabortegi barruko estazio meteorologikoan, parametro hauek aztertu eta 10 minuturo gordeta:

– Haizearen abiadura eta norabidea.

– Airearen tenperatura.

– Hezetasun erlatiboa.

– Presio barometrikoa.

– Prezipitazioa.

– Eguzki-irradiazio orokorra.

Lurrunketa zenbait lisimetrotan lortuko da, eta haien kokapena eta ezaugarriak dagokien diseinua aurkeztu ondoren definituko dira.

F.3.– Zabortegiaren balantze hidrikoa.

Kanpoko erakunde batek urtero zabortegiaren balantze hidrikoa egin beharko du. Horretarako, erregistratutako lixibiatuen emariaren datuak eta erregistratutako datu meteorologikoak eta zabortegiaren gainazalean sortzen diren aldaketen plano topografikoak (zigilatutako eremuak, isurketarako eremuak eta abar) erabiliko dira.

Itxi ondorengo aldiko lehen balantzeak zabortegiaren portaera hidrodinamikoaren analisia barne izango du, erregistratutako emariaren eta eroankortasun elektrikoaren datuetatik eta itxi aurreko eta ondorengo balantze hidrikoaren alderaketatik abiatuta.

F.4.– Isurketa-ontziaren topografia kontrolatzea.

Isurketa-ontziaren topografiaren kontrola oinarrizko proiektuan jasotako proposamenaren arabera gauzatuko da. Kontrol topografiko horren emaitzek hauek jasoko dituzte: neurtzeko bitarteko eta materialak, gertatutako gorabeherak, aldi bateko bilakaeraren grafikoak, erregistratutako datuak euskarri elektronikoan (kalkulu-orria), eta haien interpretazioa.

Zabortegiaren ezpondan inklinometroak instalatzea ere barne hartuko du.

F.5.– Jardueraren adierazleak kontrolatzea.

Ingurumena zaintzeko programak jardueraren parametro adierazleen jarraipena egingo du urtero, ingurumenean duten eragina aztertzeko. Horretarako, sustatzaileak proposamen bat aurkeztuko du, adierazle horiek eta haien analisia egiteko sistematika zehazteko. Analisi-sistematika horren bidez, enpresak zabortegiaren ingurumen-hobekuntza ziurtatzeko ezarri dituen neurri eta mekanismoen eraginkortasuna egiaztatuko da.

F.6.– Zarataren kontrola.

a) Indize akustiko hauen hasierako ebaluazioa egin behar da: 60 segundotan Ld, Le, Ln, LAeq,Ti eta LAeq. Kontroleko lehen urtean izandako emaitzen arabera, neurketen maiztasuna erabaki ahal izango da aurrerantzean.

b) Aurreko atalean adierazitako ebaluazio guztiak ENAC erakundeak espazio- eta denbora-laginketarako egiaztatutako akustikaren esparruko entsegu-laborategiek egin beharko dituzte. Nolanahi ere, ingurumen-organoak ebaluazio horiek egiten dituzten erakundeek gaitasun tekniko egokia dutela zainduko du.

c) Ebaluazio-metodoak eta -prozedurak eta ebaluazio horiei buruzko txostenak Ingurumen Sailburuordetza honek emandako jarraibide teknikoetan ezarritakora egokituko dira.

F.7.– Emaitzak kontrolatzea eta bidaltzea.

Ingurumena zaintzeko programa osatzen duten analisi eta txostenen emaitzak behar bezala erregistratuko dira, eta Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira. Igortze hori urtero egingo da, beti martxoaren 30a baino lehen, eta zaintzeko programaren emaitzei txosten bat gehituko zaie. Txosten horretan adieraziko dira neurri zuzentzaileen funtzionamendua eta prozesuak eta ingurunearen kalitatea kontrolatzeko sistemak. Emaitzen analisia ere adieraziko da, eta bereziki aipatuko dira aldi horretan gertatu diren gorabehera garrantzitsuenak, haien ustezko arrazoiak eta konponbideak, eta baita laginketen xehetasunak ere, aurretik zehaztu ez baldin badira.

F.8.– Ingurumena zaintzeko programaren agiri bateratua.

Sustatzaileak ingurumena zaintzeko programaren agiri bateratua landu beharko du, baimen-eskabidean proposatutako eta ebazpen honetan ezarritako betebeharrak bilduko dituena. Programa horrek honako hauek zehaztu beharko ditu: kontrolatu beharreko parametroak, parametro bakoitzerako erreferentzia-mailak, analisi edo neurketen maiztasuna, laginketak eta analisiak egiteko teknikak, eta laginak hartzeko puntuen kokapen xehatua. Halaber, dagokion aurrekontua jaso beharko du.

Ingurumena zaintzeko programan jardueraren ohiko adierazleak eta horiek analizatzeko sistematika sartuko dira, ingurumen-hobekuntza ziurtatzeko enpresak berak ezarritako neurri eta mekanismoen eraginkortasuna egiaztatzeko (ingurumen-adierazleak).

G) Prebentzio-neurriak eta funtzionamendu-baldintzak ohiz kanpoko egoeretan.

G.1.– Fabrika gelditzeko eta abiarazteko operazioak eta mantentze-lanetarako programatutako operazioak.

Programatutako urteko mantentze-lanei dagokienez, sor litezkeen isurien eta hondakinen balioespena egin beharko du enpresak, eta, dagokionean, horiek kudeatzeko eta tratatzeko proposamena ere bai.

G.2.– Jarduera etetea, itxi ondorengo aldia bukatuta.

Jarduera lege hauen aplikazio-esparrukoa da: lurzoruaren kutsadura prebenitu eta zuzentzeari buruzko otsailaren 4ko 1/2005 Legea (90.002 epigrafea, «Hondakinak tratatzeko jarduerak») eta lurzoruan kutsadura sor dezaketen jardueren zerrenda eta lurzoru kutsatuen adierazpenerako irizpide zein estandarrak ezartzen dituen urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretua. Hori dela eta, Áridos Siderúrgicos Ekober, S.L. enpresak hasiera eman beharko dio lurzoruaren kalitatearen adierazpenerako prozedurari, gehienez ere bi hilabeteko epean, jarduera behin betiko uzten duenetik kontatzen hasita, otsailaren 4ko 1/2005 Legeak 17.4 artikuluan xedatutakoaren arabera.

G.3.– Ezohiko funtzionamendua denean aplikatzeko prebentzio-neurriak eta jardunak.

Sustatzaileak aurkeztutako agirietan jasotako proposamenean, ezohiko egoeretan aplikatu beharreko prebentziozko neurriak eta jardunerako baldintzak zehazten dira. Horiez gain, ondorengo ataletan aipatzen diren baldintzak ere bete behar dira:

a) Prebentziozko mantentze-lanen eskuliburua eduki beharko da instalazioen egoera bermatzeko, batez ere ustekabeko jario edo ihesak daudenean kutsadura ekiditeko eskuragarri dauden baliabideei eta ezarritako segurtasun-neurriei dagokienez. Jarioak daudenean lurzorua babesteko hartu beharreko neurriak zehaztuko dira, eta zehatz adieraziko da hauei dagokien guztia: eraikuntzako materialak (irazgaitzak), biltegiratzeko neurri bereziak (substantzia arriskutsuak), egon daitezkeen jarioei antzemateko neurriak edo gehiegi bete direneko alarma-sistemak, lantegiko kolektore-sarea zaindu eta garbitzekoak (sistematikoki garbitu beharra, maiztasuna, garbiketa mota), eta lurzoru gaineko isurpenak biltzeko sistemak.

b) Aurreko paragrafoan adierazitako eskuliburuak ikuskapen eta kontrolerako programa jaso beharko du, honako hauek bilduko dituena: estankotasun-probak, mailen eta adierazleen egoera, balbulak, presioa arintzeko sistema, hormen egoera eta lodieren neurketa, andelen barnealdearen begi-bidezko ikuskapenak (hormena eta estaldurena) eta kubetetako detekzio-sistemen aldizkako kontrol sistematikoa, lurzorua kutsa dezakeen edozein egoerari aurrea hartzeko.

c) Era berean, ustiapenari buruzko eskuliburu bat eduki behar da, eta bertan, aldizka egindako mantentze-lanen berri eman behar da, baita atzemandako gertaerena ere.

d) Jarduerarako behar diren lehengaiak, erregaiak eta produktuak ingurunean ez sakabanatzeko moduan biltegiratuko dira.

e) Larrialdirik gertatuz gero, berehala eta eraginkortasunez esku hartzeko behar diren material guztiak edukiko dira, kopuru egokian: beharrezko izanez gero berriro ontziratzeko erreserbako edukiontziak, gerta daitezkeen isuriei eusteko produktu xurgatzaile selektiboak, segurtasuneko edukiontziak, hesiak eta eragindako inguruneak isolatzeko seinaleztapen-elementuak, bai eta babes pertsonalerako ekipamendu bereziak ere.

f) Biltegien hondoan edo putzuetan pilatzen diren solidoak ez dira ibai-ibilgura hustuko aldizkako garbiketa egiten den bitartean; behar bezala kudeatuko dira edo zabortegira eramango dira.

g) Arazte-prozesuan pilatutako hondakin solidoak eta lohiak aldizka aterako dira, instalazioak behar bezala funtziona dezan. Behar izanez gero, andel iragazgaitzetan eta hondoan hustubiderik ez dutenetan biltegiratuko dira.

h) Inoiz ez dira pilatuko euri-uren jariatzearen ondorioz ibilgu publikoko ura kutsatzeko arriskua egon daitekeen guneetan.

i) Arazteko instalazioek lohien tratamendua badute, xukatutako ura instalazioaren sarrerara birzirkulatuko da, hura tratatzeko.

j) Larrialdi-egoeretan, babes zibileko legeria aplikatuko da, eta bertan ezarritako betekizun guzti-guztiak bete beharko dira.

k) Titularrak behar diren bitartekoak izango ditu arazketa-instalazioak zuzen ustiatzeko eta ustekabeko isurketak prebenitzeko hartu diren segurtasun-neurriak abian izateko. Kasu honetan, baldintza hauek azpimarratu behar dira:

Hidrokarburoak xurgatzeko gaiak eduki behar dira estazioan, erroilu-erakoak, pikortatuak edo antzekoak, berehala aplikatu ahal izateko ustekabeko jariorik edo ihesik gertatzen bada.

Ebazpen honen D.2.5 atalean deskribatutako jardunez gain, gasolioa biltegiratu eta manipulatzeko instalazioak behar bezala isolatuko dira, ezbeharrez gerta daitezkeen haustura edota gainezkaldiengatik isuriak atxikitzeko.

D.2.5 atala betetzeko, abiarazi beharreko instalazioa ustiatzeko protokoloa edo eskuliburua eduki beharko da nahitaez, eta hartan ezarriko dira ekipamendu elektromekanikoak, zundak, mintzak, dosifikatzeko eta kontrolatzeko gailuak eta abar berraztertu eta mantentzeko lanak. Ildo beretik, araztegia mantentzeko protokoloa edo eskuliburua edukiko da, aurrekoan bezala enpresa espezializatu batek egina, eta hartan ezarriko dira ekipamendu elektromekanikoak mantentzeko lanak, arbastu-garbiketak, gehiegizko solido eta lohien purgaketak eta abar.

Era berean, nahitaez kontratu bat sinatzea eskatzen da araztegiaren mantentze-lanetarako, eta prozesuaren, errendimendu eta arazketaren, ekipo elektromekanikoen eta sentsoreen funtzionamendu egokia ikuskatzeko.

Hondakin-ura ezingo da «by pass» bidez isuri arazketa-instalazioetan.

l) Ingurunearen edo jardueraren kontrolaren gainean kalteak eragin ditzakeen gorabehera edo ezohiko gertaeraren baten aurrean (besteak beste, ustekabeko isurketa, isurtzeko muga-balioak gainditzea, edo zabortegiaren zigilatzearen edo itxi ondorengo sistemaren elementuren baten funtzionamenduari edo integritateari eragin diezaiokeen beste edozein), Áridos Siderúrgicos Ekober, S.L. enpresak gorabehera edo ezohiko gertaera horren berri eman beharko dio lehenbailehen Ingurumen Sailburuordetzari.

m) Gertakari edo arazo larriren bat edo ustekabeko isuriren bat egonez gero, eta nolanahi ere ustekabeko isurketa edo airerako isuria bada, SOS Deiak-i eta Legazpiko Udalari jakinarazi beharko zaie berehala. Ondoren, eta gehienez ere 48 orduko epean, ezbeharrari buruzko txosten xehatua bidali beharko zaio Ingurumen Sailburuordetzari. Txosten horretan, gutxienez, datu hauek agertuko dira:

– Gertakari-mota.

– Gertakaria non, zergatik eta zer ordutan gertatu den.

– Iraupena.

– Ustekabeko isurketa bada, emaria eta isuritako gaiak.

– Mugak gaindituz gero, isuriei buruzko datuak.

– Eragindako kalteen balioespena.

– Hartutako neurri zuzentzaileak.

– Prebentziozko neurriak berriro gerta ez dadin.

– Prebentziozko neurriak eraginkortasunez aplikatzeko aurreikusitako epeak.

n) Instalazioek suteen aurkako babesari buruz indarrean dagoen araudian ezarritako betekizunak betetzen dituztela egiaztatu beharko da. Egiaztapen hori egiteko, Ingurumen Sailburuordetza honetan aurkeztuko dira eskumena duten erakundeek emandako egiaztagiriak.

H) Baldin eta arautegi berria indarrean sartzeak, edo zerikusia duten sistemen egiturari eta funtzionamenduari buruzko ezagutza berri esanguratsuetara egokitu beharrak hori egitea gomendatzen badute, neurri babesle zein zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa aldarazi ahal izango dira, bai neurtu behar diren parametroei dagokienean, bai neurketaren aldizkakotasunari eta aipatutako parametroentzat ezarritako mugei dagokienean. Era berean, neurri babesle zein zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa aldatu egin daitezke jardueraren sustatzaileak hala eskatzen badu, edo ofizioz ingurumena zaintzeko programan lortutako emaitzetan oinarrituta.

l) Urtero, aurreko urtean atmosferara eta uretara egindako emisioei eta sortutako mota guztietako hondakinei buruzko datuen ingurumen-adierazpena helaraziko dio Áridos Siderúrgicos Ekober, S.L. enpresak Ingurumen Sailburuordetzari, botatako eta eskualdatutako kutsagarrien E-PRTR-Euskadi Inbentarioa landu eta eguneratzeko, bai eta Ingurumena Zaintzeko Programa ere.

Informazio hori IKS-eeM Sistemaren erakundeentzako bertsioa deritzonaren bidez bidaliko da (www.eper-euskadi.net web-orrian dago eskuragarri): Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren Ingurumen-informazioa Kudeatzeko Sistema.

Datu horietako batzuek Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumenean eragina duten jardueren erregistroa osatuko dute, eta erregistro hori transakzio-basea izango da, datuak Europako Ingurumen Agentziaren erregistroetara bidaltzeko, E-PRTR-Europa erregistrora, alegia.

Ingurumen-adierazpena publikoa izango da, ingurumenaren arloan informazioa eskuratzeko, publikoak parte hartzeko eta ingurumen-gaietan justiziara heltzeko eskubideak arautzen dituen uztailaren 18ko 27/2006 Legeak xedatutakoari jarraikiz –lege horrek 2003/4/EE eta 2003/2005/EE zuzentarauak kontuan hartzen ditu– eta, betiere, izaera pertsonaleko datuak babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak xedatutakoa bermatuko da.

J) Instalazioetan egiten den edozein aldaketa jakinarazi egin beharko da; horretarako, honako helbide elektroniko honetan dagoen formularioa beteko da: http://www.ingurumena.ejgv.euskadi.net/r49-3252/es/contenidos/informacion/ippc/es_6939/adjuntos/cuestionario_modificaciones.doc

Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzeko Erregelamendua –zeina, aldi berean, industriako emisioei buruzkoa baita– onartzekoa den urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 14.1 artikuluak aldaketa bat funtsezkotzat jotzeko irizpideak xedatzen ditu.

Hala ere, aipatu urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 14.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, irizpide horiek orientagarriak dira, eta ingurumen-organoak, kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 10. artikuluan xedatutako irizpideak kontuan hartuta, egingo du eskatutako aldaketaren kalifikazioa, funtsezkoa den adieraziz.

Era berean, eskatutako aldaketak baimendu aurretik, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egin beharko da, baldin eta Euskadiko Ingurumena Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Legeko IB eranskinean, edo proiektuek ingurumenean duten eragina ebaluatzeko legearen testu bategina onartzen duen urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuko I. eranskinean adierazitako egoeretakoren batean eskatu baldin bada aldaketa hori.

Eskatutako aldaketa ez baldin badago jasota ez 3/1998 Legearen IB eranskinean ez 1/2008 Errege Dekretu Legegilearen I. eranskinean, baina bai horren II. eranskinean, ingurumen-organoak gehienez ere hiru hilabeteko epean erabakiko du aldaketa horri ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egin behar zaion ala ez; betiere, behar bezala bete ondoren Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak egoera horietarako arautzen duena.

Aldaketak lur berria okupatzea aurreikusten badu, eta lur hori lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioari buruzko irailaren 30eko 165/2008 Dekretuak argitaratutako inbentarioan badago, okupatu beharreko eremuko lurzoruaren kalitateari buruzko adierazpena izan beharko da aldaketa gauzatu baino lehen, lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko otsailaren 4ko 1/2005 Legean xedatutakoaren arabera.

Hirugarrena.– Áridos Siderúrgicos Ekober, S.L. enpresak ingurumen-organoaren aurrean egiaztatu beharko du ebazpen honetako bigarren ataleko ondorengo puntuetan ezarritako baldintzak betetzen dituela, ebazpen hau jakinarazten denetik gehienez 6 hilabeteko epean:

A (erantzukizun zibileko asegurua);

B (fidantza);

C (instalazioaren arduradun teknikoaren informazioa);

D.2.4.1 (isurketaren emariak eta bolumenak);

D.2.4.3 (isurketa-mugak betetzen direla bermatzeko egiteke dauden jarduerak);

D.2.5.1 eta D.2.5.2 (urtero sortutako hondakin arriskutsu eta ez-arriskutsuen kantitateak);

D.2.5.1.e) eta D.2.5.2.d) (sortutako hondakin arriskutsuen eta ez-arriskutsuen onarpen-agiriak);

D.2.6.a) (lurzoruaren egoerari buruzko aurretiazko txostena);

D.2.6.b) (arriskuen ebaluazio-azterketa);

F.3 (zabortegiaren balantze hidrikoa);

F.4 (zabortegiaren topografia);

F.5 (adierazleei buruzko proposamena);

F.6 (zarata kontrolatzeko proposamena);

F.8 (ingurumena zaintzeko programaren agiri bateratua);

G.3.a) (prebentzioko mantentze-lanei buruzko eskuliburua);

G.3.c) (ustiapenari buruzko eskuliburua);

G.3.e) (larrialdi-kasuetarako material-zerrenda);

G.3.f) (kubetak husteko eragiketen protokoloa);

G.3.p) (suteen aurkako babesaren ziurtagiriak);

Ebazpen hau jakinarazi eta gehienez ere hiru hileko epean honako hau aurkeztu beharko da:

B (finantza-azterketa eguneratua);

Zabortegitik baliozta daitekeen materiala ateratzen amaitu ondoren, edo lehenago hura eginezina dela erabakitzen bada, honako hauek aurkeztu beharko dira:

D.3.1 (zabortegia zigilatzeko proiektu eguneratua);

D.3.1 (obra-zuzendaritzaren eta geosintetikoen kalitatea bermatzeko kontrolaren ardura duten enpresen jakinarazpena);

Ebazpen hau eraginkorra izan dadin, nahitaezkoa da aurrez Ingurumen Sailburuordetzan agiri bidez egiaztatzea honako hau bete dela:

D.3.2.d) (obra-amaierako ziurtagiria eta «as built» eraikuntza-proiektua);

Halaber, baimen hau indarrean jarri aurretik, ingurumen-organo honi atxikitako zerbitzu teknikoen ikuskapen-bisitan egiaztatu beharko da instalazioak aurkeztutako proiektuaren arabera eta ebazpen honetan ezarritakoarekin bat etorrita eraiki eta hornitu direla. Horretarako, aipatutako ikuskapen-bisitaren aurretik, sustatzaileak Ingurumen Sailburuordetza honetan aurkeztu beharko du baldintza horiek betetzen direla egiaztatzen duen agiria, teknikari aditu batek egina.

Adierazitako baldintzak betetzen direla ziurtatzean, ebazpena emango da, eta, horren bitartez, ingurumeneko baimen bateratua eraginkortzat aitortuko da. Emango den ebazpenak honako hauekin izango du zerikusia: zigilatzea gauzatzea, zigilatutako eremuei dagokien lurzoruaren kalitatea adieraztea, eta itxi ondorengo aldia hastea.

Laugarrena.– Organo eskudunak eskatuta, baimenaren baldintzak berrikusteko behar den informazio guztia aurkeztuko du titularrak. Betiere, emisioen kontrolaren emaitzak eta beste datu batzuk jasoko dira, alderatu ahal izateko instalazioaren funtzionamendua aplikagarriak diren teknika erabilgarri onenei buruzko ondorioetan deskribatutako teknika erabilgarri onenekin eta haiei lotutako emisio-mailekin.

Baimentzeko baldintzak instalazioaren jarduera nagusiari dagozkion teknika erabilgarri onenei buruzko ondorioak argitaratu eta lau urteko epean berraztertuko dira. Instalazioa ez bada jasotzen teknika erabilgarri onenei buruzko ezein ondoriotan, baimentzeko baldintzak berriz aztertuko dira, eta, hala egokituz gero, doitu egingo dira, teknika erabilgarri onenetan gertatutako aurrerapenek emisioak nabarmen murrizteko aukera ematen dutenean.

Bosgarrena.– Ingurumen-baimen bateratua ofizioz berraztertuko da kasu hauetan guztietan:

a) Instalazioak eragindako kutsadura dela eta komeni bada emisioetarako erabakitako muga-balioak berraztertzea edo beste batzuk erabakitzea.

b) Emisioak nabarmen murritz badaitezke, kostu handiegirik ezarri gabe, teknika erabilgarri onenetan aldaketa handiak gertatzearen ondorioz.

c) Prozesuaren edo jardueraren funtzionamendu-segurtasuna dela eta beste teknika batzuk erabili behar badira.

d) Arroko erakundeak, urei buruzko legeetan xedatutakoaren arabera, uste badu zenbait inguruabarrek justifikatzen dutela ingurumen-baimen bateratua berrikustea, Estatuko Administrazio Orokorrak kudeatutako arroetako jabari publiko hidraulikoan isurtzeari dagokionez. Kasu horretan, arroko erakundeak, txosten lotesle bidez, ingurumen-baimen bateratua emateko errekerimendua egingo dio organo eskudunari, berrikuste-prozedura gehienez ere hogei eguneko epean hasteko.

e) Instalazioari aplika dakiokeen legedi sektorialak hala eskatzen badu, edo ingurumen-kalitateari buruzko arau berriak edo berrikusiak bete behar badira, ekainaren 11ko 5/2013 Legearen 16. artikuluak aldatutako uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 22.3 artikuluari jarraiki.

f) Aplikagarria den araudi berria indarrean jartzen bada.

g) Ingurunearen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza esanguratsu berrietara egokitzeko beharra ikusten bada, bereziki inplikatutako sistemen hauskortasuna areagotzen dela antzematen bada.

h) Ingurumena zaintzeko programan jasotako emaitzen edo bestelako oharpenen arabera, ingurumen-inpakturako ezarritako neurri babesle, zuzentzaile edo konpentsatzaileak nahikoak ez direla egiaztatzen bada.

i) Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 25. artikuluko 1., 2. eta 3. puntuetan xedatutakoaren arabera egindako azterketatik aldatu beharra ondorioztatzen bada.

Ingurumen-baimen bateratuta berrikusteak ez du eskubiderik emango kalte-ordaina jasotzeko, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 25.5 artikuluan xedatutakoaren arabera.

Seigarrena.– Áridos Siderúrgicos Ekober, S.L. enpresak ebazpen honen xede den hondakin ez-arriskutsuen zabortegiaren proiektuaren inguruan titulartasun-aldaketarik eginez gero, aldaketa hori jakinarazi beharko du, Ingurumen Sailburuordetzak onar dezan.

Edonola ere, zabortegiak eta haren instalazio osagarriek okupatutako lursailaren titulartasuna transmititzen bada, edo hori edukitzea bertan behera uzten bada, ebazpen honetan aurreikusitako betebeharrak betetzen jarraitu beharko da. Hondakinak hondakindegian biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuaren 21. eta 24.4 artikuluetan ezarritakoaren arabera, titulartasuna eskualdatzen bada (salmenta, lagapena eta abar), ingurumen-organoari eman beharko zaio horren berri hilabetetik beherako epean eskualdatzea gauzatzen den uneaz geroztik, eta organo horrek eskualdatzea onartu beharko du dagokion ebazpena emanez.

Zazpigarrena.– Baimen honek balioa galduko du honako hauek gertatzen direnean:

– Epearen barruan ez egiaztatzea ebazpen honetako hirugarren atalean ingurumeneko baimen bateratuak ondorioak izan ditzan ezarritako baldintzak betetzen direla, interesdunak, behar bezala justifikatuz, epea luzatzeko eskatzen ez badu.

– Áridos Siderúrgicos Ekober, S.L.ren nortasun juridikoa iraungitzea, indarrean dauden arauek aurreikusitako kasuetan.

Horrez gain, ibilgura isurtzeko baimena ezeztatu ahal izango da, Jabari Publiko Hidraulikoko Erregelamenduko 263. artikuluan eta hurrengoetan ezarritako baldintzetan.

Zortzigarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Áridos Siderúrgicos Ekober, S.L. enpresari, Legazpiko Udalari, ingurumeneko baimen bateratua emateko prozeduran parte hartu duten erakundeei, eta gainerako interesdunei.

Bederatzigarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Hamargarrena.– Ebazpen honek ez du agortzen administrazio-bidea; horrenbestez, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, hori guztia azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoak, 114. artikuluan eta ondorengoetan xedatutakoari jarraikiz (urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatu zuen lege hori).

Vitoria-Gasteiz, 2013ko abenduaren 26a.

Ingurumeneko sailburuordea,

JOSÉ ANTONIO GALERA CARRILLO.


Azterketa dokumentala