Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

142. zk., 2014ko uztailaren 29a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA
3414

EBAZPENA, 2014ko uztailaren 16koa, Garraio Azpiegituren zuzendariarena, Bilboko Hiri Trenbideko 1. lineako Ibarbengoa aparkalekua eta haren sarbideak eraikitzeko proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda onartu, eta titularrei ondasunak okupatu aurreko aktak egiteko ekitaldirako deia egiten diena.

Garraio Azpiegituraren zuzendariaren 2014ko urtarrilaren 10eko Ebazpenaren bidez, Bilboko Hiri Trenbideko 1. lineako Ibarbengoa aparkalekua eta haren sarbideak eraikitzeko proiektua onartu zen.

Otsailaren 22ko 34/2005 Dekretuaren bidez, behin betiko onartu zen Euskal Autonomia Erkidegoko Trenbide Sarearen Lurraldearen Arloko Planaren Aldaketa, Bilbao Metropolitarreko eremuko trenbideak antolatzeari buruzkoa. Plan horretan jasotzen ziren, besteak beste, Maidagan trenbide-pasagunea kentzea eta Ibarbengoan geltoki berria eraikitzea, hain zuzen ere lurraldeari zerbitzua emateko eta trenaren erabilera sustatzeko, ibilgailu pribatuekin konbinatuta. Plan horretan, halaber, definitu egiten zen trenbidea erabiltzeko Sistema Orokorreko Erreserba Bandaren tartea, zeinean trazadura berria sartzen zen, barne zirelarik geltokia eta aparkalekua.

Aparkaleku hori trenbide-azpiegituraren elementu osagarri bat izango da, eta 300 bat plaza izango ditu, kale mailako solairuan eta lur azpiko bi solairutan egongo direnak. Horri gehitu behar zaio aparkalekuan sartzeko bi bide: bata, Ormaza kaletik geltokiraino doan bidea, eta bestea, oinezkoentzako beste bide bat.

Proiektuak ukitutako lurrak eskuratzeko eta ondasunak eta eskubideak behar bezala kudeatu ahal izateko, ondasun horiek guztiak identifikatzeko zerrenda zehatz bat eta desjabetze-eranskineko partzela-planoak jaso dira proiektuan.

2014ko maiatzaren 19ko Ebazpenaren bidez, proiektua burutzeko behar ziren ondasun eta eskubideak jabeei nahitaez kentzeko prozedura abiaraztea eta desjabetzeei buruzko eranskina jendaurrera ateratzea erabaki zen. Interesdunei jakinarazi zitzaien eta hainbat aldizkaritan ere argitaratu zen: Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (107. zk.) eta Bizkaiko Aldizkari Ofizialean (108. zk.) –biak 2014ko ekainaren 9koak–, 2014ko ekainaren 9ko «Deia» eta «El Correo» egunkarietan eta 2014ko ekainaren 10eko «Berria» egunkarian. Era berean, Getxoko udaletxeko iragarki-oholean jarri zen.

Tramite horretan, argitaratutako ondasun eta eskubideen zerrenda dela-eta, hainbat alegazio aurkeztu dira. Alegazioak aztertu dira, eta eta banan-banako erantzunak eman dira.

Organo honek Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenekoak diren trenbide-azpiegiturako lanak gauzatzeko nahitaezko desjabetze-prozeduraren izapideak egiteko eta ebazpena emateko eskumena dauka, halaxe ezarrita baitago Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 196/2013 Dekretuaren 14.c) artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuaren 13.1.g) artikuluan. Azken dekretu hori, bestalde, martxoaren 1eko 8/2013 Dekretuaren eta, bigarren aldiz, abenduaren 2ko 34/2013 Dekretuaren bidez aldatu zen.

Trenbide Sektorearen azaroaren 17ko 39/2003 Legearen 6.2 artikuluak ezartzen du, trenbideak jarri edo lineak zabaltzeko proiektuak ofizialki onartzeak berekin ekarriko duela proiektuaren eraginpeko eta identifikaturiko ondasunak okupatzea onura publikokotzat eta lehenbailehen egin beharrekotzat jotzea; eta horrek ahalmena ematen dio administrazioari Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan aurreikusitako jardunbidera jotzeko eta, hortaz, proiektuaren eraginpeko lurrak okupatu edo ondasunak eskuratzeko; horretarako, lehenbizi, desjabetu beharreko ondasun eta eskubideak zehaztu, titularrak identifikatu eta baloraziorako behar diren datu eta azalpenak jasoko dira aktan, eta perituak ezarritako diru kopurua, ordaindu edo okupatu aurretiko gordailu gisa utzi beharko da; eta, bidezko bada, premiazkotasunak ekarritako kalteen ordaina ere eman beharko zaie.

Beraz, aurrekariak, eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 20, 21 eta 52. artikuluetan eta haren Erregelamenduaren 56. artikuluan xedatutakoa, horiekin bat datozenak eta aplikatu beharreko gainontzekoak ikusirik,

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Bilboko Hiri Trenbideko 1. lineako Ibarbengoa aparkalekua eta haren sarbideak eraikitzeko proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda onartzea, eta lehenbailehen okupatu beharrekotzat jotzea, Trenbide Sektorearen azaroaren 17ko 39/2003 Legearen 6.2 artikuluan xedatutako ondorioekin.

Bigarrena.– Zerrenda horretan agertzen diren ondasun eta eskubideen titularrei dei egitea, bertan adierazitako egunean eta orduan Getxoko Udalera ager daitezen ukitutako ondasun eta eskubideak okupatu aurreko aktak egiteko, eta, hala badagokio, ondasun eta eskubide horiek formalki okupatzeko. Beharrezkoa izanez gero, eta interesdunak hala eskatzen badu, lur eremura bertara joateko aukera ere izango da.

Ekintza horretara interesdunek berek edo haien izenean jokatzeko behar bezalako baimena jaso duten ordezkoek joan beharko dute, eta ondasunen titular direla egiaztatzen duten agiri-paperak (eskritura publikoak, Jabegoaren Erregistroko ziurtagiria edo informazio-oharrak, etab.) eta eskubideak egiaztatzen dituzten beste edozein agiri-paper aurkeztu beharko dute. Nahi izanez gero, perituak eta notarioa ere eraman ahal izango dituzte, beren kontura.

Era berean, eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen Erregelamenduaren 56.2 artikuluan xedaturikoari jarraituz, interesdunek zerrendako okerrak zuzentzeko alegazioak aurkeztu ahal izango dituzte aktak egiteko egunera arte. Alegazioak idatziz aurkeztu beharko dira Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Saileko Garraio Azpiegituren Zuzendaritzan, Vitoria-Gasteizko Donostia kaleko 1ean (Lakua 1).

Ebazpen honen kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Garraio Azpiegituraren zuzendariari edo Garraioetako sailburuordeari, ebazpena jakinarazi edo argitaratu ondorengo egunetik aurrera kontatzen hasi eta hilabeteko epean.

Eta hala jakinarazten da, guztiek horren berri izan dezaten.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko uztailaren 16a.

Garraio Azpiegituren zuzendaria,

MARÍA ALMUDENA RUIZ DE ANGULO DEL CAMPO.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala