Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

143. zk., 2014ko uztailaren 30a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
3422

154/2014 DEKRETUA, uztailaren 22koa, ASASAM Buru Gaixotasuna duten Pertsonen eta Senideen Aiarako Elkartea gizarte-interesekotzat aitortzeko dena.

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 74. artikuluan xedatzen denez, gizarte-interesekotzat aitortu ahal izango dira gizarte-zerbitzuak ematen dituzten irabazi-asmorik gabeko erakundeak –arauz ezartzen diren baldintzak betetzen dituztenak–, hain zuzen ere aitortzeko haien ibilbidea eta Gizarte Ekintzako Hirugarren Sektoreak EAEko gizarte-zerbitzuen garapenaren alde ematen duen laguntza.

Urriaren 7ko 424/2013 Dekretuak, gizarte zerbitzuak ematen dituzten irabazi-asmorik gabeko erakundeak gizarte-interesekotzat aitortzeari buruzkoak, gizarte-intereseko aitorpena lortzeko betekizunak eta prozedura arautzen ditu.

Haren babesean, ASASAM Buru Gaixotasuna duten Pertsonen eta Senideen Aiarako Elkarteak aipatutako aitorpena eskatu du, uste baitu merezi duela gizarte-interesekoa dela aitortzea, gizarte-ekintzaren arloan egiten dituen jarduerengatik.

Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritza aditzera eman duenez, ASASAM Buru Gaixotasuna duten Pertsonen eta Senideen Aiarako Elkartea irabazi-asmorik gabeko erakunde bat da, 1989an eratua, eta haren xede nagusia da buruko gaitzak dituztenen eta haien senideen premiak asetzea. Horretarako, haien bizi-kalitatea hobetzeko zerbitzuak eskaintzen ditu, eta gizartea buruko gaitzen gainean kontzientzia harrarazten eta sentsibilizatzen jarduten du. Ibilbide historikoa du Euskal Autonomia Erkidegoan gizarte-zerbitzuak ematen; izan ere, egiaztatu du bere jarduera etenik gabe burutu duela 2009tik, Aiarako Haranean, nagusiki.

Aipatu urriaren 7ko 424/2013 Dekretuan xedatutakoaren arabera, Jaurlaritzaren Kontseiluaren dekretu bidez egingo da gizarte-intereseko aitorpena, gizarte-zerbitzuen arloan eskumena duen sailburuak proposatuta, zeinak dagokion espedientea izapidetuko baitu.

Horrenbestez, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak proposatuta, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2014ko uztailaren 22an egindako bileran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Aitortzea ASASAM Buru Gaixotasuna duten Pertsonen eta Senideen Aiarako Elkartea gizarte-interesekoa dela, burutzen dituen gizarte-ekintzen bidez Euskal Autonomia Erkidegoan gizarte-zerbitzuak garatzen laguntzeagatik.

2. artikulua.– Aitortzea ASASAM Buru Gaixotasuna duten Pertsonen eta Senideen Aiarako elkarteari aitorpen honen berezko eskubideak, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 74. artikuluan xedatutakoak.

Vitoria-Gasteizen, 2014ko uztailaren 22an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua,

JUAN MARÍA ABURTO RIQUE.


Azterketa dokumentala