Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

143. zk., 2014ko uztailaren 30a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
3425

AGINDUA, 2014ko uztailaren 24koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena; itunpeko ikastetxe pribatuetako giroa euskalduntzeko 2014-2015 ikasturterako laguntza-deialdia zabaltzen duena.

Azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeak, Euskararen Erabilpena Arauzkotzekoak, honela dio bere 17. artikuluan:

«Jaurlaritzak, ikasleei nahitaezko ikastaldiak bukatzerakoan bi hizkuntza ofizialak erabiltzeko adina ezagutuko ditueneko segurantza emateko xedezko neurriak hartu eta euskara-giroa bermatuko du, barne nahiz kanpo-ekintzabideetan eta arduralaritzako ihardun eta agirietan euskara agizko adierazpide eginez».

Ildo beretik, Hezkuntza eta Kultura Sailaren 1983ko abuztuaren 1eko Aginduak (1983ko abuztuaren 19koa, 122. zk. duen EHAAn argitaratua), Euskal Herriko Autonomi Elkarteko irakasmaila ez unibertsitarioetan hizkuntza ofizialen erabilera araupetzen duen uztailaren 138/1983 Dekretua garatzen duenak, bere 12. artikuluan, zera dio:

«Hezkuntza eta Kultura Sailak beharrezko neurriak hartuko ditu euskararen erabilera eskola-giroan bermatzeko, klase barruan nahiz klasez kanpoko ekintzetan ohiko adierazpide bihurtuz».

Honen haritik, NOLEGA izeneko ekimen sorta moldatu zuen Sailak 1984tik aurrera. Atal honek gaur arte etenik gabe hainbat ekimen bideratu, antolatu edota diruz lagundu ditu urte hauetan guztietan. Ahozko erabilera areagotzeari begira deialdi sorta zabala eskaini izan du urtero. 2013-14 ikasturtetik aurrera, ikastetxe gisa arlo honi modu bateratuan erantzungo dion ekimena da proposatzen dena. Horregatik, NOLEGA deialdi bateratuan lehengo ildo berezituak: Ahozko Adierazmena (* Eskola Antzerkigintza; * Eskola Bertso-lanketa * Eskola Kantagintza; * Kontalaritza; eta * Irratigintza); Ikasgelaz Kanpoko Ekintzak (IKE); Euskal Girotze Egonaldiak (EGE); Ikastetxeen arteko binakako loturak (Ikabil) bildu egin dira.

Ikasleek hizkuntza arloko gaitasun guztiak eskuratzea da Hezkuntza sistema honek duen egiteko nagusienetako bat. Hori bermatuko bada ez da nahikoa ohiko klase emankizunetan lantzen diren gaitasunak jorratzea. Gelako metodologia erabat paradigma komunikatiboetan kokatzeaz gain, eskola esparruko beste hainbat ekimen osagarri ere eskaini beharko dizkio ikasleari. Batez ere, ikasleengan hizkuntza-gaitasuna eta bat-bateko jariakortasuna bermatu nahi da. Honetarako, eskola-giroan hizkuntza lantzeko saiakera bizi eta naturalak egiten dira; saiakerok babestea eta sustatzea du helburu deialdi honek, ikaslearen bizipenetan, adierazpenetan eta irudikapenetan txertatuz euskara.

Beraz, orain artekoari jarraituz, bidera daitezkeen gainerako ekintzei kalterik egin gabe eta beste aurrera pausu bat emanez, 2014-2015 deialdia egitea erabaki da.

Hori guztia kontuan izanik, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea 2014-2015 ikasturtean euskararen erabilera bultzatzeko asmoz diru-laguntza deialdia eta oinarri-arauak argitara ematea da.

2. artikulua.– Zein ekintza lagunduko diren eta zeintzuk diren baldintzak.

Agindu honek jarduera hauek begiesten ditu:

a) Ekintza lagungarriak ikastetxeetan hizkuntzaren ahozko erabilera egoera ez formaletan bultzatu eta eskola-giroa euskaldundu asmoz egiten diren saio-jarduerak: eskola Antzerkigintza, Bertso-lanketa, Kantagintza, Irratigintza, bestelako ahozko lanketa digitalak edota Kontalaritza.

Ezinbestekoa izango da antolatutako jardueren arduraduna ikastetxea bera izatea, eta honen izenean, ikastetxeko zuzendaria bera izango da arduradun.

b) Euskal giro batean bizipena eskaintzeko asmoz antolatutako egonaldiak. Gutxienez 2 gaueko iraupena izan behar dute diruz lagunduak izateko.

Sailak kudeatzen dituen Euskal Girotze Barnetegietan egiten diren egonaldiak berariaz lagunduak direnez, ez dira kontuan hartuak izango deialdi honetan.

c) Euskararen erabilera sustatzeko jarduerak.

1) Ikastetxe barruan arlo akademikotik at euskaraz bizitzeko helburuarekin prestatutako jarduerak.

Diruz laguntzen da jarduerak duen bilakaera osoa; lanketa fasea; emanaldiak; atrezzoa; bibliografia; jantziak...

2) Guraso, langile ez-irakasle edota irakasleentzat antolatutako berariazko jarduerak, beti ere ikasleen erabilera areagotzea dutenean helburu.

Ikastetxean euskararen erabilera sustatzeko egiten diren jarduerak modu zabalean hartuko dira kontuan deialdi honetan, ikastetxearen antolamenduarekin zein pertsonen dinamizazio motibazioarekin zerikusia dutenak eta dagokion ikastetxeko planean kontuan hartuta daudenak.

Diruz ezin lagundu izango dira berariazko laguntza bide bat duten prestakuntza edo berrikuntza jarduerak, hau da: IRALE, GARATU beste honelakoak.

3) Erabilera areagotzearekin lotutako ikasleen antolamenduzko jarduerak: hizkuntza paisaia; liburutegia; idatzizko arauak...

Deialdi honen helburu nagusia ahozkotasuna euskararen erabilera dela kontuan hartuta, arte-lanketarako, gorputz- espresiorako, ikus-entzunezko efektuetarako eta abarretarako gastuak ez dira diruz lagunduko; horrelako beste edozer hobetzeko erabiliko liratekeen gastuak ere ez.

d) Euskal kultura, hizkuntza zein gizarte-giro desberdinen arteko ezagutza eta hurbilketa areagotzea helburu duten Ikastetxeen arteko truke-irteerak.

Kultura molde, euskal hizkera zein gizarte-giro desberdinen arteko ezagutza eta hurbilketa areagotzeko ikastetxe-trukeak izango dira laguntza-gai. Truke orok 2 gaueko iraupena izan behar du gutxienez, eta bi egonaldi izango ditu normalean: trukakide bakoitzaren toki bakoitzean bana. Bien arteko distantziagatik edo beste motiboren bat dela medio, adostutako aterpe batean edo ikastetxe bakarraren herrian egin ahal izango da trukea.

Trukea EAEko ikastetxeen artekoa denean, ikastetxe biek bete behar dute eskabidea. Trukea Euskal Autonomia Erkidegoaz kanpoko (Nafarroako edo Iparraldeko) ikastetxe batekin egin nahi bada, EAEkoak soilik egingo du eskabidea, eta dirulaguntza osoaren jasotzailea ere bera izango da.

3. artikulua.– Diru-baliabideak.

Laguntza deialdi honetarako erabiliko den diru-kopurua 150.000 eurokoa da. Atal honetan zehaztutako gehienezko zenbatekoa gehitu daiteke eskatutako guztirakoa kontuan hartuz, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren bestelako diru-laguntza programetan agortu gabe geratutako aurrekontuzko baliabideekin eta beti ere berauen ebazpenak ebatzi aurretik. Horrela balitz, jende aurrean agerian jarriko da Hezkuntza sailburuordearen Ebazpenaren bidez.

4. artikulua.– Eskabide elektronikoa.

1. Laguntza-deialdi honetan parte hartu nahi dutenek, prozesu honetako tramitazio zein kontsulta guztiak bide elektronikoaz egingo dituzte.

2. E-Administraziorako Teknologi Plana (EATP) onartzen duten 2012ko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak eta Informatika eta Telekomunikazioen zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenek arautzen dute tramitazio elektronikoa.

3. Eskabideak, erantzukizunpeko aitorpenak, elektronikoki nola tramitatu jakiteko argibideak, bai eta beste hainbat inprimaki-eredu ere https://www.euskadi.net/diru_laguntza/2014/nolega/y22-izapide/eu elektronika gunean daude eskuragarri.

Eskabidea egin ondoko tramiteak ondoko helbide elektroniko honetatik egingo dira: http://www.euskadi.net/nirekudeaketak

5. artikulua.– Onuradunak.

Laguntza-jasotzaileak Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko itunpeko ikastetxe pribatuak izango dira. Deialdi honek Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzan, ikasgela barruan zein kanpoan, 2014-2015 ikasturte barruan burutzekoak diren jarduerak lagunduko ditu.

6. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

Eskatzaileek zabalik baldin badute Herri Administrazioek emandako antzeko laguntzaren bat itzultzeko espedienterik edo zigor-agiririk, prozesu hori amaitu egin beharko da onuradunei diru-laguntza eman eta ordaindu ahal izateko.

Zigor- edo administrazio-arloko zigorra jaso duten, eta horren ondorioz, diru-laguntza lortzeko aukera galdu duten edo horretarako ezgaitzen duen lege-debeku baten eraginpean dauden erakundeek, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera sexu diskriminazioan erori izanagatiko lege-debekuak barne, ezin izango dute Agindu honetan araututako diru-laguntzen eta laguntzen deialdietara aurkeztu, zigorrak ezarritako aldian. Honen haritik, eskatzaileak arrazoiren baten eraginpean ez dagoela egiaztatzen duen erantzukizunpeko aitorpena egin beharko du.

7. artikulua.– Betebeharretan hutsegitea.

1.– Ikastetxeren batek laguntza jaso eta ekimena aurrera eraman ez edota baldintzaren bat bete gabe uzten badu, diru-laguntza itzuli egin beharko du, 1/1997 Legegintza Dekretuak, azaroaren 11koak Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina arautzen duen bezala eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak (1992-02-07ko EHAA) zehaztutako prozeduraren arabera, Eusko Jaurlaritzaren Diruzaintza Nagusira.

2.– Diru-laguntza emateko kontuan izan diren baldintzak aldatuz gero, eta betiere diru-laguntzaren helburua bete bada, edo beste erakunde publiko edo pribaturen batek, aldi berean, bestelako diru-laguntza edo laguntzarik eman badu, diru-laguntzak emateko ebazpena alda daiteke. Horretarako, beharrezkoa den likidazio-ebazpena emango du Hezkuntza sailburuordeak.

3.– Deialdi honen bidez jasotako diru-laguntzaren inguruan Ekonomia Jarraipenerako Bulegoak edota Euskal Herriko Kontu Epaitegiak bere egitekoak betez eska dezan edozein informazio eskaintzera behartuta dago laguntza-jasotzailea.

8. artikulua.– Deialdiaren organo kudeatzailea.

Honako deialdi honen kudeaketa Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren, Hezkuntza Sailburuordetzaren, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari dagokio.

9. artikulua.– Jarduerak burutzeko epea.

Laguntza-deialdi honek 2014-2015 ikasturtean burutuko diren egitasmoak baino ez ditu kontuan hartuko. Hori dela-eta, deialdi honetara jotzen duten egitasmoak ikasturtearen bukaera baino lehen eskaini, eman, aurkeztu edota gauzatuko dira.

10. artikulua.– Eskabide eta formularioak aurkezteko prozedura.

1.– Eskabideak bide elektronikoz https://www.euskadi.net/diru_laguntza/2014/nolega/y22-izapide/eu gunean aurkeztuko dira.

2.– Deialdi honetan parte hartuko dutenek, eskabideak 2014ko irailaren 1a eta urriaren 1a bitartean (biak barne) aurkeztuko dituzte, hartara bereziki prestatutako eskabide normalizatuetan bakarrik. Epe hau hasi aurretik edo bukatu eta gero ezin izango da eskabiderik aurkeztu.

3.– Ikastetxe bakoitzak eskabide-orri bakar bat aurkeztu ahal izango du deialdi honetara. Saioen, emanaldien edota trukeen zehaztasun guztiak aipatu eskabidean eta eranskinetan jasoko dira.

4.– Administrazioan jasotako eskabidean hutsune edo osatu beharren bat sumatzen bada, honen berri emango zaio eskatzaileari eta 10 eguneko epea emango, bere eskabidea ondo osa dezan. Epe horretan eskabidea osatzen ez badu, ikastetxeak bere eskabideari uko egin diola ulertuko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 42. artikuluan ezarritakoaren arabera.

11. artikulua.– Diru-laguntzak esleitzeko prozedura.

Baldintzak betetzen dituzten ikastetxe guztiek diru-laguntza jasoko dute.

1.– Ezarritako mugak errespetatuz eta finkatutako irizpideak erabiliz emango dira diru-laguntzok. Laguntzaren zenbatekoak, ezingo du eskatutakoaren % 100a gainditu, ez eta ikastetxe bakoitzeko 3.000 euroko muga ere.

2.– Baldintzak betetzen dituzten ikastetxe guztiak dira diru-laguntzen onuradun. Eskabideak aztertu eta ondorengo irizpideak kontuan hartuta laguntza-proposamenak egiteko ikastetxe bakoitzari puntuazio bat esleituko zaio. Deialdiak duen diru-baliabidea puntuazio horien arabera banatuko da.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Beraz, Puntuazio Orokorra = Oinarrizko Puntuazioa + Graduatzaileak

12. artikulua.– Balorazio-batzordea.

Eskabideak aztertu eta aurreko artikuluan ezarritako irizpideak kontuan hartuta laguntza-proposamenak egiteko, honako kide hauez osaturiko batzordea izendatuko du Hezkuntza sailburuordeak:

– Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaria edo berak izenda dezan ordezkoa: mahaiburu izango da.

– Berritzeguneetako hizkuntza-normalkuntzako bi teknikari.

– Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren Euskara Zerbitzuko bi teknikari. Hauetako bat idazkari lanetan ibiliko da.

13. artikulua.– Ebazpena.

Batzordeak deialdiaren ebazpen-proposamena eta batzordearen akta helaraziko dizkio Hezkuntza sailburuordeari, eta honek dagokion Ebazpena hartu eta sei hilabeteko epean jakinaraziko du, Agindu hau argitara eman eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

Ebazpena ikastetxe bakoitzari helaraziko zaio batetik, eta bestetik EHAAn argitara emango da bere publizitaterako.

Aipaturiko epean ebazpen espresurik ematen ez bada, eskabidea ez dela aintzakotzat hartu ulertuko da. Aginpidedun organoak, eskatutako diru-laguntzari buruzko berariazko ebazpena emateko betebeharra du.

Ebazpen horrek ez du administrazio-bidea agortzen eta bere aurka gorako errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren aurrean, argitaratu eta hilabeteko epean.

14. artikulua.– Diru-laguntzaren ordainketa.

Aurretiazko izaera duen ordainketa bakarrean gauzatuko da ordainketa eta Ebazpena argitaratu ondoren jarriko da tramitean. Diru-laguntza ematearen jakinarazpena jasotzen den egunetik hasi eta hamar eguneko epean ikastetxe onuradunek diru-laguntzari espresuki uko ez badiote egiten, diru-laguntza onartutzat joko da.

15. artikulua.– Diru-laguntzaren justifikazioa.

Diru-laguntza jasotzen duten ikastetxeek, 2015ko ekainaren 1etik uztailaren 1era bitartean edukiko dute irekita berariaz sortutako honako aplikazio informatikoan elektronikoki bete ahal izateko: http://www.euskadi.net/nirekudeaketak. Bertan, urtean zehar ikastetxeetan euskararen erabilera bultzatzeko ekintzen balorazio eta emaitzen galdeketa-memoriak eta diru-justifikazioa aurkituko dituzte betegarri. Data hauek hasi aurretik edo bukatu eta gero ezin izango da justifikaziorik bete.

16. artikulua.– Onuradunaren betebeharrak.

Diru-laguntza jaso duten ikastetxeek, honako betebehar hauek izango dituzte:

1.– Diru-laguntza eskabide informatikoan zehaztutako helburu zehatzetarako erabili beharko dute.

2.– Eskabidean aurreikusitako egitasmoa gauzatu beharko dute.

3.– Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean xedatutakoari jarraituz, hizkera sexistarik ez erabiltzea, eta gizonen eta emakumeen rolei dagokienez, erabilera estereotipaturik ez egitea.

4.– Agindu honetan zehazten diren bestelako beharrak.

17. artikulua.– Datu Pertsonalen Babesa.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz, deialdi honen tramitazioan jasotako datu pertsonalak, parte-hartzaileek erabiltzea eta argitaratzea baimentzen dituztenak, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari dagokion Nolega izeneko 4. fitxategian jasoko dira. Fitxategi honen helburua, deialdi honetako diru-laguntzak eta deialdi honekin zer ikusia duten beste edozein prozedura edo espediente administratibo kudeatzea, eta deialdi honetara aurkezten diren pertsonei deialdiaren garapenari buruz informazioa ematea izango da. Fitxategi honen arduraduna Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritza da. Lege horretan adierazitako sarbide-, zuzenketa-, ezabatze- eta aurkatze-eskubideak erabiltzeko Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzara jo beharko da, helbide honetara: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

Halaber, deialdi honetan parte hartu duten pertsonek Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari baimena ematen diote beste erakunde publiko batzuetan, aurkeztutako dokumentuen benetakotasuna egiaztatzeko.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko uztailaren 24a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.


Azterketa dokumentala