Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

154. zk., 2014ko abuztuaren 18a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
3552

AGINDUA, 2014ko uztailaren 30ekoa, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte-ekonomiako enpresetan laguntza teknikoa emateko diru-laguntzak arautzen dituena.

Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak etengabeko apustua ari da egiten kooperatiba eta lan-sozietateetan etengabe hobekuntza bultzatzeko eta kalitate handiko plangintza- eta kudeaketa-tresnak ezartzeko, eta, aurtengoan, apustu horren adibide, Aginduari atxikitako zuzkidura ekonomikoa dugu, zeinek aurreko ekitaldiko baliabide ekonomikoekiko % 50eko igoera baitakar.

Era berean, laguntza-lerro honen lehentasuna izango da, oraingoan ere, finantza-erakundeetan kredituak eskatzeko gizarte-ekonomiako enpresek aurkeztu beharra daukaten bideragarritasun-azterlana diruz laguntzea; izan ere, mundu mailako krisia dela-eta, egungo egoera makroekonomikoan oso zaila da kredituak eskuratzea.

Horren ondorioz, Euskal Autonomia Erkidegoko 2014. urteko Aurrekontu Orokorrak Onartzen dituen abenduaren 20ko 4/2013 Legea onartu denez, eta Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluak azaldutakoa entzunda, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da Eusko Jaurlaritzak, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren bitartez, kooperatiba eta lan-sozietate anonimoen kudeaketa hobetzeko egiten diren laguntza teknikorako 2014an emango dituen laguntzak arautzea.

2. artikulua.– Diru-laguntza zein jarduerak jaso dezakeen.

1.– Agindu honen ondorioetarako, honako hauek jotzen dira laguntza teknikoko ekintzatzat:

a) Urteko kudeaketaren plangintza eta planaren ezarpena.

b) Ordezkaritza handiena duten gizarte-ekonomiako erakundeek aldez aurreko derrigorrezko azterlan ekonomiko eta finantzarioa egitea, haien erakunde bazkidetuei bermeak emateko.

c) Kostua kalkulatzeko eta kontrolatzeko metodoak egitea eta ezartzea, Euskadi mailako erakunde adierazgarriek, kooperatibek edo lan-sozietateek antolatutako zerbitzu-antolaketatik eratorriak, arau legalak edo/eta estatutarioak betetzeko.

2.– Ekintzek 2014. urtean izan beharko dute hasiera. Aurreko paragrafoko b) idatzi-zatiko ekintzei dagokienez, honako hau hartuko da ekintzaren hasiera-datatzat: ordezkaritza handiena duten gizarte-ekonomiako erakundeek beren erakunde bazkidetuei bermeen prestazioa egingo dien erakundearekin hitzarmena sinatzen duten eguna.

3.– Ekintzak beranduenez 2015eko lehenengo seihilekoan bukatu beharko dira.

3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak eta emakidaren muga.

1.– Agindu honen xedea betetzeko, berrehun eta berrogeita hamar mila (250.000) euroko gehienezko kopurua erabiliko da guztira, honela banatuta: ehun eta berrogei mila (150.000) euroko ordainketa-kreditua 2014ko ekitaldirako, eta ehun mila (100.000) euroko konpromiso-kreditua 2015eko ekitaldirako. Zenbateko horiek eguneratu egin ahal izango dira aurrekontu-aldaketarik izanez gero, indarreko legeen arabera. Horrelakorik egiten bada, horren berri emango da, Enplegu eta Laneko sailburuordea ebazpen baten bidez.

2.– Agindu hau betearazteko dauden baliabideetatik 200.000 euro 2.1.a) eta 2.1.c) artikuluen ekintzak direla-eta onuradun gertatzen diren eskaerei erantzuteko erabiliko dira; eta gainerako 50.000 euroak 2.1.b) artikuluarekin zerikusia duten onuradunei erantzuteko.

3.– Bi ataletan baliabide ekonomikoak onuradun guztiei erantzuteko behar bestekoak ez badira, kalkulatutako diru-laguntzak hainbanatuko dira, atal bakoitzerako zein bere aldetik.

4.– 2.1 artikuluan zehaztutako bi ataletako bakoitzean eman beharreko diru-laguntza kalkulatu ondoren, bietakoren batek soberako saldoa badu, soberakin hori defizitario izan daitekeen beste atalari erantsiko zaio.

4. artikulua.– Bitarteko elektronikoak erabiltzea.

1.– Agindu honetako laguntzak jasotzeko eskabideak aurkezteko, bide presentziala zein elektronikoa erabili ahal izango da:

2.– Egoitza elektronikoan aurki daitezke izapideak egiteko argibideak, modu presentziala edo elektronikoan, bai eta eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako eredu guztiak ere, honako helbide honetan:

– http://www.gizartelan.ejgv.euskadi.net/r45-econosoc/eu/

3.– Eskabidea izapidetzeko eta agiriak aurkezteko bide bat edo bestea erabiltzeak, hau da, aurrez aurrekoa edo elektronikoa erabiltzeak, ez du esan nahi aurrerantzean ere prozedurako gainerako izapideak egiteko bide bera erabili behar denik, eta nahi den bidea erabil daiteke une bakoitzean.

4.– Eskabidea egin ondoko izapideak, bide elektronikoaren bitartez egiten badira, honako helbide honetan egingo dira: www.euskadi.net/nirekudeaketak

5. artikulua.– Onuradunak.

1.– Agindu honetako 2.1.a) eta 2.1.c) artikuluetan bildutako jarduerak egiteko laguntzak Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza duten kooperatiba eta lan-sozietateek lor ditzakete (azken urteotan sortu edo eraldatu badituzte), baldin eta erakunde aholku-emaile edo ordezkaritza duen gizarte-ekonomiako erakunde baten aholkularitza badute eta kudeaketarako tresna horiek ezartzeko laguntza publikorik jaso ez badute lehendik.

2.– Agindu honetako 2.1.b) artikuluan bildutako jardueretarako laguntzak gizarte-ekonomiako enpresen elkartze-entitateek lor ditzakete.

6. artikulua.– Aholkularitza-erakundeak.

Gai horretan bere balioagatik ezagunak diren aholkularitza-erakundeek, pertsona fisikoek edo juridikoek, aurreko artikuluan aipatzen direnek, ondoko baldintzak bete beharko dituzte:

a) Egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan edukitzea edo lantegiren bat bertan edukitzea.

b) Bere jarduera enpresa-aholkularitza izatea.

c) Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako zentroetan goi-mailako tituludunak izatea, aurreko idatzi-zatietan aipatutako gaietan gizarte ekonomiako enpresetan ziurtatutako esperientzia dutenak.

d) Lanaren gaineko ardura duen aholkulariak aholkularitzako enpresan gutxienez hiru urteko esperientzia edukitzea ziurtatu beharko du.

e) Aholkulariek edo haiek partaide diren aholkularitza-enpresek ezin izango dute inolako loturarik izan, ez zuzenean ez zeharka, laguntzak eskatzen dituzten erakundeekin, ez akzioen ez partizipazioen bidez.

7. artikulua.– Onuradunen baldintzak.

Agindu honetako laguntzak lortu ahal izateko, onuradunek honako baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Legez eratuta egotea eta dagokien erregistroetan behar bezala inskribatuta egotea.

b) Lantokia(k) eta egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoan edukitzea.

c) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzea, arlo horretan Ogasun eta Finantza Sailak xedatzen duenarekin bat etorriz.

d) Alta emanda egon beharko dute Ogasun eta Finantza Sailaren Hirugarrenen Erregistroan. Interesduna erregistratuta ez badago edo Ogasun eta Finantza Sailaren Hirugarrenen Erregistroan dituzten banku-datuak aldatu nahi izanez gero, helbide hauetara jo beharko da alta emateko edo datuak aldatzeko:

– Aurrez aurreko bidea erabiliz:

http://www.ogasun.ejgv.euskadi.net/r51-341/eu/contenidos/autorizacion/alta_terceros/eu_7999/hirugarrenaren_alta.html, helbidean jasotako ereduaren araberako formularioa.

– Bide elektronikoa erabiliz:

http://www.ogasun.ejgv.euskadi.net/r51-341/eu/contenidos/autorizacion/alta_terceros/eu_7999/hirugarrenaren_alta.html, helbidean jasotako ereduaren araberako formularioa.

e) Diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzea galarazten duen zehapen penal edo administratiborik ez izatea, edo ez egotea horretarako desgaitzen duen legezko debeku baten pean. Orobat, agindu honetan aurreikusitako laguntzak eman, eta, hala behar badu, ordaindu ahal izateko, onuradunak amaituta eduki beharko ditu Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomiadunek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi diren itzultze- edo zehapen-prozedura guztiak, prozedura horiek oraindik izapidetze-aldian badaude, behintzat.

f) Lan-segurtasun eta osasunari buruzko arauek ezarritako baldintzak betetzea, Prebentzio Zerbitzuen Erregelamendua onartzen duen urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuan ezarritakoa betez.

g) Entitate eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, administrazio honi edo beste administrazio publiko batzuei xede eta helburu berberaz eskatutako beste edozein laguntza (emanda, eskatuta nahiz izapideak egiten) zein egoeratan dagoen adierazten duena.

8. artikulua.– Onuradunek baldintzak egiaztatzea.

1.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren aldaketa aplikatzeko, erantzukizunpeko adierazpen baten bidez egiaztatu beharko dira aurreko artikuluan adierazitako baldintzak. Eskabidean ere adierazpen hori azaldu beharko da.

2.– Herri-administrazioen egiaztatze-, kontrolatze- eta ikuskatze-ahalmenak gorabehera, eskabideek aukera emango dute laguntza jasotzen duen erakundeek idatziz onar dezaten organo kudeatzaileek datuak lortu edo egiaztatu ahal izango dituztela.

3.– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela egiaztatzen duen dokumentazioa egiaztatu egingo du organo kudeatzaileak, behar beste aldiz, eta horretarako ez du eskatzaileen baimenik beharko, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren aldaketa aplikatuz.

4.– Halaber, erakunde eskatzaileak adierazi beharko du egiazkoak direla eskaeran eta harekin batera aurkeztutako dokumentuetan agertzen diren datuak, eta betetzen dituela diru-laguntza jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako betekizunak.

9. artikulua.– Eskabideen aurkezpena: modua eta epea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta biharamunetik aurrera.

2.– Agindu honetako I. eranskinean jasotako inprimaki normalizatuan aurkeztuko dira diru-laguntza eskabideak, eta euskadi.net helbide elektronikoan eskura daiteke inprimaki hori.

3.– Eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez dezakete, nahi duten eran. Orobat, prozeduran zehar, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 oinarrizko Legearen 6.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

4.– Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren lurralde-ordezkaritzetan edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako organoetan, behar bezala betetako eskabide normalizatuaren bidez. Bide elektronikoa baliatzen duten eskabideak helbide honetatik bideratuko dira: https://euskadi.net/nirekudeaketak

5.– Eskabidearekin batera, hurrengo artikuluan adierazten diren agiriak aurkeztu behar dira.

10. artikulua.– Nahitaez aurkeztu beharreko agiriak.

1.– Diru-laguntza jasotzeko eskariarekin batera, justifikazioko memoria aurkeztu behar da, bai eta diru-laguntza jaso dezaketen jarduerak gauzatzeko aurreikusitako lan-plana ere. Plan horretan, iraupena, metodologia eta kalkulatutako aurrekontu zehaztua adierazi behar dira.

2.– Gainera, 2.1.a) eta 2.1.c) artikuluetako jarduerei buruzko eskariekin batera, beste dokumentu hauek ere aurkeztu behar dira:

a) Agindu honen 5.1. artikuluan adierazitako aholkularitza-erakunde baten laguntza eta lankidetzako konpromisoa dagoela agertzen duen agiria, hau da, harekin egindako kontratua edo eskaera irmoaren agiria, erakunde horrek agindu honetako 6. artikuluko baldintzak betetzen dituela agertzen duten frogagiriekin batera.

b) 2013ko ekitaldiko balantze ekonomikoa eta emaitzen kontua.

c) Aholkulariaren edo aholkularitza-lanaren arduradunaren curriculuma.

d) Erakunde eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, aholkularitzarekin edo pertsona fisiko aholkulariarekin, ez zuzenean ez zeharka, ez akzioen ez partizipazioen bidez, inolako loturarik ez duela adierazten duena.

3.– 2.1.c) artikuluaren kasuan, elkartze-erakundearen ziurtagiria, egiaztatzen duena agindu horrek aipatzen duen zerbitzuaren antolaketa.

11. artikulua.– Eskabidearen akatsen konponketa.

Eskabideak oso-osorik betetzen ez badira edo derrigor aurkeztu beharreko agiriekin aurkezten ez badira, eskatzaileari hamar eguneko epea emango zaio, akatsa zuzendu dezan edo falta diren agiriak aurkez ditzan, eta ohartaraziko zaio ezen, agindutakoa bete ezean, eskariari uko egin diola ulertuko dela. Kasu horretan, Administrazioak eskariari buruzko ebazpena espresuki eman beharra dauka, baita jakinarazi beharra ere, hala xedatuta baitago Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 71.1 eta 42.1 artikuluetan.

12. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoa eta zenbateko hori zehazteko irizpideak.

1.– Baldintzak betetzen dituzten eskariei ondorengo zenbatekoak egokituko zaizkie:

a) Agindu honen 2.1.a artikuluan aurreikusitako ekintzetarako: aholkularitza-enpresaren jardueraren % 75; gehienez ere, sei mila (6.000) euro zuzeneko onuradun den erakundearentzat.

b) Agindu honen 2.1.b artikuluan aurreikusitako ekintzetarako: entitate bazkidetu bakoitzaren azterlanaren % 75, eta, gehienez ere, hogeita bost mila (25.000) euro zuzeneko onuradun den entitatearentzat.

c) Agindu honen 2.1. artikuluaren c) atalean aurreikusitako jardueretarako: kontsultariaren jardunaren kostuaren % 75, asko jota hiru mila (3.000) euro erakunde onuradunarentzat.

2.– Diru-laguntzen zenbatekoa zehazteko kontuan hartuko da baliabide ekonomikoen premia objektiboa, eta behar handienak egiaztatzen dituzten enpresak lehenetsiko dira. Ildo horretan, onuradunek lortutako mozkinek 150.000 euroko muga gainditzen badute aurreko ekitaldian, % 25 murriztuko dira aurreko paragrafoen adierazitako ehunekoak.

13. artikulua.– Beste diru-laguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Deialdi honetan araututako diru-laguntzak bateragarriak dira arrazoi eta xede beragatik bestelako administrazioek edo erakunde publikoek ematen dituzten bestelako laguntzekin. Nolanahi ere, diru-laguntzen zenbatekoa ezin da diruz lagundutako jardueraren kostu osoa baino handiagoa izan, ezta agindu honetako 12 artikuluan aurreikusitako gehienezko zenbatekoa baino handiagoa ere.

2.– Agindu honetako laguntzak eta onuradunak beste administrazio publiko edo erakunde publiko batzuetatik arrazoi eta xede beregatik jasotzen dituen bestelako laguntzak pilatzen badira, eta laguntza horien baturak laguntza-gai den jardueraren kostua edo agindu honetako 12 artikuluan aurreikusitako gehienezko zenbatekoa gainditzen badu, orduan soberakin horren bateraezintasuna deklaratuko da, eta, kasua bada, murriztu egingo da Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak eman beharreko laguntzaren zenbatekoa.

3.– 2014ko ekitaldiri dagokionez gizarte-ekonomiako ekintzailetzaren arloan, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak berak kudeatzen dituen laguntzak ez dira bateragarriak 2.1.a) artikuluan jasotakoarekin; betiere, gizarte-ekonomiako ekintzailetza sustatzeko aipatu laguntzen barruan, erakunde sustatzaile bati diruz laguntzea badakar eta horren barnean erakunde eskatzailearentzako aholkularitza eta segimendua sartzen badira.

14. artikulua.– Kudeaketa, ebazpena, epea eta publizitatea egiteko prozedura.

1.– Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritza izango da Agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzak kudeatzeko organo eskuduna.

2.– Gizarte Ekonomiaren zuzendariak berariaz emandako ebazpenaren bidez emango edo ukatuko dira Agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzak.

Ebazpen horrek administrazioarekiko bidea agortzen ez duenez, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Enplegu eta Laneko sailburuordeari, hilabeteko epean jakinarazpen-egunaren biharamunetik kontatzen hasita, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 114. eta 115. artikuluetan xedatutakoari jarraiki.

3.– Agindu hau indarrean sartzen den unetik zenbatzen hasi eta sei hilabete igaro ondoren berariazko ebazpenik ematen eta jakinarazten ez bada, eskabideei ezezkoa eman zaiela ulertuko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 44.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, Administrazioak berariaz ebazteko duen obligazioaren kaltetan izan gabe.

4.– Publizitate-printzipioa betetzeko, Gizarte Ekonomiaren zuzendariaren ebazpenaren bidez honako hau emango da jakitera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian: alde batetik, agindu honen babesean diru-laguntza zein entitatek jaso duten eta zenbateko laguntza jaso duten, eta, bestetik, zeini emandako diru-laguntzak aldatu diren. Nolanahi ere, ebazpena espresuki eta banan-banan ere jakinarazi ahal izango da.

15. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzeko eta justifikatzeko modua.

1.– Deialdi honen babesean emandako diru-laguntzak honela ordainduko dira:

a) Estreinako, diru-laguntzaren guztizkoaren % 60, diru-laguntza emango dela jakinarazi eta biharamunetik zenbatzen hasita hamabost egun igarotakoan, betiere esanbidez uko egin ez bazaio.

b) Bigarren zatia, gainerako % 40, diruz lagundutako jarduerak amaitzen direnean. Bigarren ordainketa egiteko, onuradunak honako dokumentu hauek aurkeztu beharko ditu:

– Diruz lagundutako gastu guztiei buruzko txostena eta egiaztagiriak: jatorrizko fakturak edo konpultsatutako fotokopiak, eta egindako lanen kopia.

2.– Aurreko puntuan adierazitako agiriak aurkezteko epea 3 hilabetekoa izango da gehienez (diruz lagundutako ekintzak amaitzen direnetik kontatzen hasita), eta, edonola ere, 2015eko irailaren 30ra artekoa.

3.– 2.1.a) artikuluko jarduera dela-eta diru-laguntza jaso dezaketen eta egiaztatzen diren gastuak bat etorriko dira onuradunek egiaz ordaindutako gastu errealekin, eta ordaindutako faktura originalen edo froga-balio bera duten kontularitza-agirien bidez egiaztatu beharko dira.

16. artikulua.– Diru-laguntzen baldintzak aldatzea.

Diru-laguntzaren helburua konplitutzat jo delarik, diru-laguntza hori emateko kontuan izandako baldintzak aldatuz gero nahiz beste edozein administrazio publikok emandako diru-laguntzak pilatuz gero, diru-laguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da. Horretarako, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak aldaketa-ebazpena emango du. Ebazpen horren bidez, emandako diru-laguntzen zenbatekoak egokitu egingo dira, eta onuradunek itzuli beharko dituzte soberakinak.

17. artikulua.– Arauak ez betetzea eta erantzukizunak.

Diru-laguntza jaso duen erakunde onuraduna Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53.1 artikuluan aipatzen diren kasuetako batean badago, edo agindu honetan, aplikatu beharreko gainerako arauetan edo diru-laguntza emateko ebazpenean ezarritako baldintzaren bat ez badu betetzen, Gizarte Ekonomiaren zuzendariak, ebazpen baten bidez, ordaintzeko dauden kopuruak jasotzeko eskubidea galdu duela adieraziko du, eta, hala badagokio, jasotako laguntza eta diru-laguntza ordaindu zaionetik aplikatu beharreko legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Orokorrari itzuli behar dizkiola, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoaren arabera dagozkion gainerako ekintzak aparte utzi gabe. Dekretu horren bitartez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautu zen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezarri ziren. Diru-kopuru horiek sarrera publikotzat hartuko dira, dagozkien legezko ondorioetarako, eta erantzukizunen erregimena hauxe izango da: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 64. artikuluan ezarritakoa.

18. artikulua.– Dirua itzultzeko prozedura.

Aurreko artikuluan aurreikusitako ez-betetzeen kasuan, honako hau izango da jasotako laguntzen itzultze-prozedura:

a) Ebazpen baten bidez, dirua itzultzeko prozedura hasi dela eta prozedura hori zergatik hasi den jakinaraziko dio Gizarte Ekonomiaren zuzendariak interesdunari, eta 15 eguneko epea emango dio, bidezko iritzitako alegazioak egin ditzan.

b) Alegazioak jasota edo batere aurkeztu gabe igaro bada epea, Gizarte Ekonomiaren zuzendariak ebazpena emango du, zeinetan, beharrezkoa bada, kopuru egokian EAEko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko obligazioa xedatuko den; horretako epe bi hilabetekoa delarik, ebazpena jakinarazten denetik hara.

Itzultzeko prozedura, gehienez ere, sei hilabetean ebatzi behar da.

c) Kopuru horiek borondatezko epean itzultzen ez badira, horren berri emango zaio Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Saileko Ogasun eta Finantzetako Sailburuordetzari, hark, aplikatu beharreko lege-araudian xedatutakoa betez, premiamendu-bideari ekiteko.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Minimis araua.

Agindu honen 2.1.a) artikuluko kasuan bakarrik, laguntza edo diru-laguntzek honako arau hau errespetatu beharko dute: 1407/2013 (EE) Erregelamendua, Batzordearena, 2013ko abenduaren 18koa, Minimis laguntzen inguruko Ituneko 87. eta 88. artikuluak aplikatzeari buruzkoa (EBAOren 352. zk., 2013/12/24koa). Laguntza horiek minimis gisa sailkatzen dira; izan ere, pertsona fisiko edo juridiko bati emandako laguntza guztizkoak ez du gainditzen 200.000 euroko zenbatekoa, hiru ekitaldi fiskaleko ezein alditan. Uste da ezen muga horretatik behera laguntzek ez diotela eragiten merkataritzari eta ez dutela lehia faltsutzen; hortaz, ez dira sartzen Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107.1 artikuluaren aplikazio eremuan.

Dagokion ekitaldi fiskalean jasotako beste minimis laguntza batzuk deklaratu egin beharko ditu laguntza-eskabidea egiten duenak; hala, Araudian ezarritako muga maximoa ez duela gainditzen minimis laguntza berriak. Bigarren eranskinean, minimis laguntzak deklaratzeari buruzko eta beste finantzatze-bide batzuei buruzko deklarazio-eredua jasotzen da.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA.– Erregimen osagarria.

Dekretu honetan aurreikusita ez dagoenerako, honako hauek aplikatuko dira: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako EAEko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren VI. Tituluaren aurreikuspenak, eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA.– Errekurtsoak.

Agindu honen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera (Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 107. artikulua eta hurrengoak). Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke zuzenean EAEko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, betiere, uztailaren 13ko 29/1998 Legeko 10.1.a eta 46,1. artikuluetan ezarritakoa betez (29/1998 Legeak Administrazioarekiko Auzietarako Jurisdikzioa arautzen du).

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko uztailaren 30a.

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua,

JUAN MARÍA ABURTO RIQUE.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala