Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

155. zk., 2014ko abuztuaren 19a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
3557

AGINDUA, 2014ko uztailaren 30ekoa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko esnetarako behien abeltzaintza-ustiategietan abereen ongizatea hobetzeko laguntzei buruzko maiatzaren 29ko 100/2012 Dekretuan ezarritako 2014. urteko laguntzetarako dei egiten duena.

2012ko ekainaren 25ean, Euskal Autonomia Erkidegoko esnetarako behien abeltzaintza-ustiategietan abereen ongizatea hobetzeko laguntzei buruzko maiatzaren 29ko 100/2012 Dekretua argitaratu zen. Dekretu honen bidez, esnetarako behien abeltzaintza-ustiategiei lagundu nahi zaie. Laguntza horiek jaso ahal izateko, abereen ongizatea hobetzeko neurriak hartu beharko dituzte, eta neurriok arlo honetan dagoeneko nahitaezkoak direnak baino eskakizun handiagoak izan beharko dituzte.

Agindu honen bidez, 2014. urterako laguntzetarako deia egin nahi da, maiatzaren 29ko 100/2012 Dekretuaren 6. artikuluarekin bat etorriz. Artikulu horren arabera, nekazaritza eta abeltzaintza arloetan eskumena duen saileko pertsona titularrak egingo duen agindu baten bidez, dekretu honetan jasotako laguntzen deialdia egingo du, eta hala, eskabideak aurkezteko epea zabalduko da. Laguntza horiek jasotzeko gutxienez 5 urteko kontratua sinatu behar denez, bereizketa egiten da laguntza lehenengo aldiz eskatu dutenen eta konpromisoa sinatu aurreko ekitaldietan eskatu dutenen artean.

Bestetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontuen Araubideari buruz indarrean dauden lege-xedapenen Testu Bategina onetsi duen irailaren 27ko 1/1994 Legegintzako Dekretuak eta Euskal Autonomia Erkidegoko 2014ko Aurrekontu Orokorrak onetsi dituen abenduaren 20ko 4/2013 Legeak bide ematen dute aurtengo laguntzen deialdia egiteko.

Hori dela eta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Deialdia.

Agindu honen bidez, esnetarako behien abeltzaintza-ustiategietan abereen ongizatea hobetzeko laguntzei buruzko maiatzaren 29ko 100/2012 Dekretuan ezarritako laguntzetarako dei egiten da, 2014. urteari begira.

Bigarrena.– Eskabideak aurkeztea.

Laguntza-eskabideak eta aurreko ekitaldietan hartutako konpromisoen urteko ordainketa-eskabideak Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariari bidali behar zaizkio. Nekazaritzako Eskualdeetako Bulegoetan edo Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko bulegoetan (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz) aurkez daitezke, edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritako beste edozein tokitan, agindu honetako eranskinetan dauden eskabide-ereduekin bat etorriz. Eredu edo inprimaki horiek Nekazaritzako Eskualdeetako Bulegoetan eta www.nasdap.ejgv.euskadi.net web-orrian daude eskura.

Hirugarrena.– Eskabideak aurkezteko epea.

Laguntzak jasotzeko eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa egongo da, agindu hau argitaratu eta biharamunetik hasita.

Laugarrena.– Dokumentazioa.

1.– Laguntzak aurreneko aldiz eskatzen dituztenek agindu honetako II. eranskineko ereduaren arabera aurkeztu beharko dute eskabidea, dokumentazio honekin batera:

● Erreferentzia kopuruaren titularraren NAN. Ustiategi asoziatiboa bada, erakundearen IFKaren kopia.

● Nekazaritza-ustiategiaren txartel-zenbakia.

● Programa hau kudeatzen duen organoak automatikoki egiaztatuko du Gizarte Segurantzarekiko kotizazio-betebeharrak betetzen diren eta dagokion foru-ogasunari ordaindu beharreko zergak egunean dauden.

● Nekazaritza-politika bateratuaren (NPB) zuzeneko laguntzak eskatzeko epea amaitzean ustiategian dauden abereen errolda. Ustiategia errendimendua kontrolatzeko programa bati atxikita egonez gero, atxikipenaren egiaztagiria, programa hori kudeatzen duen erakundeak emandakoa. Laguntza horiek kudeatzen dituzten administratzaileek eman ahalko dituzte datu horiek, baldin eta haien esku badaude.

● Erantzukizunpeko adierazpena, hau guztia adierazteko: eskabidean jasotako informazioa egiazkoa dela; bestelako administrazio edo entitate publiko eta pribatuetatik helburu bererako diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak jaso dituela, edo ez; ez dagoela lehen jasotako laguntzaren bat itzultzeko prozedura baten edo zigortzeko prozedura baten eraginpean edo prozedura hori amaitu dela; ez duela diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzea galarazten dion administrazio edo zigor arloko zigorrik eta legezko debekurik; aurkeztutako agiri guztiak egiazkoak direla.

● Halaber, zer neurrirentzako laguntza eskatzen den, neurri horietako bakoitzaren dokumentazio espezifikoa aurkeztu beharko da. Maiatzaren 29ko 100/2012 Dekretuaren I. eranskinean esaten da zer dokumentazio dagokion neurri bakoitzari.

2.– Laguntzak aurreko ekitaldietan ere eskatu eta dagokion konpromisoa sinatu dutenek urteko ordainketa-eskabidea aurkeztu beharko dute, agindu honetako III. eranskineko ereduaren arabera, dokumentazio honekin batera:

● Hartutako konpromisoak betetzen dituela eta hori egiaztatzeko kontrolak egiten dituela dioen zinpeko adierazpena.

● Nekazaritza-politika bateratuaren (NPB) zuzeneko laguntzak eskatzeko epea amaitzean ustiategian dauden abereen errolda. Ustiategia errendimendua kontrolatzeko programa bati atxikita egonez gero, atxikipenaren egiaztagiria, programa hori kudeatzen duen erakundeak emandakoa. Laguntza horiek kudeatzen dituzten administratzaileek eman ahalko dituzte datu horiek, baldin eta haien esku badaude.

● Laguntza lehenengo aldiz eskatzean egindako adierazpenetan eta aurkeztutako agirietan egon diren aldaketak, halakorik egon bada.

Bosgarrena.– Diru-laguntzen zenbateko osoa.

1.– Agindu honen arabera eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura 2014ko ekitaldian eman beharreko laguntzen gehieneko zenbatekoa, guztira, 500.000 euro da.

2.– Erabaki honetan ebatzitako diru-kopuru osoa gehitu daiteke, indarrean dagoen legerian kredituak lortzeko edo aurrekontuak aldatzeko aurreikusten den erregimenari jarraiki. Kasu horretan, eta laguntzak ebatzi aurretik, horren berri emango da, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako Sailburuordearen ebazpen bitartez, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dena.

Seigarrena.– Errekurtsoak.

Agindu honek bukaera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete interesdunek Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuari, hilabeteko epean. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, bi hilabeteko epean. Kasu bietan, agindua argitaratu eta biharamunean hasiko da epea.

Zazpigarrena.– Ondorioak.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean agindu hau.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko uztailaren 30.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala