Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

158. zk., 2014ko abuztuaren 22a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
3598

AGINDUA, 2014ko uztailaren 16koa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena, urriaren 7ko 171/2008 Dekretuan aurreikusitako laguntzen 2014ko ekitaldirako deialdia iragartzen duena. Dekretu horren bidez arautzen dira Euskal Autonomia Erkidegoko landa-inguruneak sustatzeko eta garatzeko laguntza-lerroak (EREIN programa).

Urriaren 7ko 171/2008 Dekretuak arautzen du Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza-eremuak sustatzeko eta garatzeko diru-laguntzak ematea (2008ko urriaren 21eko EHAA, 201. zk.).

Dekretu horren 6.2 artikuluak ezartzen duenez, dekretu honetan araututako laguntzen deialdia egingo da urtero, laguntza-eskaerak aurkezteko epeak zabalduko dira, aurrekontuko kreditu erabilgarriaren berri emango da eta laguntzen diren proiektuen iraupena zehaztuko da. Alderdi horiek guztiek ezin izango dituzte inola ere dekretu honetan ezarritakoak urratu.

Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretu bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko 49.5 artikuluan ezartzen duenez, Euskal Autonomia Erkidegoko ekitaldi ekonomiko bakoitzeko Aurrekontu Orokorrak indarrean sartu eta gero iragarriko da bere garaian indarraldi mugagabearekin arautu ziren diru-laguntzei dagokien deialdia. Beraz, Euskal Autonomia Erkidegoko 2014ko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 20ko 4/2013 Legea onartu eta gero, deialdi hori iragarri behar da.

Horiek horrela, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Xedea.

Agindu honen xedea da iragartzea urriaren 7ko 171/2008 Dekretuan aurreikusitako laguntzen 2014ko ekitaldirako deialdia. Dekretu horren bidez arautzen dira Euskal Autonomia Erkidegoko landa-inguruneak sustatzeko eta garatzeko laguntza-lerroak (EREIN programa).

Bigarrena.– Eskabideak aurkezteko epea.

Hilabetekoa izango da urriaren 7ko 171/2008 Dekretuan aurreikusitako laguntzen 2014ko ekitaldirako deialdian eskabideak aurkezteko epea, agindu honek eragina izaten duen egunetik aurrera.

Hirugarrena.– Eskabideak.

Agindu honen bidez iragarritako laguntzak eskatzeko, jatorrizko eskabideak eta haien kopiak aurkeztu beharko dira, erakunde laguntzailean edo Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritzan, izan zuzenean zein Landa Inguruneko Elkarteen bidez. Nolanahi ere, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako edozein bide erabili ahal izango da. Eskabide-inprimakiak –agindu honen bidez onartuak– web-orri honetan daude: www.nasdap.ejgv.euskadi.net. Eredu horren arabera, eskatzaileek adierazten dute ezen, ez daudela Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legeko 50. artikuluko 5. paragrafoan zehaztu ezein zirkunstantziatan (Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenaren araberakoa da aipatu paragrafo hori).

Laugarrena.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Hargatik eragotzi gabe indarreko legediaren arabera gerta litezkeen aurrekontu-bariazioak, 6.656.000 eurokoak dira Euskal Autonomia Erkidegoko 2014ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorren konturako aurrekontu-kredituak Euskal Autonomia Erkidegoko landa-inguruneak sustatzeko eta garatzeko laguntza-lerroak arautzeko urriaren 7ko 171/2008 Dekretuan xedatutakoa betetzeko; horietatik 2.156.000 euro 2014ko ekitaldirako ordainketa-kredituari dagozkio, eta 4.500.000 euro 2015eko ekitaldiko konpromiso-kredituari.

2.– Aurrekontu-ekitaldi honen barruan ematen diren laguntzak ezingo dira deialdi hau finantzatzeko guztizko gehieneko zenbatekoa baino handiagoak izan (urteko deialdia egiteko aginduak ezartzen duena edo agindua eguneratzean ezartzen dena), eta beti bete beharko dute indarrean dagoen legediak kredituak lotzeko edo aurrekontuak aldatzeko ezartzen duen araubidea.

3.– Funtsak ez badira diru-laguntza eskari guztiei erantzuteko behar bestekoak, Dekretuaren 10.3 artikuluan ezarritako irizpideen arabera puntuazio altuena lortzen dutenek jasoko dute laguntza, harik eta kreditua agortzen den arte, eta gainerako eskabideak ezetsita geratuko dira.

4.– Laguntza-lerroaren deialdiaren zenbateko osoa honela banatuko da:

(Ikus .PDF)

Bosgarrena.– Proiektuak gauzatzeko epea.

Inbertsioak eta/edo gastuak egiteko gehienezko epea Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendariaren bidez onartuko da. Urteko proiektuentzat, epea ezingo da 2014ko abenduaren 31 baino gehiago luzatu, eta, urte anitzekoentzat, 2015eko abenduaren 31 arte, eta ezin izango da 2014ko ekitaldia baino lehenago hasitakoa izan.

Seigarrena.– Justifikazioa, likidazioa eta ordainketa.

Deialdi honen babesean ematen diren diru-laguntzen justifikazioa, likidazioa eta ordainketa egingo da urriaren 7ko 171/2008 Dekretuaren 15. eta 16. artikuluetan eta zerga- eta aurrekontu-araudia aldatzeko eta finantza-araudira egokitzeko urriaren 29ko 7/2012 Legean –iruzurraren kontrako prebentzio-ekintzak eta iruzurraren kontra borrokatzeko ekintzak areagotzearren tributuen eta aurrekontuen gaineko araudia aldatu eta finantza-araudia egokitzekoa, zehazki, hornitzaileko eskudirutan gehienez egin daitezkeen ordainketei buruzkoa– xedatutakoaren arabera

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari. Beraren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa ezar dakioke Ingurumen, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ezar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko uztailaren 16a.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.


Azterketa dokumentala