Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

161. zk., 2014ko abuztuaren 27a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
3641

ERABAKIA, 2014ko uztailaren 10ekoa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluarena, AZP Funtzionarioaren Plangintza Batzordeak AZP funtzionarioari zerbitzuen betekizunak esleitzeko prozedura haztatua ezartzeko 2014ko uztailaren 1ean hartutako akordioa berresteko.

Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko pertsonalaren lan baldintzak arautzeko hitzarmenaren 65.2 artikuluak arautu egiten du orokorki zerbitzu betekizunaren irudia, lanpostu batean zein zenbait eginkizunetan aldi baterako jarduteko, nahiz eta hauek esleitzeko prozedura zehatzik ezartzen ez duen.

Artikulu honetan zedarritutakoa garatzearren eta negoziazio kolektiborako eskubideaz baliatuta, zenbait bitarteko gauzatu da jada, unibertsitate administrazioaren eta organizazio sindikalen ordezkaritzek denboran zehar adostutakoak, administrazio eta zerbitzuetako pertsonal funtzionarioaren plangintza batzordearen baitan, prozedura zehaztua eta irizpide objektiboetan oinarritutako prozedura ezarri asmoz.

2014ko uztailaren 1ean, alde biek akordio berri bat erdietsi dute gai honen inguruan, non aurreikusten baita Gobernu Kontseilu honek berretsi beharra eta, gerora, argitaratzea.

Horregatik guztiagatik, eta Gerentziak proposatuta, Gobernu Kontseiluak honakoa,

ERABAKI DU:

Lehenengoa.– AZP Funtzionarioaren Plangintza Batzordearen 2014ko uztailaren 1eko akordioa berrestea, AZP funtzionarioari zerbitzuen betekizunak esleitzeko prozedura haztatua ezartzeari buruzkoa. Akordioaren testua jarraian doa atxikita.

Bigarrena.– Argitara dadin 2014ko uztailaren 1eko akordioa UPV/EHUren iragarki tauletan eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

Leioa, 2014ko uztailaren 10a.

Errektorea,

IÑAKI GOIRIZELAIA ORDORIKA.

Idazkari nagusia,

JOSE LUIS MARTIN GONZALEZ.

AKORDIOA, 2014ko UZTAILAREN 1ekoa, AZP FUNTZIONARIOAREN PLANGINTZA BATZORDEARENA, AZP FUNTZIONARIOARI ZERBITZUEN BETEKIZUNAK ESLEITZEKO PROZEDURA HAZTATUA EZARTZEKO

UPV/EHUren gobernu kontseiluak, 2006.eko urriaren 5eko bileran, onetsi egin zuen AZP funtzionarioaren zerbitzuen betekizunak adjudikatzeko prozedura barematua, zentral sindikatuak eta administrazioak, aho batez, 2006.eko irailaren 22ko plangintza batzordean adostu bezala. Honela, osatu eta bete zen pertsonal funtzionarioaren lan baldintzak arautzeko akordioaren 65.2 artikuluak zekarren aurreikuspena, non, mota honen bidez lanposturik behin-behinekoz betetzeko biderik luketen kasuak zehaztu arren, ez baitzen deus aurreikusten prozedura barematuarekin bat etorrita egin beharreko adjudikazioaz, aipaturiko akordioaren eskutik estreinakoa gure unibertsitate administrazioaren arloan.

Gerora, zentral sindikalek eta administrazioak tresna berri bat onetsi zuten AZP funtzionarioari zerbitzuen betekizunak esleitzeko prozedura haztatua arautzeko, 2012ko maiatzaren 10eko erabakiaren bidez, UPV/EHUko gerentearen bi erabakik garatzen zutelarik.

Zerbitzuen betekizunaren irudia arautuko lukeen bitarteko berri bat ezartzeko premia ikusirik, hauek ezagutzea eta aplikatzea erraztuko dituelakoan, eta testu honen izpirituan dautzan postulatuak, AZP funtzionarioaren plangintza batzordeak 2014ko uztailaren 1ean egindako bileran agertarazitakoak, bete daitezen zaintzeko konpromisoan, aldeek honako akordio hau hartu dute.

AKORDIOA

Lehenengoa.– Helburua, arautzea eta izaera.

1.– Honako akordio honen helburua da UPV/EHUko Administrazio eta Zerbitzuetako funtzionarioentzat gordetako lanpostuak zerbitzu betekizunen bidez aldi baterako betetzeko prozedura zehaztea, lanpostuok betetzeko era lehiaketa bidezkoa denean.

2.– UPV/EHUko administrazio eta zerbitzuetako funtzionarioentzat gordetako lanpostuak aldi baterako betetzeko prozedura honako akordio honek, UPV/EHUko pertsonalaren lan baldintzak arautzeko hitzarmenak eta gai honetan aplikatzekoak liratekeen izaera orokorreko gainontzeko xedapenek jasotako postulatuekin bat etorrita burutuko da, betiere, prozeduraren objektibotasuna eta inpartzialtasuna bermatuta.

3.– Zerbitzu betekizunak aldi baterako izango dira beti, akordio honek ezarriko dituen iraupen eta ondorioekin eta zehaztutako aplikazio arauekin bat etorrita.

Bigarrena.– Zerbitzu eginkizunen motak.

Honako mota hauek zehazten dira zerbitzu eginkizunen artean:

1.– Lanpostu hutsak edo titularra kanpoan duten lanpostuak aldi baterako betetzeko zerbitzu betekizuna. Izaera horri egokituko zaizkio akordio honen hirugarren artikuluak jasotzen dituen baldintzak biltzen dituzten lanpostuak.

2.– Zerbitzu betekizuna, premiazko arrazoiengatik eta zerbitzuko beharrengatik. Zerbitzu betekizunen mota hau akordio honen zortzigarren artikuluan garatuko da. Bi mota bereiziko dira:

2.1.– Premiazko arrazoiengatik eta zerbitzuen premiek eraginda, karrerako pertsonal funtzionarioari zerbitzuen betekizunik esleituko ahal zaio lanpostu bati espezifikoki esleitu gabeko eginkizun zehatzak egin ditzan.

2.2.– Karrerako funtzionarioek zerbitzu eginkizunen izendapenik jaso ahal izango dute zenbait eginkizun burutzeko, aldi batean bolumen handikoak direlako edo abaguneari zor zaizkion arrazoiengatik, baldin eta eginkizunok esleituta dituzten lanpostuei adskribituriko pertsonal funtzionarioa nahikoa ez bada. Arestian aipatutako kasu bietan beharrezkoa da, aldez aurretik, zerbitzuen betekizuna jasoko lukeen funtzionarioaren adostasuna.

2.3.– Administrazio publikoen arteko zerbitzu betekizuna edo nazioarteko lankidetzarako programetan parte hartzeko diren zerbitzu betekizuna. Irudi hauek arautzeko, indarreko arautegiak kasu horietarako ezarritakoari jarraituko zaio.

2.4.– Nahitaezko zerbitzu betekizuna. Aplikatzekoa litekeen arautegi orokorrak arautu du.

Hirugarrena.– Eremu objektiboa.

1.– Irizpide orokorra.

Akordio honetan araututako prozedura nahitaez erabili beharko da, baldin eta lanpostu baten aldi baterako betetzea eskatu eta ondoko baldintzak betetzen badira:

1.1.– Lanpostua gutxien dela urte betean hutsik egongo dela aurreikusten denean; halako egoeratzat hartuko da lanpostuak titularrik ez daukanean edo titularra honelako egoeraren batean dagoenean: ardurapeko seme-alabak zaintzeko baimenarekin, zerbitzu berezietan, sindikatuko ordezkari lanak betetzen edo lanpostua gordeta izatea dakarren beste edozein egoeratan. Horrez gain, deia egiteko, lanpostua ondoko mailetako batekoa izan behar da:

– A taldea: 24. maila edo goragokoa.

– B taldea (Artxibo, biblioteka eta museoetako laguntzaileen eskala): 22. maila edo goragokoa.

– B taldea (Unibertsitate gestiorako eskala): 21. maila edo goragokoa.

– C taldea: 19. maila edo goragokoa.

– D taldea: 17. maila edo goragokoa.

– E taldea: 14. maila edo goragokoa.

1.2.– Sorrera berriko lanpostu berri guztietarako eta hutsik geratzen diren lanpostuak, aurreko paragrafoetan adierazitako mailen arabera; titulazio talde batera baino gehiagora irekita dauden lanpostuak.

2.– Irizpide espezifikoa.

Aurreko ataletan zehazten ez diren kasuetarako, nahi izanez gero, akordio honetan lehenagoko 3.1 atalean araututako prozedura erabili ahalko da, baina betiere, deitu beharreko lanpostua gutxienez sei hilabetez hutsik egongo dela edo lanpostuko titularra gutxieneko aldi horretan egongo ez dela aurreikusten bada.

3.– Salbuespenak.

Akordio honetan araututako prozeduran salbuespenak egin ahal izango dira. Horretarako, beharrezkoa izango da interesa duen zerbitzuak proposamena egitea, eragindako pertsonak hura onartzea eta Pertsonaleko Gerenteordetzak baimena ematea:

3.1.– Lanpostu bat aldi baterako betetzea, funtzionarioari, osasun arazoengatik, beste lanpostu bat esleitu behar zaionean. Horrelakoetan, 2005eko maiatzaren 13ko akordioan zehaztutako prozedurari jarraituz beteko da lanpostua.

3.2.– Zerbitzu betekizunetarako izendatuak uko egin dionean izendapenari, betiere, hiru hilabete baino gutxiago igaro badira akordio honetako prozedurari jarraituz deitutako zerbitzu betekizunak ebatzi direnetik. Horrelakoetan, zuzenean, prozeduran puntuazio handiena lortu duen hurrengo izangaiari egin dakioke izendapena.

3.3.– Zerbitzu betekizunean dagoen langileak lanpostua uzten badu titularra itzuli delako edo lanpostua gordeta izateko eskubidea zuen funtzionarioa itzuli delako edo izangaien artean eskubide handiagoa daukan norbaitek beteko duelako, eta 3 hilabete baino lehenago berriro ere lanpostua bete gabe geratzen bada. Kasu honetan, aukera egongo da zerbitzu betekizunetan zegoen langile hura berriro izendatzeko zerbitzuok betetzeko.

3.4.– Titularra 6 hilabetetatik behera egongo denean lanpostutik kanpo.

Laugarrena.– Eremu subjektiboa.

1.– Lanpostuak zerbitzu eginkizunaren bidez aldi baterako betetzeko deialdietan hartu ahal izango dute parte, ondoko baldintza hauek betetzen dituztenek:

a) UPV/EHUko karrerako funtzionarioa izan, eta jarduneko zerbitzuan badaude edo nahitaezko eszedentzian, seme-alabak zaintzeko eszedentzian, edo beste administrazio publiko batean aritzeko eszedentzian egonik edo borondatezko eszedentzia hartuta egonik lanera itzultzea eskatu badute, azken kasu honetan, eszedentzian eman beharreko gutxieneko denbora behin igarota.

b) Ondoko taldeetakoa izan:

b.1.– dei egindako lanpostuaren talde eta eskala berekoa badira, talde eta eskala bikoitzera irekitako kasuetan izan ezik. Lanpostuotan talde eta eskala bietako funtzionarioek hartu ahal izango dute parte.

b.2.– Talde berekoa baina beste eskala batekoa badira.

b.3.– Dei egindako lanpostuaren hurrenez hurreneko beheragoko talde eta eskalari badagozkio.

Parte har lezaketen pertsonen zerrenda hiru kidego hauen arabera taldekatuta egingo da eta lehenespen ordena zehazteko baliatuko da, 7. artikuluan zedarritutakoari jarraiki.

2.– Deialdi honetan parte hartuko ahal dute, era berean, UPV/EHUn bitarteko funtzionario izendatutako pertsonek, baldin eta dei egindako lanpostua betetzeko baliatu beharreko lan poltsatik badatoz. Hautatu ahal izango dira zerbitzuen betekizuna karrerako pertsonal funtzionarioari ezin adjudika badakioke.

3.– Lanpostu bat zerbitzu betekizunetan esleituta duten pertsonek ez dute aukerarik izango beste lanposturen batera prozedura beraren bidez joateko, aipatutako esleipen hori egin eta, gutxien dela, 12 hilabeteren epea iragan arte, salbuespenezko kasuetan izan ezik, non plangintza batzordearen txostena arauzkoa izanen baita.

4.– Kasu guztietan, izangaiak lanpostuen zerrendaren arabera lanposturi dagokion titulazio eta hizkuntza eskakizunaren betebeharrak izan beharko ditu, bai eta beste hizkuntza batzuetarakoak ere.

Bosgarrena.– Ekimena, publizitatea eta eskaerak.

1.– Lanpostuak aldi baterako betetzeko eskaria egiteko ekimena kasuan kasuko lanpostuaren adskripzioa duen atal edo zerbitzuko arduradunari dagokio.

Eskaera campuseko gerenteordeari igorri beharko zaio esleitu nahi diren eginkizunak dituen lanpostua campuseko ikastegi edo zerbitzu bati atxikita dagoenean; ordea, zerbitzu nagusietako lanpostua bada, Pertsonaleko gerenteordeari egin beharko zaio eskaera.

Edozelan ere, gerenteak ofizioz hasi dezake lanpostua zerbitzu betekizunetan betetzeko prozedura, betiere, horretarako baldintzak betetzen badira.

2.– Deialdiak UPV/EHUko gerentearen erabakien bidez emango dira argitara eta UPV/EHUren iragarkien taula eta UPV/EHUren intranetaren bidez iragarriko. Horrez gain, EHUtaulan ere iragarki bat jarriko da horien berri emateko.

3.– Deialdian honako hauek jasoko dira, nahitaez: lanpostuaren izena, lanpostuen zerrendan lanpostu hori betetzeko eskatzen diren baldintzak, lanpostuak titularrik duen ala ez, eta baiezko kasuan, titularrak lanpostua zergatik beteko ez duen.

4.– Deialdietan parte hartzeko eskaerak Pertsonaleko gerenteordeari zuzenduko zaizkio, eta eskaerak aurkezteko bost egun balioduneko epea egongo da, deialdia argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Parte hartzeko eskaerarekin batera, interesdunek ondoko merezimenduak egiaztatzeko agiriak aurkeztu beharko dituzte: beste administrazio publiko batzuetan emandako zerbitzuak, titulazio akademikoak eta Europar Batasuneko hizkuntza ofizialak. Agiriok lehenago ere beste prozesuren baterako aurkeztuta izanez gero, aski izango da merezimendua alegatzea eta agiria zein prozesutarako aurkeztu zen zehaztea.

UPV/EHUko antzinatasunaren, graduaren eta bertan emandako zerbitzuen merezimenduak ez dira aurkeztu beharko, unibertsitateak berak balioetsiko baititu ofizioz.

Deitutako lanpostuak edo eginkizunen esleipenak jakintza baldintza espezifikorik badauka, eskaerarekin batera baldintza hori betetzen dela egiaztatzeko beharrezko diren agiriak aurkeztu beharko dira.

Seigarrena.– Merezimenduen baremazioa.

1.– Honako merezimendu hauek baloratuko dira:

1.1.– Antzinatasuna.

Administrazio publikoetan emandako zerbitzuak, funtzionario legez zein lan kontratudun legez: 0,45 puntu urte bakoitzeko; gehienez 15 puntu.

1.2.– Finkatutako maila pertsonala.

Maila pertsonala finkatuta izateagatik norbere kidego edo eskalan: gehienez ere 7,5 puntu ondoko irizpideen arabera:

a) maila pertsonala eskatutako lanpostuaren maila baino gradu bat handiagoa bada: 7,5 puntu.

b) maila pertsonala eta eskatutako lanpostua maila berekoak badira: 5,5 puntu.

c) maila pertsonala eskatutako lanpostuaren maila baino gradu bat txikiagoa bada: 3,5 puntu.

d) maila pertsonala eskatutako lanpostuaren maila baino bi gradu txikiagoa bada: 1 puntu.

e) Maila pertsonala, eskatutako lanpostuaren maila baino 3 gradu txikiagoa bada edo alde handiagoa badago: 0,5 puntu.

1.3.– Emandako zerbitzuak.

Emandako zerbitzuengatik 18 puntu lortuko dira gehienera, honela banatuta:

1.– UPV/EHUn emandako zerbitzuak:

– Talde bereko lanpostu batean, behin-behineko edo karrerako funtzionario gisa aritzeagatik, 0,1 puntu hilabeteko, gehien dela, 18 puntutara arte.

– Eskuratu nahi den lanpostuaren talde bereko lanpostua lan kontratudun langile finko edo aldi baterako langile moduan betetzeagatik, 0,1 puntu hilabeteko; gehien dela, 10 puntutara arte.

– Eskuratu nahi den lanpostuarenaz beste taldeetako lanpostua lan kontratudun langile finko edo aldi baterako langile moduan betetzeagatik, 0,1 puntu hilabeteko; gehien dela, 5 puntutara arte.

2.– Beste administrazio publikoetan emandako zerbitzuak: emandako zerbitzuengatik 7 puntu lortuko dira gehienera, honela banatuta:

– Talde bereko lanpostu batean, behin-behineko edo karrerako funtzionario gisa aritzeagatik, 0,1 puntu hilabeteko, gehien dela, 7 puntutara arte.

– Eskuratu nahi den lanpostuaren talde bereko lanpostua lan kontratudun langile finko edo aldi baterako langile moduan betetzeagatik, 0,1 puntu hilabeteko; gehien dela, 4 puntutara arte.

– Eskuratu nahi den lanpostuarenaz beste taldeetako lanpostua lan kontratudun langile finko edo aldi baterako langile moduan betetzeagatik, 0,1 puntu hilabeteko; gehien dela, 2 puntutara arte.

6.1.3 atalean adierazitako merezimenduak baloratuko dira eskariak aurkezteko azken egunera arte lan egindako aldietako hilabeteak kalkulatuta. Hilabetera heltzen ez diren aldiak batu egingo dira, eta 30 egun natural hilabetetzat hartuko dira. Edonola ere, azpiatal bakoitzean kasuan kasuko aldiak baino ez dira batuko.

Prestakuntza edo hobekuntza ikastaroetan eta euskara ikasten emandako denbora zerbitzuan emandako denboratzat hartuko da, bai eta norberaren kontuetarako baimena, aldi baterako ezintasuna eta pareko egoerak ere.

1.4.– Titulazio akademikoak.

Gehienez ere, 3 puntu lortu ahal izango dira eta eskatutako lanposturako behar den titulu akademiko ofiziala hartuko da oinarritzat; horrela, merezimendutzat aurkeztutako titulu ofiziala ezin izango da izan jatorrizko taldean eta eskalan sartzeko eskatutakoa, eta, betiere, eskatutako lanposturako behar den titulu ofizialaren maila berekoa edo goragokoa izan beharko da.

Titulazio talde desberdinetara irekita dauden lanpostuen kasuan, beheragoko taldeko izangaiari ez zaio merezimendutzat hartuko besteei jatorrizko taldera eta eskalara sartzeko eskatu zaien titulu ofiziala. Bai baloratuko dira titulaziook beheragoko taldeko langileak baino aurkezten ez badira.

Aipatutakoak gorabehera, ez dira baloratuko merezimendu moduan aurkeztutako tituluak lortzeko beharrezkoak diren beheragoko mailako beste titulu batzuk.

Merezimendu hau ondoko baremo honen arabera baloratuko da:

a) Doktore titulua: 2,5 puntu.

b) Lizentziatu, graduatu, arkitekto edo ingeniari titulua, edo baliokidea: 2 puntu tituluko.

c) Diplomatu, arkitekto tekniko edo ingeniari teknikoaren titulua, edo baliokidea: 1,5 puntu tituluko.

d) Lanbide Heziketako goi mailako teknikari titulua edo LH II-ko titulua: puntu 1 tituluko.

e) Batxilergoko titulua (LOE edo LOGSE planekoa), Batxilergo Bateratu Balioaniztuneko titulua, Lanbide Heziketako teknikari titulua, edo baliokideak: 0,75 puntu tituluko.

f) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua, Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua, eskola graduatua, Oinarrizko Batxilergoko titulua, edo baliokideak: 0,5 puntu tituluko.

Tituluak baliokidetzat hartuko dira baliokidetasuna arlo profesionaleko ondorioetarako denean, baliokidetasunei buruz unean-unean ezar daitekeen araudiari jarraituz.

Aurreko pasartearen b) eta c) atalen kasuan, 0,5 puntu lortuko dituzte ikertzeko gaitasun titulua edo ikasketa aurreratuen diploma dutenek edo master ofizial bat edo gehiago dutenek eta 0,25 puntu master ez ofizialen kasuan, unibertsitateak emaniko berezko tituluak direnean.

1.5.– Hizkuntzak.

Atal honetan ingeleseko, frantseseko eta alemaneko tituluak/ziurtagiriak baloratuko dira, betiere, hizkuntza hori ez bada ezinbestekoa lanpostua betetzeko.

Atal honetan gehienez ere 2 puntu lortu ahal izango da, ondoko baremoari jarraituz (Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratua oinarri hartuta):

– B1. maila: 0,25 puntu.

– B2. maila: 0,5 puntu.

– C1 maila: 1 puntu.

– C2. maila: 2 puntu.

1.6.– Elkarrizketa.

A taldeko lanpostuetarako, lantoki osagarrirako 26, 27 edo 28. maila dutenean, elkarrizketa egingo zaio gurakoari, eta hori deialdian jasota ageri beharko da. Elkarrizketaren helburua izango da esleitu nahi diren eginkizunak dituen lanpostua betetzeko izangaiak dituen gaitasunak baloratzea, betiere, lanpostuaren monografian jasotako gaitasunak oinarri hartuta, eta esleitu nahi diren eginkizunei buruzkoa izango da.

Proba honi 5 puntutara arte emanen ahal zaizkio, gehienez, eta ez da baztergarria izango. Hortaz, ez da derrigor elkarrizketarik egin beharko, izangai bakarra denean.

Elkarrizketa ondoko prozedurari jarraituz egingo da:

– Ebaluazio batzordea

Elkarrizketarako epaimahaia gerenteak izendatuko du.

Izendapenak egiterakoan epaimahaiko kideak egokiak eta kualifikatuak direla bermatuko da.

Ondokoak izango dira epaimahaiko kideak:

– Epaimahaiburua: Pertsonaleko gerenteordea edo hark aukeratutako pertsona.

– Bi epaimahaikide: bata, zerbitzuaren edo lanpostuaren atxikipenaren araberako errektoreordea edo gerenteordea; bestea, Pertsonaleko gerenteordeak izendatutako du. Azken hori idazkaria izango da, eta ahotsa eta botoa izango ditu.

Epaimahaiburuak eta Pertsonaleko gerenteordeak aukeratutako epaimahaikideak IVAPek elkarrizketatzaileentzako antolatu edo homologatutako ikastaroa izan behar dute gaindituta.

– Elkarrizketa egiteko deia

Deialdiko oinarrietan jasota egongo da elkarrizketa egingo dela eta, horrez gain, epaimahaiko kideen izen-deiturekin eta aldi baterako hornitu nahi den lanpostuan arituko denak egin beharko dituen eginkizunik garrantzitsuenak zehaztuko dira.

– Elkarrizketa

Deialdia behin argitaratuta, epaimahaiburuak epaimahaia deituko du, eta deialdiaren xede diren eginkizunak aztertu ondoren, bilera egin eta elkarrizketaren nondik norakoak eta baremaziorako irizpideak zehaztuko dituzte, bai eta elkarrizketa non, noiz eta zein ordutan egingo den ere.

Hori guztia adostu ondoren, izangaiei horren berri emango diete elkarrizketa baino gutxien dela 48 ordu lehenago.

Elkarrizketa grabatu egingo da, baldin eta elkarrizketatuak horretarako baimena ematen badu. Grabazioak Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren babespean egingo dira eta deialdiaren epeak bukatutakoan, suntsitu egingo dira.

– Elkarrizketatzaileak

Elkarrizketatzaileak A taldeko funtzionarioak izango dira, ahal dela Pertsonaleko Gerenteordetzakoak; deialdian bertan ageriko da jasota nortzuk izango diren, baina zeregin horretan aritu ahal izateko IVAPek elkarrizketatzaileentzako antolatu edo homologatutako ikastaroa izan behar dute gaindituta.

Elkarrizketatzaileek Pertsonaleko gerenteordearen menpekotasun funtzionala izango dute, kontuan izan gabe zein zerbitzuri dauden atxikita.

– Elkarrizketatzaileen eginkizunak

• Deitutako lanpostuan izan beharreko ezagupen eta trebetasun garrantzitsuenei buruzko informazioa biltzea.

• Elkarrizketaren nondik norakoak eta ebaluazio irizpideak zehaztea.

• Elkarrizketa egin eta ebaluatzea.

• Aktan jasotzea elkarrizketaren nondik norakoak zehazteko erabili diren datuak eta elkarrizketaren emaitzak.

– Elkarrizketaren balorazioa

Elkarrizketa eta bere balorazioa behin eginda, epaimahaiburuak prozesuko dokumentazioari gehituko dio puntuazioa.

Balorazioan epaimahaiko kideen artean % 30etik gorako aldea baldin badago, berrikusi egin beharko da.

1.7.– Euskara.

Hizkuntza eskakizunik ez duten lanpostuak eskatzen direnean, euskara merezimendutzat hartu eta irizpide hauen arabera baloratuko da:

a) Derrigorrezko elkarrizketarik gabeko lanpostuetarako:

(Ikus .PDF)

b) Derrigorrezko elkarrizketa duten lanpostuetarako:

(Ikus .PDF)

2.– Deialdian eskatutako baldintzak eta merezimenduak eskaerak aurkezteko epea bukatu baino lehen bete beharko dira. Eskatzaileek alegatu eta egiaztatutako merezimenduak besterik ez dira baloratuko; salbuespena dira unibertsitateak berak, ofizioz, baloratuko dituen merezimenduak eta eskatzaileak alegatu bai baina egiaztatzen ez dituenak, egiaztagiriak unibertsitatearen esku daudela adierazi baldin badu.

Zazpigarrena.– Deialdiaren ebazpena eta hautaketa.

1.– Merezimenduak behin balioetsita, prozesuan parte hartu nahi duten karrerako funtzionarioen zerrenda argitaratuko da, akordio honen 4. artikuluan ezarritako lehenespen ordenari jarraiki eta, talde bakoitzaren barruan, lortutako balioespen orokorraren arabera antolatuta, baremoaren atal bakoitzean lortutako balorazioa aipatuz. Puntuazio orokorrean berdinketarik egonez gero, baremazioko atal bakoitzean eta 6.1 artikuluan adierazitako hurrenkerari jarraituz lortutako puntuazioa hartuko da kontuan.

AZPko hautapen eta hornidura zerbitzuak argitara emango du zerrenda hori eta bi lanegunen epea irekiko du erreklamazioak aurkeztu ahal izateko. Behin erreklamazioak ebatzita, behin betiko zerrenda argitaratuko da.

2.– Hautatuko da, aurreko pasartean aurreikusitakoaren arabera, kokapenik onena lortu duen izangaia.

Apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuko 43.2 artikuluan adierazitakoari jarraiki, lanpostu batean aritzeko 4. hizkuntza eskakizuna derrigorrezkoa izan arren izangai batek ere ez badu egiaztatzen hizkuntza eskakizun hori, 3. hizkuntza eskakizuna egiaztatuta duten izangaiek bete ahal izango dute lanpostua.

Zerbitzuen betekizuna karrerako funtzionarioek beteko ez balute, prozesuan parte hartu duten bitarteko langileen zerrenda argitaratuko da, artikulu honetako lehenengo paragrafoan adierazten denaren arabera ordenatuta. Zerrenda horretan goren geratzen den pertsona izango da hautatua.

Akordio honetan adierazitako prozesua bukatutakoan, lanpostua zerbitzuen betekizunean ezin izan bada bete, dagokion lan poltsara joko da.

Sindikatuei esleitutako zerbitzu betekizunen berri eman beharko zaie hamabost eguneko gehienezko epean.

Hautatutako pertsona adierazitako epean hasiko da lanpostuan edo zerbitzuen eginkizunaren helburuko eginkizunetan, adjudikaziotik gehien dela hiru hilabetetara, lanean epe luzeagoan hasteko gomendatuko luketen arrazoi objektiboak tartean ez badira. Hautatutako izangaia ez bada zerbitzu betekizunak betetzen hasten, administrazioak puntuazio gehien daukan hurrengo izangaia hautatu ahal izango du, horretarako erabaki arrazoitua emanda.

Zortzigarrena.– Zerbitzuen betekizuna, premiazko arrazoiengatik eta zerbitzuko beharrengatik.

Mota honetako zerbitzu betekizunak ondoko ataletan ezarritakoei jarraituz esleituko dira, beti ere, salbuespenaren irizpideen menpe:

1.– Karrerako funtzionarioei esleitu ahal izango zaizkie, baldin eta lanpostuari dagokion talde, eskala eta titulazio berekoak badira eta lanpostuen zerrendaren arabera lanpostuak ezarrita daukan euskarazko hizkuntza eskakizuna eta bestelako hizkuntzen jakintza egiaztatuta badituzte.

Eginkizunak UPV/EHUn bitarteko funtzionario izendatutako pertsonei ere esleituko ahal zaizkio, baldin eta lanpostua betetzeko erabili beharreko lan poltsan badaude, karrerako funtzionarioei ezin adjudika bazaizkie, beti ere.

2.– Langile horiek lanpostuari dagokion administrazio unitateari atxikita egon behar dira formalki, edo, bestela, antzeko eginkizun eta lanetan esperientzia izan, eta esperientzia horri esker esleitu beharreko lanpostuko eginkizun nagusienak egiteko gai bada eraginkortasunez.

3.– Administrazio unitatean pertsona batek baino gehiagok betez gero baldintza guztiak, esperientzia handiena daukana proposatuko da.

4.– Uneko egoeraren ondorioz, eta aldi batez, lanpostu bati atxikitako funtzionarioak ezin baditu bete esleitutako eginkizun guztiak eraginkortasunez edo lan zama handiegia daukalako, eta ondorioz zerbitzu betekizunen bidez beste langile bati esleitzen bazaizkio eginkizunetako batzuk, horrelakoetan, zerbitzu betekizunetan arituko den langileak, bere lanpostuari dagozkion eginkizunez gain, presazko edo beharrezko diren eginkizunok baino ezin izango ditu egin, eta, egin ere, aldi batez baino ez ditu egingo.

5.– Prozedura honi kasuan kasuko administrazio unitatearen ekimenez emango zaio hasiera, eta behar beste arrazoitu beharko ditu bai premia bera bai esleipenerako proposamena, eta guztia gerenteak onartu beharko du.

6.– Zerbitzu betekizun hauek gehienez ere sei hilabeterako izango dira; beste sei hilabeterako luzatzeko aukera egongo da, baina behin baino ezin izango da luzatu.

Bederatzigarrena.– Zerbitzu eginkizunen iraupena.

Zerbitzu betekizunak gehienez ere bi urterako izango dira, salbu eta aplikatu beharreko legeriak bestelako epe edo iraunaldia ezarriko balu, edo lanpostuko titularra aldi baterako kanpoan deneko kasuetan eta bertan iraun ahal izango dute titularra kanpoan den bitarte osoan.

Administrazioak konpromisoa hartzen du, hauek iraungitzerakoan, zerbitzuen eginkizunetarako deialdia egiteko, aurreko atalean xedaturikoaren arabera.

Zerbitzuen betekizunak honako zio hauetakoren batengatik amaituko dira:

1.– Lanpostuko funtzionario titularra itzuli edo berriro lanera bueltatu delako.

2.– Lanpostua behin betiko bete delako.

3.– Zerbitzu betekizunetarako izendatutako funtzionarioak uko egin eta onartu egin zaiolako; salbuespena dira nahitaezko zerbitzu betekizunak.

4.– Eman zeneko aldia iragateagatik.

5.– Bertan behera uztea, beren beregi adierazita.

6.– Esleipena eragin duen premiazko arrazoia edo egoera desagertu delako.

Hamargarrena.– Esleipenen baldintzak.

1.– Zerbitzuen betekizunak ondorio ekonomiko eta administratiboak izango ditu aukeratutako pertsona lanpostuan lanean hasten den egunetik aurrera.

2.– Honako hauek izango dira lanpostua zerbitzu eginkizunetan aldi baterako betetzeagatik jasotako ordainketak:

– Lanpostu hutsak edo titularra kanpoan duten lanpostuak aldi baterako hornitzeko zerbitzuen betekizuna. Lanpostu bat zerbitzu betekizunetan betez gero, langileak lanpostu horri dagozkion ordainsariak jasoko ditu.

– Zerbitzuen betekizuna, premiazko arrazoiengatik eta zerbitzuko beharrengatik. Bi egoera bereizten dira:

a) Zerbitzu betekizunak inongo lanposturi esleitu gabeko eginkizunak betetzeko direnean, gerenteak, behar beste arrazoituta, zehaztuko ditu jaso beharreko ordainsariak, betiere, UPV/EHUko lanpostuen zerrendan zehaztutako ordainsari mailekin bat etorrita eta kontuan izanda bete beharreko eginkizunek duten parekotasuna.

b) Uneko egoeraren ondorioz, eta aldi batez, lanpostu bati atxikitako funtzionarioak ezin baditu bete esleitutako eginkizun guztiak eraginkortasunez, eta, ondorioz, zerbitzu betekizunen bidez beste langile bati esleitzen bazaizkio, langile horrek beste eginkizun horiek egin beharko ditu bere lanpostukoez gain, eta eskuratuko duen ordainsaria bere lanpostuari dagokiona izango da, baina konpentsazio bat izango du esleitutako eginkizunei dagokien lanpostuaren eta bere lanpostuaren arteko aldearen parekoa. Bi lanpostuen artean alderik ez badago, gorako ordainketa mailarekin daukan aldea ordainduko zaio osagarri moduan.

– Nahitaezko zerbitzu betekizuna. Mota honetako zerbitzu betekizunetako ordainsariak aurreko ataletan jasotakoari jarraituz ordainduko dira.

3.– Aldi baterako lan kontratudun langile bat hautatuta suertatuko balitz prozeduran, langile horrek ez du izango lehen betetzen zuen lanpostua gordetzeko eskubiderik, ez bada lehen betetzen zuen lanpostu hori betetzen jarraituko duelako, beharrezko eta premiazkotzat jotzen diren beste lanpostu bateko eginkizunetako batzuk ere esleituta.

Hamaikagarrena.– Uko egiteak.

Zerbitzu betekizunak esleituta lituzkeen langileak edozein momentutan egin diezaieke uko, salbu eta nahitaezko zerbitzu betekizuna denean.

Hala ere, uko egiteak eragina izan baino, hau da, titular gisa duen lanpostura itzuli baino, gutxienez, 10 egun lehenago aurkeztu beharko dute horretarako eskaera.

Uko egitea Gerentearen erabaki bidez berretsi beharko da.

Hamabigarrena.– Esleipenak bertan behera uztea.

1.– Zerbitzu betekizunak edozein unetan utzi daitezke bertan behera, zerbitzu betekizunak atxikita dituen administrazio unitateak horretarako beren beregiko eskari arrazoitua eginda.

2.– Zerbitzu betekizunak bertan behera uzteko eskarian jasota ageri beharko dira horretarako arrazoiak, hartara zerbitzu betekizunotan dagoen funtzionarioak aukera izan dezan eskari horren kontra egiteko.

Hortaz, lanpostu bat betetzeko zerbitzu eginkizuna erabiltzeko arrazoia izan bada premien presakotasun eta tenporaltasuna, adierazi ahal izango da baldintza hauek desagertu direla, baina, arrazoi hau behin adierazita, ez da lanpostu bera betetzeko deialdi berririk onartuko.

3.– Zerbitzu betekizunak bertan behera uzteko eskaria hartzen denean, horren berri emango zaio ukitutako langileari eta hamar eguneko epea emango zaio alegazioak egiteko. Ondoren, gerenteak emango du horri buruzko erabakia.

4.– UPV/EHUko Langileen Lan Baldintzak Arautzeko Hitzarmenean, 65.2.2.a) artikuluan, zehaztutakoari jarraituz, zerbitzu betekizunak bertan behera utziz gero, horren berri emango zaie langileen ordezkariei.

Hamahirugarrena.– Indarraldiak eta ezeztapenak.

Honako akordio hau indarrean sartuko da UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak berretsi eta hurrengo egunean.

Akordio honek 2012ko maiatzaren 10eko akordioa, AZP funtzionarioaren zerbitzu betekizunetarako prozedura barematu berria ezartzeari dagokionean, indargabetzen du, bai eta UPV/EHUko gerentearen 2012ko ekainaren 1eko erabakia, AZP funtzionarioarentzako zerbitzu betekizunen deialdia eta adjudikaziorako prozedura arautzen duena eta, geroago, berori aldatu zuen UPV/EHUko gerentearen 2012ko irailaren 6ko erabakia ere.

Akordio honetan aurreikusten ez diren alderdietan, UVP/EHUko pertsonalaren lan baldintzak arautzeko 1996ko urriaren 23ko hitzarmena izango da aplikatu beharrekoa, bai eta urriaren 1eko 190/2004 dekretua ere, euskal administrazio publikoetako pertsonalaren lanpostuak hornitzeko arautegia onetsi zuena. Osagarri moduan, estatuko administrazio orokorraren zerbitzura sartzeko eta estatuko administrazio orokorreko funtzionario zibilentzako lanpostuak bete eta sustapen profesionalerako arautegia aplikatuko da, martxoaren 10eko 364/1995 errege dekretuak onetsitakoa.

Hamalaugarrena.– Berrespena eta argitalpena.

Akordio hau Gobernu Kontseiluari aurkeztuko zaio, berrets dezan.

Behin berretsita, bere testu osoa Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

Leioa, 2014ko uztailaren 1a.


Azterketa dokumentala