Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

162. zk., 2014ko abuztuaren 28a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
3662

AGINDUA, 2014ko uztailaren 21ekoa, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuarena, «Fundación Integrando» fundazioaren estatutuetako 4. artikuluan (helburuak) eta 5. artikuluan egindako aldaketak onartzeko eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko dena.

Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko egindako eskabidearen espedientea ikusi eta aztertu da. Hona hemen

AURREKARIAK

Lehenengoa.– 2014ko uztailaren 15ean, «Fundación Integrando» fundazioaren estatutuen bi artikuluren aldaketa inskribatzeko eskaria aurkeztu zuen Ricardo Pérez Souto jaunak Herri Administrazio eta Justizia Sailean.

Patronatuaren erabakiak publiko egiteko eskritura publikoaren baimendutako bi kopia erantsi zaizkio eskabideari. Pedro María López Zalduendo jaunak eta María Isabel Macías Sánchez andreak egiletsi zuten eskritura, 2014ko uztailaren 3an, «Fundación Integrando» fundazioaren izenean eta ordez, Ana María Mahiques Miret Barakaldoko notarioaren aurrean (protokolo-zenbakia: 468).

Eskritura publiko horretan sartu zen María Isabel Macías Sánchezek –fundazioaren patronatuko idazkari gisa, eta lehendakariaren oniritziarekin– 2014ko uztailaren 3an emandako ziurtagiria, 2014ko ekainaren 26an patronatuak egindako bilerarena, zeinean, besteak beste, aho batez onartu baitzen fundazioaren estatutuetako 4. artikulua (helburuak) eta 5.a aldatzea.

Eskrituran, aldatutako artikuluen idazketa berria jasotzen da, osorik.

Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Zerbitzu Teknikoek aztertu dute espedientea, eta, ondoren, ebazpen-proposamena eman dute. Hona hemen horretarako kontuan hartu dituzten

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari dagokio fundazioaren estatutuak aldatzeko espedientea agindu bidez ebaztea. Hala ezarrita dago: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 3.1 artikuluan; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 4.1.a) artikuluan; Herri Administrazio eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 188/2013 Dekretuan; eta Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzekoan.

Bigarrena.– Espediente honi funtsezko iritzitako datu eta agiriak erantsi zaizkio, eta bereziki, hauek: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legearen 31. artikuluan, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 44. artikuluan eskatutakoak; aplikagarriak diren lege eta erregelamenduetan ezarritakoarekin bat dator aldaketa.

Hirugarrena.– Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendariak 2014ko uztailaren 21eko Ebazpena eman du, babeslaritza-funtziotan jardunez eman ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuko 4.2 artikuluan aurreikusitakoaren ildotik. Ebazpen horren bitartez, Fundazioaren estatutuen aldaketa onartu da, bat etorrita Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legeak 31.1 artikuluan xedatutakoarekin eta aipatu dekretuaren 31.1 artikuluarekin.

Aipatutako manuak eta aplikatu beharreko gainerako arauak ikusita, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– «Fundación Integrando» fundazioaren estatutuetako 4. artikuluaren (helburuak) eta 5. artikuluaren aldaketa onartzea.

Bigarrena.– Fundazioaren estatutuetan egindako aldaketa inskribatzeko agintzea, agindu honen datarekin, betiere, estatutuetan egindako aldaketa jasotzen den eskritura publikoan ezarritakoaren arabera. Eskritura hori 2014ko uztailaren 3an egiletsi zuten Pedro María López Zalduendok eta María Isabel Macías Sánchezek –hurrenez hurren, fundazioaren patronatuko lehendakari eta idazkari gisa– Barakaldoko notario Ana María Mahiques Miretaren aurrean (protokolo-zenbakia: 468).

Fundazioaren estatutu-aldaketa hori inskribatu dadila agintzea, agindu honen data duela, eta 2014ko uztailaren 3an Barakaldoko notario Ana María Mahiques Mireten aurrean egiletsitako eskritura publikoko zehaztapenekin bat etorriz (protokolo-zenbakia: 468).

Estatutuen 4. artikulua (helburuak) aldatu da, eta, beraz, hauek dira eguneraketa horren ondoriozko helburuak:

4. artikulua.– Helburuak.

Hauek dira fundazioaren helburuak:

Egoera ahulean dauden kolektiboen gizarte- eta lan-arloko sustapena. Honako hauek sartzen dira, besteak beste, kolektibo horietan: prestakuntza-gabezia handiko pertsonak, emakumeak, berrogeita bost urtetik gorakoak, desgaituak, gizarte-bazterkeria nozitzeko arriskuan daudenak, immigranteak eta halakotzat jo daitekeen beste edozein pertsona.

Aurreko gremio horietakoren batekoak diren langileen prestakuntza eta kualifikazioa.

Enpleguaren sustapena eta egoera ahulean dauden kolektiboen prestakuntza.

Gizarte-bazterkeria nozitzen dutenak edo nozitzeko arriskuan daudenak, desgaitasun bat dutenak eta/edo langabezian daudenak laneratzea.

Fundazioak bere kabuz zein hirugarrenen bidez burutu ahal izango ditu helburu horiek betetzeko beharrezkoak diren jarduerak.

Hirugarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta interesdunei bidaltzea.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta biharamunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko uztailaren 21a.

Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,

JOSU IÑAKI ERCORECA GERVASIO.


Azterketa dokumentala