Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

162. zk., 2014ko abuztuaren 28a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
3663

AGINDUA, 2014ko uztailaren 29koa, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuarena, Caja de Ahorros de Vitoria y Álava - Araba eta Gasteizko Aurrezki Kutxa Fundación Bancaria fundazioa eratu dela Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko dena.

Caja de Ahorros de Vitoria y Álava - Araba eta Gasteizko Aurrezki Kutxa Fundación Bancaria fundazioaren eraketa, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko espedientea ikusi eta aztertu da. Hona hemen

AURREKARIAK

Lehenengoa.- 2014ko uztailaren 3an, Herri Administrazio eta Justizia Sailean sarrera eman zitzaion Caja de Ahorros de Vitoria y Álava - Araba eta Gasteizko Aurrezki Kutxa Fundación Bancaria fundazioaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko eskabideari. Fundazio hori Caja Vital Kutxa erakundeak sortutakoa da. Eskariari espedienteko agiriak erantsi zitzaizkion.

Bigarrena.- Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Aholku Batzordeko Batzorde Teknikoak bilkura egin du, fundazioaren helburuak zilegi eta interes orokorrekoak direla eta fundazioa ekonomikoki bideragarria dela egiaztatzeko, eta 2014ko uztailaren 29an fundazioa erregistroan inskribatzearen aldeko txostena eman du.

Hirugarrena.- Honako hauek dira fundazioaren helburuak, estatutuen 8. artikuluan ezarritakoaren arabera:

«Banku-fundazioak helburu soziala izango du, eta bere jardueraren ardatz nagusia izango da gizarte-ekintza aurrera eramatea eta garatzea, eta bere ondarea kreditu-entitatean duen parte-hartzea egoki kudeatzea.

Fundazioaren helburuak honako hauek dira:

a) Jarduerak sustatu eta garatzea esparru hauetan: hezkuntza eta ikerketa; gizarte-laguntza, laguntza sanitarioa eta kulturala, eta aisialdia; ondare historikoa, ingurumena eta lurraldearen eta enpleguaren sustapena. Esparru horietan, halaber, programak eta ekintzak sustatuko ditu, eta, horretarako, beharrezkoak diren funts- eta baliabide-dotazioak eta esleipenak bideratuko ditu.

b) Ongintza-, gizarte- eta kultura-arloko obrak, bereak eta lankidetzan egindakoak, sortu eta horiei sostengua ematea, eta erakundeak sortzen edo mantentzen laguntzea, baldin eta fundazioaren gizarte-ekintzen antzeko xedeak badituzte eta fundazioaren diru-laguntzaren premia badute.

c) Eta, oro har, Arabako gizartea, kultura eta ekonomia garatzen lagundu dezakeen guztiari lehentasunezko arreta eskaintzea.»

Laugarrena.- Estatutuen 7. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, fundazioaren helbidea hau izango da: Posta kalea, 11 - 2. solairua, Vitoria-Gasteiz (Araba). Jarduerak Arabako Lurralde Historikoan garatuko ditu, nagusiki, eta, Patronatuak hala erabakiz gero, Euskal Autonomia Erkidegoko gainerako lurraldeetan ere jardun dezake, bai eta, hala badagokio, beste lurralde batzuetan ere.

Bosgarrena.- Hasierako dotazioa Caja Vital Kutxak Kutxabank, S.A.n dituen partaidetza-akzioak izango dira, hau da, berrehun eta hogei mila akzio izendun (220.000), bakoitza mila eta hogeita hamar (1.030) euroko balio nominalekoa, eta 1780001tik 2000000ra korrelatiboki zenbakituak, biak barne direla. Kopuru hori ordaindu dela agiri bidez jasota geratu da erregistro-inskripzioko espedientean, hala agintzen baitu Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 37.1.c) artikuluak.

Seigarrena.- Patronatuari dagokio fundazioa ordezkatzea, administratzea eta gobernatzea. Patronatuak hamabost (15) kide izango ditu, eta doan beteko dituzte beren egitekoak, fundazioaren estatutuetan xedatutakoaren arabera.

Zazpigarrena.- Patronatuko kideak, hasieran, fundazioa eratzeko eskrituran ezartzen denez, hauek izango dira:

(Ikus .PDF)

Izendatutako guztiek onartu dituzte beren karguak, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legearen 12.1 artikuluan ezarritako moduetariko bat erabiliz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.- Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari dagokio fundazioaren eraketa-espedientea agindu bidez ebaztea. Hala ezarrita dago: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 3.1 artikuluan; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 4.1.a) artikuluan; Herri Administrazio eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 188/2013 Dekretuan; eta Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzekoan.

Bigarrena.- Horretarako legitimazioa daukan pertsona juridiko pribatu batek sustatu du espediente hau. Espedienteari, bestalde, funtsezkotzat jotzen diren datu eta agiriak erantsi zaizkio, eta bereziki bete da Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legearen 6., 7. eta 9. artikuluetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 36., 37., 38. eta 39. artikuluetan ezarritakoa. Lege eta erregelamenduzko manuen arabera egin da Fundazioaren eraketa.

Ikusirik aipatutako arauak eta, oro har, kasu honetan aplikatu beharreko gainerako arauak, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.- Honako hau Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko agintzea egun honetan eta F-371 erregistro-zenbakiarekin: Vitoria-Gastezko (Araba) Caja de Ahorros de Vitoria y Álava - Araba eta Gasteizko Aurrezki Kutxa Fundación Bancaria fundazioaren eraketa, eta bai Patronatuaren hasierako osaera ere. Patronatu horren kideak zazpigarren aurrekarian agertzen dira. Kideok espresuki onartu dituzte beren karguak, 2014ko uztailaren 3an Alfredo Pérez Ávila notario jaunaren aurrean egiletsitako eskritura publikoan xedatu bezala (protokolo-zenbakia: 1682).

Bigarrena.- Dagozkion erregistroetan egun dauden idazpenak ezeztatzeko eskatzea, bateragarriak ez badira aurreko paragrafoan aipatutako inskripzioarekin.

Hirugarrena.- Fundazio hori, dituen helburuak kontuan hartuta, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroko 4. sekzioan sailkatzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 2.2 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

Laugarrena.- Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea, eta interesdunei bidaltzea.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko uztailaren 29a.

Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,

JOSU IÑAKI ERCORECA GERVASIO.


Azterketa dokumentala