Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

162. zk., 2014ko abuztuaren 28a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA
3667

EBAZPENA, 2014ko abuztuaren 7koa, Garraio Azpiegituraren zuzendariarena, Bilbao-Donostia trenbideko Amaña-Ardantza tartea bikoizteko eta estaltzeko eraikuntza-proiektuak erasandako ondasun eta eskubideen zerrenda jendaurrean jartzeko dena. 1. eranskina.

Garraio Azpiegituraren zuzendariaren 2012ko otsailaren 1eko Ebazpenaren bidez, Bilbao-Donostia trenbideko Amaña-Ardantza tartea bikoizteko eta estaltzeko eraikuntza-proiektua onartu zen.

Otsailaren 27ko 41/2001 Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Trenbide Sarearen Lurraldearen Arloko Planaren arabera, egungo Bilbao-Donostia trenbidea eraldatu egin behar da, Ermua-Eibar tartea bikoiztuz. Bikoizketa hori zatika ari da egiten, bakoitza bere erakuntza-proiektuarekin.

Gainera, Eibarko Udalarekin akordio bat lortu da Amañako geralekuaren eta Ardantzako geltokiaren arteko tarte bikoiztua osorik estaltzeko, 640 m-ko luzeran, eta hartara, 10.000 m2 inguruko plataforma handi bat sortuko da, zeinak, alde batetik, jarraipena emango dion pasealekuari Amañatik Ardantzaraino, eta bestetik, bide-sistema berrantolatzeko ere balioko duen. Amañako geltokirako oinezkoentzako sarrera ere plataforma horretatik egingo da. Geltokiak 80 metroko erdiko nasa bat izango du.

Amaña-Ardantza tartea bikoiztu eta estaltzeko obren ondorioz, nabarmen aldatuko da inguruko bide-sistema eta urbanizazioa. Horregatik, proiektuaren jarduketa-eremua trenbidearenaz haratago doa, bideak ere aldatu egiten baititu.

Proiektuaren eraginpeko lurrak eskuratu, eta ondasunak eta eskubideak behar bezala kudeatu ahal izateko, ondasun horiek guztiak identifikatzeko zerrenda zehatz bat eta desjabetzeen eranskineko partzela-planoak jasotzen dira proiektuan.

Garraio Azpiegituraren zuzendariaren 2012ko uztailaren 16ko Ebazpenaren bidez, jendaurrean jarri zen Bilbao-Donostia trenbideko Amaña-Ardantza tartea bikoizteko eta estaltzeko eraikuntza-proiektuaren eraginpeko ondasun eta eskubideen zerrenda.

Garraio Azpiegituraren zuzendariaren 2012ko urriaren 31ko Ebazpenaren bidez, aipatu proiektuaren eraginpeko ondasun eta eskubideen zerrenda onartu zen, eta ondasunak okupatu aurreko aktak egiteko deia egin zen. Akta horiek 2012ko abenduaren 12an egin ziren.

Desjabetze-prozeduraren faseak, okupazioarekin lotutakoak, bukatu ondoren, proiektua gauzatzeko ardura duen zerbitzuak txosten batean jakinarazi zuen Bilbao-Donostia trenbideko Amaña-Ardantza tartea bikoizteko eta estaltzeko trazadura Legarre kaleko 7 zenbakitik 19ra bitarteko etxebizitzen paraleloan doala, obraren azken metroetan. Trenbide-trazaduraren eta etxebizitzen fatxadaren artean dauden zenbait lur-sail titulartasun pribatukoak dira.

Trenbide-trazadura berria oso gertu dago Legarren kaleko 7 zenbakiko etxebizitzatik, eta, horren ondorioz, hesi fisikoak ipini behar dira trenbide-azpiegitura osatzen duten elementuen eta gertuen dauden etxebizitzen artean. Hori dela-eta, partzela gehiago hartu behar dira proiektuaren eraginpean, hain zuzen ere beharrezkoak diren segurtasun-neurriak hartu ahal izateko.

Organo honek eskumena dauka Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenekoak diren trenbide-azpiegiturako lanak gauzatzeko nahitaezko desjabetze-prozeduraren izapideak egiteko eta ebazpena emateko, halaxe ezarrita baitago Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 196/2013 Dekretuaren 14.c) artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuaren 13.1.g) artikuluan. Azken dekretu hori, bestalde, martxoaren 1eko 8/2013 Dekretuaren eta, bigarren aldiz, abenduaren 2ko 34/2013 Dekretuaren bidez aldatu zen.

Trenbide Sektorearen azaroaren 17ko 39/2003 Legearen 6.2 artikuluaren arabera, trenbide-linea berriak jartzeko edo lehendik daudenak handitu edo zabaltzeko proiektuak onartzen direnean, eta, onespen horretan okupatu beharreko ondasunak zehaztuta daudenean, onespenak berekin dakar –nahitaezko desjabetzearen eskakizunen eta prozeduraren ondorioetarako– proiektua bera eta horren gaineko aldaketak herri-onurakotzat edo gizarte-interesekotzat direla adieraztea, eta proiektuarekin batera doan zerrendan jasotako ondasun eta eskubideak lehenbailehen okupatu behar direla aitortzea.

Gehiago sakonduz, Nahitaezko Desjabetzearen Legearen 15. artikuluak eta haren Erregelamendua onartzen duen 1957ko apirilaren 26ko Dekretuak xedatzen dute, behin obra onura publikokotzat edo interes sozialekotzat jo ondoren, administrazioak desjabetzearen xederako behar-beharrezkoak diren ondasunak okupatzeko eta eskubideak eskuratzeko beharrari buruzko erabakia hartuko duela. Eta ondoren eransten du okupatu beharreko ondasunen artean sartu ahal izango direla, kasuan kasuko obra edo xedea handitu behar izanez gero, ezinbestekoak izango diren haiek ere.

Nolanahi ere, proiektua onartzeak inplizituki berekin dakarren arren proiektuaren eraginpeko ondasunak eta eskubideak okupatu beharra, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 17.2, 18. eta 19.2 artikuluek ezartzen dute ondasun eta eskubide horien xehetasunak jasoko dituen zerrenda egin eta jendaurrean jarri behar dela, alegazioak eta datuak aurkeztu ahal izateko, okerrak zuzentzeko eta interesdunak zeintzuk diren ondo zehazteko.

Beraz, aipatutako xedapenak, horiekin bat datozenak eta aplikatu beharreko gainerakoak ikusirik, honako hau

EBAZTEN DUT:

Jendaurrean jartzea Bilbao-Donostia trenbideko Amaña-Ardantza tartea bikoizteko eta estaltzeko eraikuntza-proiektuak erasandako ondasun eta eskubideen zerrenda, ebazpen honen eranskinean jasota dagoena. 1. eranskina. Hamabost (15) egun balioduneko epea dago, ebazpen hau azken aldiz argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita, alegazioak aurkeztu daitezen, okerrik baldin badago zuzentzeko, hala ezartzen baitute Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 19.2 artikuluak eta horrekin bat datozenek. Alegazioak Ingurumen eta Lurralde Politika Saileko Garraio Azpiegituraren Zuzendaritzan aurkeztu beharko dira (Donostia kalea 1 – Vitoria-Gasteiz).

Aipatu epean, ondasun eta eskubideen zerrenda Eibarko udaletxeko iragarki-oholean egongo da, nahi duenak aztertzeko.

Eta hala jakinarazten da, guztiek horren berri izan dezaten.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko abuztuaren 7a.

Garraio Azpiegituren zuzendaria,

MARÍA ALMUDENA RUIZ DE ANGULO DEL CAMPO.

Eibarko udalerria

Finka zk.: 01.

Katastroko erref.: 4281433.

Jabea: Legarre kaleko 7 zenbakiko jabekideen erkidegoa, Eibar.

Okupazio iraunkorra: OP 11 m2/MP 0 m2.

Aldi-baterako okupazioa: OT 0 m2/MT 0 m2.

Zortasuna: SP 0 m2.

Izaera: hirikoa.


Azterketa dokumentala