Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

165. zk., 2014ko irailaren 2a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
3713

24/2014 EBAZPENA, uztailaren 29koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, Jaurlaritzaren Kontseiluak hartutako erabaki bat argitaratzeko dena. Erabaki horren bidez, baimena ematen da Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarearen gomendio uzteko Bilboko Hiri Trenbidearen obra eta proiektuei dagozkien hainbat jarduera, 2014ko ekitaldian (1. eta 2. lineak).

Jaurlaritzaren Kontseiluak, uztailaren 29an egindako bilkuran, honako erabaki hau onartu zuen: Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarearen gomendio uztea Bilboko Hiri Trenbidearen (1. eta 2. lineak) proiektu eta obrei dagozkien hainbat jarduera (2014ko ekitaldia). Bada, erabaki horri zabalkundea eman behar zaio. Horregatik, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea ebazpen honen eranskinean datorren Erabakia, zeinen bidez baimena ematen baita Euskal Trenbide Sarearen gomendio uzteko Bilboko Hiri Trenbidearen (1. eta 2. lineak) proiektu eta obrei dagozkien hainbat jarduera (2014ko ekitaldia).

Vitoria-Gasteiz, 2014ko uztailaren 29a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

SANTIAGO LARRAZABAL BASAÑEZ.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN UZTAILAREN 29KO 24/2014 EBAZPENARENA

Jaurlaritzaren Kontseiluak 2014ko uztailaren 29an hartutako Erabakia, zeinaren bidez baimena ematen baita Euskal Trenbide Sarearen gomendio uzteko Bilboko Hiri Trenbidearen (1. eta 2. lineak) proiektu eta obrei dagozkien hainbat jarduera (2014ko ekitaldia).

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Sailak sortu, kendu eta aldatzen dituen eta sail horien eginkizunak eta jardun-arloak zehazten dituen Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuaren 13. artikuluak Ingurumen eta Lurralde Politika Sailari esleitzen dizkio trenbideei dagozkien funtzioak.

Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen azaroaren 24ko 196/2013 Dekretuaren 14.1.d) artikuluak Garraio Azpiegituraren Zuzendaritzari esleitzen dizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eskumenekoak diren eta Bilboko Hiri Trenbidearekin zerikusia duten proiektu, obra eta gainerako jarduerak.

Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareari buruzko maiatzaren 21eko 6/2004 Legearen 5.4 artikuluak erakundearen xedetzat jotzen ditu, besteak beste, honako hauek: Jaurlaritzak haren gain uzten duen eta, zuzenean edo zeharka, trenbide-garraioko azpiegiturak eraiki, zaindu eta administratzearekin zerikusia duen edozein eginkizun, eta, bereziki, azterlan eta proiektuak idaztearekin zerikusia duten eginkizunak.

Bestalde, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 15. artikuluan ezarritakoaren arabera, «Administrazioko organoen edo zuzenbide publikoko erakundeen eskumeneko jarduera materialak, teknikoak eta zerbitzuzkoak administrazio bereko edo beste bateko organoen edo erakundeen eskuetan jar daitezke, eraginkortasunari begira komeni bada, edo jarduera horiek gauzatzeko baliabide tekniko egokirik ez badago».

Xedapen horretan ezarritakoaren arabera, kudeatzeko gomendioa administrazio bereko organoen edo zuzenbide publikoko erakundeen artean egiten bada, administrazio horren arauetan ezarritakoari begira formalizatuko da; halako araurik ez badago, berriz, esku hartzen duten organo edo erakundeek berariaz hartutako akordioari begiratuko zaio.

Bilboko Hiri Trenbidearen proiektuak egitera eta proiektu horien eta obren segimendua eta kontrola egitera bideratuta dauden jarduera material, tekniko edo zerbitzuzkoei dagokienez, badira arrazoi teknikoak eta materialak jarduera horiek Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarearen gomendio uzteko, hartara, modu eraginkorrago batean egingo baita interes publikoen alde.

Ondorioz, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren proposamenez, eta dagokion azterketa egin ondoren, Jaurlaritzaren Kontseiluak honako hau erabaki du:

ERABAKIA

Lehenengoa.– Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarearen gomendio uztea Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren eskumenekoak diren jarduerak –materialak, teknikoak eta zerbitzuzkoak–, baldin eta jarduera horiek beharrezkoak badira Bilboko Hiri Trenbidearen proiektuak egiteko eta proiektu horien eta obren segimendua eta kontrola egiteko, 2014ko ekitaldian (1. eta 2. lineak). Nolanahi ere, horrek ez du esan nahi, ez eskumenaren titulartasuna, ez eskumen horretaz baliatzeko funtsezko elementuak lagatzen direnik.

Bigarrena.– Gomendio hori gauzatzeko baldintza zehatzak Erabakiaren eranskinean daude jasota.

Hirugarrena.– Kudeaketa-gomendio hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.

ERABAKIAREN ERANSKINA

1.– Kudeaketa-gomendioaren xedea.

Gomendio honen xedea da Bilboko Hiri Trenbidearen (1. eta 2. lineak) proiektuak eta obrak egiteko eta horien segimendua eta kontrola egiteko baldintza teknikoak ezartzea (2014ko ekitaldia), betiere, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 196/2013 Dekretuaren 14.2 artikulua betez.

2014ko ekitaldian Bilboko Hiri Trenbidearen 1. eta 2. linearekin lotutako jarduera hauek egitea aurreikusten da:

– BHTren 2. linearen Santurtzi-Kabiezes zatiko obrak amaitzea.

– BHTren 1. lineako Ibarbengoa geltoki berrian hainbat jarduera burutzea, aldirietako aparkaleku bat eraikitzeko.

– BHTren 1. linean, Urdulizen, eraikitze-proiektu hau garatzea: geltoki berria eta trenbide-pasagunea lurperatzea. Eta ondoren, obren lizitazioa egitea.

– Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak ETSri gomendio uzten dizkion azterlan eta proiektu osagarriak, BHTren 1. eta 2. lineei dagozkienak.

2.– Administrazioaren eta Euskal Trenbide Sarearen arteko harremanak. Definizioak.

Administrazioaren eta Euskal Trenbide Sarearen arteko harremanak finkatu aurretik, zenbait figura juridiko definitzea komeni da:

Administrazioa:

Ingurumen eta Lurralde Politika Saila. Garraio Azpiegituraren Zuzendaritza.

Enkarguaren zuzendaria:

Administrazioak izendatuko du enkarguaren zuzendaria, eta Garraio Azpiegituraren Zuzendaritzaren esanetara lan egingo du. Lanen zailtasunaren arabera, enkarguaren zuzendariak talde tekniko bat bildu ahal izango du aholkuak eman diezazkion, eta, behar izanez gero, zuzendariaren izenean ere jardun ahal izango du talde horrek.

Euskal Trenbide Sarea (ETS):

Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren mende dagoen zuzenbide pribatuko ente publikoa, agiri honetan adieraziko diren lanak egingo dituena.

ETSren ordezkaria:

Goi mailako teknikaria izango da, eta ETSk berak izendatuko du lanen koordinazio teknikoa burutzeko, eta Administrazioaren aurrean bere izenean jarduteko. ETSko talde guztiak ordezkari horren esanetara lan egingo du. Ordezkariak azalpenak emango dizkio, zuzenean, enkarguaren zuzendariari, halakorik eskatzen dion guztietan.

3.– Lanen garapena, oro har.

ETSk, hilean behin, gutxienez, ordura arte egindako lan guztien berri emango dio, idatziz, enkarguaren zuzendariari, eta aurrera egiteko behar diren jarraibideak eskatuko dizkio.

ETSk, agindu edo erabakiren bat eskatzen duen guztietan, eskariarekin batera, bere ustez egokiena iruditzen zaiona proposatu beharko du.

Enkarguaren zuzendariaren talde teknikoak noiznahi ikuskatu ahal izango du lanak nola doazen, ETSren bulegoetan.

Ikuskapenaren ondorio diren ohar edo aginduak enkarguaren zuzendariak jakinaraziko dizkio esleipendunari.

4.– Aurrekariak, erreferentziazko agiriak eta planteamendu orokorra.

Kontratu honen xede diren lanek honako hauek barne hartuko dituzte: Bilboko Hiri Trenbidearen (1. eta 2. lineak) proiektuak eta lanak egiteko eta horien segimendua eta kontrola egiteko beharrezkoak diren jarduera guztiak, betiere, horren gainean dauden azterlan eta proiektuetatik edo berriro gomendio uzten direnetatik abiatuta.

5.– ETSk egin beharreko lanak.

ETSk egin beharreko lanak honela sailka daitezke:

A) Metro-proiektuaren plangintza eta kontrol orokorra.

Jarduera horren barruan sartzen da EAEko Administrazio Orokorreko Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak –Bilboko Hiri Trenbidearen 1. eta 2. lineen inguruan– izenpetutako kontratu guztien jarraipena eta koordinazioa, bai proiektuak garatzeari dagokionez, bai eraikuntza-lanei dagokienez. Eta kontratu horien ondorio diren aurrera egiteko plan partzialak ere sartzen dira bertan.

Kontua da, aldizka-aldizka, kontratu bakoitzaren arduradunekin batera, kontratuen jarraipena egitea eta eguneratzea, eskura dagoen informazioa bateratzea, eta, aurretik finkatutako helburuak kontuan izanik, aurkezpen xume eta koherente bat atontzea, ulertzeko eta kontrolatzeko erraza gerta dadin, hartara, erabaki zuzentzaileak unerik egokienean hartzeko modua eskaini ahal izango baita.

Lan hori guztia egoera-txosten orokor batean jasoko da. Hasiera batean aurreikusi da txosten hori hilean behin egitea, baina hori aldatu ahal izango da, Sailaren beharren arabera, eta epean eta/edo prezioan eragin dezaketen gertaera garrantzitsuen arabera.

B) Azterlanak eta proiektuak egitea.

ETSk burutuko ditu Bilboko Hiri Trenbidearen 1. eta 2. lineen inguruan gomendio uzten zaizkion azterlan eta proiektuak, izan berak dituen baliabideen bidez, izan zerbitzu-kontratuen bidez.

Zehazki, 2014. urtean zehar, BHTren linean dagoen Urdulizko geltokia lurperatzeko eraikitze-proiektua egingo da.

Halaber, ETSk Garraio Azpiegituren Zuzendaritzak gomendio uzten dizkion txosten eta azterlanak idatziko ditu, hots, Bilboko Hiri Trenbidearen 1. eta 2. lineen proiektuaren ingurukoak.

Bestalde, obrak egin ahala beharrezko gertatzen diren urbanizazio-proiektuak, akaberakoak edo bestelakoak ere idatziko ditu. Gainera, kontratatutako proiektuen aldaketak eta obra osagarriak ere idatziko ditu ETSk.

Bestetik, ETSk proiektuak gauzatu aurretik egin beharreko zuinketarako baliabide teknikoak eta giza baliabideak erraztuko ditu, proiektuetan jasotako obren lizitazioa egin baino lehen.

C) Eraikuntza-kudeaketa.

C.1.– Obra zibilen zuzendaritza.

Behin proiektu baten obrak eraikitzeko kontratua esleitutakoan, Garraio Azpiegituraren Zuzendaritzak, ETSren proposamenez, obra-zuzendari bat izendatuko du; obra-zuzendari horrek ETSren ordezkariaren esanetara jardungo du eta kontratu hori bete dadila zainduko du, bai alderdi teknikoei, bai alderdi ekonomikoei dagokienez, eta udal-agintariekiko eguneroko harremanak ere horren ardura izango dira.

Obra-zuzendaria ETSren langilea izango da, eta, behar izanez gero, zuzendari-alboko baten eta aholkularitzarako talde tekniko baten laguntza izango du.

Egitekoen artean, eraikuntza bera suspertzeaz gain, kontratistarengandik jasotako agiri guztiak batu beharko ditu, egokiak diren ikusi, eskainitako epeekin bat datozen egiaztatu, argibide osagarriak eskatu eta egin beharreko obraren aurreikuspenei eutsi. Lan hori guztia obren aurrerabidearen hileko ziurtagirietan eta hileko txostenetan islatuko da.

Obra-zuzendariak Sailaren izenean jardungo du izaera formala duten zenbait jarduketatan; besteak beste, zuinketa-agiria sinatzerakoan eta esleipendunak prezio kontraesankorrak edo bestelako alderdi garrantzitsu batzuk aldatzeko aurkezten dituen iradokizunei buruzko lehenengo eztabaidetan.

Halaber, obra-zuzendariak ordezkatuko du teknikoki jabea obrek ukitzen dituzten zerbitzu- eta hornidura-konpainiekin koordinatzeko izan beharreko elkarrizketa eta bileretan.

Obrak zuzentzen laguntzeko talde tekniko bat izango du obra-zuzendariak, eta talde horren ardura izango da egunero-egunero obrak kontrolatu, kalitatea bermatu, geometriak eta zuinketa egin, saiakuntzak burutu eta obrak proiektuarekin bat datozela egiaztatzeko jarraipena egin, lan-oharrak idatzi eta ziurtagiriak idatzi aurreko oharrak prestatzeko lana.

C.2.– Ekipamendu elektromekanikoetarako kontratuen zuzendaritza.

Ekipamendu elektromekanikoak eskuratu eta muntatzeko kontratu bakoitza esleitutakoan, ETSk bere gain hartuko du kontratu horien alderdi teknikoak eta ekonomikoak betetzen direla egiaztatzeko segimendua egitea.

Lan horretan, fabrikazioaren, kalitatearen kontrolaren, muntaketaren eta frogen jarraipena sartzen da, kasu guzti-guztietan.

Obra zibiletan bezalaxe, hornidura, fabrikazio eta muntaketarako kontratu guztiak hornidura-zuzendari batek gainbegiratu eta zuzenduko ditu. Zuzendari hori ere ETSko langilea izango da, eta, behar izanez gero, talde tekniko bat izango du laguntzeko.

C.3.– Aholkularitzak.

Atal honetako jarduerak dira eraikuntza-lanetan –baita proiektuen idazkuntzan ere– sortzen diren lan bereziak, zehazki, diren motakoak direlako, ingeniaritzaren arlo jakin batzuetako adituek parte hartzea eskatzen dutenak.

ETSren lana izango da, arazoa zer-nolakoa den ahalik eta gehien zehaztea, behar diren adituen ezaugarriak finkatzea, eta eskatutako analisia behar bezalako kalitatearekin egingo dela bermatzeko moduko gaitasuna zein enpresa edo profesionalek daukaten ikertzea.

Ildo horretatik, ETS arduratuko da arazoa zehaztu eta behar diren adituak hautatzeaz, eta aholkularitza-lanak koordinatu eta ikuskatuko ditu, proiektuaren koherentziari eutsi ahal izateko eta hasierako helburu nagusiarekin bat datorrela bermatzeko.

C.4.– Obrek erasandakoen kudeaketa.

Hiri barruan obrak egiteak –baita lurpean egin behar badira ere– berekin dakar trafikoa, zerbitzuak eta bestelakoak ukitzea.

ETSk bere gain hartuko du ukitutako horiek kudeatzeko ardura, hiritarrei ahalik eta enbarazu txikiena egiteko.

Ukitutako horiek dira, besteak beste, trafikoaren kudeaketa, obrek eragindako zerbitzuak, trenbide-ustiapena,...

C.5.– Laneko segurtasun eta osasunaren kudeaketa.

Atal honetan, obretako istripuak ahalik eta gehien murrizteko modua eskaintzen duten laneko segurtasun eta osasun mailei eutsi ahal izateko beharrezko diren prebentzio-lan guztien jarraipena egin eta suspertzeko lanak sartzen dira.

ETSk, lehenengo eta behin, kontratistaren memoria kritiko gisa jardungo du, eta segurtasun-teknikari baten bidez, aholkularitza eskainiko dio obra-zuzendariari, lan bakoitza edo obra-unitate bakoitzari ekin aurretik hartu beharreko prebentzio-neurrien inguruan.

Proiektu bakoitzaren pleguan lanak hasi aurretik zer prozedura idatzi behar den adierazten denez, ETSk prozedura horiek idazten direla zaintzeaz aparte, hobekuntzak proposatuko ditu, formari nahiz edukiari dagokionean, eraginkorragoak izan daitezen, eta segurtasun maila altuagoak erdiesten lagun dezaten.

ETSren lan hori segurtasun eta osasun planen kudeaketari buruzko ikuskaritza-txostenetan jasoko da.

Gainera, ETSk prestakuntza egokia izango duen pertsona bat edo gehiago izan beharko ditu, obrak egiten diren bitartean edo-eta obra-proiektua idazten den bitartean, segurtasun eta osasun arloak koordinatzeko. Teknikari horiek, ETSren ordezkariak proposatu eta Garraio Azpiegituraren Zuzendaritzak izendatuko ditu.

C.6.– Kalitatea bermatzeko kudeaketa eta ingurumenaren kudeaketa.

Atal honetan sartzen dira egitura, osagai eta instalazio guztiak, kontratu, kode, arau eta diseinurako zehaztapenei jarraituz eraikitzen direla egiaztatzeko behar diren ekintzen jarraipena egin eta suspertzeko lanak.

ETSk kontratistek eta hornitzaileek kontratuaren hasieran aurkeztutako Kalitatea Bermatzeko Planen auditore gisa jardungo du, eta kontratuen zuzendariei ebaluazio, iruzkin eta onarpenerako aholkuak emango dizkie.

Lan hori, obrek dirauten artean edo obren fase bakoitzerako kontratistek aurkeztu beharreko kalitate-planetan ere burutu beharko da.

Aldi berean, ETSk kalitate-plan bakoitzean jasotako ekintzak nola burutzen diren kontrolatuko du, eta lanen garapenaren arabera, jarduketa horiek egokitzeko proposatu ahal izango du, plan horiek eraginkorrak eta praktikoak izan daitezen, eta obrak kalitate hobekoak izaten lagun dezaten.

Bestetik, ETSk arreta berezia jarriko du kontratuaren ondorioz egin beharreko lanak egin daitezen ingurumenean ahalik eta eragin txikiena izateko irizpideei jarraikiz, eta arlo horretan indarrean dagoen legeria betetzen dela zainduko du.

Kontratu honetan aurreikusitako gainontzeko jarduera guztietan, ETSk ingurumen-kudeaketako neurriak eta jardunbideak hartuko ditu, baliabide naturalen erabilera eta zabor sorketa gutxitzeko, zabor horiek hobeto kudeatzeko eta horrelakoak ahal den neurrian birziklatzeko.

D) Kontratazioaren arloko laguntza.

ETSk lehiaketa eta lizitazioetarako baldintzen pleguak prestatu eta egokitzen lagunduko dio Garraio Azpiegituren Zuzendaritzari; laguntza administrazio arlokoa nahiz teknikoa izango da, eta laguntza tekniko horrek alderdi orokorrak nahiz zehatzak hartuko ditu bere baitan.

Atal honetan honako egiteko hauek sartzen dira: kontratu bakoitzerako klausula bereziak idatzi, kasu bakoitzean argibideak eskatzen dituzten alderdiak zuzendu –antzeko kontratuetan ohikoak izanik ere–, eta proiektu batzuetako eta besteetako baldintzen pleguak homogeneizatu, hortik aurrera obretan aplikatzeko irizpideak bateratzeko.

Behin pleguen zirriborroa prestatutakoan, EAEko Administrazio Orokorreko Ingurumen eta Lurralde Politika Sailari dagokio ofizial egitea, edo beharrezkoak badira, zuzenketak egitea, eta, lizitaziorako agirien artean sartu ahal izateko, onartzea.

ETSren lana ordea, ez da kontratazioaren une horretan amaitzen, plegu horiek prestatzen aritu den talde teknikoak lehiaketan parte hartu nahi duten kontratisten zerbitzura jarraituko baitu, eta haien iruzkinak jasoko ditu, aurrerantzean idatzi beharrekoetan argibide edo zuzenketa gisa baliagarriak gerta baitaitezke.

Kontratistek eskaintzak prestatzeko duten epean, ETSk talde tekniko bat izango du erakunde lehiatzaileek aurkezten dizkioten kontsultei erantzuteko prest, betiere eskaintzak aurkeztu dituzten guztien aukera berdintasuna bermatuko duen Sailarekiko lankidetza-eskemaren barruan.

Behin lehiaketako plikak irekita, ETSko teknikariek, obra-zuzendari izateko izendatu den pertsonak zuzenduta eta gainbegiratuta, jarduera-multzo horri ekingo diote, lehiaketara aurkeztu diren eskaintza eta proposamenak aztertzeko, analizatzeko eta homogenizatzeko.

Egitekoen sorta honetan honako hauek sartzen dira: konparazio-taulak prestatzea; baldintza-agirietan finkatutako lehentasunei jarraituz baremoak aplikatzea; eta, beharrezkoa den neurrian, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailari enpresa lizitatzaileekin izan nahi dituen elkarrizketetarako eta kontsulta eta argibideetarako laguntza teknikoa eskaintzea. Normalean, Obra Kontratuen Zuzendaritzaren jardueraren lehen fasea amaitzeko, balorazio-proposamenaren txosten bat idazten da, eta bertan jasotzen dira eskaintza bakoitza baloratzeko erabilitako elementuak.

E) Beste erakundeekiko gestioak eta koordinazioa.

Metroaren 1. eta 2. lineetako obrak egiteko espazio publikoak okupatu beharra dago, batzuetan aldi baterako, beste batzuetan behin betiko. Espazio publiko horiek, berriz, udalarenak, edota beste erakunde eta administrazio batzuenak izan daitezke, eta, hortaz, metro proiektua eta beste interes orokor batzuk uztartzeko koordinazio-neurriak hartu eta gestioak egin beharko dira.

Gainera, lehen esan bezala, obrak azalean, hau da, kalean ere badute eraginik; sarri udalaren zerbitzuekin edo hornidura-konpainienekin egiten dute topo, eta, alderdi horretatik ere, gestioak eta konponbiderik aproposenak aurkitzeko koordinazio-bilerak egin beharra izaten da. ETSk bere gain hartuko ditu ardura horiek.

F) Desjabetzeen kudeaketaren arloko laguntza.

Ingurumen eta Lurralde Politika Saileko lege-aholkularitzako zerbitzuekin elkarlan estuan, metroko 1. eta 2. lineen obrek ukitutako ondasun eta zerbitzuak aldi baterako okupatu edo desjabetzeko behar diren espedienteen inguruko lanak sartzen dira hemen.

Lehenengo eta behin, proiektuetan bildutako datuak egiaztatu, eta, behar izanez gero, osatu egingo dira, desjabetzeko jardunbidean aurrerago egin beharreko izapideak erraztu eta arintze aldera, eta horrek identifikaziorako ikerketa lan sakona egitea eskatzen du.

Ahalik eta datu gehien egiaztatutakoan, ETSk zerrenda ofizialak osatuko ditu, legeak eskatutako datu guztiekin, Sailak argitara ditzan.

Atal honen barruan, ETSk bilerak izango ditu azalpenak eskatzen dituzten edota desjabetzearekin ados ez dauden ukituekin, aurkeztutako alegazioak jaso eta aztertu egingo ditu, alegazio horiei erantzuteko aldeko eta kontrako argudioak emango ditu, eta jardunbidean aurreikusitako jarduketetarako laguntza juridikoa eta teknikoa eskainiko du.

Eskatutakoari jarraituz, ETSk, ondasun eta eskubideen balioespenak egiten parte hartuko du, eta ukituek azaltzen dituzten argudioak entzungo ditu, eta ondoren Sailari horren aurrean zer-nolako jarrerak har ditzakeen adieraziko dio. Ondasun eta eskubideak desjabetzeko jardunbidearen arabera okupatu aurretik egin beharreko aktetan, Sailaren izenean jardungo du.

Lan horren emaitza bukaeran idazten diren adostasun-aktetan islatuko da.

G) Ukituen erreklamazioei buruzko txostenak.

BHTren 1 eta 2. lineen obren proiektuari eta eraikitzeari dagokion aldi osoan zehar, horien eragina jasan duten guztiek erreklamazioak aurkeztu ahal izango dituzte Ingurumen eta Lurralde Politika Sailean, arrazoi bat edo bestea dela medio, eta zehaztasun-maila batekin edo bestearekin. ETSk erreklamazio horiek aztertzen lagunduko dio sailari, eta horrek eskatzen dizkion txostenak idatzi, eta bere profesionaltasunak eta Administrazioaren interesak agintzen dizkion ekintzak proposatuko ditu.

Horrela bada, ETS arduratuko da lan horietaz, eta horretarako behar dituen langileak aukeratuko ditu, mekanografia, delineazio, topografia eta gainetiko lan osagarrietarako behar dituenak barne.

6.– Egindako lanen balioespena eta ordainketa.

Gomendiotan utzitako lanek, BEZa barne, laurehun eta laurogeita lau mila (484.000) euroko balioa dute, kontzeptu hauen arabera:

(Ikus .PDF)

Enkargu honen ondorioz egiten diren lanak hilero ordainduko dira, egindako lanak egiaztatutakoan. Horretarako, kasuan kasuko faktura aurkeztu beharko zaio administrazioari.

7.– Kudeaketa-gomendioaren indarraldia.

Kudeaketa-gomendio hau 2014ko abenduaren 31rarte egongo da indarrean.


Azterketa dokumentala