Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

165. zk., 2014ko irailaren 2a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
3714

25/2014 EBAZPENA, uztailaren 30ekoa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, adierazten den izenpetu beharreko Hitzarmenaren eredua argitaratzea agintzen duena.

2014ko uztailaren 29ko bileran, Gobernu Kontseiluak Euskal Autonomia Erkidegoko tokiko erakundeekin eta haiekin lotutako edo haien mendeko erakundeekin izenpetu beharreko lankidetza-hitzarmenen eredua onartu zuen. Lankidetza-hitzarmen horren helburua Lanbide - Euskal Enplegu Zerbitzuak ekintzaileentzat onartuko dituen diru-laguntzen deialdiak gauzatzea da, bai eta dagokien publizitatea ematea ere. Horren ondorioz,

EBAZTEN DUT:

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Euskal Autonomia Erkidegoko tokiko erakundeekin eta haiekin lotutako edo haien mendeko erakundeekin izenpetu beharreko lankidetza-hitzarmenen eredua. Lankidetza-hitzarmen horren helburua Lanbide - Euskal Enplegu Zerbitzuak ekintzaileentzat onartuko dituen diru-laguntzen deialdiak gauzatzea da. Eredua eranskin gisa gehituta dago.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko uztailaren 30a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzakoeta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

SANTIAGO LARRAZABAL BASAÑEZ.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN UZTAILAREN 30EKO 25/2014 EBAZPENARENA
PERTSONA EKINTZAILEENTZAT BIDERATUTAKO DIRU-LAGUNTZEN DEIALDIAK GAUZATZEN LAGUNDU AHAL IZATEKO, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO TOKIKO ERAKUNDEEKIN ETA HAIEKIN LOTUTAKO EDO HAIEN MENDEKO ERAKUNDEEKIN IZENPETU BEHARREKO LANKIDETZA-HITZARMENEN EREDUA

Vitoria-Gasteiz, 2014ko ren a.

BILDU DIRA

Alde batetik:

Juan Maria Aburto Rique jaun txit gorena, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua, Lanbide - Euskal Enplegu Zerbitzuko (aurrerantzean, Lanbide) presidentea den aldetik,

Bestetik, ................ jauna/andrea, .........................................(e)ko (alkatea edo legezko ordezkaria) del aldetik.

Bi aldeek hitzarmen hau sinatzeko eskumena eta gaitasuna aitortzen diote elkarri. Hori dela eta, honako hau

AZALDU DUTE:

1.– Lanbide - Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2014ko ......ren ...(e)an egindako bileran adostutako akordioaren bidez (... zb. EHAA), pertsona ekintzaileei laguntzeko diru-laguntzen deialdia onartu duela. Deialdi horretan ezarri da tokiko erakundeek laguntza eta/edo tutoretza emango dietela pertsona ekintzaileei beren negozio-ideia aztertzeko eta garatzeko prozesuan, eta enpresa-jarduerak abian jartzeko prozesuan, eta, aldi berean, proiektu horietarako diru-laguntzak kudeatzen eta ordaintzen arituko direla. Deialdiko 3.9 artikuluan adierazi da hitzarmen bat sinatuko dela lankidetza horren baldintzak ezartzeko, behin Lanbidek programan parte hartzeko eta adierazitako jarduerak egiteko baimena ematen dionean tokiko erakundeari.

2.– .................................(e)k baimena jaso duela, Lanbideko zuzendari nagusiaren 2014ko ......ren ...(e)ko ebazpenaren bidez, beren negozio-ideia aztertzeko eta garatzeko prozesuan eta enpresa-jarduerak abian jartzeko prozesuan pertsona ekintzaileei laguntza eta/edo tutoretza ematen dien erakunde laguntzaile gisa jarduteko.

3.– Deialdiko 3.9 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko (azaroaren 11ko 1/2007 Legegintza Dekretuaren bidez onartua) 52.3 artikuluan ezarritakoa eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuko 7. artikuluan ezarritakoa betez, Lanbidek eta ....................................(e)k hitzarmen hau egitea erabaki dutela, beren jarduerak modu koordinatuan arautzeko, kontuan hartuta honako hauek:

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Hitzarmenaren xedea.

Hitzarmen honen xedea da arautzea zer lankidetza-araubide izango duten Lanbidek eta .......................................(e)k pertsona ekintzaileei laguntzeko diru-laguntzen deialdia gauzatzean –Lanbideko Administrazio Kontseiluaren 2014ko ......ren ...(e)an egindako bileran adostutako akordioaren bidez (... zb. EHAA) bidez onartu da deialdia–. Lankidetza hori pertsona ekintzaileei laguntza eta/edo tutoretza emateko izango da, deialdi horretako II. eta III. kapituluetan aurreikusitako negozio-ideia aztertzeko eta garatzeko prozesuan eta enpresa-jarduerak abian jartzeko prozesuan.

Bigarrena.– Aldeen betebeharrak.

1.– .................................(e)k honako betebehar hauek ditu:

a) Pertsona ekintzaileei laguntza eta/edo tutoretza ematea beren negozio-ideia aztertzeko eta garatzeko prozesuan eta enpresa-jarduerak abian jartzeko prozesuan. Lanbideko zuzendari nagusiaren 2014ko ......ren ...(e)ko ebazpenean ezarriko da zenbat pertsonari lagun diezaiokeen erakunde laguntzaile bakoitzak, eta horren arabera, dagozkien baldintzak bete beharko dituzte deialdi honen kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek.

Erakunde laguntzaileak aukeratuko ditu ekintzailetza-proiektuetan parte hartuko duten pertsonak, publikotasunaren, lehiaren eta objektibotasunaren irizpideak betez betiere.

Erakunde laguntzaileak aukeraketa-prozesua justifikatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko du Lanbiden, erabilitako irizpideak berariaz adierazita, 10 egun balioduneko epean, aukeratuak erabakitzen dituenetik kontatzen hasita.

b) Pertsona ekintzaileek diru-laguntzak jasotzeko aurkeztutako eskaerak jasotzea eta eskaera horiek erregistratzea, baldin eta horretarako hitzarmena sinatu bada EAEko Administrazioarekin, azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38.4 artikuluan ezarritakoari jarraiki. Ez bada halako hitzarmenik sinatu, eskaerak Lanbiden erregistratuko dira.

c) Aurkeztutako eskaerak aztertzea, eskatzaileek diru-laguntza jasotzeko bete behar diren baldintzak betetzen dituztela egiaztatzea eta, dagokion egiaztapen-zerrendaren bidez, hori dokumentu bidez jasota uztea, aurkeztu ez den eta nahitaezkoa den dokumentazioa eskatzea, hala badagokio, eta dagozkion ebazpen-proposamenak jakinaraztea Lanbideko zuzendari nagusiari.

d) Dagozkien diru-kopuruak ordaintzea onuradunei, deialdiko 8. eta 13. artikuluetan ezarritakoari jarraituz.

e) Diru-laguntzaren onuraduna den pertsona ekintzaileak negozio-ideia aztertzeko eta garatzeko prozesuan eta enpresa-jarduerak abian jartzeko prozesuan jasotzen duen aholkularitzaren eta laguntzaren prozesua behar baino lehenago uzten badu, diru-laguntza jasotzeko ezarritako baldintza eta betebehar guztiak edo haietako batzuk betetzen ez baditu, edo Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko 53.1 artikuluan araututako baldintzak eta betebeharrak betetzen ez baditu, Lanbideri jakinaraztea, diru-laguntza osoa edo haren zati bat itzultzeko dagokion prozedura has dezan.

f) Lanbide - Euskal Enplegu Zerbitzuari justifikatzea zertan erabili diren onuradunei diru-laguntzak ordaintzeko jasotako fondoak.

Horretarako, erakunde laguntzaileak ordainketak egin direla frogatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko dio Lanbideko Lan Aktibazioko Zuzendaritzari, ordainketa horiek egiten direnetik kontatzen hasi eta 15 eguneko epean.

g) Diru-laguntzaren onuradun diren pertsona ekintzaileek diru-laguntza jasotzeko aurkeztu behar duten azken memoria berrikustea. Memoria horretan, egindako aholkularitza- eta laguntza-jarduerak adieraziko dira. Erakunde laguntzaileak memoria hori berrikusi beharko du, eta ondoren, Lanbidera bidali, Europako Gizarte Funtsaren adierazleak betetzeko pertsona ekintzaileari buruz behar diren datuekin batera.

h) Lanbide - Euskal Enplegu Zerbitzuari itzultzea, hala badagokio, azkenean uko-egiteengatik, itzulketengatik edo bestelako arrazoiren batengatik zegokien helbururako erabili ez diren fondoak, bai eta jasotako fondoek banku-kontuetan sortutako interesak ere, programaren kudeaketa amaitu ondoren.

i) Lanbide - Euskal Enplegu Zerbitzuari, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari, Ogasun eta Finantza Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari, Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, Europako Gizarte Funtseko Administrazio Unitateari eta Europako Kontuen Auzitegiari fondo horien kudeaketa egiaztatzeko jarduerak egiten uztea.

j) Fondo horien kudeaketa egiaztatzen duen dokumentazioa 2026ra arte gordetzea.

k) Ekimen honen babeslea Lanbide - Euskal Enplegu Zerbitzua dela eta Europako Gizarte Funtsak batera finantzatu duela adieraztea, deialdiaren barruan diruz lagundutako ekintzak zabaltzen, hedatzen edo argitaratzen dituzten jarduera guztietan.

l) Pertsona ekintzaileei jakinaraztea diru-laguntzaren % 50 Europako Gizarte Funtsak finantzatzen duela, EAEko 2007-2013 EGIF Programa Operatiboaren barruan, eta haien izena onuradunen zerrendan agertuko dela. EGIFen Administrazio Unitateak argitaratuko du zerrenda hori, eta 1828/2006 Erregelamenduaren 6. artikuluan araututa dago. Gainera, diru-laguntza honen esparruan sortutako dokumentu guztietan (bideragarritasun-plan, negozio-ideiaren garapena, enpresa-proiektua ezartzeko prozesua...) baterako finantziazio hori aipatu beharko dutela ere jakinaraziko zaie.

2.– Lanbide - Euskal Enplegu Zerbitzuak honako konpromiso hauek hartzen ditu:

a) Hitzarmen honek dakartzan jarduerak egiteko beharrezko den laguntza eta aholkularitza ematea erakunde laguntzaileari, Lan Aktibazioko Zuzendaritzaren bidez.

b) Pertsona ekintzaileentzako diru-laguntzen zenbatekoa ematea erakunde laguntzaileari, honela banatuta:

II. kapituluan aurreikusitako laguntzak:

– % 100, diru-laguntzak emateko ebazpenak eman eta gero.

III. kapituluan aurreikusitako laguntzak:

– % 50, diru-laguntzak emateko ebazpenak eman eta gero.

– Gainerako % 50, pertsona ekintzaileak Ekonomia Jardueren gaineko Zergako alta eta, erakunde laguntzaileak berrikusitakoan, azken memoria aurkeztu ondoren.

Horretarako, erakunde laguntzaileak banku-kontu bat irekiko du fondoetarako, fondo horien jarraipena egin ahal izateko eta emandako diru-laguntzak egiaztatu ahal izateko. Inolaz ere ez dira erakundearen ondaretzat hartuko onuradunen artean banatzeko emandako fondoak edo haiek sortutako interesak.

Hirugarrena.– Ez da erakunde laguntzailearentzako ordain ekonomikorik finkatu.

Laugarrena.– Hitzarmen honetan eta deialdia arautzen duten oinarrietan ezarritakoaren arabera, honako hauek arautuko dute pertsona ekintzaileentzako diru-laguntzak kudeatzeko eta ordaintzeko lankidetza: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak (azaroaren 11ko 1/2007 Legegintza Dekretuaren bidez onartua) eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak.

Bosgarrena.– Hitzarmen hau lehenengo klausulan zehaztutako xedea betetzeko soilik egongo da indarrean.

Seigarrena.– Hitzarmen honek izaera administratiboa du, eta, beraz, haren aurka egin daiteke administrazioarekiko auzien jurisdikzio-ordenaren aurrean.

Azaroaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuak, Sektore Publikoko Kontratuen Legearen testu bategina onartzen duenak, 4.1.d artikuluan ezarritakoaren arabera, hitzarmen hau lege horren aplikazio-eremutik kanpo geratzen da. Nolanahi ere, hitzarmena betetzean sortzen diren zalantzak edo arazoak interpretatzeko, aldatzeko eta ebazteko arau subsidiarioa izango da lege hori.

Eta aurreko guztiarekin ados daudela adierazteko, agertutako aldeek bi ale sinatu dituzte, goian adierazitako tokian eta egunean.

Lanbide - Euskal Enplegu Zerbitzua,

JUAN MARÍA ABURTO RIQUE.

...........................................

Izpta:


Azterketa dokumentala