Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

165. zk., 2014ko irailaren 2a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
3716

EBAZPENA, 2014ko uztailaren 8koa, HABEren zuzendari nagusiarena, 2013/2014 ikasturtean HABEren euskara-mailak edo baliokideak gainditu dituzten ikasleei emango zaizkien diru-laguntzen deialdia egin eta baldintzak arautu eta aitortzeko prozedura onartzen dituena.

Azaroaren 25eko 29/1983 Legeak sortu zuen Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea (HABE), helduen euskalduntzera eta euskaran alfabetatzera zuzendua, ahalik eta euskal hiztun gehien lortzeko helburua duena.

Uztailaren 22ko 179/2003 Dekretuaren bidez, helduentzako euskararen irakaskuntza burutzen duten euskaltegien eta beste zentro homologatuen jarduera eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren aldetik jasotzen duten finantzazioa arautu zen.

Aipatu 179/2003 Dekretuaren 17. artikuluak dio HABEk ezar ditzakeela, osagarri gisa, bere aurrekontu-bitartekoen mugen barruan, beste diru-laguntza mota batzuk, Dekretu horretan aipatzen diren modalitate eta euskarrietan edo homologatutako sistemen bitartez, alfabetatze edota euskalduntze-prozesuetan murgilduta ari diren ikasleei zuzenduak, horien emaitza akademikoen baitan.

Azaroaren 9ko 297/2010 Dekretuak euskararen ezagutza egiaztatzen duten titulu eta ziurtagirien arteko baliokidetzak finkatu eta Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratura egokitzen ditu.

Horrela, bada, ebazpen honen bitartez, HABEren mailak egiaztatu dituzten ikasleentzako diru-laguntzen aitortza egin eta horien baldintzak arautu nahi dira, maila baliokideren bat egiaztatu duten ikasleentzako diru-laguntzen deialdia egitearekin batera, 2014ko ekitaldi honi dagokiona.

Horregatik guztiagatik, uztailaren 22ko 179/2003 Dekretuak emandako ahalmena kontuan hartuta,

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Ebazpen honen xedea da euskaltegi publiko eta pribatu homologatuetako eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuetako ikasleei emateko diru-laguntzen baldintzak arautu eta aitortzeko prozedura onartzea, helduentzako euskararen irakaskuntza burutzen duten euskaltegien eta beste zentro homologatuen jarduera eta horien finantzazioa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren aldetik arautzen duen uztailaren 22ko 179/2003 Dekretuaren 17. artikuluak ezarritakoa garatuz.

2. artikulua.– Onuradunak.

1.– Ebazpen honetan arautzen diren laguntzen onuradun izateko ondorengo baldintza guztiak bete beharko dira:

1.1.– HABEren erregistroan euskaltegi edo euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatu bezala sailkatutako batean matrikulatua egotea 2013ko apirilaren 27tik 2014ko abuztuaren 31ra bitarteko epealdian.

1.2.– HABEren zuzendari nagusiaren ebazpenez deituta 2013 urteko bigarren deialdian edo 2014 urteko lehen deialdian parte hartu eta dagokion maila gainditzea.

1.3.– Zigor eta administrazioaren arloan diru-laguntza publikoak jasotzeko debekurik ez izatea, ezta laguntzak jasotzeko ezgaitzen dituen legezko debekuetan sartuta egotea ere. Halaber, ezin izango da sexu-arrazoiengatik diskriminaziorik gertatu, otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, Emakume eta Gizonen Arteko Berdintasunari buruzkoak, xedatutakoaren arabera.

2.– Halaber, diru-laguntza hauetarako eskubide izango dute euskaltegi edo autoikaskuntzarako zentroetako ikasleek ere, artikulu honetako 1.1. eta 1.3. puntuetan zehaztutako baldintzak beteta, azaroaren 9ko 297/2010 Dekretuak HABEren euskara-maila batekin baliokidetutako euskara-maila bat 2013ko irailaren 1etik 2014ko abuztuaren 31ra bitartean (dagokion deialdiaren behin betiko zerrendak argitaratzen diren dataren arabera) egiaztatu eta Ebazpen honen 3. artikuluan zehaztutakoaren arabera eskaera egiten dutenek.

3.– Diru-laguntza deialdi honetatik at geldituko dira:

3.1.– Herri Administrazioak finantzatuta eskolaratu diren ikasleak.

3.2.– Aurreko ikasturteren batean egiaztatutako maila bera edo beheragoko bat bakarrik egiaztatu dutenak.

3.3.– Deialdi honetako diru-laguntza zuritzeko baliagarri den epealdian (2011/12. 2012/13 eta 2013/14 ikasturteak), euskaltegietako matrikulazioaren kudeaketarako aplikazioaren arabera, euskaltegi edo autoikaskuntza zentroan ikasitako mailak baino beheragokoa egiaztatu dutenak. Gainera, diru-laguntza zuritzeko baliagarri den epealdian (2011/12, 2012/13 eta 2013/14 ikasturteak) maila bat baino gehiago ikasi duten ikasleek, egiaztatutako mailei dagozkien diru-laguntzak jasotzeko eskubidea izango dute bakarrik.

3. artikulua.– Prozedura, agiriak eta epeak.

1.– 2. artikuluaren 1. puntuan zehaztutako baldintza guztiak bete eta artikulu bereko 3. puntuaren arabera baztertuak ez diren ikasleek, diru-laguntza hauek eskuratu nahi izatera, www.habe.euskadi.net web orrian sartu beharko dute identifikazio elektronikoaren bitartez edo matrikulazioaren jarraipenerako aplikazioan sartzeko dituen sarbide bakoiztuak baliatuz, eta hor dagokion laguntza eskuratzeko duten aukera jakinaraziko zaie. Jakinarazpen horretan, gehienez eskura dezaketen laguntza adieraziko zaie (egiaztatutako mailak, azken hiru ikasturteetan ikasitako mailak eta egiaztatutako maila bakoitzerako ezarritako gehienezko laguntza-kopurua kontuan hartuz), beti ere gutxitu daitekeena euskaltegietan edo autoikaskuntzarako zentroetan azken hiru ikasturteetan ordaindutako kopuruagatik, beste administrazio publikoetatik jasotako laguntzengatik edo 6. artikuluan aurreikusitako gehienezko kopurua eskaera guztiei aurre egitera heltzen ez delako gerta daitekeen hainbanaketagatik.

Interesatuek 2014ko irailaren 3tik urriaren 2ra bitarteko epea, biak barne, izango dute diru-laguntzaren eskaria burutzeko, egiten zaien proposamena bere osotasunean onartuz. Proposamena onartzearekin batera, eskuera jarriko zaien datuen bilketarako orria bete beharko dute. Edonola ere, ezarritako epea pasa eta ikasleak erantzunik eman ez duenean, HABEk proposatutako aukerari uko egiten diola ulertuko da. Onartuko ez balu, edo ikasleak nahiago balu, diru-laguntza eskaera artikulu honen 2. puntuan ezarritako prozedurari jarraiki egin ahal izango du.

Laguntzaren zenbatekoa zehazteko beharrezkoak diren datuak jasoko dira datu-orrian: ordaindutako matrikula-kopuruen, beste administrazio publikoetatik jasotako diru-laguntzen (hauek erantzukizunpeko aitorpenarekin) eta diru-laguntza eskuratzeko bankuaren berri eman beharko du. Halaber, aurreko artikuluaren 1.3. puntuan zehazten den diru-laguntza publikoak jasotzeko debekurik ez izatearen inguruko erantzukizunpeko aitorpena eta HABEren zuzendariari zuzendutako baimena erantzukizunpeko aitorpenaren bitartez adierazitako datuak konprobatzeko ere bilduko dira bertan.

2.– 2. artikuluaren 2. puntuan ezarritako baldintza guztiak bete eta diru-laguntza hauek eskuratu nahi dituzten ikasleek, www.habe.euskadi.net web orrian sartu beharko dute identifikazio elektronikoaren bitartez edo matrikulazioaren jarraipenerako aplikazioan sartzeko dituen sarbide bakoiztuak baliatuz eta eskariko orria bete eta aurkeztu, 2014ko irailaren 3tik urriaren 2ra bitartean, biak barne. Aipatu eskaera-orria, behar bezala beteta eta sinatua, HABEren zuzendariari aurkeztuko zaio, egiaztatutako mailaren agiriaren edo dagokion erakundeak luzatutako ziurtagiriaren kopiarekin batera, bai HABEren Donostia (Vitoria-Gasteiz kalea, 3), Bilbo (Gran Via, 85) edo Gasteizko (Samaniego kalea, 2) egoitzetara eramanez, bai Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak aurreikusitako beste edozein prozedura baliatuz.

Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeak 38.4. artikuluan aipatutakoaren arabera, posta bulegoetan aurkezten diren eskaera-orriak aurkezpen-epearen barruan eta gutun-azal irekian eman behar dira, ziurtatu aurretik postariak data eta zigilua jar diezaien eskaera-orrian bertan. Horrela bakarrik ulertuko da instantziak posta bulegoan utzi ziren egunean izan dutela sarrera HABEren Donostia, Gasteiz edo Bilboko egoitzetako Erregistro Orokorrean.

3.– HABEren egitekoa izango da eskatzaileek euskaltegi edo autoikaskuntzarako zentroetan ordaindutako kopuruei buruz datu-orrietan emandako datuak egiaztatzea.

4. artikulua.– Aurkeztutako eskariaren hutsuneak zuzentzea.

Ikasleak aurkeztutako eskarian agiriren bat falta bada, edota okerren bat badago, hala jakinaraziko zaio, hamar eguneko epea emanez okerrak zuzen ditzan, eta horrela egin ezean, eskabideari uko egin zaiola ulertu beharko dela adieraziz.

5. artikulua.– Diru-laguntzen organo kudeatzailea.

HABEko Kudeaketa Zerbitzuari dagokio, Ekonomia eta Administrazio Unitatearen eta Ikuskatzailetzaren bitartez, deialdi honetan aurreikusitako kudeaketa-lanak burutzea.

6. artikulua.– Diru-laguntzen finantzazioa.

Ebazpen honen xede diren laguntzetarako, 2014 urtean 800.000 euroko kopurua jarriko da, EAEko Aurrekontu Orokorretan horretarako dagoen partidaren kontura.

7. artikulua.– Diru-laguntza esleitzeko eta neurtzeko irizpideak.

1.– Egiaztatu den maila bakoitzeko jarraian zehazten den kopurua eskura dezake gehienez ikasleak:

a) HABEren 1. maila edo baliokidea: 400 euro.

b) HABEren 2. maila edo baliokidea: 300 euro.

c) HABEren 3. maila edo baliokidea: 100 euro.

d) HABEren 4. maila edo baliokidea: 100 euro.

2.– Aipatu HABEren diru-laguntza osorik eskuratzeko, ikasleak egoki zuritu beharko du 2011/12, 2012/13 eta 2013/14 ikasturteetan egiaztapenaren aurretik hasitako ikastaroetan matrikuletan beste horrenbeste ordaindu izana, hain zuzen ere, egiaztatutako mailetan. Hala ezean, ordaindutakoa izango da laguntzaren muga.

3.– Maila bakoitzerako ikasketak behin bakarrik lagunduko zaizkio diruz ikasleari. Era berean, maila bat egiaztatu ondorengo diru-laguntza zuritzeko beharrezko izan den matrikularen zenbatekoa ez da konputatuko beste maila bat egiaztatu izanagatiko laguntza zuritzeko.

4.– Ebazpen honen 6. artikuluan aurreikusitako kopurua nahikoa ez balitz aurreko puntuan ezarritako irizpideen arabera kalkulatutako beharrei aurre egiteko, onuradunen artean hainbanatuko da diru-laguntza.

8. artikulua.– Ebazpena, jakinarazpena eta ordainketa.

Deialdi honetan zehaztutako irizpideak aplikatu ondoren, HABEren zuzendari nagusiak eskabideen gaineko ebazpena emango du, eta interesdunei, HABEren egoitzetako iragarki tauletan erantsiz eta interneteko www.habe.euskadi.net web orrian argitara emanez jakinaraziko zaie. Hau guztia, 2014ko azaroaren 30a baino lehen.

Ebazpenaren jakinarazpena aurreikusitako epe-mugan jasotzen ez bada, onuradunek ulertu ahal izango dute beren eskabidea gaitzetsia izan dela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 44. artikuluan zehaztutakoaren ondorioz.

Diru-laguntzen Ebazpena emanda, diru-laguntza ordainketa bakarrean kitatuko da banku-transferentzia bidez. Nolanahi ere, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak edo erakunde autonomiadunek ezaugarri bereko diru-laguntza batzuk eman izana dela-eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu egin beharko da onuradunei diru-laguntzak eman eta ordaindu ahal izateko.

9. artikulua.– Bateragarritasuna.

Emango den diru-laguntza bateragarria izango da xede berarekin jaso daitekeen beste edozeinekin, baldin eta gain-finantzaziorik ez badago laguntzen den xedearen guztirako kostuan. Horrelakoetan, dagozkion kenketak egingo dira, aldea ez ordainduz edo dagokion kopurua itzultzeko eskatuz.

HABEk eskubide izango du eskatzaile bakoitzak emandako edozein datu beste administrazio publikoekin erkatzeko, beti ere deialdi honen xede den gaiari atxikita.

10. artikulua.– Onuradunaren betebeharrak.

Ebazpen honetan araututako diru-laguntzen onuradunek beti izango dituzte betebehar hauek:

1.– Laguntza eman duen erakundeak egingo dituen konprobazioen menpe eta Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Sailaren Ekonomi Kontroleko Bulegoak burutuko duen ikuskaritzaren menpe egon beharko du, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura eskuratu diren diru-laguntzei dagokienez. Era berean, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi bereziko neurrien menpe ere egon beharko du.

2.– Beste edozein administrazio, erakunde publiko edo pribatuk helburu bererako emandako diru-laguntzak eskuratuz gero, horren berri eman beharko dio HABEri.

3.– Laguntza ematerakoan kontuan izan zen dena delako egoera objektibo edo subjektiboa aldatu egin baldin bada, horren berri eman beharko dio HABEri.

4.– Horretaz gain, 1/1997 Dekretu Legegileak, 1997ko azaroaren 11koak, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duenak, eta gaiari ezar dakizkiokeen gainerako xedapenek ezarritako beste betebeharrak ere izango ditu.

11. artikulua.– Baldintzak aldatzea, arauak ez betetzea eta itzulketak.

Diru-laguntza emateko kontuan izandako edozein baldintza aldatu egiten bada, eta edozein kasutan, beste administrazio batzuen edo erakunde publiko edo pribatuen diru-laguntzak eskuratu baldin badira lehia bidez, edo, bestela, helburu bera aurrera eramateko bestelako diru-sarrera edo baliabideak lortu badira, laguntza ematea ekarri duen erabakia aldatu egin ahal izango da, beti ere deialdi honek onuradun izateko ezartzen dituen gutxieneko baldintzak bete egiten baldin badira.

Ezarritako edozein betebehar betetzen ez bada, diru-laguntzak aitortu eta ordaintzerakoan edozein zirkunstantzia faltsutzen bada, edo laguntzak jaso ondoren gain-finantzazioa gertatzen, orduan 1997ko azaroaren 11ko 1/1997 Dekretu Legegilea ezarriko da eta, hala badagokio, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, zeinak Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretatik zuzendutako diru-laguntzak eman, bermatu eta itzultzeko modua arautzeaz gainera, diru-gaietan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, zereginak eta eginkizunak ere zehazten baititu.

12. artikulua.– Datuen babesa.

Datu pertsonalak babesteko 15/1999 Lege Organikoak xedatutakoa betez, deialdi honetan parte hartzeak interesdunaren baimena ematea dakar berekin bere datuak HABEren IKASLEAK izeneko fitxategi informatizatuetan sartzeko. Aipatutako legean aurreikusitako sartze-, zuzenketa-, ezeztapen- eta oposizio-eskubideak HABEren Zuzendaritzaren aurrean gauzatu ahal izango dira (Vitoria-Gasteiz kalea, 3 - 20018 Donostia-San Sebastián). Datu horien tratamendu eta babesaren erregimena araudi honek berak ezarritakoa izango da.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Ebazpen honetan aurreikusi gabeko guztian, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak ezarritakoa aplikatuko da.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Ebazpen honen aurka, bide administratiboa agortzen ez duenez, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari. Horretarako hilabeteko epea izango dute, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita izango du indarra.

Donostia-San Sebastián, 2014ko uztailaren 8a.

HABEren zuzendari nagusia,

JOSEBA ERKIZIA ITOITZ.


Azterketa dokumentala