Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

166. zk., 2014ko irailaren 3a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA
3724

EBAZPENA, 2014ko uztailaren 2koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena. Honen bidez, Arizmendi harrobian gune handiago bat ustiatzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpena egiten da. Canteras Arizmendi, S.A. merkataritza-sozietateak sustatu du proiektu hori, Markina-Xemein udalerrian.

Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa Babesten duen otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren arabera, I. eranskineko B) atalean agertzen diren proiektuak ingurumen-inpaktua banaka ebaluatzeko jardunbide baten mende egongo dira, eta jardunbide horri amaiera emateko ingurumen-inpaktuari buruzko deklarazioa egin beharko da, betiere proiektu horiek egiteko edo, hala badagokio, baimentzeko hartzen den administrazio-ebazpenaren aurretik.

Markina-Xemeingo Arizmendi harrobia handitzeko ustiatze-proiektua onartzeko prozedura hasita egonik (Arizmendi, S.A. merkataritza-sozietateak sustatutako proiektua), bi arau aplikatu behar dira: batetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa Babesten duen otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra eta, bestetik, proiektuen ingurumen-inpaktua ebaluatzeko Legearen testu bategina onartzeko den urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretua. Beraz, bi arau horiek betez, proiektu horrekin zerikusia duten eta jarraian adieraziko diren izapideak gauzatu dira, besteak beste:

– Ingurumen-inpaktuaren azterketaren edukia zehaztea. Energia eta Meategien Zuzendaritzak eskatuta, Ingurumen Sailburuordetzak kontsulten izapideari hasiera eman zion 2012ko uztailaren 19an, proiektuen ingurumen-inpaktua ebaluatzeko Legearen testu bategina onartzeko den urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren 8.1 artikuluan ezarritakoa betez. Izapide hori amaitzeko, txosten bat eman zuen ingurumen-organoak 2012ko urriaren 3an, ingurumen-inpaktuari buruzko azterlanaren zabalerari eta xehetasun-mailari buruz.

– Jendaurreko informazioaren izapidea. Organo eskudunak jendaurrean jarri zituen proiektua eta proiektuaren ingurumen-inpaktuari buruzko azterlana (2009ko ekainaren 1eko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 164 zenbakikoa).

– Entzunaldiaren izapidea. Organo eskudunak proiektuaren eta ingurumen-inpaktuaren azterlanari buruzko kontsulta egin zien herri-administrazio eta pertsona interesdunei.

– Espedientea bidaltzea eta ingurumen-inpaktuaren adierazpena eskatzea. 2012ko maiatzaren 2an, Ingurumen Sailburuordetzari espedientea igorri zion Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko Bizkaiko lurralde-ordezkaritzak, 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuko 12.1 artikuluan ezarritakoa betetzeko (urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretua, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko Legearen testu bategina onartzen duena). 2014ko ekainaren 6an, ingurumen-organoaren errekerimenduak betez, espedienteko dokumentazioa osatu zen.

Agiri teknikoak eta proiektuaren espedientean dauden txostenak azterturik, eta ingurumen-inpaktuaren azterketa egokia dela eta indarrean dagoen legeriarekin bat datorrela ikusirik, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak, ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau egiteko organo eskuduna den aldetik (halaxe xedatu baita Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege orokorrean, eta Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 9ko 196/2013 Dekretuan), honako hau

EBATZI DU:

1.– Arizmendi harrobian gune handiago bat ustiatzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuari buruz aldeko adierazpena egitea. Canteras Arizmendi, S.A. merkataritza-sozietateak sustatu du proiektu hori Markina-Xemein udalerrian.

2.– Honako baldintza hauek ezartzea proiektua gauzatzeko. Baldintzok lotesleak izango dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 47.2 artikuluari jarraikiz:

2.A.– Ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-espedienteari erantsitako dokumentazioarekin bat etorriz gauzatuko da proiektua eta, bereziki, ebazpen honetan finkatutako zehaztapenen arabera.

Espediente honen ingurumen-inpaktua ebaluatzeko prozeduran, erauzketa-lanen ingurumen-inpaktuak hartu dira kontuan, bai eta erauzketatik ezin bereiz daitezkeen jarduera eta azpiegituretatik ustiatze-proiektuan jasotakoenak ere, adibidez: agregatuak garraiatzeko bideenak, bereizketa-instalazioenak, hornidura-sistemenak, eta atxikitako instalazioenak.

Aipatutako jarduerak ingurumen-inpaktuaren azterlanean aurreikusitakoaren arabera egingo dira, eta azterlan horretan eta ebazpen honetako 2.C idatzi-zatian jasotako neurri babesle eta zuzentzaile guztiak aplikatuko dira.

Bestetik, ingurumen-inpaktua ebaluatzeko prozedura egin bitartean, harrobiko instalazioen eta Artibai ibaiko kontserbazio bereziko eremuaren artean (ES2130011) oinezkoentzako bide bat egitea proposatu du proiektuaren sustatzaileak.

Ekimen hori, alabaina, ez dago harrobiaren ustiatze-proiektuaren barruan; ez da beharrezkoa erauzketarako; eta ez da ingurumenaren alorreko osabidezko neurri bat. Horregatik guztiagatik, hizpide dugun ekimena ez da ingurumen-inpaktua ebaluatzeko prozedura honetan aztertu.

Oinezkoentzako bidea egiteko proiektuak dagozkion prozedurak bete beharko ditu; artean, eta hala badagokio, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa.

2.B.– Proiektua aldatu edo handitu nahi izanez gero, urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren 16. artikuluan xedatutakoa aplikatu behar da; betiere, II. eranskineko 9.k) epigrafeko zehaztapenak betez (urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretua, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko Legearen testu bategina onartzen duena).

Proiektuan egingo diren aldaketa puntualak arrazoitu egin beharko dira ingurumenaren ikuspegitik, baldin eta aurreko idatz-zatian adierazitako garrantzia ez badute eta jarduerak egiten diren bitartean sortzen badira. Kasu horietan, neurri babesle eta zuzentzaileetan eta ingurumena zaintzeko programan egin beharreko aldaketak egingo dira.

2.C.– Neurri babesle eta zuzentzaileak.

Neurri babesle eta zuzentzaileak betearaziko dira, betiere, proiektuaren sustatzaileak ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egiteko aurkeztutako agirietan jasotakoaren arabera. Horrenbestez, batetik, ezarritako neurrien hedadurak eta horiek kontrolatzeko ardura izango duten langileek bermatu behar dute bete egingo direla ingurumen-inpaktuari buruzko azterketan finkatutako kalitate-helburuak, bai eta ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpen honetan ezarritakoak ere. Ondoko atal hauetan adierazitako neurriak gehitu beharko dira:

2.c.1.– Proiektuaren eremua.

2.c.1.1.– Proiektuaren azken azalera aurreikusiaren bestekoa izango da jarduerak ukitutako lur-eremu maximoa.

Ustiaketa-proiektuan aipatutako mugetatik kanpoko guneak ezin izango dira ukitu; ez zuloak irekitzean, ez eta pista berriak, sarbideak, zabortegiak edo erauzketako bestelako jarduera lagungarriak egin behar direnean ere.

Proiektuak ukitutako lur-eremu maximoa mugarriztatuko da, lekuan bertan mugarriak jarriz.

2.c.2.– Natura-ondarea babesteko neurriak.

2.c.2.1.– Bertako zenbait baso-espezieren araubide bereziari buruzko urriaren 14ko 11/1997 Foru Aginduan xedatutakoa aplikagarri bada ere, ustiategiaren ondoan dauden eta erauzketa-lanek zuzenean ukituko ez dituzten interes naturalistiko handiko eremuetan (9340 Habitata: Quercus ilex eta Quercus rotundifolia zuhaitzetako basoak), kontu handiz ibili beharko da, behar baino zabalera handiagorik ez ukitzeko. Horretarako, inguru horietan ustiatze-lanek aurrera egiten dutenean, zehaztasun handiz mugatu eta balizatu behar dira babestu beharreko eremuak. Horretaz gainera, behar bezala babestuko dira lan-eremutik gertuko balio handiko elementu naturalak, inork nahigabean kalterik eragin ez diezaien.

2.c.2.2.– Ekialdean, Artibai ibaiko 2130011 kontserbazio bereziko eremuarekin egiten du muga ustiategiak. Zona horretako kontserbazio-helburuen gain proiektuak zer eragin duen aztertu da ingurumen-inpaktuaren azterlanean. Horrela bada, ibaiertzaren osotasuna eta ibaiko uren kalitatea zaintze aldera eta, horrenbestez, proiektua bateragarria izan dadin ezarritako kontserbazio-helburuekin, honako neurri babesle eta zuzentzaile gehigarri hauek proposatu dira ingurumen-inpaktuaren azterlanean:

– Sarbidearen ekialdeko ertzean hesi bat jartzea, nahigabean eror edo eraman ez daitezen materialak ibaira edo ibaiertzetara.

– Landare-berritzea; ezpondaren gainaldeko zona hutsetan zuhaitz- edo zuhaixka-erako espezieak landatzea.

– Dekantazio-putzuen sistemaren edukiera handitzea.

Berehala jarri beharko da hesia eta landare-berritzea egin. Dekantazio-putzuen sistemaren edukiera handitzea, berriz, ustiategiko goiko aldeko mailak ireki aurretik gauzatu beharko da.

Arestian aipatutakoaz gainera, ibai-ertzaren osotasunari eta ibaiko uren kalitateari kalte egin diezaiokeen edozer ekintza saihestuko da; bereziki, ibai-ertzean zuhaitzak moztea, kimatzea edota sasitza kentzea eskatzen duten ekintzak, edo kontrolik gabeko isuriak.

2.c.2.3.– Bisoi europarra espeziea kontserbatzeko interes bereziko area da Artibai ibaia; horrela xedatu baita ekainaren 19ko 118/2006 Foru Dekretuan, Bizkaiko lurralde historikoan bisoi europarraren (Mustela lutreola) kudeaketa-plana onesten duenean. Hortaz, Foru Dekretu horren eraginpean den zonaldean gauzatu nahi den edozer ekintzak dekretu horretan bertan xedatutakoa bete beharko du.

2.c.2.4.– Hartu beharko dira, baita ere, tokiko konektibitate ekologikoari kalterik ez eragiteko neurri babesleak eta zuzentzaileak, 2013ko urriaren 4ko txostenean Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren Zuzendaritzak bildutakoak. Ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozeduran ukitutako administrazioei entzuteko izapidean eman zuen txosten hori aipatu Zuzendaritzak. Neurri horien artean, honako hauek nabarmen ditzakegu:

– Aldapa txikitua duten zonak eta, pareta bertikalen ordez, azalera zimurtsuak izan beharko dituzte dekantazio-putzuek nahiz estali gabeko ur-deposituek, horietara eroritako ornodun txikiak bertatik ateratzeko modua izan dezaten.

– Faunari igarotzen uzten dioten itxiturak lehenetsiko dira harrobian. Sare itxiak, beraz, arrisku-guneetan baino ez dira erabiliko (ustiategiko hutsuneen perimetroan, leherketak egingo diren eremuetan, eta abar).

– Inguruneko animaliak ez harrapatzeko, ornodun txikientzako igarobideak egingo dira, bai pista berrian, bai eta lehendik dauden sarbideetan etorkizunean egin daitezkeen zeharkako drainatze-obretan ere; zehazki, animalia-zirkulaziorik handiena egongo dela aurreikusten den guneetan.

2.c.3.– Uren, lurraren eta ibai-inguruaren kalitatea babesteko neurriak.

Uren arloan legeriak xedatutakoaren aurka egin gabe eta, halaber, bere eskumeneko jarduketetan ibai-arroaren ardura duen erakundeak ezarritako baldintzen aurka egin gabe, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek aplikatu beharko dira:

2.c.3.1.– Drainatze-sarea izan behar du proiektuak, ustiategiko isuri guztiak bilduko dituena, hots: sarbideetakoak eta ustiategi-zuloko ur guztiak –harrobiko instalazioak dauden zonako isuriak barne–. Drainatze-sarearen azken elementua dekantazio-putzuak izango dira. Egoki diren kalkulu hidraulikoak egingo dira solidoak ondo atxikiko direla bermatzeko, eta isuria leku jakin batean eta uraren parametro fisiko eta kimikoei buruz indarreko arauetan xedatutakoa betez egingo dela bermatzeko.

Goiko mailak irekitzean jariatze-uretako solido esekien kontzentrazioa handituko dela aurreikusi du proiektuaren sustatzaileak. Hortaz, egun dagoen dekantazio-sistemaren ahalmena handitzeko asmoz, beste dekantazio-putzu bat egitea proposatu du proiektuaren sustatzaileak. Helburu hori betetzeko, egoki diren neurriak izan beharko ditu putzu berriak; halaxe jasoko da proiektuan, eta halaxe egingo da.

Proiektua gauzatu ahala, ustiatzearen egitura aldatuko da. Beraz, ustiatzean sortutako isuriak bilduko direla, solidoak egoki atxikiko direla, isurketa lokalizatua egongo dela, eta azken horrek indarreko arauak une oro beteko dituela bermatzeko asmoz, ustiatzearen unean uneko egiturari egokitu behar zaizkio drainatze-sarea nahiz sare horretako azken elementuak.

2.c.3.2.– Drainatze-sareak eta dekantazio-putzuen sistemak aldian-aldian garbitu behar dira, une oro erabilgarri egon daitezen, eta jariakinak tratatzeko sistemak ondo funtziona dezaten.

2.c.3.3.– Sustatzaileak proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko aurkeztutako agirietan adierazitako moduan bildu eta araztuko dira hondakin-ur sanitarioak.

Gailuaren errendimendua optimizatzeko, fabrikatzaileen jarraibideak beteko dira ur zikinak arazteko sistema erabiltzean eta mantentze-lanak egitean.

2.c.3.4.– Ustiategiko hondakin-urak tratatzeko sistema guztietatik isuriak egiten dituzten horien irteeran laginak hartzeko kutxatilak jarriko dira.

2.c.3.5.– Erregaien zama-lanak, olio aldaketak eta ibilgailuak mantentzeko eta konpontzeko lanak zola iragazgaitza eta isurketak biltzeko sistema dauzkan leku batean egingo dira, nahi gabe egin litezkeen isurketen ondorioak arintzeko.

2.c.3.6.– Hidrokarburoak xurgatzeko material espezifikoa izango da ustiategian (biribilkiak, material pikorkatuak, eta abar), ustekabeko jario edo ihesetan berehala erabili ahal izateko.

2.c.3.7.– EAEko ibaien eta erreken ertzak antolatzeko lurralde-plan sektorialean xedatutakoa bete beharko dute Artibai ibaiaren ertzean ustiapen-aldian egingo diren jarduerek.

2.c.4.– Hauts-isuriak murrizteko neurriak.

Atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen duen eta hura aplikatzeko oinarrizko xedapenak ezartzen dituen urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuaren eranskinean jaso da aztergai dugun jarduera. Hortaz, azaroaren 15eko 34/2011 Legean eta abenduaren 27ko 278/2007 Dekretuan ezarritako obligazioei eta baimen-erregimenari egokitu beharko zaie jarduera (abenduaren 27ko 278/2011 Dekretua, atmosfera kutsa dezaketen jarduerak gauzatzen diren instalazioak arautzen dituena; eta azaroaren 15eko 34/2007 Legea, atmosfera babesteari eta airearen kalitateari buruzkoa). Aurrekoaz gain, neurri babesle eta zuzentzaile hauek hartuko dira:

2.c.4.1.– Jarduera garatzean, ez dira gaindituko airearen kalitatea hobetzeari buruzko urtarrilaren 28ko 102/2011 Errege Dekretuan partikulentzat ezarritako immisioko muga-balioak.

2.c.4.2.– Zulaketa-lanetan, hauts-kaptadoreak izan beharko dituzte lan-talde guztiek.

2.c.4.3.– Erauzketa-eremuak eta kamioiak ibiltzen diren eremuak ureztatzeko beharrezko bitartekoak izango dira, hautsa ahalik eta gutxien barreiatzeko. Instalazioen eremua nahiz harrobiko sarbideak mantendu eta garbitu beharko dira, hautsa ahalik eta gutxien barreia dadin.

2.c.4.4.– Harrobiko sarbideak zolatuta egongo dira, bai eta harrobietan garraio-kamioiak ibiltzen diren eremuak ere.

2.c.4.5.– Kamioiak harrobitik irten aurretik garbitzeko sistema bat izango da. Dekantazio-putzuari lotuta egongo da sistema hori, eta proiektuak ingurumenean duen eragina ebaluatzeko asmoz sustatzaileak aurkeztutako agirietan aurreikusitakoarekin bat etorriko da.

2.c.4.6.– Zama estaltzeko olanak izango dituzte material fin-finak garraiatzeko kamioiek, materialok airean barreiatu ez daitezen.

2.c.4.7.– Agregakinak tratatzeko instalazioetan partikulen isurketa murrizteko gailuak jarri beharko dira, hauts ugari sortzen den area guztietan. Zinta garraiatzaileak estalita egongo dira; eta birrintze- eta sailkatze-instalazioek eta zinta garraiatzaileen arteko transferentzia-puntuek ixte-egiturak izango dituzte.

2.c.4.8.– Ustiategian hautsa murrizteko instalatutako sistemei ahalik eta etekin handiena ateratzeko, jardunbide egokien kodea ezarri beharra dago, eta harrobiko langileei sistema nola erabili erakutsi behar zaie. Jardueraren eta eguraldiaren arabera beharrezkoa den puntuetan ureztapen-sistema aktibatu beharko da, eta kamioien gurpilak harrobitik irten aurretik garbitzeko sistema bat erabiliko da.

2.c.5.– Zaraten eta bibrazioen ondorioak gutxitzeko neurriak.

2.c.5.1.– Zarata sorlekuan murrizteko jardunbide operatibo egokiak aplikatu behar dira ustiatze-fasean; batez ere, zamalanetan, garraio-lanetan eta erabiltzen den makineriaren mantentze orokorra egitean.

2.c.5.2.– Leherketen proiektuak UNE 22-381-93 arauaren arabera egin behar dira; hortaz, proiektuaren eragin-eremuan dauden eraikinetan eragindako bibrazioek ezingo dituzte arauan ezarritako mugak gainditu. Aireko uhinaren presioari dagokionez, ezingo ditu 128 dB(L) gainditu –muturreko balioa–, eraikineko fatxada guztietatik kalte gehien har dezakeen horretan.

2.c.5.3.– Sustatzaileak banan-banako informazio-sistema izan behar du harrobitik hurbil bizi direnentzat. Horrela, auzokoek zehatz jakingo dute zer neurri hartu behar duten leherketek eragiten dituzten dardaren eta aire-uhinaren ondorioak gutxitu eta kontrolatzeko.

2.c.5.4.– Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuko 22. artikuluan xedatutakoaren arabera, zonifikazio akustikoari, kalitate-helburuei eta isurpen akustikoei dagokienez, kanpoaldean erabilitako makinen soinu-emisioei buruzko indarreko legedian ezarritako xedapenak bete beharko dituzte erabilitako makinek; bai eta, haientzat aplikagarria denean, kanpoaldean erabiltzen diren makina jakin batzuek ingurumenean eragiten dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan xedatutakoa ere.

2.c.5.5.– Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legean eta Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan jardueren muga-balioei buruz xedatutakoa bete beharko dute zarata-foku berriek.

2.c.5.6.– Urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritako kalitate akustikoko helburuak beteko dira.

2.c.6.– Hondakinak kudeatzeko neurriak.

2.c.6.1.– Jarduerak iraun bitartean sortutako hondakinak Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta arautegi zehatzetan aurreikusitakoaren arabera kudeatuko dira.

Erauzketa-industrien hondakinak kudeatzeari eta meategietako jarduerak eragindako tokiak babestu eta leheneratzeari buruzko ekainaren 12ko 975/2009 Errege Dekretuak agintzen duenaren arabera kudeatuko dira meategiko hondakinak.

Berariaz debekatuta dago sortutako mota desberdinetako hondakinak elkarren artean edo beste hondakin edo efluente batzuekin nahastea; jatorrian bereizi behar dira haiek, eta behar diren biltze- eta biltegiratze-bitartekoak jarri behar dira haiek ez daitezen nahasi.

Hondakinen kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei jarraituz, hondakin oro, lehentasunez, behar bezala baimendutako berreskuratze-prozesu batetik igaro beharko da. Hurrenez hurren, prozesu hauek lehenetsiko dira: hondakinak berriro erabiltzeko prestatzea; birziklatzea; eta beste balorizazio-mota bat, balorizazio energetikoa barne dela. Balorizazioa teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenari begira ez dela bideragarria aldez aurretik behar bezala justifikatzen denean bakarrik ezabatu ahal izango dira hondakinak.

2.c.6.2.– Zabortegira bidali beharreko hondakinak, gainera, hondakinak hondakindegian biltegiratuta ezabatzeari buruzko abenduaren 27ko 1481/2001 Errege Dekretuaren eta hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuaren arabera kudeatuko dira.

2.c.6.3.– Jardueraren soberakinak betelanetarako erabiltzen badira, otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan xedatutako baldintzak bete beharko dituzte betegarri horiek.

Soberakinak betelanetarako erabili ahal izateko, lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko otsailaren 4ko 1/2005 Legearen I. eranskineko A ebaluazioko balio adierazleen azpitik egon behar dute horietan egon litezkeen osagai kutsatzaileek.

2.c.6.4.– Proiektua gauzatzean eraikitze- eta eraiste-lanen ondorioz hondakinak sortzen badira (onura-instalazio berriak egitean, instalazio zaharkituak eraistean eta abar), hondakin horiek otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan ezarritakoaren arabera kudeatuko dira (otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretua, eraikuntza- eta eraiste-hondakinak sortzea eta kudeatzea arautzen duena; eta ekainaren 26ko 112/2012 Dekretua, eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko dena).

Amiantoa duten hondakinak antzemanez gero, otsailaren 1eko 108/1991 Errege Dekretuan, amiantoak ingurumenean sortzen duen kutsadura saihestu eta gutxitzekoan, ezarritako eskakizunak bete beharko dira. Era berean, amiantoa duten hondakinak kudeatzeko egingo diren manipulazioak martxoaren 31ko 396/2006 Errege Dekretuan ezarritako aginduen arabera burutuko dira; dekretu horren bidez ezarri egin ziren amiantoarekin lan egitean bete behar diren gutxieneko segurtasun- eta osasun-baldintzak.

2.c.6.5.– Hondakin arriskutsuentzako ontzien kasuan, uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dira (833/1988 Dekretua, hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko oinarrizko araudia onartzen duena); ontziak itxita egongo dira kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen.

Aurreko paragrafoan aipatzen diren ontziek etiketatuta egon beharko dute, eta etiketak argia, irakurtzeko modukoa eta ezabaezina izan beharko du; halaxe xedatu baita uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 14. artikuluan.

Eremu jakin bat egokituko da, instalazio estaliekin, hondakin arriskutsuak aldi batez pilatzeko (olio-potoak, iragazkiak, olioak, margoak eta abar). Gainera, arriskutsuak ez diren hondakin geldoentzako edukiontziak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita.

2.c.6.6.– Erabilitako olioei dagokienez, erabilitako industria-olioen kudeaketari buruzko ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretua eta Euskal Autonomia Erkidegoan erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1998 Dekretua aplikatuko dira.

Erabilitako olioa, baimendutako kudeatzaile bati eman arte, behar bezala etiketatutako ontzi estankoetan bilduko da, estalitako biltegi batean; ontziok azpila edo atxikipen-sistemaren bat eduki beharko dute. Zola iragazgaitzaren gainean egon beharko dute, eta kubeten edo sistemen barruan, badaezpada ere isuririk dagoen.

2.c.6.7.– Araudi hau errazago betetzeko, ustiategiko lanetan sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak izango dira. Lanen arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek, eta haien ardurapean izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, erregai eta produktuak biltegiratzean eta makineria mantentzeko lanak egitean, ez da kontrolatu gabeko efluenterik eragingo, ezta hondakinik erreko ere.

2.c.6.8.– Bestetik, proiektu honi dagokionez, zabortegi kontrolatu gabe zahar bat dago egun harrobiko instalazioetara sartzeko gune batean, Artibai ibaiaren ezkerraldeko ezpondara arte iristen dena. Itxura denez, erauzketa-jarduerako hondakinak daude (zementu-arrastoak, kamioiak garbitzearen hondarrak, eta makinen erretako olioa). Esan gabe doa lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioari buruzko irailaren 30eko 165/2008 Dekretuan jaso dela hizpide dugun gunea; 48060-00025 kodearekin.

Hizpide dugun zonalde horretan substantzia kutsatzaileak egotearen ondorioz ingurumenak eta pertsonen osasunak izan ditzaketen kalteak zehazteko eta ebaluatzeko amoz, hondakindegi zaharraren xehetasun-azterlana egin beharko du proiektuaren sustatzaileak. Azterlan horren barruan, hondakindegi zaharreko hondakinak aztertu eta horien ezaugarriak zehaztuko dira. Ingurumen-organoari igorriko zaizkio azterketa horren emaitza eta hizpide ditugun hondakinak kudeatzeko proposamen zehatza. Ingurumen organoak datu horiek guztiak aztertuko ditu eta zer jarduera gauzatu behar den adieraziko du; aplika daitezkeen prozeduren barruan, betiere.

2.c.6.9.– Aurreko paragrafoan xedatutakoa gorabehera, eta Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko otsailaren 4ko 1/2005 Legeko 10. artikuluko 2. paragrafoak ezarritakoarekin bat etorriz, jarduera ezartzeko edo zabaltzeko hondeatze-lanetan edo lur-mugitzeetan beste kutsadura-zantzu batzuk hautemanez, lan horien arduradun zuzenak horren berri eman beharko dio udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari, beharrezkoa izango balitz hartu beharreko neurriak ezar ditzan azken horrek, 17. artikuluko seigarren paragrafoak ezarritakoa betez.

2.c.7.– Kultura-ondarea babesteko neurriak.

Euskal Kultur Ondareari buruzko 7/1990 Legeko xedapenak gorabehera, lanak egin bitartean aurkikuntza arkeologikorik egin bada, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Saila jakinaren gainean jarri behar da berehala, azken horrek egoki diren neurriak ezar ditzan.

2.c.8.– Ustiategiak ukitutako paisaia eta eremua leheneratzeko neurriak.

2.c.8.1.– Proiektuak ingurumenaren gain izango duen inpaktua ebaluatzeko asmoz aurkeztutako proposamenekin bat etorriz egingo dira leheneratze-lanak; betiere, ekainaren 20ko 115/2000 Dekretuan eta ekainaren 12ko 975/2009 Errege Dekretuan xedatutakoa betez (ekainaren 20ko 115/2000 Dekretua, erauzketa-jarduerek kaltetutako naturguneak leheneratzeari buruzkoa; eta ekainaren 12ko 975/2009 Errege Dekretua, erauzketa-industrien hondakinak kudeatzeari eta meategietako jarduerak ukitutako tokiak babestu eta leheneratzeari buruzkoa).

Ingurunea leheneratzeko ekintzen artean izango dira, besteak beste, Artibai ibaiko ezkerraldeko ezpondaren gainaldeko zona landare-berritzea, eta hesi bat jartzea, materialak nahigabean eraman edo eror ez daitezen errekara. Berehala exekutatu behar dira biak ere. Bestetik, harrobia handitzeko gunean artadi kantauriarraren zati bat dago. Artadi hori mozteak ingurumenaren gain eragingo duen kaltea arintze aldera, pinudien bi birsortze-lursail kudeatzea proposatu du sustatzaileak, osabidezko neurri bezala; artadi kantauriarra berreskuratzeko prozesuak bultzatzeko eta bizkortzeko. Ustiategiko goiko mailekin muga egiten duen eremuan daude bi lursail horiek. Ustiatzearen lehenengo fasean abiaraziko da aipatutako ekintza eta, hura planifikatzean, arteak moztu aurretik osabidezko neurria martxan egon dadila zainduko da. Ahalik eta denbora gutxien igaro behar da inpaktua eragiten denetik hura osatzeko neurria martxan izan arte; edo, ahal dela, ez du bien artean tarterik egon behar.

2.c.8.2.– Ustiategia leheneratzeko hautabide hau proposatu du jardueraren sustatzaileak: harrobiko zuloa betetzea; ustiategian bertan gauzatutako erauzketa-lanetan sortutako material geldoekin, eta kanpoko hondeaketa-lanetako harri eta lur naturalekin. Hautabide horri esker, hobe integratuko da jarduera ingurunean, eta errazago gauzatuko da landare-berritzea. Horregatik guztiagatik, hizpide dugun irtenbidea positiboki balioetsi da ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egiteko prozedura honetan. Irtenbide hori, alabaina, kanpoko materialak erabiltzeko aukeraren mende izango da eta, hura aplikatzean, otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan aurreikusitako baimentze-araubideari heldu beharko zaio (otsailaren 24ko 49/2009 Dekretua, hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena). Dekretu horretan xedatutakoa betez ezarriko dira, besteak beste, materialen jatorria kontrolatzeko eta leheneratze-lanen jarraipena egiteko neurriak.

Proiektuaren sustatzaileak bermatu beharko du ustiatze-fase bakoitzaren amaieran eginda egongo direla fase bakoitzerako aurreikusi diren leheneratze-lanak –kanpoko-materialak lortu ala ez–. Ustiatze-lanen azaleraren eta leheneratutako azaleraren arteko aldeak, bestetik, ez du aurreikusitakoa baino handiagoa izan behar.

2.c.8.3.– Ustiategiko landare-berritzeak –bertako espezieak sartuz– landaretza-masa trinkoak eta jarraituak ezartzeko aukera eman behar du. Habitat naturalak sortu behar dira, eta, ahal dela, horiek inguruko landaretza naturalarekin lotu.

2.c.8.4.– Robinia pseudoacacia, Cortaderia selloana edo beste landare inbaditzaile batzuk ez zabaltzeko ekintzak gauzatuko dira. Ildo horretatik, landare-estalkia lehengoratzeko lurren jatorria kontrolatu beharko da, eta espezie inbaditzaileekin kutsatuta egon daitezkeen lurrak ez erabili.

2.c.8.5.– Erauzketa-lanek ukitutako area guztiak leheneratuko dira; baita leheneratze-planean agertzen ez zirenak baina azkenean ustiapenaren ondorioz kaltetu direnak ere.

2.c.9.– Jarduera uztea.

Jarduera uztean, berariazko araudia aplikatuko da. Horretaz gainera, ingurumen-inpaktuaren adierazpenean obra-faserako ezarritako neurri babesleen eta neurri zuzentzaileen antzekoak aplikatuko dira desegite-lanak gauzatzeko orduan, batez ere honakoei dagokienez: interes naturalistikoko guneak babestea, fauna babestea, uren kalitatea, eta hondakinen nahiz lurren kudeaketa.

2.D.– Ingurumena zaintzeko programa.

Ingurumen-inpaktuaren azterketan eta ingurumen-inpaktuaren azterketako 2014ko apirileko eranskinean aurreikusitakoa betez gauzatuko da ingurumena zaintzeko programa. Horretaz gainera, honako kontrol hauek egin beharko dira:

2.d.1.– Leheneratze-lanen arrakasta kontrolatzea.

Artibai ibaiko ezpondaren goiko aldean gauzatutako landare-berritzearen arrakasta zainduko da, bai eta ustiategiko goiko mailekin muga egiten duen zonan artadi kantauriarra birsortzeko lursailetan gauzatutako lanen arrakasta ere.

2.d.2.– Zarataren kontrola.

Ingurumen-inpaktuaren azterketan egindako proposamenari kontrol-puntu bat gehitu behar zaio Aldaieta baserrian.

Neurketak egunez egingo dira, harrobian jardun gehien dagoen momentuetan.

Neurtzeko metodoak eta erreferentzia-balioak Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legean eta berau garatzeko araudian xedatutakoari atxiki beharko zaizkie, baita Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan xedatutakoari ere.

2.d.3.– Ingurumena zaintzeko programari buruzko agiri bategina.

Ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina egin beharko du sustatzaileak, ingurumenaren gaineko eraginari buruzko azterlanean eta ebazpen honetan proposatutako betekizunak bilduz.

Programa horretan kontrolatuko diren parametroak eta parametro bakoitzerako erreferentziako balioak zehaztuko dira. Horretaz gainera, laginketarako eta analisirako metodologia, kontrolerako puntuen kokapenari buruzko kartografia xehatua, haien maiztasuna, eta guztia gauzatzeko aurrekontuaren gaineko xehetasunak ere jasoko dira.

2.d.4.– Ingurumena zaintzeko programaren emaitzak bidaltzea.

Ingurumena zaintzeko programa osatzen duten txosten eta analisien emaitzak behar bezala erregistratu eta Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira. Ingurumena zaintzeko programaren emaitzak urtean behin bidaliko dira, ingurumenean aditua den erakunde batek egindako txostenarekin batera. Txosten horretan emaitzak analizatuko dira, batez ere epe horretan izandako gertakari nagusiak, gertakari horiek izatearen arrazoiak eta irtenbideak; eta aurretik zehaztu ez diren kasuetan lagin-hartzearen xehetasunak aztertuko dira.

Kasu bakoitzean aplika daitekeen arautegia kaltetu gabe, sustatzaileak euskarri egokian bilduko ditu datuak, bi urtez gutxienez, eta herri-administrazioen ikuskaritza-zerbitzuen esku egongo dira.

2.E.– Neurri babesle eta zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa aldatu ahal izango dira, bai neurtu behar diren parametroen kasuan, bai neurketaren aldizkakotasuna eta aipatutako parametroek hartu behar duten tarteari dagozkion mugen kasuan, baldin eta arautegi berria indarrean sartzeak, edo barneratzen diren sistemen egiturari eta funtzionamenduari buruzko ezagutza berri esanguratsuetara egokitu beharrak hala egitera bagaramatza. Era berean, jardueraren sustatzaileak hala eskatuta, edo ofizioz, neurri babesle zein zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa aldaraz ditzake ingurumen-organoak. Hori guztia, ingurumena zaintzeko programan lortutako emaitzetan oinarrituta, edo ingurumen-inpaktuak saihesteko ezarri diren neurri babesle, zuzentzaile zein konpentsatzaileak nahikoa ez direla egiaztatzen denean.

2.F.– Ebazpen honetako aurreko paragrafoetan xedatutakoaz gain, instalazioetarako sarbidean hasi eta Artibai ibaiaren ezpondara arte iristen den hondakindegi zaharreko hondakinen azterketaren emaitza eta hondakin horiek kudeatzeko proposamen zehatza bidali beharko dizkio proiektuaren sustatzaileak ingurumen-organoari, azken horrek onar ditzan. Ebazpen hau argitaratzen den egunetik zenbatzen hasita, sei hilabeteko epea du sustatzaileak azterketa horren emaitza eta proposamena bidaltzeko.

2.G.– Horretaz gainera, honako dokumentu hauek bidali beharko zaizkio ingurumen-organoari, espedientean sar ditzan:

2.g.1.– Ebazpen hau argitaratu eta 3 hilabeteko epean, ebazpen honetako 2.d.3 idatz-zatian aurreikusitako ingurumen-zaintzarako programaren dokumentu bategina.

2.g.2.– Artibai ibaiko ezkerraldeko ezpondaren goiko aldeko landare-berritzea amaitu; errekara nahigabean materialik ez eramateko edo ez erortzeko hesia jarri; eta dekantazio-putzu gehigarria egin ondoren, horiek guztiak gauzatu izanaren egiaztagiria aurkeztu beharko du sustatzaileak Ingurumen Sailburuordetza honetan –teknikari eskudunak emana–. Lanak zer egunetan hasi eta bukatu diren zehazteaz gain, egiaztagiri horretan adierazi beharko da, baita ere, aurkeztutako dokumentazioarekin eta ebazpen honetan xedatutakoarekin bat etorriz betearazi direla jarduerak. Egiaztagirian jaso beharko da, baita ere, bete egin direla jardueren bidez bete nahi ziren ingurumen-inpaktuen aurrean babesteko eta horiek zuzentzeko helburuak.

2.g.3.– Urtean behin, ingurumena zaintzeko programaren emaitza aurkeztuko da, ebazpen honen 2.d.4 idatz-zatian ezarritakoaren arabera.

3.– Euskal Herriko Ingurumena Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 47.3 artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren adierazpen honek, ondorio guztietarako, jarduera-baimena emateko behar diren neurri zuzentzaileen txostena ordezkatzen duela jakitera ematea.

4.– Proiektuari dagozkion lanak zer egunetan hasiko diren jakinarazi beharko dio aldez aurretik proiektuaren sustatzaileak ingurumen-organoari; halaxe xedatu baita urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuko 14.3 artikuluan (urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretua, proiektuen ingurumen-inpaktuaren eraginaren ebaluazioari buruzko legearen testu bategina onartzen duena).

5.– Ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko uztailaren 2a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

ALEJANDRA ITURRIOZ UNZUETA.


Azterketa dokumentala