Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

175. zk., 2014ko irailaren 16a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

SEGURTASUN SAILA
3868

EBAZPENA, 2014ko irailaren 8koa, Trafikoko zuzendariarena, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiari eginkizun honen kudeaketa gomendiotan emateko akordioa argitaratzea xedatzeko dena: Bide Prestakuntzako Irakaslearen Gaitasun Agiria lortzeko ikastarorako deialdiaren 5.2 oinarriari dagokionez, bertaratuta jaso beharreko prestakuntzaren faseko irakaste-jarduna gauzatzea (ikastarorako deialdia 2013ko urtarrilaren 15eko Ebazpen bidez egin zen, eta urtarrilaren 31ko EHAAn argitaratu zen, 22. zenbakian).

Urriaren 15eko 3256/1982 Errege Dekretuak xedatutakoaren babesean, Segurtasun Sailaren egitekoen eta organoen egitura ezartzen duen apirilaren 9ko 194/2013 Dekretuak 16.5.a) artikuluan Trafiko Zuzendaritza honi emandako eskumenekin bat, eta urriaren 17ko 1295/2003 Errege Dekretuaren bidez onartutako Motor Ibilgailuen Gidarien Eskola Partikularrei buruzko Erregelamenduak ematen dituen eskumenen arabera, Trafiko Zuzendaritzari dagokio, bere egitekoen artean, Bide Prestakuntzako Irakaslearen Gaitasun Agiria lortu nahi dutenentzat ikastarorako deialdia egitea.

Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 15. artikuluaren arabera, Administrazioko organoen edo zuzenbide publikoko erakundeen eskumeneko jarduera materialak, teknikoak eta zerbitzuzkoak administrazio bereko edo beste bateko organoei edo erakundeei gomendiotan eman dakizkieke, eraginkortasunari begira komeni bada, edo jarduera horiek gauzatzeko baliabide tekniko egokirik ez badago. Gomendioak ez dakar, ordea, ez eskumenaren titulartasuna lagatzea ez eskumen horretaz baliatzeko funtsezko elementuak lagatzea.

Trafiko Zuzendaritzak ez ditu Bide Prestakuntzako Irakaslearen Gaitasun Agiria lortzeko ikastaroetan bertaratuta jaso beharreko prestakuntzaren faseko irakaste-jarduna gauzatzeko behar diren bitartekoak.

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak esperientzia handia du herritarren segurtasuneko zerbitzu publikoetan dihardutenei behar duten lanbide-prestakuntza ematen.

Horretarako, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiari ematen diot Bide Prestakuntzako Irakaslearen Gaitasun Agiria lortzeko ikastaroetarako bertaratuta jaso beharreko prestakuntzaren faseko irakaste-jarduna gauzatzeko ardura.

Denek jakin dezaten, kudeatzeko gomendioa ebazpen honen eranskin gisa Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea xedatzen dut.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko irailaren 8a.

Trafikoko zuzendaria,

GARBIÑE SÁEZ MOLINUEVO.

AKORDIOA, SEGURTASUN SAILEKO TRAFIKO ZUZENDARITZAREN ETA POLIZIA ETA LARRIALDIETAKO EUSKAL AKADEMIAREN ARTEKOA, EGINKIZUN HONEN KUDEAKETA MATERIALA GOMENDIOTAN EMATEKO DENA: BIDE PRESTAKUNTZAKO IRAKASLEAREN GAITASUN AGIRIA LORTZEKO IKASTARORAKO DEIALDIAREN 5.2 OINARRIARI DAGOKIONEZ, BERTARATUTA JASO BEHARREKO PRESTAKUNTZAREN FASEKO IRAKASTE-JARDUNA GAUZATZEA (IKASTARORAKO DEIALDIA 2013KO URTARRILAREN 15EKO EBAZPEN BIDEZ EGIN ZEN)

Vitoria-Gasteiz, 2014ko irailaren 8a.

BILDU DIRA:

Alde batetik, Garbiñe Sáez Molinuevo andreak, Trafikoko zuzendariak.

Eta beste aldetik, Malentxo Arruabarrena Julián andreak, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak.

ADIERAZTEN DUTE:

Trafiko Zuzendaritzak –eraginkortasuna helburu– Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiari eskatzen dio bere gain har dezala Bide Prestakuntzako Irakaslearen Gaitasun Agiria lortzeko ikastarorako deialdiaren 5.2 oinarriko irakaste-jardunaren kudeaketa materiala, hau da, bertaratuta jaso behar den prestakuntzaren faseko irakaste-jardunari dagokiona (ikastarorako deialdia 2013ko urtarrilaren 15eko Ebazpen bidez egin zen, eta urtarrilaren 31ko EHAAn argitaratu zen, 22. zenbakian), honako klausula hauekin bat:

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Gehieneko ikasle-kopurua.

Behar izanez gero, ikastaroetan parte hartuko duten ikasleak taldeka eta txandaka banatuko dira, eta talde bakoitzak gehienez ere 24 ikasle izango ditu.

Bigarrena.– Bertaratzeko fasearen iraunaldia.

Bertaratzeko faseak 10 asteko iraunaldia izango du. Epe hori luzatu egingo da, baldin fase horretan herriko jairik, autonomia-erkidegokorik edo estatukorik egokitzen bada, jai horiek errekuperatu egin behar baitira.

Hirugarrena.– Irakatsi beharreko gaiak.

Honako gai hauek irakatsiko dira bertaratzeko fasean:

● Helduen prestakuntza eta irakasteko trebetasunak.

● Oinarrizko bizi-euskarria.

● Arauak, bide-segurtasuna eta garraioa.

● Mekanika eta gidatze ekonomikoa.

● Giza faktorea eta bide-segurtasuna.

● Bide-segurtasuna: ibilgailua eta bidea.

● Gidatzen ikasteko praktikak.

● Errefortzua.

● Bertaratuz egin beharreko tutoretza.

Laugarrena.– Esleitutako eginkizunak.

Hirugarren klausulan adierazitako gaiei buruzko prestakuntza eman beharraz gainera, eginkizun hauek esleitzen dira:

● Irakasleen taldean irizpide tekniko eta pedagogikoak planifikatzea, koordinatzea eta bateratzea.

● Gai edo irakasgai bakoitzerako aurkezten den programazio didaktikoari egokitzapenak egitea, edukiak zehaztea, ebaluazio jarraitua egiteko sistemak eta dagozkien errekuperazioak ezartzea, eta gidatzen irakasteko beharrezkoak diren ezaguerak, trebetasunak eta jarrerak elkarren artean integratu direla erakusteko probak ezartzea.

● Etengabeko jarraipena egitea, ikasleen bertaratzea zorrotz zainduta.

● Trafiko Zuzendaritzari eskatzen duen informazio guztia ematea, prestakuntzari eta ikasleei dagokienez, eta, batik bat, haien aprobetxamendu- eta bertaratze-mailei dagokienez.

● Parte hartu duten ikasleen aprobetxamendu- eta bertaratze-mailen ebaluazioa.

● Txanda bakoitza bukatu ondorengo astean txosten bat idaztea, alderdi hauen berri emanez:

– Ikasleen bertaratze-hutsen zerrenda, huts horiek erabat justifikatuta eta dokumentatuta direla.

– Parte hartu duten ikasleen aprobetxamendu- eta bertaratze-mailen ebaluazioa.

– Bertaratze-fasean, gai bakoitzeko ebaluazio-proba gainditu ondoren, Gai kalifikazioa jaso duten ikasleen zerrenda, eta Ez Gai kalifikazioa jaso dutenena, zein irakasgai errekuperatu behar dituzten zehaztuta.

● Trafiko Zuzendaritzari, txanda bakoitza bukatu ondorengo astean, prozesuaren azken emaitzak helaraztea.

Bosgarrena.– Gastuak.

Prestakuntzak dakartzan gastuak bertaratuta jaso beharreko irakaskuntzaren fasean hasten diren ikasleek zuzenean ordainduko dizkiote Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiari, hala aurreikusita baitago Bide Prestakuntzako Irakaslearen Gaitasun Agiria lortzeko ikastaroaren deialdia egiten duen Trafikoko zuzendariaren 2013ko urtarrilaren 15eko Ebazpenaren bederatzigarren oinarrian (urtarrilaren 31ko EHAA, 22. zk.).

Seigarrena.– Indarraldia.

Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik bigarren puntuan aipatutako bertaratzeko fasea bukatu arte izango du indarra kudeatzeko gomendioak.

Agiri honen edukiarekin ados daudenez, eta horrela jasota gera dadin, alderdi biek kudeatzeko gomendioa formalizatzeko tresna hau sinatzen dute, eta, denek jakin dezaten, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea xedatzen dute.

Trafikoko zuzendaria,

GARBIÑE SÁEZ MOLINUEVO.

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusia,

MALENTXO ARRUABARRENA JULIÁN.


Azterketa dokumentala