Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

176. zk., 2014ko irailaren 17a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

LEHENDAKARITZA
3875

175/2014 DEKRETUA, irailaren 9koa, Euskal Etxeentzako diru-laguntzak emateko araubidea ezartzeko Dekretua aldatzekoa.

Maiatzaren 27ko 8/1994 Legea, Euskal Autonomi Elkarteaz kanpoko euskal gizatalde eta etxeekiko harremanetarakoa, onetsi ondoren, euskal etxeentzako urteko diru-laguntzen deialdia izan da lege hori garatzeko programa nagusietako bat. Diru-laguntzen programa hori zenbait dekreturen bidez arautu da aipatutako lege horren indarraldian. Gaur egun, hau da indarreko tresna juridikoa: martxoaren 18ko 50/2008 Dekretua, euskal etxeentzako diru-laguntzak emateko araubidea ezartzekoa.

Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusia, Kanpoko Euskal Komunitatearen Zuzendaritzaren bitartez, gogoeta-prozesu batean murgilduta dago, euskal etxeen eta federazioen finantziazio-ereduari buruzko proposamen berri bat sortzeko. Hori Euskal Gizataldeen VI. Mundu Biltzarrean aurkeztuko da, 2015eko amaieran.

Hori dela eta, Dekretuaren 5. artikuluaren aldaketaren helburua diru-laguntzen balorazio- eta hautaketa-irizpideak hobeto zehaztea da. 11. artikuluari dagokionez, egokitzat jo da Ebaluazio Batzordearen osaera berrantolatzea, batzorde horren presidentea Kanpoko Euskal Komunitatearen zuzendaria izatea operatiboagoa izango baita izapidetzen diren laguntza-prozeduretarako. Dekretuaren 15. artikuluaren aldaketaren helburua, berriz, diru-laguntzen ordainketa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren aurrekontuetara egokitzea da.

Diru-laguntza horien deialdiak egiteko eta ebazteko ardura duten administrazio-organoak Lehendakaritzako egitura berrira egokitzea da Dekretuaren gainerako aldaketen helburua. Egitura berri hori Lehendakaritzako egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 187/2013 Dekretuaren bidez ezarri zen.

Horrenbestez, Lehendakaritzak hala proposatuta, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2014ko irailaren 9an egindako bilkuran eztabaidatu eta onetsi ondoren, hau

XEDATZEN DUT:

Lehenengo artikulua.– Aldatu egiten da Euskal Etxeentzako diru-laguntzak emateko araubidea ezartzen duen martxoaren 18ko 50/2008 Dekretuaren 5. artikuluaren 1. paragrafoaren b) idatzi-zatia. Hau da idazketa berria:

«b) Ohiko gastuetarako eta programak eta jarduerak antolatzeko gastuetarako, honako irizpide hauek erabiliko dira:

– Aurkeztutako proiektuaren bideragarritasuna.

– Euskadirekiko eta beste herrialde batzuetan errotutako euskal gizataldeekiko harreman sozial, ekonomiko eta kulturalak indartzea, eta euskal kultura zabaltzea.

– Euskal etxea, federazioa edo konfederazioa sendotzeko edota handitzeko garrantzia, barne kohesioa bultzatuz.

– Erakunde eskatzailearen jardun ibilbidea.

– Burutuko diren programa, ekintza edo jardueren genero-ikuspegia.»

Bigarren artikulua.– Aldatu egiten da euskal etxeentzako diru-laguntzak emateko araubidea ezartzen duen martxoaren 18ko 50/2008 Dekretuaren 6. artikuluaren 4. paragrafoa. Hau da idazketa berria:

«4. Nolanahi ere, 15. artikuluan aipatzen den hirugarren ordainketa gauzatu aurretik, eta 16. artikuluan aurreikusitako diru-laguntza justifikatu ondoren, emandako diru-laguntzaren likidazioa egingo da diru-laguntzaren azken zenbatekoa zehazteko, eta, hori egiteko, emandako diru-laguntzaren zenbatekoak aurkeztutako aurrekontuaren gainean suposatu zuen diru-laguntza portzentaje bera aplikatuko da azkenean justifikatutako gastuaren gainean. Hala badagokio, egiteke dagoen azken ordainketa likidazioan zehaztutako diru-laguntzaren eta aurretik ordaindutako zenbatekoen artean dagoen aldearen zenbatekoa izango da.»

Hirugarren artikulua.– Aldatu egiten da Euskal etxeentzako diru-laguntzak emateko araubidea ezartzen duen martxoaren 18ko 50/2008 Dekretuaren 7. artikulua. Hau da idazketa berria:

«Kanpoko Euskal Komunitatearen Zuzendaritza bitartez, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusia arduratuko da diru-laguntzon araubideak berekin dakartzan kudeaketa-lanez.»

Laugarren artikulua.– Aldatu egiten da euskal etxeentzako diru-laguntzak emateko araubidea ezartzen duen martxoaren 18ko 50/2008 Dekretuaren 8. artikuluaren lehen paragrafoa. Hau da idazketa berria:

«Urtero, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiaren ebazpen bitartez, dekretu honetan araututako diru-laguntzetarako deialdia egingo da.»

Bosgarren artikulua.– Aldatu egiten da euskal etxeentzako diru-laguntzak emateko araubidea ezartzen duen martxoaren 18ko 50/2008 Dekretuaren 11. artikuluaren lehen paragrafoa. Hau da idazketa berria:

«Gastu-modalitate bakoitzean aurkeztutako eskabideak aztertzeko, ebaluazio-batzorde bat eratuko da deialdi bakoitzean. Honako hauek izango dira batzorde horretako kideak: Kanpoko Euskal Komunitatearen zuzendaria edo hura eskuordetzen duen pertsona –batzordearen burua izango da–, eta Lehendakaritzako hiru pertsona. Diru-laguntzen urteko deialdia egiteko ebazpenaren bitartez izendatuko dira hiru pertsona horiek, eta horietako batek idazkari-eginkizunak beteko ditu.»

Seigarren artikulua.– Aldatu egiten da euskal etxeentzako diru-laguntzak emateko araubidea ezartzen duen martxoaren 18ko 50/2008 Dekretuaren 12. artikuluaren lehen paragrafoa. Hau da idazketa berria:

«1.– Kanpoko Euskal Komunitatearen zuzendariak, Ebaluazio Batzordeak egindako proposamena ikusirik, diru-laguntzen esleipena ebatziko du. Ebazpenean, diru-laguntzen onuradunak eta zenbatekoa adieraziko dira, ohiko gastuak eta inbertsio-gastuak bereiziz.»

Zazpigarren artikulua.– Aldatu egiten da euskal etxeentzako diru-laguntzak emateko araubidea ezartzen duen martxoaren 18ko 50/2008 Dekretuaren 12. artikuluaren 3. paragrafoa. Hau da idazketa berria:

«3.– Ebazpena euskal etxeei edo erakunde eskatzaileei jakinaraziko zaie banako komunikazioa bidaliz horretarako finkatu duten helbidera, urteroko deialdi-ebazpena indarrean jarri eta sei hilabete igaro baino lehenago. Horrez gain, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ere argitaratuko da, Euskal Autonomia Erkidegoaren Ogasun Orokorraren Araubidearen Legearen 49. artikuluan jasotakoa betetzeko (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretu bidez onartu zen arau hori), bai eta guztion ezagutzarako ere.>> Ebazpen horrekin ez da amaitzen administrazio-bidea, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar diezaiokete interesdunek Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.»

Zortzigarren artikulua.– Aldatu egiten da euskal etxeentzako diru-laguntzak emateko araubidea ezartzen duen martxoaren 18ko 50/2008 Dekretuaren 15. artikulua. Hau da idazketa berria:

«Diru-laguntza zatika ordainduko da:

a) Diru-laguntzaren % 15 diru-laguntza onartu ondoren ordainduko da.

b) Diru-laguntzaren % 60 diru-laguntza esleitu eta hurrengo aurrekontu-ekitaldiaren hasieran ordainduko da, lehenengo entregaren funtsen kargura egindako jardunak justifikatu ondoren, funts horien kargura gauzatutako jardunen txosten xehetua aurkeztuz.

c) Gainerako % 25a, diruz lagundutako jardueraren aurrekontuaren % 100i dagokion gastu guztiaren agiriak jaso eta egiaztatu ondoren.»

Bederatzigarren artikulua.– Aldatu egiten da euskal etxeentzako diru-laguntzak emateko araubidea ezartzen duen martxoaren 18ko 50/2008 Dekretuaren 16. artikuluaren 1. paragrafoa. Hau da idazketa berria:

«1.– Diru-laguntza jasotzen duten erakundeek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte diruz lagundutako jarduera amaitu eta handik sei hilabete igaro baino lehen, eta, beti ere, hurrengo ekitaldiko ekainaren 30a baino lehen:

a) Diru-laguntza jasotako programa, jarduera edo ekintzaren exekuzioari buruzko txosten zehatza.

b) Diruz lagundutako jardueraren exekuzioak sortutako gastuen frogagiriak.»

Hamargarren artikulua.– Aldatu egiten da euskal etxeentzako diru-laguntzak emateko araubidea ezartzen duen martxoaren 18ko 50/2008 Dekretuaren 17. artikulua. Hau da idazketa berria:

«1.– Diru-laguntza emateko kontuan hartu diren baldintzak aldatuz gero –betiere, diru-laguntzaren helburua betetzat jotzen bada– eta, kasuan kasu, edozein erakunde pribatu nahiz publikotik aldi berean beste laguntzarik jasoz gero, diru-laguntzak emateko ebazpena aldatu egin ahal izango da. Horretarako, Kanpoko Euskal Komunitatearen zuzendariak aldaketak egiteko ebazpena emango du esleitutako diru-laguntzen zenbatekoak egokitzeko.

2.– Dena delakoarengatik, euskal etxeen aurrekontuaren kontura diruz lagundutako programa, jarduera edo ekintzaren bat eskaeran ezarritako baldintzetan aurrera eramaterik ez badago, egoera horren berri eman beharko zaio Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiari. Horrelakoetan, eta esleipen-ebazpena aldatzea egoki ez bada, Kanpoko Euskal Komunitatearen zuzendariak beste ebazpen bat emango du emandako diru-zenbatekoa itzul dadin eskatzeko, hala balegokio.»

Hamaikagarren artikulua.– Ezabatu egiten da Euskal etxeentzako diru-laguntzak emateko araubidea ezartzen duen martxoaren 18ko 50/2008 Dekretuaren Laugarren Xedapen Gehigarria.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2014ko irailaren 9an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.


Azterketa dokumentala