Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

178. zk., 2014ko irailaren 19a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
3902

EBAZPENA, 2014ko abuztuaren 29koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordearena. Honen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Maisu-maistren eta Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoetan sartzeko praktika-aldia arautzen da.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2014ko abuztuaren 28ko Aginduaren bidez, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2009ko abenduaren 10eko, 2010eko abenduaren 17ko eta 2012ko otsailaren 10eko Aginduen bidez deitutako hautaketa-prozeduretan aukeratutako hautagaiak Euskal Autonomia Erkidegoko Maisu-maistren eta Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoetako praktiketako funtzionario izendatu dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko erabaki judizialak betez.

Aipatutako deialdi horiekin bat etorriz, praktikak arautu eta kalifikazio-batzordeen osaera eta eskumenak zehaztu behar dira.

Ondorioz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoko Maisu-maistren eta Bigarren Hezkuntzako irakasleen Kidegoetan praktiketako funtzionario izendatutako pertsonen praktikak hainbat batzordek kalifikatuko dituzte. Hona batzorde horien osaera eta jardute-prozedura:

1.1.– Kalifikazio-batzorde hauek eratuko dira eta kide hauek osatuko dituzte:

MAISU-MAISTREN KIDEGOA

EAEn batzorde bakar bat eratuko da, kide hauekin:

– Hezkuntzako Ikuskari bat, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Langileak Kudeatzeko zuzendariak izendatuko duena. Batzordeburu gisa jardungo du.

– Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publiko bateko zuzendari bat; Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Langileak Kudeatzeko zuzendariak izendatutako kide modura jardungo du.

– Maisu-Maistren Kidegoko karrerako lau funtzionario; gutxienez ere, hamar urteko esperientzia izango dute kidegoan eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Langileak Kudeatzeko zuzendariak izendatutako kide modura jardungo dute.

BIGARREN HEZKUNTZAKO IRAKASLEEN KIDEGOA

EAEn batzorde bakar bat eratuko da, kide hauekin:

– Hezkuntzako ikuskatzaile bat, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Langileak Kudeatzeko zuzendariak izendatua; batzordeburu jardungo du.

– Bigarren Hezkuntzako institutu bateko zuzendari bat; Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Langileak Kudeatzeko zuzendariak izendatutako kide modura jardungo du.

– Bigarren Hezkuntzako Irakasleen kidegoko karrerako lau funtzionario; gutxienez ere, hamar urteko esperientzia izango dute kidegoan eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Langileak Kudeatzeko zuzendariak izendatutako kide modura jardungo dute.

1.2.– Kalifikazio-batzordeen osaera Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzaren iragarki-tauletan eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren web-orrian argitaratuko da: www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net.

1.3.– Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 28. eta 29. artikuluetan abstentzioari eta ezespenari buruz ezarritakoa aplikatuko zaie kalifikazio-batzordeetako kideei.

Maisu-maistren kidegoaren kasuan, ikastetxeko zuzendariak proposatuta, kalifikazio-batzordeek izendatutako irakasle arituen tutoretzapean eramango da aurrera praktika-aldia. Izangai horiek Maisu-maistren Kidegoko karrerako funtzionario irakasleen artean aukeratuko dira, izangaiak praktikak egiten dituen espezialitatean habilitazioa dutenen artean batez ere, eta izangaiak praktikak egiten dituen ikastetxean izango dute destinoa.

Euskal Autonomia Erkidegoko Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoko funtzionarioen kasuan, praktika-aldia karrerako irakasle funtzionario arituen tutoretzapean egingo da. Tutore funtzionarioak izangaiak praktikak egiten dituen espezialitate berekoak izango dira eta, ahal izanez gero, katedratikoen kidegokoak edo, bestela, Didaktika Departamentuko buruak. Izangaiak praktikak egiten dituen ikastetxean izan beharko dute destinoa tutoreok eta ikastetxe horretako zuzendariak proposatuta, kalifikazio-batzordeak izendatuko ditu.

Praktika-aldian esleitutako tutoretza aurrera eramatea eragozten duen gorabeheraren bat gertatuz gero, ikastetxeko zuzendariak beste tutore bat proposatuko du, azaldutako irizpideen arabera, eta kalifikazio-batzordeak izendatuko du.

Hautagaien praktiken tutoretza egiteko baldintzak betetzen dituzten karrerako funtzionarioak ez dauden ikastetxeetan ikasketa-buruari edo ikastetxeko karrerako funtzionario den edozein irakasleari izendatuko zaio praktiken irakasle tutore. Kalifikazio Batzordeak, ikastetxeko zuzendariaren proposamenez, egingo du izendapen hori.

Baldin eta praktiketako funtzionarioak Maisu-maistren kidegokoak badira eta destinoa eskola unitario edo osatugabe batean –gutxienez, Haur eta Lehen Hezkuntzako ziklo bakoitzeko unitate bat ez duena– badute, aipatutako ikastetxeetako ikuskaria arduratuko da praktiketako irakasleen ebaluazioaz, Ebazpen honen I-II eranskinetan xedatutakoaren arabera. Horretarako, nahi duen informazioa eskatu ahal izango dio zuzendaritzari edo beste edozeini, eta kalifikazio-batzordeari igorriko dio.

1.4.– Irakasle tutoreak ondorengo gaiei buruzko aholkularitza eta informazioa emango dizkie praktiketako funtzionariei:

– Programazio didaktikoa.

– Ebaluatzeko prozedura eta irizpideak.

– Koordinazio didaktikoa.

– Tutoretza- eta orientabide-planak.

– Hezkuntza-premia espezifikoak eta aniztasunari arreta ematea.

– Familiekiko harremanak adingabeko kasuetan.

1.5.– Zuzendaritza-taldeak ondorengo gaiei buruzko aholkularitza eta informazioa emango dizkie praktiketako funtzionariei:

– Ikastetxearen hezkuntza-proiektua eta curriculum-proiektua.

– Ikastetxearen urteko plana eta urteko memoria.

– AJA (ROF) eta elkarbizitza-plana.

– Ikastetxeko gobernu- eta koordinazio didaktikoko organoen funtzionamendua.

– Hezkuntza erkidegoaren parte-hartzea.

2.– Praktika-aldia amaitzean, ikastetxeko zuzendariak, txosten bat egingo du izangaiaren lanak merezi duen balorazioa adierazteko. I. eranskinean azaltzen diren alderdiak baloratuko dira txosten horretan. Zuzendariak kalifikazio-batzordeari bidaliko dio txosten hori.

Irakasle tutoreak, berriz, txosten bat egingo du izangaiaren lanak merezi duen balorazioa adierazteko. II. eranskinean azaltzen diren alderdiak baloratuko dira txosten horretan. Tutoreak kalifikazio-batzordeari bidaliko dio txosten hori.

Halaber, batzordeek izangaiei azken txosten bat eskatu ahal izango diete. Txosten horretan, izandako zailtasunak eta jasotako laguntzak baloratuko dituzte.

3.– Izangaiak praktikak egiten dituen ikastetxeko erreferentziako ikuskariak irakasleak ebaluatzeko prozesua koordinatuko du, ikastetxeko zuzendariaren eta irakasle-tutorearen txostenak jaso, eta balorazio-txosten bat emango du, izangaiak egindako irakasle-lanari buruz. Beharrezkotzat jotzen badu, izangaiak ematen dituen klaseetara joango da, nahi adina informazio eskatuko du izangaiaren praktika-aldiari buruz eta txostena emango du, dagozkion eranskinetako adierazleen arabera.

Ikastetxeko erreferentziako ikuskariak kalifikazio-batzordeari bidaliko dizkio txosten guztiak.

4.– Kalifikazio-batzordeek izangaiak ebaluatuko dituzte, irizpide hauen arabera:

a) Praktiketako funtzionarioaren jarduerari buruz zuzendariak, irakasle tutoreak eta ikastetxeko ikuskariak egindako txostenak, dagozkion eranskinen arabera.

b) Izangaiaren azken memoria-txostena, kalifikazio-batzordeak eskatuz gero.

Eskola unitario edo osatugabeetan destinoa duten Maisu-maistren kidegoko praktiketako funtzionarioen ebaluazioa egin behar denean, ikastetxeko ikuskariak emango du praktiketako funtzionarioaren jarduerari buruzko txostena.

Edozein kidegotako praktikako funtzionarioen kalifikazioa «ez gai» izango da izangaia nahikotasun-mailetara heltzen ez bada dagozkion eranskinetan ezarritako adierazle guzti-guztietan.

Irakasle tutorearen eta ikastetxeko zuzendariaren txostenek zertan oinarritzen diren adierazi beharko dute, baita txosten horiek egiteko erabili duten dokumentazioa ere.

Kalifikazio-batzordeek, nahi duten guztietan, izangaiei buruzko txosten osagarri bat eskatu ahal izango diote ikastetxeko Hezkuntza ikuskariari, eranskinetako adierazleetan oinarrituta.

Ikuskariak derrigorrean egin beharko du txosten hori, baldin eta zuzendariak edo irakasle tutoreak egindako txostenean izangaiaren praktikak era negatiboan baloratzen badira.

5.– Emandako txostenak kontuan hartuta, kalifikazio-batzordeek izangaia ebaluatuko dute eta Langileak Kudeatzeko zuzendariari helaraziko diote praktiketako funtzionarioen zerrenda, kalifikazioekin.

6.– Praktiken kalifikazioa «gai» edo «ez gai» izango da. «Ez gai» kalifikazioa eman zaien praktiketako funtzionarioek, Langileak Kudeatzeko zuzendariak aldez aurretik jakinarazi ondoren, bost eguneko epean, aditzera eman eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, alegazioak jarri ahal izango dizkiote kalifikazio horri, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak 79. artikuluan xedatutakoaren arabera. Epe hori pasa ondoren, Langileak Kudeatzeko zuzendariak emango du ebazpena eta dagokion kalifikazio-batzordeari eta interesatuari bidaliko zaie.

Bigarrena.– Kalifikazio-batzordeak hamar eguneko epean eratu beharko dira, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara eman eta hurrengo egunetik kontatzen hasita. Kalifikazio-batzordeak osatzeko, kide guztiek egon beharko dute, Langileak Kudeatzeko zuzendariak baloratu beharko dituen zirkunstantzia berezirik gertatu ezean. Batzordea osatzeko ekitaldiaren akta egingo da eta Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzari bidaliko zaio.

Hirugarrena.– Kalifikazio-batzordeek «gai» edo «ez gai» kalifikazioen behin betiko akta erredaktatu ahal izateko, batzordeburuak eta gainontzeko batzordekideen erdiak egon beharko dute. Edonola ere, batzordea eratu ondoren ezinbesteak bultzaturik edo ustekabeko arrazoiengatik batzordekideetako batzuk edo batzordeburua ezin badira agertu, Langileak Kudeatzeko zuzendariari eman beharko zaio horren berri eta behar dena erabakiko du.

Laugarrena.– Praktiken lanaldia, gutxienez, 2/3koa izango da, eta irakaskuntza zuzeneko sei hilabeteko aldia bukatu ondoren joko da amaitutakotzat. Halaber, eta salbuespenezko kasuetan, praktika-aldi horrek hiru hilabete baino gehiago iraun ahal izango du, jarraian, betiere praktiketako funtzionarioak ezin badu praktika-aldi hori era normalean egin, dela aldi baterako ezintasunarengatik, dela amatasun-bajarengatik, dela aparteko beste ustekabeko batengatik. Kalifikazio-batzordeak egoera horiek baloratu beharko ditu. Salbuespenezko kasu horietan ere, eguneko lanaldia 2/3ekoa izango da, gutxienez.

Kalifikazio-batzordeak egingo duen azken aktan ebaluazioa egin behar zaien praktiketako irakasle guztiak eta beren kalifikazioak agertuko dira. Langileak Kudeatzeko zuzendariari bidaliko zaizkio praktikak ebaluatzeko akta horiek.

Ez gaitzat jotzen diren praktiketako funtzionarioek izango dute hurrengo promozioan hautatutakoekin praktika-fasea, behin bakarrik, errepikatzeko aukera. Kasu honetan, sartzen diren promozioan haien espezialitatean aukeratutako azken izangaiaren hurrengo tokia hartuko dute.

Lanean hasten ez direnek edo bigarren aldiz ez gaitzat jotzen zaien izangagiek karrerako funtzionario izendatzeko eskubide guztiak galduko dituzte. Arrazoidun ebazpen baten bidez, deialdia egin duen agintariak eskubide horien galera aldarrikatuko du.

Bosgarrena.– Praktika-aldian, eta kasu berezietan, praktiketako funtzionarioei azterketa medikuak egiteko eskatu ahal izango du Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzak, Kalifikazio Batzordearen proposamenez, irakaskuntzan behar bezala jarduteko baldintza fisiko eta psikikoak betetzen dituztela egiaztatzeko asmoz.

Seigarrena.– Langileak Kudeatzeko zuzendariari eskuduntzak ematen zaizkio, praktika-fase hau aurrera eramateko behar diren argibideak emateko.

Zazpigarrena.– Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara eman eta hurrengo egunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko abuztuaren 29a.

Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordea,

OLATZ GARAMENDI LANDA.

I. ERANSKINA

Ikastetxeko zuzendariaren txostenerako adierazleak:

1.– Hezkuntza-jardueren diseinuan eta egitean laguntzea, ikastetxeko kide bakarreko organoen proposamenez.

2.– Ikastetxean egoteko ordutegi pertsonala betetzea.

3.– Talde-ikasgelan emateko ikasgaien ordutegia betetzea.

4.– Sail, ziklo eta talde-ikasgeletako Taldearen akordioak betetzea, ikasleen ikaskuntzako ebaluazio eta kalifikazioari dagozkionak bereziki.

5.– Organo kolegiatuen hitzarmenak betetzea eta parte hartzea.

6.– Irakasleen Klaustroan eta hezkuntza komunitatean integratzea.

7.– Taldean lan egiteko gaitasuna.

8.– Ikastetxeko eskola-ekintzetan parte hartzea.

9.– Eskolaz kanpoko hezkuntza- eta irakaskuntza-ekintza osagarriak ikasleekin batera burutzeko zereginetan parte hartzea, OOGn onartuak eta Ikastetxeko Planean islatuak.

10.– Ikasle eta familiekin harremanak edukitzeko gaitasuna izatea.

11.– Irakas-praktika talde-ikasgelan.

12.– Ikastetxeko zuzendaritza-taldearekiko lankidetza, ikastetxea berak eta beraren jarduerek behar bezala funtzionatzeko.

II. ERANSKINA

Ikastetxeko tutorearen txostenerako adierazleak:

1.– Irakasle-taldearen partaidea den aldetik, talde-ikasgelaren tutorearekin era aktiboan lankidetzan aritzea ikasleak hezteko prozesuan.

2.– Irakasleen bilera eta lan-taldeetan parte hartzea eta era aktiboan lankidetzan aritzea.

3.– Sail edo Zikloaren eskariz gauzatzen diren hezkuntza-ekintzetan parte hartzea.

4.– Hezkuntza eta irakaskuntza ekintzetako plangintza eta programazioa talde-ikasgelan garatzeko xedez, indarreko curriculum eta Ikastetxeko Hezkuntza Proiektuari jarraiki.

5.– Talde-ikasgelaren programazioa sailean edo zikloan ezarritako irizpideei egokitzea, etaparen curriculum-proiektuaren arabera, ondorengo gaietan:

– Espezialitatearen programa.

– Estrategia metodologiko egokiak aplikatzea.

– Hezkuntza-etapari edo espezialitateari egokitutako ebaluazio-prozedurak aplikatzea.

– Ikasleen aniztasuna aintzat hartzea, hezkuntza-premia bereziak dituztenak batez ere.

6.– Prestakuntzazko eta bildumazko ebaluazioaren diseinua eta aplikazioa programatutako irakatsi eta ikasteko prozesuetan.

– Talde-ikasgelako ikasleek lortutako emaitzak eta ikasleek banan-banan lortutako ikaskuntza maila aztertzea.

– Ikasleek egiten duten aurrerapenaren jarraipena eta talde-ikasgelako tutoreari, ikasleei eta familiei horren berri ematea.

– Hobetzeko erabaki diren proposamenak: aldaketak metodologian; ekintzak egokitzea; materialak eta baliabide didaktikoak aukeratzea; ebaluazio- eta kalifikazio-irizpideak adostea.

7.– Ikasleen aniztasunaren gaia talde-ikasgelan tratatzea.

8.– Talde-ikasgelan sortutako gatazkak konpontzeko trebezia.

9.– Taldeko tutore-lana eta berari egotzitako funtzioak edo ikastetxeak jarritako beste edozein kargu edo erantzukizun behar bezala betetzea.


Azterketa dokumentala