Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

180. zk., 2014ko irailaren 23a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LEHENDAKARITZA
3944

EBAZPENA, 2014ko irailaren 12koa, Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariarena, «René Cassin» Sarirako 2014ko deialdia egiten duena.

2013ko urriaren 16ko 427/2013 Dekretuak arautzen du «René Cassin saria», zeinaren helburua baita jendaurrean aitortzea eta nabarmentzea pertsonek eta elkarteek giza eskubideen arloan egin duten lan esanguratsua eta ibilbide pertsonal edo profesionalaren bidez giza eskubideen sustapen, defentsa eta zabalkundean hartu duten konpromisoa.

Aipatu Dekretuaren 3. artikuluan aurreikusten denez, urtero, Giza Eskubideen arloko eskumena duen zuzendaritzako titularrak deialdia egingo du, ebazpen bidez, saria emateko; eta deialdi horretan ezarriko da sariak izango duen diru-zenbatekoa, baita hautagaiak aurkezteko epea eta tokia ere.

Era berean, aipatu Dekretuaren 6.1 artikuluak ezartzen du saria merezi duten pertsona edo pertsonak hautatzeko epaimahai bat eratuko dela, Giza Eskubideen arloari loturiko izen handiko 9 pertsonez osatutakoa. Giza Eskubideen arloan eskumenak dituen zuzendaritzako titularrak izendatuko ditu pertsona horiek, ebazpen bidez izendatu ere.

Horrenbestez, 2014ko ekitaldian, Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariak egin behar du sarirako deialdia, eta epaimahaikideak izendatu.

Horren ondorioz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Ebazpen honen helburua da «René Cassin» sarirako 2014ko deialdia egitea.

2. artikulua.– Diru-zenbatekoa.

Sariaren diru-zenbatekoa 12.000 euro da.

3. artikulua.– Hautagaiak aurkezteko epea eta lekua.

1.– Hautagaiak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik aurrera.

2.– Hautagaiak bidali behar dira Eusko Jaurlaritzaren Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiko Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzara (Nafarroa kalea 2, 01007 Vitoria-Gasteiz), eta, horretarako, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako edozein modu erabiliko da (30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearena).

3.– Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzak bermatu egingo du herritarrek gaztelania nahiz euskara erabili ahal izango dutela, ahoz zein idatziz, zuzendaritzarekiko harremanetan.

4. artikulua.– Epaimahaia.

1.– Hauek izango dira epaimahaiko kideak:

Epaimahaiburua: Jonan Fernández jauna, Eusko Jaurlaritzako Bakegintza eta Bizikidetzarako idazkari nagusia.

Bokala: Silvia Escobar Moreno andrea, Giza Eskubideen inguruko gaietarako Espainiak 2011ra arte izandako misio bereziko enbaxadorea.

Bokala: Jon Mirena Landa Gorostiza jauna, Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen zuzendaria 2005etik 2009ra.

Bokala: Maixabel Lasa Iturrioz andrea, Eusko Jaurlaritzako Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko zuzendaria 2001etik 2012ra.

Bokala: Juan José Alvarez Rubio jauna, EHUko Nazioarteko Zuzenbideko katedraduna, eta Zuzenbideko doktorea.

Bokala: Izaskun Moyua Pinillos andrea, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendari nagusia 2005etik 2009ra.

Bokala: Mikel Mancisidor de la Fuente jauna, Nazio Batuen Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen Batzordeko kidea.

Bokala: M. del Carmen Hernández andrea, Jesus María Pedrosaren alarguna.

Bokala: Mariano Ferrer Ruiz jauna, kazetaria.

Idazkaria: Monika Hernando Porres andrea, Eusko Jaurlaritzako Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiko Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendaria.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Ebazpen honetan berariaz araututa ez dagoen guztirako, honako hauek aplikatuko dira: azaroaren 26ko 30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena; Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren laguntzen eta diru-laguntzen erregimena arautzen duen araudia, eta 2013ko urriaren 16ko 427/2013 Dekretua, Giza Eskubideen «René Cassin» saria arautzen duena.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Ebazpen honek ez du amaitzen administrazio-bidea. Beraren aurka interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez dezakete Bake eta Bizikidetzarako Idazkaritza Teknikoan, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA

Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko irailaren 12a.

Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendaria,

MÓNICA HERNANDO PORRES.


Azterketa dokumentala