Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

186. zk., 2014ko urriaren 1a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
4052

AGINDUA, 2014ko irailaren 17koa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena, landa-eremuetan biomasa bidez energia termikoa sortzeko ekintzak martxan jartzeko laguntzen deialdia egiten duena 2014ko ekitaldirako.

Kontseiluaren irailaren 20ko 1698/2005 (EE) Erregelamenduak –Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren bidez (LGENF) landa-garapenari laguntzeari buruzkoak–, 2017ko urtarrilaren 1etik 2013ko abenduaren 31ra arteko programazio-aldirako helburuak lortzeko xedez, lau ardatz ezarri zituen, eta laugarrena, hain zuzen ere, Leader ikuspegiari buruzkoa da. Baliabide horrek, etapa berrian, jarraipena ematen die aurreko Leader I (1989-1993), Leader II (1994-1999) eta Leader Plus (2000-2006) ekimenetako esperientziei, eta haietan sakontzen du.

Ardatz horretako landa-garapeneko neurriak Euskal Autonomia Erkidegoko Landa Garapenerako 2007-2013 Programan (LGP) sartu ziren. Programa hori Europako Batzordeak onartu zuen 2008ko otsailaren 15eko C(2008)704 Erabakiaren bidez. Programa horren barruan, IV. ardatza Leader ikuspegia aplikatzeari buruzkoa da, eta ez du ardatz bereizi gisa funtzionatzen; beste ardatzetan integratuta dauden jarduera batzuei aplikatutako kudeaketa modu bat da, jarduera horiek hobeto egokitzen direlakoan tokiko eragileetatik abiatutako barne-garapen batean Euskal Autonomia Erkidegoan landa-garapeneko politikak eta prozesuak indartzeko.

74/2009 Erregelamenduak eta 473/2009 Erregelamenduak (LGENFaren bidez landa-garapenari laguntzeari buruzko 1698/2005 Erregelamendua aldatu zuten) LGENF funts gehiago sartu zituzten, eta funts horiek lehentasun edo «erronka berri» zehatz batzuetara bideratu beharrekoak ziren. Horietarako, emandako laguntzen % 75eko kofinantziazioa ezartzen da.

Identifikatutako erronka berrietako bat energia berriztagarriei buruzkoa da, biomasa eta beste energia berriztagarri batzuk (eguzki energia, eolikoa, geotermikoa) erabilita energia berriztagarria produzitzeko instalazio eta azpiegiturei laguntzeko helburua duena. Ustiategietarako dibertsifikazio gisa diseinatu zen, eta, horrela, berez kokatu zen LGPko 311. neurrian (Nekazaritzakoak ez diren jardueretarako dibertsifikazioa), Leader ikuspegiaren pean. Haren kudeaketa Toki Ekintza Taldeek egiten dute, proiektu berritzailetzat hartzen baitira. Neurri horrekin, ustiategietarako beste diru-sarrera batzuk izateko modua bilatzen zen, laguntza horietatik etorritako energia-produkzioaren zati bat nahitaez sare elektrikora saltzeko erabili behar baitzen.

Baina bat-bateko erreforma energetikoak kendu egin ditu pizgarri ekonomikoak instalazio berrietarako, eta eten egin du erregimen ekonomiko nagusia esleitzeko ordainsariak aurrez esleitzeko prozedura. Beraz, beharrezkotzat jo da energia berriztagarrietarako aipatutako laguntzak berriz planteatzea.

Partida horren bitartez diruz lagun daitezkeen energia berriztagarrien operazioak toki erakundeetara bideratuko dira, landa-eremuetako bizi-kalitatea hobetzen duten azpiegiturak ezartzeko. Operazio horiek LGPko 321. neurrian kokatzen dira (Oinarrizko zerbitzuak landa-eremuetako ekonomiarentzat eta biztanleentzat), betiere hasierako Leader ikuspegiari eutsiz.

Hori dela eta, landa-eremuetan biomasa bidez energia termikoa sortzeko ekintzak martxan jartzeko laguntzen deialdia irekitzen da 2014rako. Deialdi hau Kontseiluaren irailaren 20ko 1698/2005 (EE) Erregelamendua eta LGP programa betez egiten da (programa horretan, Batzordearen 2004ko abuztuaren 8ko G.1(2014)2882360 idazki bidez onartutako aldaketa aintzat hartuta).

EAEko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 49.5 artikuluak ezartzen duenez, ekitaldi ekonomiko bakoitzean EAEko Aurrekontu Orokorrak indarrean jartzen direnean, programen diru-laguntzak emateko arauak eguneratu, berrikusi, edo, hala badagokio, ezarriko dira, eta kasuan kasuko deialdia egingo da bere garaian izaera mugagabez arautu zirenentzat.

Abenduaren 20ko 4/2013 Legearen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko 2014ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorrak onartu ziren.

Bi arau horiek aplikatuz, landa-eremuetan biomasa bidez energia termikoa sortzeko ekintzak martxan jartzeko laguntzen deialdia egiten da 2014rako.

Horiek horrela, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Xedea eta ezaugarriak.

1.– Lege honen xedea da landa-eremuetan biomasa bidez energia termikoa sortzeko ekintzak martxan jartzeko laguntzen deialdia egitea 2014rako. Laguntza hauek Euskal Autonomia Erkidegoko Landa Garapenerako 2007-2013 Programan (Batzordearen 2004ko abuztuaren 8ko G.1(2014)2882360 idazki bidez onartutako aldaketa aintzat hartuta) sartzen dira eta Kontseiluaren irailaren 20ko 1698/2005 (EE) Erregelamenduaren babesean ematen dira.

2.– Agindu honen arabera emandako laguntzak ez dira itzuli behar diren horietarikoak.

3.– Urteko laguntzak izango dira, agindu honen hemezortzigarren puntuan xedatutakoa eragotzi gabe.

Bigarrena.– Diruz lagun daitezkeen proiektuak.

Agindu honen eremuan diruz lagun daitezkeen proiektuak izango dira «Biomasa erabiliz energia termikoa sortzeko sistemak».

Hirugarrena.– Diruz lagun daitezkeen kostuak.

Diruz lagun daitezkeen kostutzat hartuko dira berokuntzako zerbitzua eta etxeko ur beroaren zerbitzua (banakakoa nahiz berokuntzako barruti-sare batean kokatua) eskaintzeko sistema ezartzeko urbanizazio-, eraikuntza- eta instalazio-lanetatik eratorritako kostu guztiak, osagai guztien kostuak ere barne direla.

Laugarrena.– Esparru geografikoa.

1.– Laguntza hauek Leader ikuspegian ezarritako landa-inguruetan aplikatuko dira, Landa Eremuen Definizio Teknikoak eginiko azterketan G1, G2, G3, G4, G5, G6 eta G7 taldeetan identifikatutako inguruetan. Dekretu honen I. eranskinean agertzen dira zehaztuta taldeok.

2.– Guztira, 148.558 lagun bizi dira jardun-eremuan.

Bosgarrena.– Onuradunak.

Toki-erakundeak eta udalez gaindiko erakunde publikoak.

Seigarrena.– Finantziazioa.

1.– Agindu honetan jasotzen diren laguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoak LGENF funtsaren ekarpenetik eta Euskal Autonomia Erkidegoko 2014rako Aurrekontu Orokorretan xede horretarako ezartzen diren kredituetatik aterako dira.

Agindu honetako deialdiko laguntzak finantzatzeko EAEren 2014ko Aurrekontu Orokorren konturako aurrekontu-kredituak ordainketa-kredituko 125.000 euro dira.

Europako Erkidegoko LGENF funtsari dagokionez, agindu honetako laguntzak finantzatzeko kredituen zenbateko zehatza 375.000 euro-koa da, eta Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde ordaintzaileak egindako ordainketen bidez aplikatuko dira.

2.– Emango diren laguntzen zenbateko guztia ezingo da izan baliabide horiek baino handiagoa, ez eta baliabideok eguneratzean ateratzen den zenbatekoa baino handiagoa ere, indarrean dagoen legedia betez aurrekontu-aldaketak onartzen diren kasuetan. Eguneratzea egin eta baliabideak handitzen badira, laguntzak emateko prozedura ebatzi aurretik gauzatu beharko da igoera hori, eta horren berri eman beharko da gainera, landa-garapeneko gaietan eskumena daukan sailburuordearen ebazpen bidez.

Zazpigarrena.– Baldintzak.

Diru-laguntza eskatzen dutenek honako baldintza hauek bete beharko dituzte eskabidea aurkeztean:

1.– Diruz laguntzekoak diren inbertsioak agindu honetako eranskinean adierazitako EAEko landa-inguruetako udalerrietan egin behar dira.

2.– Erakunde eskatzaileek laguntasuna eskatua izan behar dute «Basoko biomasa energia sortzeko euskal ekimena» deritzonaren barruan. Ekimen hori Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko HAZI fundazioak eta Energiaren Euskal Erakundeak sustatu dute.

3.– Egunean izatea foru-ogasunekiko zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

4.– Proiektuek ingurumen-arauak eta baldintza higieniko eta sanitarioak bete behar dituzte, baita dagozkien inbertsioei aplika dakizkiekeen erkidegoko arauak ere.

5.– Inbertsioek ezin dute izan ondorio negatibo nabarmenik ingurumenean.

6.– Eskatzaileek jakinarazi behar dute diruz laguntzen den gastu bera ordaintzeko beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide ekonomikorik eskatu dioten administrazio publiko edo erakunde publiko edo pribaturen bati, baita eskuratu duten ala ez.

7.– Jakinarazi beharko dute Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta haren erakunde autonomiadunek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasiera eman zaion edozein itzulketa- edo zigor-prozeduratan sartuta dauden ala ez.

8.– Edozein itzulketa-prozeduraren ordainketa-betebeharrak beteta izan beharko dituzte.

9.– Erakunde eskatzaileak ez izatea diru-laguntza edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dion zehapen penalik zein administrazio-zehapenik, eta ez izatea horretarako legezko inolako debekurik, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean ezarritakoarekin bat etorriz.

Zortzigarrena.– Eskabideak eta dokumentazioa.

1.– Agindu hau indarrean sartu eta hilabeteko epean aurkeztuko dira eskabideak. Toki Ekintza Taldeari aurkeztuko zaizkio eskabideak, taldeak adierazitako bulegoan; web orri honetan zehaztuko da non: www.nasdap.ejgv.euskadi.net.

2.– Eskabide-orria (jatorrizkoa eta kopia aurkeztuko dira) web orri honetan eskura daiteke: www.nasdap.ejgv.euskadi.net.

3.– Gainera, eskatzaileek agiri hauen jatorrizkoak eta kopia edo fotokopiak aurkeztu behar dituzte:

a) NANaren fotokopia.

b) Erakunde eskatzailearen legezko ordezkariaren NANaren fotokopia.

c) Eskatzaileek foru-ogasunekiko zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela egiaztatzen duen ziurtagiri bat.

d) Ordainketak egiteko dokumentazioa (Hirugarrenen alta-agiria), azken bost urteetan Eusko Jaurlaritzari beste laguntzarik eskatu ez zaion kasuetan, edo emandakoa aldatu nahi denean.

e) Proiektuari buruzko memoria; garatuko den jarduera azaltzeko memoria jaso behar du gutxienez, eta hauek hartu behar ditu barnean: aurrekontua edota proformako faktura, urteko aurrekontu edota fakturak egiteko eta ordaintzeko epeei buruzko aurreikuspena eta finantzaketari, kokalekuari, lanpostuak sortzeari eta bideragarritasunari buruzko datuak.

f) Proiektua gauzatzeko behar diren baimenak.

g) Eskatzaileek agindu honek ezartzen dituen betekizun guztiak betetzen dituztela, aurkezten dituzten agiri guztiak egiazkoak direla eta agindu honen 7. puntuko 8. artikuluko 4, 5, 6, 7, 8 eta 9. paragrafoek ezartzen dituzten baldintzak betetzen dituztela adierazten duen erantzukizunpeko aitorpena.

4.– Eskabideetan, eskabidearen ereduan azalduko da laguntzaren eskatzaileak baimena eman dezakeela berariaz Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritzak dokumentazioaren parte bat hartu edo egiaztatu dezan, eskura dauden elkarreragingarritasun sistemen bidez. Dokumentazio horretan honako hauek egongo dira: IFK, NANa eta dagokion Foru Ogasunarekin dituen zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzari egin beharreko ordainketak egunean dituela erakusteko ziurtagiria.

5.– Eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dituzte laguntza-eskabidea eta eskatutako agiriak. Halaber, laguntza-eskabidearen ondoriozko jardueretan, eta prozedurak irauten duen bitartean, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean xedatutakoa betez.

6.– Eskabideek ez badituzte betetzen baldintza guztiak, hamar egun balioduneko epea emango zaie interesdunei, akatsak zuzentzeko edo nahitaez aurkeztu beharreko agiriak eransteko, eta adieraziko zaie atzera egin dutela joko dela horrelakorik egiten ez badute. Aurrez, Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendariak ebazpena emango du, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 42. artikuluarekin bat etorriz.

7.– Edonola ere, Toki Ekintza Taldeak beharrezko iritzitako bestelako argibide eta/edo agiri osagarriak eskatu ahal izango dizkio eskatzaileari, aurkeztutako eskabidean adierazitakoa egoki ulertzeko, ebaluatzeko eta eskabidea izapidetzeko.

Bederatzigarrena.– Irizpide objektiboak.

1.– Proiektuen balorazioa egin ondoren, proiektu bakoitzari puntuazio zehatz bat emango zaio, eta puntuazio horren arabera kalkulatuko da eman beharreko laguntza, agindu honen hamargarren puntuan xedatutakoarekin bat etorriz.

2.– Proiektuen balorazioa LGParen 321. lerroaren babesean egingo da, eta irizpide hauek hartuko dira kontuan:

a) Eskualdeko Landa Garapenerako Planera egokitzea (30 puntu). Kontuan hartuko da zenbateraino egokitzen den proiektu bakoitza eskualdeetako landa-garapenerako planek finkatzen dituzten estrategietara.

b) Landatartasun-maila (20 puntu). Proiektua kokatzen den entitatearen garapen-mailaren arabera puntuatuz baloratuko da landatartasun-maila.

c) Proiektuaren kalitatea eta sustatzailea.

○ Eremuaren garapen-maila, proiektu-motari dagokionez (10 puntu).

○ Proiektuaren bideragarritasun tekniko-ekonomikoa eta finantzarioa (10 puntu).

○ Sustatzaileen berme teknikoak, ekonomikoak eta finantzarioak (15 puntu).

d) Inbertsioen tipologia:

○ Enplegua sortzea (5 puntu). Proiektuak enplegua, batez ere emakumeen enplegua, sortzeko duen ahalmena baloratuko da.

○ Sinergia (5 puntu). Kontuan hartuko da proiektuek zenbateraino erakar ditzaketen beste jarduera batzuk.

○ Proiektuaren eta benetako beharren arteko proportzionaltasuna (5 puntu). Kontuan hartuko da proiektuaren eta haren beharraren arteko egokitasuna.

3.– Proiektu bat babestu ahal izateko, 60 puntu lortu beharko ditu gutxienez.

Hamargarrena.– Laguntzaren zenbatekoa.

1.– Proiektu bakoitzak agindu honetako bederatzigarren puntuaren arabera lortu duen puntu kopuruaren arabera, proiektu bakoitzari esleituko zaion laguntzaren ehunekoa honela zehaztuko da:

(Ikus .PDF)

2.– Laguntza-ehuneko hori diruz laguntzeko modukotzat hartu den proiektuaren kostuari aplikatuko zaio.

Hamaikagarrena.– Laguntzen kudeaketa.

1.– Toki Ekintza Taldeak eskabideak eta dokumentazioa aztertuko ditu, behar den informazioa jasotzen duten eta diruz lagunduko diren neurrien izaerarekin bat datozen egiaztatzeko. Hori guztiz egiaztatu ondoren, diru-laguntzak jasotzeko txostena eskatuko dio Taldeak Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritzari, eta zuzendaritza horrek dagokion irizpena prestatuko du. Toki Ekintza Taldeak eskatu eta bi hilabeteko epean emango da irizpen hori. Epe hori amaitu eta Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritzak ez badu irizpenik eman, irizpena aldekoa dela ulertuko da.

Honako hauek hartuko ditu kontuan irizpenak:

● Proiektua «Basoko biomasa energia sortzeko euskal ekimena» deritzonaren esparruan kokatzen den,

● Proiektua Toki Ekintza Taldeak zehaztutako estrategiarekin bat datorren,

● Berritzailea den,

● Dagokion erregioan eta eskualdean aplikatzen diren esku-hartzeekin osagarria den.

2.– Toki Ekintza Taldeak eskabideak aztertuko ditu, aurkeztutako guztiak. Baztertutako eskabideen zerrenda osatuko du, eta banan-banan azalduko zein izan den baztertzeko arrazoia. Ondoren, araudia betetzen duten eskabideen gainean, txosten tekniko-ekonomikoa egingo du, eta, bederatzigarren eta hamargarren puntuetan xedatutakoa aplikatuz, laguntzari buruzko ebazpen-proposamena egingo du, eta Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritzari aurkeztuko dio.

Ebazpen-proposamenak honako hauek edukiko ditu gutxienez:

a) Deialdiaren betekizunak ez betetzeagatik ezestea proposatutako eskabideen zerrenda eta, horrekin batera, ezesteko proposamenaren arrazoiak.

b) Diruz laguntzea proposatu den proiektuen zerrenda. Bertan, proiektu bakoitzak lortutako puntuazioa, eskatzailea zein den, inbertsioaren zenbatekoa, gauzatzeko epea eta proposatutako diru-laguntzaren zenbatekoa jasoko dira.

Hamabigarrena.– Esleitzeko prozedura.

1.– Agindu honetan araututako laguntzak lehiaketa bidez esleituko dira, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onesten duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 51.1. artikuluan ezartzen denez.

2.– Aurkezten den jarduera-proiektu bakoitzari eman beharreko hasierako laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, aurkeztutako proiektuak konparatuko dira, eta Agindu honetako bederatzigarren puntuan finkatzen diren irizpide objektiboak eta balorazio-irizpideak aplikatuko zaizkie. Ondoren, aurkeztutako proiektuen zerrenda egingo da, proiektuak puntu gehien duenetik puntu gutxien duenera ordenatuta. Ordena horretan lagunduko dira diruz proiektuak, agindu honetako hamargarren puntuan ezarritako ehunekoak aplikatuta, funts guztiak agortu arte.

Hamahirugarrena.– Ebazpena.

1.– Aurkeztutako eskabideak eta agiriak aztertu ondoren, agindu honetako hamaikagarren puntuarekin bat etorriz Toki Ekintza Taldeak egiten duen proposamena ikusirik, Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendariak erabakiko du eskatutako laguntzak eman edo ez eman, ebazpen bakar baten bitartez. Ebazpen hori ebazpen-proposamenetatik aldentzen bada, erabaki horren justifikazio arrazoitua eskatuko da.

2.– Ebazpenean informazio hau jaso beharko da gutxienez:

a) Aintzat hartutako eskabideei buruz:

○ Onuradunen izena edo sozietatearen izena, IFK.

○ Diruz lagun daitekeen gastuaren zenbatekoa.

○ Diruz lagundutako zenbatekoa, honako hauek zehaztu eta bereizita: zein den Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuen kargura diruz lagundutako zenbatekoa, eta zein LGENF funtsaren kargura finantzatzen dena.

○ LGENF funtsaren kargura finantzatzen den laguntzaren zatia Euskal Autonomia Erkidegoko Erakunde Ordaintzailea eratzen duen urriaren 3ko 194/2006 Dekretuan xedatzen denaren arabera eman eta ordainduko dela adierazi beharko da.

○ Jarduerak zein epetan gauzatu behar diren.

b) Aintzat hartu ez diren eskabideei buruz:

○ Eskatzaileen izena edo sozietatearen izena, IFK.

○ Eskabidea ez onartzeko arrazoiak.

3.– Dagokion ebazpenaren bidez diru-laguntza emateko, ezinbestekoa da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren edo haren erakunde autonomiadunen antzeko diru-laguntzak edo laguntzak direla-eta bideratzen hasitako itzulera- edo zigor-prozedurak amaituta egotea.

4.– Agindu hau indarrean sartu eta gehienez sei hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da ebazpena. Epe hori igaro eta ebazpen zehatzik eman ez bada, interesdunek euren eskabideak ezetsi egin direla ulertu ahal izango dute, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeko 44. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

5.– Laguntza emateko edo ukatzeko ebazpenaren kontra, pertsona interesdunak gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jaso eta hurrengo egunean zenbatzen hasita, edo hiru hilabeteko epean, administrazio-isiltasunak eragina duen egunaren hurrengo egunean zenbatzen hasita, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeko 114. eta 115. artikuluetan xedatutakoari jarraituz.

6.– Aurreikusitako laguntzei buruzko ebazpena banan-banan jakinarazi behar bada ere, Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendariaren ebazpen baten bidez EHAAn argitaratuko da agindu honen babesean laguntza jasoko duten pertsonen zerrenda; bertan, emandako kopuruak ere adieraziko dira, herritarrak jakinaren gainean egon daitezen.

Hamalaugarrena.– Onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan araututako laguntzen onuradunek betebehar hauek izango dituzte:

1.– Laguntza emateko ebazpenak eta, hala badagokio, laguntza luzatzeko ebazpenak xedatzen duen epean egin behar dute diruz laguntzen den gastua.

2.– Diru-laguntza eman den xede zehatzerako erabiltzea.

3.– Emandako diru-laguntza onartzea. Alde horretatik, hamabost eguneko epean, diru-laguntza eman izanaren jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik hasita, onuradunek berariaz eta idatziz laguntzari uko egiten ez badiote, onartu egin dutela ulertuko da.

4.– Ondasun higigarriei eta ondasun higiezin eta obra zibilari dagokienez, 5 urtez eutsi behar diete diruz lagunduta egiten dituzten inbertsioei eta, epe horretan, ezin dituzte besterendu ez amortizatu, ezta diruz laguntzen den helbururako barik beste helburu bat lortzeko erabili ere.

5.– Toki Ekintza Taldeari jakinarazi behar diote inbertsio edo gastu osoa edo inbertsio edo gastuaren zati bat egin dutela, eta haren esku utzi behar dituzte diruz laguntzen diren inbertsioak eta gastuak egin dituztela egiaztatzeko beharrezko agiri guztiak.

6.– Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren eta LGENF funtsen aipamen bat sartu behar da, babesle diren heinean, proiektuaren berri emateko prestatzen diren dokumentuetan eta publizitatean. Aipamen hori Eusko Jaurlaritzaren erakunde-nortasunaren eskuliburuan xedatutakoarekin eta funts estrukturalekin lotutako informazio eta publizitate jarduerei buruzko abenduaren 8ko 1828/2006 (EE) Erregelamenduan xedatutakoarekin bat etorriz egingo da. Dena dela, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak txosten bat egiteko eskatu ahal izango du, lortutako ingurumen-hobekuntzaren ikuspuntutik garrantzitsutzat jotzen diren proiektuak jendaurrean jartzeko.

7.– Toki Ekintza Taldeari jakinarazi behar diote onartutako ekintzak bukatu dituztela, eta haren esku utzi behar dituzte gastuak egin dituztela egiaztatzeko beharrezko agiri guztiak.

8.– Toki Ekintza Taldeari eta landa-garapenaren alorrean eskumena duen Sailari, Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari jasotako laguntzak nola erabili diren eta haien helburuak bete diren fiskalizatzeko eskatzen duten informazio guztia eman beharko diete.

9.– Agindu honetako zazpigarren puntuak xedatzen duena eragotzi gabe, beste diru-laguntza edo laguntza batzuk eskatzen badizkiote administrazioren bati edo erakunde publiko edo pribaturen bati helburu bererako, landa-garapenaren alorrean eskumena duen Sailari jakinarazi behar diote, eta, hala badagokio, eman egin dizkietela ere jakinarazi behar diote, idazki bidez, beste diru-laguntza edo laguntza horiek eman dizkietela jakin eta egutegiko hamabost eguneko epean.

10.– Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzetako bat, objektiboa zein subjektiboa, aldatuz gero, horren berri ematea idazki bidez landa-garapenaren alorrean eskumena duen Sailari.

11.– Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikuluan zehaztutako betebeharrak betetzea.

Hamabosgarrena.– Proiektuak gauzatzeko gehienezko epeak.

Proiektuak urte barruan gauzatzekoak izango dira. Gauzatzeko gehienezko epea 2014ko abenduaren 31 izango da. Dena dela, baliteke luzapena ematea, agindu honen hemezortzigarren puntuan xedatutakoaren arabera. Luzatutako proiektuak gauzatzeko eta kostuak ordaintzeko, gehienez ere, 2015eko irailaren 30era arteko epea izango du onuradunak.

Hamaseigarrena.– Gastua justifikatzea.

1.– Diruz lagundutako inbertsioak egin ondoren, onuradunak Toki Ekintza Taldeari jakinaraziko dio, eta talde horrek egiaztatu egingo du eta, era berean, informazio hori Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritzari jakinaraziko dio.

2.– Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritzak diru-laguntza jaso duen inbertsioa egin dela ziurtatuko du, bai zuzenean bai agiri bidez. Zuzeneko egiaztapenaren bidez ziurtatuko du egin dena bat datorrela onartutako proiektu edo txostenarekin (laguntza emateko ebazpenaren oinarri izan zen proiektu edo txostenarekin), erabilgarria dela eta behar bezala funtzionatzen duela eta agiri bidezko justifikazioarekin bat datorrela; era berean, diruz lagundutako kostuen arabera, behar diren egiaztapenak egingo ditu.

3.– Diruz lagundutako inbertsio proiektuak nola gauzatu diren justifikatzeko, jarraian adierazten diren agiriak aurkeztu behar zaizkio Toki Ekintza Taldeari:

a) Egindako inbertsioak azaltzeko memoria.

b) Beharrezkoak baldin badira, dagokion Foru Ogasunarekin dituen zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzari egin beharreko ordainketak egunean dituela erakusteko ziurtagiria, zortzigarren puntuan xedatutakoa eragotzi gabe.

c) Bigarren eta hirugarren puntuan ezarritako proiektu eta kostuekin lotutako ordainketak justifikatzeko fakturak edo agiriak, bai eta, hala badagokio, eskumena duten teknikariek sinatutako obra-ziurtagiriak, dagozkion lanak egin direla ziurtatzen dutenak. Laguntzaren onuradun erakunde publiko bat izango dela kontuan izanda, hala dagokionean, lana edo ekipamendua esleitzeko erabakiaren ziurtagiria aurkeztu beharko da.

4.– Aurkeztu beharreko agiriak jatorrizkoak edo kopia konpultsatuak izango dira.

5.– Kontuan izan behar da laguntzak benetan egindako gastuetarako direla, eta, gastuek, gainera, egindako ordainketenak izan behar dutela; horrela, bada, diruz lagundutako inbertsioen edo gastuen agiri bidezko justifikazioa (jatorrizkoak edo kopia konpultsatuak) ordaindutako fakturen bidez edo pareko froga-balioa duten kontabilitate-agirien bidez egin behar da. Horrez gain, ordainketa egin dela ziurtatzen duten banku- edo kontabilitate-agiriak ere aurkeztu behar dira. Kasu honetan, honako hauek hartzen dira pareko froga-balioa duten kontabilitate-agiritzat: faktura ematerik ez dagoen kasuetan, kontabilitatean idatzitako horrek errealitatearen benetako irudia ematen duela aurkeztutako edozein agiri.

6.– Laguntzak behar bezala kudeatzen eta ordaintzen direla bermatzeko xedez, proiektuak egin eta gastuak ordaindu direla justifikatzeko agiriak, gehienez ere, hilabeteko epean aurkeztu beharko dira, ekintzak bukatu eta onuradunak gastuak ordaintzen dituenetik kontatzen hasita, eta, betiere, 2015eko urriaren 31rako aurkeztuta egon beharko dira.

7.– Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendariak agiri gehiago eska ditzake, egoki irizten badio. Eskaera horrek arrazoitua izan behar du.

Hamazazpigarrena.– Ordainketa.

1.– Diru-laguntzaren xedea bete dela justifikatu ondoren egingo dira ordainketak, eta Toki Ekintza Taldeari aurreko puntuan aipatutako inbertsioa edo gastua gauzatu dela egiaztatzen duten agiriak aurkeztuta justifikatuko da hori.

2.– Ziurtagiri partzialak ere onartuko dira; gutxienez, 36.000 eurokoak izan behar dute, eta aurreratutako diruari dagokion zati proportzionala kenduta ordainduko dira (aurrerakinik izan bada).

Laguntza emateko ebazpenean onartutako inbertsioa ez bada guztiz justifikatzen, kasu horretan, espedientea ziurtatzeko, benetan justifikatu den inbertsio edo gastuari hasieran emandako diru-laguntzaren portzentajea aplikatu beharko zaio. Nolanahi ere, laguntza emateko ebazpenean onartutako xedea edo helburua ez bada betetzen, espedientea bertan behera utziko da.

3.– Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritzak ordainketaren zati bat aurreratu ahal izango du, onuradunak hala eskatzen badu. Aurrerakina ez da izango inbertsio guztiaren % 20 baino handiagoa. Kasu honetan, onuraduna publikoa denez, hori likidatu ahal izateko, agintari publiko onuradunak idatziz egindako berme bat ezarri beharko da, indarrean dauden xedapenen arabera. Bermeak, aurretik aipatutako ehunekoaren parekoa izan behar du, eta agintaritza horrek bermeak estalitako zenbatekoa ordaintzeko konpromisoa hartu beharko du, aurreratutako zenbatekoa jasotzeko eskubiderik ematen ez bazaio onuradunari. Inbertsiotik eratorritako benetako gastuen zenbatekoak aurrerakinaren zenbatekoa gainditu duela egiaztatzen denean kenduko da bermea ordaindu beharra.

4.– Europako Erkidegoko LGENF funtsaren arabera emandako laguntzen ordainketa erakunde ordaintzailearen bidez egingo da, erakunde ordaintzaileko zuzendariak dagozkion ebazpenak eman ondoren, urriaren 3ko 194/2006 Dekretuan jasotakoarekin bat etorriz (dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde ordaintzailea osatu zen).

5.– Diru-laguntza hauek ordaintzeko, ezinbestekoa da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren edo haren erakunde autonomiadunen antzeko diru-laguntzak edo laguntzak direla-eta bideratzen hasitako itzulera- edo zigor-prozedurak amaituta egotea.

6.– Gastua ezarritako gehienezko epeen barruan egiten ez bada, edo ezarritako epean inbertsioa egin dela egiaztatzen duten agiriak aurkezten ez badira, diru-laguntza jasotzeko eskubidea galduko da.

Hamazortzigarrena.– Diru-laguntzak emateko baldintzak aldatzea.

1.– Beste erakunde publiko nahiz pribatu batek beste laguntza edo diru-laguntzaren bat ematen badu edo proiektua aldatzen bada, Berrikuntza eta Elikagai Industrien Zuzendaritzari jakinarazi eta justifikatu behar izango zaio idatziz, eta gerta liteke, ondorioz, dirulaguntza emateko ebazpena aldatzea; kasu horretan, dena dela, agindu honetan ezarritako gutxieneko eskakizunak eta laguntza ematea eragin zuen xedea bete behar izango dira. Horretarako, Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendariak dagokion aldaketa-ebazpena emango du. Ebazpen horretan, hala badagokio, emandako diru-laguntzaren zenbatekoak oinarri berriaren arabera egokituko dira, eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan aurreikusitako itzultze-prozedurari ekingo zaio, hala badagokio.

Diru-laguntza emateko kontuan izandako baldintzak ez badira betetzen, gastuak ez badira onartutako proiektuan ezarritako epeetan egiten edo diruz lagundutako gastuetan % 30etik gorako desbideratzea badago aurrekontuan, hori justifikatzeko idatzi bat aurkeztu beharko zaio Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritzari. Hori gertatuz gero, proposamen teknikoa egin ondoren, baliteke laguntza emateko ebazpena eman zuen organo berak ebazpen hori aldatzea.

2.– Baldin eta gastuaren behin betiko eta benetako kostua onetsitako gastuaren aurrekontua (laguntza zehazteko baliatu zena) baino txikiagoa bada, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa txikitu egingo da, dagokion proportzioan, Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko zuzendariaren likidazio-ebazpenaren bidez, eta, ondoren, diru-laguntzaren portzentajea oinarri berriari aplikatuko zaio.

3.– Aurkeztutako eta onartutako proiektu bat partez betetzen ez bada eta horrek, Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendariaren iritziz, proiektua osotasunean hutsaltzen badu, baliteke emandako diru-laguntza bertan behera geratzea eta, hala dagokionean, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritako itzultze prozedurari hasiera ematea.

4.– Salbuespenez, Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendariak, ebazpen bidez, inbertsioa gauzatzeko epea luzatu ahal izango du. Ebazpenean, luzapenaren gehienezko epea edo epeak ezarriko ditu, eta hasieran onartutako diru-laguntza mantenduko da. Dena dela, erakunde onuradunak inbertsioa gauzatzeko eta gastua ordaintzeko izango duen gehienezko epea ez da, inolaz ere, 2015eko irailaren 30era artekoa baino luzeagoa izango. Horretarako, onuradunak eskaera eta justifikazioa aurkeztu beharko ditu idatziz. Idazkia, gehienez ere, inbertsioa edo gastua bukatuta egon behar duen eguna baino egutegiko 30 egun lehenago aurkeztu behar da, laguntza emateko ebazpenak xedatutakoarekin bat etorriz.

Hemeretzigarrena.– Atzera egitea eta uko egitea.

1.– Eskatzaileak eskabide horretan atzera egiteko aukera izango du. Eskatutako laguntzak emateko prozeduraren ebazpena jakinarazi baino lehen egin beharko du atzera. Atzera egiteko, Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendariari idazkia aurkeztuko dio, eta zuzendariak bete-betean onartuko du atzera egite hori, eta prozedura bukatutzat joko du pertsona horri dagokionez.

2.– Emandako laguntzari uko egin ahal izango dio onuradunak. Laguntza onartu ondoren eta gastua egiten bukatu aurretik egin ahal izango dio uko laguntzari, baldin eta Administrazioak ez badu inolako ordainketarik egin. Horretarako, idatzi bat helarazi behar dio Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendariari, eta zuzendariak, ebazpen bidez, bete-betean onartuko du uko egite hori, eta prozedura bukatutzat joko du pertsona horri dagokionez.

Behin ukoa onartuta, onuradunak berez galduko du laguntza emateko ebazpenean onartu zitzaion eskubidea, baita onartu zitzaion laguntza kobratzeko eskubidea ere.

Hogeigarrena.– Ez-betetzeak.

1.– Onuradunak ez badu betetzen agindu honetako eta aplikatu beharreko gainerako arauetako betebeharren bat edo diru-laguntzak emateko ebazpenak ezartzen duen baldintzaren bat, ez badu proiektua partez betetzen (eta, modu horretan, laguntzaren xedea osorik hutsaltzen badu), edo diru-laguntza edo laguntza publikoak itzultzera behartzen duen egoeraren batean badago Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legeko 53. artikuluarekin bat etorriz, laguntza eman zuen organo eskudunak, itzulketa-espedientea izapidetu ondoren (interesduna entzunda), ebazpen bidez, diru-laguntza jasotzeko eskubidea kenduko dio (partez edo erabat) onuradunari, eta, hala badagokio, aginduko dio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko hartu dituen laguntzak eta dagozkion legezko interesak, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren kontura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta itzulketei buruzko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuarekin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko 53. artikuluarekin bat etorriz, hartara eragotzi gabe beste neurri batzuk hartzea. Aipatutako diru-kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.

2.– Itzulketa eskatzeko prozedura hastearen arrazoia administrazio-arloko arau-haustea dakarren gertakariren bat izan bada, organo eskudunari jakinaraziko zaio, dagokion zigor-prozedura abia dezan.

Hogeita batgarrena.– Bateragarritasunak.

1.– Edozein erakunde publiko edo pribatuk agindu honetan ezarritako ekintza berberetarako emandako laguntzak bateragarriak izango dira, baldin eta horrek gainfinantzaketarik ez badakar. Gainfinantzaketarik izanez gero, gainditutako zenbatekoaren arabera txikituko da laguntza hori, Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendariaren ebazpen bidez.

2.– Hori eragotzi gabe, hemen arautzen diren laguntzak, LGENF funtsarekin batera finantzatutakoak direnez, bateragarriak izango dira Erkidegoko beste edozein finantza-tresnarekin.

Hogeita bigarrena.– Datuen babesa.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak datuak babespean tratatzeko konpromisoa hartzen du, izaera pertsonaleko datuak babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta aplikatu beharreko gainerako araudian ezarritakoarekin bat etorriz.

Hogeita hirugarrena.– Errekurtsoak.

Agindu honen aurka, interesdunek berraztertze-errekurtsoa jar diezaiokete Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta biharamunetik hasita; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta biharamunetik hasita.

Hogeita laugarrena.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko irailaren 17a.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala