Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

187. zk., 2014ko urriaren 2a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
4070

186/2014 DEKRETUA, irailaren 23koa, Aspace-Bizkaia garun-paralisiak eragindako pertsonei laguntzeko Elkartea gizarte-interesekotzat aitortzeko dena.

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 74. artikuluan xedatzen denez, gizarte-interesekotzat aitortu ahal izango dira gizarte-zerbitzuak ematen dituzten irabazi-asmorik gabeko erakundeak –arauz ezartzen diren baldintzak betetzen dituztenak–, hain zuzen ere aitortzeko haien ibilbidea eta Gizarte Ekintzako Hirugarren Sektoreak EAEko gizarte-zerbitzuen garapenaren alde ematen duen laguntza.

Urriaren 7ko 424/2013 Dekretuak, gizarte zerbitzuak ematen dituzten irabazi-asmorik gabeko erakundeak gizarte-interesekotzat aitortzeari buruzkoak, gizarte-intereseko aitorpena lortzeko aplikatzeko baldintzak eta prozedura arautzen ditu.

Haren babesean, Aspace-Bizkaia garun-paralisiak eragindako pertsonei laguntzeko Elkarteak aipatutako aitorpena eskatu du, uste baitu merezi duela gizarte-interesekoa dela aitortzea, gizarte-ekintzaren arloan egiten dituen jarduerengatik.

Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzak adierazi duenez, Aspace-Bizkaia garun-paralisiak eragindako pertsonei laguntzeko Elkartea irabazi-asmorik gabeko erakunde bat da, 1978an eratua, eta haren helburu nagusia garun-paralisiak jotako pertsonen gizarteratzea da, euren bizitzako sasoi guztietan. Elkarteak ibilbide historikoa du Euskal Autonomia Erkidegoan gizarte-zerbitzuak ematen; izan ere, egiaztatu du bere jarduera etenik gabe burutu duela 2009tik, Bizkaiko Lurralde Historikoan, nagusiki.

Aipatu urriaren 7ko 424/2013 Dekretuan xedatutakoaren arabera, Jaurlaritzaren Kontseiluaren dekretu bidez egingo da gizarte-intereseko aitorpena, gizarte-zerbitzuen arloan eskumena duen sailburuak proposatuta, zeinak dagokion espedientea izapidetuko baitu.

Horrenbestez, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak proposatuta, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2014ko irailaren 23an egindako bileran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Aspace-Bizkaia garun-paralisiak eragindako pertsonei laguntzeko Elkartea gizarte-interesekoa dela aitortzea, burutzen dituen gizarte-ekintzen bidez Euskal Autonomia Erkidegoan gizarte-zerbitzuak garatzen laguntzeagatik.

2. artikulua.– Aspace-Bizkaia garun-paralisiak eragindako pertsonei laguntzeko Elkarteari aitorpen horren berezko eskubideak aitortzea, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 74. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Vitoria-Gasteizen, 2014ko irailaren 23an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua,

JUAN MARÍA ABURTO RIQUE.


Azterketa dokumentala