Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

187. zk., 2014ko urriaren 2a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
4071

EBAZPENA, 2014ko irailaren 30ekoa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, gazte langabeak euskal enpresetan kontratatzeko laguntzetarako deialdian (Lehen Aukera Programan) egindako aldaketak argitaratzeko dena.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2014ko irailaren 29ko bileran hartutako Erabakiaren bitartez, gazte langabeak euskal enpresetan kontratatzeko laguntzetarako deialdia (Lehen Aukera Programa) aldatzea onartu du, eta, maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bitartez onartutako Lanbideren Estatutuen 10.2 artikuluaren p) idatzi-zatian xedatutakoarekin bat etorriz, erakunde autonomo horren zuzendari nagusiari dagokio deialdi hori argitaratzea.

Horregatik guztiagatik, honako hau,

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Argitara ematea gazte langabeak euskal enpresetan kontratatzeko laguntzetarako deialdian (Lehen Aukera Programa) egindako aldaketak, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak 2014ko irailaren 29ko batzarrean hartutako Erabakiaren bidez onartuak (ebazpen honen eranskinean daude jasota).

Bigarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak laguntza-deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren Erabakiak.

Hirugarrena.– Deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren Erabakiaren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko irailaren 30a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,

ADOLFO ALUSTIZA FERNÁNDEZ.

ERANSKINA
GAZTE LANGABEAK EUSKAL ENPRESETAN KONTRATATZEKO LAGUNTZETARAKO DEIALDIA (LEHEN AUKERA PROGRAMA) ALDATZEA

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluak, 2014ko uztailaren 30ean hartutako Erabakiaren bidez, gazte langabeak euskal enpresetan kontratatzeko laguntza-deialdia onartu zuen (Lehen Aukera Programa), eta deialdia 2014ko abuztuaren 11ko EHAAn argitaratu zen.

Programaren helburua da euskal gazteei lehen aukera bat ematea, lana aurkitzen lagunduko diena, eta, horretarako, laguntzak emango zaizkie Euskal Autonomia Erkidegoan ezarrita dauden enpresei, lan-esperientziarik gabeko edo esperientzia gutxiko gazte langabeak praktikaldian kontratatu ditzaten, haien titulazioarekin lotutako lanpostuetan.

Deialdian ezartzen denez, praktikaldiko kontratuak diruz laguntzeko eskaerak nahiz kontratuei buruzko aurreikuspena aurkezteko epea 2014ko urriaren 3an bukatuko da. Halaber, 3.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz, kontratuak 2014ko azaroaren 21a baino lehen gauzatu behar dira.

Bestalde, deialdian ezartzen denez, Lanbiderekin batera lan-eskaintzak biltzen, erregistratzen eta kudeatzen aritzen diren erakundeek 2014ko abenduaren 1era arteko epea dute diru-laguntza eskaerak aurkezteko.

Hala ere, gazteen langabezia tasa handia kontuan hartuta, ikusita enpresa-sektoreak zailtasunak dituela deialdian ezarritako epe estuan laguntza-eskaerak aurkezteko eta lan-kontratuak egiteko, eta programaren interes publikoa aintzat hartuta, komenigarria da epeak zabaltzea, kontratazio-maila handiagoa lortze aldera.

Horregatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak proposatuta, erakunde autonomo horren Administrazioko Kontseiluak, 2014ko irailaren 29an egindako bileran, onartu egin du gazte langabeak euskal enpresetan kontratatzeko laguntzetarako deialdia (Lehen Aukera Programa) aldatzea honako era honetan:

Lehenengo artikulua.– Gazte langabeak euskal enpresetan kontratatzeko laguntzetarako deialdiaren (Lehen Aukera Programaren) 3. artikuluko 1. paragrafoaren bigarren lerrokada aldatzen da, eta honela idatzita geratzen da:

«Kontratu horiek 2014ko abenduaren 20a baino lehen hasi beharko dira».

Bigarren artikulua.– Gazte langabeak euskal enpresetan kontratatzeko laguntzetarako deialdiaren (Lehen Aukera Programaren) 7. artikuluko 6. paragrafoa aldatzen da, eta honela idatzita geratzen da:

«6.– Eskabideak aurkezteko epea hau izango da:

● Praktikaldiko kontratuak diruz laguntzeko: deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasi, eta 2014ko azaroaren 14an amaituko da.

● Lan-eskaintzak bildu, erregistratu eta kudeatzea diruz laguntzeko: 2014ko abenduaren 30era arte».

Hirugarren artikulua.– Gazte langabeak euskal enpresetan kontratatzeko laguntzetarako deialdiaren (Lehen Aukera Programaren) 12. artikuluko lehen paragrafoa aldatzen da, eta honela idatzita geratzen da:

«Kontratuak justifikatzeko, enpresa onuradunak, haiek amaitu eta gehienez ere hilabeteko epean, eta betiere 2015eko uztailaren 31 baino lehen sei hileko iraupeneko kontratuetan, eta 2015eko abenduaren 23a baino lehen iraupen handiagoko kontratuetan, Amaierako Memoria aurkeztuko du, honako dokumentazio hau barne duela».


Azterketa dokumentala