Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

187. zk., 2014ko urriaren 2a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
4072

EBAZPENA, 2014ko urriaren 1ekoa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena; honen bidez, 35 urtetik goragoko pertsona langabeak euskal enpresen kanpoko lantokietan kontratatzeko laguntzen deialdia argitaratzen da.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2014ko irailaren 29ko batzarrean hartutako Erabakiaren bidez, 35 urtetik goragoko pertsona langabeak euskal enpresen kanpoko lantokietan kontratatzeko laguntzen deialdia egitea onartu du. Maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretu bidez onartutako Lanbideko Estatutuen 10.2 artikuluko p) idatzi-zatian xedatutakoaren arabera, erakunde autonomo horren zuzendari nagusiari dagokio hori argitaratzea.

Azaldutako guztiagatik, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehena.– 35 urtetik goragoko pertsona langabeak euskal enpresen kanpoko lantokietan kontratatzeko laguntzen deialdia argitara ematea. Deialdi hori Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren Erabakiaren bidez onartu zen, 2014ko irailaren 29ko batzarrean, eta ebazpen honi erantsi zaio.

Bigarrena.– Laguntzen deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren Erabakiak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Hirugarrena.– Deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren Erabakiaren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Gasteizko Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Gasteiz, 2014ko urriaren 1a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,

ADOLFO ALUSTIZA FERNÁNDEZ.

ERANSKINA
35 URTETIK GORAGOKO PERTSONA LANGABEAK EUSKAL ENPRESEN KANPOKO LANTOKIETAN KONTRATATZEKO LAGUNTZAK EMATEKO DEIALDIA.

Gaur egungo krisi-egoerak oso modu negatiboan eragiten du lan-merkatuan, eta zail bihurtzen du enplegu egonkor eta kalitatezkoa sortu eta lortzea.

Eusko Jaurlaritzaren 2014-2016 Enplegu Planak berebiziko lehentasuna ematen dio enplegu berriak sortzeari. Hori lortzeko, enplegu-politika aktiboetarako beharrezkoak diren baldintza eta tresna egokiak sortu eta bultzatzen ditu, bat eginez, estrategia global baten bidez, Jaurlaritzak ekonomia indarberritzeko eta enpresen lehiakortasuna eta nazioartekotzea garatzeko abian dituen beste plan batzuekin.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua konprometituta dago Europako Enplegu Estrategiarekin, eta nazioartekotzearen alde egiten du; hala, 2013-2016 Plan Estrategikoaren ekintza-lerro nagusia da pertsona eta enpresen mugikortasuna eta nazioartekotzea bultzatuko dituen berariazko programa bat diseinatzea eta ezartzea, betiere aipaturiko plan estrategikoaren helburuetako bat betetzeari begira: enplegu-aukerak areagotzea.

Aipaturiko printzipioekin bat etorriz, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak behar-beharrezkotzat jotzen du neurriak eta bitarteko egokiak artikulatzea, 35 urtetik goragoko pertsonek aukera izan dezaten enplegua lortzeko eta finkatzeko. Ondorioz, deialdi hau 35 urtetik goragoko pertsonak kontratatzeari dago zuzenduta, betiere haien kualifikazioarekin edo/eta lan-esperientziarekin eta enpresen nazioartekotzeko prozesuekin lotutako enpleguetan jarduteko. Kontratazio-esparruan aurreikusten da pertsonok kanpoko lantokietan lan egitea, lan-merkatuan sartu, eta beraien esperientzia profesionala sendotzeko helburuarekin.

Beraz, programa honen azken helburua da 35 urtetik goragoko pertsonen lan-aukerak hobetzea eta bultzatzea, eta euskal ekonomiaren lehiakortasuna eta lan-merkatuaren kalitatea hobetzen laguntzea.

Horregatik guztiagatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendari nagusiak proposatuta, erakunde autonomo honetako Administrazio Kontseiluak 2014ko irailaren 29an egindako batzarrean 35 urtetik goragoko pertsonak euskal enpresen kanpoko lantokietan kontratatzeko laguntzen deialdia onartu zuen. Hona hemen:

1. artikulua.– Xedea.

Deialdi honen xedea da oinarriak ezartzea eta laguntza arautzea 4. artikuluan aurreikusitako enpresek 35 urtetik goragoko pertsona langabeak kontrata ditzaten, betiere pertsonon kualifikazioarekin lotutako lanetarako, lan-merkatuan sartu, eta beraien esperientzia profesionala sendotzeko helburuarekin.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak eta Europako Gizarte Funtsaren baterako finantziazioa.

1.– Deialdi honek arautzen dituen laguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoen zenbatekoa 1.525.000 eurokoa da, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren aurrekontuaren baitan. Horietatik, 2014. urteko aurrekontu arruntean sartuko dira 1.220.000 euro, eta 2015erako konpromiso-aurrekontuan sartuko dira beste 305.000 euro.

2.– Europako Gizarte Funtsak parte hartu ahal izango du deialdi honen baitan diruz lagundutako kontratuak finantzatzen, EAEko 2007-2013 EGIF Programa Operatiboaren barruan.

3.– Emango diren laguntzen bolumen osoak ez du adierazitako diru-zenbateko hori gaindituko, ez eta hari egindako gehikuntzen ondorioz dagokion diru-zenbatekoa ere, baldin eta aurrekontuari aldaketaren bat egiten bazaio indarreko legediak araututakoaren arabera. Azken kasu hori gertatzen bada, argitara eman beharko da gehikuntza hori, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez.

3. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduerak.

1.– Deialdi honen baitan diruz lagundu ahal izango dira gutxienez 12 hilabeteko iraupena duten kontratuak, baldin eta EAEn finkatutako enpresek Espainiatik kanpo dituzten lantokietako lanpostuak betetzeko badira, eta kontratua hasten den egunean 35 urte edo gehiago dituzten pertsona langabeak kontratatzen badira.

Kontratuaren iraupena guztira zenbatekoa den alde batera utzita, diruz lagundutako aldia 12 hilabetekoa izango da gehienez, eta 2015eko azaroaren 30ean amaituko da beranduenez.

Diruz lagundutako kontratuek euskal enpresa baten kanpoko lantokian gutxienez sei hilabetean aritzea bermatuko dute.

2.– Deialdi honen baitan kontratuetarako laguntza jasotzeko, baldintza hauek bete beharko dira:

a) Deialdiaren 4. artikuluan xedatutakoaren arabera onuradun izan daitezkeen enpresek egin beharko dituzte kontratuak.

b) Kontratatutako pertsonek Espainiatik kanpoko lantokietan jardungo dute lanean, aurreko 1. paragrafoan xedatutako gutxieneko denboraz.

c) Kontratatutako pertsonaren prestakuntza akademikoarekin edo/eta kualifikazio profesionalarekin bat datozen lanpostuak betetzeko izango dira kontratuak.

d) Kontratatutako pertsonak ezin izango du azken 12 hilabeteetan inongo lan-harremanik izan enpresa kontratatzailearekin.

e) Kontratuak idatziz formalizatu beharko dira, eta berariaz aipatu beharko dituzte honako hauek: langilearen titulua edo/eta kualifikazio profesionala, kontratuaren iraupena eta zein lanpostutan jardungo duen.

f) Kontratuak lanaldi osorako izango dira.

g) Kontratuaren gutxieneko iraupena 12 hilabetekoa izango da.

h) Urteko ordainsari gordina zenbatekoa den jaso beharko da kontratuan.

i) Kontratuan jaso beharko da enpresa behartuta dagoela kontratatuari diruz lagundutako 12 hilabeteetan zehar atzerrian egiten duen egonaldi horretan hilean 350 euro ordaintzera, mantenu- eta ostatu-gastuetarako; horrez gainera, kontzeptu berberengatik enpresako edo sektoreko hitzarmenean xedatutakoarekin bat datorrena ere jaso ahal izango du.

j) Kasu guztietan, Langileen Estatutuaren 15. artikuluan xedatutakoa beteko da.

3.– Ez da diruz lagunduko honako hauek kontratatzea: enpresaburuaren edo enpresaren kontrola duenaren ezkontidea, oinordekoak eta gainerako senideak, bigarren mailara arteko odol- edo ezkontza-ahaidetasuna arte, eta sozietate izaera juridikoa duten enpresetako administrazio-organoetakoenak edo zuzendaritzako kideenak; eta azken horiek kontratatzea ere ez da lagunduko diruz.

4. artikulua.– Enpresa onuradunak.

1.– Deialdi honetan, diruz lagundu ahal izango dira EAEn kokatutako enpresa pribatuak edo publiko-pribatuak, baldin eta kanpoan lantokiak, partaidetutako enpresak edo enpresa-talde bereko beste enpresa batzuk badituzte, edo baldin eta kanpoan kokaturiko enpresekin lankidetza-hitzarmenak edo zerbitzu emateko kontratuak badituzte, edo baldin eta kanpoan ezartzeko prozesuetan badaude, hala dela behar bezala egiaztatuz gero, eta guztiek ere honako baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Helbide soziala edo fiskala EAEn izatea edo lantokia EAEn egotea.

b) Administrazio publiko batek edo gehiagok % 50eko edo gehiagoko partaidetza zuzena edo zeharkakoa ez izatea.

c) Zerga-betebeharretan eta Gizarte Segurantzarekikoetan eguneratuta egotea.

Diru-laguntzak eskatzen dituzten enpresek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela egiaztatzen duen dokumentazioa automatikoki egiaztatuko du, behar beste aldiz, organo kudeatzaileak, eta horretarako ez du eskatzaileen baimenik beharko, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.3 artikuluak xedatzen duenari jarraikiz.

d) Zigor- eta administrazio-arloan diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzeko zigorrik jaso ez izana, eta horretarako ezgaitzen duen legezko debekurik jaso ez izana, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera sexu-diskriminazioarengatik gertatutakoak barne.

e) Enpresa kontratatzaileak egiztatzea kontratazioaren eta deialdi honetako diru-laguntzen xede den lanpostua dela-eta ez dela enplegurik suntsitu, kontratazio berria egin baino urtebete lehenagotik eta diruz lagundutako kontratazioak dirauen aldian.

f) Enpresako Langileen Legezko Ordezkaritzari (LLO) kontratu bidez kontratatzeko asmoaren berri ematea, bete beharreko lanpostua eta kontratazioaldia adierazita. Enpresak LLOrik ez badu, espresuki adierazi beharko du hori eskabidean.

g) Laguntza ez-legezko edo ez-bateragarririk jaso ez izana, Estatuko laguntza-erregimen hauetako batetik: Araba I, Araba II eta Araba III (CR 48/99, CR 49/99 eta CR 58/99); Gipuzkoa I, Gipuzkoa II eta Gipuzkoa III (CR 50/99, CR 53/99 eta CR 59/00); eta Bizkaia I, Bizkaia II, Bizkaia III (CR 52/99, CR 54/99 eta CR 60/00), salbu eta itzuli egin badituzte edo kontu blokeatu batean gordailatu badituzte interes eta guzti.

2.– Enpresei diru-laguntzak onartzeko eta, hala badagokio, ordaintzeko, ezinbesteko baldintza izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko diru-laguntzen esparruan hasita dauden baina oraindik bideratzen ari diren itzultze- edo zigor-prozedura guztiak amaituta egotea.

5. artikulua.– Deialdi honen baitan kontratatuko diren pertsonen betekizunak.

35 urte edo gehiago dituzten pertsonak kontratatzeko da deialdia hau, baldin eta honako baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Euskal Autonomia Erkidegoan izatea bizilekua.

b) Langabea izatea eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan lan-eskatzaile gisa izena emanda egotea.

c) Lana egoki egiteko enpresak eskaturiko titulazio akademikoa edota kualifikazio profesionala edukitzea.

d) Helmugako herrialdeko lantokian lana egoki egiteko behar diren hizkuntza-gaitasunak izatea. Enpresak zehaztuko du zein diren hizkuntza-gaitasun horiek, eta titulu bidez edo maila jakiteko proba baten bidez egiaztatu beharko dira.

6. artikulua.– Diru-laguntzaren zenbatekoa.

Zenbat kontratu egiten diren, horrexek zehaztuko du diru-laguntzaren gehieneko zenbatekoa. Honako zenbateko hauek batuz zehaztuko da kontratu bakoitza zenbat diruz lagunduko den:

a) Soldata-kostuaren eta Gizarte Segurantzakoaren % 85, betiere kontratuaren indarraldiko lehen 12 hilabeteetakoak, eta gehienez ere 2015eko azaroaren 30era artekoak, bat etorriz eskabidean jasotako datuekin, eta 35.700 eurora arteko mugarekin.

Baldin eta 45 urtetik goragoko pertsonak kontratatzen badira, soldata-kostuaren eta Gizarte Segurantzakoaren % 95 lagunduko da diruz, 39.900 eurora arteko mugarekin. Gainerako baldintzak berdinak izango dira.

Nolanahi ere, kontzeptu horrengatik ematen den diru-laguntzaren azken zenbatekoak ezin izango du gainditu egindako kontratazio bakoitzaren egiazko kostuaren gainean ezarritako portzentajea –kontuan harturik kontratatutako pertsonen soldata-kostuak eta Gizarte Segurantzakoak–, ezta esleitutako gehieneko zenbatekoa ere.

b) Kontratatutako pertsonen mantenu- eta ostatu-dietengatiko 350 euro, aplikatzekoa den hitzarmenetik aparte enpresak ordainduko dituenak. Atzerrian, diruz lagundutako egonaldian, pertsonak ematen dituen hilabeteetako gastuak estaltzeko da kopuru hori, eta, bestalde, diruz laguntzen den epealdian sortuko da kopuru hori kobratzeko eskubidea.

c) Bisa edo administrazio-baimena lortzeko kudeaketa- eta eskurapen-gastuen ondoriozko gastuak, eta, beharrezko ikusten denetan, mediku-aseguru osagarri bat kontratatzeko gastuak. Kontzeptu horiek direla-eta, kontratatutako pertsona bakoitzeko diruz lagunduko den zenbatekoa 450 eurokoa izango da gehienez.

7. artikulua.– Eskabideak eta dokumentazioa aurkeztea.

1.– Deialdi honetako diru-laguntzak jasotzeko eskabideak eredu ofizialean aurkeztu beharko dira (I. eranskina), eta honako toki hauetan eskuratu ahal izango da hori: http://lanbide.net web-orrian, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zerbitzu zentraletan edo Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren lurraldeetako enplegu-bulegoetan.

Horretaz gain, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako moduetako edozeinetan aurkeztu ahal izango dira eskaerak.

2.– Eskabidearekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:

a) Eskabidea sinatzen duenaren NANaren fotokopia, edo haren nortasun-datuak elektronikoki egiaztatzeko baimena; eta pertsona juridiko eskatzailearen ordez beste batek sinatzen badu eskabidea, sinatzen duen pertsona horren legezko ordezkaritzaren egiaztagiria.

b) Enpresaren identifikazio fiskaleko txartelaren fotokopia.

c) Enpresaren eratze-eskrituren fotokopia.

d) Kanpoko lantokiarekin enpresa eskatzaileak duen erlazioa egiaztatzeko dokumentazioa. EAEko hizkuntza ofizialetariko batean aurkeztu beharko da dokumentazio hori.

e) Langileen Legezko Ordezkaritzari (LLO) egindako jakinarazpena, eta, LLOrik ez bada, enpresan LLOrik ez dela dioen adierazpena.

f) Enpresaren legezko ordezkariaren erantzukizunpeko aitorpena, adieraziz kontratazioaren eta deialdi honetako diru-laguntzen xede den lanpostua dela-eta ez dela enplegurik suntsitu, kontratazio berria egin baino urtebete lehenagotik eta diruz lagundutako kontratazioak dirauen aldian.

g) Uneko ekitaldian zehar eta aurreko bietan jasotako «minimis» laguntzei buruzko aitorpena, enpresa eskatzaileak egina, deialdi honetako 19. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

3.– Horrez gainera, ondoren zehaztutako elementu hauek jasotzen dituen deskribapen-txostena izan beharko du eskabideak:

a) Diru-laguntza jaso nahi duen enpresaren deskribapen-memoria. Gutxienez honako hauek zehaztuko dira bertan:

– EAEko enpresa eskatzailearen deskribapena: Enpresaren jarduera, zein sektoretakoa den, plantilla, kanpoko lantokiak eta horien kokalekuak, zein merkatutarako diharduen (bezeroen tipologia, jardueraren eremu geografikoa) eta nazioartekotze-plana. Horrez gainera, eta halakorik bada, kanpoan kokatutako enpresekin egindako kontratuak –zerbitzuak emateko direnak– edo haiekin egindako lankidetza-hitzarmenak, edota kanpoan ezartzeko prozesuan dagoela dioen egiaztagiria.

– Nazioartekotze-planaren esparruan, edo kanpoan kokatutako enpresekin zerbitzuak emateko egindako kontratuen esparruan, edota haiekiko lankidetza-hitzarmenen esparruan egingo diren kontratazioei buruzko justifikazioa, diruz lagundutako epealdiaren ondoren kontratazioak finkatzearen bideragarritasuna ondo zehaztuta.

– Kanpoko lantokiaren deskribapena: jarduera, sektorea, plantilla, kokapena, zein merkatutarako diharduen (bezeroen tipologia, jardueraren eremu geografikoa), hazkunde-aurreikuspenak.

b) Kontratazio-plana; hauek zehaztuko dira, gutxienez:

– Zer-nolako lotura duen planak enpresaren nazioartekotze-prozesuarekin.

– Kanpoan deialdi honen baitan kontratuen bidez beteko diren lanpostuei buruzko aurreikuspena, honako hauek zehaztuta: lanpostuak, zenbat pertsona kontratatuko diren, arloak, eta funtzioak eta zereginak.

– Lanpostuak betetzeko behar den titulazioa eta/edo kualifikazio profesionala, kontuan izanik bete beharreko funtzioen eta eskatutako titulazioaren edota kualifikazio profesionalaren arteko koherentzia, eta lanpostuan jarduteko zein hizkuntza behar den/diren zehaztuta, bai eta zer maila eskatzen den ere.

– Kontratuak zenbat irautea aurreikusten den, eta hura gerora finkatzeko zer aurreikuspen dauden.

– Helmugako herrialdea eta enpresa edo lantokia.

– Langilearen urteko ordainsari gordina eta enpresaren kargurako Gizarte Segurantzako kostuak.

– Hitzarmenaren araberako dietak.

– Mediku-aseguru osagarrirako –halakorik eginez gero– eta dagokion bisa edo administrazio-baimena lortzeko izango diren gastuen aurreikuspena.

– Pertsona kontratatuaren esku ipiniko diren baliabide osagarriei buruzko deskribapen zehatza: joan-etorriak, ostatuaren gainekoa kudeatzeko laguntza, beste pizgarri batzuk.

c) Eskatutako diru-laguntza, kontzeptuka xehatuta: kontratatutako pertsonen soldata-gastuak eta Gizarte Segurantzakoak, mantenu- eta ostatu-dietak, mediku-asegurua kontratatzearen ondoriozko gastuak, eta dagokion bisa edo administrazio-baimena kudeatzearen ondoriozkoak.

4.– Eskabideak guztiz beteta ez badaude, edo 2. eta 3. idatzi-zatietan adierazitako derrigorrezko agiriak aurkezten ez badira, erakunde interesdunari 10 eguneko epearen barruan okerra konpon dezan edo aurkeztu beharreko agiriak aurkez ditzan eskatuko zaio; eta, hala egiten ez badu, eskaerari uko egin diola ulertuko da, eta horrek Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71. artikuluan aurreikusitako ondorioak izango ditu.

5.– Deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean hasiko da eskabideak aurkezteko epea, eta 2014ko urriaren 24an amaituko da.

8. artikulua.– Ebazpena emateko prozedura, emate-prozedura eta ebazpena.

1.– Laneratzea Aktibatzeko Zuzendaritzak du prozedura izapidetzeko eskumena, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak, berriz, ebaztekoa.

2.– Eskabideak aurkezten diren hurrenkeran aztertuko dira, eta deialdiko baldintzak eta betekizunak betetzen dituzten guztiei hurrenkera horretan emango zaizkie diru-laguntzak, harik eta finantzaketarako funtsak amaitu arte. Kreditua zabaltzen ez bada, behin aurrekontu-zuzkidura amaituta, geratzen diren eskabideei ezezkoa emango zaie, eta EHAAn argitaratuko da horren berri, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez.

3.– Eskabideak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren esanbidezko ebazpen bidez onartu edo ukatuko dira. Ebazpenean, honako hauek jasoko dira: enpresa bakoitzari ematen zaion kontratazio-plana, ordaintzeko modua eta zenbatekoa, eta diru-laguntzaren justifikazioa.

4.– Eskabideak ebazteko eta jakinarazteko, gehienez sei hilabeteko epea izango da, eskabidea aurkezten den egunetik zenbatzen hasita, eta epe hori amaitutakoan diru-laguntzaren eskabidea onartutzat hartuko da, baldin eta esanbidezko ebazpena ematen ez bada.

5.– Enpresa edo erakunde interesdunak 10 eguneko epea izango du, zuzendari nagusiaren ebazpena jakinarazten den unetik zenbatzen hasita, emandako diru-laguntza onartzen duela adierazteko. Epe hori amaitzean, eskaerari uko egin zaiola ulertuko da, eta artxibatu egingo da.

6.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpenak amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita; bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ere jar daiteke Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita.

7.– Publizitate-printzipioa betetzeko, Lanbideko zuzendari nagusiaren ebazpenaz honako hau emango da jakitera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian: alde batetik, deialdi honen babesean diru-laguntza zein enpresak jaso duten eta zenbateko laguntza jaso duten, eta, bestetik, zein enpresari emandako diru-laguntzak aldatu diren. Nolanahi ere, ebazpena berariaz eta banan-banan ere jakinaraziko da.

9. artikulua.– Programan parte hartuko duten pertsonak hautatzeko prozedura.

Deialdi honen baitan kontrataziorako hautagai diren pertsonak hautatzeko prozeduran, honako hauek izan beharko dira kontuan:

1.– Enpresak, diru-laguntza onartzearenarekin batera, enplegu-eskaintza/eskaintzak ere aurkeztu beharko du/ditu Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan.

2.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak hautagaien lehen hautaketa egin beharko du, enplegu-eskatzaile gisa inskribatutakoen artean, kontuan hartuta onartutako kontratazio-planean aurreikusitako betekizun eta irizpide zehatzak bete behar dituztela enplegu-eskatzaileek.

3.– Eskaintza aurkeztu eta gehienez ere hamar eguneko epean, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak zerrenda bat bidaliko dio enpresari, eskatutako lanpostu bakoitzeko hiru hautagai jasotzen dituena.

4.– Behin lehen hautaketa hori jasotakoan, enpresa onuradunak langileak hautatuko ditu. Horretarako, beharrezkoa bada, hautagaiak zer hizkuntza-maila duen eta lanpostuari egokitzen zaion ala ez aztertzeko egoki iritzitako probak egingo ditu enpresak. Behin langilea/langileak aukeratutakoan, enpresak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinarazi beharko dio nor kontratatu duen.

5.– Hamar eguneko epean Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ez badu aurkezten programan parte hartzeko pertsonarik, edo Lanbidek proposatutako pertsonek hautaketa-probak gainditzen ez badituzte, enpresak beste hautagai batzuk proposatu ahal izango ditu, eta organismo autonomo horri jakinarazi beharko dio parte hartzaile horiek nor diren, bai eta kontratazioak zein egunetan egitekoak diren ere. Gehienez ere 2 egun balioduneko epean, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak egiaztatu beharko du ea proposatutako pertsonek betetzen dituzten bai deialdiko betekizunak bai onartutako kontratazio-planekoak; eta enpresari horren berri eman beharko dio.

10. artikulua.– Kontratatutako pertsonak ordeztea.

1.– Behin kontratazioa egindakoan, honako kausaren bat dela-eta bakarrik ordeztu ahal izango du enpresak kontratatutako pertsona: probaldia ez gainditzeagatik lan-kontratua amaitzea, kontratatutakoak lana borondatez uztea, edo kontratatutako pertsonaren baliaezintasuna edo heriotza.

2.– Kontratatutako gaztea ordezteko, enpresak horren berri eman beharko dio Lanbideri idatziz, eta beste hautagai bat kontratatu nahi duela ere jakinarazi beharko dio. Lehen batean, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak egindako lehen hautaketa-prozesukoa izan beharko du kontratatu berriak.

3.– Lehen prozesuko hautagaien artean hautaketa egitea ezinezkoa bada, beste hautaketa-prozesu bati ekingo zaio, 9. artikuluko 3., 4. eta 5. paragrafoetan ezarritakoarekin bat etorriz.

4.– Formalizatzen den lan-kontratu berriak deialdi honetako 3. artikuluan eskatutako betekizun guztiak bete beharko ditu.

5.– Kontratatutako pertsonak ordezteagatik ez da, inolaz ere, emandako diru-laguntza handituko.

11. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzea.

Diru-laguntza honela ordainduko da:

– Emandako diru-laguntzaren % 80 emango da, enpresaren kontratazio-planean aurreikusitako kontratuak formalizatu ostean, eta horien fotokopiak eta senidetasunik ez izateari buruzko erantzukizunpeko aitorpena aurkeztutakoan –deialdi honetako 3.3 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz–, eta Lanbidek Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorrean langilearen alta egiaztatutakoan.

– Bigarren ordainketan, gainerako % 20a edo justifikazioaren ondorioz dagokion kopurua ordainduko da, diruz lagundutako aldia bukatutakoan eta behin diru-laguntzaren helburu diren jarduerak justifikatutakoan.

12. artikulua.– Diru-laguntzaren justifikazioa eta epea.

Kontratuak amaitzen direnetik gehienez ere hilabeteko epean, eta betiere 2015eko abenduaren 30a baino lehen, enpresa onuradunak azken justifikazio-memoria aurkeztu beharko du, dokumentazio hau duela:

a) Kontratatutako pertsonen zerrenda, kontratuen benetako iraupena eta kosteak honako kontzeptu hauen arabera banakatuta: soldata gordina, enpresaren konturako gizarte segurantzako kostuak, diruz lagundutako ostatu-eta mantenu-dietak, mediku-aseguru osagarriaren eta/edo dagokion bisa edo administrazio-baimena kontratatzeagatiko gastuak, hitzarmenaren arabera sorturiko gastuak eta enpresak sorturiko bestelako gastu edo pizgarriak.

b) Diru-laguntza honetan oinarriturik kontratatutako langileen nominak, ostatu- eta mantenu-dietengatik ordaindutako zenbatekoak banakatuta dituztela. Nomina bakoitzari dagokion zenbatekoaren banku-transferentzia egin izana ere egiaztatu beharko du enpresak, agiri bidez.

c) Gizarte Segurantzarako kotizazioaren dokumentuak, eta ordaindu izana egiaztatzeko agiriak.

d) Mediku-aseguru osagarria kontratatzeak eta dagokion bisa edo administrazio-baimena lortzeko egindako izapideek berekin ekarritako gastuen fakturak eta ordaindu izanaren egiaztagiriak, hala dagokion kasuetan.

13. artikulua.– Enpresa onuradunen betebeharrak.

Erakunde onuradunaren betebehar izango dira azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2. artikuluan jasotakoak, eta, bereziki, honako hauek:

a) Diru-laguntza ematea eragin zuen jarduera gauzatzea.

b) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren aurrean justifikatu beharko da bete direla laguntza jasotzeko betebeharrak eta baldintzak.

c) Honako hauen egiaztatze-jarduketei baiezkoa ematea: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua, Enplegu eta Gizarte Gaietako Saila, Ogasun eta Finantza Saileko Ekonomi Kontrolerako Bulegoa, Herri Kontuen Euskal Epaitegia, eta Europako funtsen kontrol-instantziak.

Diruz lagun daitezkeen gastuek Europako Gizarte Funtsaren hautagarritasun-betekizunak bete ditzaten, gastu guztien fakturak, nominak edo froga-balio bera duten dokumentuak aurkeztu beharko dira, bai eta dagozkien ordainagiriak ere. Era berean, gastuaren kontabilitate-erregistroa egin beharko da, kontabilitate-kode bereizi eta egoki baten bitartez.

d) Helburu berberarekin beste edozein administrazio publiko edo erakunde publiko nahiz pribatutatik diru-laguntzak edo laguntzak jasoz gero, horren berri ematea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.

e) Diru-laguntza ematerakoan kontuan hartutako egoeraren bat, objektiboa edo subjektiboa, aldatu bada, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea.

f) Diruz lagundutako jardueren xedean edo izaeran nabarmen eragiten duen ezer gertatuz gero, horren berri ematea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari; era berean, jarduera horiek egiaztatzeko eta kontrolatzeko eta haien jarraipena egiteko prozeduretan laguntzea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.

g) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasitako itzultze- edo zehapen-prozeduraren bat izapidetzen ari bada, horren berri ematea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.

h) Erakunde onuradunek espresuki adieraztea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren babesa jaso dutela deialdi honen esparruan finantzatutako jarduera guztietan, horiek hedatzean, edo, hala badagokio, argitaratzean.

i) Laguntza horiek aditzera emateko ekintza eta material guztietan, aipatzea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eta Europako Gizarte Funtsaren artean finantzatu direla laguntzak, EAEko 2007-2013 EGIF Programa Operatiboaren barruan.

14. artikulua.– Jarraipena eta kontrola:

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak bere esku izango du ikuskapen- eta kontrol-jarduerak egitea, deialdi honen helburuak betetzen direla bermatzeko.

15. artikulua.– Diru-laguntza aldatzea.

Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan aldaketarik gertatuz gero, emandako diru-laguntza aldatu ahal izango da, betiere deialdi honetan diru-laguntzen onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunei eutsiz. Baldintzen aldaketa horren ondorioz diru-laguntza osoa edo zati bat itzuli behar bada, itzultzeko prozedurari hasiera emango zaio.

16. artikulua.– Beste diru-laguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Deialdi honetan aurreikusitako laguntzak ez dira bateragarriak honako hauekin: kontzeptu eta helburu berberetarako beste administrazio batzuek edo beste erakunde pribatu edo publiko batzuek emandako diru-laguntzak, laguntzak eta diru-sarrerak. Bateragarriak dira, ordea, Gizarte Segurantzako kuotetan egin daitezkeen hobariekin, baina, halakorik izanez gero, emandako diru-laguntzatik kenduko dira zenbateko horiek, azken justifikazioa egin ondoren.

17. artikulua.– Ez betetzeak eta emandako diru-laguntzak itzultzea.

1.– Deialdi honetan aurreikusitako laguntza jaso duten erakundeak Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53.1 artikuluan aipatzen diren kasuetako batean badaude, edo deialdi honetan ezarritako baldintzaren bat betetzen ez badute, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak ebazpen bat emango du; ebazpen horren bitartez, jasotako kopuruak osorik edo zati batean itzuli behar dituztela adieraziko du, eta kopuru horiei diru-laguntza ordaintzen den unetik aurrerako legezko interesak erantsi beharko zaizkie, dagozkion gainerako ekintzak aparte utzi gabe, hala xedatuta baitago abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan, horrek arautzen baitu Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen bermeen eta itzulketen araubide orokorra.

2.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak abiaraziko du itzultzeko prozedura, eta idazkia bidaliko dio laguntza jaso duen erakundeari, ez-betetzea eragin duen edo duten gertaeraren edo gertaeren berri emateko. Hori ez ezik, egokitzat jotako alegazioak edo egiaztagiriak aurkezteko hamabost eguneko epea duela ere jakinaraziko dio. Prozedura hori hasten denean, eten egingo dira egiteko dauden ordainketak, halakorik egonez gero.

3.– Alegazioak aurkezteko epea igarotakoan halakorik aurkeztu ez badu edo onartu ez badira, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak ebazpena emango du. Diru-laguntzak itzultzeko prozedura ebazteko epea gehienez 12 hilabetekoa izango da.

4.– Ebazpenak arauren bat bete gabe utzi dela iritziz gero, eta diru-laguntza osorik edo zati bat jasotzeko eskubidea galdutzat ematen badu, interesdunak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari itzuli beharko dizkio dagozkion diru-kopuruak; horretarako, bi hilabeteko epea izango du, ebazpena jakinarazten denetik hasita. Epe hori borondatezko epetzat joko da.

5.– Borondatezko epe horretan diru-laguntza itzultzen ez bada, diru-laguntza berreskuratzeko premiamendu bidera jotzeko izapideei ekingo zaie.

18. artikulua.– Izaera pertsonaleko datuen tratamendu automatizatua.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoa betez, deialdi honetan araututako laguntza-eskabideak betetzearen ondorioz lortutako datu pertsonalak bere titulartasuneko fitxategi batean sartuko ditu Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak. Fitxategi hori, «Enplegurako eta prestakuntzarako diru-laguntzak» izenekoa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoak datu pertsonalak biltzeko dauzkan fitxategiak arautzen dituen Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2012ko urriaren 10eko Aginduaren bidez dago araututa.

Halaber, pertsona interesdunek datu horietara iristeko eskubidea baliatu ahal izango dute, baita datuok zuzentzeko, ezeztatzeko eta aurkatzeko ere, legeak onartzen duen eran; horretarako, hori adierazten duen idazki bat igorri beharko dute Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzura (Jose Atxotegi kalea 1, 01009, 01009 Gasteiz).

19. artikulua.– Eskumenari buruzko Europako araudia.

1.– Deialdi honetan zehaztutako laguntzek bat etorri beharko dute «minimis» laguntzei Europar Batasunaren Funtzionamendu Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatzeari buruz Batzordeak 2013ko abenduaren 18an egindako 1407/2013 (EE) Erregelamenduarekin (DOUE L352, 2013-12-24). Kalifikazio horren ondorioz, enpresa bakarrari «minimis» erako laguntzetan emandako zenbatekoak ezin izango du gainditu 200.000 euroko kopurua hiru ekitaldi fiskalen barruan.

Muga hori aplikatzeko, kontuan hartu beharko da nola definitzen den «enpresa bakarra» Erregelamendu horren 2.2 artikuluan.

2.– Dagokion ekitaldi fiskalean eta aurreko bietan jasotako minimis laguntza horiei buruzko aitorpena egin beharko du laguntza-eskatzen duenak, honako hau frogatzeko: minimis laguntza berriarekin ez dela gainditzen Erregelamenduan ezarritako muga maximoa.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala