Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

187. zk., 2014ko urriaren 2a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OGASUN ETA FINANTZA SAILA
4073

AGINDUA, 2014ko irailaren 24koa, Ogasun eta Finantzetako sailburuarena, 2014ko ekitaldia ixteko eragiketei buruzkoa.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eta bere erakunde autonomoen 2014ko ekitaldiari dagokionez, kontabilitate-prozesuan esku hartzen duten organoen bitartez, ekitaldiko kontuak prestatzeko eta aurrekontuen likidazioa koordinatu eta arintzeko, beharrezkotzat jotzen da ekitaldia ixteko eragiketak arautzea.

Ondorioz, Ekonomia eta Ogasun Sailaren egitura eta zereginak finkatzen dituen apirilaren 9ko 192/2013 Dekretuak esleitutako ahalmenez baliatuz, honako hau,

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Aplikazio-eremua.

Agindu hau Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren 2014ko ekitaldia ixteko eragiketei aplikatuko zaie, baita administrazioko erakunde autonomo hauetako eragiketei ere: Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea (Habe), Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea (Ivap), Euskal Estatistika Erakundea (Eustat), Emakumearen Euskal Erakundea (Emakunde), Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundea (Osalan), Polizia eta Larrialdietarako Euskal Akademia, Kontsumoko Euskal Institutua (Kontsumobide), Euskal Enplegu Zerbitzua (Lanbide) eta Lehiaren Euskal Agintaritza.

2. artikulua.– Kontabilitate-agiriak jasotzeko egunak.

Honako hauek izango dira Ogasun eta Finantzetako Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoan 2014ko ekitaldiari dagozkion kontabilitate-agiriak jasotzeko azken egunak:

1.– 2014ko urriaren 3ra arte.

a) Aurrekontuetako aldaketei buruzko agiriak eta kontabilitateko egozketa egokitzeko beharrezkoak diren aldaketa teknikoak jasotzen dituztenak. Salbuetsi egiten dira I. kapituluko gastuei eragin eta nominan gerta daitezkeen gorabeherak zuzentzeko beharrezkoak direnak.

b) «A» agiriak, kudeaketaren hainbat alditan burutu behar diren gastuetarako baimenei dagozkienak. Salbuetsi egiten dira I. kapituluko gastuei eragiten dietenak eta nominan gerta daitezkeen gorabeherak zuzentzeko beharrezkoak direnak.

2.– 2014ko urriaren 28ra arte.

«D» agiriak, aldez aurretik fiskalizatu beharrekoak diren kontratuei eta II. eta VI. kapituluei egoztekoak diren kontratuei dagozkienak.

3.– 2014ko azaroaren 24ra arte.

a) «AD», «D» eta «DO» agiriak, IV. eta VII. kapituluei egoztekoak diren diru-laguntzei dagozkienak, baita kontabilitateko egozketa zuzenerako beharrezkoak diren kapitulu horien A/ eta A agiriak ere.

b) «A aurretiaz izapidetzeko» agiriak, gastu-espedienteei dagozkienak.

c) «AD», «D», «O» eta «DO» agiriak, administrazioko erakunde autonomoei, zuzenbide pribatuko ente publikoei, sozietate publikoei eta EAEren sektore publikoko partzuergo eta fundazioei egindako eskualdaketei dagozkienak, IV. eta VII. kapituluei egoztekoak; eta «R», «RI» eta «MI» agiriak, erakunde autonomoetan kapitulu horiei egoztekoak.

d) «D», «O» «DO» eta «ADO» agiriak, VIII. kapituluari egoztekoak diren gastuei dagozkienak, langileentzako maileguei dagozkienak izan ezik.

e) «ADO» agiriak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko lurralde-ordezkaritzen gastuen kontuetarako aurreraturiko funtsak berrezartzekoak eta funtsak bidaltzekoak.

f) «DO» agiriak, Enplegu eta Gizarte Politikako Sailaren desjabetzeen kontuko funtsak berrezartzekoak.

4.– 2014ko abenduaren 12ra arte.

a) «D aurretiaz izapidetzeko» agiriak, gastu-espedienteei dagozkienak.

b) «ADO» agiriak, nomina-aurrerapenei eta langileentzako maileguei dagozkienak. Geroago izapidetzen direnak hurrengo ekitaldiari egotziko zaizkio.

c) 2014ko ekitaldiaren kargurako «EO» agiriak, ordainketa-modua «F Formalizazioa» delakoa dutenak salbu.

d) «RI», «P/» eta «EI» agiriak, taloi bidezko diru-sarrerei dagozkienak. Geroago jasotzen direnak hurrengo ekitaldiari egotziko zaizkio.

e) «MV», «P/», «OR/» eta «OR» agiriak, itxitako ekitaldien hondarrei dagozkienak. Geroago egiten diren ordainketa eta mugimenduak 2015eko urtarrilaren 1etik aurrera izapidetuko dira, ekitaldi horri dagozkion erreferentzia berriekin.

f) «ADO», «DO» eta «O» agiriak, «B Eskuzko transferentzia» ordaintzeko modua dutenak. Geroago izapidetzen direnek, eskuz ordaindu behar direnek, «R Hondarrak, eskuz ordaintzekoak» ordainketa modua izango dute.

5.– 2015eko urtarrilaren 16ra arte.

a) «AD», «D», «DO», «O» eta «ADO» agiriak, aurreko ataletan berariaz aipatu gabekoak, salbu eta artikulu honetako 6.a), 6.c) eta 6.d) puntuetan aipatutakoak.

b) Nominan gerta litezkeen gorabeherak zuzentzeko behar diren agiri guztiak.

c) 2014ko abenduaren 31ra arte aitortutako eskubideen eta, hala badagokio, sartutakoen kitatzeko agiriak, jasanarazitako BEZa duten eragiketei dagozkienak, eta zerga horri dagozkion kontabilitate-agiriak.

d) Aurreraturiko funtsen kargurako ordainketetarako eskuordetutako kontuen itxiera-agiriak, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari buruzko irailaren 30eko 211/1997 Dekretuan ezarritakoarekin eta aurreratutako funtsen erregimenari buruzko Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2000ko martxoaren 30eko eta 2005eko martxoaren 9ko Aginduetan xedatutakoarekin bat etorriz.

e) Etxebizitza, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren desjabetzeen kontuaren itxiera-agiriak, Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren ekainaren 20ko 2/06 zirkularrean ezarritakoari jarraituz.

6.– 2015eko urtarrilaren 30era arte.

a) «O» agiriak, VI. kapituluari egoztekoak diren obra-ziurtagiriei dagozkienak.

b) 2014ko abenduaren 31ra arte aitortutako eta likidatutako eskubideen eta, kasua bada, sartutakoen likidazio-agiriak, 5.c) puntuan adierazi ez direnak, eta data horretara arte jasotako fidantzen eta gordailuen agiriak; halaber, horiei dagozkien kontabilitate-agiriak.

c) Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko finantza-autonomia duten ikastetxeen diru-sarrera eta gastuak kitatzeko agiriak, Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren 1999ko azaroaren 25eko 4/99 eta 2000ko urriaren 19ko 2/00 zirkularretan ezarritakoaren arabera.

d) Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko ordezkaritzen gastu-kontu baimenduen itxiera-agiriak, Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren 2007ko urtarrilaren 30eko 2/07 zirkularrean ezarritakoaren arabera.

e) Artikulu honetako idatzi-zatietan berariaz aipatu gabeko edozein kontabilitate-agiri, 2014ko ekitaldian kontabilizatutako obligazioen ordainketei dagozkien «MV» agiriak izan ezik; agiri horiek hartzeko epe-muga Kontrol Ekonomikoko Bulegoak jakinaraziko du.

f) 2014rako programaturiko helburuak zenbateraino bete diren azaltzen duen memoria.

3. artikulua.– 2015erako konprometitutako urte anitzeko gastuen karga.

Aurreko ekitaldietan 2015eko ekitaldirako konprometitutako urte anitzeko gastuak ahalik eta lasterren kontabiliza daitezen eta 2014ko ekitaldia ixteko aukera eman dezaten, sailek eta erakunde autonomoek, 2015ko otsailaren 6a baino lehenago, Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren 2007ko abenduaren 11ko 7/07 zirkularrean urte anitzeko gastuak kargatzeko ezarritako izapideak egingo dituzte.

4. artikulua.– Ordainketak eta diru-sarrerak itzultzea.

1.– 2015eko urtarrilaren 1etik aurrera, 2014ko ekitaldiari dagozkion ordainketa-itzulera guztiak eta aurretikoak ohiko aurrekontuko diru-sarreratzat hartuko dira, eta 380.00 kontzeptuari («Itzulketak») egotziko zaizkio.

2.– 2015ko urtarrilaren 1etik aurrera, 2014ko ekitaldiko diru-sarreren itzulerak eta aurretikoak ohiko aurrekontuko gastutzat joko dira.

5. artikulua.– Urteko kontuak prestatzea.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eta horko erakunde autonomoen urteko kontuak prestatzeko, Kontrol Ekonomikoko Bulegoari zenbait agiri bidaliko zaizkio, 2015ko otsailaren 6a baino lehen: 2014ko abenduaren 31 baino lehenago amaitutako obren espedienteei buruzkoa izanik «Egite-bidean dauden ibilgetuak» edo «Beste erakunde publiko batzuentzat kudeatutako inbertsioak» izenez erregistratutakoak. Agiriak:

– Inbertsioak behin betiko hartu izanaren akta edo, hala badagokio, inbertsio horiek amaitu direla justifikatzeko memoria, eskudun organoak sinatua, kasu bietan ere jasotako inbertsioaren zenbatekoa eta noiz jaso den zehaztuz. Obra-proiektuei dagokienez, aipatutako agiriak ez dira bidaliko harik eta obra amaitu arte, obra egiten ez denean izan ezik. Kasu horretan, egoera zein den adieraziko da.

– Gauzatutako inbertsioari egotzi behar zaion behin betiko ibilgetuaren zenbakia eta azpizenbakia.

– Jasotzailea, beste ente publiko batzuentzat kudeatutako inbertsioak direnean.

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko irailaren 24a.

Ogasun eta Finantzetako sailburua,

RICARDO GATZAGAETXEBARRIA BASTIDA.


Azterketa dokumentala