Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

187. zk., 2014ko urriaren 2a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
4074

AGINDUA, 2014ko irailaren 15ekoa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena. Honen bidez, baimena ematen da Euskal Herriko Unibertsitateko doktorego-programetako ikasketa ofizialak ezartzeko.

Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoak (apirilaren 12ko 4/2007 Lege Organikoaren bidez aldatuak) 8.2 artikuluan dioenez, estatuko lurralde osorako balioa izango duten titulu ofizialak lortzeko irakaskuntzak ezartzea eta kentzea autonomia-erkidegoak erabakiko du, bai Gizarte Kontseiluak proposatuta, bai erkidegoaren beraren ekimenez, kontseilu horren adostasunarekin, eta, betiere unibertsitatearen Gobernu Kontseiluak txostena eman ondoren.

Euskal Unibertsitate Sistemaren 3/2004 Legeak, otsailaren 25ekoak, bere 51. artikuluan arautzen du Goi-mailako Hezkuntzako Europako Esparrura egokitzea. Unibertsitate-gaietan eskumena duen sailak eta unibertsitateek ikasketa-planetan eta kredituen eta balorazioen sistemetan beharrezkoak diren egokitzapenak bultzatuko dituzte eta, horiekin batera, beharrezkoak diren gainerako neurriak hartuko, euskal unibertsitate-sistema Goi-mailako Irakaskuntzako Europako Sisteman sartzeko eta Titulazioaren Europako Gehigarriaren Diploma emateko.

Titulu ofizialak nola ezarri arautzen dute urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuak (uztailaren 2ko 681/2010 Errege Dekretuak aldatzen duenak), unibertsitateko ikasketa ofizialak arautzen dituenak, eta urtarrilaren 20ko 11/2009 Dekretuak, Gradu, Master eta Doktorego tituluak lortzeko egin behar diren unibertsitate-ikasketa ofizialak ezartzeari eta kentzeari buruzkoak.

Urtarrilaren 20ko 11/2009 Dekretuak 16. artikuluan arautzen du zer prozedura jarraitu behar den Gradu, Master eta Doktoregoko unibertsitate-ikasketa ofizialak ezartzeko baimena lortzeko. Artikulu horren arabera, Unibertsitate Kontseiluak egokiak direla ziurtatzen duen ebazpena eman ondoren, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak (egun, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak) agindu-proposamena prestatu behar du, Gradu, Master eta Doktoregoko unibertsitate-ikasketa ofizialak ezartzea baimentzeko.

Doktoregoko ikasketa ofizialak arautzen dituen urtarrilaren 28ko 99/2011 Errege Dekretuak10.1 artikuluan ezartzen duenez, Unibertsitate Kontseiluak egiaztatu behar ditu doktore-titulu ofiziala lortzeko doktorego-programak, eta autonomia-erkidegoek baimendu behar dituzte, urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuan xedatutakoarekin bat etorriz.

Uztailaren 12ko 534/2013 Errege Dekretuak urtarrilaren 28ko 99/2011 Errege Dekretua aldatzen du, eta epe bat ezartzen du 2014-2015 ikasturtearen hasieran egokitzeko egun indarrean dauden doktorego-programak –urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuarekin bat etorriz egiaztatu zirenak. Xedapen horretan ezartzen da, halaber, programa horiek bertan behera utzi beharko direla 2017ko irailaren 30a baino lehen.

Bestalde, 2014ko uztailaren 23n, Euskal Herriko Unibertsitateko Gizarte Kontseiluak 2014-2015 ikasturtetik aurrera doktoregoko titulu ofizialak lortzeko ikasketak ezartzea onartu zuen, bere Gobernu Kontseiluak txostena eman ondoren.

Uztailaren 2ko 861/2010 Errege Dekretuko 25.7 artikuluan ezarritakoaren arabera (861/2010 Errege Dekretuak urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretua aldatzen du, hots, unibertsitate-ikasketa ofizialen antolamendua ezartzen duen errege-dekretua), eta ANECA-Kalitate eta Ziurtapenaren Ebaluazio Agentzia Nazionalaren ebaluazio-txostena jaso eta gero, Unibertsitate Kontseiluari dagokio Euskal Herriko Unibertsitateak aurkeztutako doktoregoko ikasketak egiaztatzea (ikasketen zerrenda eranskinean dago jasota).

Hori dela eta, eta Gradu, Master eta Doktorego tituluak lortzeko unibertsitate-ikasketa ofizialak nola ezarri eta kendu arautzen duen urtarrilaren 20ko 11/2009 Dekretuaren 16. artikulua aplikatuz, eta jakitun jartzeko txostena aurkeztu eta gero Unibertsitate Irakaskuntza Publikoa Koordinatzeko Kontseiluari eta Euskadiko Unibertsitate Kontseiluari 2014ko ekainaren 3ko bilkuran, hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Automatikoki baimenduko da eranskinean jasotzen diren doktoregoko ikasketa ofizialak ezartzea, betiere Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoaren 8.2 artikuluan eta uztailaren 2ko 861/2010 Errege Dekretuaren 25.8 artikuluan xedatutakoa bete ondoren (861/2010 Errege Dekretuaren bidez, urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretua aldatzen da, Unibertsitateko ikasketa ofizialak arautzen dituena).

2. artikulua.– Egun indarrean dauden doktorego-programak –urriaren 29ko 1393/2007 EDren bidez arautu zirenak– erabat bertan behera utzi beharko dira 2017ko irailaren 30a baino lehen, hala ezartzen baita uztailaren 12ko 534/2013 Errege Dekretuaren bigarren xedapen iragankorreko lehen paragrafoan.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Agindu honen berri ematea Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioari, Gobernuari proposa diezaion tituluak ofizialtzeko, Unibertsitate, Zentro eta Tituluen Erregistroan jasotzeko eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzeko.

BIGARREN XEDAPEN GEHIAGARRIA

Baimentzen diren doktoregoko ikasketa ofizialek sei urte igaro baino lehenago izan beharko dute berrituta akreditazioa, betiere hasierako ziurtapena eman zenetik aurrera. Berriztapen hori egokitu egingo da urriaren 16ko 205/2012 Dekretura, zeinen bidez ezartzen baitira Gradu, master eta doktoregoko unibertsitate-tituluen akreditazioa berritzeko prozedura eta epeak.

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Urtarrilaren 20ko 11/2009 Dekretuaren 19. artikuluak xedatutakoari jarraikiz, Euskal Herriko Unibertsitateak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari memoria bat bidaliko dio urtero, dagozkion matrikulazio-datuei eta aurreko ikasturtean titulazio bakoitzak izandako kostu ekonomikoei buruzkoa, ikasturte akademiko bakoitzaren matrikulazio-epea bukatu ondoren eta, betiere, abenduaren 30a baino lehen. Aipatutako dekretuaren II. eta III. kapituluetan jasotako baldintzaren bat betetzen ez bada, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak unibertsitateari beharrezko neurri zuzentzaileak hartzeko eskatuko dio. Aipatutako baldintzak ez betetzen jarraituko balitz, Euskal Herriko Unibertsitateak ikasketa horri beste prozedura bat egin beharko dio, akreditazioari eutsi ahal izateko, edo bestela, ez du berriz eskaini beharko.

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko irailaren 15a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala