Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

187. zk., 2014ko urriaren 2a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
4075

AGINDUA, 2014ko irailaren 24koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, 2014-2015 ikasturterako diru-laguntzen deialdia egiten duena, itunpeko ikastetxe pribatuetan Prestakuntza Iragankor Integratuko Programak emateko, baldin eta Hasierako Lanbide Prestakuntzarako programak emateko itunduta baldin bazeuden 2013-2014 ikasturtean.

Hezkuntzaren kalitatea hobetzekoa den abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoaren bosgarren xedapen gehigarriak ezarpen-egutegi bat ezartzen du, eta, egutegi hori betetzeko, arian-arian ordeztu behar dira Oinarrizko Lanbide Heziketaren Hasierako Lanbide Prestakuntzarako programak 2014-2015 ikasturtetik aurrera.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak ikusi du zaila dela Oinarrizko Lanbide Heziketa 2014-2015 ikasturtearen hasieran ezartzeko egin beharrekoak diren arau-aldaketak bultzatzea, eta ikusi du, era berean, jarraipena eman behar diela, bien bitartean, ikasketak uzteko arriskuan dauden ikasleei zuzenean zuzendutako neurriei. Oinarrizko arau-garapenik ez da egin, Oinarrizko Lanbide Heziketa prestatzen hasi eta Hasierako Lanbide Prestakuntzarako programak ordezteko. Ikasle horien ikastetxeentzako diru-laguntzetarako deialdiak tramitatzen hasi behar dira, 2014-2015 ikasturtearen hasieran izan ditzaten programak emateko behar dituzten baliabideak. Ikasleak matrikulatzeko prozedura ezartzen duen agindua tramitatu behar da, eta planifikazioa datorren ikasturteko behar bezainbesteko aurrerapenez ezarri behar da. Gorabeherak gorabehera, beharrizan horri erantzun behar zaio, harik eta Oinarrizko Lanbide Heziketa ezartzen duen errege-dekretua argitaratzen den arte, dekretu horrek txertatuko baitu lanbide-heziketa hori Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketaren eremuan.

Hezkuntzaren kalitatea hobetzekoa den abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoaren 116. artikuluak arautzen du ezingo direla legez araututako moduan atxiki itun-araubidera Lege horrek doakoak izendatzen dituen irakaskuntzak eskaintzen ez dituzten ikastetxe pribatuak.

Itundu beharreko Hasierako Lanbide Prestakuntza Programak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan ituna duten ikastetxe pribatuek eman behar dituztela arautzen du 2012ko maiatzaren 16ko Aginduak, 2012-2013, 2013-2014, 2014-2015 eta 2015-2016 ikasturteetarako hezkuntza-itunak sinatzeko eta berritzeko, eta 2012-2013 ikasturterako unitateak zehazteko dei egiten duenak. Zehazki, 2. artikuluan arautzen du hori adierazitako aginduak.

Hori horrela, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak, apirilaren 1eko 47/2014 Dekretuaren bidez (2014ko apirilaren 7an argitaratua EHAAn), aldatu egin du urriaren 16ko 175/2007 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoan Oinarrizko Hezkuntzaren curriculuma sortu eta ezartzekoa, eta artikulu bat erantsi dio, Prestakuntza Iragankor Integratuko programak arautzeko.

Prestakuntza Iragankor Integratuko programek ordeztuko dituzte, 2014-2015 ikasturtean, Hasierako Lanbide Prestakuntzarako programak, harik eta Oinarrizko Lanbide Heziketa ezartzen den arte. Azkenaldiko ikasturteetan itunpeko esparruan Hasierako Lanbide Prestakuntzako programak eman dituzten ikastetxeek emango dituzte haiek ordeztuko dituzten programak.

Prestakuntza Iragankor Integratuko programen ezarpenak ikastetxe horiei kalterik eragin ez dakien, agindu berri bat eman behar da, programa horiek emateko arau-oinarria izan dezaten.

Horren ondorioz, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren diru-laguntzak arautzen dituen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsitakoak, VI. tituluan jasotako xedapenekin bat etorriz, eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen apirilaren 9ko 193/2013 Dekretuan aipatzen diren eskumenak baliatuz,

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– Diru-laguntzen deialdia egitea 2014-2015 ikasturtean Prestakuntza Iragankor Integratuko Programak emateko itunpeko ikastetxe pribatuetan. Agindu honetako I. eranskinean ezartzen diren oinarrien arabera emango dira diru-laguntzak, baldin eta itunpeko ikastetxe pribatuak Hasierako Lanbide Prestakuntzarako programak emateko itunduta baldin bazeuden 2013-2014 ikasturtean.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honek administrazio-bidea agortzen du, eta bere aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar dakioke Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuari, hilabeteko epean, edo, aukeran, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke aginduaren aurka Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondorengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honetan xedatzen ez diren alderdietan, betetzekoak izango dira Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena den azaroaren 26ko 30/1992 Legea eta laguntza eta diru-laguntza publikoei buruzko arauak.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA

Agindu hau aplikatzeko beharrezkoak izan daitezkeen jarraibideak xedatzeko eskumena ematen zaio Etengabeko Ikaskuntzako zuzendariari.

AZKEN XEDAPENETATIK LAUGARRENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondorengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko irailaren 24a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburua

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

I. ERANSKINA
ITUNPEKO IKASTETXE PRIBATUEK 2014-2015 IKASTURTEAN EMANGO DITUZTEN HEZIKETA IRAGANKOR INTEGRATUKO PROGRAMAK FINANTZATZEKO DIRU-LAGUNTZEN DEIALDIA ARAUTZEKO OINARRIAK, BETIERE, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAN HASIERAKO LANBIDE PRESTAKUNTZA EMATEKO ITUNAK BAZITUZTEN IKASTETXE HORIEK 2013-2014 IKASTURTEAN.

Lehenengoa.– Deialdiaren xedea.

Deialdi honen xedea da 2014-2015 ikasturtean Prestakuntza Iragankor Integratuko programak finantzatzeko diru-laguntzak ematea, Prestakuntza Iragankor Integratuko programak egin daitezen 2013-2014 ikasturtean Euskal Autonomia Erkidegoan Hasierako Lanbide Prestakuntzako programak emateko itunak zituzten itunpeko ikastetxe pribatuetan. Deialdi honetako bigarren oinarriak adierazten ditu, hain justu, zein izango diren deialdi honen onuradun izango diren erakundeak.

Bigarrena.– Diru-laguntzen onuradun izango diren erakundeak.

Deialdi honetan arautzen diren diru-laguntzen erakunde onuradun izan daitezke 2013-2014 ikasturtean Hasierako Lanbide Prestakuntzako programak emateko itunduta zeuden itunpeko ikastetxe pribatuak.

Laguntzak esleitu zaizkien erakundeek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela egiaztatuko du, behar beste aldiz, organo kudeatzaileak.

Hirugarrena.– Diru-laguntzetarako hornidura eta haien zenbatekoa.

1.– Guztira, 2.555.000 euroko diru-hornidura izango da agindu honek deitzen dituen diru-laguntzak emateko 2014-2015 ikasturtean.

2.– Artikulu honen 3. puntuak adierazten du zer modulu baliatuko den aurrekontu moduan 2014-2015 ikasturtean egingo diren Prestakuntza Iragankor Integratuko programentzat.

3.– Diru-laguntzetarako hornidura osoak diru-zenbateko hauek izango ditu banakatuta:

(Ikus .PDF)

Laugarrena.– Izena ematea eta taldeak osatzea.

1.– Deialdi honen diru-laguntzak jasotzen dituzten prestakuntza iragankor integratuko programak doakoak izango dira, eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak zehazten dituen epeetan egingo dira izen-emateak.

2.– Heziketa eta Ikaskuntzako Zuzendaritzak adierazitako aldian grabatu behar dira ikasleen datuak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak berariaz ezarritako aplikazioan. Jarduerei ekiteko, ezinbestekoa da Heziketa eta Ikaskuntzako Zuzendaritzak ikasleen zerrendak onartzea eta zerrendetako datuak egokiak izatea.

3.– Heziketa eta Ikaskuntzako Zuzendaritzak taldeen osaera baimenduko du, baldin eta matrikulatzeko epe arrunta (uztailaren 1etik 15era, biak barne) amaitzeko egunean 12 ikasle baldin badaude gutxienez 1. mailan. Hezkuntza-beharrizan bereziak dituzten ikasleek parte hartzen badute, taldearen ezaugarriei egokituko zaie ikasle-kopurua.

Bosgarrena.– Parte hartzea.

Deialdi honetako diru-laguntzak eskuratzeko, eskabide bat aurkeztu behar dute erakunde interesdunek, deialdian adierazitako moduan.

Seigarrena.– Eskabideak aurkeztea.

Eskabideak aurkezteko, 15 eguneko epea izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondorengo egunetik aurrera.

Erakunde interesdunek baliabide elektronikoak erabili behar dituzte eskaerak, kontsultak eta prozedura honetako izapide guztiak egiteko.

Egoitza elektroniko honetan ikus daitezke izapideen xehetasunak, eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak: https://euskadi.net/diru_laguntza/2014/pfti-itunpe/y22-izapide/eu/

Eskabidea bitarteko elektronikoetatik egin ondorengo izapideak hemen egin behar dira: «Nire gestioak», https://euskadi.net

Erakunde eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete, aukeran. Prozedurako izapideetan, erakundeak aukeratutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeko 5.2.a) eta 6.1 artikuluek xedatzen duten moduan.

Zazpigarrena.– Eskabidearekin batera aurkeztu behar den dokumentazioa.

Diru-laguntzaren eskabidearekin batera, Prestakuntza Iragankor Integratuko Modulu/profilen eskabidea formularioa aurkeztuko da, eta formulario horretan adieraziko da zer profiletarako eskatzen den laguntza eta zenbat talde eskatzen diren.

Diru-laguntzaren eskabideak eta dokumentazioak ez baditu deialdi honek araututako betekizunak betetzen edo horien edukia behar bestekoa ez baldin bada, 10 eguneko epea emango zaio erakunde eskatzaileari akatsak osatu edo zuzentzeko, eta adieraziko zaio, akatsak osatzen edo zuzentzen ez baditu, ezetsitzat joko dela haren eskabidea. Hala ere, eskabidearen gaineko ebazpen berariazko bat eman beharko du administrazioak, hori agintzen baitio Herri Administrazioaren Araubide Juridikoa eta Administrazio Prozedura Erkidea arautzekoa den azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71.1 eta 42.1 artikuluek.

Zortzigarrena.– Deialdiaren organo kudeatzailea.

Heziketa eta Ikaskuntzako Zuzendaritzak kudeatuko du deialdi hau.

Bederatzigarrena.– Diru-laguntzak ematea eta haien zenbatekoa.

Lehia-prozeduraren bidez ebatziko dira diru-laguntzak, hurrengo xedapenetan adieraziko den moduan.

1.– Deialdi honek araututako aurkezpen-epean aurkezten diren eskabide guztiei emango zaizkie diru-laguntzak, baldin eta agindu honek agintzen dituen betebeharrak betetzen badituzte eta deialdi honen laugarren oinarriak zehazten duen talde-osaerarentzat ezarri diren ikasle-kopuruak bete direla egiaztatzen badute matrikulazio-epe arruntaren amaieran.

2.– Ezingo zaie erakunde horiei eman 2013-2014 ikasturtean Hasierako Lanbide Prestakuntzako programetako lehen maila emateko baimendu ziren lanbide-talde eta -profilen kopuruari dagokionetik gorako diru-laguntzarik. Deialdian sartuko dira 2013-2014 ikasturterako baimendu, baina, eskatutako ikasleen ratioa bete ez zutelako, eskaini gabe gelditu ziren taldeak.

3.– Erakunde onuradunei diru-laguntza horiek emateko –eta, bidezko denean, ordaintzeko– ezinbestekoa izango da amaiera ematea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emanda dituzten izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen arloan hasi eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiei.

4.– Nolanahi ere, diru-laguntza jasoko bada, diru-laguntzaren xede diren ikasle-taldeen kopurua osatu beharko da nahitaez.

5.– Deialdi honetan aurreikusitako aurrekontua onartutako eskariei erantzuteko behar bestekoa ez bada, erakunde eta programa bakoitzari taldeka eta mailaka esleitutako zenbatekoa proportzio berean murriztuko da, onartutako aurrekontuari egokitu arte.

6.– Deialdi honetan aurkeztutako eskabideak prozedura bakar batean izapidetuko dira, eta Lanbide Heziketako sailburuordeari dagokio hura ebaztea.

7.– Ebazpen horrek erabakiko du diru-laguntzak ematen diren edo, hala badagokie, ukatzen diren. Diru-laguntza ematea ebazten bada, erakunde onuraduna, diruz lagundutako kurtsoak eta horietako bakoitzarentzat emandako diru-laguntzaren zenbatekoa adieraziko da. Eskabidea ezesten bada, berriz, horren arrazoiak adieraziko dira.

8.– Prozeduraren ebazpenak ez dio amaiera emango administrazio-bideari, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi ondorengo egunetik aurrera.

Hamargarrena.– Erakunde esleipendunen betekizunak.

1.– Laguntzak esleitu zaizkien erakundeek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela automatikoki egiaztatuko du, behar beste aldiz, organo kudeatzaileak, eta horretarako ez du eskatzaileen baimenik beharko, hori arautzen baitu Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak.

2.– Azaroaren 11ko 1/ 1997 Legegintzako Dekretuaren 50.6 artikulua beteko da, eta betebehar hauek egiaztatuko dira eskabidean, erantzukizunpeko adierazpen bidez:

– Erakundea ez dela ari eskuratzen helburu bererako inolako diru-laguntzarik, laguntzarik, diru-sarrerarik edo bestelako bitartekorik edozein administrazio zein erakunde publiko nahiz pribatutatik.

– Eskaera egiten duen pertsonak edo erakundeak ez du izan behar diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera ukatzen dion zigor administratibo edo penalik, eta ezta diru-laguntzak jasotzeko legezko debekurik ere, sexuaren bereizkeriaren ondoriozkoak barne (Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrena).

– Halaber, erakunde eskatzaileak erantzukizunpeko adierazpenean adierazi behar du egiazkoak direla eskaeran eta harekin batera aurkeztutako dokumentuetan agertzen diren datuak, eta bete egiten dituela diru-laguntza hauen onuradun izateko indarrean dauden araudiek ezarritako betekizunak.

Hamaikagarrena.– Erakunde esleipendunen betebeharrak egiaztatzea.

1.– Emandako diru-laguntza onartzea. Erakunde onuradunek ez badiote berariaz uko egiten diru-laguntzari hura eman zaiela adierazten duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean, diru-laguntza onartu dutela ulertuko da.

2.– Diru-laguntzaren xede edo helburu konkretua betetzeko erabili behar da diru-laguntza.

3.– Irakasleen lan-baldintza juridiko eta ekonomikoek bete egin behar dute, zuzen eta egokitasunez, lan-legeriak alderdi horiei buruz arautzen duena. Baldintza horiek, beraz, ez dute erakunde onuradunetako gainerako langileekiko diskriminaziorik.

4.– Bestalde, edukien metodologia integratzaileak erabiltzeko printzipioa aintzat hartuta eta ikasleen jarraipen eta arreta pertsonalizatuaren printzipioa kontuan izanda, programa hauek emateko baimenduta dauden erakundeek saiatu behar dute talde berarengan esku hartzen duten irakasleen kopurua ahalik eta txikiena izatea.

5.– Diru-laguntza jasotzen duen erakundeak programa emateko erosi duen ekipamendua, bestalde, programa horretako jardueretarako soilik erabiliko da. Materiala erosi ahala, ekipamenduaren berariazko inbentarioan jaso beharko da. Ekipamendu hori inori lagatzeko edo, hala badagokio, besterentzeko, berriz, beharrezkoa izango da Hezkuntza, Hezkuntza Politika eta Kultura Sailaren eta dagokion erakundearen adostasun adierazia eskuratzea.

6.– Ikastetxean ematen diren programen inguruan eskatzen duen informazio guztia helaraziko zaio Hezkuntza Ikuskaritzari.

7.– Deialdi honen kargura jasotako diru-laguntzen gainean eskatutako informazioa helaraziko zaio Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari.

8.– Erakunde eskatzaileak honako gastu hauek hartuko ditu bere gain: programa egiteko lokalenak, lokal horiek konpontzeko eta kontserbatzeko lanenak, eta ikasleentzat aseguru bat kontratatzearenak (eskola-aseguruak adina prestazio eskaintzen duen aseguru bat izan beharko du).

9.– Ikasturteko lehenengo hiruhilekoan, erakunde onuradunek ikasturterako jarduera-proiektua edo hasierako memoria aurkeztu beharko dute, honako hau hartu beharko dute barnean:

a) Irakatsiko den lanbide-profil bakoitzari dagokion curriculum-proposamena. Proposamen horretan alderdi hauek zehaztuko dira:

– Gaitasunen esparruan ikasleek lortu beharreko helburuak.

– Irakaskuntzako eta ikaskuntzako jarduera adierazgarriak.

– Ikasleen aurrerabidea ebaluatzeko prozedurak eta irizpideak.

b) Jarduera osagarriak.

Ikastetxe bakoitzean zainduko da dokumentazio hori, zuzendariaren ardurapean, eta Ikuskaritzaren eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren gainerako zerbitzuen eskura egongo da.

10.– Irakaskuntza-jardueraren antolamenduari buruzko datu oinarrizko guztiak bete behar dituzte erakundeek: irakaskuntza-egutegia eta EJD. Era berean, https://www.euskadi.net/misgestiones aplikazioaren bidez, eskatutako datuak bete direla adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu behar dute.

11.– Diru-laguntzen onuradun diren erakundeek, ikasturtea amaitu ondorengo 2 hileko epean, programaren emaitzen gaineko ebaluazioaren amaierako memoria egin beharko dute. Alderdi hauek jaso behar ditu memoriak:

– Programaren garapenaren laburpena eta ikasturteko lehenengo hiruhilekoaren hasierako memoriari eta diru-laguntza eskatzeko egindako programaren proiektuari egin zaizkien aldaketak.

– Parte hartu duten gazteak, izandako bajak eta zergatiak.

– Estatistika-laburpen bat, ikasleek dituzten ezaugarriak, nondik datozen eta zein ikasketa-maila duten adieraziko duena.

– Taldeak eta ikasle bakoitzak lortutako helburuak. Horretarako, programaren proiektuan eta hasierako memorian aurrez ikusitako helburuak hartuko dira oinarri.

– Ikasleak lan-munduratzeari dagokionez eta/edo maila akademikoari edo prestakuntzakoari dagokionez lortutako emaitzen estatistika-laburpena.

– Emaitzen analisia, jarduera-proiektua egokia ote den zehazteko eta behar dituen aldaketak finkatzeko.

Ikastetxean gordeko da memoria hori, eta Hezkuntza Ikuskaritzaren eskura izango da.

Hamabigarrena.– Gastuen justifikazioa.

Gastuak justifikatzeko, diru-laguntza jaso duen jardueraren aurrekontu osoari dagozkion gastuen agiri bidezko justifikazioa, irakasleei dagozkien gastuak barne Justifikazio Kontu Erraztua inprimaki normalizatua erabiliko da. Hemen dago eskuragarri: https://euskadi.net/diru_laguntza/2014/pfti-itunpe/y22-izapide/eu/

Inprimaki horretan horretan, zehatz-mehatz azaltzen da dokumentuen zerrenda, eta honako hauek adierazten dira: data, kontzeptua, guztirako zenbatekoa, egotzi daitekeen zenbatekoa (halakorik behar izanez gero) eta ordaintze-data. Jatorrizko dokumentuak gorde behar dira (irakasleen nominak barne), etorkizunean egiaztatzeko. Diru-laguntza eman duen organoak lagin-teknika bitartez, egoki irizten dituen egiaztagiriak egiaztatuko ditu, ziurtatzeko diru-laguntzaren helburuak bete direlako agiriak badaudela.

Hamaikagarren oinarriko 11 puntuan adierazi den amaierako memoria bete duela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpenak jasotzen da inprimaki horretan bertan.

Artikulu honetan adierazten den dokumentazioa aurkezteko, bitarteko elektroniko hau baliatuko da: https://www.euskadi.net/misgestiones

Hamairugarrena.– Diru-laguntza ordaintzea.

Diru-laguntza hiru epetan ordainduko da.

Diru-laguntzaren lehenengo ordainketa, haren zenbateko osoaren % 33, hamaikagarren xedapenaren 1. puntuan agertzen den epea bete ondoren egingo da, erakunde onuradunek ez badiote berariaz uko egiten diru-laguntzari.

Bigarren ordainketa diru-laguntzaren zenbatekoaren % 57koa izango da, eta bigarren hiruhilekoaren hasieran egingo da, hamaikagarren oinarriko 10) eta 11) puntuek arautzen dutena betetzen denean.

Eta hirugarren ordainketa, % 10ekoa, ikasturtearen amaieran egingo da, hamabigarren oinarrian datorren dokumentazioa aurkeztu ondoren.

Hamalaugarrena.– Ebazpena aldatzea eta berrikustea, eta diru-laguntza itzultzea.

1.– Ebazpena aldatu ahal izango da, baldin eta diru-laguntza emateko aintzat hartutako baldintzak aldatzen badira; betiere, diru-laguntza horien onuradun izateko ezarri diren gutxieneko baldintzei eusten bazaie.

2.– Jasotako zenbatekoak itzultzeko eta berandutze-interesa eskatzeko, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluan (azaroaren 11ko 1/1997 Errege Dekretu Legegileak onartutako testu bategina) eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren II. tituluan xedatutakoari jarraituko zaio.

3.– Jasotako diru-laguntza gehi aplikatzekoak diren interesak itzuli beharko dira, baldin eta araudi horretan aintzat hartzen diren honako zirkunstantzia hauetakoren bat gertatzen denean, eta bereziki:

a) Diru-laguntza erabiltzen ez bada emandako helbururako.

b) Agindu honetan eta Agindua garatuko duten ebazpenetan xedatutakoa edozein modutan betetzen ez denean.

c) Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuen kontura emandako diru-laguntzen onuradunen eginbeharretakoren bat betetzen ez denean.

Hamabostgarrena.– Administrazio-isiltasuna.

Deialdiaren agindua indarrean jarri eta sei hilera ez baldin bazaie hartan parte hartu duten erakundeei jakinarazi diru-laguntzen esleipenari buruzko ebazpenik, erakunde interesdunek ezetsitzat jo ditzakete haiek egindako eskabideak, betetzekoa izango baita Herri Administrazioaren Araubide Juridikoa eta Administrazio Prozedura Erkidea arautzekoa den azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1. artikulua. E-Administraziorako PLATEA plataforma teknologikoaren bidez jakinaraziko zaie ebazpena deialdian parte hartzen duten erakundeei (https://www.euskadi.net/misgestiones), eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, publizitate-ondorenetarako.

Hamaseigarrena.– Datu pertsonalen babesa.

Datu pertsonalak babesteari buruzkoa den abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legean ezarritakoari jarraituz, deialdi hau bideratzean bildutako datu pertsonalak Hasierako Lanbide Prestakuntzako ikasleen matrikulazioaren fitxategian barne hartuko dira –parte-hartzaileek baimena eman dute datu horiek tratatu eta argitara emateko–. Fitxategi horren xedea da diru-laguntzen deialdi hau kudeatzea eta deialdian parte hartzen duten pertsonei deialdiaren garapenaren berri ematea. Heziketa eta Ikaskuntza Zuzendaritza da fitxategiaren arduraduna. Lege horretan adierazitako sarbide-, zuzentze-, ezabatze-, eta aurkatze-eskubideak erabiltzeko, Heziketa eta Ikaskuntzako Zuzendaritzara jo beharko da, helbide honetara: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

Era berean, deialdi honetan parte hartzen dutenek baimena ematen diote Heziketa eta Ikaskuntzako Zuzendaritzari beste erakunde publiko batzuetan egiazta ditzan aurkeztutako agiriak.


Azterketa dokumentala