Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

187. zk., 2014ko urriaren 2a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
4077

EBAZPENA, 2014ko abuztuaren 6koa, HABEren zuzendari nagusiarena, udalen edo udal erakundeen menpeko euskaltegiei, udal titularitateko euskaltegi publikoei, 2014-2015 ikasturteko diru-laguntzak emateko baldintzak ezartzen dituena.

Uztailaren 22ko 179/2003 Dekretuak, helduentzako euskararen irakaskuntza burutzen duten euskaltegien eta beste zentro homologatuen jarduera eta horien finantzazioa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren aldetik arautzen duenak, bere 16. artikuluan ezarria dauka HABEk laguntza emango duela, bere aurrekontu-bitartekoen muga-barruan, Erregistroan inskribaturik dauden euskaltegiak eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuak finantzatzeko, helduak alfabetatzen eta euskalduntzen lan egiteagatik, horretarako HABEren zuzendari nagusiak, ikasturte akademiko bakoitzean, diru-laguntzen deialdiak egingo dituelarik.

HABEren zuzendari nagusiaren 2005eko uztailaren 27ko Ebazpenak arautzen ditu HABEk, bere baliabideen arabera, ikasturtero ematen dituen diru-laguntzak eskuratu ahal izateko, euskaltegi publikoek, euskaltegi pribatu homologatuek, autoikaskuntzarako zentro homologatuek eta Euskal Etxeek euskara-ikastaroak emateko bete behar dituzten baldintza akademikoak eta HABErekiko harremanetan aintzat hartu beharrekoak.

Dekretu eta Ebazpen horiei jarraiki, orain bidezkoa da 2014-2015 ikasturterako finantzazio moduluak ezartzea, honen bidez udalen edo udal erakundeen menpeko euskaltegiei, hau da, udal euskaltegi deituei, dagozkienak finkatuz.

Horregatik, aipatu xedapenek eta otsailaren 13ko 34/1996 Dekretuak, HABEren egitura organikoa ezartzen duenak, ematen dizkidaten eskumenez, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Helburua.

1.– Ebazpen honen bitartez, udal euskaltegiek 2014-2015 ikasturtean (2014ko urri-abendua eta 2015eko urtarril-iraila) emandako ikastaroen finantzaziorako laguntzak arautuko dira.

2.– Laguntzarako eman daitezen kopuruak HABEk bere aurrekontuetan horretarako dituen fondoetatik emango dira, hau da, 11.730.000 euro, dirutza hori izango delarik aurreikusitako laguntza guztien gehienezko muga jarriko duena.

3.– Diru-funts hori eskatutako finantzazio behar guztiei erantzuteko aski ez balitz, diru-laguntzak hainbanatu egingo dira onuradunen artean, deialdi honetan ezartzen diren irizpideei jarraikiz jaso beharko lituzketen kopuruak kontuan izanda.

2. artikulua.– Onuradunak.

1.– Ebazpen honen bidez deitutako diru-laguntzen onuradunak euskaltegi publikoak, HABEren Erregistroan horrela sailkatutakoak, izan daitezke.

2.– Deialdi honetan aurreikusitako laguntzak eskuratu ahal izateko, ezinbesteko baldintza izango da euskaltegi publikoek, euskaltegi pribatu homologatuek, autoikaskuntzarako zentro homologatuek eta Euskal Etxeek bete behar dituzten oinarrizko baldintzak ezartzen dituen HABEren zuzendari nagusiaren 2005eko uztailaren 27ko Ebazpenak araututakoa betetzea.

3.– Ezingo dute deialdi honetako diru-laguntzarik eskatu laguntza publikoak lortzeko zigor administratiboa dutenek, ezta ere horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik dutenek ere, sexu-bereizkeria dela-eta gertatu direnak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoaren arabera.

4.– Diru-laguntza hauen onuradunek giza eskubideak eta pertsonen arteko bizikidetzaren balioak errespetatuko dituzte eta, ondorioz, ezin izango dituzte agerian eduki, horiei dagokienez, herritarrentzako laidogarriak izan daitezkeen, erabiltzaileen duintasuna urra dezaketen edo indarkeria iradokitzen duten ikurrak edo elementuak.

3. artikulua.– Kopuruak mugatzeko irizpidea.

Honako era honetan kalkulatuko da HABEk onuradun bakoitzari eman beharreko diru-laguntza:

1.– HABEren zuzendari nagusiaren 2005eko uztailaren 27ko Ebazpenak ezarritakoaren arabera antolatutako ikastaroei aurre egiteko behar eta eskolak ematen dituzten irakasleak babestuko dizkio HABEk 2014-2015 ikasturtean euskaltegi bakoitzari, dagokion zuzendari, idazkari didaktiko eta bulegoko pertsonalaz gain.

Irakasle-beharrak benetan hasitako talde eta autoikaskuntzako matrikulen arabera erabakiko dira, ikasturte osoko proiekzioa eginda eta 2010erako Euskal Toki Erakundeetako langileen lan-baldintzak arautzen dituen Udalhitz izeneko Hitzarmenak aitortutako eskola-orduen kopuruan oinarrituta.

Taldeen osaketarako, 2005eko uztailaren 27ko Ebazpenak, 5. artikuluan ezarritako irizpideak bete beharko ditu euskaltegiak. Hala ere, euskaltegi batek dagokion batez bestekoa betetzen ez badu, Ebazpen horren 10.6 artikuluak aurreikusi bezala, proiekzioko orduak baldintza hori betetzeraino doitu ahal izango dira irakasle beharrak erabakitzeko.

Halaber, 2005eko uztailaren 27ko Ebazpenaren 5. artikuluaren azken paragrafoan aurreikusitakoaren arabera, 2014-2015 ikasturtearen hasieran, hau da, urrian, herri-tamainaren arabera dagokion ikasleen gutxieneko kopurura heltzen ez diren hondar-taldeak ere diru-laguntzen xede izan litezke salbuespen gisa, betiere kontuan izanda, alde batetik ikasleen maila eta ordutegien arabera taldea osatzeko beste aukerarik dagoen, eta, bestetik, euskaltegiaren jarduera osoarekiko alderaketa, aldez aurretiko HABEren Ikuskatzailetzaren txostena jasota.

Era honetako hondar-talderik onartua izateko, bi baldintza bete beharko ditu euskaltegiak:

– Ikasle horiek (maila eta ordutegiaren arabera) beste taldeetan txertatzeko ezintasuna.

– Euskaltegiaren ikasturte-hasierako talde-orduen % 10a baino gutxiago izatea salbuespen-gai diren taldeen orduak.

Honelako hondar-talderik daukan euskaltegiak HABEren zuzendari nagusiari dagokion eskari arrazoitua helarazi beharko dio 2014ko urriaren 3a baino lehen.

Autoikaskuntzako matrikulen kasuan ere, 2014-2015 ikasturtean benetan hasitako matrikulen ordu teorikoak 2013-2014 ikasturtean ordu teorikoetatik errealetara eman zen aldearen proportzio berean doituko dira (HABEren zuzendari nagusiaren 2005eko uztailaren 27ko Ebazpenaren 4. artikuluko 3.a), 2) eta 3.c) puntuetan ezarritako irizpideen arabera), baldin eta 2013-2014 ikasturteko ordu teorikoak baino gehiago badira; gutxiago balira, aldiz, gehienez ere 2013-2014 ikasturteko ordu errealak izango dira.

Irakasle-beharraren gutxieneko unitatea irakasle erdia izango da, horretatik hurbilenekora mugatuz, bai gora edo behera.

2.– Langileen kostuak kalkulatzeko, 2010erako Udalhitz izeneko Hitzarmenak aitortutako soldata gordinari dagozkion kopuruak bakarrik hartuko dira kontuan, deialdi honetarako inolako igoerarik aurreikusi gabe. Kopuru horiek Euskadiko Autonomia Erkidegoko 2010eko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen legea aldatzen duen ekainaren 24ko 3/2010 Legearen 4. Xedapen Gehigarriaren arabera egokituta, hauek dira horren ondoriozko laguntza-kopuruak:

(Ikus .PDF)

Diru-laguntzen esleipenean, soldataz gain, antzinatasunaren hirurtekoengatiko kopurua ere aintzat hartuko da behin betiko karrerako funtzionarioen eta lan-itunpeko behin betiko langileen kasuan.

4. artikulua.– Eskariak.

1.– Eskariak HABEren zuzendari nagusiari luzatuko zaizkio Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita 2014ko azaroaren 6ra bitarteko epean.

2.– Eranskineko inprimakia behar bezala betea ekarriko du eskatzaileak. Bertan 2014-2015 ikasturtean ikasleek ordaindu beharreko matrikula-saria eta euskaltegiak emango dituen aurrez-aurreko eskola-orduak eta autoikaskuntzarako matrikula-kopurua zehaztuko dira. Eskola-ordu eta matrikula hauek bat etorri beharko dute 2014-2015 ikasturterako benetan hasitako ikastalde eta ikasleen arabera aurreikusten diren guztirako aurrez-aurreko orduekin eta autoikaskuntza-matrikulekin.

Eskari honetan HABEren zuzendari nagusiaren 2005eko uztailaren 27ko Ebazpenak ezarritakoaren arabera antolatutako ikastaroak soilik hartuko dira aintzat.

3.– Halaber, euskaltegiko langileria osoaren informazio zehatza helaraziko du behin betiko karrerako funtzionarioei edo lan-itunpeko behin betiko langileei aitortzen zaizkien antzinatasun-data eta hirurtekoen kopuruak bereziki zehaztuz.

4.– Aurkeztutako eskarian dokumenturen bat falta bada, edota okerren bat balego, eskaria luzatu duenari jakinaraziko zaio eta hamar eguneko epea emango okerrak zuzen ditzan eta garbi adierazi, horrela egin ezean, eskabideari uko egin zaiola ulertu beharko dela, aldez aurreko ebazpenaren bitartez, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 42. artikuluan jasotako baldintzetan.

5. artikulua.– Diru-laguntzen organo kudeatzailea.

HABEko Kudeaketa Zerbitzuari dagokio, Ekonomia eta Administrazio Unitatearen eta Ikuskatzailetzaren bitartez, deialdi honetan aurreikusitako kudeaketa-lanak burutzea.

6. artikulua.– Diru-laguntzen Ebazpena.

1.– HABEren zuzendari nagusiaren Ebazpenaren bitartez, onuradun bakoitzari diru-laguntza finkatzeko onartzen zaion pertsonala eta dagokion diru-laguntzaren zenbatekoa ezarriko zaizkio. Ebazpenak adieraziko du esleitutako zenbateko hori baldintzatuta egongo dela egingo diren azken doikuntzetara, datu errealen eta Ebazpen honen 7. artikuluak dioenaren arabera.

2.– Ebazpena 2014ko abenduaren 31 baino lehen jakinaraziko da. Epe horretan organo erabakitzaileak jakinaraziko ez balu, eskaria ez dela onartua izan ulertuko da.

3.– Interesatu bakoitzari egin dakiokeen Ebazpenaren jakinarazpenaz gain, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira emandako diru-laguntzak eta horien onuradunak.

7. artikulua.– Diru-laguntzaren kitapena.

1.– Ikasturteko behin betiko datu errealak eta pertsonal gastuen egiaztagiriak jaso ondoren, diru-laguntza emateko kontuan izandako edozein baldintza aldatu dela ikusten bada, edota ez dela zuritzen erabakitako diru-kopurua, diru-laguntzak emateko erabakia aldatu ahal izango da. Zentzu horretan, HABEren zuzendari nagusiak kitapen ebazpena egingo du, datu errealen eta 3. artikuluan finkatutako irizpideen arabera emandako laguntza-kopuruak doituz.

Euskaltegien kudeaketarako aplikazio informatikoa baliatuz euskaltegiak HABEra dagozkion epeetan bidaltzen dituen datuak izango dira 2014-2015 ikasturteko jardueraren oinarri, euskaltegiari onartutako irakasle ez-finkoengatiko diru-laguntza doitzeko.

Diru-laguntza emateko kontuan izandako edozein baldintza aldatu egiten bada, eta edozein kasutan, beste administrazio batzuen edo erakunde publiko edo pribatuen diru-laguntzak eskuratu baldin badira lehia bidez, edo, bestela, helburu bera aurrera eramateko bestelako diru-sarrera edo baliabideak lortu badira, laguntza ematea ekarri duen erabakia aldatu egin ahal izango da, beti ere diru-laguntzaren arauak onuradun izateko ezartzen dituen gutxieneko baldintzak bete egiten baldin badira.

8. artikulua.– Onuradunaren betebeharrak.

Erabaki honetan araututako diru-laguntzen onuradunek beti izango dituzte betebeharreko hauek:

a) Jarduera aurrera eramatea edo diru-laguntza ematea bidezko egiten duen egoeran egotea.

b) Diru-laguntza eman duen erakundearen aurrean justifikatzea emate hori eragin duten edo laguntzaz baliatzea eragin duten baldintzak betetzen direla eta jarduera bera aurrera eramango dela.

c) Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaimahaiak deialdi honen bitartez esleitu diren diru-laguntzak kontrolatzeko dituzten eginbeharrak betetzeko eska ditzaketen informazio oro ematea. Halaber, beste edozein administrazio, erakunde publiko edo pribatuk, helburu bererako emandako diru-laguntzak, laguntzak, dirua edo baliabideak eskuratuz gero, horren berri ematea HABEri. Era berean, laguntza ematerakoan kontuan izan zen dena delako egoera objektibo edo subjektiboa aldatu egin baldin bada, horren berri ematea laguntza eman duen erakundeari.

9. artikulua.– Laguntzen ordainketa.

1.– Diru-laguntzak honako epe eta era hauetan ordainduko dira:

a) Diru-laguntzaren ebazpena hartzean, esleitutako diru-laguntza osoaren % 24,978a ordainduko da.

b) 2015eko apiriletik aurrera diru-laguntzaren ebazpenean esleitutako laguntzaren % 55a, udal euskaltegiek 2014ko urri-abendua epeko gastuen zuri-agiriak bidali eta HABEk aztertu eta onartu ondoren.

c) Ikasturtearen dokumentazio frogagarriak jaso eta gero, dagozkion egiaztapenak egin eta diru-laguntzaren kitapena burutu ondoren, ordainduko da geratzen den kopurua, kasu bakoitzean dagokiona.

2.– Dokumentazio frogagarria diru-laguntzaren kontura aurreratutako kopurua estaltzeko adina ez bada, onuradunak behar ez bezala jasotako diru-kopurua itzuli egin beharko du, hilabeteko epean, azaroaren 11ko 1/1997ko Legegintzako Dekretuak onartzen duen Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak ezarritako prozedurari jarraikiz. Ordainketa edo itzulketa hori emandako diru-laguntzaren behin betiko kitapena izango da.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak edo erakunde autonomiadunek ezaugarri bereko beste laguntza edo diru-laguntzaren batzuk eman izana dela-eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu egin beharko da onuradunei diru-laguntzak edo laguntzak eman eta ordaindu ahal izateko.

10. artikulua.– Laguntzen bateragarritasuna.

1.– Ebazpen honen kontura ematen diren diru-laguntzak bateragarriak izango dira helburu horretarako beste edozein entitatek eman ditzakeen laguntzekin, betiere diruz lagundutako jardueraren gain-finantzazioa gertatzen ez bada.

2.– Gain-finantziazioa gertatuko balitz, murriztu egingo da diru-laguntza, dagokion neurrira doitu arte.

3.– Gain-finantziazio hori itzulketa egiteko obligazio bera eskatzen duten beste laguntzekin batera gertatuko balitz, itzuli beharreko diru-kopurua, proportzionala izango da, jarduera burutzeko kostu osoaren eta esleitutako laguntzaren araberako proportzioan.

11. artikulua.– Zuriketa.

1.– Udal euskaltegiek jasotako diru-laguntzen zuriketa beren langileen soldata gastu gordinei buruz euskaltegiaren legezko ordezkariak luzatutako egiaztagiriaren bitartez egingo da.

Halaber, lehen zuriketarekin batera, euskaltegiaren 2014 urteko behin betiko aurrekontu zehatzari buruz Euskaltegiaren legezko ordezkariak sinatutako egiaztagiria erantsiko da, izan dituen benetako sarrerak eta gastuak zehaztuz.

Gastuak ez zuritzeak diru-laguntza osorik bertan behera uztea ekarriko du eta, horrez gainera, kasu honetan, ordaindutako kopuruak itzuli beharko dira abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren arabera.

2.– Aipatutako egiaztagiriak HABEri aurkezteko epeak:

a) 2015eko otsailaren 13a, 2014ko urritik abendura bitarteko gastuen zuri-agiriak eta 2014 urteko behin betiko aurrekontu zehatzari buruzko egiaztagiria aurkezteko.

b) 2015eko urriaren 9a, 2015eko urtarril-iraila bitarteko gastuen zuri-agiriak aurkezteko.

12. artikulua.– Hutsegiteei eta ez betetzeei buruzko arauak.

Edozein kasutan, azaroaren 11ko 1/1997ko Legegintza Dekretuak onartzen duen Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak aurreikusten dituen hutsegite eta arau hausteen arauen menpe daude deialdi honetako onuradunak.

Ez betetze kasuetan, onuradunak jasotako diru-kopurua, bere legezko interesekin, Euskadiko Diruzaintza Nagusira itzuli beharko du, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak (1992ko otsailaren 7ko EHAA) ezarritakoaren arabera.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Ebazpen honetan aurreikusi gabe geratu diren gaietan, azaroaren 11ko 1/1997ko Legegintza Dekretuak onartzen duen Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak ezarritakoa erabiliko da.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Ebazpen honen aurka, administrazio bidea agortzen ez duenez, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuari. Horretarako, hilabeteko epea izango dute Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera izango du indarra.

Donostia, 2014ko abuztuaren 6a.

HABEren zuzendari nagusia,

JOSEBA ERKIZIA ITOITZ.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala